LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2012/08/14

Gaur egungo Ezker Abertzalearen kritika (1)


ANDONI   OLARIAGA  AZKARATEREN
PENTSAMENDUAREN KRITIKA (1)


(GAUR EGUNGO EZKER ABERTZALEAREN IDEOLOGIAREN AZTERKETA KRITIKOA)



Hasieratik argiro erran dezadan eztabaida eta polemika honetan non kokatzen naizen, irakurleek jakin dezaten nondik egiten diren kritikak, nola, zergatik  eta zertarako. 


Saiatzen naiz, ahal dudan neurrian, hinki-hanka eta kixkun-kaxkun, euskaldun iraultzaile izaten, eta iraultzaile euskaldun. Komunista iraultzailea, zehazkiago adierazteko. Pretentziosoegia naizela? Nork bere iritzia ukanen du, jakina, eta nik neurea, bistan da. Bainan hauxe da ene asmoa eta nahia.

 

Teoria dagokionez, bi iturritatik edaten dut: Materialismo Utopista eta Askagintzaren Teologia. Idazlan honetan ikusiko duzue zer arraio diren bi teoria (berri xamar) horiek, bainan oro har erran daiteke bata Praxi Iraultzailearen Filosofiaren bidean, Materialismo Historiko eta Dialektikoaren ildoan kokatzen dela, eta bertzea, orain arte Askapen Teologia deitu izan den pentsamenduaren lerroan.

 

Bigarrenik, erran behar dizuet eztabaida hau Lapiko Kritikoa izeneko gunean argitaratutako idazlan baten haritik piztu dela: “Tsunamiaren ondorengo bestondoaz”, egun berean GARA egunkarian ere agertu zena. Horregatik, Andoniren pentsamenduaren kritika izanen da testu honen ardatz eta bizkarrezurra. Bainan Andoni oraingo Ezker Abertzalearen ildoan modu kritiko bezain sutsuan kokatzen denez, mugimendu sozio-politiko honen ideologiaren kritika ere izanen da artikulu hau.


Utopia, Historia eta Dialektika, horra hor Materialismo Utopistaren hiru ardatzak. Logika (ene ustezko) honen  baitan, Andoniren pentsamenduaren kritika taxuz eta ganoraz egin ahal izateko, hari historikoa hartu behar dugu, hau da, bere pentsamenduaren garapena denboran zehar. Zintzo (edota maltzur, ikuspegien arabera) izateko, derradan hasiera-hasieratik ene tesia zein izanen den, irakurleek beren iritzi kritikoa aiseago osa dezaten: Andoniren pentsamendua, ene ustez, ideologia bat da, ideologia basko-euskaldun nazionalista, erreformista eta burges txikia. Ideologia hori, oro har oraingo Ezker Abertzalearena ere badena, bere izaera hobeki agertu - ezkutatzeko, "ezkerreko" (kakotxak kendu, nahiago baduzue, nik ere halaxe eginen dut idazlanean zehar) jantzi filosofikoez mozorrotzen da eta postmodernismo zipriztin batzuez beztitu. Hara, erran dut. Orain arrazoiz frogatzen-edo saiatzea dagokit.

Dogmatismoaren kontra

By • Mar 1st, 2010 • Category: Azterketak eta Azalpenak Azken urte hauetan arduratzekoa izaten ari da gure artean pentsamolde dogmatikoak zeinen azkar zabaltzen ari diren ikustea. Berdin da liberalak, marxistak, euskaldun abertzaleak zein euskaldun sukurtsalistak; harrigarria da ikustea argumentu eta irizpide dogmatikoak barreiaturik pentsamendu orotan. Mentalitate arazo bat da, kultura dogmatiko batean jaio gara eta.


Sarrera hau amaitzeko, Imanol Galfarsororen esaldi bat, nik biziki maite dudana: “Fumigatua izan aurretik, bitxo honek behintzat ahal dituen guztiak eta gehiago egingo ditu autore euskarazale konsakratu hauen ‘moderazioan’, ‘tolerantzian’ eta ‘pluralismoan’ ezkutatzen diren miseria ideologikoak aireatzeko…” Esaldia, jakina, ez zegokion Andoniri, Ramon Saizarbitoria idazle euskaldunari bazik. Ramon Saizarbitoria eta oro har euskal intelligentsia ideologiko-literario basko-espainol burges txiki horren ideologiaren kritika egitea bertze lantxo baterako uzten dugu. Bistan da, hagitzez hurbilago sentitzen dut Andoniren eta Imanolen ideologia basko-euskalduna Ramon Saizarbitoriaren ideologia basko-espainola baino, dudarik ez egin horretaz! Baina kontua da biak ala biak ideologiak direla, hots, ez dituztela Euskal Herri Langilearen klase interesak zinez eta benetan ordezkatzen, ez direla baliagarri Euskal Langileria Estatu, Etnozidio eta Kapitalaren uztarripetik askatzeko. Euskal Iraultza Sozialistaren bidean oztopo dira, eta ez akuilu. Eta ondorioz, ni naizen bitxo komunista iraultzaile honek ahal dituen guztiak eta gehiago eginen ditu autore euskaldun horiek (eta euskaldunak diren heinean, bidaideak eta mintzaideak, erkideak ere) garatzen dituzten diskurtso eta pentsamendu filosofikoen sakonean ezkutatzen diren miseria ideologiko burgesak eta burges txikiak agerian uzteko.


Irri egin dezagun, hasteko: ene jatorrizko bekatua aitortu behar dut. Erran nahi baitut ez dudala Andoniren liburua irakurri, “Modernitatearen auziaz” (Jakin, 2009). Bekatuan bertan penitentzia heldu ohi denez, ahal bezain laster erosiko dut eta irakurtzen hasiko naiz. Barkatu, Andoni, orain arte bertze saltsetan nenbilen-eta. Bainan uste dut Lapiko Kritikoan argitaratu duzun guztia irakurrita, zure pentsamenduaren kritika egiten ahal dudala. Liburua irakurri ahala, zure liburuaren kritika ere (edota laudorioak) honat ekarriko ditut.


Nik ezagutzen dudan lehen idazlan Andonirena, 2010eko otsailaren 24an argitaratu zuen BERRIA egunkarian, eta martxoaren 1ean Lapiko Kritikoan. “Dogmatismoaren kontra”.

“C’est tout un programme!” erranen genuke Frantsesez, eta gainera hala da. Gure dogmen eta dogmatismoaren saretik jalgitzen ahal gara? Nor bere pentsamenduaren zutabeetatik haratago joaten ahal da? Ikusiko eta ageriko ...

Artikulu honetan Andonik batzuen eta bertzeen dogmatismoaren kritika egin nahi du: “Azken urte hauetan arduratzekoa izaten ari da gure artean pentsamolde dogmatikoak zeinen azkar zabaltzen ari diren ikustea. Berdin da liberalak, marxistak, euskaldun abertzaleak zein euskaldun sukurtsalistak; harrigarria da ikustea argumentu eta irizpide dogmatikoak barreiaturik pentsamendu orotan. Mentalitate arazo bat da, kultura dogmatiko batean jaio gara eta.” 



Honaino Andoniren gogoeta. Nire (hipo)tesia da Andonik ez duela klase borroka aintzakotzat hartzen, hots, ez duela klaseen arteko borrokaren ardaztasun eta  zentralitatea onartzen, eta bere pentsamendua Teoria Kritikoaren baitan garatzen dela. Hau da, Frakfurteko Eskolaren ildotik: Theodor Adorno, Walter Benjamin, Max Horkheimer, Herbert Marcuse, Jürgen Habermas, Erich Fromm ... Jakina, Frankfurteko eskola ez zen sekulan homogeneoa izan, eta bilakaera sakona bizi izan zuen, hasierako asmo komunista iraultzaileetatik 1922-1933 urteetan, II. Mundu Gerran Estatu Batuetako New Yorkeko Columbia University-n kokatu zen arte. Gerra hotzaren garai ilunetan. Nolako ibilbidea!

1x1.trans 10 Reasons Columbia University is a Cleantech Leader green chip stocks Top 10 green columbia university columbia college cleantech  Columbia University postcard post card - Columbia University, New York, NY

Kontua da Andonik ez duela zehazki definitzen zer den pentsamolde dogmatikoa. Zer dira, bada, argumentu eta irizpide dogmatikoak? Teoria Kritikoarekin ados ez daudenak? Andonik gustuko ez dituenak? Zeren eta dogmatismoa ezker-eskuin ikusten du gure pentsalariak: “liberalak, marxistak, euskaldun abertzaleak zein euskaldun sukurtsalistak”. Denak zaku berean eta segi aitzina! Denon omen gara dogmatikoak. Salbuespenik gabe?

Baten batek galde egiten ahal izanen luke, menturaz,  Andonik ere ez ote duen bere pentsamendu dogmatikoa izanen, hor nonbait, ez ote dituen, bada, bere “dogmak” eta bere “autore eta testu kanonikoak” izanen berak ere (Joxe Azurmendi, adibidez, edota Arnaldo Otegi ...) Hori aztertuko dugu lantxo honetan zehar.

 

Baina nori berea omen da zuzenbidea, eta bai, onartu behar dugu, Euskal Herria, mendez mende, etnozidio eta kolonizazioaren ondorioz, populu eta lurralde biziki katolikoa izan dela, are gehiago, jesuita gehienbat Hegoaldean eta ziur aski jansenista Iparraldean (Corneluis Jansen Baionako apezpiku-kolegioko zuzendaria izan zen 1612-1614 bitartean, hau da, Axular Sarako erretorea eta Donibane Lohitzuneko teologo kristauen taldeko buruzagia zèn garaietan ...) Katolizismo estu, zorrotz, exijentea, dogmatikoa ere bai ... Honi gero, Ipar Euskal Herrian dogmatismo burges-frantses zein ilustratu-jakobinoa eta Hego Euskal Herrian dogmatismo nazional-katoliko zein espainolista-frankista gehitu, eta horra mentalitate berezi xamarra, gurea dena. Horra gure historia eta gure istorioa. Idi hauekin lan egin behar, gureak dira-eta!


Aurreko paragrafoan aipatzen da kultura dogmatikoaren iturria: Euskal Herriak oro har eta Euskal Herri Langileak bereziki nozitu eta pairatu dituen etnozidioa eta kolonizazioa. Klaseen arteko borroka, alegia. Klase kontzeptua ulertzen dugu Materialismo Utopistaren zentzuan, hau da zapalduen talde eta multzo gisa, botere hierarkikoen harreman sareetan funtzio global bat (ekonomikoa, jakina, bainan aldi berean politikoa, soziala, kulturala, militarra batzuetan ...) betetzen duena. Marxen kontzeptu ekonomiko eta estrukturala onartzen dugu, eta ildo beretik hedatu eta zabaltzen dugu bertze zapalkuntzetara. Ardaztasuna eta zentralitatea epe historiko luzeetan, Langileriari ematen diogu, Proletalgoari zehazkiago errateko.


Artikulu honetan Andonik Jon Sudupe saiogile eta pentsalaria kritikatzen du, eta berarekin batera Arrazoimena eta Ilustrazioa. Jon Sudupe pentsalari burges liberal euskaldun bat da, Euskal Herrian eta gure hizkuntza nazional bakarrean Europako Burgesia ilustratuaren ideologia garatzen saiatzen dena. Euskalduna den aldetik, miresten dugu. Burgesa den heinean, zorrozki salatu eta kritikatzen dugu, jakina. Puntu horretan Andonirekin ados egon gaitezke, bainan azaleko adostasuna da, gure kritika klaseen arteko borrokatik abiatzen baita, Euskal Herri Langilearen klase-interesetatik, alegia, eta gure helburua, Euskal Errepublika Sozialista eraikitzea da, Komunismoaren bidean. Andoniren helburuak hauek al dira? Ez dugu uste ...

 

Irakur dezagun Andoniren paragrafo biziki argigarri hau: Kristautasunak historiaren gainean zeukan ikuspegi edo eskema bera erabili du marxismoak: paradisuan bizi ginen, jatorrizko bekatua jasan behar izan dugu historian zehar, eta berriro ere historiaren azken honetan, paradisua lur gainera etorriko zaigu (klaseen arteko diferentziak bukatuko dira…). Parusia! Ideologia batek bestearen lekua ez ote du hartu? Ez dugu ulertu modernia, ez dugu ulertu sekularizazioa. Arrazoia, estatua, demokrazia… horiek dira, ordena horretan, sekularizatu behar direnak. Ilustrazio frantsesak, Jainkoaren lekuan Arrazoia ipini du. Marxismoak ere. Baina biak ala biak hildako Jainko horren leku absolutu santu hori betetzera etorri dira.


Kristautasuna eta marxismoa parean jartzen dira, beti ere ideien munduan, inolako klase ikuspegirik gabe. Beno, klase zapalduen ikuspegirik gabe, gure ustez, zeren eta Andoniren pentsamenduan bere klase sozialaren ideologia eta jarrerak etengabe ageri dira: Unibertsitateetako intelektualek osatzen duten burgesia txikiarena, alegia, klase sozialen “gainetik” (eta bere “dogmen” gainetik, jakina!) sentitzen den intelligentsia horrena, hain zuzen ere. Eta bai, , Arrazoia, Estatua, Demokrazia, ordena horretan, sekularizatu behar dira. Sekularizatu ala irauli, klase zapalduen mesedetan? Ez dugu ulertu Modernia, ez dugu ulertu sekularizazioa, ala ez dugu ulertu Kapitalismo Inperialista, Patriarkal eta Etnozida? Euskal Iraultza Sozialista egin behar dugu Euskal Herrian, ala gure pentsamendua sekularizatu, Marxismoa eta Ilustrazio Frantsesa parean jarriz, eta ideologia “dogmatiko” gisa biak berdin tratatuz? “Arrazoia” jarri omen dugu “Jainkoa”ren lekuan. Noren arrazoia? Noren Jainkoa? Zapalduena ala zapaltzaileena? Berberak edota berdinak direla uste al duzu, Andoni? Errealitatea osoa hartu eta baldintzatzen duen klaseen arteko borrokan eta botere sareen gatazketan, non kokatzen zara, Andoni? Erdian? Gainean? Hortik aparte, “Dogmatismoaren kontra”ko  goitasun zerutiarretan, Burgesia kapitalistaren Ilustrazio Frantses eta Langileria zapalduaren Marxismoaren erdian/gainean? Pentsamenduaren Sekularizazioa eta Dogmatismoaren kontrako borroka da gure eginkizuna, ala Kapitalismoa suntsitzea eta Euskal Herri Langilea askatzea?


Artikulu argigarri honen bukaeran Andonik bere programa ematen digu:

“Gure belaunaldia estatu hertsi arrazional dogmatiko kristau baten kontra borrokatzen zèn belaunaldiaren oinordeko da. Baina belaunaldi horrekin ere soka eten behar dugu. Belaunaldi hori ere erreakzionarioa izan baita, Estatu eliztar horren errepresio bortitzari (kontzientziaraino sartzen zena) marxismo ortodoxo batekin erantzun izan baitio. Eta ez zeukan beste biderik. Guk orain kontzientziaraino sartzen den Estatu bat dugu, demokrazia sakralizatua eta Giza eskubide santuak. Hori da herriaren opioa.

 

Ni ere  banaiz “estatu hertsi arrazional dogmatiko kristau horren kontra” borroka egin zuèn belaunaldiaren oinordekoa, Franco hil zenean 11 urte bainituen, eta Herri Batasunean 1984an militatzen hasi bainintzen, 20 urterekin. Baina, barkatu, nik uste nuen Estatu zapaltzaile eta etnozida hori Estatu Kapitalista, Faxista (nazional-katolikoa), Etnozida eta Inperialista zela, eta gure borrokaren helburua zela Independentzia, Sozialismoa, Birbatasuna eta Berreuskalduntzea. Ez Ilustrazio Frantsesaren eta Marxismoaren “sekularizazioa! Frankismoa estatu “eliztarra” zela? Bai, noski, bainan hagitzez zentralagoa zen Oligarkia kapitalista eta espainolistaren boterea, zeinak 1975etik aitzina bere klase-diktadura mantendu duen, Inperialismoaren laguntzaz, Borboien Dinastiaren Bigarren Berrezarkuntzaren bidez (Lehen Berrezarkuntza Borboitarra Alfontso XIIrekin egin zuten, oraingo borboiaren birraitatxi, hain xuxen ere...).

 

Harrapazak zangotik! Andonik erraten digu, tente-potente, “belaunaldi horrekin ere soka eten behar dugu”la, Faxismoaren kontran dema eman zuèn belaunaldi hori “erreakzionarioaizan delakotz, zeren eta Frankismo etnozida eta kapitalistari “marxismo ortodoxo batekin(sic!) erantzun baitzion.
 
“On croit rêver!”
 
Bainan ez, ez naiz ametsetan, ederki atzarri nau Andoniren deiadar ilustratu berriak, “Guk orain kontzientziaraino sartzen den Estatu bat dugu, demokrazia sakralizatua eta Giza eskubide santuak. Hori da herriaren opioa”. Eta nik, zozo “marxista ortodoxo” honek, uste nuen orain kontzientziaraino sartzen den Estatu hau (ni euskalduna izaki, nahiago dut “Estatuak” erran, zeren eta bi Estatu zapaltzaile ditugu euskaldunok, eta ez batto ...) bi Estatu kapitalista eta etnozidak zirela, bi Estatu inperialista eta patriarkalak, Burgesia espainolista eta frantses-jakobinoaren bi aparatu armatu zapaltzaile eta biolentoak, noizbait Euskal Herri Langilearen borrokaz eta Iraultza Sozialistaz suntsitu eta birrinduko ditugunak.


Ai ama! Orain ulertu dut! Ilustrazio Frantsesa eta Marxismo ortodoxoa sekularizatu behar ditugu, Teologia katoliko eta protestantearekin Ludwig Feurbachek  duela 150 urte baino gehiago egin zuenaren ildotik. Hor dago koxka! Tori Bittori!


Bainan ahantzi zait, barkatu, Marx izeneko filosofo batek duela 167 urte Feuerbachi buruzko tesiak izkiriatu zituen ... Horiek Andoni ibilki den unibertsitateetan estudiatzen dira? Ala “marxismo ortodoxoa” denez, horiek ere sekularizatzen aritzen dira?

Barkatu atrebentzia, baina duela 152 urte, 1870ean, hain zuzen ere, Marxek Engelsi erran omen zion: “Ni ez naiz marxista”. Eta ni ere ez! Komunista iraultzaile izaten saiatzen naiz, eta horren arabera jokatzen, jakina, ahal bezala ... Nire definizio teorikoa ez da pertsonalista (marxista, leninista, marxista-leninista, trotskista, stalinista, maoista, luxemburgista eta tutti quanti!), baizik eta proeiktu politikoaren araberakoa: komunista iraultzailea, komunista libertarioa, ekokomunista, edo dena den ...


Joxe Azurmendiren liburuak irakurtzea hagitz ongi dago, Arnaldo Otegiren gogoetak ezker eskuin aipatzea ere bai, Andoni, baina noizbehinka, astia duzularik, irakur, otoi, Karl Marx, Friedrich Engels, Mikhail Bakunin, Piotr Kropotkin, Rosa Luxemburg, Vladimir Ilitx Lenin, Alexandra Kollontai, Errico Malatesta, Camilo Bernieri, Anton Pannekoek, Karl Korsch, Ernst Bloch, Giörgy Lucáks, Antonio Gramsci, Paul Mattick, Ernesto Guevara ... Filosofoak ziren, benetan, Praxi Iraultzailearen Filosofiaren ildoan kokatzen dira. Eta beren pentsamenduek gaurkotasun izugarria dute egun eta hemen, XXI. mendeko Euskal Herrian. Bai badakit ez duzula uste. Badakit testu kanonikoen kontu horiek eta ixtorio. Bai, badakit marxista ortodoxoak direla (Stalin, Trotski eta Mao nahiago dituzu?), eta sekularizatu behar dituzula, baina baliteke autore hauek guztiak irakurtzean zu ere amini bat iraultzailetzea ... 

Eztabaida eta polemika zabal-zabalik dugu! Jo aitzina!

Zure erantzunaren zain, Andoni!

Gaizki erranak barkatu eta ongi erranak gogoan hartu ...

Adeitasunez,

Fermintxo
 

CriPeuple2

 




10 iruzkin:

  1. IraultzaAlaHil8/14/2012 5:08 PM

    Oso ona. Gogor jo diozu pentsamolde eukslatzale burges-ttipiari.

    Hala ere, ez dut ulertzen zure ildo politikoa zehazteko duzun zalantza. Eta are gutxiago, kristaua izatea eta askapen teologiarena.... seguraski elkarri lotuak izango dira.

    ErantzunEzabatu
  2. Aupa, egunon, IraultzaAlaHil!

    Eta bai, gogor, oso gogor jo dut oraingo Ezker Abertzalearen inguruko intelligentsia euskaldun/euskaltzalearen pentsamendua kritikatuz, iduritzen zaidalakotz Euskal Herri Langilearen baitan hegemonia nabaria erdiesten ari direla, eta beren ideologia erreformista, sozialdemokrata eta batuetan (ez beti) filoinperialista gutti kritikatzen delakotz. Bada bertze intelligentsia, basko-erdalduna (Iñaki Egaña, adibidez), bainan horiek ez zaizkkit interesatzen, Espainolez bizi eta izkiriatzen duten neurrian, nire ustez dena erranda dago haiei dagokienez. Irlandaren bidea, bete-betean.

    Jakina, bada bertze intelligentsia Euskal Herrian, gehien bat baskoa, bainan euskalduna ere bai, Espainia zeharka eta oraingo autonomia koloniala etengabe legitimatzen duena. Azken hauei dagokienez, idazle eta intelektuak euskaldun basko-espainolak (Atxaga, Uribe, Saizarbitoria eta abar...) eta horien kritika ere egin behar, bainan iduritzen zait azken hauen jarrerak eta jokaerak ageriago daudela Euskal Langileriaren aitzinean, Sistemaren alde behin eta berriz agertzen direlakotz, eta prefosta "violencia"-ren aurka... Aise desmozorratzen dira langileen aurrean holako "intelektualak":

    Oraingo Ezker Abertzalearen inguruko intelligentsiaren kasuan, haien diskurtsoa ezkerreko ideiekin artikulatzen da, independentziaren bandera astintzen dute, eta neurri handi batean, Euskal Herri Langilearen sektore zabalak liluratuta dituzte beren ideologiarekin. Horregatik hasi naiz haiekin, era bereziki Andoni Olariagarekin, ideien eta teorien borrokan oso aktioa delakotz, oso ongi idazten duelakotz, eta bistan da, hori guztia EUSKARAZ egiten duelakotz.

    Kaxu! Ni beti ari naiz matraka eta kaparrada ematen Dialektika ditxosozkoarekin, baina zer nahi duzu? Ez dago errealitatea sakoki ulertzerik metodo dialektikoa ibili gabe. Andoni Olariaga euskalduna da, EUSKARAZ bizi eta izkiriatzen du, eta alde horretatik, irizkide eta gogaide ez bada ere, bidaide eta mintzaide bada, eta garrantzitsua. Zeren eta etnozidioaren azken fase terminalean sartu den Euskal Herri hilzorian dagoen honetan, euskalduntasunaz jokatzen dutenak, beren klase-kokapen eta jokaerez aparte, estima eta begirune merezi dute euskaldun komunista iraultzaileon aldetik. Gure erkideak dira, eta ez, inolaz ere gure arerio edota etsaiak. Etsaia zei den argi dut nik, bederen : Kapitalismo Inperialista anglo-saxoi eta sionista, eta jakina, Estatu etnozida frantses eta espainolak, ete beren bi oligarkia kapitalistak. Andoni Olariaga aurkari teoriko-ideologikoa da, bainan Euskal Herri Langilearen partaidea da. Nik kritikatu nahi dudana bere ideologia basko-euskalduna, erreformista eta burges ttikia da, eta horretarako artikulu aunitz prestatzen ari naiz, ideologia aurkariak pausuz pausu eta arrazoiz arrazoi desmontatu behar baitira, ez lau topiko merkeen bidez eskomikatuz. Ideologia eta teoria beti ibilki dira korapilaturik eta txirikordatuta, eta lan zaila izaten da garia eta ologaiztoa bereiztea. Bistan da, nire pentsamenduan ere ideologia eta teoria nahasita daude, nahiz eta nik jakin ez, edota no ohartu gabe. Horregatik dugu komunista iraultzaileok hain beharrezko kritika, eta autokritika, eta eztabaida kolektiboa, eta polemikak ... Adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita, ideia egokiak ez dira zerutik jausten, klaseen arteko borrokaren arragoan urtu eta berrosatzen dira etengabe.

    Animatzen zara honen guztiaren kritika zorrotza egiten ? Nik biziki eskertuko nizuke!

    Adeitasunez,

    Fermintxo.

    P.D: barkatu hain berandu erantzuten badizut. Atzo Jous Uribetxebarriaren aldeko elkarretaratze batean atxilotu ninduten zenbait orduz. Desobedientzia zibilaren ordua iritsi baita, nik uste. Baina benetakoa, kalean eta txakurren aitzinean egiten dena, ez paperetan ziriborratzen dutena.

    Iraultza ala hil!
    Komunismoa ala desagertzea!

    ErantzunEzabatu
  3. Aupa Fermín: argazkietan ere bete betean arrapatu zintuzten. Efe-koek, ordea, zure aurpegia ez zuten ezabatu, poliziekin egin zuten bezela!

    ErantzunEzabatu
  4. Kaixo Fermintxo!!

    Ikusi dut Leninen estatua eta iraultza euskaratzen ari zarela. Nik marxismoaren klasikoekin zenbait lan egiten nabil(iaz argitaratu zuen Templando El Acero argitaletxeak Stalinen "Leninismoaren oinarriak", nik neuk euskaratua). elkarkidetza nahi baduzu idatzi hona: xolokhov@hotmail.com

    Eskerrik asko!!

    ErantzunEzabatu
  5. Egunon, Oxandabaratz!

    Bai, Leninen "Estatua eta Iraultza" Euskaraz argitaratzen ari naiz, bainan erran behar dut itzulpenaren oinarria ez dela nirea, "Federiko Engels Fundazioa"k eta "Euskal Herria Sozialista/Euskal Herriko aldizkari marxistak" 2008ko azaroan jendaurrean aurkeztu zutèn tradukzioa baizik. Ni egiten ari naizena da itzulpen hori zuzentzea eta (nire ustez) hobetzea), Euskara malgu eta herritarragoan ezarriz. Ene xedea erdietsi ote dudan ala ez, jendeak erranen du.

    Bidenabar erran dezadan zorretan naizela haiekin, Euskal Kulturaren alorrean lan ederra egiten ari direlakotz. Ez naiz haiekin ados gai eta kontu aunitzekin, jakina, baina "nori berea omen da zuzenbidea", eta azalpen hori zor niela iduritzen zait. Gainera, saiatu naiz haien liburuko azala aurkitzen, blogean agertzeko eta liburua erosteko gomendatu ahal izateko, bainan ez du lortu. Nik uste dut euskaldun komunista iraultzaile guztiok eskertu behar diegula marxista horiei egiten ari diren lan izugarria: Marx eta Engelsen Manifestu Komunista, Leninen Estatua eta Iraultza, Trotskyren Trantsizio Programa, Preobazhenskiren Anarkismoa eta Komunismoa, Engelsen Sozialismo utopikotik Sozialismo zinetifikora, bi liruruxka Marxismoari buruz: langile klaseaz eta askapen nazionalaz...

    Bai, bai, badakit trotskistak direla, haien hitzetan "boltxebike-leninistak" edota "marxista-iraultzaileak". Eta zer? Gure arteko kritikak zorrotzak eta arrazoituak izan behar dira, bistan da, bainan aldi berean, elkartzen gaituena ere ikusi eta landu behar dugu, are gehiago gurea bezalako Herri zapaldu eta hilzorian dagoen honetan. Euskaldunok etnozidioaren azken fasean sartu gara (SARTU GAITUZTE!!!), eta batzuetan gure arteko batasuna ezinbertzekoa da, euskaldungoari eusteko, klaseen arteko borrokaren irizpideen gainetik edota azpitik. Hori da bederen ene iritzia, beti ere, erdieten den batasun euskaldun eta euskaltzale hori Euskal Iraultza Sozialistaren aurka ez doan heinean, jakina. Bainan Euskal Iraultza Sozialista EUSKARAZ eginen denez, euskaldun militanteAk (euskaldun osoak, edota laburbilduz EUSKALDUNAK) bide iraultzaile horretan bidaideak, mintzaideak eta batzuetan baita gogaide,irizkide eta burkide izanen ditugu. Hori bai, printzipio komunista iraultzaileetan amore eman gabe!

    Oraintxe bertan igorriko dizut mezu bat, eta harremanetan jarriko gara. Dakikezunez, "Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da", eta "Euskal Errepublika Sozialistaren alde borrokatzen garen guztion bilgunea" izan nahi du. Beraz, gure helburua da Teoria Iraultzaileez (eta bereziki Marxismoa) EUSKARAZ idatzi edota itzuli den GUZTIA emeki-emeki argitaratzea. Hau da, euskaldun iraultzaile eta iraultzaile euskaldunon bilgune bat izan dezagun, erdigunea eta biltokia, elkar ezagutzeko, elkarrekin eztabaidatzeko, elkarri norberaren egiak eta hegiak errateko, eta gure hizkuntza nazional bakarrean pentsatu eta izkiriatzen den Teoria Iraultzaile guztiak irakurri ahal izateko.

    Prefosta, ados bazaude, Stalinen "Leninismoaren oinarriak" argitaratuko genuke hemen atalka, horretarako baimena emanez gero. Honek, gainera, eztabaida sakon, pollit eta amitsua eraginen luke gure artean, kontu jakina baita ni erabat kritikoa naizela Stalinek egindakoarekin. Bainan hori, ohi bezala, "datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz" egiten saiatuko naiz, "jendetasunez eta adeitasunez". Hori bederen da ene asmoa, Oxandabaratz!

    Izan ongi, eta sarri artio!

    Adeitasunez,

    Fermintxo

    ErantzunEzabatu
  6. Aupa, egunon!

    Atzo IraultzaAlaHil8/14/2012 5:08 p.m.-ko lagunari erantzun gabe gelditu nintzen, puntu batean bederen:

    "Hala ere, ez dut ulertzen zure ildo politikoa zehazteko duzun zalantza. Eta are gutxiago, kristaua izatea eta askapen teologiarena.... seguraski elkarri lotuak izango dira."

    Uste dut azalpen bat zor dizudala, IraultzaAlaHIl, eta orain berean emanen dizut:

    Nire ildo politikoa aski zehatza dela uste dut: komunismo iraultzaile euskalduna. Seguraski, denbora behar izanen dut plateaendu honen xehetasun guztiak azaltzeko, eta polemika zein eztabaiden bidez ñabardurak, zuzenketak eta zehaztapenak agertuko dira etengabe. Horregatik eta horretarako sortu genuen blog hau, euskaldun iraultzaileon artean gogoeta kritikoak eta hausnarketa erradikalak sustatzeko, hain zuzen ere.

    Arrazoi duzu, zure ustezko "indefinizio" hori (ni marxista, edota marxista-leninista gisa ez agertzea, alegia) nire identitate fededunetik heldu da. Batzuk "muturreko katolizismoa" erran diote blog honetan bertan, egin zèn lehen iruzkinean, Bobby Sandsen biografiaren bigarren atalean, hain zuzen. Zuk, asmo eta borondate onez, bistan da, "kristau" izendapena ematen didazu, eta ez katolikoa. Ni kristau izendapena onartzen dut, baina nahiago dut fededun gisa agertu, bertzerik gabe. Hori bai, katolikoa, inolaz ere! Historian zehar Euskal Herri Langileak izan duen etsai eta arerio zital eta doilorrena, Eliza Katolikoaren hierarkia ustela izan baita.

    Bada blog honetan testu bat "Ateismoari buruzko kritika" seguraski interesatuko zaizuna, zeren marxistekin oro har eta marxista-leninistekin bereziki urte luzeetan zehar izan dugun eztabaida amaigabe horietariko bat areisoarena izan baita. Bertan ikusiko duzu, gutti goiti beheiti, Askagntzaren Teologiaren inguruan galbiltzanon usteak, edo nireak, behinik behin.

    Hona hemen zertzelada batzuk:

    "Teoria Iraultzailearen alorrean, orain arte bederen, ateismoa izan da nagusi, bai marxismoaren alorrean nola anarkismoarenean ere. Askapen Teologiak salbuespena ziren, bainan eztabaida politiko eta teorikoan leku marjinala zuten. Zer gertatuko da XXI. mendean? Sistema sobietikoa amildu ondoren, eta Txinako sistemaren eraldatze kapitalista ikusi eta gero, ateismoa “berez” iraultzailea dela dioen tesia ahuldurik gelditu da nonbait. Ameriketan Askapen Teologiaren biziberritzeak eta Islamen esnatze nahasi eta konbultsoak iradokitzen dute fededun iraultzaileen agertze berria. Baina iraultzaile fededunak desagertu ziren erabat noizbait? XVI. mendeko komunista iraultzaileak, Thomas Müntzer buru zutela, fededunak ziren. XIX. mendeko komunista iraultzaileak, aldiz, Marx, Engels, Bakunin, Kropotkin ..., ateoak erabat. Bainan ateo ala fededun izan, iraultzaileok elkarrekin aritu izan gara bataila antikapitalista guztietan, eta horrela jarraituko dugu aurrerantzean ere. Merezi du gure artean eztabaidatzea, lotzen gaituena indartzeko, bereizten gaituena hobeki ulertu eta konprenitzeko."

    ErantzunEzabatu
  7. Eta II :

    "Askapen Teologian gabiltzanok urteak eta hamarkadak daramazkigu honetaz gogoeta eta hausnarketa sustatzen, marxismoaren ateismoarekin bereziki. Urte luzez, ateismoa izan da iraultzailetasunaren marka gorena, fededun iraultzaileok alienazioaren infernurat kondenatzen gintuena. Bainan hori mito bat bertzerik ez zen, Sobiet Batsuna eta bere sateliteen amiltzeak frogatu duenez. Ateismoa ere kritikatzen ahal da oinarri iraultzaile, askatzaile eta emanztpatzaileetatik, edozein fede, erlisione eta teoria/ideologia bezala. Eztabaida ez baita berez eta beraz, ateismoa/fedea, baizik eta zapalduak/zapaltzaileak. Ateismo burgesa badago, eta ateismo etnozida ere bai, Andonik ezin hobeki erakutsi digun bezala, eta jakina, zapalduek ateismoaz egiten duten irakurketa ez da berdina. Gauza bera gertatzen da fede eta erlisoneekin: zapalduek badituzte bereak, eta zapaltzaileek ere bai, historikoki hegemonikoak izan direnak. Aski da judaismo, kristautasun, islam edota budismoaren historia klase borrokaren argitan irakurtzea horretaz argiro ohartzeko."

    "Ateismo iraultzaile, askatzaile eta emantzipatzailea bada, eta humanismo marxista da adibiderik goren eta ederrena, humanismo anarkista/libertarioarekin batera. Kontua klase aukera da, Klase hitza uler bedi zentzurik zabalenean, zapalduen talde gisa. Ekonomia politikoaren araberako klaseak daude, burgesia eta langileria, adibidez, jakina, baina badira genero/hizkuntza/arraza/adinaren araberakoak ere bai, nahiz eta bertze izen batez erraten ahal diegun. Ardatza ez da, Leninek uste zuen bezala, materialismoa/idealismoa bikote filosofikoa, materialismo iraultzailea versus idealismo erreakzionarioa, kontuok hagitzez molde dialektikoagoaz ulertu beharko genituzke. Zinezko ardatza zapalduen aldeko aukera/jarrera/jokaera (praxia!) versus zapaltzaileen aldekoa. Hor bederen kokatzen du Askapen teologiak afera hau. Bidenabar dezadan erran nahiago dudala Askagintzaren Teologia deitu, aurreko deitura erabiltzea baino. Liburu xoragarria irakurtzen ahal dugu Euskaraz, honi buruz: Ernst Bloch-en “Atheismus in Christentum: zur Religio des Exodus und des Reichs”, Pello Zabaletak euskaratua: “Ateismoa Kristautasunean”. Erran gabe doa, ni fededuna izaki, erabat identifikatzen naiz horrelako ateismoarekin. Bistan da, Utopiaren inguruan elkartzen ahalk gara iraultzaileok, bai ateoak, agnostikoak zein fededunok. Utopia Jainkoaren izen laikoa baita."

    IraultzaAlaHil, uste dut honekin ideia bat eginen duzula zein ote den ene ildo politikoa. Zure posizio politiko eta filosofikoetatik zorrzki eta sakonki kritikatzea biziki eskertuko nizuke.

    Izan ongi, burkide eta nahi duzun artio!

    Fermintxo

    ErantzunEzabatu
  8. IraultzaAlaHil8/16/2012 4:52 PM

    Egunon

    Ikusten dut idazteko era nahiko ezberdina dugula, nik ez daukat gauzei hainbeste buelta emateko ohitura, baina espero det ulertzea esan nahi dudana:

    Erlijioa, fedea, gizakiok heriotzaren inguruan dugun ezjakintasunetik sortutako beldurretik dator. Gizateriaren Historian, klase borrokaren Historian, beste zerbaitetan sinistu edo itxaropena izatearen grin hauek klase zapaltzaileak bere diktadura bermatzeko eraldatuak eta erabiliak izan dira, bere oinarri ekonomikoari egokitzen zaion gainegitura ideologikoan txertatuz. "Divinitatea"ren nahia klase edukitzaileen nahia besterik ez da izan. Bestetik, "beste mundu" batean sineste horrek, lehen alienazioa besterik ez da. Materialismo dialektikoaren zientziak, gizakiaren pentsamoldea errealitate materialean oinarrituta dagoela argi uzten du, eta ekintza guztiak batak besteari elkarri lotuak daudela. Ondorioz, "fedea" izatea ez da soilik alienaturik egotea, baizik eta gizarte baten gertaeren zergaitiak ongi ez ulertzea, kausak errealitate materialetik at bilatzen baitira.

    Kristautasuna, garai Historiko konkretu batean asmatutako erlijioa da. Uste dut Zeitgeist edo horrelako dokumental bat dagoela bere mito guztien faltsutasuna erakutsiz, eta nola beste aurreko erlijioen birmoldatzea izan zen, adibidez Cristo = Crestus (eguzkia) izatea, edota Jesus = Apolo graziarra, lurrera bidalia gizateria salbatzera.

    Noski erlijioa klase borrokarekin guztiz lotuta dagoela, klase zapaltzaileen tresna bat delako. Aitzinean botorearen aurkako borrokalariek beren erlijioak izatea ez du esan nahi erlijioa alienazioa ez izatea, edota borroka horren zergatiak "fedean" oinarrituta egoteak eta ez oinarri ekonomikoan. Behin marxismo-leninismoak azaltzen dituen Historia mugitzen duten indarrak zeintzuk diren ulertuta, ez dago "Divinitateeetan" siniusteko inongo arrazoirik.

    Eta tira, Lenin oker zebilela esatea, edota Sobiet Batasunaren usteltzea (berriskutzaileen traizioagatik, inola ere ez marxismo-leninismoa jarraitzeagatik) "fedea"rekin lotzearena... ez dut uste komentatzea merezi duenik.


    Ongi izan.

    ErantzunEzabatu
  9. Aupa, IraultzaAlaHIl!

    Errealitatea dialektikoa da, beraz, konplexua, ñabardurez betea, kontraesankorra ... Zuk ez baduzu "gauzei hainbeste buelta emateko ohitura", baliteke ahulezia edota ahulgune bat izatea zure pentsamenduan, erran nahi baitut, kontuak gehiegi sinplifikatuz eta eskematizatuz, errealitatearen baitan era dialektikoan kiribilduta eta txirikordaturik ageri diren alde eta alderdi aunitz ez ote zaizkizun oharkabean pasatuko. Honekin erran nahi dut fedea/ateismoa eztabaidak ertz asko dituela, aspektu eta ikuspegi aunitz, eta den-denak hartu behar direla kontuan.

    Zuk esan nahi duzuna aski ongi ulertzen dut, marxistek oro har eta marxista-leninistek bereziki teorizatu eta pentsatzen dutena delakotz. Eta niri oso ongi iduritzen zait hori pentsatzea, mundu honetan dauden aukeren artean batto delakotz, "materia" bertzerik ez dela uste izatea, alegia. "Materia" kakotxen artean izkiriatu dut, zeren oraindik ere ez baitakigu zehazki zer demontre den "materia" deitzen dugun hori, eta fisika kuantikoak erakutsi/irakatsi du Materia (orain, bai, kakotxik gabe!) uste genuen baino hagitzez konplexuagoa dela, eta dinamikoagoa, eta harrigarriagoa. Honi buruz badira bi liburu Euskaraz, aski interesgarriak, orriotara atalka ekarriko ditugunak: Bill Bryson: "Ia denaren Historia labur bat", eta Manjit Kumar: "Quantum. Einstein, Bhor eta errealitatearen izaeraren inguruko eztabaida handia." Orduantxe eztabaida sakonak piztuko dituelakoan nago.

    ErantzunEzabatu
  10. eta II

    Askagintzaren Teologian lehentasuna ematen diogu zapaldu ororen aldeko praxi iraultzaileari, eta beraz, horren arabera aztertzen dugu mundua, klaseen arteko borrokaren argitan. Ez ditugu ateo guztiak zaku berean sartzen, are guttiago fededun guztiak. Ateismo humanista eta iraultzailea maite eta miresten dugu, gurekin batera Iraultza Sozialistaren alde eta Komunismoa eraikitzeko borrokan ari diren lagun, adiskide eta burkideak direlakotz. Eta ateismo humanista eta iraultzaileen artean, jakina, marxismoa dago, eta marxismo-leninismoa. Kontrako norabidean, Kapitalismo Inperialistaren zutabeak diren hierakia erlijioso, sinismen, teologia-ideologia eta eliza zein sekta guztiak gure klase-etsaiak dira, eta beraz, haien aurka borrokatzen gara indar guztiez. Hauek dira gure posizioak, eta gure praxia. Kapitalismoa suntsitzeko eta Komunismoa eraikitzeko bidean elkarrekin joanen gara (nahi baduzu/baduzue, bistan da), baina gai honetan ez gara irizkideak, posizio filosofiko ezberdinak ditugu. Zure-zuen ustez alienatuta gaude. Gure ustez, betokerrak zarete, ("zarete", burkide eta borroka-kide iraultzaileak, noski! Ateismo burgesa eta kapitalista gura klase-etsaia baita!) Errealitatearen alor bat bakar-bakarrik ikusten duzuelakotz, hots Materiaren alderdi bat bakarrik: zentzumenez atzeman eta ukitzen ahal dena, "materia", "ekaia", alegia. Ikusten duzunez, eztabaida filosofiko sakon xamarra da hau, espero dut honezkero buruko minik ez izatea.

    Alta, zure azken esaldiari kutsu erlijioso-dogmatiko nabaria ikusi diot: "Eta tira, Lenin oker zebilela esatea, edota Sobiet Batasunaren usteltzea (berriskutzaileen traizioagatik, inola ere ez marxismo-leninismoa jarraitzeagatik) "fedea"rekin lotzearena... ez dut uste komentatzea merezi duenik." Ez komentatu, nahi ez baduzu, bainan erran dudana hau da: ene ustez, Lenin ateismoaren afera honetan oker zebilen, "Materialismo eta enpirioritizismoa" liburuan hain zuzen. Eta polemika eta gogoeta kritikoa eragiteko, hona hemen liburua: Anton Pannekoek, "Lenin, filósofo", Bibiloteca de textos marxistas, número 13, editorial Ayuso, Madrid, 1976. Noski baino noskiago, Anton Pannekoek komunista marxista ateoa zen, eta Leninen oinarri filosofikoen kritika materialista bat egiten dut. Ados egon daiteke ala ez, jakina, bainan iduritzen zait irakurri eta ezagutu beharreko testua dela. Oroitu blog honetako bi leloak, Marxenak ere bazirenak: "De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri" "Nihil humanum a me alieno puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen". Eta bertze egun batean, nahi baduzu, Ernst Bloch filosofo marxistari buruz mintzatuko gara, eta Materialismo Utopista izeneko joera filosofikoaz.

    Azkenik, bainan ez azkena: Sobiet Batasunaren endakatze kapitalistari buruz erran nahi nuena hauxe da: zuk aipatzen dituzun "berrikuskatzaile" traidoreak (egia erran, zuzen ala oker, nik beti "errebisionista" hitza erabili izan dut), bon, berrikuskattzaile-errebisionista horiek guztiak ateoak ziren. Beraz, ateismoaren baitan ere joera eta jokaera aunitz badira, beti ere klaseen arteko borrokaren arabera.

    Izan ongi, burkide! Eztabaidan segituko dugu, nahi baduzu!
    Besarkada komunista iraultzaile bat!

    Fermintxo

    ErantzunEzabatu