LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2012/08/10

Poesia gorria (4)


EUSTAKIO MENDIZABAL
“TXIKIA”
EUSKARA TA ASKATASUNAREN POETA (2)




Eustakio Mendizabal oso fededuna izan zen, Lazkaoko komentuan oso oroitzapen ona utzi zuen, eta fraide bokazio handikoa genuen hasieran, bainan Euskal Herriaren egoera lazgarria ikusirik, borrokan buru-belarri sartzea erabaki zuen. 


Hasteko, Lazkaoko dorrean ikurrina jarri zuen, eta mobilizazio guztietan parte hartzen zuen. Txabi Etxebarrietaren heriotzak zirrara ikaragarria eragin zuen euskaldunen bihotzetan. Bere aldeko meza batetik zetorrela atxilotu zuten Eustakio eta zenbait denboraz preso ukan zuten Martutenen, jarritako isuna ordaindu nahi ez zuelakotz. Han euskarazko klaseak ematen jarraitu zuen.


“Kartzelan egotea ...
Oi zoin den tristea!
Ezin asmatu duzu zuk ene maitea!
Zugana joan nahi eta ... hertsirik atea,
Zoin guti estimatzen den libertatea!

Egunak luze dira, gauak luzeago ...
Gaur zer egun den ere ahantzia nago!
Kaiolan den txoria baino tristeago,
Ai ixkarmentu izan banu lehenago!”


Ordurako komentutik jadanik joana zen, 1967an, eta Bilbon bizi izan zen. Han, “Compañia Franco-Española” untzigintza fabrikan lan egin zuen. Gero Beasaingo Pesa tailerrean ere bai. Itsasondo Eskola Soziala eratu zuen, langileen formazio politiko eta iraultzailea sustatzeko. Magisteritza ikasten hasi zen. Tailer pare batean lan egin zuen, harik eta bere militantziaren ondorioz ihes egin zuen, 1968ko abuztuan.

  

Beneditarren Estibalizko etxean ego zen denboraldi batez gorderik, eta ondoren Lapurdirat jo zuen, Belokeko monasteriorat. 1968an,  Txabi Etxebarrieta eta Che Guevara hil berriak ziren. Euskara Ta Askatasuna erakundeko militante saiatua zen ordurako, eta hortik aurrera berak hartu zuen fronte militarraren ardura. Eta aldi berean poemak idazten segitu zuen.

Euskarari eta euskalduntasunari ematen zion erabateko lehentasuna. Behin talde batek galdetu omen zion, ea zein zen Euskadi Ta Askatasunaren marko politikoa. “Hizkuntzak ematen duena”, erantzun omen zuen. Ezin argiago. Ikusi, bertzenaz, 1967an izkiriatu zituen bertsoak, “Ama, txukatu malkoak”:



AMA, TXUKATU MALKOAK
Amets bat

 Aralar mendi txit gandorrean
Ama Euskara nekusan,
arratsa bezin goibel, negarrez
umetxo bateren gisan;
bihotz-barrengo negar zotiñak
ezin zituala jasan ...
“Zer duzu, Ama!” galdetutzean
honelatsu zidan esan:

“... Zeruetako Jainkoak nahita
milla urtez anitz dira
Euskal-Herriko lur done hontan
sortu nintzala argira.
Hainbat gizaldi ondorenean,
gaur-egun, seme, begira ...
Seme-alaben burla-ixekak
naramate hil-hobira!

Hizkuntza arrotzak dira nagusi
mendi, enparantz, kalean ...
irrati eta aldizkariak
datoz erdera elean.
Euskera hortxe, baso, sukalde,
txoko apalki batean ...
Mamur ta mintzul, ezin besterik
ke, negar, zotin artean!

Azken gudate ondorenengo
hogei ta sei urteetan
erdarak harro dabiltz, erronka,
zazpi Euskal-Herrietan.
Ni berriz hemen, sorterri bertan,
bizi-arnas azkenetan ... ,
sukal-txokoan negar egiñaz
aiton-amon mingaiñetan!

 

Euskal-Herriko bazter denetan
atzerrian antzo nabil...,
ez-ezagunen artean haur bat
beziñ apal eta ixil!
Ene burua gara ez dediñ
baditut milla maratil ...
Gaiztagiñai lez, arrano begiz,
etsiak so ditut hurbil!

Erdaldun dira mendizaliak,
eta hamaika sukalde…!
Bereaz ahaztuz, erdal hizkuntzaz
asko itsuturik daude.
Aberri eta euskal izenak
guziz zaie harrobide…
ta antzinako ohitura zaharrak
oro nahi lituzke gorde!

Euskal Herri gorde nahi dute,
eta nik damaiet lotsa…!
Seme-alabak hola ikustea
Amarentzat zein mingotsa!
Aberri-muina galdu ezkeroz,
zertarako dute kutxa
azalez eder izanda ere
barrendik baitago hutsa?


Euskal odola daramazu ta,
zeranez ene soil-atal ...
haur-adiñetan hartu zendunez
neregan atseden-magal ...
hainbat oztopoz etsai artean
behin betiko ez nadin gal ...
ai!, seme laztan! lasterren laster,
enegaz zaitez urrikal!

Aberriaren muiñ ta oiñarri
ni naizela zaitez oroi,
ta ez nazazu luzaro utzi
hizkuntza arrotzen morroi!
Ene burua goratutzea
ziñez nahi baduzu, otoi!,
buru-belarri bihur lanera,
oraintxe baituzu sasoi!

“ ... Ai! Ama kutun!, erantzun nion,
itzali zazu negarra!
Ortz-illunean ñir-ñir baitago
oindik itxaron-izarra!
Askok baztertu bazaituzte-re,
zu zaitugu hizkuntz zaharra!,
ele denetan, bihotz niniaz
maitatzen dugun bakarra!

Etzazu gehigo zure negarraz
samindu euskal gogoak ...
Negu hotzari jarriaz bai datorz
denbora hobeagoak!
Zeru goi-goitik esku luzatuz
oro dezaken Jainkoak,
loraz jantziko zera berriz-ta
AMA TXUKATU MALKOAK!”

1967an idatzia.




Ondarroako Anabel Zubikarairekin Baionan bizitzen jarri zen, eta ez ziren elizaz ezkondu, zibilez baizik. Eustakioren bilakaera pertsonala nabari da hor. Beren bi semeak, Matalaz eta Ekaitz, ez zituzten bataiatu. Ondoren Donapaleu ondok Garruzerat joan ziren, Baxe Nafarroarat, han iheslari batzuk baserri bat antolatua baitzuten elkarrekin lan egin eta bizi ahal izateko. 


Baionako katedralean egindako gose grebetan parte hartu zuen. Frantziako poliziak bi aldiz atxilotu zuten, bietan mugatik hurbil eta pistola aldean zeramala. Bigarrenean Pabeko espetxera eraman zuten eta gero Poitiersera konfinatu. Berehala ihes egin zuen handik, hilabete pare bat ezkutuan egin eta Hego Euskal Herrira joatea erabaki zuen. 




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina