LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2013/01/03

Pepe Rei berriz gurekin!



AHOTSIK GABEKOEN AHOTSA :
PEPE REI 
EDO EREDU ONAREN MEHATXUA


Gaur bertan jakin dugu Pepe Reik  bere web orria abiatu duela. Eta jakizue izugarri poztu garela! Honek erran nahi baitu gure kazetari miresgarri hau hobeki dela, eta beti bezala lanerako gogoz dagoela. Aupa, Pepe!

Gehien-gehienok badakigu kazetari hau nor den, eta nolako lana egin duen Estatu Espainoleko ustelkeria eta zapalkuntza ikertzen. Garesti oraindu du bere honestitatea, koherentzia eta zintzotasuna, eta hemendik besarkada bero bat bidaltzen diogu, bihotz-bihotzez. 

Hona hemen bere web orriaren helbidea: 

www.peperei.com

Bere biografia hantxe ageri da, eta guk orri hauetara ekarri dugu, guhaurrek moldatua eta orraztua, denok hobeki ezagut dezagun kazetari militante honen lana eta bizitza. Biba zu, Pepe!


PEPE REI,
EUSKAL HERRIAN FINKATUTAKO
GALIZIAR KAZETARIA
 

Pepe Rei 1947ko apirilaren 13an sortu zen, Espainiako II Errepublika abiatu zèn eguneko urteurrenaren bezperan, hain zuzen ere, Galizako Barbantes herrian. Hamazazpi urte zituenetik lanean aritu izan da beti, kazetaritza ikasketak egitearekin tartekaturik. Hogeita bi urterekin kazetari lanean hasi zen, 1969an, Diktadura frankistaren erdian, faxismo nazional-katolikoak onartzen zuèn prentsa bakarrean, Francisco Franco diktadore hiltzaile eta terrorista odoltsuaren aldekoan, hain zuzen ere. Hasieran  "El Pueblo Gallego" ("Galiziar Herria") egunkarian, eta ondoren Andaluziako Huelvan argitaratzen zèn "Odiel" kazetan.

1974an kaleratu zuèn "El caso Reace" ("Reace afera") izeneko liburua, non ikertzen baitzuen Gobernuak Galizako Reondela herrian gordetzen zuèn olio pilaren desagertzea. Olioaren lapurretaren ikerketak hautsak harrotu zituen, zenbait ministro frankistaren inplikazioa agerian utziz, eta bereziki Nicolás Francorena, diktadorearen anaia bera. 

Kronikaz kronika, Estatu espainolean adierazpen-askatasunak duen prezioa ezagutu du: diktadura frankistan, II Errestaurazio Borboitarraren prozesuan (oligarkiak eta bere morroi erreformistek "trantsizioa" deitu zutèn hura, eta garai batean "juarcarlismoa" erraten geniòn sistema) eta monarkia neofrankistan (batzuk "demokrazia" izenez bataiatu duten diktadura burgesa).

"Madrid" egunkarian aritu zen, zeina diktadura frankistak zinez eta benetan, hau da, materialki dinamitatu eta lehertarazi baitzuen. 

Frankismoak bere burua erreformatu zuenean era berriz ere oligarkiak Monarkia borboitarra ezarri zuelarik (mende bat lehenago militarrek I. Errepublika espainola suntsitu zutenean egin zuen bezal-bezalaxe..., 1973-1874an), Pepe Rei gogoz saiatu zen Dikatura faxistaren garaiko prentsa frankista Herri Langilearen zerbitzuan arituko zèn prentsa publiko bihur zedin. Horretan ahalegindu zen Gipuzkoan honako egunkari hauekin: "La voz de España" ("Espainiaren ahotsa"), "La hoja del lunes" ("Astelehenetako orria"). Egunkari hauek, gehi "Unidad" ("Batasuna"), Mayor Oreja oligarka basko-espainolisten dinastiak desagerrarazi zituen, diktadura burgesa eta monarkikoaren aldeko "prentsa demokratikoa"ren mesedetan.


80ko hamarkadaren hasieran Pepe Rei "La voz de Euskadi" ("Euskadiren ahotsa") proiektuan buru belarri aritu zen, egitasmo plural eta kooperatiboan. Prentsa burges monopolistaren panoraman lekutxo bat erdiesten saiatu bazen ere, proiektuak bi urtez bakarriz iraun zuen.

Ondoren Pepek kolaborazioak idazten segitu zuen, komunikabide batzuetan, "Interviú"-n, bertzeak bertze. Bertan zentsuratu zioten erreportaia bat, "Batallón Vasco-Español" izeneko erakunde terrorista eta parapolizialari buruz, eta horren ondorioz aldizkari horrekin kolaboratzeari utzi zion.Artikulu horren ondorioz faxista batzuk espetxeratu behar izan zituzten.

  

1988an EGIN egunkarian sartu zen, hasieran kirol arduradun gisa, eta geroago Ikerketa Sailan. 1992an Ikerketa Taldea sendotu eta indartu zen, eta Espainiako Erresumako botere ustel guztiei buruko min asko eta handiak eman zizkieten, kazetaritza zorrotz eta profesional baten bidez. Oligarkiak finantzatutako "El Mundo" egunkariko zuzendaria zèn Pedro J. Ramírez  taldea bereganatzen saiatu zen, alferrik.  Estatuaren gerra zikina, Guardia Zibilaren Intxaurrondo kuarteleko ustelkeria, mafia, droga trafikoak eta torturak, PNVko txanpon-jaleen afera, Ertzantzaren barneko sare jeltzaleak ... EGIN monarkia neofrankistako egunkari libre bakarra zen, oligarkiak kontrolatzen ez zuena, diktadura burgesak inposatutako (auto)zentsura onartzen ez zuena, ahotsik gabekoen ahots bilakatu zena.

Josu Muguruza, EGINeko erredaktore nagusiaren asasinatzea, Lasa eta Zabalaren torturak eta hilketak, narkotrafikanteen mafiak eta bere loturak Goardia Zibilarekin, torturatzaileen identifikazioak, kazetaritza militantea eta iraultzailea egin zuten urte haietan EGINeko Ikerketa Taldeko lagunek, beti ere egiaren alde, zapalduen egiaren alde.

Jakina, Estatu espainol neofrankista monarkiko honetan askatasuna biziki garesti ordaintzen da. Oligarkiak eta bere zakur zaunkalariek erabat satanizatu zuten Pepe Rei, beren klase interesen kontra aritzen zelakotz. Bainan egia izan da beti Pepe Reiren arma bakarra: lau aldiz atxilotu dute, hirutan espetxeratu dute, eta epaile burgesek ez dute sekula santan kondenatzea lortu, ez dago bere kontra inolako sententzi irmorik.

Lehenengo atxiloketa 1993an izan zen, PNVko buzuzagia den Atutxak eta Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak bideratua. EGINen egoitza polizialki hartu zuten, eta Pepe Rei atxilotzen saiatu ziren, bera ospitale bateko Arreta Intentsiboko Unitatean zegoela, bihotzeko enakuntza larri eta delikatu batetik suspertzen ari zela. Hala ere, Carlos Bueren Espainiako Audientzia Nazi-onaleko epailearen aginduz espetxeraru zuten aste batzuk geroago. Espainako Entzutegi Nazi-onalean epaitu zuten, eta errugabe irten zen errepresio aldi latz horretatik. Bainan oligarkiak egin nahi zuèn kaltea eginda zegoen ordurako, "forma demokratikoak" gora behera.

1998an 300 poliziek EGIN itxi zuten, Baltasar Garzon epaile itxuraz "sasi-ezkertiar" eta benetan sionistaren aginduz. Pepe Rei hantxe zen bere lankideekin. Hurrengo asteetan, "EGIN egingo dugu" kanpaina bultzatzen zuen bitartean, bertze kazetaritza-egitasmoan sartu zen buru belarri, beti ere ikerketaren bidean. Jakina, Estatu Espainoleko oligarkiak etsai arriskutsutzat jotzen zuen beren sistemarendako, eta 1999ko martxoan atxilotu zuten berriz, eta espetxean sartu. Nork eta Baltasar Garzon epaile "demokratak", burgesiaren diktaduraren defendatzaile ustez "liberal" eta "humanitarioa". 

 

Urte bereko maiatzean libre utzi zuten, eta ARDI BELTZA aldizkaria sortu zuen 2000ko urtarrilean. Aldizkariak oihartzun izugarria lortzen zuela ikusirik, eta beren klase-interesak arriskuan zeudela ohartuta, Luis del Olmo kazetari mertzenarioak eta PPren Gobernuko hiru ministrok Pepe Reiren burua eskatu zuten, eta berriz ere Baltasar Garzonek Monarkia neofrankistak bizirik mantentzeko ezinbertzeko duen errepresioa aplikatu zuen 2001eko urtarrilaren 19an: Pepe Rei ARDI BELTZAren erredakzioan, Oreretan atxilotu zuten, eta berahala espetxerat bidali. Kasualitatea ote? Hilabete lehenago aldizkariak Juan Carlos de Borbon y Borbon Espainiako erregearen biografia kritikoa argitaratua zuen, eta 50.000 ale salduak zituen.

 

Pepe Reik 145 egun ukan zuten preso Alcalá-Meco presondegi espainolean, kazetari librea izateagatik eta adierazpen askatasuna benetan erabiltzeagatik. Honek diktadura burgesaren mugak eta miseriak agerian jartzen zituenez, erditik kendu behar zen "kazetari deseroso" hau, "giza eskubideen" Monarkia konstituzional honetan. Geroago, Entzutegi Nazi-onaleko laugarren aretoak berak Pepe errugabetu zuen, kazetaritza lanetan aritu izan dela beti aitortuz eta ARDI BELTZAren lana adierazpen askatasunaren baitan kokatzen dela argituz. Bainan EGIN eta  EGUNKARIA kazetekin gertatu bezala, kaltea eginda zegoen. Horren hipokrita eta zinikoa baita burgesia: esku batez xehetzen zaitu, eta bertzez kontolatzen zaitu. Txakur ona eta txakur gaiztoa.

 

Espetxetik atera eta bertze kazetaritza proiektu batean murgildu zen: KALE GORRIA. Aldizkari hau 2001eko maiatzean sortu zen.
  
2002ko abuztuaren 19an auto istripu larria izan zuen Donostiako sahiesbidean, eta geroztik bizitza publikotik at egon da, orai arte. Guretako biziki pozgarria izan da bere berri izatea eta weborria duela jakitea. Sei komunikabideren itxiera bizi izan duenak argi eta garbi erakusten digu burgesia inperialistak, espainolak zein frantsesak, hainbertze alditan saldu nahi diguten "adierazpen askatasuna", beraien ustezko demokrazia bezain ustel eta faltsua dela. Zehazkiago, demokrazia da burgesiarendako, eta diktadura langileendako. Ea behingoz ikasten dugun!


Hona hemen bere liburuen zerrenda:

1.- El caso Reace. Ikerketa, 1974.
2.- Carabanchel. Nobela, 1995.
3.- El jesuita. Nobela, 1995.
4.- Alcalá 20-N. Ikerketa, 1996. 
5.- Intxaurrondo, la trama verde. Ikerketa, 1996.
6.- La cloaca vasca. Nobela, 1998.
7.- La red Galindo. Nobela, 1998.
8.- Colegas. Ikerketa, 1998.
9.- EGIN Investigación. Otra forma de periodismo. Ikerketa, 1998. 
10.- Garzon, la otra cara. Ikerketa, 1999.
11.- El periodista canalla. Ikerketa, 2001.

  
 

1 iruzkin:

  1. Milesker Pepe, ta milesker Odio de clase.

    Ongi segi!

    ErantzunEzabatu