ONGI ETORRI!
Laguntzaile eta kolaboratzaile berria dugu Euskal Iraultza Sozialista blogean: Josu Iraeta idazlea. Bere gogoetak "Mendi magaletik" izeneko sailean argitaratuko ditugu, pozaren pozez. Egia erran, biziki kontent naiz horregatik, hasiera-hasieratik blog honen asmoa bilgune bat sortzea izan baita, Euskal Errepublika Sozialistaren alde borrokatzen garen guztion elkargunea.
Milesker aunitz bihotz-bihotzez, Josu, eta ongi etorri!
MENDI MAGALETIK (1)
Emandako aukera eskertuz, eta lagungarri izan nahian, hona hemen nere lehen urratsak.
Objektiboa izan nahian,
Mariano Rajoy jauna buru duen gobernu frankistaren baitan egon diren mugimendu
esanguratsuei so eginez, eta horrenbeste dekretu erreakzionario sinatzeak
agerian utzi dituen helburuen aurrean, argiak bezain zehatzak izan nahi diren
zenbait ideia plazaratu nahi nituzke, barruko haserrea kaleetan erakusten ari
den gizartearekin bat eginez, batzuen isiltasunaren eta besteen txaloen
aurrean.
Hamaika bider aipatu izan
dugun “prozesuari” buruz ere zenbait argibide ematea egoki iruditzen zait. Izan
ere -nire ustez- itxaropen-iturri den prozesu horrek ez du aurrera egiterik
izango, ez baitute ernatuko, geroz eta ugariagoak diren plataforma eta
eztabaida mahaien haziek. Hazia hemengoa behardu
izan, bertakoa.
Laguntza
–merkea ez bada ere- beti da estimagarria eta agian legundu dezake bidea, baina
ez da aski. Horregatik -ez nuke halakorik esan nahi baina- tamalez, ez dute
asmatzen, normalizazio politikoa eta bakea ontziaren brankan jarri dituztenak. Nire iritziz, bai normalizazio politikoa, bai
bakea azken burukoak baino ez dira izango. Baino “prozesu” hori garatzen bada,
izango da lurraldetasuna eta autodeterminazioari bide ematen diolako. Jakinik
Hegoaldeko bi Estatutuek horretarako gaitasunik ez dutela.
Aurrekoaz gain, gogora ekarri behar genuke zeinen
sinesgarritasun eskasa izan ohi duten espainiar gobernariek historian zehar
(azken mende laurdenean berretsi dugun legez). Hori horrela, akordiorik egotekotan
(egongo dira), behar bezala eta modu nabarian blindatutakoa izan beharko luke.
Izan ere, euskaldun eta europar izateko eskubidea etorkizuneko belaunaldiei ere
badagokien eskubidea da, hau da, unean uneko gehiengo hipotetikoek, Espainiako
indar armatuek egindako presioak edota oportunismo politikoak besterendu
ezinezkoa.
Funtsezkoa behar lukeen prozesu horren “hastapenean” murgildu garela
onartzeak (bai euskaldunontzat, bai espainiarrentzat), esan nahi du,
halabeharrez, espainiar nazionalismoak behin eta berriz porrot egin duela
historian zehar. Franko hil zenetik ia
berrogei urte igaro diren arren, haren ondorengo gisa jardun duten politikari
bat bera ere, ez da izan euskaldun eta espainiarren artean bakea, aurrerapena
eta askatasuna zabalduko lituzkeen
proiektu logiko, eta demokratiko bat bera ere erdiesteko gai.
Dena dela, badira “prozesu” famatu horretan
eragina izan duten eta izango duten zenbait faktore. Faktore horiek, ezagunak izan arren, erraz kontrolatzeko modukoak ez
dira, eta arreta berezia eskaini beharrekoak. EAJ
eta PSOEk, esaterako, elkarri laguntza emateko mekanismoak aktibatu izan ohi
dituzte betidanik, erabat eraginkorrak, eta hemendik lasterrera ere (modu
batera edo bestera), eta EHBrekin unean uneko topaketak egon arren, berriz ere
ikusiko ditugunak. Horrelakoa da
demokrazia.
Euskal gizartea kalera atera da, erabakitzeko
eskubide eske, eta jasaten ari den zigorrari aurre egin nahian . Gizarte horrek
berorrek, beste behin ikusiko du nola EAJk ostrazismotik erreskatatzen dituen
Felipe Gonzalezen oinordekoak, aurrekontuak bezalako gai garrantzitsuak barne
hartzen dituzten akordioak elkarrekin sinatuta. Ezin
gaitezke horregatik harritu, jakina baita elkarrekin akordioak sinatzeko
betidanik izan dutela zaletasuna.
Laburbilduz, doan eskaintzen diguten “Espainia
bakar" horren eszenifikazioak, aurpegi ezberdinak erakusten ditu, euskaldunoz
gain, badira beste batzuk ere. Denbora dezente igaro den arren, gogoan daukat
Carod Rovira jaunak, “gidoiz kanpo” eginiko mugimenduak, ERC alderdiaren bidez
Estatut-aren eztabaida kalera atera eta Kataluniarrei, horren inguruko indarra
adierazteko aukera eskaini zienekoak. Gauzak
asko aldatu dira, eta orduan "elkarri laguntza emateko mekanismoak"
aktibatu zituena, hau da, CiU, aldaketaren aldeko sustatzaile nagusia da gaur
egun. Hori guztia historia da, eta beti
izan da horrela; gaur filibustero, bihar
gobernari.
Euskaldunok betidanik egon gara Europan,
horregatik, badaukat susmo bat; duela zenbait hamarkada beraien helburu
totalitarioak lortu ez arren Europa bonbekin suntsitu zuten haiek, gauza
berbera egiten ari direla gaur egun, baina Bruselako eserleku erosoetatik,
oraingoan. Argi dago Moncloa bat datorrela
haien helburuekin, eta hori horrela izanik, ez da harritzekoa erasotako gizarteen
erantzuna neurrikoa izatea, bai Katalunian, bai Galizian, bai Euskal Herrian. Erkidego desberdinetako telebistetan albisteak
ikusi besterik ez dago, non sinetsi ezinezko dekretuak salatzen diren, hiru
nazionalitate horiek pobretu eta ahuldu ez ezik, hiruren nortasun-zeinuak deuseztatu nahian dabiltzalako.
XXI. mendean egon arren, gorrotoz eta
mendeku gosez beteriko Mariano Rajoyrena bezalako gobernu batek, baditu,
frankismoa horren modu higuingarrian ezartzeko arrazoiak. Arrazoi horiek
espainiarren presidenteak berak ezartzen duen jarreran aurki dezakegu,
espainiar nagusitasun eredu bakarra eskaintzen baitu elkarbizitzarako proiektu bezala.
Hauek espainiar nagusitasunaren emaitzak.
Bukatzeko, inoiz ahaztu ezinezko zerbait
nabarmendu nahi nuke: Alegia; “Euskal
Herria dela geure elkarbizitza sozial eta politikoa erdiesteko marko gisa erabili
beharreko subjektua, denboran inolako mugarik gabe”. Kontuan eduki beharrekoa.
