AGOSTI XAHO
EUSKAL ERREPUBLIKA SOZIALISTAREN AITZINDARIA
Jean Mixel Bedaxagar Aztiari, bihotz-bihotzez
Euskal Errepublika Sozialistaren alde
borrokan ari garenon blog honetan ezinbertzekoa dugu Agosti Xaho Lagarde euskaldun iraultzaile eta iraultzaile euskaldunaren
biografia argitaratzea. Zeren eta Xaho, ororen gainetik, iraultzailea izan
baitzen, hitzaren zentzurik zabal eta sakonenean. Hain iraultzaile, ezen eta ia-ia
bi mende geroago ere, iraultzaile izaten segitzen baitu gure artean, oraindik
ez baitugu osorik eta sakonki konprenitu.
Gure
ustez, Agosti Xaho, bertze gauza aunitzen artean, lehendabiziko euskaldun
sozialista iraultzailea izan zen, XIX. mendearen erdialdean. Euskal Errepublika
Independentearen aldarria egin zuen 1848ko uztailaren 25ean, Karl Marxek eta
Friedrich Engelsek, Komunisten Ligaren aginduz, Manifestu Komunista idatzi eta
bortz hilabetera. Aitzindaria izen zen bere bizitzako arlo gehienetan, eta
zinezko aitzindari guztiak bezalaxe, gaizki ulertua eta okerrago ezagutua.
“Joseph-Auguste Chaho”, halaxe
agertzen da izkiriaturik, orduko ortografiarekin, bere jaiotza-agirian. Zuberotarra
sortzez eta bihotzez, 1811ko urriaren 10ean jaio zen Atharratzen, Zuberoako
Basabürüan. Aita, André Xaho, 34 urtekoa zen. Ama, Rose Lagarde, 17 urte
bertzerik ez zuen.
Aita
eta aitatxi, Joseph, Atharratzekoak ziren, eta legegizonak, orduko Justiziaren ordezkariak.
Xibereraz “sarjanta” erraten zaio ogibide horri, aktak, konstatazioak eta
legezko paperak egiten dituztenak, notarioak baino apalagoak, bainan hala ere
jende jantzia eta jasoa. Agostiren osaba Pierre idazlea zen, eta bi liburu
izkiriatu zuen, bata Euskararen jatorriaz, eta bertzea Euskararen gramatikaz,
zorigaitzez biak argitaragabeak. Amaren familia, Lagardetarrak, Maulekoak
ziren, eta haiek ere orduko sozietatean ongi kokaturiko funtzionarioak ziren.
Agosti
premua zen, hots, lehen semea, etxeko zaharrena. Osotara zazpi neba-arrebak
ziren: lau mutil eta hiru neska. Bere anaia guztiak idazleak izan ziren, bera
bezala: Jean-Baptistek familiako laguna zèn Etxahun Barkoxeko bertsolariaren
biografia idatzi zuen Frantsesez, eta Bibliako Joben liburua Zuberoako
Euskararat itzuli zuen. Bertze anaia batek, Jean-Pierrek, Etxahunen bizitzari
buruzko liburua Zubererarat ekarri zuen, eta hirugarren anaia ere, Pierre-Eudore,
idazlea izan zen, bainan ondikotz bere izkribuak galdu egin dira. Hiru arreben
izenak hauexek dira: Marie-Louise, Marie-Jeanne eta Henriette. Zorigaitzez,
haien bizitzei buruz ez dakigu deus ere.
Hamaika
urterekin Biarnoko Oloroeko Seminariorat bidali zuten lehen ikasketak egitera.
Berehala nabarmendu zen bere adimen zorrotzarengatik eta “filosofo ttipia”
izengoitia eman zioten.
Zortzi
geroago, hemeretzi urte zituela, 1830ean, ama galdu zuen. Berarekin harreman
estu eta sakona zuen, eta geroztik bere burua umezurtz kontsideratu zuen,
aitarekin ez baitzen bat ere ongi moldatzen. Hurrengo urtean, 1831ko irailean,
Pariserat joan zen, Zuzenbidea ikastera, teorian, aitak nahi zuen bezala.
Praktikan, ia-ia denbora guztia eman zuen Filosofia, Mitologia, Teologia eta
ekialdeko hizkuntzak ikasten. Badakigu Xahok, Euskaraz eta Frantsesez bikain
idatzi eta mintzatzeaz gain, Gaskoieraz eta Espainolez ere ongi izkiriatu eta
hitz egiten zuela. Horretaz gain, Alemanez, Grekoz, Latinez eta Sanskritoz ere
bazekien.
1830
urteetan Paris Europako hiriburu kulturala zen, hiri kosmopolita eta zinez
aberatsa. Xaho berehala integratu zen hango zirkulu literario eta
filosofikoetan, eta garaiko intelektual frantses ia guztiak ezagutu zituen
pertsonalki: Alphonse de Lamartine, Honoré de Balzac, Alexandre Dumas, Charles
Nodier, Alfred de Musset, Gérard de Nerval, Victor Hugo, Flora Tristan, Charles
Lassailly, Charles Augustin Sainte-Beuve, Théophile Gautier... Laure Junot,
Abrantèsko dukesaren tertulietan parte hartu zuen bera hil artio, 1838an.
Azpimarratu nahiko genuke Flora Tristanen garrantzia Xahoren bizitzan, emazte
miresgarri hau feminista eta sozialista baitzen aldi berean.
Parisen
ekialdeko hizkuntzak ikasi zituen, bai eta hango erlisioneak ere, egile askok
uste duten baino hagitzez sakonago. Frantziako hiriburuan, ziur aski,
harremanetan sartu zen hargin beltzekin, masoiekin, alegia, eta pentsatzekoa da
logiaren batean parte hartzen zuela. Masoneriaz aparte, argi dago garaiko
zirkulu esoteriko eta teosofikoetan ibili zela.
Xaho
tradizio mistiko eta gnostiko baten oinordekoa sentitzen zen, jakitate ezkutu
eta sekretu baten ordezkaria. Humanitatearen historian Jainkoaren profetak
bazirela uste zuen, Ikusleak eta Aztiak, egiazko gidariak. Bere garaian erabat
harrigarria zèn ekumenismoan finkatzen zituen bere sinesmenak, eta Abel,
Krishna, Orfeo, Zaratustra, Moises, Buda, Sokrates, Jesus, eta Muhammaden ildo profetikoan kokatzen zuen bere burua.
Beraz, faltsua da erabat Xaho antikristaua zela, Nazareteko Jesus maite eta
onartzen baitzuen, gainontzeko profeta guztiak bezalaxe. Agosti Xaho antikatoliko
amorratua zen, hori bai, uste baitzuen katolizismoa Ilunpeetako sekta
arriskutsua zela, zinezko, egiazko eta benetako kristautasunetik erabat
urruntzen zena. Horregatik izan zen bizitza guztian antiklerikal amorratua,
nahiz eta apez askoren laguna izan. Xahoren arlo esoteriko eta gnostiko hau ez
da sekulan ongi ulertu Euskal Herrian. Agian laster bere pentsamendua bere
osotasunean agertzeko tenorea iritsiko da.
Berehala,
23 urte besterik ez zuela, idazten hasi
zen: 1834an argitaratu zuen bere lehen liburua: “Paroles d’un voyant” (Ikusle
baten hitzak), Felicité Robert de Lamennais apez bretoi progresista eta
Frantsesezko idazle zein teologo-filosofoari erantzunez, berak urte berean “Paroles
d’un croyant” izeneko liburua izkiriatu baitzuen. Urte berean idatzi
zuen liburu honen euskal bertsioa, “Aztibegia” oraindik inork ongi
aztertu eta sakonki ulertu ez duena, eta egunen batez euskaldunon berpizkundea
gidatuko duena.
Xaho
euskaldun osoa zen, eta Euskal Herri osoko arazoek kezkatzen zuten. Laster Hego
Euskal Herriko foru eta erakunde autonomoen alde agertu zen sutsuki,
nazionalismo espainol etnozidaren aurka: “Paroles d’un Biskaïen aux libéraux de la
reine Christine” (Bizkaitar baten hitzak Kristina erreginaren liberalei)
izkiriatu bazituen 1834an bertan.
Hurrengo urtean, 1835ean, armetan
borrokan ari zèn Hego Euskal Herrira joan zen, Nafarroara, hain zuzen, eta 1836ean,
argitaratu zuen bere libururik ospetsuena: “Voyage en Navarre pendant l’insurrection
des Basques” (Nafarroarako bidaia euskaldunen altxamendu bitartean). Urte
berean idatzi zuen “Philosophie des révélations” liburua, “Errebelazioen
Filosofia”, alegia.
1836, Antoine d’Abbadie euskaltzale eta
euskalariarekin batera, “Études Grammaticales sur la langue
euskarienne” liburua argitaratzen du (Euskarari buruzko ikerketa
gramatikalak) zeinean “Zazpiak-Bat”
leloa lehendabiziko aldiz agertzen baita. Bertan ageri da Xahok Euskal
Literaturako klasiko guztiak ongi ezagutzen zituela: Leizarraga, Axular, Materre,
Beriain, Etxeberri Ziburukoa, Haranburu, Argaignarats, Pouvreau, Oihenart,
Kardaberaz, Lariz, Larregi, Baratziart, Mogel, Gasteluzar, Churio... “Lettre
à M. Xavier Raymond” izeneko izkribuan, aldiz, Euskara eta Sanskritoaren
arteko balizko loturak aztertu zituen. Urte
berean Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak proposaturiko “Adour-et-Gaves”
izeneko departamendu berriaren alde agertu zen. Departamendu horretan Lapurdi,
Baxenabarre, Zuberoa eta Akizerria sartzen ziren. Ipar Euskal Herriko
Departamenduaren aurrekari garrantzitsua, nonbait.
1838an
Okzitaniako Tolosan bizi da, eta “Revue des voyants” izeneko
aldikaria argitataratzen saiatu zen. Urte berean “De l’agonie du parti
révolutionnaire en France” liburua idatzi zuen, non
Louis-Charkes-Philippe d’Orléans, Nemourseko dukea, Nafarroa independenteko
errege izateko proposatu baizuen.Karlisten aldeko mugalari lanetan aritu zen, Jean
Anxordoki, “Ganix Makeakoa” kontrabandista ospetsuarekin batera, eta Maria
Teresa de Braganza, Beirako printzesari, Don Karlos erregeren andregaia,
Elizondorat joaten lagundu zion.
1840an
“L’espagnolette
de Saint-Leu” izeneko liburua argitaratu zuen, non Frantziako
errege-familiari Condé printzearen heriotza leporatzen baitzion. Horren
ondorioz, Parisetik ihes egin behar izan zuen eta denboraldi batez Atharratzen
ezkutatu zen. Orduan ezagutu zuen Henri Beltzuntzekoa, bizkonde legitimista
euskaltzalea, eta berarekin batera, urte batzuk geroago, 1847an hain xuxen, “Histoire Primitive des Euskariens Basques” idatzi
zuen.
Parisera
itzuli zen bere kontrako aferak pixka bat baretu zirelarik, baina 1843an berriz
Euskal Herrirat jin zen. Zuberoako Sohütan lan egin zuen, Julie-Adrienne
Karrikaburu andereñoari eskolak ematen.
Urtebete
geroago, 1844an Lapurdiko hiriburuan, Baionan kokatu zen, Pierre Lespès lagunak
hiri horretan zuzentzen zuèn “Trilby” aldizkarian parte hartzeko.
kazeta hori berehala utzi eta bere adiskidearekin batera “Ariel” aldizkaria sortu
zuen.
1845ean
bere lanik ezagunena izkiriatu zuen, “Aitor, légende cantabre” (Aitor,
elezahar kantauriarra), zeina izugarri zabaldu baitzen Euskal Herrietan, Arturo
Kanpionen itzulpenaren bidez.
Xahoren lanik garrantzitsuena, gure ustez, 1844-1852
urteetan “Ariel” aldizkaria izan zen. Hasieran, zentsura eta egoera
politikoa zela-eta, literaturaz bakarrik aritu bazen ere, 1846tik aitzina
politika jorratzen du gero eta ageriago. Urte honetan bertan Baionako Logia
zaharrenean sartu zen “La Parfaite Union” izenekoa. 1848an
aldizkariari Xahok bigarren izenburu esanguratsua ematen dio “Républicain
de Vasconie”, hau da, Euskal Herriko errepublikazalea.
Eta honetan ikus daiteke Xaho Euskal
Iraultzaren aitzindari ezezaguna (edota ezkutatua) izan zela, zeren Marx eta
Engelsek “Manifestu Komunista” argitaratu zutèn urte berean gure zuberotarra
errepublikazale eta sozialista gisa agertu zen, bai eta independentista ere.
Aitzitik, komunismoaren aurkako hitzak izan zituen behin baino gehiagotan,
diktadura ekarriko zuelakoan.
1848ko otsaileko Frantziako Iraultzan, bera
izan zen eragile nagusia Baionan, Bigarren Errepublika aldarrikatzeko. Guardia
Nazionaleko komandantea izan zen. Herriak Baionako zinegotzi hautatu zuen, eta
Kontseilu Orokorreko kide.
1848ko
ekainaren 30ean argitaratu zuen Xahok lehen aldizkari euskalduna: “Uskal-Herrico
Gaseta” izenekoa, historian zehar Euskara hutsez sorturiko lehendabiziko errebista. Hilabatekaria zen,
bainan bi ale bertzerik ez zituen argitaratu. 1848ko uztailaren 25eko alean,
esaldi historiko hauek idatzi zituen Xahok:
“Nork
oihu eginen du, azkenian, errege-erreginak eta haien partidario tontoak edo
anbiziosoak akazatu ondoan: “BIBA INDEPENDENTZIA! BIBA ERREPUBLIKA! BIBA EUSKAL
HERRIA!”?
1849ko
hauteskunde legegileetan, demokrata-sozialen hautagaia izan zen, eta Parisen
diputatua izateko 21.000 bozka erdietsi arren, ez zuen eserlekua eskuratu.
Pierre Topet, Etxahun bertsolariak, bere alde egin zuen kanpaina, bertsotan.
Hona hemen bertso horietariko batzuk:
Aphezek etzütie, zü, nahi egin depütatü,
Entzünik nahi deitzezüla, haien
arrandak txipitü.
Lotsa beitira oillo saldak behar
deikien mankatü.
(Apezek ez zaituzte nahi egin diputatu
entzunik nahi diezula beren errentak txikitu
beldur baitira oilo-salda behar zaiela
faltatu)
Kargülant, nubliak ere, Xahoren kuntre
dirade,
Jende xehiak jan beharra, hen gaiek
behar baitie,
Eta harek txipiraziren, hura sinhesten
badie.
(Kargudun, nobleak ere, Xahoren kontra dira
jende xehea jan behar baitute, haien irabaziei
eusteko
eta berak txikiagotuko dizkie, jendeak
sinesten badio)
Orai behar baitütügü, depütatiak
berritü,
Üskal Herriko jentik oro, nahi zütiet
othoitü
Kargülant, nubler ez rantierer, eztela
behar fidatü.
(Orain behar baititugu diputatuak berritu,
Euskal Herriko jende oro, nahi dizuet eskatu
Kargudun, noble eta errentadunez ez dela behar
fidatu)
Botzak eman itzazie, praubiak dutiener
maite,
Ezi hurak izanen dira jente xheiaren
althe,
Xaho depütatü baledi, hura hen hala
lizate.
(Bozkak eman itzazue pobreak maite
dituztenei,
Zeren haien izanen dira jende xehearen alde,
Xaho diputatua balitz, bera ere
haietarikoa izanen litzateke)
Jente xehek behar dügü, Jinkoari
gomendatü
Eta Xahoren deputatü igaraitia galthatü
Bestela handier esklabo behar dukegü
baratü.
(Jende xeheak, behar dugu Jainkoari
enkomendatu
eta Xaho diputatu ateratzea eskatu
Bestela handien esklabo gelditu beharko dugu)
Bertso
zirraragarri hauek frogatzen dute argiro Agosti Xaho XIX. mendeko Euskal Herri
Langilearen hautagaia zela, eta Herriak biziki maite zuela.
1851ean Napoleon IIIak estatu kolpea jo
eta enperadore izendatu zuen bere burua. “Ariel” aldizkaria debekatu zuten eta
Xahok ihes egin behar zuen, Belgikara lehenik, non babesa ukatu baitzioten, eta
Hego Euskal Herrirat gero, Gasteiza. Han ezagutu zukeen, ziuraski, Francisco
Navarro Villoslada, idazle nafar karlista. “Amaya o los vascos en el siglo VIII” bere
eleberri ospetsu eta ezagunean, Xahoren eragin nabaria da goiti-beheiti: Aitor
euskaldunen aitalehena bertan agertzen baita.
Arabako
hiriburuan urtebete eman ondoren, bere aitaren hilzoriaren berri jakitean
Baionarat jo zuen, bera zaintzerat. Lehenago idatziz hitz eman behar izan zuen
ez zela inolako jarduera politikotan arituko: “acte de soumission” izenpetu
behar izan zuen gure xiberotar intsumitua, aitaren hobe beharrez. Hitza bete
egin zuen. 1853ko ekainean itzuli zen Baionarat.
Baionan,
iraultzaren bidea erabat mozturik eta poliziaren etengabeko zaintza zorrotza
pairatu behar zuela, Euskararen aldeko lanetan aritu zen buru belarri. 1855ean,
“Biarritz,
entre les Pyrénées et l’Océan” izeneko liburuan, Euskal Akademiaren
sorrera proposatu zuen. 1856an, Euskal Kulturaren aldeko lan erraldoi eta
titaniko horren fruitu, “Dictionnaire Basque, Français, Espagnol et
Latin” argitaratu zuen, M letraraino bakarrik iristen zena.
Poliziaren
jazarkundea ezin irentsirik, ia-ia ez zen etxetik ateratzen, eta bertan hil zen
1858ko urriaren 23an, arratsaldeko lauretan 47 urte zituela, Pont Mayou
karrikan, 12. atariko etxeko ganberan. Euskal Herrian hileta zibila ukan zuèn
lehena izan omen zen, bere hiletan ez baitzen inolako elizkizun katolikorik
izan. Elisée Reclus geografo eta militante anarkistak hitz egin zuen bere
ehorzketan, eta “azken euskalduna” zela erran zuen. Baionako Saint-Léon
hilerrian dugu bere hilobia, eskultura eder batez apaindurik, Ariel
goi-aingeruaren irudi baten babesean.
Euskal
Iraultza Sozialistan sinesten dugunok ez dugu Agosti Xaho sekulan atzenduko,
are guttiago ahantziko. Biba zü, Xaho, euskaldun iraultzailea eta iraultzaile
euskalduna! Biba zü, Euskal Errepublika Sozialistaren aitagoia! Biba zü, Euskal
Herriaren independentzia aldarrikatu zuèn lehena!
Bai,
gora Agosti Xaho, Euskal Iraultza Sozialistaren Artizarra, areago oraindik,
gure Azti-izarra, Aztizarra! Buka dezagun Zuberoako bertze Azti baten
bertsoekin, Jean Mixel Bedaxagarrek izkiriaturikoak, hain xuxen, Agosti Xaho, 1988an
Urdiñarben jokatutako pastoraleko azken pheredikuarenak:
“Historiako
zati bat
Egün
gunian ikhertzen,
Agosti
Xahok beitzian
Bere
phartetik edertzen!
Agian
bürnatüko da
Zuhurtziaren hazia!
Lurtarrek
boroga beze
Gure
maitarzün magia!
Geruaren
jabe gira
Gure
Zibero maitia,
Eüskaraz
ariko gira
Hoi-ta-bat
gerren mentian!!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina