TXETXENIA: 
HERRI MADARIKATU HORI 
(EZTABAIDAN SAKONTZEKO INFORMAZIOA)
Borroka garaia da! 
webgunerako kolaborazioa.
 Egilea: I.Larrea
Tituluaren hitzaldia burutik pasatu zitzaidan Dzhokar eta Tamerlan 
anai txetxeniarren aurkako giza ehiza telebistan zuzenean ematen zutela 
ikustean. Bostonen apirilak 15 izandako leherketen
 ardura leporatzen zieten eta, azken garaiotan Hollywooden pelikuletan 
erakusten dituzten legez, txetxeniarrak berriro ziren “terrorista” 
bihozgabearen pertsonifikazioa. Baina honetan ez zen pelikula bat; ala 
bai? 
Albo batean utziko dugu Bostonen gertatukoari buruzko konspirazio 
teoria, baina ikusita FBIk  ze grinarekin akabatzen ari den ustezko 
lekuko eta susmagarri guztiak zerbait arraro dagoela ondorioztatu 
daiteke. Hain zuen ere, joandako maiatzaren 22an Tsarnaev anaien laguna 
eta konplizea omen zen Ibragin Todashev gazte txetxeniarra erail zuen 
FBIk….. atxilotuta egonda eta itaunketa egiten zioten bitartean !!
Esan bezala, Bostoneko gertakariak eta gero Txetxenia eta 
txetxeniarrak berriro egon dira bolo-bolo, baina erreakzioak ikusita 
antza denez Mendebalean oso gutxi dira, ezkerrekoak zein eskumakoak, 
inperialistak zein antinperialistak, haien autodeterminazio eskubidearen
 alde daudenak.
Mendebaleko inperialismoaren bozgorailuak diren komunikabideen 
informazioek Txetxenia terrorismo, islamismo, yihadismo eta antzeko 
esanahiekin lotzen dituzte gehienbat. Beste aldetik, ikusi ditudan 
ezkerreko azterketa eta balorazioetan antzekoa gertatzen da, baina Saudi
 Arabiak ematen dien laguntzaz eta Sirian edota Libian CIAk eta 
Ameriketako Estatu Batuek txetxeniar yihadisten erabilerari buruz 
antzeko azterketak gehituta.
Nire ustez argi dago AEBk eta Europak Txetxeniaren afera erabiltzen 
dutela haien lehiakidea eta helburua den Errusia kapitalista ahultzeko, 
baina era berean ez dutela batere atsegin Txetxeniaren independentzia. 
Horrela uler daiteke beste kasu batzuekin erakusten duten 
oldarkeriaren ordez Txetxeniaren kasuan erakusten dituzten geldotasuna 
eta baita aurkako kriminalizazioa ere.
Baina artikulu honen helburua ez da zapaldutako Herriekiko 
Mendebaleko kapitalismoaren zinismoa kritikatzea, ezkerrean dauden 
jarrera batzuk baloratzea baizik, Txetxeniaren independentziaren aurka 
daudenak hain zuzen ere.
Lehen aipatu ditut ezkerreko sektore batzuk Txetxeniaren 
independentziaren aurka egoteko erabilitako argudioak: terrorismo, 
islamismo, yihadismo, Saudi Arabiak, Siria, Libia, CIA….. ez dago 
Txetxeniarekin lot daitekeen  ezaugarri positibo bat ere…. Errusiarekin
 daukan menpekotasun “zibilizatzailea” izan ezik, noski.
Baina beti izan da horrela? Txetxenia noiztik da Errusiaren zati? 
Txetxeniarrak beti izan dira yihadistak? Beti eman die laguntza Saudi 
Arabiak? Estatu Batuek erabiliak izan dira beti? Galdera hauei 
erantzuten saiatzeko, eskematikoki bada ere, perspektiba historiko apur bat hartu behar dugu. 
TXETXENIA
 NOIZTIK DA ERRUSIAREN ZATI?
Txetxenia, Kaukaso osoa bezala, menperatzeko saiakerak askoz 
lehenagotik gertatu baziren ere, 1818an inbaditua eta 1859an Alejandro 
II. Tsarrak Errusiako inperioaren herrialdea ofizialki deklaratu zuen. 
Hau da, gaur egun Txetxenia Errusia da Tsarren Inperioak militarki inbaditu zuelako.
  
Bitxikeria moduan aipatu beharra dago 1851an Leon Tolstoi idazlea 
Errusiako Armadan alistatu zela txetxeniarren aurka borrokatzeko, baina 
bertako errealitatea ezagututa bere iritzia aldatu eta Txetxeniaren 
askatasunaren aldeko jarrera hartu zuen urte batzuk beranduago.
TXETXENIARREK
 IRAULTZA BOLTXEBIKEA
  LAGUNDU ZUTEN
Iraultzarekin independentzia lortuko zutelakoan txetxeniarrak Tsarren armadaren aurka borrokatu zuten.
Haien itxaropena zapuztuta hasten dira boltxebikeen aurkako borroka, 
eta egoera ezegonkorrak  eta borrokek irauten dute hamarkada luzeetan.
II. MUNDU GUDAN
 NAZIEN ALDE EGIN ZUTEN TXETXENIARREK
 
Txetxeniako Gobernu independentistak herritarrei eskatzen die haien 
independentzia  errespetatzen bazuten naziei ongi etorria emateko.
Jarrera hau dela eta 1944an herri txetxeniar osoa, komunistak barne, gehi Ingushetiakoa, Kazajistanera deportatu zuten.
1957an haien lurretara itzultzea baimendu zien SSEBren gobernuak.
ERREPUBLIKA UGARIK
 EGIN ZUEN BEZALA,
 SOBIET BATASUNAREN ERAISPENAREKIN
 HASTEN DA
 INDEPENDENTZIA
 ALDARRIKATZEKO PROZESUA
1990an hasten dira egiten ebazpenak eta erabakiak Txetxeniaren 
independentzia aldarrikatzeko. Tira bira ugari eta gero 1991an 
independentzia aldarrikatu zuten, lehendakaria Dzyojar Dudayev jeneral sobietar ohia izendatu zutelarik. 
1996an Yeltsinen gobernu errusiarrak Dudayev misil baten bidez 
erailtzen du. Datu batzuen arabera Estatu Batuetako sateliteen 
sistemaren laguntzarekin erail zuten, eta une horretan Dudayev bakea 
negoziatzen ari zen Errusiako bitartekari batekin.
KOMANDANTE SOBIETAR OHIA ERREPUBLIKAREN LEHENDAKARIA AUKERATU ZUTEN

Masjadov
 
1999an eta Putinen agindupean Txetxenia inbaditzen dute berriro, 
Moskun gertatutako atentatu bat aitzaki hartuta. Txetxeniarri egotzitako
 atentatu susmagarri baten ondorioz 240 zibil baino gehiago hil ziren 
Moskuko etxebizitza eraikin batzuen aurka. Errusiako hainbat funtzionario ohiaren arabera ekintza hori Errusiako zerbitzu sekretuek prestatu zuten Txetxeniaren aurkako guda errazteko. 
2005EAN ERRUSIAK
 MASJADOV ERAIL ZUEN
 
Dudayevekin
 egin zuten bezala Masjadov erail zuen Errusiako Gobernuak, bertsio 
batzuen arabera bakea negoziatzen zuen bitartean. Berarekin desagertu 
zen txetxeniarren azken buruzagi moderatua.
ORDUDANIK ERRESISTENTZIAREN IKURRA ISLAMISTEN ESKU DAGO
Zeuden sektore eta buruzagi moderatua eta nazionalistak sarraskitua 
izan eta gero, eta beste laguntzarik gabe borroka independentistaren 
protagonismorik nagusiena sektore islamisten esku geratu zen, eta hauek 
bai, Saudi Arabiaren laguntza oparoa daukate.

Umarov
 
Une honetan matxinoen lehendakaria Doku Umarov islamista da, zeinak Txetxeniaren (edo Ishkeria) Errepublikaren desagerpena iragarri eta Kaukasoko Emirato aldarrikatu du. 
Txetxeniaren egungo lehendakaria Errusiak jarritako Ramzán Kadirov zipaioa dugu. 
ARGI ETA GARBI: 
ZAPALKETA  NAZIONALA

Kadirov
 
Datu historiko guzti hauek jakin eta gero nola ukatu daiteke 
Txetxeniaren gatazkaren muinean nazio zapalketa dagoela? Nola erabili 
daitezke, ikuspegi ezkertiarra eta  iraultzaile batetik, islamismoak 
daukan indarra eta Mendebalaren manipulazioa Errusiak  Herri honekin 
egiten duen bidegabekeri historikoa ukatzeko?
GEOESTRATEGIA
 HERRIEN ESKUBIDEAK UKATZEKO
Txetxenia eta Kaukasoren independentziaren aldeko borrokan egun 
islamistek daukaten protagonismoa eskubide horren aurkako arrazoi 
garrantzitsu moduan aipatzen da ezkerreko sektore batzuen aldetik, baina
 nire ustez hori ez da benetako arrazoirik nagusiena. Eta froga da beste
 gatazka batzuetan islamistak diren beste mugimendu eta gerrillekin ez 
dutela erabiltzen irizpide berbera.
Hamas Palestinan, talibanak egungo Afganistanen, Hezbollah Libanon…. 
Mendebaleko inperialismorako etsaiak diren mugimendu horien Nazio Askapen helburuak ez dira ukatzen islamistak izan arren, ontzat ematen 
dira haien borrokek AEBen eta Europar inperialismoa ahultzen dutelako. 
Hau da, arazoa ez da islamismoa, geostrategia hutsa baizik; ikuspegi 
honen arabera mendebaleko Inperialismoa ahultzen duten borrokak zilegi 
eta lagungarria dira, baina Inperialismo horren aurka dauden Estatuen 
indarra ahultzen duten herrien borrokak, alta, ez omen dira zilegi ezta 
askatzaileak ere. Eta hau da Txetxeniaren kasua.
Eta ez dira falta ere egungo Errusia Kapitalistan Sobiet Batasunaren sinonimoa ikusten duten haluzinatuak. 
ZENBAT INPERIALISMO DAGO?

Ezagutzen diren Estatu Batuetako base militarrak munduan zehar
 
Nire erantzuna: Herri zapaldu bezain beste, nahiz eta inperio batzuk 
erdipurdiko izan. Baina honekin batera une honetan mundu mailako 
inperialismo bakarra, genozidena, basatiena eta hiltzaileena 
Mendebalekoa, AEB eta Europa buru dela azpimarratu nahi dut ere.  Eta 
hori gutxi balitz, inbasio militar horiek gure botoekin aukeratutako 
Gobernuek agintzen dituzte.
Azken hamarkadetan Irak, Afganistan, Libia, Mali, Siria…. eta 
zerrendan dauden Iran, Ipar Korea eta abarrek, ondo erakusten dute ez 
dagoela inolako mugarik mendebaleko Kapitalismoak bere base militarrak 
edonon jartzeko edota milioika errugabe hiltzeko inolako gupidarik gabe.
Azken urteotan Sirian gertatzen ari denarekin Errusia eta Txina 
Mendebaleko inperialismoaren oztoporik nagusienak direla erakutsi dute. 
Libiaren aurkako NATOren erasoa errazteko NBEren Segurtasun Kontseiluan 
izan zuten jarrera lotsagarria aldatu dute zorionez, ziurrenik ikusita 
haien interes ekonomiko eta politikoak larriki kaltetuta suertatu zirela
 eta AEB eta Europa haien aurka egiten ari diren inguratzea  militarra 
eta politiko arriskutsua haien mugetara hurbiltzen ari dela.
Horretaz gain Errusia eta Txina Hego Amerikan gauzatzen ari diren 
prozesu askatzaile eta aurrerakoien laguntzaile garrantzitsuak bilakatu 
dira, AEBren “atzeko patioan” zeukan hegemonia ahulduz. Ikuspegi 
honetatik  Errusia eta Txinaren papera nazioarteko mailan mendebaleko Inperialismoaren zapalgailu guztiahalduna galgatzea lortu dute eta, nire
 ustez, ikuspegi antinperialista eta askatzaile batetik hori positiboki 
baloratu behar da.
Baina horrek ez du esan nahi Errusia eta Txinak zapaltzen dituzten 
herrien okupazioa ontzat eman edo zuritu behar denik. Eta zoritzarrez 
hori egiten ari dira ezkerreko sektore batzuk.

Txetxeniako islamistak Sirian
 
Ustekabea ez bada ere, Irak, Afganistan, Libia, Mali edo Siriaren 
aurkako eraso inperialista salatzeko nahiko jarrera koherentea eta 
txalogarria erakutsi duten ezkerreko sektore batzuek Txetxeniarekin 
soilik islamismorako deriba edo CIArekiko harremanak aipatzen dituzte, 
Errusiak gauzatzen duen inbasioa aipatu gabe eta, de facto, ontzat 
ematen dute.
Besteak beste, Thierry Meissan, Chossudovsky edota berriki Euskal Herrian egon eta gure herriaren borrokarekin elkartasun jarrera erakutsi duen James Petrasen
 azterketak irakurtzeak kritikatzen dudan jarreraren erakusle argiak 
dira. Terrorismoa, yihadismoa, CIA, ….. benetakotzat hartzen ditut datu 
gehienak, baina Txetxenian gertatzen denaren errudunik nagusiena nor den
 onartzeari uko egiten diote; gutxienez 1859tik Errusiak burutzen duen 
zapalketa nazionala hain zuzen ere. 
GURE DILEMA
Iñaki Gil de San Vicente euskal komunistak 2005ean “Chechenia como reto”
 idazlanean azaldu zuen bezala erronka ideologikoa  eta praktikoa 
agertzen dizkiote Txetxenia bezalako Herrien egoerek ezkerra 
antiinperialistari: Nola aldarrikatu Txetxeniaren independentziarako 
eskubidea, bere borroka islamismoaren eskuetan egonda eta mundu hau 
hondamendira eramaten duen Mendebaleko inperialismoari jokoa egin gabe? 
Ez zen horrela izan beharko, baina praktikan argi dago batzuei 
gaindiezinezko oztopotzat ikusten dutela. Baina Afganistan, Palestina 
edo Libanon posiblea bada, zergatik Txetxenian ez? 
ISPILUAK
Libia eta Siriarekin bi jarrera antagoniko horiek ikusi ditugu 
ezkerraren eremuan. Gure artean batzuk nahiko era lotsagarrian, hainbat 
faktore artean, kurduen eta zenbait gutxiengoen eskubide nazionalak 
goraipatu dituzte Mendebaleko erasoari, gauzatzen ari zen unean, 
zilegitasuna emanez. Beste batzuk ordea, ispilu baten antzera, Estatu 
burujabe horien aurkako Mendebaleko eraso militarra argudiatu dute 
arrazoi gisa Herri horien eskubideak ukatzeko eta Mendebaleko 
txotxongilo hutsak gisa aurkezteko.
Antza denez eta borondate ona izan arren, bi puntu hauek era integral
 batean bateratzea, une bakoitzean lehentasunezko kontraesana xedatu eta
 praktikara eramatea zail samar izateaz gain, 
sakoneko kontraesan handiak sortzen ditu. 
AMAITZEKO
Aurrean esan dudan bezala Siriaren gatazkan Errusiak jokatzen ari den
 papera positiboki baloratzen dut: NATOren eraso zuzena oztopatzea, 
Golkoko Monarkiek, Turkiak eta Mendebalak matxino islamistei ematen 
dieten laguntza dela eta, Siriako Gobernuari babesa ematea (Iran, 
Hezbollah, erakunde palestinar batzuk…. bezala) eta horretaz gain, 
konponbide negoziatua eta elkarrizketatua bultzatzea ere, zehazki EEBB 
eta Europar Batasuna boikotatzen ari direna.
Zoritzarrez jarrera negoziatzaile hori ez dauka Errusiak ez 
Txetxenian ez Kaukaso osoan, bere “atzeko patioan”, eta Txetxeniatik 
edota Errusiatik  bertatik egin diren proposamen negoziatzaileak baztertuak izan dira, haien erantzuna genozidioan eta guda basatian oinarritu dutelarik. 
Nik, neure txikitasunetik proposamen negoziatzailearen alde egiten 
dut; errusiarrek  nahi izatekotan soberazko tresnak dauzkate denbora 
luze honetan sortu diren zauriak sendatzeko eta Txetxenia independente 
batekin elkartasun, eta hartu-emanean oinarritzen den elkarbizitza 
gauzatzeko. Errusiarrak ere libreagoak izan ziren horrela. Antzeko 
zerbait proposatzen zuen Leninek hau bezalako arazoetarako.