LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2012/08/31

Presoak borrokan, gu ere bai! (3)


ZORIONAK, JOSU!


BORROKA DA BIDE BAKARRA!

Uribetxebarriaren gertukoak, erabakia ospatzen.

Herenegun Berriozarko bestak hasi ziren, eta atzoko ekitaldi gehienak Alde Zaharrean egin dira, Ezkaba mendiko magalean. Iluntzean hilerrirako bidean goiti hasi naiz, gure semea Jon, zazpi urtekoa, eta bere lagun taldea, bertze zortzi neska-mutiko, beren “txabola sekretuan” jostatzen ari zirelakotz. Berriozarko Alde Zaharreko plazarat jaisteko erran behar nien, guraso guztiak ginen lekurat, eta halaxe egin dut. Aldapan beheiti nindoala, Ixabelek, emazteak, berri xoragarria erran dit: “Josu askatu dute!”

Une batez xorabiatu naiz pozaren pozez, eta zorionak gainezka egin du ene bihotzean: “Josu libre zegok! To albistea!”. Berriozarko Alde Zaharreko plazan musika zegoen, eta “Behin batian Loiolan” jotzen ari ziren ... Jendea pozez zoratzen, zoriontsu, gau pasa ederra egin behar zutela erran eta erran: “Hau ospatu beharra zegok, hi!”, “Mekauen! Behingoz garaipen ttiki bat Herriarendako!”. Besarkadak, irriak, musuak ... Zoriona Berriozarren eta Euskal Herriko hiri, auzo eta herri guzti-guztietan ...

Etxera joan naiz seme-alaben bokatak prestatzera, eta Ixabel gelditu da parrandan, gaur bere egun berezi eta seinalatua baita, ni sortzez iruñxemea bainaiz, Iruñekoa, alegia, baina bera berriozartar peto-petoa. Geroago haurrak hartu, lotaratu, eta hementxe naiz, ordenagailuaren aitzinean, zoriontsu, zirriborro hau idazten. Zorionak, Josu, eta biba hi! Zorionak, gose grebalariak! Zorionak, borrokalari guztiak! Lortu eta erdietsi dugu garaipen ttiki bat, eta ospatu behar dugu! Horixe baietz!

Orain goizaldeko ordu biak dira, Interneten sartu naiz, eta kontuak hobeki eta zehazkiago jakin ditut, BERRIA egunkariari esker:  

“Jose Luis Castro Espetxe Zaintzako epaileak baldintzapeko askatasuna eman dio Josu Uribetxebarria preso gaixoari. Espetxe Zaintzako epaileak hartu du erabakia, herenegun Donostiako Ospitaleko onkologoekin bildu ostean, iturri juridikoen arabera. Espainiako Zigor Kodearen 92. artikulua aplikatzea ebatzi du epaileak, presoak gaixotasun larri eta sendaezina duela argudiatuz. Aurretik preso gaixoa aske uztearen aurka agertu zen fiskala, presoak duen minbizia Zaballako espetxean artatu daitekeela argudiatuta. Fiskalak bost eguneko epea du epailearen erabakiari helegitea jartzeko.”
 
“Albistearen berri izatean, Donostiako Ospitalean gose greban eta elkarturik zeuden hamarnaka lagunek txaloka hasi dira, hunkiturik. Batzuek elkar besarkatu dute eta pozak eragindako negar malkorik ez da falta izan. Gose grebalariek amaitutzat eman dute gose greba.”

"Albiste on handi bat da euskal gizartearen gehiengoarentzat", adierazi du Jon Garaik Herrira mugimenduaren izenean, albistearen berri izatean presazko balorazio bat eginez. "Zoritxarrez, berandu iritsi da, Josu Uribetxebarriak aske egon beharko zuen duela zazpi urte, lehen minbizia izan zuenean. Zazpi urte beranduago, Josuren egoera bueltarik gabekoa da. Horregatik, hemendik eskatu nahi diogu erantzukizuna Espainiako Gobernuari. Hau ez da berriro gertatu behar, inoiz ez. Gaitz larriak eta sendaezinak dituzten gainerako hamahiru presoak askatu behar dituzte", adierazi du Jon Garaik. Azkenik, Herrira-ko bozeramaileak zorionak eman dizkio euskal gizarteari azken hilabetean Josu Uritxebarriaren askatasunaren alde egindako lanagatik.”


Aizue, gudu eta borroka gogor honek eztanda egin zuen abuztuaren 8an, Josuk gose grebari ekin ziolarik. Orduantxe hauxe idatzi nuen: 

“Hau irakurri ondoren, lagun eta adiskideok, zer erran? Bihotz-zolaraino hunkiturik, militante iraultzaile honen duintasun miresgarriaren aitzinean, zer egin? Duintasunez xutik beti borrokan bizi izan dena prest dago duintasunez xutik hiltzeko.
Estatu kapitalista, terrorista, torturatzaile, etnozida eta neofrankista honen aurkako borroka bururaino eraman behar dugu, erabakimenez, hortzez eta haginez, gaixorik dauden presoak askatzeko, jakina, bainan haratago, militante iraultzaile euskaldun guztien amnistia osoa eta baldintzarik gabea erdiesteko, Estatu Espainol eta Frantseseko preso politiko eta iraultzaile guztiak kaleratzeko. Eta horretarako, iraultza da bide bakarra!”

Gaur, abuztuaren 31ko goizalde honetan, izkiriatutakoa berresten dut hitzez hitz. Borrokatu gara, eta irabazi dugu. Garaipentxo ttipi bat da, berandu, beranduegi iristsi dena, bainan hala ere, pozik nago, poz-pozik gaude! 

Aupa! Gora gu eta gutarrak! Aurrera bolie! Gora Josu, preso gaixo larri eta gainontzeko preso guztien alde borroka egin duten guzti-guztiak! Gauza aunitzetan ez gaude bat ere ados, bainan elkarrekin borrokatu gara eta helburu ttikia erdietsi dugu, denok batera! Horixe bera da bidea!

Abuztuaren 8an hauxe idatzi nuen: "Gora Euskal Langileria!" oihukatu digu Iosuk, hilzorian eta torturapean gatibu dutela. Biba hi, Iosu! Ez dizugu huts eginen! Denok kalera, denok borrokara! Atxik eta jo aitzina!”

Uste dut, Josu (ez dakit noizbait lerro hauek irakurriko ote dituzun, agian bai ...) ez dizugula huts egin, eta ez diegu huts eginen gainontzeko preso guztiei.


Abuztuaren 22an hauxe izkiriatu nuen: “Josuren zintzotasuna, duintasuna eta heroikotasuna agerian gelditu da, eta ni zorretan sentitzen naiz berarekin, erakutsitako adore eta indarrarengatik. Niretako lezio ederra izan da, eta biziki eskertzen diot. Nik ahal dudana egin dut bere alde, eta egiten segituko dut, bistan da. Horretan zalantza izpirik ez. Maite zaitugu, Josu, eta ez dizugu huts eginen! Maite zaituztegu, militante preso miresgarriak, eta ez dizuegu huts eginen! Zuek etxean libre izan arteko onik ez dugu izanen! Presoen alde beti, eta baldintzarik gabe, jakina. Bainan honek ez du erran nahi beren alde egiten (ez) den guztiarekin ados egon behar dugunik, ezta beraiek erraten duten guztiari “amen” erran behar diogunik ere.”

Uste dut borroka eder eta miresgarri honen bilana egin behar dugula, denon artean, eta eztabaida zabaldu behar dela. Blog honetan, adibidez, eta nahi baduzue


Eztabaida hau irekitzeko, hona hemen Ernesto CHE Guevararen aipamen luze eta mamitsu bat, Iñaki Larreari esker berriki ezagutu dudana:

“... munta gutxiko borroka elektoralak, hauteskundeetan aitzinamenduren bat, hemendik; bi diputatu, senatore bat, lau alkatetza; tiroka disolbatzen den manifestazio herritar handi bat; hauteskunde bat, aurreko aldian baino boza guttiagorengatik galtzen dena; irabazten den greba bat, galtzen diren hamar; pauso bat aurrera, hamar atzera; garaipen sektorial bat hemendik, hamar derrota handik. Eta behar den unean, joko-arauak aldatzen dira, eta berriz hasi behar da.

Eta zergatik planteamendu hauek? Zergatik Herriaren indarren xahutze hau? Arrazoi bakar batengatik. Ameriketako zenbait herrialdeetako indar progresistetan nahasmendu ikaragarria dago helburu taktiko eta estrategikoen artean; posizio taktiko ttiki batzuetan ikusi nahi izan da helburu estrategiko handiak. Erreakzioaren inteligentziari aitortu behar zaio honen meritua: jakin izan du posizio defentsibo minimo horiek bere klase etsaiaren helburu fundamental bilakatzea.

Oker hain larriak gertatzen diren tokietan, Herriak bere legioak prestatzen ditu, urtez urte, sakrifizio ikaragarriak kostatzen zaizkion eta bat ere baliorik ez duten konkisten alde. Muino ttikiak dira, etsaiaren artilleriaren suaren mende daudenak. Parlamentuaren muinoa, legalitatearen muinoa, greba ekonomiko legalaren muinoa, soldaten handitzearen muinoa, Konstituzio burgesaren muinoa, HERRIAREN HEROI BATEN ASKATZEAREN MUINOA ... Eta okerrena da posizio hauek irabazteko Estatu Burgesaren joko politikoan parte hartu behar dela, eta joko arriskutsu honetan parte hartzeko baimena eskuratzeko, frogatu behar dela legalitate burgesaren baitan egoten ahal dela. Onak garela frogatu behar da, ez garela arriskutsuak, ez zaiola inori bururatuko kasernak asaltatzea, ezta trenak ere, ez zubiak suntsitzea,  ezta zapaltzaileak exekutatzea ere, torturatzaileak ere ez, ez zaiola inori bururatuko mendietan armetan altxatzea ...”

Testu profetiko hau, CHEk izkiriatu zuen 1962ko urrian eta azaroan, eta bere asasinatzea gertatu ondoren argitaratu zuten Kuban, “Verde Olivo” Armada Iraultzailearen aldizkarian, 1968ko urriaren 6an. Bere heriotzaren lehendabiziko urteurrenaren bezperan. Idazkiaren izenburua hauxe da: “Táctica y estrategia de la Revolución Latinoamericana”, “Iraultza Latinoamerikarraren taktika eta estrategia.” Txalaparta argitaletxearen liburu honetan aurkitzen ahal duzue jatorrizko testua Espainolez: “Textos revolucionarios”, Tafalla, 1997. 201. orrialdetik, 214. orrialderat.


 


Agian CHEren hitz zorrotz eta ezinago argiek lagunduko digute lozorrotik esnatzen eta borrokari lotzen. Zeren eta hurrengo hilabeteetan bataila aunitz baititugu aitzinean. Zeren eta irailaren 26an GREBA OROKORRA baitugu. Zeren eta irailaren 27an GUDARI EGUNA baitugu. Zeren egoera ekonomikoa eta burgesiaren esplotazioa gero eta larriagoak baitira. Zeren eta PPren gobernu neofrankista eta neofaxistaren erasoak gero eta gogorragoak baitira. Zeren eta etnozidioa bere azken fasean sartu baita, bereziki Nafarroa Garaian eta Ipar Euskal Herrian.    

Zeren  bertze hamahiru lagun eta adiskide, gaixo larriak, preso baitituzte oraindik. Beno, Josu bera ere preso dute, eta ez dakigu lege burgesen labirintotik zer irtengo ote den ... baina badirudi baietz, etxerat joanen dela. Eta hamahiruez gain, gainontzeko guztiak etxerat itzuli behar dira. Etxean nahi ditugu gure gudari eta militante iraultzaile miresgarri eta maitagarriak!

Eta bai, lehenago ere erran bezala: “Zorionez, Herriak aitzina jo du, eta ekimenak, ekintzak, denetariko jarduerak eta protestak  ugaritzen ari dira. Hori da bidea!  Burdina gori delarik lantzen da!  Frantses Iraultzan Danton izeneko iraultzaile batek erran zuen bezala: “Il nous faut de l’audace, encore de l’audace, toujours de l’audace” ! Ausardia behar dugu, ausardia berriz ere,  eta ausardia beti!” Horregatik, preso gaixoekiko elkartasun keinuek ez dute amaierarik. 


Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzte 13 preso daude oraindik Frantziako eta Espainiako estatuetan barreiatuta. Horregatik, hainbat pertsona ezagunek manifestazioa deitu dute larunbaterako, Gaixo dauden presoen giza eskubideen alde lelopean. Donostiako Antigua auzoko tuneletik abiatuko da manifestazioa, 17:30ean. "Hamalauak etxeratu eta espetxe politika hau eta debekuak amaitu beharra dago" adierazi du Andoni Egaña bertsolariak; deitzaileen izenean.

Bistan da, hemendik deiadarra egin nahi dut, denok manifestaziorat joan gaitezen, gure garaipentxo ttikia ospatzera eta hamahiru gaixo larrien aldeko borroka areagotzera, eta jakina, AMNISTIA OSOA eta BALDINTZARIK GABEAren aldeko aldarria indartzera. Zeren eta “burdina gori delarik lantzen baita!” 

 


Zorionak, Josu, bihotz-bihotzez! Zorionak, borrokalari guztiak!

LARUNBATEAN DENOK DONOSTIARA!!! 



IRAULTZA DA BIDE BAKARRA!

PRESOAK KALERA, AMNISTIA OSOA!

AMNISTIARIK GABE, BAKERIK EZ!




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina