LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2014/01/15

2007 : BORROKA DA BIDEA, ATXIK ETA JO AITZINA!



2007 - 2014 : ZAZPI URTEKO BILANA

Cabecera marcha Bilbao
2007

2009

2011
2014

Duela zazpi hilabete, egunez egun, blog honetan idazteari utzi nion. Iruzkin batean erran dudan bezala, Jakue Garmendiak eta biok erabaki genuen blog honen helburua, Euskal Nazio Askapen Mugimenduaren baitan nagusitua zèn joera erreformista, sozialdemokrata eta likidazionistari aurre eginen ziòn antolakunde iraultzaile alternatibo baten existentziaren berria Euskal Herrri Langileari ematea betea zela, eta beraz, aski zela momentuz. Jakue Garmendiak eta biok oporrak hartu genituen eta bertze lanetara joan ginen.

Geroztik, hamaika aldiz erran izan digute, kale eta karriketako solasaldietan, ea noiz berrabiatu behar genuen berriz ere blog hau, "Euskal Iraultza Sozialista".

Azken bi asteetan Euskal Herrian gertatutakoak erakutsi digu tenorea iritsia dela berriz ere gure gogoetak jendaurrean agertzeko.

Ez da sekretua inorendako IBIL euskal antolakunde iraultzaileko militantea naizela, bainan hemen agertuko ditudan iritziak eta hausnarketak pertsonalak dira. IBILek kolektiboki landu eta onartutako testuak bere sinaduraz agertuko dira, orain arte egin izan dugun bezalaxe.

Urtarrilaren 25ean argitaratuko dut idazki luzea, gaur egungo Euskal Herriko egoera soziopolitikoari buruzkoa, azken zazpi urteetako balantzea eta perspektibak. Zergatik urtarrilaren 25ean, prezeski?


Oraingo Ezker Abertzalearen zuzendaritzak aitzina daraman ildo politikoarekin dudan jarrera erabat kritikoa ez da atzo goizeko harrikada. 2007ko urtarrilean izan zen haustura, eta haustura horren berri eman nion buruz buru eta aurrez aurre Pernando Barrenari, bere etxean egindako bisita batean. Are gehiago, ene jarrera kritikoa azaltzen zuèn txosten laburra ere eskura eman nion: bi kopia. “Hemen bi kopia zeudek” erran zidalarik, nik hauxe erantzun nion, hitzez hitz: “Bigarren kopia Arnaldorendako duk”.

Beraz, oraingo Ezker Abertzalearen zuzendaritzak 2007ko urtarrilaren bukaeran jakin zuen, bertze inork baino hagitzez lehenago, haien deriba erreformista sozialdemokrata eta likidazionistaren aurka nengoela erabat, eta haien ildo politikoaren aurkako borrokan eta disidentzian sartzen nintzela



Nork bere ondorioak aterako ditu egitate honetatik, bainan ageri da oraingo Ezker Abertzalearen zuzendaritzak ere bereak atera zituela. Hori bai, ezin izanen dute sekula santan erran ez zirela abisatuak izan, edota balizko konspirazio zital eta maltzurrak izan zirenik ene aldetik, zeren eta Euskal Herrian ene ildo politikoaren berri izan zutèn lehendabiziko pertsonak Pernando Barrena eta Arnaldo Otegi izan baitziren. Eta aski da haiei galde egitea, ea egia ote den nik diodana.

Bortz urtez saiatu nintzen, deriba sozialdemokrata hau zuzentzen, ene indar eta ahal guztiez. Egunen batez azalduko dira nik egindako saiakera guztiak eta oraingo Ezker Abertzalearen zuzendaritzaren aldetik hartutako neurriak eta egindako  maniobrak. 

Kaxu! Ez naiz kexatzen ari, guztiz logikoak eta koherenteak iduritu zitzaizkidan bere momentuan, ENAM likidatzeko operazioaren baitan beharrezko eta ezinbertzekoak. Horrelakoa da klase borroka, eta horrelakoxea da bere baitan garatzen den borroka teoriko-ideologikoa. Kiroltasunez hartu beharreko kontuak dira, nahiz eta gehienetan mingarriak izan (segur aski bi parteendako, oraingo Ezker Abertzaleko zuzendaritzako kide gehien-gehienak ene burkideak izan baitziren HBn, KASen eta ETAn).

Aski kalaka, gaurkoz. Eztabaidaren haritik tiraka bertze kontu batzuk agertuko dirateke, agian. Momentuz, honat hemen 2007ko urtarrilaren 25ean izkiriatu nuèn idazlana. Mikel Erro ezizenaz sinatu nuen, klandestinitate garaiak baitziren. Mikel Erro nik EGINen idazteko erabiltzen nuèn seudonimoa izan zen, 1989-1992 urteetan. Izengoiti hori aski ezaguna izan zen Ezker Abertzalearen baitan.

Idazki hau lehenago argitaratua izan da blog honetan, 2012ko abuztuaren 27an, hain zuzen ere. Jendearekin solasean ohartu naiz ez dela bat ere ezaguna, eta merezi duela berriz argitaratzea, zazpi urte hauetako balantzea egin ahal izateko, eta irakurle guztiek oraingo egoera baloratzeko, nork bere iritzia osa dezan.

Erran bezala, testu honen zazpigarren urteurrenean, hilaren 25ean, idazki luzea argitaratuko dut, gaur egungo koiunturari buruzkoa. Anartean, hona hemen duela zazpi urte nituèn gogoeta eta pentsamenduak. Praxi iraultzaileak erranen du zuzen ala oker nenbilen...

Azpimarrak eta testuko gainontzeko ezaugarri bereziak nik gaur egun, zazpi urte ondoren, egindakoak dira.


BORROKA DA BIDEA,

ATXIK ETA JO AITZINA!!!


              Idazki honen helburua Euskal Herriko egoera politikoaren azterketa  egitea da. Hamabi tesietan oinarritu dugu geure analisia:

1.- Gure abiapuntua, klase borroka eta oro har botere harremanen azterketa da. Hori egin gabe ez baitago egoera ulertzerik. Euskal Herria, eta zehazkiago, Euskal Herri Langilea (hemendik aitzina EHL) bi estatuk zapaltzen dute: Espainia eta Frantzia. Bi estatu horiek mendez mende eraiki dituzte klase zapaltzaileek, forma desberdinak emanez. Azken berrehun urteotan Nazio-estatu bilakatzen saiatu dira, gure Herriaren izatea bera kinka larrian jarriz.

2.- Estatu espainolari dagokionez, 1931-1939 ziklo iraultzailea suntsiturik, oligarkiak berrrogei urteko diktadura faxista (nazionalkatolizismo frankista) ezarri zuen. Oligarkia horrek berak  Monarkia borboitarra berrezarri zuen 1975-1978 urteetan, funtsezko botere egiturak aldatu gabe: zapalkuntza kapitalista eta espainolak ez diren Herri eta Nazio guztien ukazio eta asimilazioa. Horixe da, hain zuzen, 1978ko Konstituzioak bermatzen duen egoera zapaltzailea.

   Bergauza erraten ahal dugu Estatu frantsesari buruz: V Errepublikak zutik mantendu zituen nazionalismo etnozida frantsesaren bi zutabe horiek. 

Bi estatuetan beraz, ez dago guretako zinezko demokraziarik. Zeren eta autodeterminazio eskubidea baita zinezko demokrazia eta askatasunaren oinarri eta ardatza. Ukazio honek behartu zuen EHL borroka armatuari berriz ekitera Gerra Handia (1936-1945) bukatu ondoren.

3.- Haustura demokratikorik ez da izan beraz, ez Frankismoarekikoa, ezta Jakobinismoarekikoa ere (Jakobinismoa erraten diogu nazionalismo frantses inperialista eta etnozidari, historikoki nazionalismo espainolaren iturri eta eredua izan dena). Iazko martxoan Nazio Askapenerako Euskal Erakunde Sozialista Iraultzaileak aldarrikatutako su-etenak egoera honetan eragin nahi zuen, prozesu demokratikoa irekiz eta zabalduz Euskal Herrian. Hau da, urte luzetako borrokaren ondorioz, haustura demokratikoa erdietsi bi estatuetan, urratsez urrats. Etapa honen helburuak argiak dira: Autodeterminazioa, Amnistia eta Nafar Lurraldeen Birbatasuna (Hego eta Iparraldeko erritmoak kontuan hartuz)

4.- Prozesu honek, gure ustez, haustura demokratikoa eragin behar du bi estatu zapaltzaileetan. Berez eta beraz, prozesuak demo-kratikoa izan behar du, hitzaren zentzu  sakon eta etimologikoan, hau da Herri Boterean oinarritutako prozesua, non EHL autodeterminatuko den, bukaeran Independentzia eta Sozialismoa erdietsiz eta zapalkuntzarik gabeko Herria osatzeari ekinez. Hots, prozesu iraultzaile iraunkorra, etenik gabea, fase desderdinak ukanen dituena: demokratikoa, sozialista, utopista (komunista, nahiago bada.) Haustura demokratiko hau bi estatuetako Herri eta klase zapaldu guztiek erdietsi behar dute, ezinezko baita bertzenaz. Hau da, Euskal Herri Langilearen borrokak bidea urratzen du gainontzeko Herri Langileendako, Euskal Iraultza Europako Iraultzaren abangoardia bilakatuz de facto.

5.- Gogoeta honek erakusten digu iazko martxoan abiatu zèn prozesu demokratikoaren zinezko tamaina eta neurria. Eta honek argitu eta azaltzen ahal digu bederatzi hilabeteotan ezagutu ditugun krisi eta kontraesanak. Zeren klase sozial guztiek beren interesen arabera jokatu baitute prozesu honetan, nork bere kontzientzia mailaren arabera, jakina. Eta hortxe berean kausitzen da gakoa, bi oligarkiek maila handia erakutsi dutelakotz. EHLak, aldiz, kontzientzia lausoa.

6.- Oligarkia frantses eta espainolak ez dira bloke homogeneoak: beren baitan talde,frakzio eta korronte diferenteak ageri dira. Laburbilduz eta sinpletuz, bi joera nagusi nabari dugu:

         A.- Oligarkia kontserbadorea eta yankizalea, AEBetako multinazionalei  lotua eta Estatu sionistari hertsiki atxikia. Oraingo ofentsiba inperialista orokorraren aldekoa, erabat unilateralista.

          B.- Oligarkia liberal eta europazalea, Europako Batasuneko interes inperialistei lotuagoa, ofentsiba horrekin taktikoki kritikoa eta Inperio kapitalistari buruz ikuspegi multilateralagoa duena.

     Erabateko sinplekeria litzateke bi joera horiek alderdi zehatz batzuekin identifikatzea, bainan uste dugu aise ikus eta koka daitezkeela bi joerok egoera politikoan. Geroko txosten baterako uzten dugu azterketa xehe eta zehatzagoa.

7.- Nazio Askapenerako Euskal Erakunde Sozialista Iraultzaileak bere su etenaz abiatu eta irekitako prozesuak klase eta botere harreman sare konplexu honetan eragin zuen, burgesia eta beren sateliteetan jarrera diferenteak sortuz:

         A.- Oligarkia yankizaleak kontrako jarrera zorrotza hartu zuen, Euskal Herriaren erabateko derrota bilatuz, 1937koaren neurrikoa.

         B.- Oligarkia europazaleak ENAM eta oro har EHLren errendizioa bilatzeari ekin zion, itxura negoziatuarekin, nazioarteko gainontzeko  ereduak  aplikatuz.

Bi oligarkien joera hauek helburu berbera xerkatzen dute, bistan denez, baina tresna eta baliabide desberdinekin. Kontraesan eta ñabardura horiek biziki garrantzitsuak dirateke geroan, prozesu demokratikoa indartzen den neurrian oligarkiaren baitako arrakaldura horiek areagotuko baitira, lehertu arte

8.- Azken bederatzi hilabeteotan bi taktika aplikatu dute aipatutako oligarkien frakzioek. Estatu espainolari dagokionez, bi bloke agertu dira: bata PPk politikoki ordezkatzen duena, bigarrena PSOEk gidatzen duena (bere mende hartzen ditu Estatu espainoleko bertze nazioetako burgesia erregionalista eta autonomisten ordezkari politikoak: CiU,ERC/BNG/PNV,EA, NaBai/CC...).

9.- PSOEko Gobernuak ez du bete hitzartutako hiru baldintzak: errepresioaren etena, ezker abertzalearen iharduera politiko normalizatua eta Euskal Herriaren erabakitze eskubidearen gaineko adierazpen instituzionala. Erabat koherenteki jokatuta, denbora galtzen aritu da etengabe, eta aldi berean errepresioa gogortu eta areagotu du arlo guztietan, balizko amoremate, umiliazio eta errendizioa bilatuz. Helburua, ENAM sistemaren baitan integratzea, jakina. Bertzalde, oso seriotan hartu behar da iazko ekainean Rajoy neofrankistak Zapaterori errandakoa, Estatua ez zuela ordezkatzen, alegia. Honek erakusten digu oligarkia frankistak, Monarkiak barne, ez duela PSOEren taktika inolaz ere onartu. Areago, ahal duen guztia egiten ari da PSOE eta berak ordezkatzen duen burgesiaren zatia gobernutik (ez boteretik, jakina) kentzeko.

 PSOEren jokabidea guztiz logikoa da beren klase ikuspegitik. Kontuan hartu behar dugu mugimendu iraultzaile askoren jokaera Sobiet Batasunaren sistema hondoratu zenetik. Adibide xumeak jartzeko: Ertamekikako Iraultzak (Nikaragua, El Salvador, Guatemala) Hegoafrika, Irlanda... Inperialismoak negoziazio prozesuak abiatu zituen orduan mugimendu iraultzaileak indargabetu eta neutralizatzeko, sisteman integratuz eta herri borrokak suntsituz. Emaitzak denen bistan dira, zorigaitzez.

10.-Ez da harrigarria bi oligarkiek eskura izan duten guztia erabili izana Euskal Herriaren prozesu demokratikoa gelditzeko nork bere eran eta taktikan. Guztiz logiko eta ulergarria da. Ulergaitza dena da ezker abertzaleko zuzendaritzaren jarrera. Militantziari ez zaio argi eta garbi azaldu prozesuaren tamaina estrategikoa. Eta hori, gure ustez, ildo politiko erreformista (edota sozialdemokrata, nahiago bada) baten ondorio zuzena da. Perspektiba falta ikaragarria, eta aldi berean, kezkagarria.

Ildo erreformista honen alde Irlandako adibidea aipatzen da behin eta berriz, eta hori paradigmatikoa da, zeren adibide argiena baita nola borroka iraultzaile-independentista bat indargabetzen ahal den sistema inperialistan integratzeko. Inperialismoa ez da aise tronpatzen ahal, eta aski da ikustea hamar urte honetan Irlandako independentzia, birbatasun eta sozialismoaren aldeko borrokaren bilakaera ohartzeko Europako kapitalismoak behar duen “bake soziala” nola erdietsi den Eiren.

Hau guztia erratea erabat autokritikoa da, idazten ari denak gertaera hauetan parte hartu izan baitu. Eta era berean hagitz mingarria  Bainan egiari bizia zor!


11.- Iraultzaren aukera baztertzen den heinean, sistema kapitalista eta inperialistan integratzea bertze biderik ez zaigu gelditzen

Hori bai, ahalik eta baldintza hoberenetan. Bainan hori ameskeria da gure egoera geopolitikoan!

Ez dugu zalantzan jartzen hori egiten ari direnen borondate ona, horietako aunitz lagun eta adiskide baititugu. Bainan aitzina jotzeko baldintza, kritika eta autokritika dira, ez dago bertze biderik. Halaber, espero dugu idazki hau ere kritikatua izanen dela. Agian bai! Burdin  eta altzairuzko logika horren baitan ulertu behar da Batasunaren deia Ibarretxeren manifara joateko. Eta are gehiago azken aste hauetako  adierazpen argigarriak, hala Arnaldorenak nola Rafa Diezenak ere. Eta ildo berean kokatzen ditugu ekainaren 30eko Zapateroren adierazpenaren balorazio baikorra, edota Entzutegi Naziaren aurrean izandako jarrera gorabeheratsua. 

Gure hipotesia da Ezker Abertzalearen zati handi bat logika erreformista eta sozialdemokratan barnatu dela, eta gertaera honek azaltzen dituela azken hilabete hauetako joera kontraesankorra. 



Zeren Madrilgo ekintza ondoren, eta honek sortu zuèn krisia aztertuz argiro dakusagu Ezker Abertzalearen baitan bi joera politiko diferente nabarmendu dela. Noraino eta etsaiek berek ozenki aldarrikatzeraino.

12.- Gure ustez, borroka ideologiko-organizatiboa abiatu behar dugu gaur egun, aipatu ildo erreformistari aurre eginez eta militantziari arazoak argi eta garbi azalduz. 

Eta bidenabar gure sustengu eta elkartasuna adieraziz Nazio Askapenerako Euskal Erakunde Sozialista Iraultzaileari, uste baitugu ildo iraultzaileari zintzoki eusten diola. Kritikak kritikak eta ñabardurak ñabardura, euskal iraultzaile guztiok batera jokatu behar dugu egoera larri honetan

Honen guztiaren ondorioz, hiru eginkizun zehaztu nahi ditugu euskal iraultzaileondako:

         1.- Arlo teorikoan, hil ala biziko afera da teoria iraultzaile guztien indartzea. Dela marxismoa, dela komunismo libertarioa, feminismoa, ekologismoa... “Teoria iraultzailerik gabe ez dago mugimendu iraultzailerik” zioen Leninek. Gaur egun hori da, gure ustez, euskal borrokalarien hutsunerik gorriena. Guri dagokigunez, 1991an lehen aldikotz plazaratu genuèn hipotesi-proposamen teorikoa (materialismo utopikoa, alegia) garatu eta sakontzeko engaiamendua hartzen dugu, urtebeteko epean. Halaber, Euskal Iraultzaren bidean estrategia zehazteko konpromisoa ere hartzen dugu geure gain, bortz hilabete barru.

         2.- Antolakuntza arloan, gaur egun diren erakunde eta antolakunde guztiak indartzeaz gain, euskal iraultzaileen koordinakunde iraunkorra antolatzea proposatzen dugu, emeki-emeki nagusitzen ari den ildo erreformistari aurre eginen diona.

         3.- Borroka arloan, herri borroka guztiak areagotzea da gure eginkizuna, nork bere tokitik eta militantzia esparrutik. Helburu nagusia, Euskal Nazio Askapenerako Mugimendua berreraikitzea da, Euskal Herri Langilearen kontzientzia iraultzailea indartuz eta zorroztuz.

Izan ongi eta lotu borrokari!!!

Gora Euskal Herri Langilea!!!
Gora Euskara Ta Askatasuna!!!
Gora Euskal Iraultza!!!

Euskal Herrian, 2007ko urtarrilaren 25an.

Euskal Gazteria iraultzailearen aldeko borroka eguna.   

Mikel Erro. 

         
 

2013/08/29

Reinaldo A. Carcanholo, agur eta ohore



Orain dela egun batzuk, Das Kapital serio estudiatu nahi duten lagun batzuekin hitz egiteko aukera izan nuen. Marxen lan handia aztertzeko euren arrazoia ez da akademikoa, arrazoi iraultzailea baizik. Teoria Iraultzailerik gabeko Mugimendu Iraultzailea ezinezkoa delakoan baitaude. Bai eta teoria horren funtsezko osagai bat Das Kapital delakoan ere. Solasaldi horrek irakurketa hartan laguntzeko zerbait argitaratzeko ideia sortu zidan.
Das Kapital liburu dentso eta luzea da. Hau irakurtzeak eta estudiatzeak, beraz, denbora eta esfortzua eskatzen digu. Eskaera honetarako prest dagoenak ere, baina, aurkitzen du hasierako zailtasun bat: liburuaren lehenengo hiru kapituluen ulermena, lehena bereziki. Marxek berak onartu zuen hau. Horregatik idatzi nahi nuena zailtasun hau gainditzen laguntzeko izango zen
Horiek horrela, nire irakurketan lagundu zidan Reinaldo A. Carcanholo ekonomista brasildarraren idazlan bat ekin bilatzen ari nintzela, Carcanholoren heriotzaren berri izan nuen. Ekainean hil zitzaigun eta ez nuen jakin.
Izan ere, Carcanholok egungo kapitalismoa ulertzeko ekarpen interesgarriak egiteaz gain Marxen lan teorikoa zabaltzeko lan eskerga egin zuen. Lan hau erabiltzea izango litzateke egin diezaiogun omenaldirik onena. Ondorenean, nire ustez oso erabilgarriak diren bi adibide datozkizue.
Lehena, ondoko bideoa non ematen zaizkigu hainbat gako, oso interesgarriak, Marxen Kapitalaren lehenengo zatia ulertzeko.

Bigarrena, MERCANCÍAY VALOR-TRABAJO: Guía de Lectura de Marx bere lana. Hau dugu gida “klasiko” bat Marxen testuari zuzenean aurre egiteko. Klasikoa baina ez ohikoa, ikusi ahal denez egilearen hitzetan beraietan:
Hasteko, Das Kapitalaren ezaugarri garrantzitsu bat aipatu behar dugu. Bertan ez dugu aurkituko aurreko ikerketa baten azkeneko emaitzen azalpena, ondorioen laburpen baten antzeko zerbait. Agertuko zaiguna da, nolabait, ikerketaren ibilbide bera, kontzeptu berri bakoitza aurkitu ahal izateko beharreko urrats metodologikoak. Testua arretaz eta ordenaz irakurtzean egileak eskutik eramango gaitu errealitatearen sistematiko eta metodikotik kontzeptu berriak aurkitzera. (...)
Onar dezagun egilearen gonbidapena, eman diezaiogun eskua, izan dadila gure gidari une batez, urrats erraz zein zailetan. Laster ikusiko dugu ez dugula bere eskua behar, gure kabuz ibili ahal izango dugu.
(azpimarrak eta euskarapena nik egindakoak dira)
Hau guztia duzue teoriaren militante bikaina zen burkide honek nire irakurketarako emandako laguntza. Espero dut zuentzat ere lagungarria izatea.

2013/08/23

DUBLIN HIRIAN 1913an


Orain dela 100 urte (1913ko Abuztuaren 26an) Dublingo langileriaren sektorerik pobre eta zapalduenek borroka historiko bati ekin zioten.

Larkin eta Connolyren Balada herri kantak dioenez:
Dublin hirian 1913an
Ugazabak aberats
Eta pobreak esklabo
Emakumeak lanean
Eta umeak gose
Izan ere, garai hartan Dublingo 20000 familien etxebizitzak gela bakar batekoak eta osasungaitzak ziren. Ondorioz, tifus eta tuberkulosi bezalako gaitzak ohikoak ziren Dublingo langile auzoetan. Honi guztiari gehitu behar zaio langile pobre horiek euren lan baldintzak era kolektiboa negoziatzeko era kolektiborik ez izatea. Sindikatuak, Britainia Handiko sindikatuen federazioa kideak zirenak, langile kualifikatuak antolatzera eta ordezkatzera mugatu baitziren. Azken hau aldatu zen Jim Larkinek Irlandako sindikatuen federazio subirano bat (Irish Transport and General Workers Union, ITGWU) eratu zuenean eta langile ez kualifikatuak antolatzen hasi zenean.
Orduan etorri zitzaigun Larkin
Olatu indartsu bat bezala
Eta zenbait enpresatan hobekuntzak lortu zituen. Zeinak ugazabak biziki ikaratu zuen. Ondorioz, William Murphy kapitalista handiaren ekimena jarraituz, euren langileei planteatu zieten honako dilema hau: ITGWU kidetasunari uko egitea, idatziz, edo kaleratzea. Langile gehienek kapitalisten xantaia lotsagabe hau ez zuten onartu. Eta borroka epiko bat, Dublingo lock out delakoa, hasi zen.
Larkinekin zutik mantendu ginen
Estatuaren eta enpresaburuen errepresioari aurre egin behar zioten. Eta modu ausarta eutsi zioten borrokari. Hemen beste gizon bat aipatu behar da: JamesConnolly. Dublingo borroka hartan langileen lider nagusia Larkin bazen ere, Connolly ere, Christi Mooreren kantak dioen legez, han egon zen eta bera izan zen errepresioaren aurkako erantzuna antolatu zuena. Irish Citizens Army (ICA) langileen autodefentsarako milizia sortuz, hain zuzen ere.
Langileek galdu zuten borroka hura. Errepresioa gogorra izan bazen ere, ez zen derrotaren arrazoi nagusia. Langileen pobrezia bera eta Irlanda eta Britainia Handiko langile aristokraziaren traizioa baizik. Azken honek ez zuen izan kaleratutako langileekin elkartasun ñimiñorik ere eta hauek ezin izan zioten eutsi lan eta soldatarik gabeko denbora luzeari.
Zortzi hilabetez borrokatu genuen
Eta zortzi hilabetez goseak egon ginen
Larkinekin amaiera arte
Baina jatekorik ez izateak eta gure umeen negarrek
Apurtzen zigun bihotza
Eta ezin izan genuen irabazi
Borroka honen emaitza langileen derrota izateak ez dio borroka epiko honi haren balioa. Honen emaitza garrantzitsu bat ICAren sorrera izan zen. Nolabaiteko jarraipena, beraz, izan zuen 1916ko altxamenduan.
Larkinek utzi gintuenean guztiz garaituta ematen genuen eta
Langileentzat dena beltza zirudien
Baina Connollyk itxaropen berria eman zigun
Berriz altxatuko gara! zen bere leloa

2013/06/18

Hizkuntzak eta internazionalismoa


Irlandar hizkuntzaren, Gaelikoaren, arazoaz ere, sozialista gehienak nahasten dituen arazoa, erabat ados nago [Sinn Feinekin]. Sinesten dut nazioarteko hizkuntza bat beharrezkoa dela. Areago, saihestezina dela. Ez dut uste, baina, nazio txikiek euren hizkuntzen desagerpena onartzeak hura ekarriko duenik, ez eta erraztuko ere. Ekimen honek edo, hobe esanda, pasibotasun otzan honek ez du aurreratuko nazioarteko hizkuntzaren eguna. Aitzitik, ekarriko digu botere handien arteko borroka, bakoitzak bere hizkuntza nagusi bihurtzeko asmoz.
Bestalde, hizkuntz komun bat adostea errazago da hizkuntz ezberdinak mintzo diren komunitate txiki askoren artean, beti boterea galtzeagatik kezkatuta eta nagusitasunaren bila ibiltzen diren inperio handi gutxi batzuen artean baino.
(James Connolly, 1908, Sinn Féin and Socialism artikuluaren pasartea)

2013/06/14

ERABATEKO NORMALTASUN DEMOKRATIKO BAKETSU-BAKEZALEKO EGUN ARRUNT BAT ALDEBAKARTASUNAREN LURRALDE MIRESGARRIAN...


Berria.info 


Arkaitz Agirregabiria

 eta

 Zuhaitz Errasti presoek

 gose grebari ekin diote

 

Neurriak zorroztu dizkiotela salatu nahi du Agirregabiriak, eta Errastik elkartasuna azaldu nahi dio.
Berria.info   2013-06-14 - 18:17:18

Bordeaux-Gradignan espetxean dauden Arkaitz Agirregabiria eta Zuhaitz Errasti presoak gose greban daude atzotik. Joan den astean, erregimen bereziko preso sozial batek ihes egin zuen Bordeleko beste espetxe batetik, eta geroztik erregimen bereziko presoei dituzten neurriak zorroztu dizkiete.

Agirregabiriaren kasuan, erregimen bereziko presoa denez, baldintzak zorroztu dizkiote. Bereziki salatu nahi du bisitak egiteko baldintzaren okertzea. "Hala ere, neurrien gogortze horrez gain, beste gertakari bat ere jasan behar izan du azkenaldian Bordeaux espetxean. Joan den astean preso sozial batzuen jipoia ere jaso baitzuen", salatu du Etxerat-ek.

Egoera hori salatzeko Agirregabiriak atzotik gose greba egitea erabaki du, eta espetxe berean dagoen Errastik ere elkartasuna adieraziz bat egin du gose grebarekin.

Eskubideak errespetatzeko 
eskatu du Etxerat-ek

Etxerat-eko senideek adierazi dute azken asteetan jasaten duten hirugarren erasoa dela, eta oso epe laburrean Frantziako Estatuko espetxe batean egiten duten bigarren gose greba. "Honek erakusten du gure senide eta lagunek espetxeetan zein bizi-baldintza gogorretan bizi behar izaten duten", adierazi dute. Horregatik, euskal presoen eskubideak "errespetatu" egin behar direla nabarmendu dute.


Londresek

 Antton Troitiño estraditatzea

 onartu du

Antton Troitiño 2011ko apirilean Donostian, harrera egin ziotenean.

24 urteko espetxe zigorra bete zuen Espainian, eta bete ostean ezarri zioten 'Parot doktrina'. 2012an atxilotu zuten, Londresen.
Berria.info   2013-06-14 - 17:05:06


Antton Troitiño euskal presoa (Donostia, 1957) Espainiaratzea onartu du Londreseko Auzitegiak. Parot doktrina ezarri zion Espainiak, eta zigor hori betetzeko estraditatuko dute. Aurtengo urtarrilaren 14an hasi zuten epaiketa, Espainiak egindako estradizio eskaera onartu edo ez erabakitzeko.

24 urteko zigorra betea du jada Troitiñok; aske geratu ondoren ezarri zioten 197/2006 doktrina. 2012ko ekainean atxilotu zuten Londresen, eta gaur auzitegiak atzera bota du presoak jarritako helegitea.

Presoaren abokatuak ez du jakinarazi berriro ere helegitea jarriko duen ala ez. John Thomas epaileak maiatzean adierazi zuen Auzitegi Gorenera hel daitekeela kasuaren "konplexutasunagatik". Epaileak esan zuen hamalau eguneko epea emango ziela bi aldeei helegitea jartzeko, eta Auzitegi Gorenean helegitea jartzeko tramiteak hasiko dituzte orain abokatuek.

Doktrinaren aplikazioa

Berez, 2011ko urtarrilaren 4an behar zuen aske, baina espetxealdian prebentibo moduan emandako denbora zela-eta 2017ra luzatu zioten zigorra. Baina, azkenean, 2011ko apirilaren 13an aske geratu zen. Aske uzteak polemika handia eragin zuen Espainiako politikagintzan eta Justizian. Lehen harrera jaso ostean, desagertu egin zen Troitiño.

Aske geratu bezain laster, hurrengo egunean, Carlos Bautista Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak Troitiño aske uzteko erabakiaren kontra egin zuen. Lau egun geroago, aske geratu eta bost egunera, Parot doktrina aplikatu, eta berriz espetxeratu nahi izan zuten, beste sei urterako. Auzitegi Nazionalaren aginduz, hura atxilotzen saiatu ziren, baina ez zuten topatu.


2013-06-14

Egotzitakoa ukatu dute atxilotuek, 

eta kartzelatu egin ditu epaileak

 

2002ko paper batzuetan eta 2005eko auto batean oinarritu da epailea Gelbentzuri eta Lizarribarri lau atentatu leporatzeko

Inkomunikazio aldian mehatxatu eta kolpatu egin zituztela salatu dute biek

Hodei Iruretagoiena

 
 Elkarretaratze bat egin zuten atzo Lizarribarren lankideek, atxilotuei elkartasuna adierazteko. / BERRIA

Inkomunikatuta eduki dituzten denboran guardia zibilek mehatxatu eta kolpatu egin dituztela salatu dute Ruben Gelbentzuk eta Jon Lizarribarrek Espainiako Auzitegi Nazionaleko Ismael Moreno epailearen aurrean. Atzo goizean eraman zituzten epailearen aurrera; inkomunikazioa kenduta deklaratu zuten, konfiantzazko abokatuarekin. Moreno epaileak baldintzarik gabe espetxeratu zituen, «behin-behinean».

Epailearen aurrean salatu zuten bi atxilotuek Guardia Zibilaren eskuetan jasotako tratua. Aiert Larrarte abokatuak BERRIA-ri kontatu dionez, Madrilera bidean jarri orduko galdeketekin hasi zirela salatu dute atxilotuek. Gelbentzuk bidaia «oso gogorra» izan zuela esan du, une oro eskuak atzean lotuta eta burua hanka artean jarrita eraman dutela. Kotxetik ziegara oihu, kolpe eta mehatxu artean eraman zituztela salatu dute biek, eta torturatuko zituztela mehatxatuz izan zituztela gau osoan.

Legez kanpoko galdeketak egin zizkietela salatu zuten atxilotuek epailearen aurrean. Lizarribarrek galdeketa horietako bat «nahiko gogorra» izan zela kontatu zion abokatuari: kolpatu egin zutela, eta poltsarekin mehatxatu zutela. Asteazken goizean, guardia zibil bat aurpegia agerian zuela etorri zitzaiela kontatu dute bi atxilotuek, eta tratua «oso egokia» izan dela ordutik aurrera. Orduan, Gelbentzuk eta Lizarribarrek kontatu dutenez, guardia zibil batek aurrerantzean atxiloketak egiten jarraituko dutela esan zien: «Hilero bi eroriko zarete». Gainera, atxilotuek kontatu dute «argitu gabeko atentatuak» aukeratzeko esan zietela, «biktimak presio egiten ari direlako», eta beraiei ez bada besteren bati leporatuko dizkietela.

Epailearen aurrera eraman zituztenean, baldintzarik gabe espetxeratzeko eskatu zuen Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak, eta hala erabaki zuen Moreno epaileak. Soto del Realeko kartzelan (Espainia) sartu dituzte biak. ETAko kide izatea eta 2002ko lau atentatutan «txikizio terroristak» eragin eta sei «hilketa saio terrorista» egitea leporatu die epaileak. Autoan dioenez, «argitu gabeko» ETAren atentatuak ikertzen ari dira Auzitegi Nazionaleko Fiskaltza eta Guardia Zibila, eta «ikerketa horren emaitza» izan dira astearteko atxiloketak.

Interpretazio berria, orain

Ustez ETAri 2002an atzemandako paper batzuetan eta 2005eko Baltasar Garzon epailearen auto batean oinarritu da Moreno atentatu haiek atxilotuei leporatzeko. Larrartek azaldu du paper haien interpretazio berria egin dutela epaileak hamaika urte beranduago, eta salatu du Garzonen autoaren aipamena egin arren, Morenok ez duela besterik zehazten. Hain zuzen, 2003ko azaroan Garzonek agindutako operazio batean atxilotu zuten Gelbentzu, eta auzi horretakoa da autoa. Beste hamaika lagunekin batera atxilotu zuten orduan —tratu txarrak salatu zituzten gehienek—, baina errugabetzat jo zuten. Garzonek hura atera eta lau urtera, 2009an, Frantziako Poliziak Espainiaren esku utzi zuen Lizarribar, Frantzian sei urteko zigorra bete ondoren. Orduan, Espainian kargurik gabe libre utzi zuen Espainiako Poliziak.

Astearte goizaldean atxilotu zituen Guardia Zibilak Gelbentzu eta Lizarribar, Andoainen eta Urnietan (Gipuzkoa). Espainiako Barne Ministerioak berehala zabaldu zuen ETAk 2002an egindako lau atentatutan parte hartzea egozten zietela. Hala ere, epaileari esan ziotenez, Auzitegi Nazionalera deklaratzera eraman arte ez zekiten zer zen leporatzen zietena: Guardia Zibilak ez zizkien egozten zitzaizkien karguak jakinarazi atxilotu zituztenean.

CPT Europako Torturaren Prebentziorako Elkarteak hainbat gomendio egin zizkion Espainiari: konfiantzazko medikuarekin eta abokatuarekin egoteko eskubidea bermatu behar zaie atxilotuei, eta senideek atxilotuak non dauden jakiteko eskubidea dute. Hiru baldintza horiek behintzat ez dira bete Gelbentzuren eta Lizarribarren kasuan.

Atxiloketak gertatu bezain laster ohartarazi zuen Amaiur koalizioak Gelbentzuk eta Lizarribarrek «arrisku handia» zutela tratu txarrak jasotzeko, inkomunikatu egin zituztelako. Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazengana, Kongresuko Barne Gaietarako batzordeko presidentearengana eta Espainiako arartekoarengana jo zuten, baina ez zituzten bete eskaerak.

Atxiloketen ondorengo egunetan salaketa adierazpen eta mobilizazio ugari izan da. Atzo, atxilotuak askatzeko eskatu zuen LABek, eta Espainiako Gobernuak «errezeta zaharretan» tematuta dirauela salatu zuen. Lizarribarren lankideek «babesik sentikorrena» helarazi zieten ingurukoei. Nabarmendu zuten egunero «gehien behar duten pertsonen ondoan» aritu dela lanean. «Lehenbailehen ikusi nahi dugu guren ondoan».




IKASTOLAK

Otsailean Hendaiako ikastolaren alde egindako manifestazioa.

Hendaian ikastola eraikitzeko erabakia

 legez kanpokoa dela esan du suprefetak

 

Herriko etxeak ikastola hartutako erabakia atzera botatzeko agindu du, esanez hezkuntza legearen aurkakoa dela. Bi urtez atzeratu daiteke eraikuntza erabaki horren ondorioz. "Haserre eta kezkaz" dago Seaska.
Berria.info   2013-06-14 - 19:18:12



Hendaian ikastola berria eraikitzeko bideak beste oztopo bat jaso du Frantziako administraziotik. Suprefetak Hendaiako Herriko Etxeari agindu dio bertan behera utz dezala ikastola eraikitzeko hartutako erabakia, legez kanpokoa dela esanez. Uste du hezkuntza legearen aurkakoa dela. Erabaki horrek bi urterako behintzat atzeratu dezake Hendaian ikastola bat eraikitzea. Erabakia aztertzen ari da Seaska, baina aurreratu du "haserre eta kezkaz" hartu duela gobernuko ordezkariaren erabakia.

Joan den urtarrilean hasi zuen suprefetak proiektuaren aurkako ekinbidea. Egungo eraikina txiki geratuta, beste bat eraikitzeko asmoa du Seaskak, eta herriko etxea laguntzeko prest agertu zen. Falloux legea gogora ekarrita, suprefetak hori egitea galarazi egin zion, ordea; eskola pribatuei dirua ematea galarazten du arau horrek.

Kontrakotasun handiak jaso zituen suprefetaren erabakiak, eta beste bide batzuk mahai gainean jarri zituen, betiere diruz laguntzea debekaturik; egoitza alokatzea eskaini zion udalari. Egoerak aurrera egiteko zantzurik ez, eta otsailaren 2an jendetza bildu zen Hendaian, ikastolaren babesteko.

Pirinio Atlantikoetako prefeta sartu zen tartean horren ondoren, eta konponbidearen aldeko agertu zen. Egoera bideratuta zegoelakoan, apirilaren 24an ikastola berria eraikitzeari baiezkoa eman zion Hendaiako Herriko Etxeak.


BURGESIAREN USTELKERIA EGUNEROKOA...
 


NAFARROAKO KUTXA



'CAN auziaren' inguruko ikerketa batzorde bat sortzea baztertu du Nafarroako Parlamentuak

Bilduk, Aralar-NaBaik, Ezkerrak, PPNk eta Geroa Baik egin dute batzordea sortzearen alde; UPNk eta PSNk, aldiz, kontra.
Berria.info   2013-06-14 - 16:38:54
 
Nafarroako Parlamentuak baztertu egin du Nafarroako Kutxako dieten auzia argitzeko ikerketa batzorde bat osatzeko aukera. Hala egiteko proposamen bat aurkeztu dute Bilduk, Aralar-NaBaik, Ezkerrak, eta Geroa Baik, eta haien aldeko botoei batu zaizkie PPNkoak. Batzordea, ordea, ez da sortuko, UPNk eta PSNk kontra eginda. 
 Maiorga Ramirez Bilduko Nafarroako Parlamentuko bozeramaileak esan du "Nafarroari egia zor zaiolako" aurkeztu dutela mozioa, eta galdetu du zer gertatu behar den Nafarroako Kutxaren inguruko ikerketa batzorde bat osatzeko.

Aralar-NaBaiko bozeramaile Txentxo Jimenezek, berriz, esan du "egiazko arazoa Nafarroako Kutxa bezalako entitate bat galdu eta dirutza desagertu izana" dela. Ikerketa batzordea "gizartearekiko erantzukizun bat" da, Jimenezen hitzetan.

PPNko parlamentari Ana Beltranek adierazi duenez, "jakin beharra dago Nafarroako Kutxarekin zer gertatu den", eta gaineratu du parlamentua ezin dela geratu ardura politikoak eskatu gabe.

UPN eta PSN, kontra

UPNko bozeramaile Carlos Garcia Adaneroren arabera, ikerketa batzordeetan "ondorio batzuk onartzen dira eta epaitegietara bidaltzen dira, baina gai hau Auzitegi Nazionalean nahi Iruñeko epaitegietan dago jada".

PSNko parlamentari Juan Jose Lizarbek iragarri du PSNk Nafarroako Kutxari buruzko txosten bat egiteko eskatuko diola Nafarroako Kontu Ganberari. Halaber, nabarmendu du auzia epaitegietan ikertzen ari direla: "Auzi hori zabalik da eta amaituko da amaituko den lekuan, zorionez epaileak onak direlako".

 


Espainiako Auzitegi Nazionalak

 Garaialde eta Etxaburu senar-emazteak 

absolbitu ditu

"Terrorismoa goratzea" egozten zieten, eta absolbitu egin dituzte; hala ere, Garaialderi sei hilabeteko zigorra ezarri diote, "autoritateari desobeditzea" egotzita; 200 euroko kalte ordaina eman beharko dio ertzain bati.

Berria.info   2013-06-14 - 15:57:24



Espainiako Auzitegi Nazionaleko Angela Murillo epaileak ebatzi du Joseba Andoni Garaialde eta Garbiñe Etxaburu senar-emazteek ez zutela ”terrorismoa goratu”. Garaialderi, ordea, sei hilabeteko zigorra ezarri dio ”autoritateari desoditzea" egotzita. 200 euroko kalte ordaina eman beharko dio ertzain bati.

2010eko irailean Itxaso Lekuona Askapenako kidearen atxiloketa salatzeko manifestazioan gertatutakoen ondorioz izan ziren epaituak Joseba Andoni Garaialde eta Garbiñe Etxaburu senar-emazteak.

Carlos Bautista Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu zuen bientzat "terrorismoa goratzeagatik". Era berean, bi urte eta zortzi hilabeteko zigorra gehitzea eskatu zuen Garaialderentzat, "autoritateari atentatua" egin ziola uste zuelako, kontzentrazioan zegoen ertzain bati ustez "zaplasteko" bat eman ziola-eta. Iñigo Iruin abokatuak absoluzioa eskatu zuen senar-emazteentzat.

Fiskalaren arabera, "Gora ETA" oihukatzeak erakunde armatua goratzen du, eta beraz, ekintza armatuak babesten ditu. Iñigo Iruin abokatuak, berriz, absoluzioa eskatu zuen, indarkeria goratu zutela erakusteko nahikoa frogarik ez zegoela argudiatuta; zaplastekoa ere ez zela frogagarria adierazi zuen abokatuak.

2013-06-14

Absoluzioa ez den beste epairik 

ez dute onartuko 

Iruñerriko auzipetuek

 

Ekainaren 22an eginen duten herri harresian parte hartzeko eskatu diete norbanakoei eta taldeei

Iker Tubia


Herri harresian harria jarri nahi dute Iruñean, eta ekainaren 22an hasiko dira Gazteluko plazan. / IDOIA ZABALETA / A. PRESS

Absoluzioa. Luis Goñi, Xabier Sagardoi, Maider Caminos, Mikel Jimenez eta Aritz Azkonak ez dute beste epairik onartuko. Espainiako Auzitegi Nazionalak sei urteko kartzela zigorra ezarri zien Segi eta Ekineko kide izatea leporaturik, eta uztailaren 3an epaia berretsi edota bertan behera utzi beharko du Auzitegi Gorenak. Hori dela eta, herritarrei eta taldeei herri harresian parte hartzeko eskatu diete auzipetuek. «Herriak du hitza, eta denon artean esan behar diegu Espainiako eta Frantziako estatuei bukatu direla atxiloketa, inkomunikazio eta tortura garaiak, eta, konponbidearen kontra pausoak ematen jarraitzen badute, herri bat topatuko dute aurrez aurre», esan du Azkonak.

Beraz, herritar reieta talde guztiei herri harresia babesteko eskatu die. Ekainaren 22an irudikatuko dute harresi hori, Iruñeko Gazteluko plazan. 11:30ean hasita, hainbat jarduera antolatuko dituzte. Iruñerriko kultur taldeei emanaldiak eta tailerrak antolatzeko eskatu diete. Batzar txikiak ere osatuko dituzte egoera politikoari buruz mintzatzeko, eta tokian-tokian eman beharreko erantzunez hausnartzeko.

Jarduerak goizean eginen dira, eta herritar guziek parte hartu behar dutela nabarmendu du Azkonak. «Denon artean eraiki beharreko zerbait da, bakoitzak nahi eta ahal duen moduan herri harresia sortuko duen harria jarri beharra du».

Bestalde, gisa horretako auzien aurrean «beste aldera begiratu dutenak» gogor kritikatu ditu Azkonak. «Injustizia» babestu izana leporatu die, eta «konplizetzat» jo ditu. Esan duenez, hurrengo hilabeteetan 200 euskal herritar baino gehiago sar ditzakete kartzelan. «Argi utzi nahi dugu ez ditugula epai politiko hauek onartzen, eta ez dugula absoluzioa ez den beste ezer onartuko», azaldu du Azkonak. Dioenez, Herriaren etorkizuna dago jokoan.