LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2012/10/09

Abertzaleak eta Euskara (2)



ABERTZALEAK ETA EUSKARA

(2)
 
 


Aurreko sarrera batean erran nuen, eta orain ere berresten dut

 “Den-dena ez dago ustelduta Oraingo Ezker Abertzalean. Milaka militante zintzo badira lanean. Nik oraindik esperantza dut oraingo Ezker Abertzaleko militante kontzienteenek buelta emanen diotela deriba erreformista eta sozialdemokratari, eta gainontzeko euskaldun iraultzaile eta iraultzaile euskaldunokin batera abiatuko direla Euskal Iraultzaren Sozialistaren bideetan barrena. Agian bai!”

Hori egia da, eta alor batean egia hori egiagoa bada, Euskararen defentsan da. Euskal Herriko indar politikorik euskaldunena eta euskaltzaleena da oraingo Ezker Abertzalea. Dudarik ez horretaz. Eta hor dugu adibide ederra, Gipuzkoako Diputazioak bere komunikazio guztia Euskaraz egiteko hartu berri duen neurria. Eta aski esanguratsua da nola espainolisten gorrotoa eta etnoziden aiherra piztu den erabat, erabaki zintzo eta koherente horren aurrean.

Hona hemen BERRIA egunkari euskaldunean honi buruz agertu dena:

 “Euskarari lehentasuna emateko erabakiaren berri eman zuen Larraitz Ugarte diputazioko bozeramaileak astelehenean. Diputazioak argitu du galderak gaztelaniaz egin ahal izango dituztela kazetariek, eta agintari bakoitzak erabakiko duela zein hizkuntzatan erantzun. Oharrak ele bitan bidaltzen segituko du, eta agerraldietan itzultzaileak jarriko ditu.”

Bainan euskaldunok, ete bereziki euskaldun iraultzaileok, galdera hau egin behar diogu  geure buruari: “Ongi da, bainan aski ote dugu?”, “Erabaki hau duela hogeita hamar urte hartu behar zen, bainan oraintxe hartzea ez dago gaizki, alta, nahikoa izanen ote da Euskal Herria berreuskalduntzeko?”.

Gure erantzuna da abertzaletasun baskoaren paradigma hautsi eta birrindu gabe ez dagoela Euskal Herria berreuskalduntzerik. Hau da, espainolez bizi, pentsatu eta teorizatu egiten duten abertzaleen eskutik Euskal Herria ez da inoiz berreuskaldunduko, baizik eta Iralandaren norabide tristea hartuko. Euskara euskal identitatearen “bertze” osagai nazional bat bailitzan ikusten den neurrian, nortasun baskoaren baitan dauden identitate-ezaugarri batzuen artean batto (lurraldetasuna, sinboloak, “kontzientzia nazionala”, ikurriña, historia eta abar …), eta gainontzeko “ezaugarriak” Espainolez garatzen diren neurrian, gureak egin du. Euskara da gure ezaugarri nagusia, zentrala, erdigunekoa, gainontzeko guztiak moldatu eta euskaldundu behar dituena. Kontzientzia nazionala? Bistan da behar dugula, baina kontzientzia nazional EUSKALDUNA behar dugu, Euskaratik eta Euskaraz sortu eta eraikiko duguna, eta ez Espainolez.


Abertzaletasun baskoaren paradigma zer den jakin nahi duenak, jo dezala adibide antologikoa den “El tiempo de las luces” liburu tamalgarrirat. Bere eduki erreformista, likidazionista eta iluminatu-mesianikoaz aparte, ESPAINOLEZ idatzi izanak, ESPAINOLEZ BAKARRIK argitaratu izanak (Euskarazko itzulpena euskaldunontzako txantxa iraingarria iduritzen zait niri, irailaren bukaeran jatorrizko bertsio espainola argitaratu eta azarorako, Euskal Herriko indigena aborigenentzako kontzesio kolonial “sinpatikoa” bailitzan, euskal bertsioa – Espainoletiko itzulpena- agintzen digute … milesker, bwana abertzale … Gora Euskadi askatuta!) dena argitzen du.

Paradigma abertzale euskalduna da behar duguna, Euskara eta Herri euskalduna Euskal nazioaren eraikuntzaren erdian, bihotzean, erdigunean jarriko dituena. Hori da Joxe Manuel Odriozola defenditzen duena, eta gu harekin bat egin dugu erabat. Biziki gomendatzen dizuegu bere liburua osorik irakurtzea, zinez eta benetan merezi  baitu.

Orain hona hemen bere hitzak eta gogoetak:

Lehendabiziko gurutzea:

EUSKALDUNAK MAIZTER
ABERTZALEEN NAZIOAN

Noizkoa dugu indar politiko abertzaleen munduan Euskararen arazoa ahuntzaren gauerdiko eztularen paretsu hartzeko jokamoldea? Euskal nazionalismoa Sabino Aranaren hauspopean jaio zenean, zerbaiterako jaioko zen. Ordurako euskal izatearen oinarriak pitzatuak, ongixko arrailduak egongo ziren, pentsatzekoa denez. Eta, horiek horrela, pentsatzekoa da orobat, euskal izatearen ezaugarriak erauziak zeuden neurrian, karlismoarekikoak eginda, euskal abertzaletasunaren hazia ereiten hasi zirenean, erdararen itzala indar boteretsua izango zela hiri eta herri hazietan.

Testuinguru hori gogoan, has gaitezen lekukotasun bila. Egia esan, ez dugu edonorengana jo, lekuko bila hasita: hitz gogorrak, saminduak, ditu mihian guk aukeratu dugunak: Andima Ibiñagabeitiaren hitzei euskaltzaletasun goria darie:

“Eta egia esan, Acción Vasca eta Partiduko erdel-jarioen menpean bizi baino nahiago dut Aprikako zuluen artean bizi. Bijoa zakurraren salara Euskera gabeko Euskadi maketua.”

     

Erdaldunen Euskadi gailen. Eta, bien bitartean. Erdalduntasun horren eraginak orduko alderdi abertzaleen barruak jan eta jan, sitsik lehiakorrenaren antzera. Zakurraren putza: hora hor  ordurako euskaltzalearen bihotzetik abertzale erdaldunduei opa zitzaiena. Errealismoaren itzal beltzari ederki igarri zion Ibiñagabeitiak  giro abertzaleen habietan, errealismoak errealitatea dagoen-dagoenean berritzeko besterik balio ez duenean. Gauzak aldatu beharrean, errealitatearen egoera nork bere hizkuntza politika zilegitzeko baliatu. Horra, damurik, aspaldi-aspalditik datorkigun jokamoldearen makurra.

Gure “aberri-hizkuntza”, begiko zakarraren pare:

“Nazionalista askotxo ezagutzen ditut Euskerari begiko zakarrari baino garrantzi gehiago ematen ez diotenak: ez hori bakarrik, erderaren aldare zikinean gure aberri hizkuntza bakarra pozik erreko luketenak ere bai.”

Ibiñagabeitiaren mintzoa gaiztotua zegoen, egoeraren latzak hartaraturik. Euskara zelako bere ustez aberri-hizkuntza bakarra, gaurko eta orduko abertzale gehienek uste zezaketenaren eta dezaketenaren aurka. Hizkuntzaren auzia Euskal Nazioaren ardatzetik kanpo zegoen ia ordurako, hitz horien lekukotasuna sinesgarria baldin bada. Eta halaxe izaten da maizenik: euskaltzalearen hitza hitz politikoa baino sinesgarriagoa da bai egungo egunean eta bai orduko hartan.

“Partidu politiko nazionalisten (edo aurre-nazionalisten, foruzaleen kasuan) erretorika euskaltzale ofizialaren azpitik, partiduen eguneroko praxia sarritan guztiz erdaltzalea zen.”

Pruden Garzia ere aspaldiko abertzaletasunaz mintzo zaigu hor. Abertzaletasun historikoaz edo klasikoaz. Eta jakinaren gainean jartzen gaitu hasieratik bertatik: abertzaletasunaren sorburuan Euskararen kezkarik egongo zela beharbada, herri euskaldunaren hondamendiaz oharturik izango zirela. Alegia, baina abertzaletasun hura ere ez zela gehienbat Euskaraz mintzo. Ez zuela Euskaraz pentsatzen. Ez zela kultura euskaldunaren iturriko ura.


Abertzaletasunaren hizkuntza-praxia aipatu digu Garziak. Eta zer da hizkuntza giza eta gizarte praxia bera ez baldin bada? “Wittgenstein hizkuntza-pragmatikaz mintzo da; hau da, hizkuntza praxiari dagokio bete-betean”. Gadamer-en hitzok garbiro azaltzen digute hizkuntzarik izaerarik sakonena, izaera hori giza praxiari berari darion ezaugarria da, giza praxi ororen tarteko eta bitarteko baita hizkuntzaren eginkizuna. Giza eta gizarte ekintza orotan datza hizkuntzaren jarduna, eta jakina, ekintza politikoa ez da salbuespena, gure abertzale askok eta askok besterik sinestarazi nahi badigute ere.

“Nazio txiki eta zanpatuen mugimendu nazionalisten sorreran, sarri askotan, hizkuntzak elementu sinboliko huts gisa jokatu izan du (Euskal Herrian bezala), eguneroko praxia menperatzaileen hizkuntzan garatzen zelarik; hau da, eguneroko praxian hizkuntza bigarren edo hirugarren mailako arazotzat hartuta”.

Pruden Garziaren iritzi horrek, egia esan, egiturari buruzko gure atari-oharrak ekarri dizkit gogora: euskal nazio-identitatearen sisteman zer-nolako lekua opa diogun ba Euskarari. Euskalduntasuna bigarren edo hirugarren tokian baldin badago, lekutan dago Euskal Nazioaren ardatz eta gune nagusi izatetik. Euskalduna bere etxean eta jaioterrian bertan bigarren mailako herritar, alajaina! Eta egoera bidegabe horren konplizeak nor izango, eta abertzaleak beraiek.

Garziak ederki asko dioskun bezala, Herri menderatu eta gutxituen kasuan, ohikoa da hizkuntzaren arazoa aintzat ez hartzeko jokabide tamalgarria. Hizkuntzaren arazoa geroko gerotan uzteko joera arbuiagarri hori, hain zuzen, Herri kolonizatuetako askapen-borroketan inon baino garrazkiago ageri zaigu:

“Lehen-lehendik, klase borroka. Lehendabizi egin dezagun Iraultza, edota irabaz ditzagun lehendabizi hauteskundeak. Hizkuntzaren arazo horiek berez konponduko dira ondoren.”


Louis-Jean Calvet-en lekukotasun hori mingarria da Herri euskaldunarentzat. Hemen bertan horixe bera gertatzen zaigulako; izan ere, etsaiaren nazio-hizkzuntza menderatzailean askatu nahi digute aberria gure abertzale gehienek. Gero, askatu ondoren, jakina, Euskarak bere alde izango omen lituzke direnak eta ez direnak, egungo Erdal herri hau Euskal herri bilakatzeko. Horratx, abertzale askok sinestarazi nahi diguten miraria.

Abertzale gehienak ez bide dira ohartu oraindik, Euskara nazio-hizkuntza egiten duena ez dela erdaraz mamitutako jardun politiko, sozial eta kulturala. Gogora diezaiegun halere, horrek ezer askotarako balioko ez badu ere, Euskaraz jardunda bihurtzen dugula Euskara Euskal Herriaren nazio-hizkuntza. Erdaraz herri euskaldunaren alde egin litekeen guztia eginda ere, deus gutxitarako dela, Euskarazko Herririk ez baldin badago eginkizun haren ardatzean kokatua. Euskaraz jardunda bakarrik bihurtzen baita Euskara gizarte-hizkuntza normaldua, ez erdaraz pentsatua eta ekinda. Euskal Herria, euskal hitzaren lantegian ez bada, ezin da eraiki, erdal hitzaren lantegian ekoiztutako gizarte-eredua ezin delako euskalduna izan.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina