Euskal Iraultza Sozialista izeneko bloga iazko uztailean abiatu nuen, 2012ko uztailaren 19an, hain zuzen ere. Orduan 1936ko iraultza eta gerra antifaxista aipatzen nituen, Estatu Espainoleko Herri Langile guztiek egin zutena, heroikoki, eta denonk tamalez galdu genuena. Horrekin batera, 1934ko Urriko Iraultza ere aipatzen nuen, gehien bat Asturiesko Herri Langile miresgarriak aitzina eraman zuena. Blog honetan, hasiera-hasieratik, euskalduntasuna eta internazionalismoa elkarrekin joan dira, eskuz esku. Geroago, bertze idazki batean aipatu nuen 1512ko uztailaren 19an sartu zirela tropa espainol nagusiak orduko Nafarroan, Sakanan barrena, euskaldunon independentzia bizirik mantentzen zuen Erresumaren konkistari hasieraemanez. Data sinbolikoa zen, beraz.
Sei hilabete joan dira dagoeneko, eta ehun idazki argitaratu dugu blog honetan. Bilana egiteko tenorea iritsi da, beraz.
Has gaitezen zenbakien dantzarekin: 21.000 bisita pasatxo izan dugu sei hilabetetan, 3.000 hilean, gutti goitu beheiti. Euskara hutsezko blog baterako ez dago bat ere gaizki, eta biziki kontent naiz horregatik. Zinez eskertzen dizuet denei, bihotz-bihotzez!
Zein dira gehien irakurri dituzuen idazkiak? Argi eta garbi, Euskal Herriko aktualitateari lotuta daudenak, eta bereziki kritika politiko zorrotza egiten duten artikuluak. Hona hemen sailkapena:
1.- Gaur egungo Ezker Abertzalearen kritika (5) :
646 bisita, 11 iruzkin
IKER CASANOVA: ARGALAren marxismo-leninismotik ,
PNVren besoetaraino; Euskal Iraultza Sozialistatik
PNVren besoetaraino; Euskal Iraultza Sozialistatik
Estatu Burges Baskoraino...
Esaldirik esaguratsuenak: "Gauza eta kontu bera: klase borroka,
klase ikuspegia ez da inon agertzen, den-dena ikuspegi “nazionala” da, “abertzalea”.
Baina zein da ikuspegi nazionalista horren klase-izaera? Nire ustez, burgesia
txiki independentistarena, hau da, gaur egungo Ezker Abertzalearena, hain
zuzen."
Abuztuan oporretan nintzen eta hagitzez denbora gehiago eskeintzen nion blogari, horri esker idatzi hal izan nuen artikulu luze hau. Gau bakar batean izkiriatua, Oraingo Ezker Abertzaleko batzuen saldukeriak eragindako amoruz eta haserrez egina.
Aipamen bat: oraindik ez dut idatzi Iñaki Larreari agindutako artikulua, ENAMen estrategiari buruzko gogoeta kritikoa. Lan handia da eta momentuz ez naiz hain indartsu sentitzen, horrelako hats handiko lan batean sartzeko. Bainan Iñaki, ez dut ahantzi! Hori bai, faltan sumatzen ditut zure iruzkin sakon eta zorrotzak.
2.- EHS bloga: espainolismoaren ahotsa:
514 bisita, 17 iruzkin
"EUSKAL HERRIA SOZIALISTA"BLOGA: ESPAINOLISMO INPERIALISTA, CHAUVINISTA ETA ETNOZIDA,"MARXISMO-LENINISMO"Z MOZORRATURIK
3.- SORTU (2) Bartzelonako hitzaldia:
4.- Presoak borrokan, gu ere bai (1) :
5.- Oraingo Ezker Abertzalearen krisia (1) :
10.- Abertzaleak eta Euskara (1) :
Esaldirik esanguratsuenak: "1966-1967 urteetan, ETAren V. Bltzarrean askapen nazional eta sozialaren arteko sintesia erdietsi zen, Euskal Herri Langilea, abertzaletasun iraultzailea eta Euskal Iraultza Sozialista bezalako kontzeptuekin. Espainolistak, Euskara eta Euskal Herriaren likidazionistak, garaituak izan ziren teorian, eta hurrengo urteetan praktikan ere: Euskal Herri Langilearen gehiengoak ENAMen estrategiarekin bat egin zuen."
EHS blogak bere garaian laguntza eman zidan LABeko Biltzarrean aurkeztu nuèn ponentzia alternatiboa argitaratzen. Borroka Garaia da! blogak ere gauza bera egin zuen. Nik iraultzaileen arteko elkarrizketan eta lakidentzan sinesten dut: nahiz eta askok erran EHS bloga ez zela ur garbia, eta hasteko, espainolista amorratua zela, haiekin batera lan egiten saiatu nintzen, helburu argi batekin: Euskal Herriko iraultzaile guztien oinarrizko batasuna erdiestea.
Ez zen posible izan. EHS blogak ez du helburu gisa Euskal Iraultza Sozialista egitea, are gutxiago horren aldeko alternatiba iraultzailea antolatzea. Egia erran, ez dakit oso ongi beren helburua zein den, "marxismo-leninismoz " mozorratutako espainolismo antieuskalduna zabaltzeaz aparte. Oraingo Ezker Abertzaleari ahalik eta egur gehien ematea da beren lana, baina bide horretan denak balio duela uste dute. Nik ez dut hori uste.
3.- SORTU (2) Bartzelonako hitzaldia:
337 bisita, 9 iruzkin
SORTUren IZENEAN BARTZELONAN ERRANDAKOA : EZTABAIDATU NAHI DUZUEN GUZTIA,
ILDO POLITIKOA ALDEZ AURRETIK
ZEHAZTUTA DUGU-ETA...
Esaldirik esanguratsuenak: "Gaur
egungo egoera geopolitikoan, eta Inperialismoaren baitako
klase-egituraren baitan, zeinaren barnean Frantziak eta Espainiak
bigarren eta hirugarren maila batean baitaude, Euskal Estatu
independente bat ezin da lortu Iraultza egin gabe, eta behin Iraultza
abiaturik, Iraultza hori ezinbertzez bilakatuko da Sozialista. Edo
bertzenaz, Iraultza eta planteamendu iraultzaile guztiak abandonatu eta
likidatzen badira, gertatzen ari den bezala, alternatiba bakarra da
Sisteman integratzea, hau da Espainiako Sistema autonomiko gero eta
zentralistagoan eta Frantziako zentralismo gero eta etnozidagoan."
Andoni Olariagak iruzkin bat bidali zuen idazki honen harira, Lenin liburu famatu bat irakurtzeko gomendatuz: "Ezkerkeria, haur-eritasuna komunismoan". Nire esperientzia, hau da erreformista eta sozialdemokrata guztiek beti gomendatu ohi duten liburua, posizio komunista iraultzaileak kritikatzeko. Bainan Andoni Olariagaren helburu benetakoa eztabaida desbideratzea zen, Leninen inguruan kokatzeko, eta ez Oraingo Ezker Abertzalearen praxiari buruzko eztabaida.
Nik, neure inozoan, amua irentsi nuen, eta EKI lagunak ederki kritikatu ninduen, eta gauzak argi eta garbi azaldu: lehentasuna, gaur egun, euskal iraultzaileak elkartzea da, batzen gaituenari lehentasuna emanez eta banantzen gaituena bigarren mailan utziz. Dena den, nik ez dut inor engainatu nahi eta argiro azaldu nuen neure identitatea: Askagintzaren Teologiako fededuna eta komunista iraultzailea.
4.- Presoak borrokan, gu ere bai (1) :
220 bisita, 3 iruzkin
BURDINA, GORI DELARIK LANTZEN DA!
Esaldi esanguratsuenak: "Urte luzez guztiok egin dugu esperientzia, borrokaz
borroka eta gatazkaz gatazka, oligarkia espainolistarekin, burgesia frantses
etnozidarekin, Euskal Herriko burgesiatxo basko eta nabarreroarekin, eta nahi
dituzuen talde kapitalista ororekin: fabrikan eta lantegian, espetxean eta
kalean, zapaltzaileek konprenitzen duten lengoaia bakarra beren interesen aurka
doan indar harremana da. Borroka da bide bakarra, eta bereziki klase-etsaiak asimila
ezin dituen borrokak, hain zuzen ere. Min gehien eta handien eragiten dioten
borrokak. Kalte gehien egiten diotenak. Berak kontrolpean mantendu ezin
dituenak."
Idazki hau abuztuan ere izkiriatu nuen, Josu Uribeetxeberriaren aldeko borrokaren zurrunbiloan. Zorigaitzez, ene aurreikuspenik pesimistenak ere egiaztatu dira: Aministiaren aldeko lana abandonatua da zeharo, eta presoen aldeko zinezko eta benetako borroka oro. Manifestazio erraldoia egin da, bai, iaz egin genuen bezalakoxea, ala handixeagoa, bai, eta zer? Ez al da "Eguberrietako tradizione" bilakatzen ari? Non dago tentsioa presoen alde? Non gaude gu, Bilboko manifa ondoren? Zer gertatzen ari da espetxeetan? Zergatik ez gara gose grebak, itxialdiak, okupazioak egiten ari? Zergatik indargabetu da de facto presoen aldeko borroka? Non dago "Zutik Euskal Herria" txostenean hainbertzetan aipatzen zèn "konfrontazio demokratiko" hura? Zertarako behar dira hainbertze hautetsi instituzioetan, gero indar hori presoen alde, langileen alde, gazte iraultzaileen alde ekintzetan (eta ez prentsaurreetan bakarrik!) erabiltzen ez bada?
Eta galdera mingarriena: zein da presoei eskatuko zaien aldebakartasunaren aldeko urrats berria? Oraingo Ezker Abertzaleko buruzagi batzuk jendaurrean eta zenbait biltzarretan zeharka iradoki dute, bainan argi eta garbi agertu arte, hobe da isilik eta zain egotea. Hori bai, honek Euskadiko Ezkerraren bidearekin gero eta antza handiagoa du, beraz... erne eta kaxu!
5.- Oraingo Ezker Abertzalearen krisia (1) :
212 bisita, 2 iruzkin
ORAINGO EZKER
ABERTZALEAREN KRISIA:
LEHEN ZANTZUAK ...
Esaldi esanguratsuenak: "Krisia lehertzen hasia
da Oraingo Ezker Abertzalean, eta hurrengo hilabeteotan areagotuko da. Zeren
eta Oraingo Ezker Abertzalean oraindik militante iraultzaile eta
independentista zintzo eta koherente aunitz baitaude, estrategia erreformista
eta likidazionista garatzen den neurrian gero eta haserreago, kezkatuago,
eskandalizatuago daudenak. "
Orduan erran nuena orain ere sinatzen dut: "Den-dena ez dago ustelduta Oraingo Ezker
Abertzalean. Milaka militante zintzo badira lanean. Nik oraindik esperantza dut
Oraingo Ezker Abertzaleko militante konszienteenek buelta emanen diotela deriba
erreformista eta sozialdemokratari, eta gainontzeko euskaldun iraultzaile eta
iraultzaile euskaldunokin batera abiatuko direla Euskal Iraultzaren
Sozialistaren bideetan barrena. Agian bai!"
Artikulu hau irailaren 19an idatzi nuen, duela lau hilabete, eta errandakoa betetzen ari da: SORTUren eztabaidan polemika eta eztabaida biziak gertatzen ari dira, eta erresistentzia handiak sektore iraultzaileen aldetik. Bertzalde, Estatu zapaltzaileen kontrako konfrontazioaren alde apostu egiten duten korronte guztiak koordinatzen hasiak dira. Bertan ENAMeko sektore iraultzaileak edota kritikoak biltzen dira, batzuk Oraingo Ezker Abertzalearen baitan lanean ari direnak, eta bertze batzuk kanpoan antolatzen ari direnak. Geroak du erranen, koordinazio honek zer fruitu emanen duen...
6.- Gaur egungo Ezker Abertzalearen kritika (1)
203 bisita, 10 iruzkin
ANDONI OLARIAGA
AZKARATEREN
PENTSAMENDUAREN
KRITIKA (1)
(GAUR
EGUNGO EZKER ABERTZALEAREN IDEOLOGIAREN AZTERKETA KRITIKOA)
Esaldi esanguratsuenak: "Andoniren pentsamendua, ene ustez, ideologia bat da, ideologia basko-euskaldun
nazionalista, erreformista eta burges txikia. Ideologia hori, oro har oraingo
Ezker Abertzalearena ere badena, bere izaera hobeki agertu - ezkutatzeko, "ezkerreko"
(kakotxak kendu, nahiago baduzue, nik ere halaxe eginen dut idazlanean zehar)
jantzi filosofikoez mozorrotzen da eta postmodernismo zipriztin batzuez beztitu."
Idazki honetan berriro ere ene identitate fededuna agerian uzten dut, ez baitut inor engainatu nahi. Duela hogeita hamar urte baino gehiago hasi nintzen Marx, Engels, Lenin, Stalin, Trotski, Mao, Che eta gainontzeko guztiak irakurtzen eta estudiatzen. Bakunin, Kropotkin, Malatesta, Berneri eta Durruti ahantzi gabe! Fededun komunista iraultzailetzat jotzen dut neure burua, eta beraz, marxismoa eta marxismo-leninismoa ateoak diren heinean eta neurrian, ezon naiz marxista-leninista izan, ezta marxista ere.
Bainan erne eta kaxu! Komunismo iraultzailearen zutabe teoriko eta praktikoak XIX. eta XX. praxian finkatu ziren, eta aurreko militanteen idazkiak ESTUDIATZEA eta IKASTEA ezinbestekoa da. Bidenabar, erran dezadan aurten Stalinen heriotzaren 60. urteurrena izanen dela, eta blog honetan bere liburu bat "Leninismoaren oinarriak" atalka argitaratuko dudala. Honek eztabaida eta gogoeta politak eragin litzazke blog honetan, Stalin eta Sobiet Batasuneko Alderdi Komunista Boltxebiukeari buruz.
7.- Gaur mila bisitara iritsi gara!
166 bisita, 2 iruzkin
PINDAR TTIPI BAT ...
Esaldi esanguratsuenak: "Pindar ttipi bat piztu dugu, Euskal Herri Langilearen askatasunaren alde, Euskal Iraultzaren bidean, planeta honetan zibilizazio berri bat, lehendabiziko zibilizazio zinez humanoa, eraikitzeko lan eta borrokan: Komunismoa.
Testu biziki laburra da, ene helburuak aski ongi laburbiltzen dituena: "Klaserik eta zapalkuntzarik gabeko mundua, estaturik gabe, hierarkia zapaltzaile barik, Herri libreez eta langile askeez osatutako Konfederazio planetarioa, amets humano guztien helmuga, gizon-emazteen borroka gogor eta taigabeek sortu eta zainduko duten proiektu historikoa."
Zuberoatik bi iruzkin iritsi ziren, eta faltan sumatzen ditut irakurle xiberotarraren ekarpenak. Agian laster, idazki honetan bertan, bere kritikak, gogoetak, proposamenak, iradokizunak... agertuko ahal ditu!
8.- Azaroaren 14an, Greba Orokorra:
125 bisita, 2 iruzkin
AZAROAren 14an,
GREBA OROKORRA
EUSKAL HERRIAN
ETA EUROPA OSOAN!!!
EUSKAL HERRIAN
ETA EUROPA OSOAN!!!
URRIAREN 31tik AITZINA:
BORROKA EGUNAK!!!
Esaldi esangurasuenak: "Bistan
da, borroka-urte luzeak ditugu aitzinean helburu hori erdiesteko,
bainan iparra garbi badugu, jo dezagun aurrera! Eta gure iparra, gure
izarra, argi dugu: klaserik gabeko Euskal Herri euskalduna, hau da, Lur
planetako Herri Langileen Konfederazio Komunista! Anartean, Estatuari
eta Kapitalismoari gerra, gerra beti! Klaseen arteko gerra Herrien
arteko bakea eskuratzeko! Zapalkuntza Inperialistari, gerra! Zapaldu
guztiondako, elkartasuna eta bakea! Zapaltzaile guztiendako, gerra,
herra eta egurra lehertu artio!"
Hiru hilabete joan dira azken Grena Orokorretik, eta emeki-emeki idazkian agertutako hitzak betetzen ari dira, polliki-polliki eta mantso mantso: "Antola
zaitezte! Elkar zaitezte! Organiza zaitezte! Bete dezagun Euskal Herria
iraultzaileon sareez! Herriz herri eta auzoz auzo, eraiki dezagun
euskal iraultzaileon antolakunde nazionala! Eraiki dezagun Euskal Herri
Langilearen batasuna! Jo dezagun zuzen eta gogor Euskal Iraultza
Sozialistaren bidetik!"
Euskal iraultzaileon antolakunde nazionala abiatua da jadanik, zorionez, nahiz eta oraindik jendaurrean ez den agertu. Bainan iraultzaileon sareak josten eta josten ari dira etengabe lagun eta adiskide miresgarri batzuk, eta hemendik besarkadarik beroena brkide maitagarri horiendako. Borroka da bidea! Atxik eta jo aitzina! Gora Euskal Errepublika Sozialista!
9.- Gaur egungo Ezker Abertzalearen kritika (4)
107 bisita
FIDELITATEA,
DIZIPLINA, ANTOLAKUNTZA:
2007ko
IDAZKI KRITIKO BAT
Esaldi esanguratsuenak: "Ez da harrigarria bi oligarkiek
eskura izan duten guztia erabili izana Euskal Herriaren prozesu demokratikoa
gelditzeko nork bere eran eta taktikan. Guztiz logiko eta ulergarria da.
Ulergaitza dena da Ezker Abertzaleko zuzendaritzaren jarrera. Militantziari ez
zaio argi eta garbi azaldu prozesuaren tamaina estrategikoa. Eta hori, gure
ustez, ildo politiko erreformista (edota sozialdemokrata, nahiago bada) baten
ondorio zuzena da. Perspektiba falta ikaragarria, eta aldi berean, kezkagarria. (...) Iraultzaren aukera baztertzen den
heinean, sistema kapitalista eta inperialistan integratzea bertze biderik ez
zaigu gelditzen. Hori bai, ahalik eta baldintza hoberenetan. Bainan hori
ameskeria da gure egoera geopolitikoan!"
Aurreko esaldi hauek duela sei urte, 2007ko urtarrilaren 25ean idatzi nituen. Irakurleek beraiek epaituko dute ea tronpatu nintzen eta zertan. Iruzkinik ez du izan idazki honek, tamalez.
Testuan agertzen dira azken sei urteetako ene ildoa, geroago blog honetan zehaztu dena. Zuek ikusiko duzue ea koherentziaz garatu ote ditudan honako hamar ideia hauek:
1.- "Gure abiapuntua, klase borroka eta
oro har botere harremanen azterketa da. Hori egin gabe ez baitago egoera
ulertzerik."
2.- "Prozesu honek, gure ustez, haustura
demokratikoa eragin behar du bi estatu zapaltzaileetan. Berez eta beraz, prozesuak
demo-kratikoa izan behar du, hitzaren zentzu sakon eta etimologikoan, hau da Herri
Boterean oinarritutako prozesua, non EHL autodeterminatuko den, bukaeran
Independentzia eta Sozialismoa erdietsiz eta zapalkuntzarik gabeko Herria
osatzeari ekinez. Hots, prozesu iraultzaile iraunkorra, etenik gabea, fase
desderdinak ukanen dituena: demokratikoa, sozialista, utopista (komunista,
nahiago bada.)"
3.- "PSOEko Gobernuak ez du bete
hitzartutako hiru baldintzak: errepresioaren etena, ezker abertzalearen
iharduera politiko normalizatua eta Euskal Herriaren erabakitze eskubidearen
gaineko adierazpen instituzionala. Erabat koherenteki jokatuta, denbora galtzen
aritu da etengabe, eta aldi berean errepresioa gogortu eta areagotu du arlo
guztietan, balizko amoremate, umiliazio eta errendizioa bilatuz. Helburua, ENAM
sistemaren baitan integratzea, jakina."
4.- "Kontuan hartu behar dugu mugimendu iraultzaile askoren
jokaera Sobiet Batasunaren sistema hondoratu zenetik. Adibide xumeak jartzeko:
Ertamekikako Iraultzak (Nikaragua, El Salvador, Guatemala) Hegoafrika,
Irlanda... Inperialismoak negoziazio prozesuak abiatu zituen orduan mugimendu
iraultzaileak indargabetu eta neutralizatzeko, sisteman integratuz eta herri
borrokak suntsituz. Emaitzak denen bistan dira, zorigaitzez."
5.- "Ildo erreformista honen alde Irlandako
adibidea aipatzen da behin eta berriz, eta hori paradigmatikoa da, zeren
adibide argiena baita nola borroka iraultzaile-independentista bat
indargabetzen ahal den sistema inperialistan integratzeko"
6.- "Gure hipotesia da
ezker abertzalearen zati handi bat logika erreformista eta sozialdemokratan
barnatu dela, eta gertaera honek azaltzen dituela azken hilabete hauetako joera
kontraesankorra. Zeren Madrilgo ekintza ondoren, eta honek sortu zuèn krisia
aztertuz argiro dakusagu ezker abertzalearen baitan bi joera politiko diferente
nabarmendu dela. Noraino eta etsaiek berek ozenki aldarrikatzeraino."
7.- "Arlo teorikoan, hil ala biziko afera da teoria iraultzaile guztien
indartzea. Dela marxismoa, dela komunismo libertarioa, feminismoa,
ekologismoa... “Teoria iraultzailerik gabe ez dago mugimendu iraultzailerik”
zioen Leninek. Gaur egun hori da, gure ustez, euskal borrokalarien hutsunerik
gorriena."
8.- "Euskal iraultzaileen koordinakunde iraunkorra antolatzea
proposatzen dugu, emeki-emeki nagusitzen ari den ildo erreformistari aurre
eginen diona."
9.- "Borroka arloan, herri borroka guztiak areagotzea da gure eginkizuna, nork bere
tokitik eta militantzia esparrutik. Helburu nagusia, Euskal Nazio Askapenerako
Mugimendua berreraikitzea da, Euskal Herri Langilearen kontzientzia
iraultzailea indartuz eta zorroztuz."
10.- " Gora Euskal Herri
Langilea!!! Gora Euskara Ta
Askatasuna!!! Gora Euskal
Iraultza!!!"
10.- Abertzaleak eta Euskara (1) :
100 bisita, 5 iruzkin
ABERTZALEAK
ETA EUSKARA
EDO
NAZIO EUSKALDUNAREN GAINBEHERA
Esaldi esangutatsuenak: "Gure tesia da euskal abertzaletasunean erabat
nagusi den paradigma baskoak ez digula ikusten uzten etnozidioaren zinezko
tamaina. Irlandan gertatu zen bezal-bezalaxe, alegia. Beraz, euskaldun
iraultzaileondako eta iraultzaile euskaldunondako hil ala biziko kontua da
abertzaletasun baskoaren paradigma arrazoiz eta argudioz kritikatzea, eta abertzaletasun/amertzaletasun
euskaldunaren paradigma osatu eta eraikitzea. (Aberria: “patria / patrie”;
Amerria: “matria / matrie”. Abertzaletasuna: patriotismo / patriotisme; Amertzaletasuna:
matriotismo / matriotisme)."
Blog honen ezaugarria izan da, hasiera-hasieratik, euskalduntasunaren aldeko apostu argi eta garbia. Abertsaletasun euskaldunaren defentsa sutsua, alegia, hots, amertzaletasun iraultzailea. Jakina, "jende gehiagorengana" iritsiko ginateke Espainolez, Frantsesez edota Ingelesez. Baina gu ez gara espainolak, ezta frantsesak ere! Eta ez gara baskoak! Euskaldunak gara!
Hurrengo urteetan euskaldun iraultzaileok badugu aitzinean erronka polita: Kontzientzia Euskaldunaren Mugimendua sortzea, abertzaletasunaren paradigma euskaldunaren alde lan eta borroka egiteko, Euskararen Nazioaren defentsa egiteko. Hemen bertan egiten dut proposamena, ea baten bat animatzen den: Kontzientzia Euskaldunaren Mugimendua - Euskararen Nazioa : KEMEN. Mugimendu horretan, ezberdintasun taktiko eta estrategikoen gainetik, Euskal Herri euskalduna nahi dugun guztiok elkartuko ginateke, Euskal Herria erabat berreuskalduntzearen alde lan egiteko prest gauden guztiok, Euskal Herriaren aurkako etnozidioa salatu eta bere aurkako kritika zein borroka gupidagabea areagotzeko gogoz garen guztiok. Zuen iruzkinen zain gelditzen naiz...
Honaino gehien irakurri dituzuen idazkiak. Eta bertzeak? Oso gutti irakurriak izan direnak? Hona hemen horien "kontrazerrenda":
1.- Eireko Albisteak: blokeo informatiboa hausten (1)
IRA berriaren sortze agiria. 16 bisita.
2.- AHTrik EZ! (1) Urriaren 27an, Baionan,
AHTren aurkako manifestazioa. 16 bisita.
3.- ESK sindikatua: elkarrizketa. 17 bisita.
4.- Siria, bertzelako iritzi eta arrazoiak (2)
Thierry Meyssan : Siriako Armada Askea,
iraultzailea ala kontrairaultzailea? 18 bisita.
5.- Lenin. Estatua eta Iraultza (7). 20 bisita.
6.- Borroka Garaia da! Eztabaidak. (2)
Nik neuk izeneko lagun baten iruzkina. 21 bisita.
7.- Abertzaleak eta Euskara (3). 21 bisita.
8.- Euskara, gure Amerri bakarra! 21 bisita.
9.- Bobby Sanden biografia (3)
Rath Cuil auzoko garaiak. 23 bisita.
10.- Komite Internazionalistak grebaren alde. 23 bisita
11.- LABeko Ponentzia Alternatiboa.
Euskal Herri Langilea
Kapitalismoaren krisi globalean. 24 bisita.
12.- Bobby Sandsen biografia (1)
Gure eguna etorririk poema. 24 bisita.
13.- Siria: bertzelako iritsi eta arrazoiak (1):
Thierry Meyssan. Biografia. 24 bisita
14.- Poesia gorria. (5) Eustakio Mendizabal, "Txikia".
Euskara Ta Askatasunaren poeta (3). 24 bisita.
15.- Poesia gorria (2) Gabriel Aresti. 24 bisita.
16.- III Mundu Gerraren ataria (1). 25 bisita.
17.- Borroka Garaia da! Eztabaidak. (23). 26 bisita.
18.- Aieteko hitzarmena eta etnozidioa. 27 bisita.
19.- CHE, komunista iraultzaileen eredu (1).
Trikontinentalari mezua. 28 bisita.
Euskara Ta Askatasunaren poeta (2). 29 bisita.
Zuek baloratuko duzue zergatik izan diren hain gutti irakurriak sarrera hauek... Niretako mingarria da jendeak ez izatea interesa Bobby Sands, Eustakio Mendizabal "Txikia" eta Ernesto CHE Guevararengan...Zer eginen diogu? Niretako militante eta iraultzaile kuttinak dira, nire bizitzaren ereduak...
Eta aski gaurkoz!
Zuen iruzkinen zain gelditzen naiz!
Aupa Fermintxo!
ErantzunEzabatuHasteko, biba hi berriz ere, blog honen bidez eramaiten dükan lanarentako. Harrigarria bada ere(eta lotsagarri hein berean), güne güti dük Euskal Herriko egoeraz (besteak beste)aipamen egiten düana euskara hütsean. Güne gehienak erdara hütsean edo euskarari lekü ttipi bat baizik eskeintze deioe.
Sei hilabetez 21000 soegile/irakurle beno habororen ükaitea, ez dük marka ttipia!
Bestalde, ikusi behar likek nola kondatüak diren irakurtzen diren artikülüak: hire blogerat xüxenenan sartzen girelarik haibat artikülü irakur genezake lotüretarat "klikatü gabe". Beraz mentüraz, aipatzen dütüzkan artikülü horien irakurleen kopürüa gütietsirik dük.
Egia dük arren, egünko egoeraz jorratzen düen artikülüek arrakasta handiagoa düela. Horrek mentüraz, jenteek ikusmolde "ofizialetik" at eramaiten diren gogoeten berri düen gose eta egarria erakusten dik.
Arren, berriz ere biba hi (edo züek)eramaiten dükan/düzüen lanarentako. SEGI AITZINA!!
Milesker, irakurle xiberotarra!
ErantzunEzabatuLaguntza handia da horrelako animoak hartzea, azkenaldi honetan nekatuta nengoelakotz. Blog bat aitzina eramatea aunitzetan bakardadea sentitzea da, ez baitakizu egiten duzun lanak oihartzunik ote duen. Iruzkin batzuk izan dira egun hauetan, eta horrek poztu nau. Biziki eskertuko nizuke kritikaren bat eginen bazenu, edota ekarpenen bat. Zure ikuspegia biziki interesatzen zait, nola ikusten diren gauzak Zuberoan, Ipar ekialdean... Zuk ikus!
Goizean goiz idazten ari naiz, presaka, eta horregatik ez dizut ene zuberera kaxkarrean erantzun. Barkatu, arren, hurrengoan eginen dut!
Izan untsa, lagün!
Fermintxo
Aupa fermintxo!! Ostera be natortzu, nere kasuan bizkaiera xumean, baia tira, edozein modutara be nere animo eta alkartasun guztia. Ezta egunik pasten internetan sartu eta zure blogari begiradatxo bat emon barik, beti zure beste artikuloren bat irakurtzeko grinagaz. Gure anai xiberutarra dinoan lez, menturakoa da, onekoa, ofizialtasunaren eskazia eta antzukeriatik at kritika aberasgarriak irakurri al izatea. Egia esatearren inguruan dakustadana atsekabetzen nau, baia zure bloga zein azkenaldiontan agertutako ESI, HITX eta horrelako taldeak konfiantzarako parada damoste.
ErantzunEzabatuGora euskal iraultza sozialista!! Aberri-Iraultza ala hil!!!
Aupa, G.Gatza!
ErantzunEzabatuPozgarria da ohartzea blog hau Xiberotik Bizkaira irakurria dela, honek indarra eta adorea ematen dit aitzina segitzeko. Milesker bihotz-bihotzez zure animoengatik. Saiatuko naiz aurrera jotzen eta Euskal Iraultza Sozialistak behar dituen oinarri teoriko eta praktikoen eraikuntzan hala dudan neurrian laguntzen. Zuk aski ongi diozun bezala, azkenaldi honetan talde iraultzaileak sortzen ari dira Euskal Herrian, txikiak xumeak, bainan etorkizuneko Euskal Nazio Askapenerako Mugimendu Sozialista Iraultzailearen ernamuinak, agian. ENAM zaharra maldan behera doa, baina bere baitan milaka eta milaka militante zintzo badira, traizioa eta saldukeria inolaz ere onartukoez dutenak, eta laster ala berandu Euskal Iraultza Sozialistaren bidea berriz hartuko dutenak. Beraz, ez etsi, eutsi, eta bihar-etzi, hautsi!!!
Gora Euskal Iraultza Sozialista!
JOTAKE Euskal Errepublika Sozialistaren alde!!!
Aberria eta Iraultza, ala hil!!!