LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2012/10/12

Urkullu eta etnozidioa



URKULLU
ETA HERRI EUSKALDUNAREN AURKAKO ETNOZIDIOA


Blog hau irakurtzen duten guztiendako kontu jakina da zein estima handitan dugun Joxe Manuel Odriozola soziolinguista eta pentsalari miresgarria.

Euskalduntasunaren paradigma zahar-berriaren aldezle eta defentatzaile sutsu bezain argia, abertzaletasunaren paradigma baskoaren kritikatzaile zorrotz bezain zehatza, Euskal Iraultza Sozialistaren alde borrokatzen ari garen guztiondako paregabeko erreferentzia intelektual zilarra da Joxe Manuel. Horregatik ari gara atalka “Abertzaleak eta Euskara” bere liburuko pasarterik interesgarrienak blog honetan argitaratzen, eta bere liburu guzti-guztiak erosi eta arretaz irakurtzea (are eta estudiatzea ere!) biziki gomendatzen dizuegu. 

Joxe Manuel Odriozola pentsamendu berritzaile eta iraultzailea garatzen ari da gure artean, bide emankor eta ildo askatzaile bat euskaldun guztiondako, gure mendez-mendeetako alienazio ikaragarria urratu eta sendatzen duena, gure euskalduntasuna osatzen diguna, hitzaren erranahi zabal eta sakonenean.

Joxe Manuelen gogoetak baliagarriak dira euskadun ororendako, langilea nahiz burgesa izan. Bainan mendez mende, Euskal Herri Langilea izan da Euskararen gordailua, Euskal Herriko klase zapaltzaile eta dominatzaile guztiek, salbuespenik gabe, Euskara baztertu baitzuten garaiko hizkuntza menperatzailearen mesedetan: Zeltiera, Iberiera, Latina, Gaskoiera, Nafar Erromantzea, Espainola, Frantsesa... eta orain gero eta gehiago Ingelesa bera... Salbuespen indibidual miresgarriak badira ere, biziki maite eta estimatzen ditugunak, Euskal Herriko klase sozial zapaltzaileek, kolektiboki eta klase gisa, betidanik erderen aldeko apostua egin izan dute mendez mende. Herri euskalduna beti izan da Herri Langilea: laborari eta nekazariak, arrantzaleak, artzainak, ofizialeak, zurginak, baso-mutilak, baserritarrak, abeltzainak, arotzak, ola-gizonak, ikazkinak...  jende xehea.


   

Bistan da, gure ustez, Euskal Iraultza Sozialista euskalduna izanen da, ala ez da izanen; hau da Euskaraz pentsatu, irudikatu eta teorizatuko dugu, eta aldi berean euskaldunok posizio hegemonikoak ukanen ditugu prozesu iraultzaile horretan. Honek erran nahi du erakunde iraultzaileek Euskaraz funtzionatu behar dutela, eta herri mugimenduetan Euskararen aldeko diglosia aplikatu behar dela orain eta hemen, prozesu iraultzailea bera izan dadin Euskal Herria berreuskalduntzeko prozesua. Abertzale erdaldunek diglosia hori onartu beharko lukete, zinez abertzale balira, eta bigarren urrats batean, Euskaraz ikasi eta geroago euskaldundu. Ez baita gauza bera Euskaraz jakitea, hau da, euskaraduna izatea, Ingelesez, Espainolez edota Frantesez dakigun bezala,  eta euskalduna izatea, hau da, Euskara gure nortasun eta identitate-hizkuntza nagusia (edota bakarra) izatea.

Hots, Euskal Herri Langilearen Askagintza prozesuaren bihotzean, berreuskalduntzearen langintza ari da. Euskalgintza eta Herrigintza, Askagintzaren motoreak. Bertzenaz, ez da Iraultza Sozialista izanen euskaldunondako, bainan etnozidioaren bururatzea. Irlandako bide hits eta tristea. Ez dugu hori inolaz ere nahi guretako! Herriak bizi behar du!!!

Herenegun bertan artikulu bikaina argitaratu zuen Joxe Manuel Odriozolak BERRIA egunkarian, eta orriotara ekarri dugu, bistan da, kontu jakingarri aunitz aletzen dituelakotz arras lerro guttitan. Azpimarrak, prefosta, gureak dira.


URKULLU,  INPOSIZIOAREN AURKA

Urkullu, inposizioaren aurka
 

Joxe Manuel Odriozola
Euskara irakaslea



Gipuzkoako Foru Diputazioak Euskararen inguruan hartu berri dituen zenbait neurriren harira adierazpen batzuk egin ditu Iñigo Urkulluk. Egunkarietan irakurri ditugun esaldi solteen artean, besteak beste, hauek erakarri dute nire arreta: «Nahiz eta euskara gure hizkuntza propioa izan, ez dugu sinesten inposizioan», «elkarbizitzaren aldeko hizkuntza-politika aldezten dugu».

Txepetx-ekin batera galde dezakegu nazio euskaldunaren jatorrizko eta berezko hizkuntza berriz ezartzeak zer duen inposiziotik. Norberak bere etxean edo nazioan inposatu ote dezake hizkuntzarik? Gurasoek inposatu egiten al dute beren hizkuntza etxean? Jatorrizko nazio linguistikoak inposatu ote dezake berea? Ondo bidean, ez dirudi. Aitzitik, inposizioaren terminoak inon lekurik eta zentzurik baldin badu, kontrako testuinguru batean du: hau da, inor besteren etxean edo nazioan indarrez sartu eta bere hizkuntza ezartzeari deitu behar genioke inposizioa ondo bidean. Hori agintzen digu senak. Baita zentzu demokratikoak ere.

Nork nori inposatzen dio euskara aurrez aurre Markel Olano eta kazetari erdalduna daudenean? Diputatu nagusi ohia bere esperientziatik honela mintzo zaigu: «Zergatik behartzen nau euskara ez dakienak erdaraz egitera? Profesional guztiek elebidun izan beharko lukete eta medioek jakin beharko lukete nire prentsaurrekoetara euskalduna bidali behar dutela» (Argia, 2012-10-07).

Markel Olano euskara inposatzen ari ote da Urkulluren ustez? Hala baldin bada, euskaldunon zorigaiztoak betikoan jarraituko du Euskadin ustez lehendakari izango dugunaren eskutik. Olanok ondo asko dioen bezala, inork inor behartzekotan, erdaldunak behartzen du euskalduna. Berezko herri-mintzaira hitz egiten duenak burua makurtu, bere giza duintasun eta eskubideak zapuztuta sentitu, eta beste hizkuntza batean mintzo zaionaren aurrean amore ematea ote da «elkarbizitza linguistikoa» Urkulluren iritziz? Zein aldetan dago hor inposizioa eta zein aldetan jarrera demokratikoa?

Urkulluk euskararen inposizioan sinesten ez baldin badu, de facto espainieraren inposizioan sinesten duela ondorioztatu beharko genuke, beraz. Ez baitago beste aukerarik. Markel Olanok ezin baldin badio kazetari erdaldunari euskaraz hitz egin, inposizioa delako, de fakto Espainieraren inposizioa onartzen ari zaigu Urkullu. Gainera, egiazki gertatzen den Espainieraren inposizio hori «bizikidetzaren» izenean zuritzen digu Urkulluk. Ideologia hegemoniko menderatzailearen mirabe da lehendakarigaia, berak besterik uste baldin badu ere.




Iñigo Urkullu, abertzale gehienek bezalatsu, Nazio eta herritar euskaldunaren duintasuna eta eskubideak n-garren mailan jartzen dituen horietakoa bide dugu. Hegemoniaren zurrunbiloan galdutako euskalduna da, euskaldun izateak hegemoniatik deus ez duenean. Agintearen ardurak liluratzen du, euskaldun izatea lilura horren beste muturrean dagoenean. Bere Nazioa ez da Euskaraz bizi nahi duenaren Nazioa. Aitzitik, gaurko Herri arroztu hau du erreferente, Espainieraz eratua eta artikulatua dagoen Nazio-eredua, eta historian atzera begiratu gabe, espainoldua dagoen Euskadi gobernatzea du xede.

Nazio konkistatu eta kolonizatuetako agintari batek historian atzera begiratu gabe gobernatzen duenean, horrelako jarrerak nagusitzen dira: berezko Herri-hizkuntzan bizi nahi izatea inposiziotzat jotzen da eta, aldiz, Nazio zapaltzailearen hizkuntza zapaltzailean bizitzea legitimatu egiten da bizikidetzaren eta demokraziaren izenean. Jarrera hori errealismoaren eta zentzu komunaren izenean zuritzen du agintari alienatuak.

Jadanik, jatorrizko Nazio-hizkuntza propioa ez da herritar gehienen mintzabide Euskal Herrian, eta historian barrena gertatu den nazio-okupazioaren bidegabekeria lazgarriak de fakto onartuz, gehiengoaren hegemonia linguistikoari men egiten dio Urkulluk. Etnozidioaren politika gehiengoaren izenean zuritzen du, bera gutxiengoaren sokakoa dela ahantzita. Gutxiengoa gehiengoaren interesen arabera gobernatu nahi du, oraingo gutxiengoa lehengo gehiengo eta lehengo gutxiengoa oraingo gehiengo zergatik bilakatu diren aztertu gabe. Ez du jakin nahi bere Nazioari zer gertatu zaion. Dirudienez, oroimen historikorik gabeko lehendakari batek gobernatuko gaitu oraingoan ere.

Azken batean, abertzale gehienei gertatzen zaiena gertatzen zaio Urkulluri ere. Ez da salbuespena. Gehiengoaren hegemonia demokratikoa praktikatu nahi dute gutxiengo lotsagarrian eta umiliagarrian geratu den jatorrizko Euskal Nazio linguistikoaren duintasuna eta eskubideak zapuztuz. Gutxiengoaren praxi linguistiko euskaldunari inposizioaren itxura hartzen diote, eta Espainieraz mintzo den gehiengoaren jarrera inor behartu gabe aldatu nahi dute. Jarrera soziolinguistiko horretatik espainolismoaren jarrerara dagoen aldea ezer askotarako balio ez duen jarrera sinboliko hutsa besterik ez da. Euskararen alde mintzo da batez besteko abertzalea, de facto nazio hegemoniko espainolaren edo frantsesaren hizkuntza etxeko daukanean.
Joxe Manuel Odriozola
Euskara irakaslea






Honaino Joxe Manuel Odriozolaren hitzak. Ezin argigarriagoak. Euskaldunok esnatu eta atzarri behar dugu lehenbailehen, etnozidioa bere azken fasean sartu baita. PNVko euskaldunak xutituko dira noizbait? Ala beren alderdiko zuzendaritza alienatu, erdaltzale eta etnozida onartuko dute betikotz? Eta kontu bera galdetzen ahal da, distantziak distantzia, EH Bilduri buruz. Euskaldunok, gauden tokian gaudela, garen postuan garela, ari garen lanetan ari garela, Euskararen hegemonia bilatu behar dugu hortzez eta haginez, Euskal Herriaren berreuskalduntzea jarri behar dugu helburu gailen eta nagusi bezala. Gainontzeko kontu aunitzetan ez gara ados izanen, bistan da. Bainan euskalduntasunaren defentsan bil gaitezen denok! Ez dago hori baino iraultzaileagorik gaur egun Euskal Herrian.

Bistan da, euskaldun iraultzaileok eta iraultzaile euskaldunok lehen lerroan izan behar dugu Herri euskaldunaren aldeko hil ala biziko borroka honetan, Euskal Herria berreuskalduntzeko lantegi erraldoi honetan. Eta are gehiago komunista iraultzaileok bagara. 

                     EUSKARARIK GABE, 
                  EUSKAL HERRIRIK EZ!

          EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ!

GORA EUSKAL IRAULTZA SOZIALISTA!
 
GORA EUSKAL ERREPUBLIKA SOZIALISTA! 

 









iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina