HITX
HERRI IRAULTZAILEAREN TXINPARTA
(2)
Euskal Herri Langilearen
formakuntza, antolakuntza
eta borroka iraultzailearen alde
ZERTZELADA HISTORIKO BATZUK
Urte, hamarkada luzeak igaro dira "Euskal Herri Langilea" berbak, hots, Euskal Iraultza Sozialistaren protagonista-subjektua eta motorea adierazten duena, gure askapen prozesuari izaera zehatza eman zionetik.
Marxismoa eta garaiko borroka antikolonial ezberdinetako esperientziak iturri izaki, teoria iraultzaile oso bat landu zuen V. Asanblada burutu zuèn ETA erakundeak, Etxebarrieta anaiak buru zituelarik. Gertakizun honek abiapuntu nagusia jarri zion gure Herriaren jarduera politiko, sozial eta kultural modernoari eta harrotasun osoz aitortzen diegu lorpen hori azpiegitura finkork gabe, baitarteko material barik, babes sozial aitorturik gabe, baina arrazoi osoaz eta erabateko komentzimendu, determinazio zein sakrifizio pertsonalarekin burura eraman zutèn militante iraultzaile guztiei.
Txabi Etxebarrieta izan zen Euskal Herri Langilearen esistentziari kokapen eta izen politikoa eman ziona, eta hori egin eta hilabete batzutara erori zen borrokan, 1968ko ekainean. 23 urte zituen atxilotzen saiatu zèn goardia zibila akatu ondoren borrokan erori zenean, hizki larriz idatzi beharreko zerrenda luze bateko lehen izena berea delarik. Horrek, gure Herriaren ekimen iraultzailea teoria eta praxia banatzetik urrun egon dela adierazten digu belaunaldi berrioi. Badugu zer ikasi, nondik hartu eredua.
Hamarkada luze hauetan igarotakoa ez dago horrelako liburuxka batean laburbiltzerik. Kapitalismoaren fase goren -eta azken- den Inperialismoaren deskonposaketak agindutako haibat gertaera historikok ezaugarritu dute azken 50 urte hauetako, azken mende erdiko munduko nondik-norakoak.
Aipatu V. Asanblada hura burutu zenean Sobiet Batasunak eta berarekin batera Herrialde Sozialistek (Alemaniako Errepublika Demokratikoa, Albania, Txekoslobakia, Bulgaria...) Europa kapitalistako Herri Langile ezberdinen erreferentziaz izateaz gain, Inperialismoa asmo zapaltzaile eta gudazaleen eta Herrialde Kapitalistak kudeatzen zituztèn oligarka, monopolista eta burgen haundien mugak zeintzuk ziren argi uzten zuten. Asian berriz, Txina, Vietnam, Kanbodia, Ipar Korea, Mongolia ... bezalako herrialdeek gune sozialistaren dimentsio geografikoa erraldoi bilakatu zuten eta Herrialde Arabiarretan ere (Irak, Iran, Yemen, Palestina) izaera demokratizatzaile-antinperialistaz bustitako mugimenduak eta askapen prozesuak gorpuzten joan ziren. Ameriketako erdialdetik hegoaldera, Che, Fidel eta Camilo komunistek gidatutako Kubako Herri Langileak bere prozesu iraultzailean nagusitzea lortu zuen, bestelako esperientzia iraultzaileak anikilatu zituztèn AEBetako inperialisten esanetara kokatutako oligarkiek diktadura militarrak antolatu zituzten bitartean. Afrikan borroka antikolonialak ziren nagusi, euretariko gehienak izaera iraultzaile eta aurrerazale esplizito batez jantziak, Argeliaren kasua bereziki nabarmentzekoa bada ere, beste hainbat izan zirelako (Tunisia, Angola, Kongo, Libia ...).
Horrekin guztiarekin batera, aipatzekoa da Herrialde Kapitalisten bihotzean erresistentzia ezberdinak gorpuzten joan zirela, Nazio Zapalduetako Askapen Mugimenduen (bereziki Irlanda, Bretainia, Korsika, Katalandar Herrialdeak, Galiza edota Sardinia) eta talde armatu antikapitalista iraultzaileen (Alemaniako RAF, Frantziako Action Directe edota Italiako Brigate Rosse) jaiotzeekin.
Berlingo Harresiaren eraispenaren irudiak nolabait amaieratzat izan zuèn aipatu mundu "hark", kontinentez kontinente, "gaur egunekoa"rekin dituen ezberdintasunak nabarmenak dira. Baina aro historiko berean kokatzen gara oraindik eta Inperialismoaren garai honek ezarritako kontraesanen azkartzea egunez egun bistara dugun errealitate gordina da.
Bloke Sozialistaren baitan kokatzen zirèn herrialdeen kolapso egoerak Kapitalismoaren berrezartzea erakarrri zuen, aresti batetik agertutako barneko minbizi eta kontraesan ezberdinek bultzatuta. Horrek erakarri dituen ondorioak anitzak izan dira eta munduko iraultzaileoi dagokigu Herrialde Sozialistetan emandako Sozialismoaren eraikitze prozesuaren gaineko eta bere eraispena erakarri zutèn kontraesan, deformazio eta minbizien inguruko azterketa sakona egitea, azken batean Sozialismoa delako Gizateriak Inperialismoaren desegite eta usteltzetik, hots, basakeriatik ihes egiteko duen irtenbide historiko bakarra.
Berlingo Harresiaren eraispena eta gero Historiaren amaierara iristiak ginela baiztatu zuen AEBetako Pentagonoaren zerbitzuan zegoèn Francis Fukuyama, Kapitalismoaren garaipena, Sozialismoaren porrota eta ideologien amaiera aldarrikatuz. Garaile atera da Kapitalismoa? Zertan? Basakeriaren mundializazioan? Goseteen zabalkundean? Gaixotasun sendagarrien ugaltzean? Etxebizitza eta lan duina izateko eskubideak pribilejio bihurtzean? Merkatu berriak eskuratzeko helburuaz Herri zapalduekin xakean jolasteann? Euren suntsiketa produkzio-bide eta ondasun naturalen lapurretarekin osagarritzean? ... Bai, tira, garaile atera da Kapitalismoa, bere ondorio basatietan garaile. Baina porrot egin al du Sozialismoak? Amaitu ote dira ideologiak?
Hitzez iraultzaileak direla dioten eta ekintzez sozialdemokrata-erreformista hutsak baino ez direla argi uzten duten hainbat alderdi, mugimendu eta sindikatuk, eta batez ere, euren oinarri sozialak maneiatzen dituzten politikari profesional, burges-txiki eta burokratek, irakurketa aise interesatua egin dute gertaera historiko hauen inguruan. Interesatua oso, izan ere, klase borrokaren muina leuntzen saiatu eta saiatzen direlako herri eta langile masen aurrean, euren alegiazko realpolitik-a, posibilismoa, burgesia zapalduon borrokarekin ez urduritzeko izua, Kapitalismoaren egitura ekonomikotik Sozialismorako iragapen baketsuaren ideia faltsua, epelkeria politikoa, Herri Langileen sektore aurreratu eta borrokalarienekiko mespretxu eta aldentzea, hauteskunde burgesekiko atxikimendua, inposatutako klase-legalitate burges eta zapaltzailearekiko leialtasuna, Herri Langileen antolaketa eta borroka iraultzailearen moteltzearen saiakera ... beste hainbat gauzekin batera inposatuz. Eta hori guztia fenomeno unibertsala denez, Euskal Herrian, gure Iraultzaren orubean, badu bere egokitzapenik XXI. mende honetako 2012. urte honetan.
Esan bezala, euskal iraultzaileok badugu nondik ikasi: Guretzat Sozialismoak ez du porrot egin eta ideologiak ez dira amaitu. Porrot egin duena, erabateko hondoratze historikoa ezagutu duena, ez da Sozialismoa izan, Sozialismoaren itxuraz mozorotutako eta Sozialismoaren izenarekin sostengatutako traizioa, saldukeria eta kapitalistekiko morrontza baizik. Gaur egun pairatzen ari garenarekin, ideologien amaieraz hitz egitea Burgesia handiaren sarraskien aurrean entzungor egitea dela iruditzen zaigu. Garai historiko honetako, eta II. Mundu Gerraz geroztiko krisi ekonomikoaren faserik latzenetan gaudelarik, teoria iraultzailea berreskuratu eta antolakuntza eta borrokaren zerbitzura jartzean da zapalduon eginbehar nagusia edo lehenengo zeregina.
ENAMen, hots, Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduaren oinarri historikoetan erabateko gaurkotasuna duten teoria eta praxiarekin egingo dugu topo. askotxok irakaspen horiek ahaztu dituzte, beste batzuek gutxietsi eta, guretzat are txarrago dena, beste zenbaitzuk manipulatu eta desitxuratu egin dituzte. Badira ere ondare historiko hits bezala, memoria historikoaren izenpean Herriaren gudari iraultzaileen lan eskerga eta sakrifizioa museo batean gorde eta iritzi publikoa deritzoten horren aurrean azaldu beharreko artelanak balira bezala aurkezten dizkigutenak, eurek hasitako bidea nolabaiteko amaierara iritsi izan balitz bezala.
Guretzat, ENAMen jatorriak ikastea, ezagutzea eta eguneroko borrokan etengabeko erreferentziatzat izatea ezinbesteko ardura historikoa eta eginbehar iraultzailea da eta, zer esanik ez, beraiekin tratu merke egiten dutenei aurreik egiteko modurik egokiena.
Nazio zapalduetako prozesu askatzaile guztietan gertatu eta gertatzen dne bezala, Euskal Herriko klase ezberdinek lerrokamendu taktiko zehatz bat mantendu dute gure Herriaren askapen prozesuaren une historiko bakoitzean. Gai korapiltasua dirudi, eta izan, bada. Batez ere gure Herri Langilearen formakuntza eta heziketa politiko iraultzaileaz urte luzeetan arduratu den erakunderik gabeko Euskal Herri honetan borrokarako grina eta ezinegona azaltzen duten belaunaldi berrientzat. Euskal Herri Langileaz, Euskal Burgesiaz, Burgesia Txikiaz, Oligarkia Espainolistaz, Burgesia "navarrista"z, Euskal Herriko proletalgo industrialaz, sozialki geroz eta nabarmenagoa den Langabetuen Armadaz ... eta beste hainbat gauzez aritu behar garelako gaur egungo Euskal Herria zertan den gutxieneko neurri batean ezagutzeko eta, behin horren araberako hausnarketa burututa izan, antolaketa eta borroka ildo iraultzaileak martxan jartzen hasteko.
Euskal sozialdemokratek behin eta berriro aipatzen duten "euskal agertoki politiko"an protagonista direnek, hots, legalitate espainol faxista bete eta barneratu ondoren, horren arabera dantzan dabiltzatenek, ezer gutxi irakatsiko digute honetaz guztiaz euskal gizon eta emakume langileoi eta gazte errebeldeoi. Nola egingo dute, bada, Euskal Iraultza Sozialistara gerturatzeko bidearen alderantzizko bidaia egiten ari badira? Nola, teoria eta praktika iraultzaileak uztartuko dituen edozein mugimendu koerenteren lehenengo zereginetako bat eurek saltzen duten iruzur historikoa salatzea baldin bada?
Euskal iraultzaileok Joxe Migel beñaran Ordeñana, Argala, dugu gaur egungo errealitate politikoaren aitzindari nagusitzat. Gure ustetan, bera izan da ENAMek eman duen azken teoriko iraultzailea. Ez diogu soilik militante iraultzaile, beste hainbat izan ditugulako, euren artean, eta zoritxarrez, bidean geratu zaizkigun asko eta asko. Teoriko iraultzaile diogunean, bere ekarpen teoriko-praktikok Euskal Herri Langilearen askapen prozesuan mugarri izan direlako da. Izan ere, Argalaren gidaritzapean lortu zuen Euskal Herri Langilearen abangoardia lanak bete zituèn ETA erakundeak, erreformare frankistaren tranparen gainetik antolakuntzan eta borroka iraultzailean oinarritutako bide bat zabaltzea KAS Alternatibaren inguruan batutako erakunde eta alderdiekin batera. Egin diezaiogun aipamen bere iritzi politiko batzuei:
"KAS Alternatiba Euskadiko politikaren normalizazioaz hitz egin ahal izateko ezinbesteko oinarria da, Euskadi independente, sozialista, batu eta euskaldun baten osaketarako gaur egungoa baino ez horren biolentoa izango den bide bat irudikatu ahal izateko. KAS Alternatibaren helburuak lortzen ez diren bitartean, Euskal Herria loturik mantenduko da, bide instituizonalek ez diote aparteko mesederik egingo eta borroka armatua beharrazkoa izango da".
"Langileriak euskal gatazka nazionala bere egin izanak ekarri du Euskadiren berpizkunde nazionala"
"Dakigunez, fronte antioligarkiko batean herri-burgesiaren eta langileariaren indarrek parte hartzen dute. Beraz, bietako batek eraman beharko du borrokaren zuzendaritza. Alta, herri-burgesiak, bere klase izaeragatik, egokortasun gutxiko iraultza politiko-burges baten zereginekin baino ezin du bete. Bi alternatiba posibel baino ez dago: Faxismoa al Herri Demokrazia. tarteko beste edozein aterabide aurreneko bi horietako batean amaituko da. Horregatik Euskadin langileria da iraultza liberal baten z ereginak burura eraman behar dituena, formula herrikoi baten bidez. Hau kontuan hartzen ez duen estrategia oro faxismoaren harrapakin bilakatuko da".
"Espainiako Konstituzioak ezarri digun, edo bestera esanda, Estatu Espainolak onar dezakeen edo Euskal Kontseiluak eskatzen duen Autonomia Estatutua baino askoz zabalagoa izango den beste bat nahi dugu. Hori Euskal Herriaren subiranotasun nazionalaren onarpenean oinarrituta egon behar da, Euskal Herriak autodeterminazio eskubidea burura eramateko aukera bermatuta egon dadin; Estatu Espainolari lotuta jarraitzeko nahia, sistema fegederal ala konfederal baten parte izatea ala independentziaren artea erabakitzeko. Eskubide hauek guztiak onartuak ez diren bitartean, ezin da egon benetako Amnistiarik, borokarekin aurrera jarraitu beharko genukeelako eta ondorioz espetxera edo erbestera itzuli beharko ginatekeelako.
Maila berean. Amnistiaz hitz egin ahal izateko, erreforma sozialez hitz egin beharra dago. Langileen bizi baldintzetan eragiten duten errreformez ari gara, egun nozitzen duten langabezia sufri ez dezaten, bere sorkuntzan zerikusirik izan ez du dutenek krisi ekonomiko honen ondorioak pira ez ditzaten; eta beste alde batetik, arlo ekonomikoaren baitako erreformak, zenbait entrepresa, alegia, Herri baten garapenaren giltza diren sektore ekonomiko zehatz batzuk, Herriaren eskuetara igaro daitezen Gobernuaren bidez.
Modu honetara diogu Siderurgiaren, Untzigintzaren edo Bankaren finantza baliabideen eta abar., orokorrean, Euskal Herriak modu baketsuagoan aurrera egin dezan ezinnbestekoak diren sektoreen nazionalizazio neurriak ezarri behar direla. Baldintza hauek ematen ez diren bitartean, Euskadiko subiranotasun nazionalean edo autodeterminazio eskubidearen onarpenenean oinarritutako Autonomia Estatutua ematen badigute ere, berdin zaigu guri, behartuta egongo garelako baldintza horien alde borrokatzen eta, ondorioz, jazartuak izango garelako berriz ere".
"Antolakuntzaren gaiaren inguruan, esan beharra dago guk Euskal Estatu Sozialista, Batu, Independente eta Euskaldun baten alde ari garela borrokan. Borroka hau oso luzea izango da, gogorra izango da, eta hori gaurdanik jakin behar dugu, hasieratik. Ezin diegu dema azkar eta errez lortuko dela eta boterea eurengan delegatzea eskatzen digunetei ziria sartzen utzi. Arazoak konponduko dituela dionak beti arituko da gezurretan: Herriaren arazoak konpon ditzakeen bakarra, Herria bera delako, langileok, eta ez dugu hone gaineko gezurrik onartu behar.
KAS alternatiba Euskadiko Independentzia eta Sozialismoaren aldeko urrats bat da. Urrats oso garrantzitsua, bere onarpenarekin bide apur bat leunago batean pentsatzen has gaitezkeelako; enfrentamenduak horren basatiak izango ez diren bidea, biolentziaren erabilerak behar gutxiago izango duena. Nire ustetan, Independentzia eta Sozialismora gerturatzeko bi mailatan antolatu behar gara. Lantegietan eta auzoetan antolatu behar gara, langileon ahotsa zuzenean entzun dadin. Alderdi Sozialistak boterera helduko balira ere, eta Herria antolatu barik egongo balitz, langileak antolatu gabe baleude, lortuko dugun bakarra gidariek irabaztea izango da, urte batzuen buruan berriz ere langileengandik aldenduko diren burokratak irabazle ateratzea, eurek nahi dutena egingo dutelako. Hori ari gara ikusten hainbat Herrialde Sozialistetan, Sobiet Batasuna, adibidez".
"Hala eta guztiz ere, Herriek euren integrazio ekonomiko eta politikorako ibilbidea daramate eta langileok nazioarteko elkartasun eta batasuna bultzatu beharrean gaude, horrek gure izaera nazionalaren ukatzea ez dakarren bitartean. Hortaz, euskal langileon eta langile espainol eta frantsesen arteko enfrentamendu eta mesfidantzak ekidite aldera eta elkar laguntza eta hurbiltze prozezu bat zabaltze aldera, azken hauek dira ulertu behar dutenak, behin Inperio bezala pentsatzeari utzita, euskal langileok ez garela espainolak ezta frantsesak ere, hots, soil-soilik euskaldunak garela eta eurekin batzen gaituena ez dela Nazio berekoak izatea, Klase berekoak izatea baizik".
Beste hamarka bil genitzake, baina zertan gauden eta zertaz ari garen ederki azaltzen digute aurreneko horiek. Argalaren ekarpenek erabateko gaurkotasuna dutela iruditzen zaigu guri. Gaurko egoerari heltzean aintzat hartu eta gida teoriko modura erabili beharreko ekarpenak direlako.
Argala, teoriko hutsa ez zen izan. " "Nik denekin"Nik denekin eztabaidatzen dut. Militarrak intelektualizatzen ditut eta intelektualak militarizatu" esan zuen behin. Carrero Balncoren -hots, erreximen frankistaren jarraipena ordezkatzen saiatu zèn oligarkiaren terrorista- aurkako ekintza historikoan parte hartu zuen Argalak, lubakietan eta ez demokrazia burgesaren saloietan hezten den iraultzaile bezala, marxismoan oinarrituz, gai izan zen Erreximenaren Erreformaren aurrean ETA erakundearen eginkizun historikoa teorikoki kokatzen, Nazio Askapenari klase izaera iraultzaile eta jite internazionalista emanez.
Dena den, eta sarrera zabal honekin amaitzen joateko, gustatuko litzaiguke prozesu iraultzaileen eta, oro har, Historiaren protagonistak herri eta langile masak direla argitzea. Euren gidariek idei hobezinak izan arren, euren baitan errotuta ez badaude, idei horiek aurrera jotzerik izango ez dutelako.
ENAMek izan dituen gidari iraultzaile nagusiek (eta hemen ez gara manipulatzaile nazionalista, sozialdemokrata kontrairaultzaile eta likidazionistez ari) errotze hau printzipioak ezertan ikutu gabe gauza daitekeela argi baino argiago erakutsi digute. Ez genuke sarrera moduko hau gure garaikide izan diren beste bi gidari iarultzaileen ekarpenak aipatu gabe amaitu. Bata Eduardo Moreno Bergaretxe, Pertur, izango da, eta bestea Santi Brouard.
Txabi, Pertur, Argala eta Santik, beste hainbatei gertatu bezala, euren biziarekin ordainarazi zieten Euskal Herri Langilearen askapen prozesu iraultzailearekiko hartutako ardura historikoa. Marxismoaren klasikoekin eta beste prozesu iraultzaile guztiekin ikasketarekin batera, aipatu ditugun lau izen horien ekarpen politikoa ikasteko deia zabaltzen dugu hemen.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina