LAB :
EUSKAL IRAULTZA SOZIALISTATIK
ESTATU BURGES BASKORAT
Blog hau LABeko Zuzendaritzak zentsuratu zuèn Ponentzia alternatiboarekin hasi zen, eta betidanik segimendu handia egin diogu Langile Abertzaleen Batzordeen sindikatuari. Garai batean Euskal Iraultza Sozialistaren Bloke gidaria zèn KASeko partaidea izan zen sindikatua, KASen langile erakundea baitzen, taktikoki sindikatu gisa eratua. Orduz geroztik urak bere bidea egin du zubi azpian!
Batzutan uste izaten dut behin eta berriz errepikatzen naizela eta gauza berberak erraten ditudala, jendea aspertzen ari naizela. Adibidez, Oraingo Ezker Abertzaleak behin eta berriz "saldu" nahi digun zorioneko eta balizko "Euskal Estatu" ditxosozko hori: uztailaren 24ko sarrera batean, "Hamar galdera egin beharrekoak. Komunista iraultzaile baten dekalogo kritikoa" izenburua zuèn hartan, hauxe erran nuen:
"1.- Zein izanen da oraingo Ezker Abertzaleak maiz aipatzen duen Euskal Estatuaren klase izaera? Estatu burgesa izanen da? Langileena? Zein izanen da ekonomia kapitalistaren tokia hor?
2.- Zein izanen da balizko Euskal Estatu horren hizkuntza-egoera? Zein
izanen da Euskararen estatusa hor? Irlandako bidea hartuko dugu? Egun
hauetan azken inkesta soziolinguistikaren emaitzak agertu dituzte…
Etnozidioaren egoeraz eta tamainaz ohartzen gara? Ipar Euskal Herria
hiltzen ari zaigu begi aitzinean… eta Hego Euskal Herrian, Gipuzkoa kenduta, egoera hobea dea?
3.- “Europa” aipatzen denean, izendatze geografiko hutsaz ari gara?
Ala kokatze politiko eta ekonomiko batez, hots, Europako Batasuna,
ekonomia kapitalista eta inperialista, OTAN, MDF, eta abar? Zer nahi
dugu izan, Arnaldoren azken elkarrizketak irakurrita? Luxenburg basko
bat? Andorra txapelduna? Corporación Mondragon eredua Euskal Herri
osorat zabaldu? Euskal Estatuko enpresek Txinako langileak esplotatuko
dituzte? Indonesiakoak? Vietnamgoak? Dena “ad maiorem gloriam Euskal
Herriae"?
4.- Zein izanen dira LABek aipatzen duen Estatu Sozialistaren
ezaugarriak? Nola egituratuko da? Zer da Estatu Sozialista bat izatea
Sobiet Batsuna, Txina, Vietnam, Korea, Kubako esperientzien argitan?
Sozialismoa herrialde bakar batean posible dea? Nola? Zein dira
trantsizio sozialistarako bideak XXI. mendean? Gure helburu estrategikoa
Sozialismoa da, ala Komunismoa? Ekosozialismoan kokatzen gara?
Deshazkundean?
5.- Zein da LABek eta oro har oraingo Ezker Abertzaleak proposatzen
duen estrategia Estatu Sozialista hori erdiesteko? Iraultza Sozialista
beharrezko izanen da? Nolakoa? Zergatik ez da hitz hori nehoiz aipatzen?
Zergatik ez da Euskal Herri Langilea erramoldea sekulan erraten?
Zergatik erabiltzen dira behin eta berriz burgesiaren hizkera
hiperideologizatuak: “gizartea”, “hiritarrak”, “arduraz jokatzea”, eta
abar? …"
Geroago, Leninen libururik iraultzaileena zatika argitaratzea erabaki genuen, militante iraultzaile euskaldunen formaziorako, jakina, baina bereziki balizko "Euskal Estatua"-ri buruz eta heldu zaigun Estatu burges baskoaz eztabaida piztu eta gogoeta eragin nahian.
Blog hau hurbildik segitzen dutenek aski ongi badakite LAB eta Euskal Estatuaren gaia behin eta berriz jorratu dugula, aspergarriak izateraino.
LAB :
INDEPENDENTZIA ETA SOZIALISMOA
ALA
EUROPA KAPITALISTA ETA INPERIALISTAN INTEGRATUTAKO ESTATU BASKO BURGESAREN BIDEAN?
INDEPENDENTZIA ETA SOZIALISMOA
ALA
EUROPA KAPITALISTA ETA INPERIALISTAN INTEGRATUTAKO ESTATU BASKO BURGESAREN BIDEAN?
Eta bertan honako parrafo hau idatzi nuen:
"Azken finean, LAB Estatu basko
burgesaren logikaren baitan sartu da buru-belarri, hau da, Kapitalismo
Inperialistaren baitan "Ongizate Estatu" bat eraikitzea oligarkia
anglo-saxoi eta sinoistaren baimenarekin, Kosovo, edota Eskozia bezala.
Horregatik erraten da agirian honako esaldi hau, guztiz argigarria: "Euskal Herrian badugu behar adina baliabide eredu
ekonomiko eta sozial berri baten alde egiteko, lanaren eta
aberastasunaren benetako banaketaren bidez pertsona guztien bizi
kalitate duina bermatuko duen ereduaren alde egiteko." Hau
ez bada balizko Estatu burges basko "sozialdemokrata" baten apologia,
zer da? Eta norekin eraikiko da "Euskal Estatu" hori? PNVko
burgesiarekin, jakina. Ameskeria erreformista tamalgarria, Euskal Nazio
Askapen Mugimenduaren 50 urteko borroka zakarrontzirat "unilateralki eta
aldebakatasunez" bidaltzen ari dena."
Beraz, gaurkoan, LABi berari ematen diot hitza. Prentsan agertu dira hurrengo berriak. Irakurleek osatuko dute beren iritzi propioa, eta erranen dute nire gogoeta eta burutazioak exagerazioak ote diren, ala deriba gero eta erreformistago baten salaketa.
Nork bere iritzia. Nork bere bidea!
Beraz, gaurkoan, LABi berari ematen diot hitza. Prentsan agertu dira hurrengo berriak. Irakurleek osatuko dute beren iritzi propioa, eta erranen dute nire gogoeta eta burutazioak exagerazioak ote diren, ala deriba gero eta erreformistago baten salaketa.
Nork bere iritzia. Nork bere bidea!
LAB :
ESTATU BAT ERAIKITZEA BIDERAGARRIA EZ EZIK KOMENIGARRIA EDOTA PREMIAZKOA DA EUSKAL HERRIARENTZAT
IPAR HEGOA Fundazioak, UEUren
lankidetzarekin EUSKAL ESTATUARI BIDEA ZABALTZEN izenburuarekin
argitaratu berri duen 3 liburuz osatutako bilduma aurkeztu du gaur
Bilboko Foru Artxibategian. Aurkezpenean Ainhoa Etxaide, LABeko idazkari
nagusia, Pazis García, Ipar Hegoa fundazioko arduraduna, Txoli Mateos,
Mario Zubiaga, Julen Zabalo eta Iñaki Antigüedad EHUko irakasleek eta Jose Ramon Etxebarria, UEUko publikazio arduradunak hartu dute parte. Azterlan honetatik Euskal Estatua bideragarria ezekin onuragarria ere badela ondorioztatzen da.
Prentsaurrekoan
azaldu bezala, estaturik gabeko Nazio baten bideragarritasuna zalantzan
jartzea ohikoa da nazio honek bere independentzia eta estatu premia
aldarrikatzen duenean eta Euskal Herria ez da salbuespena izan. Izan
ere, Euskal Herria lurraldez herri txikia dela esaten da;
globalizazio-aro honetan zentzurik ez dutela zatiketa prozesuek; denon
arteko elkarlana eta ulermena bilatzen den garai honetan, independentzia
aldarrikatzeak bereizketa sortzen duela herritarren artean, eta abar.
Beraz, asko dira gaur egun estaturik ez sortzeko aipatzen diren faktore
eta iritziak. Baina hori jakinda ere, hor ari dira milaka euskal
herritar estatua eskatzen. Ez da haiena ere argudio egoki eta pisuzkoak?
Modu batean edo bestean, oraingo
nazioarteko testuinguruan, estatua da erabaki politikoak hartzeko ahalmen osoaren adierazpen nagusia. Horregatik, gaurko Euskal Herrian, oraingo testuinguru politikoan, oso interesgarria eta beharrezkoa iruditu zaigu, Euskal Estatu bat Europan eraikitzeari begira, onura, aukera, mehatxu eta gabezien inguruko hausnarketa kolektibo bat egitea, hainbat alor jorratuz: politika, alor instituzionala, lurraldea, sozioekonomia, hizkuntza, kultura, identitatea, eta abar.
IPAR HEGOA Fundazioak dauden baldintza guztiak kontuan hartu, eta Euskal Estatua bideragarria den jakin nahi izan du. Horretarako, gaian adituak diren irakasle eta ikertzaileak batu ditu horretan sakontzeko. Ez dugu bilatu, bestalde, ikuspegi homogeneorik. Ez da izan hori IPAR HEGOA Fundazioaren asmoa. Aitzitik, egileek askatasunez hitz egin dute, Euskal Estatuaren beharra eta bideragarritasuna azpimarratzeko ideia orokorrari eutsiz, baina hortik aurrera jarrera eta ikuspegi desberdinak egon daitezkeela jakitun.
Horrela egin dugu, lanaren helburua ez delako Euskal Estatuaren konstituzio bat eraikitzea, edo hau, nolakoa izan beharko lukeen ezartzea. Helburua xumeagoa da, ordea, eta hein berean, erabakigarria: Euskal Estatua bideragarria da? Mereziko luke Euskal Estaturik osatzea? Euskal herritarrek ontzat joko lukete proiektua?
IPAR HEGOA Fundazioak zinez uste du azterlan honek interes horri erantzun diezaiokeela eta, diziplina anitzeko ikuspegia baliatuz bertan biltzen diren gogoeten bidez, lagungarria izan daitekeela Euskal Herria oraingo nazioarteko testuinguruan bistaratzeko eta hor kokatzeko; halaber, konparazioak egitearen bidez, lagungarria izan daiteke gaur egun estatuek osatzen dituzten eremuetan Euskal Herriaren posizio absolutu eta erlatiboa ezartzeko munduan.
Gure ustez, azterlan honetan jasotako ekarpen teoriko interesgarriak baliagarriak izango dira Euskal Estatuaren errebindikazioa edukiz hornitzeko, eta lagungarriak, halaber, horrelako apustu bat itxuratzeko beharrezkoa den oinarri material eta ideologikoa lantzeko. Izan ere, IPAR HEGOA Fundazioak uste du hori dela alternatibarik onena Euskal Herrian bizi eta lan egiten dugun pertsona guztiontzat, eta planteatu nahi du Euskal Herriak badituela oinarrizko potentzialtasunak, gaur eta orain, estatu bat Europako estatuen multzoan sortzeko.
Hortaz, EUSKAL ESTATUAri BIDEA ZABALTZEN
EUSKAL ESTATUAri BIDEA ZABALTZEN izenburupean aurkezten dugun azterlan honen bitartez, IPAR HEGOA Fundazioak ekarpen kualifikatu bat egin nahi dio Euskal Estatua eraikitzeko beharrari eta horren bideragarritasunari. Hiru liburutan banatu dugu azterlana, sailkatu dugun hiru gai-arloen arabera: Herrigintza eta erakundeak, Herritartasuna eta kultura, eta Lurraldea eta sozioekonomia.
AINHOA ETXAIDE:
"ESTATU BAT ERAIKITZEA BIDERAGARRIA EZ EZIK KOMENIGARRIA EDOTA PREMIAZKOA DA EUSKAL HERRIARENTZAT"
«Ezaguna da LABen erronka Euskal Estatu Sozialista bat eraikitzea dela.
Proiektu horren alde borrokatzeko jaio ginen eta hori da euskal
langileei egiten diegun eskaintza.
Hainbat fase eta etapa bete ditugu borroka honetan. Eta orain, guk ez dugu zalantzarik, Euskal Estatuari ateak parez pare irekiko dizkion fasea bizitzen ari gara. Hori da sortu dugun aukera eta hori da burujabetzaren aldeko gauden guztion erronka. Horrela adierazi genuen maiatzean burutu genuen VIII Biltzar Nagusian, esan genuen norabide honetan urratsak emateko iniziatiba berriak hartu behar ditugula eremu guztietan eta hau da kongresu horren emaitzetako bat.»
«Gaur,
borroka honetan urrats berriak eta erabakigarriak emateko aukerak
eskaintzen dituen momentua bizi dugula uste dugu LABetik.
Independentziaren bidea jorratzeko urrats oso garrantzitsuak eman dira
bai eremu politikoan. Eta baita eremu sozialean ere. Krisi orokorrak
markatzen duen egoeran geroz eta gehiago gara Estatu españolari lotuak
jarraitzeak suizidio politiko, ekonomiko eta sozial bat dela pentsatzen
dugunak. Geroz eta gehiago gara Euskal Herriak bere bidea egin behar
duela aldarrikatzen dugunak.
Harago eginez, LABen iritziz geroz eta argiagoago dago independentziara
eramango gaituen bidea egitea Euskal Herriari gehien interesatzen zaion
bidea dela, Herri eta klase bezala ditugun interes ekonomikoak hoberen
ziurtatzen dituen hautua dela. Guretzat hau erabakigarria da, hemen dago
Euskal Estatuaren proiektuaren inguruan gehiengo oso bat barne biltzeko
gakoa, hemen dago ere Estatu baten aldeko akordio zabalak eraikitzeko
aukera ere.
Gure iritzia hori zelarik benetako oinarriak dituen ikertzea izan zen
gure erabakia eta horregatik jo genuen unibertsitatera. Euskal Estatu
baten bideragarritasunari buruz galdetu dugu eta aukera hori sakonean
aztertzeko eskatu genien hainbat eta hainbat adituei. Liburu hau da
emaitza. Eta gure ustez konklusioa oso argia da: estatu bat eraikitzea
bideragarria ez ezik komenigarria edota premiazkoa da Euskal
Herriarentzat. Eta momentu honetan, Euskal Estatuari ateak parez pare
irekitzea borondate politiko kontua da. Borondatea badago bide hori
jorratzea ekidin ezina da.
LABen iritziz Euskal Estatuaren aldarriaren inguruan gehiengo politiko
eta sozial bat biltzea oso posiblea da momentu honetan. Eta hori izan
behar independentista guztion erronka eta helburua. Baina horretarako
gure proiektua eguneratu behar dugu, gaurkotu, osatu, sakondu...
horretan datza liburu hauetan jasotzen diren azterketek guretzat duten
balioa. Hau da LABen tresna gure alternatiba estrategikoan sakontzeko,
gaurko egoerak eskatzen dituen benetako eta egiturazko alternatiben
inguruan proposamen eta eskaintza sendoak egin ahal izateko.
Bada ere Euskal Estatuaren aukeraren inguruan eztabaida politiko eta
soziala sustatzeko tresna ere. Euskal Herriko sektore ekonomikoen artean
eztabaidatzeko bitarteko ezin hobea dela uste dugu eta eztabaida hori
bultzatuko dugu.»
Askapen mugimenduaren historian sozialista ez litzatekeen estatu bat eta baita automia ereduak ere planteatu dira,KAS Alternatiban adibidez,baina beti taktikoki,planteamendu estrategiko sozialista baten baitan eta praxi iraultzaile baten barruan.Planteamendu horiek ere zalantzarik gabe eztabaidagarriak izan arren,egungo planteamenduekiko desberdintasun kualitatiboa helburu estrategikoen eta praxi iraultzailearen baztertzean datza (halakorik ukatu beharrean aurkitzen badira ere).Egungo estrategiak sisteman integratzeko bidea jorratzen du eta aldarrikapen horiek egun estrategia eta proiektu iraultzaile bat baztertzearen baitan kokatzen dira,ez iraultzaren bidean,hori da gakoa.
ErantzunEzabatuDuela gutxi urrats kualitatibo berri bat ezagutu ahal izan dugu:Gernikako akordioko sinatzaileek,beraz tartean oker ez banago LABek,Askapenak,Gazte independentistek...eta mingarriena EPPKk, gutun bat zuzendu diote Europar Batasun inperialistari "laguntza" eskatuz honelako irakurketekin:
"Berriki eskuratu du Europako Batasunak Bakearen Nobel Saria. Zenbait arlotan eta prozesutan Europako Batasunak hartu duen jarrera zalantzagarria izan daitekeen arren, ukatzerik ez dago Europako proiektu komunaren adierazle nagusietako bat izan dela bakearen eta giza eskubideen eta eskubide zibilen kultura hedatzen laguntzea.
Hori aintzat izanda, eta Euskal Herrikoa Europako azken gatazka politikoa dela kontuan hartuta, Europako Batasunari hainbat eskaera zehatz bideratu nahi dizkiogu."
Europar Batasuna, herri-langileen etsai amorratua,inperialismo kapitalista hegemonikoaren tresna krudela,giza eskubideen,bakearen eta eskubide zibilen hedatzailea dela eta gainera hori UKAEZINA dela???Zaila da disparatean horraino iristea!
Euskal Herrikoa Europako azken gatazka politikoa?To internazionalismoa!Hori da Askapenaren manifestu internazionalisten,Sorturen txostenen edo Ainhoa Etxaideren sozialismo aldarrikapenen benetako maila ematen duen praxia.
Estrategia horrekin estatu burges baskorik ere ez,Urkulluk eskaintzen duen estatus juridiko berritu-estatuto erreformatu bis eta hor konpon,baina noski abal demokratikoarekin eta burokrata postu bermatuekin...
Erabat ados! Dena den, egun hauetan Argalaren azken hitzak entzuten aritu naiz, eta berak, argi eta garbi erraten du zinta magnetofonikoan KAS alternatibaren baitan nazionalizazioak agertzen zirela: banka, siderurgia eta untzigintza, adibidez. Hori bide zen langileen bizi baldintzen hobekuntzari buruzko puntua. Geroago planteamendu hau desagertu zen. Honekin erran nahi dut hasierako planteamenduan, KAS alternatibaren bidez erdietsi nahi zèn egoera Sozialismorako bidea zela, ez estatu burges huts bat, baizik eta herri-demokrazia bat, antioligarkikoa, hegemonia iraultzaileen eskutan zegoela. Eta antinperialista, jakina, Kapitalaren "Europa" eta OTANen aurkakoa. Garbi dago oraingo estrategia ez doala bide horretatik: OTAN ez da aipatu ere egiten, eta "Euskal Estatu Librea Europan" aldarrikatzen da, subliminalki "Euskal Estatua Europar Batasunean eta Euroaren baitan" adieraziz.
ErantzunEzabatuEPPKri buruz erran behar dut Kolektiboko partaidea izan naizea zortzi urtez, eta denok dakigu zein zailtasun ikaragarriak dituzten presoek eztabaidak egiteko, etsaiek ezarritako errepresio, sakabanaketa eta isolamenduaren ondorioz. Beraz, EPPK Gernikako sinatzaileen ekimen patetiko horiatean ikustea mingarria bada ere, seguraski preso asko (ezin jakin zenbat) ez daude ados errandako txorakeria horiekin.