EUSKARA,
GURE AMERRI BAKARRA!
Amerria? Zergatik Amerria eta ez Aberria? “Aberri”
hitza Sabino Aranak erabili zuen 1896an lehen aldikoz. Erdarazko “Patrie”,
“Patria”,
“Fatherland”,
edota “Vaterland” kontzeptua adierazteko asmatu zuen hitza. Lehendik
baguenuen euskaldunok bertze hitz batzuk: Herria, Sorterria, Jaioterria
... Bainan ez zitzaion aski argiak iduritu, nonbait, eta hitz berria asmatzea
erabaki zuen, Europako erdaren bidetik.
Amerria, aldiz, eta nik dakidala, 2003an erabili zuen lehen
aldikoz Jean-Louis Davant-ek, poema batean. Hona hemen:
Alderdien
gainetik, etsaien artetik
Populu
zuhur honen hizkuntza txukuna
Europako
lehena, denen ondasuna
Jalgi
hadi plazara Bernaten hitzetik.
Berozan
familia lano guzien petik
Susta
berriz Herria, bila batasuna
Eta
presondegitik ekarran laguna
Bakean
bizi hadin haurren ezpainetik.
Hirekila
gaudela lumaz, obraz, elez
Eskola,
telebista, liburu, kazetan
Irratian,
karrikan, herriko etxetan.
Goretsiko haunagu lanez eta legez
Ofizialki
deituko mundutar dantzara
Bai,
Amerri bakarra hi haunat Euskara!
Euskal
Herria kinka larrian dela begi bistan da. Eta Euskal Herri Langilea are gehiago
oraindik. Krisi ekonomiko globalak oso gogor jotzen du Euskal Langileria,
planeta honetako gainontzeko Herri Langileak bezala. Eta datu guztiek erakusten
dute etnozidioa, hots euskaldungoaren desagertzea eta Euskararen hiltzea
aurrera doala etengabe, mantsoago Gipuzkoan, fitexkoago Bizkaian eta Araban, azkarki
Nafarroan, eta abiadura ikaragarrian Ipar Euskal Herrian. Itzulbiderik gabeko
egoerarat hurbiltzen ari gara egunetik egunera, planeta honetako bertze milaka
eta milaka hizkuntzak eta hiztun-komunitateak bezala. Kapitalismo Inperialistak
eta Estatu etnozidek Humanitatearen aniztasun kultural eta linguistiko oro
suntsitzen aro dira. Ekozidioak, etnozidioak, genozidioak, feminizidioak ...
Botere zapaltzaileen seinalea nonahi, eta bereziki, Kapitalaren Diktadurarena, Merkatu finantzarien Tiraniarena.
Ateka
estu honetatik irteteko, euskaldunok geure burua indartu eta azkartu behar
dugu. Eta euskal langileok areago oraindik, nazio eta hizkuntza zapalkuntzaz
gain, klase zapalkuntza ere dugulakotz. Eta zer erran emazte langile
euskaldunez? Zapalkuntza laukoitza dute gainean gure arrebek, haiek dira Euskal
Herri Langilearen sektorerik zapalduena. Zapalduok, geure burua askatuko badugu,
tinko errotu behar dugu geure sustrai eta kontzientzian, geure identitatean eta
klase-interesetan, geure borroka eta askagintza - guduetan.
Horren
egiteko, Herria oro har eta Herri Langilea bereziki askatzeko, Euskal Herriaren
erroetara jo behar. Ororen gainetik Euskara da gure erroa, Euskara baita
euskaldun egiten gaituena. Euskara da gure euskarria. Euskarak eusten digu Herri
eta jende gisa. Euskara da Euskal Herria askatzeko dugun armarik zorrotzena. “Euskara
Ta Askatasuna!” hori da Euskal Iraultza Sozialistaren oihua, etnozida
inperialista frantses eta espainolen aurka, eta sasiabertzale basko guztien
kontra. Blog honetan hamaika aldiz errana dugu hau jadanik.
XIX. mendean Euskal Herriak pairatu
zuèn etnozidio sistematikoaren ondorioz, orduantxe sortu zèn abertzaletasuna
nazio-alienazio linguistiko bortitzaren emaitza izan zen. Lehentasuna botere
politikoa eskuratzeari emanda, eta bere jarduera gehiena Espainolez eginda,
Euskal Nazioaren zutabeak osatzeari bigarren mailako zeregin sinboliko eta
folklorikoa esleitu zitzaion.
XX. mendean abiatu zèn ezkerreko
abertzaletasun berrian, bi paradigma ari ziren elkarren lehian eta talkan:
Txillardegi, Eustakio Mendizabal eta beste aunitzen abertzaletasun euskalduna,
eta beste batzuen abertzaletasun baskoa. Bi paradigma horiek 50 urtez
aritu dira barne-borrokan, eta argi dago zein den behin eta berriz gure artean
nagusitu dena: abertzaletasun baskoa,
nagusiki Espainolez eta Frantsesez pentsatu eta hezurmamitzen
dena. Hortxe dugu GARA egunkari erdaldun espainola, “elebiduna” omen,
egunero Espainia behin eta berriz birsortzen duena gure artean, linguistikoki
eta kulturalki, hitzez eta azalez “independentista” izan arren …
Hortxe ditugu Arnaldo Otegi eta Joxe Antonio Ibarretxe buruzagi abertzaleen
liburuak, ESPAINOLEZ pentsatuak eta
idatziak. Paradigma abertzale baskoaren adibide paregabeak, eta Euskal
Herriaren alienazio linguistiko eta kultural bortitz eta izugarriaren emaitzak
...
Amerriak lau bide zabaltzen ditu: euskalduntasuna, nafartasuna, feminismoa
eta ekosozialismoa. Lau ardatz horien
inguruan Euskaraz eraiki behar da euskal amertzaletasuna. Zeren eta Euskal
Herria, Euskaraz eraiki eta osatuko baitugu, eta ez bestela. Irlandako ispilu
hitsak argiro baino ilunkiro irakasten baitigu abertzaletasun erdaldunak, patriotismo baskoak nora eramanen
gaituen: etnozidioaren azken fasera, Euskara eta Euskal Herriaren heriotzera.
Euskararik gabe Euskal Herririk ez. Euskal Eria izanen gara hasieran,
emeki-emeki erdal herri bilakatzeko, Txillardegik 1978ko liburuan iragarri
bezala. Hortxe ditugu Jakerria, Errioxa, Biarno, Bigorra, Bureba eta beste
hamaika eskualde, lekuko. Euskara hil zen han, eta jadanik inor ez da euskal
herritar sentitzen, lurralde horiek Euskara galdu zuten, hango biztanleak
erdaldundu zirelakotz, eta jadanik ez dira Euskal Herria, nahiz eta mendez
mende nafar eta euskal lurraldeak izan.
Euskara eta euskalduntasuna ditu
ardatz, bihotz eta muin amertzaletasunak: “Euskal Herria, Euskararen Herria eta
lurraldea da”. Euskaraz osatu, osatzen eta osatuko da Euskal Herria, hitzaren
zentzurik zabal eta sakonenean. Euskarak izan behar du erabateko lehentasuna
gure borrokan, Euskaraz jakitea edota ikasten aritzea izan behar da lehen
baldintza Euskal Herriaren alde aritzeko. Zinezko euskal iraultzailea izateko. Bestela
gezurretan ari gara, Espainiak eta Frantziak egindako etnozidioa indartzen eta
legitimatzen, noren eta balizko “abertzaletasun” mamiz hustutako baten
izenean! Edota zapaltzaileen hizkuntza alienatzaileetan egin nahi den “iraultza”
inperialista eta antieuskaldunaren izenean.
Amertzaletasunaren garaia iristear
dagoela uste dut: espainolistek jukutriaz eta azpikeriaz ebatsi zuten
Mendebaldeko Jaurlaritza, eta ondorioz, euskaldun aunitz beren lozorro eta
ameskeria autonomikoetatik esnatzen hasiak dira. Nafarroako Gobernu kolonialak
bere jokaera zital eta etnozida erakusten digu egunero, eta Ipar Euskal Herrian
nazionalismo jakobino eta totalitario frantsesak erabakitako herrizidioa bere
azken fasean sartu da. Garai berriak omen datoz Euskal Herrira, hala diote EH
Bilduko abertzaleek. Guk ez dugu horretan sinesten, jakina, bainan ez gara
zozoak, komunista iraultzaileak gara eta ez dugu maite, ez onartzen EH Bilduren
erreformismo sozialdemokrata. Alta, zerrendaburu guztiak euskaldun osoak dira,
eta Isasi eta Mintegi bereziki euskaltzale porrokatuak. Honek esperantzarako
atea irekitzen ahal digu, Euskara indartuko dela aurrerantzean oraingo Ezker
Abertzalean? Agian bai! EH Bilduko euskaldunek dute giltza. PNVrekin berdin,
nahiz eta Urkulluk berriki errandako lerdokeria erdaltzaleek itxaropenik gabe
utzi gaituen. Euskararen indartzea abiatuko da Euskal HerrikoMendebaldean?
Nafarroan UPN eta PPren amiltzeak ekarriko digu arnasa euskaldun nafarroi? Ipar
Euskal Herrian aipatzen den deszenralizazio frantses mugatu eta zikoitz horrek
gure hizkuntzaren heriotzaren abiadura eztituko du amiñi bat,
koofizialtasunaren bidez? Amets egitea
libre da, eta debaldekoa. Alferrikakoa ote?
Dena
den, guk argi dugu eta ozenki diogu: Euskara eta euskaldunon aurkako
etnozidioari buelta emateko, Euskal Herria behin betikotz berreuskalduntzeko,
Iraultza behar dugu. Euskal Iraultza. Euskal
Iraultza Sozialista. Euskal Herri Boterea, eta Berreuskalduntzeko Plangintza
Nazionala. Bitartean, hotzez eta haginez erdiesten ditugun apurrak biziki
inportante eta garrantzitsuagoa dira, etnozidioaren abiadura moteldu eta
mantsotzeko. Bainan, ondikotz, ez dira aski Euskararen eta Herri Euskaldunaren desagertzea
gelditzeko. Ez dago irtenbiderik Espainia eta Frantzia Estatu etnoziden baitan,
eta ez dago konponbiderik abertzaletasun baskoaren paradigmaren barnean. Abertzaletasun
baskoaren bidetik, Espainola nagusituko da Hego Euskal Herrian, eta Frantsesa Ipar
Euskal Herrian.Irlandan gertatu zen bezala.
Garaia da jauzi kualitatiboa egiteko
gure kontzientzian eta praktikan. Garaia da Euskara Euskal Nazioaren bihotz eta
ardatzean kokatzeko. Garaia da argi eta garbi Frantzia eta Espainia espektro
inperialekin hausteko eta Euskal Errepublika Sozialista aldarrikatzeko. Garaia
da Euskal Iraultza Sozialistaren bandera gorria (berriz ere) lau haizetara
jasotzeko, Euskara eta Askatasunaren bidean.
Garaia da 1848ko uztailaren 25ean
Agosti Xahok egindako oihu eta garrasia berriro entzunarazteko: “Biba independentzia! Biba Errepublika!
Biba Euskal Herria!” Garaia da Eustakio Mendizabalen hitzak oroitzeko:
behin militante batek galdetu omen zion, ea zein zen borrokaren marko
politikoa. “Hizkuntzak ematen duena”, erantzun omen zuen. Ezin argiago.
Argiago ez, bainan ederrago bai,
Caetano Veloso kantautore brasildarrak honako hau idatz zituen:
"A
língua é minha pátria
E
eu não tenho pátria: tenho mátria
E
quero frátria".
“Hizkuntza
da ene aberria
Eta
nik ez dut aberririk: amerria badut
Eta
anaitasuna nahi dut”.
“Hemen,
euskaldun
izatea bezalako
gudaririk
ez dago.
Hemen,
Euskaraz
irakurri
eta
Euskaraz idaztea bezalako
iraultzailerik
ez dago.
Hemen,
Euskara
indartzea bezalako
indar
politikorik ez dago.
Hemen,
ez
dago Euskara adinako desafiorik
Inperio
zurrupariaren aurka.
Hemen,
ez
dago Euskara adinako
askatasunaren
aldeko
itxarobiderik”.
Bitoriano Gandiaga
GORA EUSKAL IRAULTZA SOZIALISTA!
GORA EUSKAL ERREPUBLIKA SOZIALISTA!
EUSKARARIK GABE,
EUSKAL HERRIRIK EZ!
EUSKARA DA GURE AMERRI BAKARRA,
SOZIALISMOA DA GURE IPARRA,
KOMUNISMOA
DA GURE IZARRA!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina