ONGI ETORRI!
Laguntzaile eta kolaboratzaile berria dugu Euskal Iraultza Sozialista blogean: Josu Iraeta idazlea. Bere gogoetak "Mendi magaletik" izeneko sailean argitaratuko ditugu, pozaren pozez. Egia erran, biziki kontent naiz horregatik, hasiera-hasieratik blog honen asmoa bilgune bat sortzea izan baita, Euskal Errepublika Sozialistaren alde borrokatzen garen guztion elkargunea.
Milesker aunitz bihotz-bihotzez, Josu, eta ongi etorri!
MENDI MAGALETIK (1)
Emandako aukera eskertuz, eta lagungarri izan nahian, hona hemen nere lehen urratsak.
Objektiboa izan nahian,
Mariano Rajoy jauna buru duen gobernu frankistaren baitan egon diren mugimendu
esanguratsuei so eginez, eta horrenbeste dekretu erreakzionario sinatzeak
agerian utzi dituen helburuen aurrean, argiak bezain zehatzak izan nahi diren
zenbait ideia plazaratu nahi nituzke, barruko haserrea kaleetan erakusten ari
den gizartearekin bat eginez, batzuen isiltasunaren eta besteen txaloen
aurrean.
Hamaika bider aipatu izan
dugun “prozesuari” buruz ere zenbait argibide ematea egoki iruditzen zait. Izan
ere -nire ustez- itxaropen-iturri den prozesu horrek ez du aurrera egiterik
izango, ez baitute ernatuko, geroz eta ugariagoak diren plataforma eta
eztabaida mahaien haziek. Hazia hemengoa behardu
izan, bertakoa.
Laguntza
–merkea ez bada ere- beti da estimagarria eta agian legundu dezake bidea, baina
ez da aski. Horregatik -ez nuke halakorik esan nahi baina- tamalez, ez dute
asmatzen, normalizazio politikoa eta bakea ontziaren brankan jarri dituztenak. Nire iritziz, bai normalizazio politikoa, bai
bakea azken burukoak baino ez dira izango. Baino “prozesu” hori garatzen bada,
izango da lurraldetasuna eta autodeterminazioari bide ematen diolako. Jakinik
Hegoaldeko bi Estatutuek horretarako gaitasunik ez dutela.
Aurrekoaz gain, gogora ekarri behar genuke zeinen
sinesgarritasun eskasa izan ohi duten espainiar gobernariek historian zehar
(azken mende laurdenean berretsi dugun legez). Hori horrela, akordiorik egotekotan
(egongo dira), behar bezala eta modu nabarian blindatutakoa izan beharko luke.
Izan ere, euskaldun eta europar izateko eskubidea etorkizuneko belaunaldiei ere
badagokien eskubidea da, hau da, unean uneko gehiengo hipotetikoek, Espainiako
indar armatuek egindako presioak edota oportunismo politikoak besterendu
ezinezkoa.
Funtsezkoa behar lukeen prozesu horren “hastapenean” murgildu garela
onartzeak (bai euskaldunontzat, bai espainiarrentzat), esan nahi du,
halabeharrez, espainiar nazionalismoak behin eta berriz porrot egin duela
historian zehar. Franko hil zenetik ia
berrogei urte igaro diren arren, haren ondorengo gisa jardun duten politikari
bat bera ere, ez da izan euskaldun eta espainiarren artean bakea, aurrerapena
eta askatasuna zabalduko lituzkeen
proiektu logiko, eta demokratiko bat bera ere erdiesteko gai.
Dena dela, badira “prozesu” famatu horretan
eragina izan duten eta izango duten zenbait faktore. Faktore horiek, ezagunak izan arren, erraz kontrolatzeko modukoak ez
dira, eta arreta berezia eskaini beharrekoak. EAJ
eta PSOEk, esaterako, elkarri laguntza emateko mekanismoak aktibatu izan ohi
dituzte betidanik, erabat eraginkorrak, eta hemendik lasterrera ere (modu
batera edo bestera), eta EHBrekin unean uneko topaketak egon arren, berriz ere
ikusiko ditugunak. Horrelakoa da
demokrazia.
Euskal gizartea kalera atera da, erabakitzeko
eskubide eske, eta jasaten ari den zigorrari aurre egin nahian . Gizarte horrek
berorrek, beste behin ikusiko du nola EAJk ostrazismotik erreskatatzen dituen
Felipe Gonzalezen oinordekoak, aurrekontuak bezalako gai garrantzitsuak barne
hartzen dituzten akordioak elkarrekin sinatuta. Ezin
gaitezke horregatik harritu, jakina baita elkarrekin akordioak sinatzeko
betidanik izan dutela zaletasuna.
Laburbilduz, doan eskaintzen diguten “Espainia
bakar" horren eszenifikazioak, aurpegi ezberdinak erakusten ditu, euskaldunoz
gain, badira beste batzuk ere. Denbora dezente igaro den arren, gogoan daukat
Carod Rovira jaunak, “gidoiz kanpo” eginiko mugimenduak, ERC alderdiaren bidez
Estatut-aren eztabaida kalera atera eta Kataluniarrei, horren inguruko indarra
adierazteko aukera eskaini zienekoak. Gauzak
asko aldatu dira, eta orduan "elkarri laguntza emateko mekanismoak"
aktibatu zituena, hau da, CiU, aldaketaren aldeko sustatzaile nagusia da gaur
egun. Hori guztia historia da, eta beti
izan da horrela; gaur filibustero, bihar
gobernari.
Euskaldunok betidanik egon gara Europan,
horregatik, badaukat susmo bat; duela zenbait hamarkada beraien helburu
totalitarioak lortu ez arren Europa bonbekin suntsitu zuten haiek, gauza
berbera egiten ari direla gaur egun, baina Bruselako eserleku erosoetatik,
oraingoan. Argi dago Moncloa bat datorrela
haien helburuekin, eta hori horrela izanik, ez da harritzekoa erasotako gizarteen
erantzuna neurrikoa izatea, bai Katalunian, bai Galizian, bai Euskal Herrian. Erkidego desberdinetako telebistetan albisteak
ikusi besterik ez dago, non sinetsi ezinezko dekretuak salatzen diren, hiru
nazionalitate horiek pobretu eta ahuldu ez ezik, hiruren nortasun-zeinuak deuseztatu nahian dabiltzalako.
XXI. mendean egon arren, gorrotoz eta
mendeku gosez beteriko Mariano Rajoyrena bezalako gobernu batek, baditu,
frankismoa horren modu higuingarrian ezartzeko arrazoiak. Arrazoi horiek
espainiarren presidenteak berak ezartzen duen jarreran aurki dezakegu,
espainiar nagusitasun eredu bakarra eskaintzen baitu elkarbizitzarako proiektu bezala.
Hauek espainiar nagusitasunaren emaitzak.
Bukatzeko, inoiz ahaztu ezinezko zerbait
nabarmendu nahi nuke: Alegia; “Euskal
Herria dela geure elkarbizitza sozial eta politikoa erdiesteko marko gisa erabili
beharreko subjektua, denboran inolako mugarik gabe”. Kontuan eduki beharrekoa.
Ni harrituta gelditu naiz blog honetan kolaborazio hori ikusita.Iritzi-eztabaida mailan interesgarria izan daiteke,baina lerro editorialean izugarrizko nahasketa eragin dezakeela iruditzen zait.Josu Iraetaren testuak maiz irakurtzen ditugu prentsan eta bere kritikotasuna ez du inoiz Zutik EH ildoaren aurkakotasunean ezarri.Testu honetan ere,edukiari dagokionez ia adierazpen bakoitzean nabari da egoeraren beste ikuspuntu bat duela (mugimendu iraultzaile bat indargabetzea beste xederik ez dutenen "laguntza" eskertzekoa dela esateraino).
ErantzunEzabatuAupa, EKI!
ErantzunEzabatuZergatik zaude harrituta? Hasieratik erran dut, behin eta berriz, hau ez zela "nire" bloga izan behar, baizik eta Euskal Errepublika Sozialistaren alde borrokatzen garen guztion bilgunea. Ez zen inolaz ere nire asmoa ene iritzi pertsonalak bakar-bakarrik argitaratzea. Nire asmoa da elkargune bat sortzea, Euskaraz, iraultzaile euskaldunok eta euskaldun iraultzaileok bilgune bat izan dezagun, idazteko, eztabaidatzeko, gogoeta egiteko, formatzeko, polemikan murgiltzeko, kritika eta autokritika zorrotzak egiteko... HITXeko lagunek beren lanak plazaratzea eskatu zidatelarik, pozaren pozez egin nuen, eta ikaragarrizko laguntza izan ziren niretako, blog hau aitzina eramateak aunitzetan bakardade handia sentiarazten baitit. Horregatik dago bloga hain geldirik azkenaldi honetan.
Blog honen aurkezpenean idatzi nuen, duela sei hilabete: "Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez."
Beraz, planteamendu honen ildoan kokatzen da Josu Iraetari egin diodan ongi etorri beroa. Honek ez du erran nahi berarekin guztiz ados egon behar naizenik, ezta hurrik eman ere, bainan ene kritikak eta desadostasunak agertuko ditut bere momentuan, sortzen direnean, eta honek bloga aberastuko duela iduritzen zait, zure iruzkinek ere ederki egiten duten bezal-bezalaxe.
Josu Iraetaren idazkiek ez dute blog honen ildoa goiti-beheiti markatuko, bertze ekarpen batzuk dira, bertzerik ez, eta eztabaida eta polemika sortzen badute, ongi etorriak! Euskal Iraultza Sozialista bloga oso identifikatuta dago lerro iraultzailearekin, eta horrela segituko du. Josu Iraeta blog honetan agertzeak berak, zerbait adierazi nahi du, ez duzu uste? Blog honetan agertzea, gaur egun, ez baita inolaz ere "ekintza neutrala", ez horixe! Bere iritziak eta bere gogoetak ekarriko ditu, eta ongi da horrela.
EKI, Josu Iraetaren idazkiak ez badituzu gustoko, ados ez bazaude edota kaltegarritzat jotzen badituzu, nireak bezain zorrozki kritikatzen ahal dituzu lasai-lasai, egin duzun bezala. Areago eta gehiago eskatuko nizuke: zergatik ez zara blog honetan kolaborazioak idazten hasten? Idzki lueak erran nahi dut, zure pentsamendua agertuz. Agian animatuko zara, laguna!
Zure erantzunaren zain gelditzen naiz, eta milesker blog honetan gatz eta piper pixka bat ipintzeagatik!
Fermintxo
Eskertu beharrekoa euskal iraultza sozialistak proiektu eta ildo mailan bizi duen krisiaren aurrean zure ekarpen ausarta da Fermintxo!Dakizunez hain zuzen proiektu hori eta behar duen ildoak une honetan dituen lehentasunak azpimarratzeko xedez idatziak dira ene ekarpentxoak.Nahikoa azpiraturik dagoena altxatzeko, difuminatzea eragin dezakeen oro kaltegarri izan daitekeela uste dut eta zentzu hortan kokatu da ene kritika.Beste hainbeste esanen nizuke Stalini buruz idatzi duzunari buruz ere,interesgarria eta ezagutzaren aldetik beharrezko izan arren ez baitut uste une honetan Stalinen jardun polemikoaren azterketa altxatze horretan ez beharrezko eta ez komenigarri denik.Baina interes handiz segituko dut bloga irakurtzen eta hala iriztean era batera edo bestean ene analisia helarazten.
ErantzunEzabatuAupa EKI!
ErantzunEzabatuEgia erranen dizut zuzen eta artez: zure animoek biziki hunkitu naute, eta aunitz lagundu. Azken hilabetean makal eta pattal ibili naiz, eta blogean nabaritu da, Abenduan hiru idazki bakarrik argitaratu bainuen.
Alde batetik iduritzen zitzaidan behin eta berriz gai, kontu eta gauza berberak errepikatzen ari nintzela, eta jendea nazkatzen eta gogaitzen nuela horrelako matrakarekin. Iruzkin gutti agertzen ziren, eztabaidak eta polemikak ez ziren pizten, eta egia aitortu behar badizut, desanimatu nintzen.
Azken egunetan animozko iruzkin batzuk igorri dituzue lagun batzuk, eta nik biziki eskertzen dizkizuet bihotz-bihotzez. Blog bat aurrera eramatea batzutan lan zaila eta solitarioa da, bakardadea sentitzen baita.
Ni zure kritikak asko estimatzen ditut, eta pena dut ez baituzu maizago idazten. Maizago eta luzeago... Bainan hori zure erabakia da, jakina, eta nik ez dut deus erran behar horretaz.
Azken hilabeteotan oso lanpeturik ibili naiz ene formazio teoriko komunista iraultzailea berraztertzen eta birkokatzen (marxismoa, alegia, baina badakizu niri izendapen pertsonalistak ez zaizkidala gustatzen -marxismoa, leninismoa, stalinismoa, trotskismoa, maoismoa...-). ESI taldeko lagunekin eztabaida sutsu eta sakonak izan ditut, eta honek nire posizio politiko antistalinistak berrikustera eraman nau. Horregatik artikulua.
Zuk hau idatzi didazu:"Dakizunez hain zuzen proiektu hori eta behar duen ildoak une honetan dituen lehentasunak azpimarratzeko xedez idatziak dira ene ekarpentxoak.Nahikoa azpiraturik dagoena altxatzeko, difuminatzea eragin dezakeen oro kaltegarri izan daitekeela uste dut eta zentzu hortan kokatu da ene kritika.Beste hainbeste esanen nizuke Stalini buruz idatzi duzunari buruz ere,interesgarria eta ezagutzaren aldetik beharrezko izan arren ez baitut uste une honetan Stalinen jardun polemikoaren azterketa altxatze horretan ez beharrezko eta ez komenigarri denik".
ErantzunEzabatuBada, hain zuzen ere kontrakoa uste dut. Oligarkia inperialistak STALIN deabrutu du sistematikoki, eta aAdolf Hitlerren parean ezarri, helburu zehatz batekin: Iraultza Sozialistaren itxaropena eta egingarritasuna betikotz suntsitzeko. Haiek terrorismo inteletual sistematikoa egiten dute iraultzaileen aurka, eta nik aitortzen dut tranpa horretan eroria nintzela. STALINen deabrutze eta hilerizazio horren gibelean dagoena hauxe da: langileek sinestea Sozialismoa eraikitzea ezinezkoa dela, edota egiten bada, horrek genozidioa, totalitarismoa, errepresioa, mixeria, etengabeko sarraskiak,errepresio ikaragarria, torturak, hilketak, basakeria, tenozidioa, deportazioak... Behin pentsamendu eta sentimendu hauek langileengan sakonki erroturik, munduko kapitalista gutiek lasai-lasai egiten ahal dute lo, zeren langileok, gehienez jota Kapitalismoa "ezkerretik" kudeatzea nahi izanen dugu, eta horretarako badituzte sozialdemokratak eta sindikatu erreformistak kontrolpean. Artikulu honen bidez eta jardunaldian parte hartuz hauxe erdietsi nahi dut: burgesia inperialistaren terrorismo intelektualaren hegemonia kultural erabatekoa haustea, eta eztabaida berriro piztea. Eta hori, ENAMen krisi estrategikoarekin lotura zuena du, ene ustez.
Horretarako, kapitalisten terrorismo kultural hegemonikoaren katebegirik ahulenean jotzen saiatu naiz: CHE. Oligarkiak iraultzaile bat deabrutu ezin duelarik (Marx, adibidez edota Rosa Luxemburg...) manipulatu egiten du, desitxuratu eta inofentsibo bilakatu. Hori egin zuten CHErekin, bainan hala ere erreferentzia handia da langileondako. Nik STALINen gaia CHEren bidez plazaratu dut, inperialismoaren gezur eta manipulazioak bitan haustesko: CHEk STALIN defenditzen zuen, estimatzen zuen, estudiatzen zuen. Bainan aldi berean, CHEk TROTSKI ere irakurtzen zuen, jakina. Eta ez zituen maila berean ipintzen! CHEren bandera astintzen duten gehienek ez dakite hau, eta inperialismoaren manipulazioan jausten dira, "trotskista" baztuen laguntzaz, prefosta. Trotskista idatzi dut komillen artean, zeren eta TROTSKIren pentsamendu eta jardueratik gaur egungo "trotskisten" ekintzetara...amildegi bat badago, eta nolakoa. Hasteko, oraindik ikusteko nago balizko trotskistek antolatutako Armada Gorri bat munduko bazterren batean. Hori egin zutenak, adibidez Txileko MIR edota Argentinako PRT, trotskismotik urrundu ziren. Trostkismotik, bainan ez TROTSKIrengandik.
Euskal Iraultza Sozialista berriz abiatzeko, estrategia sendoa behar dugu, eta oinarri teoriko sakonak. Eta autokritika gupidagabea egin behar dugu, egin behar diot nik neure buruari, ea nola demontre iritsi garen egoera honetara, non, Donostian pasa den asteburuan bezala, Oraingo Ezker Abertzaleko buruzagiek zipaioak eskoltatzen dituzten hiru gazte atxilotzeko... eta kitto, denak etxera edo poteatzera! Agur, espetxerat idatziko dizut, goraeuskadiaskatuta!
Munduko klase borrokaren azken 100 urteak goiti behiti miaztu, aztertu eta errepasatu behar ditugu, estrategia berria martxan jartzeko. Eta horretan kokatzen da, bertzeak bertze, STALINi buruzko idazkia, polemika eta gogoeta eragin nahian, eta Inperialismoak inposatutako ortodoxia burgesa eta "demokratikoa", pentsamendu bakarra birrintzeko asmoz. STALIN kritikatu? Jakina baietz! Bainan etxean, komunista iraultzaileon artean, burgesiaren xantaia eta terrorismo intelektialaren aitzinean amore eman gabe, CHEk beti egin izan zuen bezala.
ErantzunEzabatuBon, EKI, gaurkoz aski, berandu da eta logale naiz. Har ezazu ene besarkadarik handiena, eta berriz ere milesker zure iruzkin, kritika eta ekarpenengatik. Hori bai: hitza hartzen dizut! "interes handiz segituko dut bloga irakurtzen eta hala iriztean era batera edo bestean ene analisia helarazten."
Espero dut zure hitza beteko duzula-
Izan ongi eta lotu borrokari!
Zure laguna,
Fermintxo