LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2012/09/26

Lenin: Estatua eta Iraultza (6)



ESTATUA ETA IRAULTZA
(6)



ESTATUARI BURUZKO TEORIA MARXISTA
ETA PROLETARGOAREN EGINKIZUNAK IRAULTZAN

LENIN


Gaur, Greba Orokorra dugu Hego Euskal Herrian. Egun egokia Leninen gogoeta eta pentsamenduak argitaratzeko, eta aldi berean kalean borroka egiteko. Biak behar baitira, Teoria eta Praktika, bien sintesia baita Praxi Iraultzailea. Iraultza Sozialistaren bidea.

Eta gaur, irailaren 26 hau, Praxi Iraultzailearen egun paregabea da, kale eta karriketan milaka eta milaka langileak erakusten ari diren bezala. Leninek berak 1917an idatzi zuen gisan :“askoz atseginagoa eta probetxugarriagoa baita “Iraultzaren esperientzia” bizitzea horretaz idaztea baino”.

Beraz, goazen denok kalera! Denok borrokara! Gaur Euskal Herri Langileak Burgesia guztiei bere indarra eta erabakimena erakutsiko die. Euskal langileok geure klase kontzientzia eta geure borrokarako adorea erakusten ari gara gaur. Gaur Greba Orokorra, bihar Gudari Eguna, etzi eta etzidamu, egunero, Borroka Egunak. Gaurkoa hasiera bertzerik ez da, etorriko dira borroka handiagoak, gogorragoak, erabakigarriagoak... Biba zuek, neba-arrebak! Aurrera Euskal Langileria! Elkarrekin Kapitalismoa suntsituko dugu, Euskal Iraultza Sozialista eginen dugu, Euskal Errepublika Sozialista eraikiko dugu! Aurrera, atxik eta jo aitzina!


Baina gaur ere bada bertze gai garrantzitsua: behin eta berriz Euskal Herri Langileari saldu eta irentsarazi nahi zaion Estatu Burges Baskoaren kritika sistematikoa egitea. Eta horretarakoxe ari gara, hain zuzen ere, Leninen “Estatua eta Iraultza” atalka argitaratzen. Euskal militante iraultzaileei, eta bereziki komunista euskaldunei zein euskaldun komunistei ere arrazoi, argudio eta argibideak eman nahi dizkizuegu borroka teoriko-ideologikoan aritzeko. Zeren eta oraingo Ezker Abertzalearen ildo erreformista eta sozialdemokrataren ardatza, delako “Estatu librea Europan” baita. 


Egun hauetan EH Bilduko lehendakarigaia den Laura Mintegik behin eta berriz adierazi du beren helburua “Euskal Estatu libre bat Europan” sortzea dela. Astelehen honetan bertan erran zuen hori Gasteiz hotelean. Hitzez hitz, BERRIA egunkariaren arabera (azpimarrak gureak dira):



“Mintegi: "Itun zabala egiteko prest gaude, euskal estatu libre egiteko bada"
 
Edurne Begiristain (Gasteiz)  2012-09-24 - 21:15:09

Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaia prest agertu da EAJrekin itun politikoa egiteko, baldin eta erabakitzeko ahalmena oinarri badu: "EH Bildu itun politiko bat egiteko prest dago,  baldin eta Herri honen aitortza eta erabakitzeko ahalmenean oinarritzen bada eta  euskal estatu libre baten aldeko hautua egiteko bada".  Elkarrizketaren eta akordioaren beharraz aritu da Mintegi, Gasteizen eskaini duen hitzaldian: «Burujabetzan sakondu nahi badugu, indarrak batzea ezinbestekoa dugu». Hala, EH Bilduren lehendakarigaiak esan du «akordio zabalak eta sendoak» behar direla  «euskal estatu librea» lortzeko.

Carlos Garaikoetxea lehendakari ohiarekin batera hitzaldia eskaini du Mintegik, gaur arratsaldean. Duela 26 urte EAren sorreraren lekuko izen zen hotel berbera aukeratu du EH Bildu koalizioak kanpainaurreko ekitaldi politikoa egiteko. EAren sorrera batzorde hartan onartu ziren printzipioak hizpide hartu ditu Garaikoetxeak, hau da, autodeterminazio eskubidea, sozialdemokrazia, giza eskubideen defentsa eta bide politiko eta demokratikoen erabilera. «Printzipio horiek ere badira egun EH Bilduren oinarriak, eta horregatik guztiz koherentea ikusten dut nire burua hemen».

Euskal Herria estatu propio bilakatzea eta gizarte «zuzenagoa» lortzea jada ez dela «ameskeria» esan du Garaikoetxeak. Mintegi ere baikor agertu da: «Gero eta gertuago ikusten dut aspaldi amesten genuen estatu independientea Europan, eta ziur naiz urtebete barru gobernu abertzalea izango dugula»

Eta atzo bertan ere, Bilbon, antzeko adierazpenak egin zituen, NAIZ INFOren arabera, beti ere: 

Mintegik dio bere ahaleginak «Europan estatu libre bat sortzearen aldekoak» izango direla

Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaiak Bilbon egin dituen adierazpenen arabera, bere ahaleginak «Europan estatu libre bat sortzearen aldekoak» izango dira eta bide horretan elkarlanerako prest dagoela esan dio EAJri.



NAIZ.INFO|BILBO|25/09/2012|

Bilboko Alhondigan egin den Berbalagunean izan dira Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaia, Maribi Ugarteburu eta Dani Maeztu zerrenda kideak, baita Iratxe Ibarra hizkuntza normalizazioaren ataleko arduraduna ere.

Bertan egin dituen adierazpenen arabera, bat dator Mintegi EAJrekin Euskal Herriaren egituran eta estatuaren eraikuntzan gehiago sakontzeko orduan, baina bere ahaleginak «Europan estatu libre bat sortzearen aldekoak» izango direla esan du.

Bestalde, Katalunian ematen ari den eztabaida «oso interesgarria» iruditzen zaio lehendakarigaiari. «EH Bilduk bere programan jasotzen du herritarrei galdetu egin behar zaiela independentziari buruz», aipatu du.

Independentziaren inguruko eztabaida Gasteizko Legebiltzarrera eramateko asmoa erakutsi du Mintegik.”

Ikusten dugunez, EH Bilduren helburua “Europan Euskal Estatu Libre” bat sortzea da. Irlandako historia pixka bat ezagutuz gero, hotzikara izanen dugu bizkarrezurrean barrena, zeren han ere erreformista eta likidazionista batzuk “Irish Free State” aldarrikatu baitzuten 1921-1922 urteetan. Ikusi duzue “Michael Collins” filma? Eta “The wind that shakes the barley”? (Frantsesez : “Le vent se lève” , Espainolez: “El viento que agita la cebada”).


Irlandako historia ezagutzen ez duten lagunendako, hurrengo egunetan artikulu sorta bat hasiko dugu gai honi buruz, euskaldunok jakin dezagun, zehazki, “Euskal Estatu Librea” aipatzen zaigularik zer saldu nahi diguten, eta zer inposatu zioten Irlandako Herri Langileari Irlandako burgesia zipaioak eta Britainiar Inperioak. 

Polemika eta eztabaida luze-korapilatsu hauetan, Leninen gogoetak biziki argigarriak dira.


ESTATUA ETA IRAULTZA
LENIN

II.- KAPITULUA
ESTATUA ETA IRAULTZA
1848tik 1851ra BITARTEKO URTEETAKO ESPERIENTZIA

1.- IRAULTZAREN  BEZPERAN


Marxismo helduaren lehen lanak, Filosofiaren Miseria eta Manifestu Komunista, hain zuzen ere, 1848ko Iraultzaren bezperakoak dira. Egoera honek, puntu bateraino, aipaturiko lanek Marxismoaren oinarri orokorren azalpenaz gain, garai hartako egoera iraultzaile konkretuaren isla bat edukitzea eragiten du; horregatik, beharbada, komenigarriagoa izanen da liburu hauen autoreek Estatuari buruz esaten zutena aztertzea, 1848-1851 urteetako esperientziatik atera zituztèn ondorioak aztertu baino lehenago.

“Bere garapenaren igarotzean -idazten du Marxek Filosofiaren Miserian- langile klaseak, klaseak eta hauen arteko antagonismoak baztertuko dituen elkarte batengatik ordezkatuko du sozietate zibil zaharra; eta ez da existituko jada botere politiko bat bere zentzu hertsian, botere politikoa baita, hain zuzen ere, klase arteko antagonismoen adierazgarri ofiziala sozietate zibilaren barnean (182. or. 1885eko argitalpen alemaniarrean).


Hezigarria da, Estatua klaseen abolizioaren ondoren desagertzen delako ideiaren azalpen orokor hau, Manifestu Komunistak duen azalpenarekin alderatzea; berau Marx eta Engelsek hilabete batzuk geroago, hots, 1847ko azaroan idatzia:

“... Proletalgoaren garapeneko fase orokorrenak zirriborratzean, egungo sozietatearen barnean gutxiago edo gehiago ezkutatzen den gerra zibilaren garapenaren ibilbidea jarraituko dugu, ageriko iraultza bilakatzen den unera arte, eta proletalgoak, burgesia bortiztasunaren bidez eraitsiz, bere agintea ezarri arte...

“ ...Gorago ikusi dugun bezala, langile iraultzarako lehen pausua proletalgoa klase agintari bezala zutitzea da, demokraziaren konkista.

Proletalgoa bere aginte politikoaz baliatuko da burgesiari gradualki bere kapital guztia erauzteko, ekoizpen instrumentu guztiak Estatuaren, hau da, klase dominatzaile bezala antolaturiko proletalgoaren eskuetan zentralizatzeko, eta ekoizpen indarren kopurua ahal bezain azkar handitzeko.” (31. eta 37. orr. 1906ko 7. argitalpen alemaniarrean)

 

Hemen Marxismoaren ideia aipagarrienetako eta garrantzitsuenetako bat aurkitzen dugu Estatuari dagokionean: proletalgoaren diktaduraren ideia (Marx eta Engels Parisko Commune eta gero izendatzen hasi ziren bezala) eta halaber Estatuaren definizio bat, izugarri interesgarria, hau ere Marxismoaren “ahaztutako hitzen” kontatzen dena: Estatua, hau da, klase dominatzaile bezala antolatutako proletalgoa”.

Estatuaren definizio hau ez da inoiz azaldu alderdi sozialdemokrata ofizialen propaganda eta agitazioko literatura nagusian. Bainan honetaz gain, bereziki ahazmenera ere eramana izan da, zeren erreformismoarekin puntu guztietan bateraezina baita eta ohiko aurreiritzi oportunistekin eta “demokraziaren garapen baketsuaren” inguruko ilusio filistearrekin belarrondoka aritzen baita.

Proletalgoak Estatua behar du, errepikatzen dute oportunista, sozial-chauvinista eta kautskiar guztiek, ziurtatuz hau dela Marxen doktrina eta “ahantziz”, lehenik eta behin, Marxen arabera, proletalgoak iraungitzen den Estatua bakarrik behar duela, hau da, halako moduan antolatua non berehala iraungitzen hasiko den eta ezin ahal izanen duen iraungi besterik egin; eta bigarrenik, langileek “Estatu” bat, “hau da, proletalgoa klase dominatzaile bezala antolatua” behar dutela.

Estatua indarraren erakunde berezi bat da, biolentziaren erakunde bat klase bat erreprimitzeko. Zein da proletalgoak erreprimitu behar duen klasea? Noski, soilik klase esplotatzailea, hau da, burgesia. Langileek Estatua zapaltzaileen erresistentzia zapaltzeko bakarrik behar dute, eta soilik proletalgoak zuzen dezake, soilik berak gauza dezake zapalkuntza hau. Proletalgoa da kontsekuenteki iraultzailea den klase bakarra, bera da burgesiaren aurkako borrokan, honen erabateko erauzketaren aldeko borrokan, langile eta zapaldu guztiak batzeko gai den klase bakarra.

Klase zapaltzaileek dominazio politikoa zapalkuntza mantentzeko behar dute, hau da, gutxiengo ziztrin baten interes berekoiak Herriaren gehiengo zabalaren aurka. Klase zapalduek dominazio politikoa zapalkuntza oro ezabatzeko behar dute, hau da, Herriaren gehiengo zabalaren interesetan esklabista modernoek osaturiko gutxiengo ziztrin baten aurka, hau da, lurjabe handien eta burgesiaren aurka.


Demokrata burges txikiek, klase arteko borroka klaseen adiskidetzearen ametsengatik ordezkatu duten sasisozialista hauek, eraldaketa sozialista ere modu ametsezko batean imajinatu dute, ez klase zapaltzailea eraistearen moduan, baizik eta gutxiengoa gehiengora baketsuki makurtzearen moduan, honek bere eginkizunaren kontzientzia hartuko duelakoan. Klaseen gainetik dagoen Estatu baten aitorpenari atxikirik doan utopia burges txiki honek, praktikan langileen klaseen interesak traizionatzera eraman izan du; adibidez, 1848ko eta 1871ko Frantziako Iraultzen historiak erakutsi duen bezala, eta ministerio burgesetako parte hartze “sozialistaren” esperientziak erakutsi duen bezala Ingalaterran, Frantzian eta beste herrialdeetan XIX. mende amaieran eta XX. mende hasieran.

Marx bere bizitza osoan zehar sozialismo burges txiki honen aurka borrokatu zen, gaur egun Alderdi Sozial-iraultzaileak eta Mentxebikeak Errusian berpiztu dutena. Marxek kontsekuenteki garatu zuen klase arteko borrokaren teoria, botere politikoaren, Estatuaren teoriarat iritsiz.

 

Burgesiaren agintearen eraisketa proletalgoak bakarrik gauza dezake, klase berezi bezala bere existentziako baldintza ekonomikoek eraiketarako prestatzen baitute eta hau egiteko aukerak eta indarrak ematen baitizkio. Burgesiak, nekazariak eta burges txikien geruza guztiak aldentzen eta sakabanatzen dituen bitartean, proletalgoa batu, antolatu eta kohesionatu egiten du. Soilik proletalgoa da -ekoizpen handian duen funtzioarengatik- langile eta esplotatu guztien buru izateko gai, nahiz askotan burgesiak ez dituen hauek, proletalgoa baino gutxiago esplotatzen, esklabutzen eta zapaltzen, gehiago baizik, bainan ez dira gai bere askapena lortzerako orduan bere kabuz borrokatzeko.

Klase arteko borrokaren teoriak, Marxengandik Estatuaren auziari eta Iraultza Sozialistari aplikaturik, nahitaez eramaten du proletalgoaren dominazio politikoa, bere diktadura aitortzera, hau da, inorekin tartekatzen ez den eta zuzenki masen indar armatuan oinarritzen den botere bat aitortzera. Burgesiaren eraisketa, proletalgoa klase dominatzaile bihurtuz bakarrik gauza daiteke, hau gai izanik burgesiaren erresistentzia ekidinezina eta etsia zapaltzeko eta erregimen ekonomiko berrian langileen eta esplotatuen masa guztiak antolatzeko.

Proletalgoak Estatuaren boterea behar du, indarraren erakunde zentralizatua, bortiztasunaren erakundea, bai esplotatzaileen erresistentzia zapaltzeko, baita ekonomia sozialista “martxan jartzeko” lanean, biztanleriaren masa ikaragarria, nekazariak, burgesia txikia, erdi-proletarioak gidatzeko ere.

Langile Alderdia heziz, marxismoak proletalgoaren abangoardia hezten du, boterea hartzeko eta Herri guztia Sozialismorat gidatzeko, erregimen berria zuzendu eta antolatzeko, langile eta esplotatu guztien maisu, buruzagi eta zuzendari izateko gai den abangoardia, bere bizitza soziala burgesiarik gabe eta burgesiaren aurka antolatzeko lanean. Aldiz, gaur egun nagusi den oportunismoak Langile Alderdian hobekien ordaindutako langile ordezkariak hezten ditu, masetatik banantzen direnak eta Kapitalismoan hala-hola “moldatzen” direnak, beren oinordekotza eskubidea dilista plater batengatik salduz, hau da, burgesiaren aurka Herriaren buruzagi iraultzaile izatearen eginkizuna ukatuz.


“Estatua, hau da, klase dominatzaile bezala antolaturiko proletalgoa” : Marxen teoria hau, proletalgoak historian duen eginkizun iraultzailearen inguruko bere doktrina guztiarekin lotura etenezinean dago. Eginkizun honen gailurra proletalgoaren diktadura da, proletalgoaren dominazio politikoa

Baina proletalgoak Estatua burgesiaren aurkako bortiztasunaren erakunde berezi bat bezala behar badu, hemendik bere kabuz ondorioztatzen da ea posible den horrelako erakunderik sortzea aurretik burgesiak beretzat sortutako estatu makinaria suntsitu gabe. Ondorio honetara eramaten du zuzenean Manifestu Komunistak, eta Marxek honetaz hitz egiten du 1848tik 1851ko Iraultzako esperientziaren azterketa egitean.




1 iruzkin:

  1. Aholku tekniko bat.. Egin txikiago letraren tamaina testuak hobeto irakurtzeko.

    ErantzunEzabatu