Nuair a thigeann ar lá : Gure eguna etorririk
Bobby Sandsen biografia (3)
1950 urteetan, Inperio Britainiarrak kolonizatu eta okupatutako Sei Konderrietako
Gobernu sektarioak langileentzako auzoak eraiki zituen. Lehendabizikoa Rath
Cúil zen, Irlanderaz, “Harrespil bakartia”. Jakina, jatorrizko toponimo
irlandarra ez zen inon agertzen, ez zen existitzen, noski, auzoaren izen
ofiziala Ingelesezko Rathcoole baitzen. 1961, Rath Cúil auzo langileak 14.000
biztanle inguru zituen. Horietariko herena-edo, irlandar-katolikoak ziren,
inguruetako lantegietako beharginak.
Bobbyk inguru berde eta zabala zuen etxe aurrean: Carnmoney Hill. Auzoko
haurrak biltzen ziren, munduko bertze edozein tokitan bezala, elkarrekin txabolak eta abenturak
egiteko. Koadrilak sortzen ziren, lagun taldeak, liskarrak eta borrokak ...
Bobby saltsa guztietan ageri zen orduan, eta liskarretan ez zen uzkur eta
gibelean gelditzen zèn horietarikoa. Bere arrebak etengabe babesten zituen
handiagoak eta zakarragoak zirèn bertze haurrengandik.
Bobby Stella Maris izeneko eskola katoliko mistora joaten zen, etxetik
hurbil. bere ikaskide batek dio Bobby bizkor eta buru argia zela, bainan
alferra. Nahiago izaten zuen kirol jarduerak antolatu, futbola, bereziki,
etxeko lanak egin baino.
Bobbyren futbol taldea mistoa zen orduan, irlandar-katolikoak eta
britainiar-protestanteak elkarrekin aritzen ziren, norberaren identitate
etno-nazional-erlijiosoa kontuan hartu gabe: Terry Nicoll mormoia zen, Willie
Caldwell eta George Hussey presbiteriarrak ... Futbola gustuko bazenuen, bortz
axola zure etiketa konfesionala! Horretan Stella Maris eskola salbuespen
eredugarria zen okupatutako Sei Konderrietan. Bobbyren lagun mina Tommy O’Neill
zen. Taldekideek diote Bobby oso entusiasta zela afera guztietan.
Bobbyk igeriketa ere maite zuen, eta lasterka egitea, “cross-country”, alegia. Domina
batzuk irabazi zituen kiron horretan.
Bobby nerabezaroan sartu zen:
Alpha zinemara joaten hasi zen, baita elizako aretoan, Star of the Sea
eta St Etna Hall dantzalekuetan antolatzen zirèn dantzaldietara ere. Giroa
mistoa zen orduan, eta Bobby gazte alai eta axolagabea zen, adiskidetasuna eta
koadrila-bizitza biziki maite zuena.
Alta, gauzak aldatzen hasia ziren 1966an. Rathcoole bolborategi bat zen.
Langile britainiar-protestanteak beldur ziren, untzigintzan lana eskasten hasia
baitzen. Jarrera eta jokaera sektarioetara jo zuten langile hauek: beren
estatus kolonialak ematen zizkièn abantaila eta pribilegioei atxiki ziren
gogor, gainontzeko langile irlandar-katolikoak baztertuz eta zapalduz. Inperio
Britainiarraren morroi eta konplize bilakatu ziren gero eta gehiago, fanatismo
zein sektarismo itsuenean jausiz eta amilduz.
Orduan okupatutako Sei Konderrietako lehen ministroa britainiar-unionista
liberal bat zen, abizen irlandarra zuena: Terence O’Neill. Keinu eskuzabal eta
sinboliko ñimiño batzuk egin zituen, sektarismoa leuntze aldera: eskola
katoliko bat bisitatu, Taoiseach (gainontzeko
26 Konderrietako Errepublikako lehendakaria) Belfastera gonbidatu. Kolono unionista
eta loialistendako, ezin onartuzko probokazioak ziren. Irlandarrendako, aldiz,
esperantza-iturria: agian bazterkeria eta diskriminazioa bukatuko ziren!
1966 urte berezia izan zen okupatutako Sei Konderrietan: I. Mundu Gerran
ian zèn sarraskirik handienetakoaren 60. urteurrena “ospatzen” zen: Sommeko
bataila, non milaka eta milaka irlandar, katoliko zein protestante, hil ziren
Inperio Britainiarraren aldeko odoluste kriminal eta absurdoan. Kolono britainiar-protestanteendako,
bataila oroitzea beren nortasunaren oinarria zen, eta aldi berean
irlandar-katoliko guztien traizioa gogoratzeko parada. Guztiz gezurra bazen ere
(milaka eta milaka irlandar aritu ziren Armada Britainiarrean I. Mundu Gerran,
orduan 32 konderriak, Irlanda osoa, alegia, kolonizatua eta okupatua baitzen.
Kontua da 1966an ere oroitzen zela 1916ko Bazko insurrekzio
independentistaren 50. urteurrena, Irlandako Errepublika aldarrikatu zuena. Bi
oroimenek talka egiten zuten aurrez aurre, frontalki: Irlanda batuaren askatasuna
eta independentzia versus Inperio Britainiarraren loria zaharkitu, aristokratiko
eta klasistak.
Orduantxe IRAk ekintza espektakularra egin zuen: Dublinen erdian “betidanik”, erraldoi, arranditsu,
jaun eta jabe, begi-goi eta harro ageri zèn Nelson almirante britainiar
inperialistaren estatua ikaragarria eraitsi zuten militante irlandar
errepublikarrek. Inperioaren sinbologiaren bihotza lehertu zuten bonbaz.
Rathcoolen indarra hartu zuen Ian Paisley izeneko artzain protestante
fanatiko eta sektarioa: bere elizatxo propioaren burua zen, protestante presbiteriar
“libreak”. Bere diskurtso eta mintzaldi arrazisten gibeletik “Ulster Volunteer Force”, UVF-ko
paramilitar sektarioek terrore kanpaina bat abiatu zuten irlandar-katolikoen
aurka. Beren paranoia hiltzailean, 1966ko maiatzaren 7an, emazte edadetu
protestante bat hil zuten katolikoa zelakoan. Etxe, denda eta eskola
irlandarren aurkako erasoak ugaritu ziren. Maiatzaren 27an, terrorista
kolonialista hauek Lower Falls auzo irlandarrera jo eta bidean aurkitu zutèn
lehendabiziko pertsona asasinatu zuten hotz-hotzean. Ekainean, taberna batean, UVF-ko
hiltzaileek irlandar bat hil zuten, “katoliko
zikina” zelakotz.
Bobbyk 12 urteko gaztetxo bat bertzerik ez zen orduan, baina berehala
nabari zuen bere inguruan sektarismo eta fanatismo kolonialaren gorakada: Stella
Maris futbol taldeko bere lagun eta adiskide britainiar-protestanteak berarengandik
urruntzen hasi ziren. Bobbyk ezin zuen ulertu zergatik egiten zuten hori, zer
ofentsa egina zuen berak horrela tratatua izateko. Gaztetxo idealista eta bihotz
handikoa zen, lagunen lagun eta adiskideen adiskide. Oso oroitzapen lausoa zuen
bere amak Abbot Crossen pairatu zuèn kalbarioaz. Atzendua zuen hura. Baina
fanatismo kolonialaren munstroak bere atzaparrak iltzatuak zituen jadanik bere
bizitzan.
Rathcoole auzo gogorra zen irlandarrendako, talde eta banda arrazista
bortitzak sortu baitziren gazte britainiar-protestanteen artean. Problema
orokorra zen Sei Konderrietan. Sozietatea bi puskatan zatitzen ari zen, Botere
kolonial britainiarra kuestionatzen hasi zenean.
Bobbyren bizitza 1968an hasi zen aldatzen, 14 urte zituela, telebistan eskubide
zibilen aldeko militanteen aurka poliziak eta paramilitarrek egindako eraso
basatiak ikusi zituenean. 1969ko urtarrilean Belfasteko Queen’s Universityko
ikasleek eskubide zibilen aldeko ibilaldia antolatu zuten, hiri horretatik
Derryraino. Jazarriak eta erasotuak izan ziren etengabe, eta bereziki
Burntollet Bridge-n. “Nire sinpatia
eta sentimenduak esnatu ziren Burntollet-eko eszenak ikusi ondoren. Hura nire
gogoan iltzatu zen zauri baten orbain bat bezala, eta lehendabiziko aldiz,
benetan interesatu naiz, ea zer gertatzen ari zen. Gizon sumindu bilakatu
nintzen” idatzi zuen Bobbyk urte batzuk geroago.
1969ko apirilean, Derry-ko Bogside auzoan, eskubide zibilen aldeko
manifestazio bat debekatu ondoren piztu ziren kale-liskarretan, Royal Ulster Constabulary RUC izeneko
polizia kolonialak hil arte jipoitu zuen irlandar bat bere etxean bertan.
Abuztuan, horda britainiar-protestante batek Unity Flats auzo katolikoa erasotu
zuelarik, irlandarrek aurre egin zioten erasotzaileei. Orduan RUC poliziak
parte hartu zuen, auzoa birrinduz, jendea larriki zaurituz eta bertze irlandar
bat hil arte jipoituz. Osotara, hiru hildako izan ziren hasierako liskar
hauetan, eta hirurak irlandarrak. Denak buruan poliziak emandako kolpeengatik
hil ziren.
Bobbyk 15 urte zituen, eta bere erabakia hartua zuen jada.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina