LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2012/08/16

Lenin: Estatua eta Iraultza (3)




ESTATUA ETA IRAULTZA
 (3)

 
ESTATUARI BURUZKO TEORIA MARXISTA
ETA PROLETARGOAREN EGINKIZUNAK IRAULTZAN

 
LENIN

Pozez irakurri eta aztertu dugu Andoni Olariaga filosofo eta pentsalariaren artikulu bat, non gure ideia eta iritzi batzuk biziki sutsu eta suharki kritikatuak diren. Bazen garaia! Euskal Kultura denon artean astindu eta inarrosi behar dugu, eta horretarako, eztabaidak, kontraesanak, dialogoak eta liskarrak, gatazkak eta kalapitak, haserretzeak eta adiskidetzeak, denetarik behar dugu. 60. hamarkadan, “orduko gazte ero” haiekin bezalaxe, halaxe aberastu eta indartu baitzen Euskal Herria, ez Lurraldea, baina Populua. Polemika latz, gogor eta aunitzetan mingarri horietatik Euskal Kulturak edan du 50 urtez. Orain horrelako abagune batean aurkitzen garela uste dut, eta garaia da berriz ere eztabaida politiko-teoriko-estrategiko-filosofikoen ur handitan murgil eta pulunpa gaitezen.

 

Iruditzen zaigu Andoniren esaldi hauek zuzen eta artez kritikatzen dutela blog honetan egiten dugun lana. Irakurleak bere iritzia osa dezan, hona hemen pasarte batzuk. Artikulua osorik argitaratu dugu bertze sarrera batean, bai eta bere kritika arrazoitua: Azpimarrak gureak dira, noski.

“Izan ere, batzuen ustez 50 urtetako borrokaz eta lanaz sortu den kapital politiko eta humanoak transformazio ideologikoa jasan du, baita deriba erreformista edo sozialdemokrata ere. Ez garena izatera heldu garela irakurri dugu hor nonbait. Eta iruditzen zait, funtsean, kontraesan politikoari zaion beldurrak sortzen dituela erreakzio horiek. Aparraren artean kontraesanak sortzen baitira, eta horiek kudeatzeko deserosotasuna: arbitroak erosita daude eta partida jokatzeko haren epaiak onartu behar izaten ditugu maiz“. 

“Horren erakusle da azkenaldian nabari daitezkeen kritika garbizale askoren biziberritzea; norbaitek XIX. mendeko testu kanonikoak hitzez hitz aplikatu nahi dizkio gure errealitate sozial eta politikoari (noski, horrela bai denok sozialdemokratak!).”

Utopismo zaharretara bueltatzeko eskubidea al dugu orain? XIX. mendeko testuek mende hartako egitura eta errealitate sozialei erantzuten zieten; bertako kontzeptu askok ez dute balio gaur egungo errealitate sozial eta politikoak azaldu eta eraldatzeko. Gure gurasoen belaunaldikoek irakurtzen zuten -eta aski zahartuta geratu den- Principios elementales y fundamentales de Filosofía (Politzer) liburuan ederki esplikatzen da pentsamendu metafisikoak egiten duen akats larri bat; hain zuzen, gizarte bakoitzeko testuinguru politiko, sozial eta ekonomikoa kontuan hartu gabe fenomeno edo proiektu politiko bat (klase borroka, sozialismoa, eta abar) leku guztietan berdin ematen dela, edo berdin eraiki daitekeela pentsatzea. Hortik abiatuta gizartea transformatzeko proposatzen diren eredu utopikoak ere halakoak izaten dira: utopismo anakronikoak”.

Noski, ezin daiteke ados egon ezker soberanistak proposatzen duen guztiarekin; fidelitatea edo militantzia ez da obedientzia edo konplazentzia dogmatikoa, ikuspegi kritikoa baizik”. 

“Zaila da gizarte eredu berri bat pentsatzea (finean, Euskal Herrirako Sozialismo bat) eztabaidan galdera berriak planteatu aurretik batzuek erantzun ziurrak baldin badituzte ...”

“Momentu honetan galderak pilatzen ari zaizkion eta erantzunen beharrean dagoen Herri honetan, pentsatu beharko da agian galdera egokienak planteatzea izan beharko genukeela helburu, erantzun dogmatiko zaharrak errepikatzea baino” . 

“Baina Amparo Lasheras ezker abertzaleko militanteak elkarrizketa batean gogorarazi digun bezala, agian ikuspegi kritikoa norbere herriko batzarretan landu behar da batez ere, umiltasunez eta norbere nartzisismoa elikatu gabe (denok dugu-eta gurea).”


Kritika ausart, zorrotz eta inteligente horiei bere tokian eta momentuan erantzunen diegu, jakina, gure ahalen arabera. Hemen Leninen pentsamenduak aletzen segituko dugu, eta irakurleek epaituko dute, ea XIX. mendeko “testu kanonikoak hitzez hitz aplikatu” nahi ditugun, ala Langileriaren eta Mugimendu Iraultzaileen esperientzietatik ikasi nahi dugun. Irakurleek ere, aski helduak direnez, eta Leninen gogoeten argitan, iritzia osatuko dute, ea egia den oraingo Ezker Abertzaleak “deriba erreformista edo sozialdemokrata” egin duenentz. Era berean, irakurleek aztertuko dute kritikoki ea Leninen ildotik Iraultza Sozialista egin nahi izatea eta Marxen ildotik Komunismoa eraiki nahi izatea “utopismo anakronikoak” ote diren ala ez..
Nork bere iritzia osa eta eraiki beza! 



I.- KAPITULUA
KLASE-SOZIETATEA ETA ESTATUA


2.- INDAR ARMATUEN DESTAKAMENDU BEREZIAK, KARTZELAK ETA ABAR ...


“ ... Antolaketa jentilizio zaharraren aurrean (tribuena edo klanena) -jarraitzen du Engelsek- Estatua, lehenik eta behin, bere menpekoak lurraldearen arabera banatzeagatik bereizten da ...”

Guri banaketa hau “naturala” iruditzen zaigu, bainan honek gens edo tribuen antolaketen aurkako borroka luzea eskatzen zuen.

“ ... Bigarren ezaugarri bereizgarria, jada Herri armatua ez den indar publiko baten ezartzea da. Indar publiko berezi hau beharrezko gertatzen da, zeren eta sozietatea klaseetan zatitua dagoenetik ezinezkoa baita jada biztanleen berezko antolakuntza armatua ... Indar publiko hau Estatu orotan existitzen da; eta ez dago soilik gizon armatuez osatua, baita sozietate jentilizioak ezagutzen ez zituèn gehigarri materialez ere, kartzelez eta mota guztietako instituzio hertsatzaileez ...”



Engelsek Estatua deritzon “indar” horren nozioa garatzen du; sozietatetik ernaltzen da, baina beraren gainetik jartzen eta berarengandik geroz eta gehiago dibortziatzen da. Zertan datza funtsean indar hau? Beren eskuetan presondegiak eta bestelako elementuak dituzten gizon armatuen destakamendu berezietan.

Gizon armatuen destakamendu bereziez hitz egiteko eskubidea daukagu, zeren eta indar publikoa, Estatu ororen ezaugarri dena, ez da jada Herri armatua, bere “berezko antolakuntza armatua”.

Pentsalari iraultzaile handi guztiak bezala, Engels, langile kontzienteenen arreta dela pentsatzen duen horretara zuzentzen saiatzen da; filistear dominatzaileak, hain zuzen ere, arreta gutxien merezi duen, gauzarik ohikoena den, jada solidoak ez ezik petrifikatuak direla ere esanen genukeen eta aurreiritziekin santifikaturik dagoen horretara. Armada iraunkorra eta polizia Estatu Boterearen indarraren oinarrizko instrumentuak dira. Bainan, izan al daiteke akaso beste modu batera?

XIX. mende bukaerako europarren gehiengo zabalaren ikuspuntutik, kontuan hartuz Engels hauengana zuzentzen zela eta ez zutela Iraultza handirik bizi edo gertutik ikusi, hau ezin zitekeen beste modu batera izan. Beraientzat erabat ulergaitza zen “Herriaren berezko antolakuntza armatuaren” ideia hori. Sozietatearen gainetik jarrita eta honengandik dibortziatua dauden gizon armatuen destakamendu berezien (polizia eta armada iraunkorra) beharra zergatik sortu deneko galderari, Europa Mendebaldeko filistearrak eta filistear errusiarrak, Spencer edo Mikhailovskiri maileguan harturiko pare bat esaldirekin erantzutera jotzen zuen, “bizitza sozialaren konplexutasun hazkorrari”, “funtzioen ezberditasunari”, eta abarri eutsiz.

Erreferentzia hauek “zientifikoak” ematen dute eta ederki lokartzen dute pertsona arrunta, aldi berean nagusiena eta oinarrizkoena ezkutatuz: sozietatearen zatiketa klase antagoniko eta eramangaitzetan.



Zatiketa hau existituko ez balitz, “Herriaren berezko antolakuntza armatua”, makila erabiltzen duten tximino taldearen antolakuntza primitiboaren aldean, edo izaki humano primitiboarenaren aldean, edo klanetan bilduriko izaki humanoen aldean, ezberdindu eginen litzateke bere konplexutasunagatik, bere teknika garatuagatik, eta abarrengatik; bainan horrelako antolakuntza bat posiblea izanen litzateke.

Eta ez da posible, zeren eta sozietate zibilizatua klase etsaietan eta, gainera, etsai adiskidezinetan, zatiturik aurkitzen baita, hauen “berezko” armatzeak elkarren arteko borroka armaturat eramanen lukeelarik. Estatua sortzen da, indar berezi bat sortzen da, gizon armatuen destakamendu bereziak; eta Iraultza bakoitzak, Estatu aparatua suntsitzean, agerian erakusten digu klaseen arteko borroka, argi eta garbi, nola klase dominatzailea bere esanetara dauden gizon armatuen destakamendu bereziak berrezartzen ahalegintzen den, nola klase zapaldua modu honetako sozietate bat eraikitzen ahalegintzen den, ez zapaltzaileentzat baliagarri izateko gai dena, zapalduentzat baizik.

Aipaturiko pasartean, Engelsek teorikoki, guri iraultza handi batek praktikoki eta, gainera, masen ekintzaren maila batean, planteatzen digun arazo berdina planteatzen du: gizon armatuen destakamendu “berezien” eta “Herri armatuaren berezko antolakuntzaren” arteko erlazioaren arazoa. Iraultza europarren eta errusiarren esperientziak arazo hau modu konkretu batean nola erakusten duen ikusi behar dugu.
Bainan itzuli gaitezen Engelsen azalpenera.

Engelsek azpimarratzen du, batzuetan, adibidez Ipar Amerikako zenbait tokitan, indar publiko hau ahula dela (sozietate kapitalistaren salbuespenen arazoez ari da, Ipar Amerikako toki batzuez, non, garai aurre-inperialistan, kolono libreak agintzen baitzuen), baina, termino orokorretan, indartu egiten dela:

“ ...Indar publikoa sendotu egiten da klaseen arteko antagonismoak Estatuaren barnean gogortu egiten diren heinean eta aldameneko Estatuak handiago eta jendetsuago bihurtzen diren neurrian. Eta hau horrela ez bada, azter dezagun geure egungo Europa, klase-borrokak eta konkisten lehiak indar publikoa hainbeste hazi arazi dutela, ezen honek sozietate guztia eta gainera Estatua bera ere irensteko mehatxua egiten duen ...”

 

Hau ez zen joan mendeko 90. hamarkadaren hasieran baina geroago idatzia izan. Engelsen azken hitzaurreak 1891ko ekainaren 16ko data darama. Garai haietan, apenas hasia zen Frantzian, eta oraindik are ahulago Ipar Amerikan eta Alemanian, Inperialismoranzko biratzea, nahiz eta trusten aginte osoaren zentzuan, nahiz eta banku handi ahalguztidunen zentzuan, politika kolonial handi baten zentzuan, eta abar, joera agerikoa zen jadanik. Orduz geroztik, “konkistak egiteko lehiak” aurrerapauso erraldoi bat eman du, hainbestekoa ezen XX. mendeko bigarren hamarkada hasieran planeta erabat zatiturik geratu zela, “konkistatzaile etsai” hauen artean, hau da, potentzia harrapari handien artean. Orduz geroztik, lur eta itsas armamentuak proportzio sinestezinetan hazi izan dira, eta Ingalaterraren edo Alemaniaren harrapakeria gerrak, munduaren aginteagatik 1914-1917 egiten ari den gerrak, harrapakinen banaketagatiko gerrak, erabateko hondamendi baten ertzeraino eraman du, Estatu botere harrapari batek sozietateko indar guztiak “xurgatzea”.

Jada 1891an, Engelsek “konkistak egiteko lehia”, potentzia handien kanpo politikaren ezaugarri bereizgarri garrantzitsuenetako bat bezala seinalatzen jakin izan zuen. Eta 1914-1917 urteetako sozial-chauvinismoaren alprojek, hain zuzen ere, lehia honek, geroz eta gehiago areagotuz, gerra inperialista bat eragin duenean, “euren” burgesiaren interes harrapariaren defentsa estali egiten dute, “aberriaren defentsaren” moduko, “Errepublika eta iraultzaren defentsaren” moduko eta beste tankerako esaldien bidez!” 



Honaino Leninen hitzak. Baina bertze kontu bat agertu nahi dut hemen. Blog honetako iruzkin batean jadanik erran dut, bainan honat ekarriko dut, jendetasunezko jokaera iduritzen zaidalakotz.

“Bai, Leninen "Estatua eta Iraultza" Euskaraz argitaratzen ari naiz, bainan erran behar dut itzulpenaren oinarria ez dela nirea, "Federiko Engels Fundazioa"k eta "Euskal Herria Sozialista/Euskal Herriko aldizkari marxistak" 2008ko azaroan jendaurrean aurkeztu zutèn tradukzioa baizik. Ni egiten ari naizena da itzulpen hori zuzentzea eta (nire ustez) hobetzea), Euskara malgu eta herritarragoan ezarriz. Ene xedea erdietsi ote dudan ala ez, jendeak erranen du.

Bidenabar erran dezadan zorretan naizela haiekin, Euskal Kulturaren alorrean lan ederra egiten ari direlakotz. Ez naiz haiekin ados gai eta kontu aunitzekin, jakina, baina "nori berea omen da zuzenbidea", eta azalpen hori zor niela iduritzen zait. Gainera, saiatu naiz haien liburuko azala aurkitzen, blogean agertzeko eta liburua erosteko gomendatu ahal izateko, bainan ez du lortu. Nik uste dut euskaldun komunista iraultzaile guztiok eskertu behar diegula marxista horiei egiten ari diren lan izugarria: Marx eta Engelsen Manifestu Komunista, Leninen Estatua eta Iraultza, Trotskyren Trantsizio Programa, Preobazhenskiren Anarkismoa eta Komunismoa, Engelsen Sozialismo utopikotik Sozialismo zientifikora, bi liruruxka Marxismoari buruz: langile klaseaz eta askapen nazionalaz...



Bai, bai, badakit trotskistak-edo direla, haien hitzetan "boltxebike-leninistak" edota "marxista-iraultzaileak". Eta zer? Gure arteko kritikak zorrotzak eta arrazoituak izan behar dira, bistan da, bainan aldi berean, elkartzen gaituena ere ikusi eta landu behar dugu, are gehiago gurea bezalako Herri zapaldu eta hilzorian dagoen honetan. Euskaldunok etnozidioaren azken fasean sartu gara (SARTU GAITUZTE!!!), eta batzuetan gure arteko batasuna ezinbertzekoa da, euskaldungoari eusteko, klaseen arteko borrokaren irizpideen gainetik edota azpitik. Hori da bederen ene iritzia, beti ere, erdieten den batasun euskaldun eta euskaltzale hori Euskal Iraultza Sozialistaren aurka ez doan heinean, jakina. Bainan Euskal Iraultza Sozialista EUSKARAZ eginen denez, euskaldun militanteak (euskaldun osoak, edota laburbilduz EUSKALDUNAK) bide iraultzaile horretan bidaideak, mintzaideak eta batzuetan baita gogaide,irizkide eta burkide izanen ditugu. Hori bai, printzipio komunista iraultzaileetan amore eman gabe!”
Uste dugu azalpen hau irakurle guztiei zor geniela. Nori berea, zuzenbidea ...  

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina