LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2012/09/17

Abertzaleak eta Euskara (1)



ABERTZALEAK ETA EUSKARA
EDO 
NAZIO EUSKALDUNAREN GAINBEHERA
 (1)


Uztailaren 24an sarrera bat argitaratu genuen blog honetan: “Etnozidioak aurrera segitzen du!” izenburua zuena, eta azpititulu gisa: “Etnozidioaren azken fasean gara? Egin  beharreko eztabaida latza eta garratza.” Ez zuen oihartzun handirik izan, 22 bisita zenbatuta ditu (ideia bat egiteko, blog honetako sarrera gutxien izan duten artikuluak, bertzeak bertze, IRA Berriaren sortze agiria (10) eta CHEren mezua Trikontinentalari (12) izan dira, eta sarrera gehien, Iker Casanovaren pentsamenduaren kritika (273), Josu Uribetxebarriaren borrokari buruzkoa, “Burdina gori delarik lantzen da!” (196) eta Andoni Olariagaren pentsamenduaren kritika (181). Hortik nork bere kontuak eginen ditu.

Hala ere, Herri Euskaldunaren aurka, hau da Euskal Herriaren bihotzaren kontra egiten ari den etnozidioa isila salatzea betebehar iraultzaile ezinbertzekoa da guretako, oihartzun handia izan ala ez.
Gure tesia da euskal abertzaletasunean erabat nagusi den paradigma baskoak ez digula ikusten uzten etnozidioaren zinezko tamaina. Irlandan gertatu zen bezal-bezalaxe, alegia. Beraz, euskaldun iraultzaileondako eta iraultzaile euskaldunondako hil ala biziko kontua da abertzaletasun baskoaren paradigma arrazoiz eta argudioz kritikatzea, eta abertzaletasun/amertzaletasun euskaldunaren paradigma osatu eta eraikitzea. (Aberria: “patria / patrie”; Amerria: “matria / matrie”. Abertzaletasuna: patrotismo / patriotisme; Amertzaletasuna: matriotismo / matriotisme).  

Horrela bakarrik eginen diogu aurre, hortzez eta haginez, Herri Euskaldunaren desagertze programatuari, Euskal Herriaren aurkako etnozidioari, hain zuzen. Eta jakina, Euskal Herriaren bihotza Euskal Herri Langilea da, eta Euskal Herri Langilearen bihotza, langile euskaldunak, hotz, behargin, arrantzale eta nekazari euskaldunak.

Horregatik, sei ataletan ekarriko dugu honetara liburu mugarri bat: “Abertzaleak eta Euskara, edo Nazio Euskaldunaren gainbehera”, Joxe Manuel Odriozolak 2008an idatzi zuena, Elkar argitaletxean, Eztabaida sailean, 14. zenbakia. 




Liburu honetan pentsalari euskaldunak abertzaletasun baskoaren paradigma goiti-behiti kritikatzen du, sakonki eta zorrozki. Atal bakoitzean, paragraforik sakon eta esanguratsuenak argitaratuko ditugu hemen, geure artean eztabaida piztuko duelakoan. Polemika eta eztabaida hau hil ala biziko kontua dugu Euskara eta batez ere Herri Euskalduna biziko bada. Eta nork ukatuko digu Herri Euskaldunik gabe Euskal Herria hilda dagoela? Nork ukatuko digu Euskararik gabe Euskal Herririk ez dela? Nork ukatuko digu euskaldunak garela Euskal Herriaren bihotza, eta erdaldun baskoak (erdaldun frankofonoak eta hispanoparlanteak) periferikoak direla gure Nazioaren osagintzan eta eraikuntzan? Nork ukatuko digu Euskal Herri Langilea dela Euskal Herriaren erdigunea eta askagintza prozesua gidatu behar duela? Eta nork ukatuko digu Euskal Herri Langilearen muina langile euskaldunak direla?

Uztailaren 24an erran genuena berriz ere errepikatuko dugu hemen: 

“Euskal Iraultza Sozialista EUSKARAZ pentsatu eta eginen dugu, bertzenaz ez da euskalduna izanen, bistan da! Bainan haratago joan gaitezen, EUSKARA hegemonikoa ez den prozesu iraultzaile sozialista bat ez da guretako, euskaldunondako, Herri Euskaldunarendako, alegia, ez onargarri, ez onuragarri, ez ezer. Ez da, ez iraultzarik, ezta sozialismorik ere! Etnozidioaren bururatzea da, bertzerik ez! Gure heriotza kolektiboa, Euskal Herriaren hiltzea!

EUSKARA hegemonikoa izateak erran nahi du, nahiz eta gaur egun euskaldunok minoria ttipi bat izan Euskal Herrian, (hots, euskal lurraldeetan), Euskal Iraultza Sozialistaren aldeko mugimenduetan gure hizkuntzak gune erabakigarriak okupatzen dituela, kualitatiboki leku garrantzitsuenetan EUSKARAZ pentsatu, ekin, eta bizi egiten dela. Hau da, euskaldunok nagusi garela horretan, eta EUSKARA ezinbertzekoa dela euskal iraultzailea izateko.”

Liburu ezin interesgarriago hau bost ataletan banatzen da:

1.- Lehendabiziko bidegurutzea: Euskaldunok maizter abertzaleen nazioan.

2.- Bigarren bidegurutzea: Lurralde-nazionalismoaren errazkeriak.

3.- Hirugarren bidegurutzea: Nazio-kultura eta nazio-hizkuntza batasunean bat. 

4.- Laugarren bidegurutzea: Nazio-alienazioaren zer-nolakoa edo arrotzak etxeko bihurtu zirenekoa.

5.- Bosgarren bidegurutzea: Jo dezagun Nazio Euskaldunaren bidetik.

Gaurkoan, liburuko “Hitzaurrea” eta “Atarikoak” ataletako pasarterik esanguratsuenak agertuko ditugu hemen. Hemendik aitzina, hitzak Joxe Manuel Odriozolarenak dira:


ABERTZALEAK ETA EUSKARA
EDO 
NAZIO EUSKALDUNAREN GAINBEHERA



JOXE MANUEL ODRIOZOLA


“Bidegurutze asko dauzka Euskal Nazioaren eraikuntza-bideak. Eta horietariko bakoitza galderaz era zalantzaz josita dagoela jabetu gara gogoeta honetan. Zalantzaz era ñabarduraz jositako bide horretara, ahal izan dugun neurrian, argi izpi batzuk ekarri nahi izan ditugu. Baina gure ekarpenaren mugak handiak dira arazoaren neurria kontuan izanda.

Euskal Nazioaren inguruko kezkak eta jakin-minak bultzatu gaituzte bide hau egitera, diskurtso politikoen eguneroko marmarraz gogaitu samarrak gaudelako. Horra bada gure jardun honen zergatikoa: izan ere, hedabideetako etengabeko kalaka gogaikarriaren hitz-jarioak deus gutxi atzeman ohi ditu Euskal Nazioaren muin-muineko auziak eta gakoak. Guri dagokigunez, beraz, saiatu behintzat saiatu gara zenbait auzi aletzen, eta aletu ahala xehatzen, naziotasunaren muinean jokoan dagoena zer den azaltzeko asmoz; nolanahi ere, gure lorpenen zer-nolakoak irakurleak epaitu beharko ditu.”

“Bidean barrena genbiltzala, eztabaida, ika-mika, tirabira eta sokatira grinatsuak ikusi eta sumatu ditugu. Sokatiraren mutur batean, Estatuarekiko lilura nabaritu dugu argi eta garbi, erdian Nazio-kontzeptuaren nahas-mahasa antzeman dugu, eta sokaren beste muturrean berriz euskalduntasunaren gabezia salatu digute euskaltzaleek. Hori eta horrenbestez, sokaren mutur batekoak Estatuaz eta Burujabetasunaz mintzo zaizkigu liluraz gainezka, auzitan dagoen Nazio-eredua, Nazioaren izaera, batez ere Nazio politikoa izan behar duela aldezteko. Beste muturrean tiraka dabiltzan euskaltzaleek, aldiz, Nazioaren alde eta izari bakarreko definizio hori ez dute berretsi nahi inondik ere. Ez dute uste Nazio politikoak gaurko testuinguru soziolinguistikoan eta kulturalean Euskal Nazio kulturala eta linguistikoa sortzeko berezko gaitasunik daukanik. Euskal Nazio politikoari uko egin gabe, jakina, baina Euskal Nazio linguistiko eta kulturala dute amets azken hauek. Aberriaren ikuspegi politikoa eta instrumentalista baten aurrean, edo harekiko buruz buru, Nazioaren euskal izaera etnolinguistikoa eta etnokulturala dute gogoko.”

“Lan honen buruan aurkitu dudan hausnarketa-giroa labur-zurrean zehaztu behar banu, gisa honetan adieraziko nioke giro hori irakurleari. Nire ustez, gogoeta-jardun honen barrena egin dudan ibilbidean, funts-funtsean, abertzaletasunari buruzko bi interpretazio nagusi daude: batetik, abertzaletasunaren interpretazio sentimentala dago, sentimenduetan oinarritzen den arrazoimen-logika; bestetik, berriz, nolabait esateko, abertzaletasunaren interpretazio etnokulturala, bereziki oinarri etnolinguistikoetan funtsatua eta hausnartua. Azken jarrera honek kulturazko Nazio Euskalduna lehenesten duen bitartean, aurrekoak Nazio politikoa hobesten du, Nazio honen euskarazko izaera etnolkulturala aintzat hartu gabe. Hondar-hondarrean, bi jarrera horien arteko borroka ideologiko goria dago saio honen joan-etorrian.” 

“Suak frogatzen omen du burdina, eta euskalduntasunak frogatzen du inondik ere abertzaletasunaren zinezko izaera. Euskal abertzaletasunaren eta euskalduntasunaren arteko hartu-emanak ikertu nahiko nituzke saiotxo honetan. Egia esan, ikertu ez, gure asmoa ez baita jarduera teoriko zehatz eta zurrunean barrena abiatzea. Helburu apalagoa du gureak: zer-nolako iritziak, jarrerak eta jokabideak dituzte gure eragile abertzaleek Herri euskaldunarekiko? Nola ikusten eta sentitzen dute Euskararen Herria? Mundu abertzalearen baitan kokatu nahi genuke, beraz, gure egitekoa, eta mundu horretan aztarrika jardun onerako eta txarrerako: onerako, mundu horrek izaera euskaldunetik duen neurria mesedegarria delako; eta txarrerako, mundu horren egiazko izaera eta jokabidea azal-itxurako euskal mozorroa gerta lekigukeelako.”


“Has gaitezen Nazio-identitatearen egituratik, nonbaitetik hasi beharra dago-eta. Nola irudika dezakegu egitura horren luze-zabala? Jakina, gizarte-egitura bati buruz mintzo gara Naziotasunaren izariaz ari garenean, eta gizarte-zientzietan kontzeptu horrek duen irudia zirriborratuz has gintezke. Miguel Beltran soziologoaren eskuz, hasi ere:

“Garrantzitsuena ez da osotasunaren osagaiak banaka eta bakanka hautematea. Axola diona zera da: beraien arteko loturak ehuntzen dituzten harremanak begiz jotzea: Horrela, dena delako errealitatea bere baitan integraturik definituko genuke, osotasunean. Osotasun hori, izan ere, delako errealitatea taxutzen duen zatien arteko harremanez egituratua dago, askotariko harremanez, hain zuzen: hots, gizarte-egitura hori ez dago zati-osagaien esanetara mugatua, osotasunaren aginduetara makurtua baizik.”

Miguel Beltrán Villalba, La estructura social, 2004.

 

Hona laburzki nora noan azalpen teoriko horren argitan: abertzaletasunak, oro har, bere jardunaren bidez zer osagarri indartzen eta hobesten du bereziki Euskal Nazio-identitatearen baitako jardun-prozesuan? Zein lehenesten du? Zein gutxiesten? Zer uzten du geroko gerotan, eta zer erdietsi nahi du berehalakoan? Indar abertzaleen jardunean Euskal Nazioaren nortasun-osagarri guztiek balio bertsua ote dute agian? Ez dirudi.

Testu honen balizko irakurleak nik baino hobeki daki abertzaletasunak, oro har behintzat, interes eta helburu politikoak dituela jomugan ezarriak, aldez aurretik begiz joak, eta hori eta horrenbestez, jomuga horretan ez zaigula ageri Herri Euskaldunaren irudi zehatzik, jadanik jatorrizko euskal esanahi zehatza erauzia duen Euskal Herriaren edo Euskadiren edo Nafarroaren kontzeptu politikoa baizik. Historian barrena datorkigun Euskal Nazio linguistikoa eta kulturala, Nazio politikoaren aldarean sakrifikatu nahi digute abertzaletasunaren bertsio nagusiek, salbuespenak egon baldin badaude ere. Euskal Herri hori, diskurtso politikoetan hitzetik hortzera ageri zaigun Herri-izen hori, hain zuzen, ez da Herri Euskaldunaren izanari dagokion izena, ideologia abertzale guztiek nahierara darabilten izen interesatua besterik ez baita. Ibarretxe lehendakaria euskaldun guzti-guztien lehendakari agertzen zaigunean bakarrik ohartu bide gara ideologia abertzaleek zertaraino desitxuratu nahi diguten geure Herriaren izana eta izena. Haatik, zatiaren ordez osotasuna hartzeko ohitura makur hori ez da ideologia abertzaleen bekatu bakarra. Bada besterik. Izan ere, erabilera horren hari beretik baitira beste hainbat eta hainbat: bat aipatze aldera, euskalduna eta euskal herritarra nahasteko dugun joera deitoragarria ekarriko nuke gogora.”


“Horiek horrela bada, kontua zera dela dirudi: Euskal Nazio-eraikuntzaren prozesuan esku hartzen duten eragile eta elementu osagarrien artean zein den zer jakitea, zer zeren eskuko, eta Naziotasunaren kontu hauek zergatik diren, hain zuzen ere, diren-direnean gure Herri honetan. Esate baterako, Euskal Naziotasunaren konstelazioan Euskarak zergatik daukan lekune xume eta apala, eta lurralde-osagarriak -izan Euskal Herria, izan Nafarroa, izan Euskadi- daukan erakarpena? Bi osagarri horien itzala eta oihartzuna zergatik ote da den bezalakoa ideologia abertzaleen jardunean? Euskal Herria kontzeptuari dagokionez, zergatik dauka kontzeptu horretan lurralde-nazionalismoak hizkuntza-nazionalismoak ez daukan indarra eta atxikimendua? Ideologia eta praxi abertzaleen mundua mundu erdalduna delako ote da agian Euskalduntasuna lurralde-abertzaletasunaren mendeko eta mirabe? Politika abertzalea zergatik ote da, izan, euskal identitaterik gabeko politikagintza? Euskalduntasunik gabeko politika, alegia?

Egin dezagun kontu, Euskara erdarek ordezkatu izanak erauzi zuela Euskalduntasuna Euskal Nazio-egituraren baitarik. Alegia, alderdi abertzaleen asmo zoragarriak gorabehera, abertzaletasuna bera jadanik nazio-alienazio linguistiko bortitzaren emaitza besterik ez da.”

“Egungo abertzaletasun erdaldunduak, Herriaren batez besteko izaera nazionalaren isla izanik, nekez sor dezake bere baitatik jadanik sortu ezin duen euskarazko identitatea. Abertzaletasunaren zorigaitza bera elikatzen duten testuinguru etnolinguistiko eta etnokultural arroztuetan baitago, duda izpirik gabe. Bere iturriak ez dira honezkero bazter-zokoan erdi-bizi den Herri-hondar euskaldunaren jariokoak. Horregatik, jadanik ez dago barne-kidetasunik eta identitaterik Abertzaletasunaren eta Euskalduntasunaren artean: hots, auzo-Herrietan bezala, gurean ez dago Euskal Nazio kulturalaren eta Nazio politikoaren arteko osagarritasunik eta identitaterik. Abertzaletasunak, nahita ere, ezin du Herri Euskaldunaren ahotsa ordezkatu; damurik, bere ahotsa, dagoeneko, Herri alienatuaren ahotsa delako.”  


 Nazio Euskalduna Herri Euskaldunaren iturritik etorriko da inoiz etortzekotan, ez zorioneko -hobeki esan, zoritxarreko- herritar besterenduen herritartasunetik. Nolabaiteko continuum bat baitago Naziotasun etnolinguistikoaren eta Nazio politiko modernoaren arteko joan-etorrian; hain zuzen ere, azken honen eredu guztietan sustrai etnokultural bat aurkituko dugulako nahitaez. Besterik dioena, eskuarki, jadanik Estatuaren jabe diren herritarrak izan ohi dira.

Egiazki, zer-nolako lekua opa diogu abertzaleok euskaldun izateari Euskal Herria deritzan balizko Nazio-egitura politikoan? Zein da Euskal Nazioaren subjektua gure aburuz? Euskal herritarra, soil-soilik, besterik gabe? Ala herritar euskalduna? Euskal herritar historikoa -euskalduna- ala egungo herritar besterendua? Biak, beharbada? Baina nolako hartu-eman eta estatus nazionalen baitan? Oraina bakarrik ote dugu Naziotasunaren erakusgarri gurean, orain hori etnozidioaren emaitza besterik ez denean? Amore eman behar ote dugu nagusi diren diskurtso eta ideologien aurrean, horiek mezu nagusi bakarra iraganak orainean eragin duen etnozidioa zuritzea izan ohi denean? Hain zuzen ere, egungo errealitate soziolinguistikoa eta nazionala ote ditugu ba egia bakarra eta sakratua? Onkeriari men egin  behar diogu?


Subjektuaren kontzeptua hitzetik hortzera darabilgu aspaldi honetan. Kontzeptu horren esku baldin badago Herri baten iragana eta etorkizuna, nori dagokio gurean ohore hori? Zer izan dira, hori eta horrenbestez, Herri Euskaldunaren izana eta lekua gure Herriaren historian? Herri hau euskalduna izan den heinean, euskalduna izan dela dirudi herri honen subjektua. Xabier Erizeren hitzok argigarriak dira alde horretatik begiratuta, nik uste:

Erdal komunitatea ez da Euskararen historiaren subjektua, baizik eta kanpo eragilea. (...) Euskarak ez du iraun isolamenduagatik, baizik eta mundu egituratu bat zuelako azpian”. 

Xabier Erize, Nafarroako Euskararen historia soziolinguistikoa, 1997.



5 iruzkin:

  1. Egunon Fermintxo,

    zure blog-aren irakurle soil gisa eskatu nahi nizuke blog-aren eredua aldatzeko. OSO deserosoa da zure iritzi interesgarria irakurtzeko web-orria alde batetik bestera mugitzen ibili behar izatea. Barkatu, baina ezin izan dut sarrera hau irakurri horregatik. Izan daiteke gaur nahiko nekatua egotea, baina lagunekin ere komentatu dut eta inori ez zaio atsegina egiten formatu hau irakurtzeko.

    Espero dut kontuan hartzea iritzi hau, eta segi ezazula zure iraultzaile eskarmentatuaren ziztadak behar diren lekurantz bideratzen.

    ErantzunEzabatu
  2. Aupa, laguna, oraintxe bertan saiatuko naiz blogaren formatua aldatzen. Informatikaz deus gutti dakit eta ezin jakin zer gertatuko den. Milesker zure kritikarengatik, bihotz-bihotzez! Horrelako kontuak beldur barik planteatu, mesedez eta faborz, denon artean GURE bloga hobetuko delakotz. Bidenabar, blogean idatzi nahi baduzu eta parte hartu, ateak zabal-zabalik dituzu!

    Besarkada bat, bihotz-bihotzez!

    Fermintxo

    ErantzunEzabatu
  3. Aupa, lagun eta adiskidea! Oraintxe bertan bukatu dut formato berria. Ea zer iduritzen zaizun, bale? Besarkada bat! Bidaki zure iritzia, mesedez, honela bloga hobetuko dugu denon artean!

    Izan ongi eta sarri artio!

    Fermintxo

    ErantzunEzabatu
  4. IraultzaAlaHil9/18/2012 4:08 PM

    "abertzaletasuna bera jadanik nazio-alienazio linguistiko bortitzaren emaitza besterik ez da"

    Honekin ados nago, baina falta da esatea etnozidioa klase zapaltzaileek eta hauek ezarritako gizarte eredu eta harremanen ondorioz sortutakoa dela, eta euskal lurraldetako burgesiak "bere" hizkuntzarekiko izan duen jarrera mesprezatzailea bere sorkuntzatik zerikusi handia izan duela.


    PD: bai, orain askoz politago eta txukunago dago bloga. Milesker.

    ErantzunEzabatu
  5. Aupa, IraultzaAlaHil burkidea!

    Erabat ados nago zure ekarpen eta iruzkinarekin, oraindik Euskal Herriaren aurkako eta bereziki Euskal Herri Langilearen kontrako etnozidioaren historia egiteke dago, klase ikuspegitik bereziki.

    Nire ustez, lan hori egitea euskal komunista iraultzaileoi dagokigu, eginkizuna eskerga eta erraldoia bada ere. Agian lan horretan laguntzen ahalko zenidake: Euskal Herri Langilearen Historia idazten, ikusmolde komunista iraultzaile batetik egina.

    Arrazoi duzu goiti beheiti, etnozidioa KLASE ZAPALTZAILEEK egin izan dute mendez, hemengo zapaltzaileen ezinbertzeko kolaborazionismoarekin. Etnozidioa eta klase borroka, beraz, erabat lotuta daude, eta etnozidioa izan da Euskal herriko klase zapaltzaileen kolaborazionisoaren emaitza. Erromatarren garaian, OSKAN (gaur egungo Huesca), elite baskoiak Akademia bat antolatu zuen, bere semeek Latina ikas zezaten. Aristrokrazia baskoiak Inperio erromatarrarekin kolaborartu zuen, eta Euskara bera kinka larrian egon zen. Lehenago ere, eta Mitexelenak behin baino gehiagotan aipatu izan zuenez, euskal elite aristokratikoak (esklabistak ote ziren? Ikertu beharra...) izen iberiar eta zeltiarrak zituzten, kolonizazio eta akulturazioaren ondorioz, nonbait.

    Gauza bera gertatzen da Iruñeko eta Nafarroako erresumekin, azken aldi honetan sobera mitifikatuak ditugunak: Estatu zipaioak ziren, erdarez funtzionatzen zuten (Latinez, Erromantze nafar-aragoitarrez, Gaskoieraz), eta ez Euskaraz. Elite gehienak elebidunak ziren, Euskararen kontrako diglosiarekin. Euskara maioritaruioa zen Euskal Herrian, % 99an, bainan ez zen hegemonikoa, boteregune GUZTI-GUZTIEK erdaraz funtzionatzen baitzuten.

    Burgesiarekin prozesua azkartzen da, eta argiro ikusten dugu orain Euskal Herriko burgesia ia betidanik burgesia BASKOA izan dela, hispanoparlantea Hegoaldean eta frankofonoa Iparraldean. Ez da izan burgesia nazional euskaldunik eta izan diren sektore burges euskaldunak (XVI. mnedean Lapurdin , adibidez) berehala ahuldu ziren, Nazio piiektu euskalduna sortu eta eraiki gabe.

    Hau guztia oso eztabaidagarria da eta aunitz ikertu behar da alor honetan. Animatzen zara nirekin batera lan hori egiten? Ene ustez, funtsezkoa da euskal estrategia iraultzailea osatzeko tenorean. Agian gure lagun xiberotarrak ere lagunduko digu... Agia, agian ...

    ErantzunEzabatu