LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2012/08/02

Borroka garaia da! Eztabaidak (2)


BORROKA GARAIA DA!
EZTABAIDA BATEN OIHARTZUNAK (2) 


5.- nik neuk: 26/07/2012 a las 19:59
 
Oraingo ezker abertzalea aipatzen da, garai batekoarekin loturarik ez balu bezala. Ezker Abertzalea aldatu egin dela esaten da, inongo funtsezko eztabaidarik gabe, gainera. Astunegiak egiten zaizkit baieztapen horiek bere horretan uzteko. Astunak, hitz bakoitzaren atzean asmo sendo bezain erasokorrak… ezkutatzen? mmmm… ez, hemen ez da ezer ezkutuan, ageri-agerian dago bide berriarekiko ukazioa. Eztabaidarenak ematen dit, beste ezerk baino gehiagok, amorrua. KASkide izan nintzen eta garai haiek ezagutu nituen. Ekin-eko kide, berriz, ez. Erakunde bi horiek antzeko izan zirela uste dutenentzat, esan dezagun, inor ozpindu barik, ez zutela antzekotasunik, ez bada biek, ustez, antzeko zeregitekoa zutela askapen prozesuan. 



Eztabaida aipatzen da, eztabaida delako, barnekoa batez ere, erakunde iraultzaile ororen arnaste oinarrizkoena. Eztabaidaguneak dira, baina, eskuartean dugun eztabaidaren funtsa. Izan ere, estrategia politiko-militarrak halabeharrez dakar goitik beherako egituratzea, eztabaidaren bertikaltasuna. Nahita ez. Eta hori borroka ezagutu dugun urte luze-luzeetan, horrela izan da. KAS garaian, erakunde bat baino gehiago zegoenean eta, zorionez, erakundeen arteko liskarrak eta hika-mikak ere indar betean zirenean, eztabaida gehiago zegoen Ezker Abertzalean. Dudarik ez. Baina Herri Batasunaren batzarretan hitz egiten zuten, bidea zehazten zuten, edota beste nonbaiten eztabaidatu eta erabakitakoa bere horretan ezartzen zutenak KASeko kideak izan ohi ziren. Bere horretan. Baina eztabaida, neurri batean, egon bazegoen, HASI eta ASKren artekoak begi bistakoak direlako, beste erakundeekikoak ez aipatzearren, jakina. Hortik aurreakoak, kanpotik ezagutu ditut, baina ezagutu dudana ez da aurrekoa baino hobea.

 

  

Bertikaltasuna aipatu dut, eta nola deitu bestela 80. hamarkadan, Nafarroako Herri Batasunako batzarrak tokiko legebiltzarrean parte hartzeko erabakia hartu ostean, Iraultza Irratiak ezezko biribila eman eta “ezta pentsatu ere!” esan zienean kontrakoa egitera behartuta egon zirenekoak? “Eztabaida prozesu” haiek bizi izan genituen, eta ados izan ginen prozedura haiekin. Edo ez? Eta zer esan HASIrekin jazotakoaz. Hori ere funtsezko eztabaida prozesu serio, zintzo, garden eta erabakigarriaren ondorio izan zen, ezta? Utikan! Eta orduan ere, gehien-gehienok txalotu egin genituen egindakoak. 

Gauden honetara ekarri gaituen prozesua ez zen Otegiren kasketarekin hasi. Esango nuke Lizarra-Garazi Ituna baliagarri egin zuen negoziaketa prozesua, erakundea jelkideekin batera egindakoa, hain zuzen, izan zela honen guztionen abiapuntua. Eta hura ere ezker abertzaleko gainerako kideon bizkar egin zen. Ezta? Eta aintzat hartu genuen. Egitea egokitu zitzaiguna egin genuen eta gero, gerokoak etorri ziren. Etorri? Ez, baten batek ekarri zituen.

Ez da egia bide aldaketa eztabaidarik gabe egin denik. Erakundeak berak egin zuen lehenengo eztabaida. Elkarrizketa bidez, Gara-n eman zuten ezagutzera estrategiaren gaineko barne eztabaidaldia. Emaitzak uda ostean ezagutuko omen ziren. Ez dakigu, hor izan ez ginenok, zer eman zuen prozesuak. Dakigun bakarra da halako batean, ezustean gainera –uda aspaldi pasea zen eta…- agirian eman zigutela ezagutzera ordura artekoarekin jarraitzea erabaki zutela. Ez zergatik, ez nondik-nora joan zen eztabaida, ez ezer. Jarraituko dugu, besterik ez. Eta orduan ere ez genuen ezer esan, esaldi huts horrek gure egitekoetan, lan eta borroka baldintzetan, egunerokotasunean eta enparauetan zelan, eta zenbat, eragingo zuen ondo baino hobeto genekien arren. 

Gerora ezagutu ditugu Loiolakoak eta besteak. Horietan ere ez genuen ezer esatekorik izan. Edo, hobeto esanda, ez genuen ezer esateko aukerarik izan. Mmmmm, ezer gehitu aurretik: Ez nabil marmarrean. Benetan. Hori horrela zen, horrela izan behar zuelako. Gu sortu ginenerako, bizitzan, baina batez ere militantzian, egina zegoelako egitura; osatuak zirelako lan-moldeak; erabakita zeudelako jarraitu beharreko bideak. Ezker Abertzalean bene-benetako eztabaidak egon dira beti, baina beti izan dira talde txikitan egindakoak. Txikitasun hori, unearen arabera, handiagoa edo are txikiagoa izan da, baina beti talde batek egin du egin beharreko funtsezko eztabaida. Eta egon dira erabaki horiek ezker abertzaleko gainerako kideoi ezagutu arazteko eta betetzen zirela bermatzeko egiturak. Eta egitura horiek izan dira irekiagoak, edo gardenagoak, edo itxiagoak, edo zurrunagoak… uneko baldintzen arabera. Horrek ekarri du, besteak beste, artaldean jarduteko ezker abertzeleko kideok daukagun ohitura.

Hori baino larriagoa dela uste dut, hala ere, oso gutxitan aipatu ohi den etxe barruko beste arazo egiturazkoa: prestakuntza ideologikoarekin jazo dena, alegia. Izan gaitezen zintzoak, noiztik ez dira egiten ezker abertzalearen baitan aurre-militantzia ikastaroak? Erratuta egongo naiz beharbada, baina egunotan bide berriaren kontra daudenek garai batekoak goraipatzeko kaleratu dituzten materialak, guztiak ez badira, ia guztiak, 80. hamarkadakoak dira. Non dira arestian aipatutako une historiko, edo erabaki, edo aldaketa horiek guztiak azaldu, bidezkotu edo kritikatzen dituzten idatziak? Zeren gainean eztabaidatu zuten ezker abertzaleko kideek atzora arte, orain faltan sumatzen den eztabaida prozesu horiek eman zirenean? Eman baziren, alajaina!



Eta horrekin lotu nahi dut, hain juxtu, komunista iraultzaile baten dekalogoan esaten direnak. Ezer gaineratu aurretik, esango nuke marxismoa errealitatea aztertzeko bitarteko aproposa dela. Aztertu errotik eraldatzeko, gainera. Marxismoa ez da doktrina, edo ez luke izan behar, behinik behin. Eta Lenin zenarenak, berriz, eraldaketa hori gauzatzeko estrategia litzateke. Hortik aurrerakoak tokian toki eta unean uneko kide iraultzaileek ahal izan duten bezala garatu dituzten bide eta ereduak. Gerra iraultzailea hasteko, baina baita gerra iraultzailea eteteko ere. Dekalogoan zalantza zintzo ugari ageri da. Arazoa, -ene ustez jakina- ustez oraingoa den Ezker Abertzalearekin lotzen direla, eta ez Ezker Abertzalearekin, bere izate historikoan. Badirudi atzora arte oso argi geneukala klase ikuspegia, edo zein zen gure egitekoa munduak bizi duen sakoneko aldaketa prozesu basatian. Eta gaur berriz, ez. Ez zait bidezkoa iruditzen hori. Hasteko erakundeak zeraman estrategia ez zelako iraultzailea, erakundea bera iraultzailea zen arren. Tiroak, aspaldikoak behinik behin, ez ziren haustura demokratikoa erdiesteko, Estatuari “baldintza demokratikoak” onartu arazteko baizik. Baldintza demokratikoak, bai, baina baita burgesak, bere horretan… ezta? Hori zen bidea, ez balizko neguko jauregien harrapatzea.

Nik ere ez ditut gustoko esan, egin edo proposatu diren hainbat eta hainbat gauza. Lehenago ere gustokoak ez nituen bezala. Ez dut gustoko, esaterako, atzora artekoak “bide politiko eta demokratikoak” bezalako kontzeptuekin kontrajarri nahi izatea. Ezker Abertzaleak beti egin du politika. Demokratikoa izan den, edo ez, esateko, “demokratikoa” zer den zehaztu beharko litzateke, eta horretarako ez dut ez indarrik, ez gogorik, hitzak berak baino, hitzarekin egin ohi den erabileraren pentsatze hutsarekin oka egiten hasten naizelako. Nik neuk “bide edo estrategia politiko-zibilak” bezalako kontzeptuak nahigo ditut, zuzenagoak iruditzen zaizkidalako. Gakoa hemen, baina, ez da zein hitz, zein kontzeptu dugun atseginago, erabakitzen duguna zergatik eta zertarako erabaki dugun zehaztea baino. Eta hor eztabaida behar da, eta eztabaidatzeko bitarteko ideologiko sendoak behar dira. Ba al ditugu Ezker Abertzaleko kideok, talde bezala hartuta, tresna ideologiko nahikoak eta egokiak egitekoa daukagun bidea zein den erabaki eta hortik ez ateratzeko, edo galtzeko?

Dekalogoan ageri diren dudei erantzuteko ez ezik, hor aipatzen diren asko ulertzeko ere gai ote da Ezker Abertzaleko kide arrunta, hori da nik daukadan zalantza. Eta horrek kezkatzen nau. Beldurtzeraino. Hasi dugun bidea maldatsuegia izango delako; eta duda horiei, eta horiek bezalako beste hamaikei erantzun behar zaielako gorantzako hurrengo pausoa emateko, edo eman aurretik.
Neronek bertute bat ikusten diot, hori bai, egungo egoerari. Den-dena daukagula egiteko. Eta garai bateko agintekeria baliatu nahi izango duenik falta izango ez bada ere, gaur ia-ia nahi duguna egiteko aukera daukagu; ia-ia nahi dugun bidea hartzeko ahalmena. Muga bakarra dago, eta muga dago mugimendu orokorraren egituren baitan lan egin nahi dugunontzat. Hortik kanpo, nahi duenak nahi duena egin dezake. Nork bere ardurapean, jakina. Baina barruan, aipatuko ez dugun baina guztiok buruan daukagun muga hori kenduta, nahi dugun guztia egiteko aukera daukagu. Izan ere, baldintza mugatu horiek aintzat hartuta, nik ez diot esango Bilduko ez dakit nongo zinegotziari, edo Amaiurko ez dakit zein diputatuari zer egin behar duen, norantza goazen hiruok argi daukagun bitartean. Baina, era berean, ez haiek ez inork ez digute esango presoak kaleratzeko, AHT lanak geldiarazteko, lanpostuak defenditzeko edo nik zer dakit zer lortzeko, zer egin dezakegun, eta zer ez. Horiek guztioriek gure kontura doaz, eta gure ardurapean. Nik horrela ikusten dut.

 

Laburrean erantzungo nuke Ezker Abertzalearen baitan bene-benetako komunistak lau direla. Eta lau horiek behar ditugula. Baina argi edukita guztion aldetik prozesu iraultzaileak, pentsamolde mudantzak eta jarrera aldaketak ezin direla inposatu; piskana-piskana irabazi beharko direla. Eta horrek berdin-berdin balio dio herria irabazi nahi dugunean, edo talde zein mugimenduko burkideak konbentzitu nahi ditugunean.

Munduan izan den hamaika bake prozesu aipatzen da, Ezker Abertzaleak gainditu beharko dituen mamuak balira bezala. Herri bakoitzak, mugimendu bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Antzekoak dira guztiak, neurri batean. Baina funtsean bakoitzak bere izate historikoari erantzuten dio. Negoziazio prozesuak ez ezik, garaipena lortu zutenen esperientziak ere aztertu beharko lirateke, Historiak erakusten baitigu garaipen armatua baldintza ideologiko eta organizatibo eskasetan ematen denean emaitzak ere hala-moduzkoak izaten direla.

Komunista batek euskara du dudagai, eta horrek ez dakizue ondo zenbat poztu nauen. Bitxia baita estrategia aldaketaren inguruan, sarean behintzat, ematen ari den eztabaida castellano garbi-garbian egiten ari dela. Eta bitxia jarrerarik ustez garbienak edo iraultzaileenak zuritzeko erabiltzen delako inperialismoaren hizkuntza. Eta baten bat “euskaraz zergatik ez?” esatera ausartzen denean, kulturalismoak jota dagoela erantzuten zaio, euskara burges-txikien mintzaira balitz bezala.

Asko dago egiteko. Asko. Eta hori baino gehiago, eta horiek egiten hasi baino lehen, edo hastearekin batera, eztabaidatzeko. Nondik hasi? Prestakuntza, esango nuke nik. Matxino Eskolak osatu behar ditugu. Euskal Herriaren, eta herritarren, historia ikasi dezagun, nondik gatozen jakinaz norantza joan nahi dugun erabaki dezagun; askapen mugimenduaren orain artekoak, nondik norakoak, bideak, aukera-aldaketak eta enparauak ezagutu, gaurko eta biharko estrategiak zehazten joateko. Munduan izan diren, edo izan nahi izan baina bidean zapuztu zituzten prozesuak ezagutu, haiengandik ere ikasteko. Klase apustua ez ezik, genero apustua ere argi izan eta egiteko, eta hizkuntzarena, eta kontsumo-ereduarena, eta naturarekiko loturarena, eta… Garai batean Jarrain esaten genuen bezala: batu eta antolatu; antolatu eta borrokatu; borrokatu eta.. irabazi!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina