LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2012/09/25

Mintza gaitezen terrorismoaz ... (1)


KAPITALISMOA TERRORISMOA DA!!!

 


Batzuetan detaile batek Sistema osoaren funtzionamendu hiltzailea erakusten du, eta ez dira teoria eta diskurtso luzerik behar ongi ulertzeko Kapitalismoa sistema terrorista hutsa dela.

Irailaren 16an gertatu zen, igande batean, Herrialde Katalanetan, Picassent hirian, Valentzia ondoan.

Javier Defez Pla, 40 urteko langilea, anbulantzian hil zen, hiru aldiz Valentziako Ospitalean eman nahi zioten alta eta sendagiria errefusatu ondoren. Izan ere, Valentziako Ospitale Klinikoko Larrialdi Zerbitzuan hiru aldiz saiatu ziren bera etxera bidaltzen, erranez ez zuela deus ere. Langileak ez zuen etxera joan nahi, goizean joana baitzen Larrialdi Zerbitzurat bularreko mina eta arnasa hartzeko zailtasuna zuela erranez. 



Larrialdi Zerbitzuan bortizki anestesiatu zuten ansiolitiko batez, eta familiarekin batera ospitaletik fueratu zuten. Familiak berak eskatu zuen anbulantzia, etxerat itzuli ahal izateko, Javier Defez Pla ez baitzen bat ere ongi sentitzen,

Bere ama, Susi Pla, anbulantzian zihoan Javierrekin etxerako bidean, Valentziatik Picassentrerat.  Semea lotan zegoela uste zuen, bainan etxerat iristean, eta esnatzen ez zela konturatzean, hilda zegoela ohartu zen. Ondoan zuen senarra, Modest Defez, eta Javierren emaztea. Javierren alargun berria.

Irailaren 18an gurasoek salaketa bat aurkeztu zuten Valentziako Ospitale Klinikoaren aurka: ordu luzez itxarongelan aulki batean eserita egon zen Javier, inolako atentzio medikurik gabe, eta tentsio arteriala bakar-bakarrik hartu zioten. Medikuek erraten zuten antsietate-krisi bat zuela, eta lasaigarriak eman zizkioten.

Javierrek bere aitarekin lan egiten zuen zurgindegi metaliko batean. Anaia bat bazuen. Irailaren 19an ehortzi zuten Picassenten.

Zer erran? Zenbat kasu holako gertatzen ari dira egunero Herrialde Katalanetan, Euskal Herrian, Espainian, Frantzian, eta nonahi?

Sistemak erranen digu “istripu” bat izan dela, “negligentzia tragiko” bat, edota errudun eta arduradunak Ospitaleko mediku eta sendagileak direla. Baina guk badakigu zein diren zinezko errudunak, benetako hiltzaileak.

Murrizketak egitea Osasun Zerbitzuetan terrorismoa da, terrorismo kapitalista. Zenbat langile hilen dira aurten lan-istripuz? Eta zenbat langile hilen dira osasun zerbitzu txarrengatik? Eta bitartean, bankuak, espekulatzaileak, kapitalistak, multinazionalak, diruz gainezka, negozioak egiten munduko langile guztion bizkar…

Noiz ohartuko gara Burgesia gerran dela gure kontra, gure lanetik, gure odol, malko eta izerdietatik ahalik eta etekin handiena lortzeko? Noiz konturatuko gara klase-gerra dugula egunero, eta Burgesia dela klase-kontzientziarik zorrotzena duen talde soziala? Noiz jabetuko gara Burgesiaren Demokrazia gure kontrako Diktadura kapitalista dela, eta beraz, Langileon Demokrazia Burgesiaren kontrako Diktadura komunista izanen dela?


Bihar Greba Orokorra dugu Hego Euskal Herrian eta Grezian. Euskal Sute Iraultzailea ESI Taldeak eta Euskal Iraultza Sozialista blogak dei egin diegu euskal langile guztiei Kapitalismoaren aurka hotzez eta haginez borrokatzeko, eta alternatiba sozialista iraultzailea lehenbailehen eraikitzeko. Hori izanen da, gure ustez, Javier Defez Pla gure anaia eta langile xume honen oroimena ohoratzeko biderik hoberena.

Omenaldirik onena, garaipena!


JOTA KE
 KAPITALISMOA SUNTSITU ARTE!

GORA EUSKAL IRAULTZA SOZIALISTA!

GORA INTERNAZIONALISMO PROLETARIOA!



  

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina