LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2013/01/02

Aieteko hitzarmena eta etnozidioa


 

Aupa denok! Urte berri on! Aspaldiko, ezta?

Hamabortz eguneko oporraldia hartu dut blog honetan, zinez akituta nengoelakotz eta kontu berberak behin eta beriz errepikatzen ari nintzela uste nuelakotz. Bi aste luze hartu ditut arnasa hartzeko, lasai bizitzeko, goxoki pausatzeko, eta jakina, blog honen, eta ondorioz ene buruaren kritika ere egiteko. 

Blog honetako ardatzak finkatuta daudela uste dut, eta irakurleen taldea ere egonkortuta dagoela ematen du, hamazazpi egun sarrera berririk gabe egonda ere, ez baita jaitsi sobera orri hauetara hurbiltzen den jendea. Hasi berri den urte honetan blog dinamikoagoa egitea erabaki dut, Euskal Herriko gaurkotasunera zorrozkiago atxikia, beti ere lan teorikoak eta gogoeta estrategikoak baztertu gabe.

Hasteko, hona hemen BERRIA egunkarian duela astebete, pasa den urteko abenduaren 23an argitaratutako artikulu biziki interesgarria. Ziur aski gehienek irakurria dukezue, bainan hala ere argitaratzea erabaki dut, ene iruzkinekin. Iruzkin hauek letra beltz eta etzanak dira, parentesien artean ageri direnak. Azpimarrak ere nireak dituzue.



BERRIA 2012-12-23





ZER DAKITE 

AIETEKO NAZIOARTEKO BEGIRALEEK?  


Iñaki Lasa  Euskaltzalea

Hizkuntza gatazkak botere gatazkak dira. Salbuespenik gabeko baieztapena da hori; kasu guztietan eta mundu osoan, hizkuntza gatazkak botere gatazkak dira.

(Hizkuntza gatazkak botere gatazkak dira, bai horixe! Eta bertan agertzen dira klase borrokak ere, bere gordinean. Hizkuntza gatazkek, hain zuzen ere, erakusten digute zapalkuntzen eta botere-harremanen sareen txirikordatzeak izugarri konplexuak izan ohi direla, multidimentsionalak, eta beraz, azterketa unidimentsionalak (ekonomizismoa, kulturalismoa, ekologismoa, indigenismoa, feminismoa...) errealitatearen atal bat bakarrik erakusten ahal digutela, bainan ez zapalkuntza sistema bere osotasunean eta aniztasunean. Hau da, gaur egungo sistema zapaltzaile hegemonikoa Kapitalismo Inperialista izaki, gainontzeko zapalkuntza-sareak bere metatze eta birsortzearen logika hegemonikoaren baitan kokatu behar dira, beti ere sare bakoitzaren autoomia erlatiboa ahantzi gabe. Euskal Herrian pairatzen dugun etnozidioa ezin da inolaz ere ulertu Kapitalismoak azken mendeetan gure lurretan eragindako klase borroketatik at, ezta mundu mailan garatzen diren burgesiaren eta langileriaren arteko gatazketatik kanpo. Azterketa kulturalistek edota linguistikoek ez digute arazoaren tamaina osoa ikusten uzten, analisi ekonomizistek ere. Ikuspegi integrala behar dugu.)

II. Mundu Gerraren testuinguruan, armada germaniarrak, akuilu naziak eraginda, Europako mugak suntsitu eta aurrera egiten zuen neurrian, konkistatutako lurraldeak «germanizatzeko» lana hasten zen. Ederki aski zekiten naziek lurralde bat militarki okupatzea ez dela nahikoa iraunkorki eskuratzeko. Horretarako, aurkaria fisikoki suntsitzeaz gain, funtsezkoa, ezinbestekoa da identitate aldaketari ekitea. Prozesu horri «germanizazioa» deitu zioten. Boterea behin eskuratuta, haien nahiak zintzo-zintzo beteko zituen gobernu txotxongiloa sortzea zen lehen pausoa, bere bitartez, germanizazioa erraztuko zuen politika abian jartzeko. Politika hori, nagusiki, hizkuntza politika zen. Txekian eta Eslovakian, esate baterako, alemana hizkuntza ofizial izendatu zuten, hezkuntza sistemaren jabe egin ziren, unibertsitateak itxi eta bertako herritarren adierazpen kulturalak debekatu zituzten. Aurrerago, administrazioaren hizkuntza izendatu zuten alemana, eta, ondorioz, hiri eta herrietako paisaian ugaldu egin zuten alemanaren presentzia. Naziek argi eta garbi zuten, boterea erabiliz, bertakoek osaturiko gobernu kolaborazionista baten eskutik, hezkuntza sisteman eraginez eta sistema horren bitartez, hizkuntza ordezkapena ekarriz bakarrik germanizatzen ahal zutela konkistatutakoa. Zorionekoak txekiarrak eta eslovakiarrak, ez zuen asko iraun amesgaiztoak.

  

(Biziki egokia da nazien hizkuntza politika aipatzea, gure artean oso guttitan egin izan dena. Alde batetik, Alemania naziaren politika burges eta kapitalista erabat deslegitimatuta dagoelakotz, II Mundu Gerra galdu baitzuten. Eta bigarrenik, faxismoen politika linguistikoak salbuespena ez direlakotz, estatu kapitalista guzti-guztiek eraman baitute aurrera horrelako hizkuntza politika kolonialista. Areago oraindik, XX. mendean Sozialismoaren bidean abiatu zirèn estatuek, Sobiet Batasunak, Txinak eta enparauek ere, hizkuntza politika zapaltzaileak garatu izan zituzten batzutan (ez beti), argiro erakutsiz trantsizio sozialistaren konplexutasuna (Sozialismoa Komunismoranzko trantsizioa bertzerik ez baita, eta prozesu hori gelditzen bada, egonkortze luze-labur bat ondoren, atzerantz, Kapitalismorantz, alegia, hasten da berriz berandu gabe...) eta analisi ekonomizisten mugak eta arazoak.

Bertzalde, biziki eskertzekoa da "hizkuntza ordezkapena" kontzeptua berriz agertzea, aspaldiko partez, guk erabili ohi dugun "etnozidioa" ideiaren osagarri. Zeren Euskal Herrian ehundaka eta ehundaka urtez euskaldunok jasan duguna, Herri euskaldunak pairatu duena, euskaldungoak sufritu duena, hizkuntza ordezkapen sistematiko bat izan da, ongi planifikaturiko etnozidioa, alegia. Eta etnozidio horretan Euskal Herriko klase zapaltzaileen kolaborazioa ezinbertzekoa izan da beti. Noblezia eta monarkia feudala zela, aristokrazia zela burgesia zela...

Horren aitzinean gaur egun dugun hizkuntza politika epela, txepela, makala eta pattala da, kasurik hoberenean, hots, mendebaldeko hiru herrialdeetan, Araban, Bizkaian eta Gizpuzkoan, eta guztiz etnozida gainontzeko lurraldeetan, Nafarroa Garaian, jakina, eta gordinki zein bereziki Baxe Nafarroan, Lapurdin eta Zuberoan. Eta azken hiru lurralde horietan, non etnozidioa bere azken fasean sartua den aspaldian, Errepublika demokratiko burges bat dugu, "nazioarteko komunitatea" delako horren bedeinkapen guzti-guztiak dituena, "Giza eskubideen Aberria" omen dena, zeinaren hiriburua, Paris, alegia, "Argiaren eta Iraultzen hiria" omen baita, Arnaldo Otegiren hitzetan -"El tiempo de las luces, 75. orrialdean-. Noiz helduko diogu arazo latz honi behar den bezala, eta aitortu Frantziako Errepublika burges, kapitalista eta inperialista Euskal Herri Langilearen etsai nagusia dela?)

Euskal Herrian, ordea, naziek germanizatzeko helburuz aplikatzen zuten hizkuntza politikaren ezaugarriak askoz ere urte gehiagotan aplikatu dira, eta ez bakarrik frankisten eskutik, beste garai batzuetan ere pairatu behar izan dugu boterearen arrazoia erabiliz gure identitatearen suntsiketa bilatzen zuen hizkuntza politika zitala. Administrazioan euskara ezin erabiltzea, hezkuntza sisteman euskaraz ikastea eragoztea, gure adierazpen kulturalen gaineko debekua, hizkuntza erabiltzeko debekua eta abar politika iraunkorra izan da ehunka urtez. Euskaldunak espainolizatu gabe ezin da Espainia eraiki, ezin da lurraldea kontsolidatu. Homogeneizazio identitarioa behar eta nahi dute Estatuek boterean betikotzeko.

(Harrigarria da Iñaki Lasari ahaztea euskaldunak frantsestu gabe Frantzia ere ezin dela eraiki, eta gainera, zeharka aipatzen duen bilkura hori Baionan egin zela. Kontzientzia iraultzaile euskaldun integrala eraiki eta garatzea da hurrengo urteetako erronka nagusia, eta lantegi horretan blog honek lagundu nahi du, prefosta!)

Urteetan etengabe aplikatu zaigun hizkuntza politika hori da, beraz, Euskal Herrian Estatuekin duen gatazkaren adierazpiderik gordinena. Gure hizkuntza eta kulturaren iraupena da herri moduan lor dezakegun garaipen garrantzitsu bakarra. Botere gatazka pizten duena, bere muinean, hizkuntza gatazka da, gurea ez baita lurraren aldeko borroka, identitatearen aldekoa baizik. Ezin da ulertu Euskal Herriko egoera ez bada errealitate hori behar den sakontasunarekin aztertzen, eta, ondorioz, gatazka politikoaren konponbidean lan egin nahi duen orok gai hori erdigunean kokatu behar du edo okertuko da zeharo.

(Hemen, jakina, kritika egin behar diot Iñaki Lasari, ezinbertzez, bere ikuspegia zeharo kulturalista baita. Gure hizkuntza eta kulturaren iraupena, gaur egungo klase-egitura kontuan hartuta, ezin izanen dugu mantendu Euskal Herrian Iraultza Sozialista egiten ez badugu. Eta hori, arrazoi batengatik: ez dago burgesia nazional euskaldunik, ez da sekulan existitu, eta argi dago ez dela honezkero sortuko. Hau ez da Katalunia, non burgesiaren zati handi bat katalana den etnikoki, hau da, hizkuntzaz eta kulturaz. Euskal Herriko klase zapaltzaile guztiak beti izan dira erdaltzaleak (erabat euskaldunak zirelarik ere, gaur egun batzuk hain idealizatuta duten "Nafarroako Erresuma idiliko" hartan ere!!!) Beraz, berreuskalduntzea Euskal Herri Langilearen eskutik bakarrik etorriko da/ekarriko dugu, borroka ikaragarri horretan zenbait burges euskaltzaleren laguntza izanen badugu ere. Eta Euskal Herri Langileak kontzientzia iraultzaile euskalduna garatu beharko du horretarako, gaur egun tamalez nagusi den paradigma abertzale baskoaz haratago, zeren bertzenaz, gureak eginen baitu. Etnozidioaren bururatzea luzatuko dugu, bertzerik ez, bainan ez dugu berreuskalduntzea abiatuko, ez diogu emamen buelta hizkuntza ordezkapenari.

Jakina, Kontseilua ez da antolakunde sozialista iraultzailea, inondik inora, eta bere diskurtsoa kulturaren eta hizkuntzaren ingurukoa izan behar da ezinbertzez. Bainan ene ustez, ez kulturalismoan eta linguismoan jausi behar, testuinguru soziala ere aipatu behar da, arazo nazionala, soziala eta kulturala uztartuz.) 

 

Gauzak horrela, harridura eta amorrua sortzen dit Euskalgintza Aieteko Nazioarteko begiraleekin aurrez aurre bildu ez izanak. Nork azalduko die nazioarteko seiei errealitate hau? Nork esango die bitartekaritza lana egin behar duten pertsona zintzo horiei konponbiderik ez dagoela gure hizkuntza normalizatzeko erabateko burujabetasuna eskuratu ezean? Nork azalduko die gaur egun, oraindik ere, gure identitatearen suntsiketa lanetan ari direla? Aietekoek ez diote oraindik Euskalgintzari entzun, aholkulariak ez dira fin ibili.



(Ez nago ados. Aholkulariak fin ibili dira, beti ere paradigma basko-abertzalean, zeinaren baitan Euskara, euskaldungoa eta euskal kultura bigarren mailako afera eta arazoak diren, auzi politikoaren azpian. Ez da etnozidioa aipatzen oraingo Ezker Abertzalearen diskurtsoan, eta bera da gaur egun indar politikorik euskaltzaleena! Zer erran burgesia basko-espainolaren ordezkaria den PNVz? Gainontzeko indar politikoak, PP, UPN, UMP, UDyP, PSOE, PSF... guztiz etnozidak dira.)

Espainiako Hezkuntza ministro Jose Ignacio Werten erreforma asmoak dira azaltzen ari garen politika suntsitzaile horren adibiderik garbienetako bat. Azken 30 urteotan egin ez duen bezala, oraingoan mozorrorik gabe aurkeztu dizkigu bere asmoak Espainiak. Euskal Herria espainolizatu nahi dute, naziek Txekia eta Eslovakia germanizatu nahi zuten bezalaxe, eta, horretarako, boterea erabiltzen dute. Ez ahaztu inoiz, irakurle fin horrek, hizkuntza gatazkak botere gatazkak direla. Wertek gure hizkuntzen normalizazio prozesuak eragotzi nahi ditu, elebakarrak sortzen segitzen dela bermatuz. Erdal elebakarra da espainolizatzearen helburua duten horien ezinbesteko tresna. Elebakarrak dauden bitartean ezin izango dugu gure hizkuntza erabat berreskuratu. Horregatik goraipatu du Wertek EAEko hezkuntza sistema, eta Kataluniako sistemari eraso egiten dio, zer eta gurea erabiliz. Guk, oraindik ere, gure hezkuntza sistematik erdal elebakarrak behar baino gehiago gizarteratzen ditugu. Horrexek pozten du Wert.

 

(Honek zer pentsatu eman beharko liguke euskaldunoi, eta bereziki euskaldun euskaltzaleei. Are gehiago euskaldun iraultzaileoi. Zertan ari gara? Zertan ari dira oraingo "peace process" bitxi eta unilateral honetan murgildu gaiztuzten indar politikoak? Bada unea gatazka eta konfrontazioa baztertzeko? Ala alderantziz da, Kataluniaren borroka nazionalak eta kulturalak baliatu behar al dugu Euskal Herrian Euskararen aldeko mugimendu sozial erraldoia antolatzeko eta hizkuntza borroka berpiztu eta areagotzeko? Urtebete joan da ETAren borroka armatua behi  betikotz amaitu zenetik. Non dago Euskal Herria berreuskalduntzeko hitzarmen eta plagintza nazionala? Zertan da Kontseilua? Alderdi abertzaleek babesten ote dute? Ala enoratzen dute?

Honek guztiak mahai gainean paratzen du arazo eta erronka bat: euskaldun euskaltzale eta iraultzaileen antolakunde baten behar gorria, euskal kultura astintzeko, euskalgintza inarrosteko eta Euskararen aldeko borroka ikuspegi global eta integral batean kokatzeko: Euskal Herria ezin izanen da berreuskaldundu Euskal Iraultza egin gabe, Espainia eta Frantziako Konstituzio etnozidak irauli gabe, prozesu independentista eta sozialista iraultzailea abiatu gabe.  Euskaltzale iraultzaileok prest gara horrelako antolakunde bat eratzeko? Agian bai!) 

 

Naziek beren asmoak garatzeko Gobernu txotxongiloa erabiltzen zuten. Bertako Gobernuek orain arte ez dute adorerik izan hezkuntza sistemaren erreforma egiteko belaunaldi berriak oso-osorik euskaldun atera daitezen gure ikastetxeetatik. Muzin egin diote erreforma horri orain arteko Gobernu guztiek. Oraingoan aitzakiarik ez dagoela uste dut. Eusko Jaurlaritzaren osaketa berriak gehiengo nagusia eskaintzen du behingoz hezkuntza sistemaren erreforma egiteko. Beraz, lehen egunetik Gobernu berriak erabaki bat hartu beharko du: Werten erreformari men eginez espainolizatzearen helburua duten horiekin kolaboratu eta elebakarrak sortzen segitu edo, hezkuntza sistemaren erreformari ekinez, belaunaldi berriak oso-osorik euskaldunduko dituen euskarazko murgiltze eredu bakarra ezarri. Hizkuntza gatazkak botere gatazkak dira, boterea euskara normalizatzeko erabili nahi ote den erabakitzea da kontua.

(Ñabardura garrantzitsu bat, ene ustez: 30 urteko eskarmentua dugu jakiteko, zorigaitzez, eta gaur egungo egoera eta baldintza soziolinguistikoetan, hezkuntza sistemak ez dituela haurrak euskalduntzen, eukaraduntzen baizik. Hau da, murgiltze ereduak, zenbait eskualde arras euskaldunetako salbuespenak salbuespen ez ditu euskaldunak sortzen, euskaradunak baizik. Euskalduna da Euskaraz bizi dena, edota Euskaraz bizi nahi duena eta eta horretan saiatzen dena, bederen. Hau da, bere identitate hizkuntza nagusia Euskara duena. Euskaraduna, aldiz, Euskara erabiltzen du euskaldunekin mintzatzeko, guk Espainola, Frantsesa edota Ingelesa ibiltzen dugun bezala. Erdara horiek maiz askotan usatzen ditugu, bainan ez gara horregatik, ez espainolak, ez frantsesak, ez ingelesak. Euskaradunak biziki baikorrak dira gaur egungo etnozidioaren fasean, euskaldunoi Euskaraz bizi ahal izatea ahabidetzen diguten neurrian, bainan bistan da Euskal Herria berreuskalduntzeko ez direla inondik inora aski, eta kaltegarri izan daitezke neurri handi batean, Espainolez eta Frantsesez bizitzeko joera duten neurrian, eta hala "euskalduntzat" kontsideratzen ditugun heinean. Ñabardura honek artikulu monografikoa mereziko luke, eta espero dut aurten idatziko dudala.


Bertzalde, erabat ados nago Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza sistema erreformatu behar dela lehenbailehen, Kataluniako ildo beretik. Hau da, Euskararen murgiltze eredua ikasle guztiendako, salbuespenik gabe. Bainan honek iraultza kultural eta linguistiko sakona eskatuko luke abertzaleengan, eta kontzientziazio zein mobilizazio kanpaina erraldoiak ere. Ausartuko gara? Mendebaldeko herrialdeetan abiatzen ahal da hori, eta honek oihartzuna izanen luke etnozidioaren azken faseetan murgilduta gauden gainontzeko lurraldeetan, nahiz eta politikoki instituzioetan deus gutti egiten ahal dugun momentuz. Posible izanen al da? Agian bai!

Garbi dago horrelako erabakiek talka eginen luketela Espainia eta Frantziako legalitate etnozidarekin, eta konfrontazio gogor bate aroa hasiko zela. Prest gaude? Iraultza nazional-demokratikoa proposatzen digu Oraingo Ezker Abertzaleak, eta guk Euskal Iraultza Sozialista defendatzen dugu Euskal Herri Langilearen aitzinean. Baina batak zein bertzeak, desbedintasun taktiko eta estrategiko guztein gainetik eta azpitik, berreuskalduntzea dute ezibertzezko baldintzatzat, benetako izanen badira, jakina. Beraz, hor dugu erronka denok, Iñaki Lasak egin diguna: espainolismo eta frantses jakobinismo etnozidari aurre egin hortzez eta haginez, buruz eta bihotzez, eta horretarako baliatu "nazioarteko komunitatean"  zorioneko "prozesu unilatela" honek sortu, ireki eta zabaldu omen dituen aukerak. Guk Euskararen alde egiten oro, eta Euskal Herria berreuskalduntzearen alde ematen diren pauso guztiak txalotuko ditugu!)

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina