LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2012/08/01

Poesia gorria (2)

GABRIEL ARESTI :
HERRIAREN HARRI GORRIA

 
 Gabriel Aresti Segurola Bilbon sortu zen, 1933ko urriaren 14an. Etnozidioaren eraginez, bere gurasoek, nahiz eta jatorri baserritarrekoak izan, Euskara galdu zuten. Inguru erdaldun batean bizi bazen ere, Gabriel Aresti 12 urterekin hasi zen gure hizkuntza nazional bakarra berreskuratzen. Bederatzi urte geroago, bere lehen poema argitaratu zuen. Euskara ikasi zuen gogoz eta gogor, eta haratago ere, euskaldundu zen, Euskara Batuaren sortzailetariko bat izan zen, euskaltzain urgazlea eta Euskal Literaturan urrezko tokia erdietsi zuen. 




Blas de Otero eta Gabriel Zelaia poeta euskal herritar erdaldunak ezagutu zituen pertsonalki, eta eragin sakona izan zuten berarengan. Garaiko euskal idazle eta sortzaile guztiekin izan zen harremanetan. Itzultzaile bikaina, Literatura Unibertsaleko egile asko itzuli zituen Euskarara: T.S. Elliot, Federico García Lorca, Bocaccio, Castelao, James Joyce, Bertold Brecht, Valle-Inclán ... Goardia Zibilak, bete etxeko miaketa batean, James Joyce-ren "Ulises" nobela erraldoiaren itzulpena konfiskatu zion. Betikotz galdu zen eskuizkribua.

 
Gabriel Aresti komunista zen, eta honek Frankismoaren jazarpena erakarri zion. Bere jarrera iraultzaileengatik, burgesia basko-abertzalearen arbuio bizia jasan behar izan zuen, baita euskaldun kontserbadore eta eskuindar askoren boikota ere. Bainan Arestiren komunismoa independentea zen, ez zen alderdi baten ildo zehatz batekin lotu, nahiz eta harremanak izan orduko talde komunista eta iraultzaile guztiekin. 


Tamalez, gazte-gazte zela hil zen, 1975eko ekainaren 5ean, 41 urte zituela. Bizitza labur bainan aberats eta intentsoa izan zuen gure poetak. Bere biografia oso-osorik irakurri nahi duenak badu liburu bikaina zain: Anjel Zelaieta, "Gabriel Aresti. Biografia", Susa, 2000. Helbide honetan ere aurkituko duzue: susa-literatura.com


  
Gabriel Arestik lankidetza emankorra izan zuen Natxo de Felipe kantariarekin, eta OSKORRI taldearekin. Horregatik, hain zuzen, kantu eder (eta atzendu xamar) hau ekarri nahi dugu orriotara, komunista euskaldun eta euskaldun komunisten himnoa delakoan:



BURGOS 1970 
OSKORRIA 





Irrintzi bat entzun dugu
ezpataren aurrean
Oskorria zabaltzen da
euskaldunen lurrean.
Zeru horren pean jaso
behar dugu Herria
begien aurrean baitu
etorkizun berria.


Hara bihoan fedean
eta borondatean
bertan iraun dezan beti
egiazko pakean.
Bake hortan euskal haurrak
jaio behar dirade
etorkizunaren beldur
izan ditezen gabe. 

 


Berdin izango dituzte
eskubide osoak
kontutan eduki gabe
zein diren gurasoak.



Andre-gizonek elkarri
loturik dirauteke
haien artean bat ere
katerik egoeteke.
Lokarriak iraungo du
maitasunak bezainbat
ezkontza ez da izango
ikusgarri ezain bat.
 

Ondasunak gertatzeko
tresnak ez dira jaunen
eskuetan gozatzeko
goxokiak izanen.
Ondasunaren jabetza
izango da publiko,
Gizona ez da lan bila
eskean ibiliko.

 Fabrikak izango dira
euskal langileenak
eta solo-pinudiak
nekazariarenak.
Itsas-ontziak izango
dira marinelenak,
Euskararen harmoniak
sozial poetenak.

Eta orduan,  orain hasi den burruka luze honetan,
nork bere lekua kontzienteki 
eta responsableki hartu ondoren
oferta eta demandaren erreinua abolituko dugunean,
gizonak ez dira langosta-plato bategatik salduko,
andreak  ez dira ez gau baterako 
eta ez gau guztirako erosiko,
Euskal Herrian ez da klase sozialik izango,
eta euskaldunak zoriontsuak izango gara.
 

Gabriel Aresti











 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina