Hona hemen ARGIA aldizkarian aurkitutako artikulua, biziki interesgarria. Lehenago ere Pello Zubiriaren bertze artikulu bat argitaratu nuen hemen, Fukushimari buruzkoa. Blog honetan batzutan aipatu dut III Mundu Gerraren hipotesia, ikusirik Inperialismoaren krisia 1929koa baino hagitzez larri eta sakonagoa dela, eta jakinda kausa berdinek antzeko efektuak eragiten dituztela...
Milesker aunitz Pello Zubiriari honelako artikulu mamitsua idatzi izanagatik!
ESTATU BATUAK
ZENBAT ETA AHULAGO, INPERIALISTAGO
Pello Zubiria Camino
ARGIA
Bertako askok aipatzen duten arren Amerikako Estatu Batuen hegemonia 
ezberdina dela historian zehar ikusi diren beste inperioekiko, yankien 
inperialismoak aurretik Holandak eta Britainia Handiak ezarritakoen 
eredu oso antzekoa darabil. Julian Go soziologoak aurreikusi du AEBek 
atzerri politika gogortu egingo dutela berriro. 
 
 
War News zerbitzutik hartu dugun argazkian, agentziak dioenez, Shane 
Bordonado soldadu iparramerikarra azaltzen da 2008ko abuztuaren 4an 
Irakeko Al Assiriyah hiriko karriketan patruilatzen, auzoko umeak 
jarraika dituela. Julian Go soziologoak arrazoi ematen dio Immanuel 
Wallerstein filosofoari honek azaltzen duenean hegemonia bakoitzak bere 
burua legitimatu nahi duela balio unibertsalak eskainiz. Holandarrek 
bezala britainiarrek eta yankiek ere merkataritza irekia aldarrikatzen 
zuten. Horrez gain, holandarrek erlijio tolerantzia aipatzen zuten, eta 
britainiarrek zibilizazioa, civilizing the natives, funtsean 
merkataritzaren bidez lortu beharrekoa. AEBek modenization edo 
development (garapena) eskaintzen dizkiete atzeratutako herrialdeei. 
Orain Txina ari denez hegemonia bila, ikusi beharko da zein balio 
unibertsal berri dakartzan eskuetan.      
Afganistan eta Irak ahaztu  bezain laster ekingo diete AEBek gerra eta 
inbasio berriei. Hori ei dago idatzita AEBek bezala munduan hegemonia 
erabili duten ereduan: benetako indarra ematen duen nagusitasun 
ekonomikoa ahuldu ahala, mendean eduki nahi dituen eskualdeetan 
bortizkeria militarrez jokatu beste biderik ez du aurkituko. Julian Go 
soziologo amerikarra mintzo da horrela.
Bostongo unibertsitatean Aginte politikoaren eta Gizartearen Teoria 
irakasten duen Julian Gok bere bosgarren liburua du Patterns of Empire: 
the Britsih and American Empires. 1688 to the Present (Inperio ereduak: 
inperio britainiarra eta amerikarra. 1688tik gaur arte).  Liburuko 
ideiak laburrean eskaini dizkio Alex Dohertyri New Left Project 
aldizkarirako.
 
 
 Goren iritzian potentzia handi batek beste ezer hoberik egin ezin 
duenean erabiltzen du inperialismoa, hau da, eskualde batean armada 
zuzenean sartu, eskualdea koloniatzat bereganatu edo okupatzea. Azken 
aukera taktikotzat. Badaki garestia dela direct imperialist jokatzea.
 Estatu batek nagusitasun ekonomikoa duelarik ez dago horretara  
heltzeko bezain desesperatua. Gok multinazional handi batekin 
alderatzen du. Multinazionalek nahiago dituzte merkatu libreak, 
badauzkatelako kapitalak eta baliabidea aurkari txikiagoak menderatzeko 
merkatu librean –zeinak ez baitira benetan libreak, argitzen du Gok, 
horregatik maite dituzte korporazioek–. Baina abantaila hori ez 
daukatenean, orduan konkurrentzian tranpak egiten dituzte, etekinak eta 
merkatuaren kuotak ziurtatzeko.
 Estatu batek berdin, munduan nagusi baldin bada nahiago du status quoak
 jarraitzea. Aldiz, estatua ahultzen hasi delarik, inperialismoak balio 
dio nagusigoari heltzeko.   Hala egin zuen Britainia Handiak XIX. 
mendean eta berdin AEBek XX.ean. Gok dioenez, II. Mundu Gerratik 1970eko
 hamarkada artean hegemonia nabarmena eduki zuten AEBek, eta geroztik 
gainbehera hasitakoan ugaritu zituzten esku hartze militarrak eta 
inbasioak munduan zehar. Horren arabera Vietnamgo gerra litzateke araua 
berresten duen salbuespena.
 Elkarren antzekotasun handiak aurkitu dizkie Julian Gok britainiarren 
eta yankien inperialismoei. Ahultzen hasitakoan eraso militarrak 
gehitzeko joeraz gain, bi inperialismoek egin dituzte ahaleginak eta bi 
ez onartzeko inperioak zirela. AEBetan denbora luzez herritarren artean 
baina baita akademikoen artean ere ukatu egin da. Berdin egiten zuten 
ingelesek, denbora luzez empire edo imperialism kontzeptuak usatzen 
baitzituzten Napoleonen Frantziaz aritzeko. Oso berandu hasi ziren 
britainiarrak modu libre samarrean aipatzen British Empire.
Datozen gerra berriak
 Julian Gok aurreko ikerlanetan aztertuta dauzka Puerto Rico eta 
Filipinetan AEBek egindakoak. Hain zuzen, bi kasuok aipatzen dituzte 
intelligentsia iparramerikarreko askok defenditzeko yankiek ez dutela 
inperialismoa egiten, demokrazia eta merkatu librea diren beren balioak 
esportatzen dituztela, demokrazia ezarri omen zuten bi herrialde horiek 
lekuko.
 
 
 Baina alde batera utzirik norbaiti sistema demokratiko bat indarrez 
ezartzearen ironia, erantzun du Gok: “Puerto Ricon eta Filipinetan AEBek
 aurrean zeukaten lekuko elite bat lehendik hezia demokraziaren 
ideietan, eta AEBk kolaboratzaileak behar zituzten. Haiek meneratzeko, 
Amerika kolonialeko funtzionarioek ‘zaindaritza demokratikoa’ 
(democratic tutelage) ezarri zieten.
 Ez zuten, ordea, berdin egin Samoan edo Guamen, hauetako eliteak 
gehiago ikusten zituztelako ‘salbai zintzo’ moduan”. Bide batez esanda, 
britainiarrek antzeko democratic tutelage ezarri zioten India handiari 
XIX.ean.
 Hala ere, potentzia handien arau eta eskemak ez dituzte beraiek 
bakarrik erabakitzen, mendean hartutako herrien erreakzioek 
baldintzatzen dituzte hein batean. Horrela, dio Julian Go, nekez erabil 
lezakete AEBek eredu kolonial tipikoa, herrialde baten anexio eta 
kontrol erabatekoa. Borroka antikolonialek erakutsi diete zerbait.
 Alternatibak britainiarrek berek sortu zituzten XIX.ean zenbait 
lekutan. Alde batetik, kontrol informal bat, lekuko bezero edo morroi 
(client latinezko cliens hitzetik dator: nagusi batek babestu eta 
sustatzen duen menpekoa) edo aliatuak bilatuz. Bestetik, bide askoz 
erasokorragoa, eraso militarra edo/eta aldi baterako okupazio militarra.
 Bigarren hau erabiliko dute klientelismoak porrot egin duenean.
Saddam Hussein AEBen client bat zen, eskema inperialistan. Baina 
egoskortzen hasi zen eta nork agintzen duen erakutsi behar izan zioten. 
“Gehienetan horrela gertatzen da, lehenbizi mehatxu ekonomikoa, 
laguntzak eten eta enbargoak ezarri. Gero, honek ere huts egin badu, 
inbasio militarra, argi eta garbi. 
 Horixe ikusi dugu azken hamarkadotan AEBak larritu ahala beren 
hegemonia ahultzen ari zelako, gero eta inbasio militar eta okupazio 
gehiago. Eta nik esango nuke horrelako gehiago ikusiko ditugula datorren
 hamarkadan, bai behintzat Afganistan eta Irakeko gerrak ahaztu bezain 
laster”.
 Iparramerikarrak gerra berrietan sartu, Barak Obamarekin oraintxe ateratzen ari direnean nola edo hala Irakekotik?
 Baiki, dio Gok. Inperio guztietako jendeen moduan, AEBetakoek ere 
memoria laburra dute, eta ekonomiak makaltzen segitzen duenarekin 
bateratsu ari dira indartzen mehatxuen erretolikak: “Inperialismoa 
gehienetan mehatxuan oinarritzen da justifikazio bila. Bestalde, Irak 
eta Afganistanen motz geratu arren, US Army da munduko indar militar 
gotorrena”.
 Hori zaio beldurgarria soziologoari: ekonomiaz gero eta ahulagoa 
dabilen potentzia militarki munduan nagusi dela. Hori da esatea bezala 
indar militarra baizik ez daukala. Horra arrazoirik handiena pentsatzeko
 indarra erabili egingo duela bere burua gehiago makaltzen ez 
ikustearren.
 “Pentsa ezazu auzoko mutiko liskarzale ezjakin, bortitz eta 
kankailuenak galdu egin dituela beren goxokiak ahulagoak diren mutikoen 
kontra. Zer espero duzu egingo duela? Ohartzen naiz konparazioa txoro 
samarra dela. Baina hein batean ez da gertatzen ari denetik oso 
ezberdina. Eta beldurgarria da, zeren eta ondoren ez baita etorriko 
AEBen etengabeko erasoa bakarrik, baizik eta mundu mailako 
gatazka-eskalada, aginte arerioen artean. Eta orduan bai heldu zaigula 
mundu mailako gerra”.
 
  
  
 


 
aupa Fermintxo!
ErantzunEzabatubarkatu esteka hau hemen itsasteagatik, baina, gaurko eguna poztu didan artikulua da; txikia bada ere esperantzari tokitxo bat ematen diola iruditzen zaidalako eta ,nahiz eta, ez duen gaur egun bizi dugun suizidio filosofiko-ideologiko-politiko hau geldituko euskal gazteriaren izaera diskonformista islatzen du
http://topatu.info/komunistak-gara/
Milesker!
ErantzunEzabatuFermintxo