ESTATUA ETA IRAULTZA
(5)
ESTATUARI BURUZKO TEORIA MARXISTA
ETA PROLETARGOAREN EGINKIZUNAK IRAULTZAN
LENIN
Etenaldi luze xamar bat
egin ondoren, zeren eta gaur egungo Ezker Abertzalearen ideologiaren kritikan
buru belarri sartu bainintzen zenbait astez, berriz ere hementxe nauzue Leninen
liburu miresgarri honen irakurtze kritikoa egiteko prest.
Astun eta kaparra, pelma
eta gogaikarria izateko bat ere beldur izan barik, berriro ere erranen dut
“Estatua eta Iraultza” liburua iraultzaile orok sakonki, zorrozki eta arreta
handiz irakurri eta estudiatu beharreko testua dela. Are gehiago iraultzaile
horiek komunistak izan nahi badute, eta begi bistan da, zer erranik ez
iraultzaile horiek marxista-leninistak izaten (eta horren arabera jokatzen)
saiatzen badira. Horregatik, blog honetan argitaratu den hirugarren testu
teorikoa Leninen idazlan hau izan da, Marxen eta CHEren idazki labur bana
agertu ondoren. Honek erakusten du gure ildo teorikoaren lehentasunen zerrenda.
Gainera, “Estatua eta
Iraultza” liburuak badu merezimendu berezia: sasian, hau da klandestinitatean,
idatzi zuen Leninek, ez unibertsitate burges bateko bulego epel eta goxoan,
ezta alderdi politiko legal eta instituzional bateko egoitza lasai eta nasai
batean ere. Praxi iraultzailea zer den ikasi nahi duenak, Lenin eta bere
ibilbide militantea estudiatu behar du sakonki, ez idolo laiko berri bat
egiteko, ez adorazio dogmatiko eta irrazional batean jausteko, baizik eta CHEk
egin zuen bezal-bezalaxe, Leninekin, Leninengandik, Leninen garaipen eta
porroten bidez, asmatze eta hanka sartzeen bidez, Iraultza Komunista egin eta
garatzen saiatzeko.
“Estatua eta Iraultza”
liburua atalka argitaratzen hasi ginelarik, galdera batzuk egin genituen:
“Leninek berak “Estatua
eta Iraultza” liburuan aldarrikatu zituèn neurri iraultzaile zintzo eta
koherenteak aplikatu zituen gero, 1917-1924 urteetan, Sozialismoaren
eraikuntzan? Eta aplikatu ez bazituen oso-osorik, zergatik? Zein
izan ziren ondorioak? Zer azterketa kritiko egiten ahal dugun
XXI. mendeko komunista iraultzaileok? “Botere guztia Sobietentzat!!!” izan zen
1917ko Urriko Iraultza Errusiarraren leloa. Botere guztia Sobietentzat izan
zen, ala Alderdi Boltxebikearendako? Langileen Biltzarrek botere guztia
eskuratu zuten, Estatu burgesa suntsituz, ala bertze zerbait gertatu
zen? Proletargoaren diktadura eraiki zen, ala alderdi iraultzaile
batena? Zein izan ziren Leninen gogoeta autokritikoak honetaz
guztiaz? Komunista iraultzaile guztiendako berebiziko
garrantzia dute galdera hauek, are gehiago marxista-leninista (sentitzen)
direnentzat. Zeren eta marxista-leninista izateko, lehenik Marx ongi ezagutu
behar da, jakina, eta ondoren Lenin hobeki ulertu. Ez da hala?
Jakina, galdera hauei
taxuz erantzutea urteetako lana dugu, XX. mendeko Iraultza Sozialisten bilan
kritikoa egitea baita, eta aldi berean, XX. mendean izan diren Sozialismoaren
eraikuntzaren esperientzien balantze gazi-gozoa ere bai. Azterketa eta
eztabaida zail eta korapilatsua, kontraesan dialektkoen mataza askatu nahi
badugu ... bainan ezinbertzez egin beharrekoa!
Eztabaida eta azterketa
hau abuztuaren 12an abiatu zuen lagun anonimo batek (geroago jakin dut
Burdingorri burkide eta adiskidea izan zela), honako gogoeta hauek eginez:
“Espero det azkenean
ipinitako gogoeta hori ez izatea troskismo kontra-iraultzailearen propaganda
pro-imperialistaren mezuan oinarrituta egotea. Bitxikeria bezala,
"marxista-leninista" terminoa Josif Stalin-ek sortu zuen,
langileriaren egiteko Historikoaren bide zuzena markatzen duen pentsakera
finkatuz. Ez dut entzun troskismoak gidatu duen ez erresistentzia ez egiteko
iraultzailerik. Kasualitatea ala kausalitatea?”
Kontu bat, hasteko: uste
dut Trotski eta trotskismoa ezberdindu behar direla minimoki, zeren bata
militante komunista iraultzaile bat izan zen, bere kontraesan eta ibilbide
korapilatsu zein bihurri guztiengatik, eta bertzea, aldiz, Trotski asasinatu
ondoren (stalinistek “exekutatu” nahiago dute, bainan ez naiz ni stalinista,
ezta hurrik eman ere!) bere ingurukoek -haien artean batzuk Inperialismo
Kapitalistaren agenteak- sortu zutèn “ortodoxia” marxista berezia. Baina gauza
bera egin behar da Marx eta marxismoarekin, Lenin eta leninismoarekin, Stalin
eta stalinismoarekin, Mao eta maoismoarekin, CHE Guevara eta guevarismoarekin,
Fidel Castro eta castrismoarekin, eta “tutti quanti”.
Komunista iraultzaileok
badugu hor lan teoriko garrantzitsua: militante batzuen pentsamendu bizia (eta
berez, eta beraz, ezinbertzez, kontraesankorra eta dialektikoa ...) berreskuratzea, bere aberastasun guztiarekin,
eta ondoren sortu zirèn ortodoxia, katixima eta vulgata guztiak kritikoki
aztertzea. ez naiz errepikatzeaz aspertuko: Marxen behin eta berriz erraten
zion Engelsi bera ez zela marxista, eta ez zen txantxetan ari, oso seriotan
baizik. Noizbait Marx, Engels, Lenin seriotan hartuko ditugu? Hau da, noizbait
beren idazkiak, benetakoak eta bereziki azkenak, irakurri eta estudiatuko
ditugu? Agian bai!
XX. mendean
Sozialismoaren eraikuntzako esperientziak, Sobiet Batasuna, Mongolia, Txina,
Eurasia mendebaldeko Herri Demokraziak (Alemania Demokratikoa, Polonia,
Txekoslovakia, Errumania, Hungaria, Bulgaria) Jugoslavia, Albania ... bizirik
zeuden, eta polemika hauek guztiak oso gogorrak eta mingarriak izaten ziren,
normala den bezala. XXI. mende honetan, uste dut aski perspektiba historikoa
dugula modu lasaiago (eta sakonago) aztertzeko. Ahantzi gabe Sozialismoaren
bidean nola edo hala kokatzen diren eta oraindik zutik mantentzen diren
herrialde batzuen esperientziak: Kuba, Vietnam eta Ipar Korea, adibidez.
Horregatik, datozen
asteetan, “Templando el acero” argitaletxeko lagunen baimenarekin, eta
Pello Oxandabaratz itzultzaile eta adiskidearen onespenarekin, Josif Stalinen “Leninismoaren
oinarriak” liburua atalka ere argitaratuko dugu blog honetan. Ziur naiz
liburu mugarri honek, 1924an idatzia eta iraultzaileen belaunaldi batzuk
markatu dituena, polemika sortuko duela gure artean. Polemikan sartu ahala
agian hobeki ulertuko da zergatik Josif Stalinek berak sortu zuèn
"marxista-leninista" terminoa, eta noraino kontsidera daiteke
Stalinen pentsamendua marxista edota leninista, eta noraino garatzen dituen
Marx, Engels eta Leninen praxia. Eta garrantzitsuagoa dena, zein klase -
interes material zeuden termino borobil horren atzean eta gibelean. Ez dugu ahantzi
behar “leninismoa”, termino eta joera gisa, bere ahizpa bikia den “trotskismoa”rekin
batera sortu zela. Beraz, 1920-1941 urte zail, gogor eta korapilatsu horietan
murgildu beharko dugu. Eta kritikaren armak zorrozki eta gupidagabeki erabili,
zeren materialismo historiko eta dialektikoaren metodologia marxismoari ere
aplikatu behar baitzaio, zinezko teoria iraultzailea eta ideologia
alienatzailea bereizteko.
Bestalde, berriki EH
Bilduko lehendakarigaia den Laura Mintegik adierazi du prentsan koalizio honek
Europan “Estatu librea” edo “Estatu askea” sortu nahi duela. Ondoko lerrootan ageri da Marxek, Engelsek eta Leninek termino
horretaz pentsatzen zutena.
Baina gaurkoz ere, aski
kalaka eta matraka. Leninen txanda da orain.
ESTATUA ETA IRAULTZA
ESTATUARI BURUZKO TEORIA MARXISTA
ETA PROLETARGOAREN EGINKIZUNAK IRAULTZAN
I.- KAPITULUA
KLASE-SOZIETATEA ETA
ESTATUA
4.- ESTATUAREN
“IRAUNGIPENA”
ETA IRAULTZA BORTITZA
Estatuaren “iraungipenari” buruz Engelsek idatzi zituèn hitzak
hainbesteko opsea dute, hain sarri aipatzen dira eta hain argi erakusten dute
non dagoen marxismoaren ohiko faltsutzearen gakoa, hauek oportunismora
egokituak direnean, ezen beharrezkoa gertatzen dela xehetasunez aztertzen
geratzea. Hitz hauek dauden pasarte guztia aipatuko dugu:
“Proletalgoak
estatu-boterea hartzen du eta ekoizpen baliabideak Estatuaren jabetza
bihurtzetik hasten da. Bainan ekintza honekin, suntsitu egiten du bere burua
proletalgo bezala eta suntsitu egiten ditu klase ezberdintasun eta antagonismo
guztiak eta, honekin batera, Estatua bere gisan. Sozietatea orain arte
klase antagonismoen artean mugitu denez, honek Estatuaren beharra eduki du; hau
da, ekoizpenaren kanpo-baldintzak mantentzeko klase esplotatzailearen
erakunde baten beharra, eta beraz, batez ere, klase esplotatua, dagoen
ekoizpen moduak zehazturiko zapalkuntza baldintzetan (esklabutza, joputza,
soldatapeko lana) indarraren bidez zapaldurik edukitzeko beharra
eduki du. Estatua sozietate guztiaren ordezkari ofiziala zen, honen sintesia
korporazio ikusgai batean; baina soilik bere garaian sozietate osoa ordezkatzen
zuèn klasearen Estatua zen modura: Antzinaroan hiritar esklabisten Estatua
zen; Erdi Aroan, noblezia feudalarena; gure garaietan burgesiarena
da. Estatua azkenik sozietate guztiaren benetako ordezkari bihurtzen denean,
bere kabuz alferrikakoa izanen da. Jada, zapaldurik mantendu beharreko
klase sozialik existitzen ez denean; ekoizpen egungo anarkiagatik sortu diren
klase dominazioarekin batera eta existentzia indibidualarengatiko borrokarekin
batera, borroka honen ondorio diren talkak eta gehiegikeriak desagertzen
direnean, jada ez da zer zapaldu egonen, eta beraz, ez da beharrezkoa
izanen errepresiorako indar berezi hau, Estatua. Estatua eraginkorki
sozietate guztiaren ordezkari bezala agertzen den lehen ekintza -sozietatearen
izenean ekoizpen baliabideen jabetza hartzea - aldi berean Estatu bezala egiten
duen azken ekintza independentea da. Erlazio sozialetan Estatuak duen
esku-hartzea alferrikakoa izanen da eremu guztietan bata bestearen
atzetik eta lokartu eginen da bere kabuz. Pertsonen gaineko gobernua
gauzen administrazioarengatik eta ekoizpen prozesuen gidaritzarengatik
ordezkatua izanen da. Estatua ez da “abolitua” izanen: iraungi eginen da. Hemendik abiatuz
epaitu behar da, “Herri Estatu libreari” buruz hitz egiten duen
esaldi horren balioa, denbora batez, existitzeko eskubidea izan zuena agitazio
kontsigna bezala, bainan azken finean, oinarri zientifikorik ez duena.
Hemendik abiatuz ere hartu behar da kontuan anarkista deritzenen
eskaera, Estatua egunetik gauera abolitu behar den euren nahikeria.
(Anti-Dühring edo Eugenio Dühring
jaunaren zientziaren iraulketa, hirugarren argitalpen alemaniarreko
301-303 orr.).
Erratzeko beldurrik gabe esan dezakegu, hemen Engelsek
azaldutako pentsamendu izugarri aberats hauetatik, egungo alderdi
sozialistetan, pentsamendu sozialistaren benetako ondare izatera pasa den gauza
bakarra, Estatuaren abolizioaren doktrina anarkistaren aldean, Marxen arabera,
Estatua “iraungi” egiten delako
tesia dela. Marxismoa honela mozteak
oportunismora murriztea esan nahi du, “interpretazio” honekin ez baita
zutik geratzen aldaketa mantso, pixkanakako, gradual baten nozio faltsua
besterik, saltorik ez erauntsirik gabe, iraultzarik
gabe. Estatuaren “iraungipenari” buruz ohiko zentzuan, orokortuan,
masen zentzuan -honela esan badaiteke behintzat- hitz egitea, dudarik gabe
iraultza lausotzearen pareko da, ez bada ukatzearen pareko.
Bainan horrelako “interpretazioa” marxismoaren
desitxuratzerik baldarrena da. Desitxuratze
honek burgesiari bakarrik egiten dio mesede, hau teorikoki egoera eta
kontsiderazio oso garrantzitsu batzuk isilpean gordetzean babesten baita; esate
baterako, osorik aipatu dugun Engelsen pasarteko “laburpenean” azaltzen direnak
ezkutatuz.
Lehenik eta behin, Engelsek pasarte honen hasieran bertan
dio, boterea hartzen duenean,
proletalgoak “honekin berarekin, Estatua bere gisan suntsitzen duela”. Ez da
ohikoa honek esan nahi duenaz pentsatzen geratzea. Arruntena honetaz erabat
ahaztea da, edo bestela Engelsen “ahulezia hegeliar” baten moduko zerbait
bezala hartzea. Egia esan, hitz hauek
iraultza proletario handienetako baten esperientzia gordetzen dute, 1871ko
Parisko Communeren esperientzia,
bainan honetaz bere tokian hitz eginen dugu xehetasunez. Egia esan, Engels
hemen iraultza proletarioak burgesiaren Estatua “suntsitzeaz”
mintzatzen da; aldiz, Estatuaren iraungipenari buruzko hitzak, Iraultza
Sozialistaren ondorengo Estatu proletarioaren hondarrei buruzkoak
dira. Engelsen arabera, Estatu
burgesa ez da “iraungitzen”, baizik eta proletalgoak “suntsitu” egiten du
Iraultzan. Iraungitzen dena,
Iraultza honen ondoren, Estatua edo erdi-estatu proletarioa da.
Bigarrenik, Estatua “errepresio indar berezi” bat da.
Definizio bikaina eta oso sakon hau, Engelsek hemen argitasunik osoenarekin
ematen digu. Eta hemendik ondorioztatzen da burgesiaren langileenganako
“errepresio indar berezia”, aberats gutxi batzuek milioika langileenganako
dutena, langileen burgesiarenganako “errepresio indar berezi” batengatik (proletalgoaren diktadura)
ordezkatu behar dela. Honetan datza hain zuzen ere “Estatua bere gisan
suntsitzea”. Honetan datza hain zuzen ere sozietatearen izenean ekoizpen
baliabideen jabetza hartzearen “ekintza”. Eta bere kabuz, begi bistakoa da, horrelako
ordezkapen bat, indar berezi batena (burgesa) beste batengatik
(proletarioa), ezin daitekeela bideratu, inondik inora, “iraungipenaren”
formaren barnean.
Hirugarrenik, Engelsek, Estatuaren “iraungipenaz” eta
-oraindik hitz plastikoago eta grafikoago batekin- lokartzeaz hitz egiten duenean, argitasun eta zehaztasun osoz,
Estatuak sozietatearen izenean ekoizpen baliabideen jabetza hartu osteko
garaiaz ari da, hau da, Iraultza
Sozialistaren ondorengo garaiaz. Denok
dakigu “Estatuaren” forma politikoa, garai honetan, demokraziarik osoena dela.
Baina, marxismoa lotsagabeki desitxuratzen duten oportunistetako bati berari
ere ez zaio burura etortzen, ondorioz, Engelsek hemen demokraziaren lokartzeaz eta iraungipenaz hitz egiten duela. Honek,
lehen begiradan, oso arraro dirudi. Bainan hau, soilik demokrazia Estatu bat
dela, eta ondorioz, Estatua desagertzen
denean demokrazia ere desagertu eginen dela ulertzen ez duenarentzat da
“ulergaitza”. Estatu burgesa Iraultzak
bakarrik “suntsi” dezake. Estatua orokorrenean, hau da, demokraziarik osoena, “iraungi” bakarrik egin daiteke.
Laugarrenik, bere tesi nabarmena formulatzean: “Estatua iraungi egiten da”, Engelsek
jarraian, modu konkretu batean, tesi hau oportunisten
aurka nahiz anarkisten kontra zuzentzen dela azaltzen du. Hau egitean,
Engelsek lehen mailan kokatzen du, oportunisten aurka zuzendurik doan
“Estatuaren iraungipenari” buruzko tesiaren ondorio hori.
Apustu egin liteke, Estatuaren “iraungipenari” buruz
irakurri edo entzun duten hamar mila pertsonetatik bederatziehun eta laurogeita
hamarrek ez dakitela edo erabat ahantzi egiten dutela, Engelsek tesi honetatik
ateratako ondorioak ez zituela anarkisten aurka bakarrik zuzendu. Eta falta diren
hamar pertsonetatik, litekeena da bederatzi “Herri Estatu askea” zer den eta zergatik kontsigna hau
erasotzea oportunistak erasotzea den ez jakitea. Horrela idazten da Historia!
Horrela egokitzen da oharkabean doktrina iraultzaile handia nagusi den
filisteismorat. Anarkisten aurkako ondorioa milaka bider errepikatu da, zabartu
egin da, buruetan modurik sinplifikatuenean sarrarazi da, aurreiritzi baten
sendotasuna hartu du. Bainan oportunisten aurkako ondorioa ezkutatu eta “ahantzi”
egin dute!
“Herri Estatu
askea” Alemaniako
sozialdemokraten aldarrikapen programatiko bat eta modan zegoèn kontsigna bat
zen 70. hamarkadan. Kontsigna honetan
ez dago eduki politiko txikienik ere, demokraziaren kontzeptuaren
deskripzio filistear eta enfatiko batetik kanpo. Engels prest zegoen
agitazioaren ikuspuntutik kontsigna hau “denbora jakin batez justifikatzeko”, honekin
legalki Errepublika Demokratikoa
adierazten zèn heinean. Baina
kontsigna hau oportunista zen, ez bakarrik aditzera demokrazia burgesaren apaintze bat ematen
zuelakotz, baita orokorrean Estatu
ororen kritika sozialista ulertzeko ezintasuna adierazten zuelakotz
ere. Gu Errepublika Demokratikoaren aldekoak gara, proletalgoarentzat
kapitalismoan dagoen Estatu formarik hoberena den heinean, bainan ez daukagu
inongo eskubiderik, Errepublika burgesik demokratikoenean ere, Herriaren zoria soldatapeko esklabutza dela
ahanzteko. Are gehiago, Estatu oro klase zapalduaren “errepresiorako indar
berezi” bat da. Horregatik, Estatu
oro, ez da ez herrikoa ez askea. Marxek eta Engelsek behin eta berriz
azaldu zien hau beren alderdiko burkideei 70. hamarkadan.
Bosgarrenik, Engelsen idazlan honetan bertan, denek
gogoratzen dutena Estatuaren iraungipenaren ideia izanik, pasarte bat dago Iraultza bortitzaren garrantziari buruz.
Engelsek honen paperaren azterketa historikoa Iraultza bortitzaren benetako
gorespen bihurtzen du. Hau “ez du inork gogoratzen”. Alderdi sozialista
garaikideetan ez da ohikoa ideia honen garrantziari buruz hitz egitea ezta
pentsatzea ere: ideia hauek ez dute paperik jokatzen masen arteko eguneroko
propagandan eta agitazioan. Eta hala ere, Estatuaren
“iraungipenarekin” atxikirik daude eta honekin osotasun harmoniko bat osatzen
dute.
Hona hemen Engelsen pasartea:
“ ... Bortiztasuna
(oharra: nahiago dugu bortiztasuna hitza erabili, zentzu
neutro edota baikor duen heinean, eta ez burgesiaren ideologiak zentzu ezkor
eta negatiboz erabat kutsatu duen “bortizkeria”
edota “biolentzia” hitzak) Historian
(gaizkiaren eragileaz gain) beste paper
bat jokatzen duenaz, paper iraultzaile
bat; Marxen hitzetan, sozietate zahar
ororen emagina denaz, zeinak bere barrenetan beste berri bat daraman; bortiztasunaren laguntzaz baliatuz
mugimendu sozialak bidea irekitzen eta forma politiko hilak eta fosilizatuak
hausten dituenaz, horretaz guztiaz Dühring jaunak ez du hitz bat bera
esaten. Soilik hasperenen eta aieneen artean onartzen du, sistema zapaltzailea
eraisteko akaso bortiztasuna
beharrezko denaren aukera, -gauza tamalgarria, ohar zaitezte!- honen erabilera
orok, bere arabera, honetaz baliatzen dena desmoralizatzen
baitu. Eta hau esaten da, Iraultza garaile baten emaitzatik etortzen den
aurrerapen moral eta intelektual handiaz gain! Eta hau esaten da Alemanian, non
Herriari inposatua izan dakiokeen talka bortitz batek, gutxienean, Hogeita
Hamar urteetako Gerraren umilazioaren ondorioz kontzientzia nazionalean sartu
den makurkeria izpiritu guztia errotik
ateratzearen abantaila edukiko lukeela. Eta
arrazonamendu hauek, ilunak, txepelak, inpotenteak, apaizenen parekoak,
Historiako alderdirik iraultzaileenari eskaintzen ausartzen dira?” (Anti-Dühring, hirugarren argitalpen alemaniarra, IV.
Kapituluaren amaiera, II. zatia, 193 or.)
Nola da posible doktrina bakar batean Iraultza bortitzaren
gorespen hau, Engelsek 1878tik 1894 arte, hau da, bere bizitzako azken egunera
arte, sozialdemokrata alemaniarrei behin eta berriz azaldu ziena, Estauaren
“iraungipenaren” teoriarekin bateratzea?
Orokorrean, bi gauzak eklektizismoaren
laguntzaz bateratzen dira, printzipiorik gabe, modu sofistikatu batez edo
kapritxoaren arabera (edo Boteredunen
gustuaren arabera) erauziz, izan arrazonamendu bat zein bestea; eta lehen
mailan jarrarazten da, kasuen ehuneko laurogeita hemeretzian, ez bada gehiago,
hain zuzen “iraungipenaren” tesia. Dialektika
eklektizismoarengatik ordezkatzen da, gure garaietako literatura
sozialdemokratak marxismoaren aurrean duen jarrerarik ohikoena eta orokortuena
da. Ordezkapen hauek ez dute, egia esan, ezer berririk; filosofia grekoaren historian ere ikusi ahal izan dira. Marxismoa oportunismoarengatik
ordezkatzean, eklektizismoak, bere burua dialektika bezala aurkeztuz, errazago
engainatzen ditu masak, itxurazko asebetetze bat ematen die,
prozesuaren aspektu guztiak, garapenaren tendentzia guztiak, eragin kontraesankor
guztiak, eta abar kontuan hartzen dituela ematen du, benetako orduan, garapen
sozialaren prozesuaren inongo interpretazio osaturik eta iraultzailerik ematen
ez duenean.
Aurreago esan dugu, eta xehetasun handiagoz frogatuko dugu
geure hurrengo azalpenean, Iraultza
bortitzaren ezinbestekotasunari buruzko Marxen eta Engelsen doktrinak
Estatu burgesari egiten diotela erreferentzia. Hau ezin izan daiteke Estatu
proletarioarengatik (proletalgoaren
diktadurarengatik) ordezkatu “iraungipenaren” bidez, soilik, lege orokor
bezala, Iraultza bortitzaren bidez baizik. Engelsek honi eskaintzen dion
gorespena, eta Marxek adierazpen mordoekin guztiz bat datorrena (gogora
ditzagun Filosofiaren Miseriaren eta Manifestu Komunistaren amaierak
Iraultza bortitzaren ezinbestekotasunaren
adierazpen harro eta argiarekin; gogora dezagun 1875eko Gothako Programaren Kritika,
jada hogeita hamar urte pasa zirenean Marxek programa honen oportunismoa larrutzen duenean),
aipaturiko gorespen honek ez du ezer “suhartsutik”, ez deklamaziotik, ez
irtenbide polemikotik. Masak hemen, hain zuzen ere Iraultza bortitzaren ideia honetan,
sistematikoki hezteko beharrak, Marxen eta Engelsen doktrina ororen
oinarria osatzen du. gaur egun nagusi diren korronte sozial-cauvinistak
eta kautskiarrak doktrina honen aurka eginiko traizioa, bereziki agerian
geratzen da bai batzuen bai besteen aldetik, propaganda honen eta agitazio honen
ahazmenean.
Ezinezkoa da Estatu
burgesa Estatu proletarioarengatik ordezkatzea Iraultza bortitz bat gabe. Estatu
proletarioaren abolizioa, hau da, Estatu ororen abolizioa, iraungipen prozesu
batekin bakarrik da posible.
Marxek eta Engelsek ideia hauek modu zorrotz eta konkretu
batez garatu zituzten, egoera
iraultzaile bakoitza banan-banan ikertuz, Iraultza bakoitzaren esperientzietatik ateratako ikaspenak aztertuz.
Beren doktrinaren zati hau aztertzera pasatuko gara, dudarik gabe,
garrantzitsuena baita.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina