LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2013/04/29

Bakegileen garaia? BAI TO! IRAULTZAILEEN GARAIA!!!



BERRIA 
2013-04-27



BAKEGILEEN GARAIA

Pernando Barrena
SORTUko eledun nazionala


Euskal Herrian "bakezale asko eta bakegile gutxi» eta «ez dugu kanpoko inor behar bakea ekartzeko» moduko esanak askotan entzun ditugu gure artean. Beren edukiarekin ados egon ala ez, ederki islatzen dituzte euskaldunon artean bakea eraikitzeko lanetan ohikoak izan diren kezkak. Izan ere, sarritan mespretxatu dira —hainbatetan iraindu arte—, nazioarteko komunitatetik luzatu zaizkigun eskuak; bestetik, bakea hitza bera gorrotagarri bilakatzera iritsi ziren diskurtso ofizialaren zaleak, beren jardun politiko-militarrean bortxakeriaren apologia praktikoa egiten zuten bitartean. Horregatik beragatik nik bai konpartitzen dudala ideia hori, gure Herrian ustezko bakezale asko dagoela baina benetako bakegile gutxi ezagutu dugula dioen hori.

Oraingo honetan, Gernikako Udalak Jesus Egiguren eta Arnaldo Otegiri Gernika bakearen eta adiskidetzearen alde saria ematea erabaki du «Euskal Herrian bakea lortzeko egindako lanagatik».

Etorkizun laburrean bake prozesuaren integraltasunaren testuinguruan ezinbesteko erreferentzia izatera deituta dauden 2006ko Loiolako elkarrizketetan aritu ziren Jesus Egiguren eta Arnaldo. Beraiek izan zuten aurreikusmen eta abilezia nahikoa bost urte lehenago horri begira lanean jartzen hasteko eta sortu ziren oztopoen guztien gainetik aurrera jarraitzeko. Eta gauzak bukaeran ez ziren espero/behar/nahi bezala atera, baina garaiko gorabehera guztiak gertutik ezagutzeko aukera izan genuenok sobera konplikatu gabe esan dezakegu hori ez zela beraiengatik gertatu.

Loiola-Genevako prozesua bertan behera geratzearekin batera Jesus Egiguren lehenengo zereginen lineatik erretiratzea erabaki zuen bere alderdiak eta baita Arnaldo Otegiren kontrako mendeku zitala burutzea ere. Urte t'erdiz izan zuten espetxean edozein zuzenbide estatutan lotsagarria litzatekeen auzi baten ondorioz; eta hurrengo batean gogorrago lotuko zutelakoan, beste urte t'erdiz libre bizitzen utzi zioten elgoibartarrari eta hor akats larria egin zuten beraien interesei erreparatzen badiegu behintzat. Akats larria, Arnaldok ez zuelako denbora galdu eta segituan bere inguruan bildu zen lantalde eraginkor batekin batera Ezker Abertzaleak sekula ezagutu duen eztabaida berritzaile eta ausartenari ekitea lortu zutelako. Eztabaida horrek Euskal Herriaren panorama politikoa betiko aldatuko zuen «Zutik Euskal Herria» hausnarketa ekarri zuen, estrategia eraginkorra eman zion Ezker Abertzaleari eta modu berean bakerako eta konponbide politikorako oinarri sendoak ezarri. Hori guztia bideratzen kapaza izan zen ekipoaren partaide batzuk atxilotzea erabaki zuen Rubalcaba ministroak —memoria onekoak gara— eta pertsekuzio politiko lotsagarri baten erakustaldia izan zen Bateragune izeneko auzia muntatu zuten espetxe zigor bidegabeak ezarriz Sonia Jacinto, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez, Rafa Diez eta Arnaldo Otegiren aurka.

Espetxean mantentzen dituen epaiaren helegitea Auzitegi Konstituzionalak aintzat hartuko ote duen jakin zain gaudela gogora ekarri nahi dugu auzipetuek eta baita beste askok ere egindako lan politikoari esker lortu duela Ezker Abertzaleak iristea dagoen tokira. Egia da ez garela Herri honen askatasun egunera oraingoz iritsi baina zalantzatan dagoenari ariketa bat proposatuko diot; konparatu dezagun non geunden orain dela lau urte eta non gauden orain, zein zen Estatuen margen politikoa 2010ean eta zein gaur. Nire ustez balantzeak ez du dudarik uzten: gabeziak gabezi (eta asko dira) inoizko potentzialitaterik handiena duen egoeran gaude, bai prozesuari zein gure proiektu politiko estrategikoari dagokienean, eta hori guztia gertatu da bere momentuan Ezker Abertzaleak jakin zuelako bere norabidean beharrezkoak ziren moldaketak egiten historikoki bilatu dituen helburuei heltzen jarraitzeko.

Erronka ez da nolanahikoa, baina bestetik aurrean dugun Estatu espainola inoiz izan den estaturik ahulena da, krisi hirukoitza pairatzen duena: lurralde eta ekonomia ereduari dagokiona; eta krisi ideologiko-kulturala. Estatuak ez dauka eskaintzarik Herri honentzat, soilik errepresioa, autonomia murriztua eta eskubide sozialen ezabapena. Testuinguru horretan Ezker Abertzaleak aldabakartasunaren tresnari eusten jarraitzeko erronka dauka; batetik gatazkaren ondorioen humanizazioa bilatzen, lehenik eta behin salbuespen legediarekin amaitzeko, gaixotasun larria duten presoak etxera ekartzeko eta presoak oro har Euskal Herriratzeko. Prozesu klabean beharrezkoak diren aurrerapenei begira azken urteotan oso urrats garrantzitsuak eman ditu Ezker Abertzaleak biktima guztiekiko begirunezko jarrera autokritikoa dela (bakarrak gara hori egin dugunak), edota alde bateko indarkeriarik eza eta gure aurkako errepresioarekiko erantzun molde berriak kasurako. Errepresioan eta blokeo saiakeran tematzen den estatuaren aurrean, marko demokratikoaren mesedetan arituko den gizarte mailako metaketa zabala herritarrekin arituz, konfrontazio demokratikoaren parametroetan aurrera egiteko aukera dugu eta egin beharko dugu.

Oraingo gure posizio indartsua, determinazioa eta grina azken urtetan egindako ariketa politiko ausartari zor diogu jende multzo militante, abertzale eta ezkertiarra aurrera ateratzen jakin duena eta guztien artean aitzindaritzan Bateraguneko bostak edota gazte independentista errepresaliatuak dauzkagu. Zuen meritua da inongo dudarik gabe, besteak beste; eta horregatik behin berriro ere aukera aprobetxatu beharra dago zuen askatasuna eskatzeko; pertsekuzio, epaiketa eta preso politikorik behingoan egon ez dadin berriro ere exijitzeko.



 

IRAULTZAILEEN GARAIA

 Lehenago ere errana dugu gaur egun mundu mailan sortzen ari den egoerak Oraingo Ezker Abertzalea jokoz kanpo harrapatua duela. Kapitalismo Inperialistaren krisi globalak Iraultza Sozialisten ateak zabaldu ditu bete-betean, zeren egunetik egunerat gero eta jende gehiago ohartzen ari baita gaur egungo Sistemaren baitan ez dagoela irtenbiderik langileondako. Bainan Oraingo Ezker Abertzalea bere analisi eta estrategia erreformista zein sozialdemokrataren  baitan preso eta gatibu dago, eta ondorioz, zinezko errealitatetik, eguneroko klase borrokatik, gero eta urrunago dago.

"Oraingo Ezker Abertzalea politikoki erabat jokoz kanpo zegoela bagenekien, mundu mailako krisi kapitalistak ustekabean harrapatua zuela, "peace process" baten erdian...Oraindik ez genekiena da errealitatez kanpo ere bizi direla. Klase borroka areagotzen ari da planeta osoan -Siriatik Venezuelarat- eta Burgesiak gogor erasotzen du Herri Langileen aurka nonhai, irabazien tasa igo nahian, plusbalioa handitzeko asmoz. Grezian eta Portugalen, Euskal Herrian eta Italian. Bitartean, Oraingo Ezker Abertzaleak hemengo Burgesia Basko Nazionalistari "eskua zintzoki" luzatzen dio, eta hemengo Burgesia Basko Nazionalistak, beti bezala, eta normala denez, zaunka hasi eta eskua janen dio ausiki batez. Bere klase interesak ditu Burgesia Baskoak, prefosta!!! Zer espero zuten, bada, Oraingo Ezker Abertzalekoek? Horretarako behar zen hainbertze neke eta borroka ASKE GUNEAn, PNVri "eskua zintzoki" luzatzeko?"

Pernando Barrenak ere bere iragan marxista eta sozialista iraultzailea ahantzirik, oraingo denbora "bakegileen garaia" dela erraten digu bere idazkian. SORTUk ere, espeerpentoaren mila guztiak eta lotsagabekeriaren marra oro gainditurik, "arduraz jokatzeko" eskatzen dio, nori eta Frantziako Errepublikaren presidenteari!!! Bainan horretan ari da, hain segur! Oraindik ez zarete ohartu horretan prezeski eta bereziki ari dela? Bere ardura Oligarkia frantses inperialistaren Diktadura kapitalistaren tresna den Frantses Errepublika zaintzea dela, ez "euskal gatazka bakebidez eta demokratikoki" zuekin batera konpontzea, are guttiago Euskal Herria askatzea... Galdetu bestela Libian, Libanon, Malin, Afganistanen, Sirian... eta laster Korean, Libanon, Iranen...

Ez, ez dugu oraingoa "bakegileen garaia" inolaz ere, ez bazara Inperialismoaren zenbitzuan ari, bederen. Oraingoa  IRAULTZAILEEN GARAIA da. Inperialismoa, ete bereziki bere erdiguneko estatu Kapitalista guztiek neofaxismorantz jotzen dute egunetik egunerat, errepresioa indartuz eta gogortuz, jazarpena areagotuz eta zakartuz, Langileariaren aurkako neurri gero eta latzagoak hartuz, Kapitalaren mesedetan, beti ere. Oraingo Ezker Abertzalearen diskurtso eta praktika pazifista, sozialdemokrata, "bakezale eta bakegilea", erreformista eta likidazionista ez da estrategia eraginkorra inolaz ere, ez bederen Euskal Herri Langilearendako. Eraginkorra izan daiteke "bake soziala" nahi duen ororendako, eta horiek guztiak nor diren aspaldian badakigu: mundu honetako Burgesia guztiak, eta bere aliatuak diren sozialdemokratak. Bake soziala nahi eta behar dute Kapitalismoaren krisi gainditzeko, beti ere Oligarkien mesedetan eta langileen kaltetan.

Baina guk, langile iraultzaileok, ez dugu halako "bake sozialik" nahi. Lehengo lelo zaharra aldarrikatzen dugu ozenki:

BAKEA HERRI LANGILEEN ARTEAN!!!

GERRA KLASE SOZIALEN ARTEAN!!!
    
 
 

Julio Villanueva eta desobedientzia zibila: AHT gelditu!




BERRIA

2013-04-28

Edurne Elizondo
 Iruñea

«Desobedientziak masiboa behar du»

 

Desobediente. Solidario. Ama lurraren defendatzaile. Bai eta tarta jaurtitzaile ere. 1996an Itoizko kableak mozteagatik lau urte eta hamar hilabeteko espetxe zigorra jaso zuen Julio Villanuevak (Iruñea, 1958), eta kartzelan sartu zuten; 2011n, tarta bat bota zion Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcinari, eta horregatik, bost urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak harentzat; seikoa, berriz, akusazio partikularrak. Desobedientzia zibilaren bidetik egin du beti aurrera.


 

Hamar urte joan dira Itoitz eta bertze herriak bota zituztenetik. Zer sentipen duzu?

Jendea ohitu egiten dela iruditzen zait. Ahaztu egin zaiola gertatu zena. Agoitzen bizi direnentzat autodefentsarako tresna ere bada hori, mamu beltz baten ondoan bizi behar dutelako. Lurrikarak ez dira gelditu. Mehatxu horrekin bizi behar dute. Itoizko urtegiak inoiz ez du normal funtzionatuko.

Itoitz eta bertze herriak suntsitu zituztenean, herritarrek zigortzat jo zuten etxeak eraitsi izana. Nola gogoratzen duzu momentu hori?

Urtegiaren aurkako borrokan izan zen oso momentu gogorra. Ikusten genuen hori gertatuko zela, borroka fronte hori zabaldu egiten zela, eta hilabeteak eman genituen herrien defentsa prestatzen, Itoitzen eta Artozkin. Oso eraso bortitza izan zen. Herrietan ziren taldekideen bizitza arriskuan jarri zuten etxeak behera botatzeko.

Herria husteko operazioa, hain zuzen, erreskate operazio bilakatu zen, une batean. Horixe erraten zuen Nafarroako Gobernuak.

Estrategia hori erabili zuten nahi zutena egiteko. Erreskate hitza aipatuz, mahai gainean jartzen zuten hildakoak izateko aukera. Sekulako sarraskia egin zuten, jendea, oraindik ere, etxeetan zela. Taldekideak etxe barruan egonda hasi ziren hondeamakinekin eraikinetako hormak behera botatzen. Jokaldi guztiz kriminala izan zen.

Itoitz borrokaren ikur izan zen. Min egitea zen helburua?
Itoitz ikur bat zen, eta ikur hori behera bota nahi izan zuten. Nagoren ere, Miguel Zazperen etxea izan zen bota zuten lehena. Zazpek, hain zuzen, urtegiaren aurkako jarrera sendoa izan zuen beti. Etxea bota zioten gauzak ateratzeko ia denborarik eman gabe. Oso momentu tragikoa izan zen. Pertsonen eta animalien gainetik bota zuten dena. Ahalik eta azkarren bukatu nahi zuten.

Itoitzen eta Artozkin estrategia ezberdina baliatu zuten. Itoitzen zuek uste baino lehenago sartu ziren; Artozkin, berriz, herria hustu eta handik hamabost egunera. Zergatik?

Ez dakit zein izan zen estrategia aldatzeko arrazoia. Akaso ez zuten Itoitzen bezain baldar jokatu nahi. Artozkin aukera izan genuen han bizi nahi genuela erakusteko, beste eredu alternatibo bat nahi genuela agerian uzteko. Nik uste dut Artozkin gu nekatzen saiatu zirela, pentsatuz gure borrokak behera eginen zuela. Baina hanka sartu zuten. Denborak aurrera egin ahala, orduan eta sendoago ginen. Jende asko joan zen Artozkira, ekinbideak sortu ziren, eta hamabost egun haietan sekulako oihartzuna izan zuen borrokak. Haiek ere konturatu ziren horretaz, eta bertan behera utzi nahi izan zuten, berehala.

Zuk ezin izan zenuen zuzenean parte hartu herrien defentsan, kableak mozteagatik jasotako zigorra betetzeko atxilotzeko agindua baitzegoen zure kontra. Gogorragoa izan zen?

Izan zen berezia. Ezin izan genuen defentsa aktiboa egin, baina han izan ginen. Atzean. Defentsa prestatzeko lanetan. Ahal izan genuen neurrian parte hartu genuen. Herriak husteko eguna ailegatu zenean, alde egin genuen.

1995. urtean jarri zen martxan Itoitzekin Elkartasuna taldea. Itoitzekin zenuen harremana lehenagokoa zen, ordea. Nola sortu zen?
Ama lurraren defentsan ari ginen taldeon artean harremana bazen. Abiadura handiko trenaren aurkako borrokan ari nintzen, eta Itoizko Koordinakundeko jendea ezagutzen nuen. Urtegiaren mehatxua sortu zenean, borroka horrekin bat egin nuen ere. Obrak hasi zituztenean, mehatxua benetakoa zela konturatu ginen. Halako proiektuekin gertatzen da jendeak uste duela ez direla gauzatuko. Baina lanak hasi ziren. Eta Itoitzekin Elkartasuna sortu zen, oposizioa agerian uzteko. Proiektuari ezezko biribila emateko. Gure helburua hasieratik izan zen obrak gelditzea.

Epaileen sententzia bazegoen, gainera.

Bai. Sententzia horrek ematen zigun sostengua. Sententzia horrek esan zuen obra legez kanpokoa zela. Baina 24.000 milioi pezetako [144,2 milioi euro] bermea ezarrita, ezinezkoa zen betetzea. Ebazpena kontuan izanda, ordea, obrak gelditzeko erabateko zilegitasuna bagenuela uste genuen guk. Erdi txantxetan esaten genuen gu ginela epaitegiaren ebazpena betetzeko eragile fisikoak.

Zaila izan zen kableak mozteko erabakia hartzea?
Ez zen oso zaila izan. Hainbat aldiz zintzilikatu ginen kableetatik, moztu baino lehen. Ekintza sinbolikoak ziren, baina ez ziren oso eraginkorrak. Horregatik erabaki genuen kableak moztea. Erabaki nahiko logikoa izan zen. Pentsatuz, hala ere, hilabetez edo geldituko genituela lanak. Ia urtebetez gelditu genituen, ordea.



Ondorioak latzak izan ziren zuentzat. Espero zenuten?
Kaltea eragiteagatik epaituko gintuztela uste genuen guk. Eta horregatik ez zaituzte espetxean sartzen. Zorrotzak izan ginen, eta obretan inor ez zegoen momentuan joan ginen. Baina zinpekoa han zen, eta aitzakia hori baliatu zuten legez kanpoko atxiloketa egozteko. Azkenean, lau urte eta hamar hilabeteko espetxe zigorra ezarri ziguten.

Kriminalizazio saioak areagotu ziren une horretan. Nola bizi izan zenuten orduko tentsioa?

Gu kriminalizatzeko ahalegina bortitza izan zen. Hedabideetan zabaltzen zuten terroristak ginela. Baina nik uste dut jendeak ez zuela amu hori erantsi, ekintza oso garbia izan baitzen. Sekulako jipoia jaso genuen, eta ez genuen alde egin. Egindakoaren ardura hartu genuen. Horrek zilegitasuna eman zigun. Gure dinamikarekin koherente izan zen ekintza hura. Publikoa, eta ez bortitza.



Gaur egungo ikuspuntutik, nola ikusten duzu egindako lana?

Nik uste dut oso ekintza interesgarria izan zela, eta piztu zuela halako garra. Urtebetez gelditu genituen lanak. Garai hartan, proiektua gelditzeko esperantza bazen. Izan zituen ondorio latzekin ere, ekintza positiboa izan zela uste dut. Onartu behar dugu haiek irabazi zutela, urtegia egin baitzuten, baina gure ahalegina eta gure lana hor daude. Eta denborak erakutsi digu arrazoia alde genuela. Ez da bakarrik herrietan egin zuten txikizioa, edo ingurumenean eragin zuten kaltea; Rosario Brinquisen ikerketak agerian utzi du ere ikuspuntu ekonomikotik justifikaziorik gabeko azpiegitura dela.

Orduan ere bideragarritasunik eza salatzen zen. Zaila zen, ordea, halako argudioak zabaltzea?

Zaila zen, bai. Eta huts egin genuela uste dut nik. Guk, bai eta Itoizko Koordinakundeak ere, herrien defentsari, kultur ondarearen defentsari eman genion lehentasuna, baina ez genuen ongi landu urtegiaren atzean gauzatzen ari zen operazio ekonomikoa, auzi hori salatzeko.

Zergatik ez?


Urtegia egin eta gero, borroka utzi genuen. Jendea erreta zegoen. Urte luzeko borroka izan zen, eta nekatuta geunden. Ez genuen sobera adorerik izan Nafarroako ubidearen kontra borrokatzen jarraitzeko. Ekarriko zuen txikizioa ikusten genuen, ordea. Erdi Arora itzultzen gaitu. Ura pribilegio bilakatzen du, eta agroindustriako monopolioa bultzatzen du. Gutxiren esku gelditzen dira lursail guztiak. Ubidearekin atzera egin dugu nabarmen.

Ura eskatzen zutenek ere hori ikusten dutela uste duzu?
Uste dut konturatu direla engainatu zituztela. Nekazariak ere ari dira esaten ez dutela Itoizko ura nahi. Ureztatze sistema tradizionalak kendu, eta derrigorrez Itoizko ura hartu behar dute. Lehen merke zena, orain garesti ordaindu behar dute. Haiek ere konturatzen dira horrek ez duela batere zentzurik.

Itoizko borroka utzi zenuen, baina AHTaren aurkakoa ez. Nafarroako presidente Yolanda Barcinari tarta bat jaurtitzeagatik kableak mozteagatik baino zigor handiagoa jaso dezakezu. Zer deritzozu?
Kableak moztu genituenean obrak gelditu genituen. Tartakadekin, berriz, ez genuen deus lortu. Zalaparta pixka bat bakarrik. Bi ekintzengatik, ordea, antzeko zigorra jaso dezakegu, eta hori tamalgarria da. Horrek adierazten du zer-nolako sistema dugun. Bere burua hain zakarki defendatzen duen sistemak zilegitasun eza erakusten du. Borroka kriminalizatu besterik ez dute nahi.

 

Desobedientzia zibila oztopatu?

Duela hamabost urte egiten genituen hainbat ekintza egun ezin izanen genituzke hain erraz egin. Zigor kodea gero eta gogorragoa da, gure desobedientziak min egiten dielako. Sistema gotortu egiten da horren aurka.

Borroka moldeak egokitu behar dira ere?

Garaia aldatu da, eta guk ere garai berrietara egokitu behar dugu. Egun, gure taldeak bide motza eginen luke, espetxean izanen ginen denak. Ikasi dugu desobedientziak masiboa behar duela izan; ahalik eta jende gehienak parte hartu behar du. Egun, desobedientziak inoiz baino zilegitasun handiagoa du. Ilusioa piztu behar dugu, gauzak lor daitezkeela erakusteko.



 

BERRIA

ABIADURA HANDIKO TRENA

AHT Gelditu! Elkarlanak ere 

Nafarroako egungo proiektua

 ez dutela eginen erran du

Bultzatzaileek Castejon eta Campanas arteko zatiari baino ez liokete eutsiko, taldeko kideen hitzetan, "AHT zatirik motzena eta zentzugabeena eginez".
Edurne Elizondo   2013-04-29 - 14:06:05



AHT Gelditu-koak, gaur.


Ez dutela Nafarroako AHTaren egungo proiektua eginen. Horixe berretsi du AHT Gelditu! Elkarlana taldeak. Joan den astean horixe bera erran zuten Aralar-NaBaiko parlamentari Txentxo Jimenezek eta Sustrai Erakuntza Fundazioak. 

AHT Gelditu! Elkarlanak ere egungo proiektua ez dutela gauzatuko uste du. Hori errateko "informazioa" dutela azaldu du taldeko kide Luis Iriartek.

 Apirilaren 8ko Nafarroako presidente Yolanda Barcinaren eta Espainiako Sustapen ministro Ana Pastorren arteko bileraren ondotik plazaratu zuten prentsa oharrak ere Nafarroako proiektua aldatzeko asmo agerian uzten zuela erantsi du. "Zaragoza eta Castejon arteko abiadura handiko zatia ez da eginen; eta Iruñea eta Euskal Y-aren artekoa ere ez. EAErekin lotura Gasteiztik eginen litzateke. Beraz, Zaragoza eta Euskal Y-aren arteko abiadura handiko tarte bakarra Castejon eta Campanas artekoa litzateke", erran du Aitor Elizaldek.


60 kilometroko bidea izanen litzateke hori. "AHT zati motzena eta eta zentzugabeena", nabarmendu du Elizaldek. Gainerako zatietan egungo trenbidearekin eginen lukete bat, hirugarren errailaren bidez, Europak ezarritako zabalerara egokitzeko aukerarekin. Hori dela eta, AHT Gelditu! Elkarlanak Nafarroako obra guztiak bertan behera uzteko eskatu du, bai eta Euskal Y-arenak ere

Zalantzak agertu dituzte taldeko kideek proiektuaren bultzatzaileen asmoen inguruan. "Zergatik jarraitzen du Nafarroako Gobernuak Castejon eta Campanas arteko zatia egiteko tematzen? zer mesederen truke egiten du hori?", galdetu dute.

 

AHT

Txentxo Jimenezek dio

 Espainiako Gobernuak

 Nafarroako egungo proiektua

 baztertuko duela

Aralar-NaBaik mozioa aurkeztu du Nafarroak AHTaren lanak bertan behera utz ditzan. "Senak eta dugun informazioak adierazten digute egungo korridorea moldatu eta Gasteiztik lotuko dutela EAErekin", erran du parlamentariak.
Edurne Elizondo   2013-04-24 - 14:21:48

Abiadura Handiko Trenaren Nafarroako proiektua bazter utziko du Espainiako Gobernuak. Horixe uste du, behintzat, Nafarroako Parlamentuko Aralar-NaBai taldeak, eta halaxe azaldu du Txentxo Jimenez parlamentariak jendaurrean. 

Espainiak egungo egitasmoa moldatuko du, Jimenezen hitzetan. "Senak hori erraten digu, eta ziur gara hala eginen dutela". Senaz eta usteaz harago, hori errateko "informazioa" ere badutela erantsi du Jimenezek. Informazio horren arabera, egungo proiektua baztertu, eta egungo tren korridorea baliatuko luke Espainiako Gobernuak, moldatzeko, aldaketa teknikoak egiteko, eta EAErekin lotzeko.

Hori dela eta, mozioa aurkeztu du Aralar-NaBaik Nafarroako Parlamentuan, Nafarroako Gobernuari hiru eskaera zehatz egiteko: Nafarroako zatiko lanak bertan behera utz ditzala, berehala, eta ez dezala bertze lanik esleitu, batetik; bigarrenik, obrak egiteko ardura duten enpresekin negoziatzeko eskatuko diote gobernuari, indarrean diren kontratuak eteteko; eta hirugarrenik, Nafarroari Espainiarekin negoziazioa has dezala eskatu diote, obrak ordaintzeko dituzten hitzarmenak bertan behera uzteko.

"Nafarroako Gobernuak ezin du aurrera jarraitu lanekin, egungo egitasmoa ez baita gauzatuko. Erokeria da dirua xahutzen jarraitzea, proiektu hori ez baita eginen", erran du Jimenezek. Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu du, bi erakundeok Espainiako Gobernua presionatu nahi baitute, parlamentariaren ustez, Nafarroako AHTaren proiektua Gipuzkoarekin lotzeko.

Jimenezek gogoratu du Espainiak Nafarroan egin beharreko obretako bakarra ere ez duela hasi ere egin.

 

2013/04/27

Iraganeko ahotsek gaurkoak dirudite

 

Borroka Garaia da!



german-inigo 



IRAGANEKO AHOTSEK
 GAURKOAK DIRUDITE

Egilea: Iñaki Larrea
Borroka Garaia da! blogetik hartua

1976ko martxoaren 3an Pedro Maria Martinez, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda langileak akabatu zituen Espainiako poliziak. Haien lan eskubideak aldarrikatzen zituzten beste milaka langileekin batera San Francisco elizaren inguruan mobilizatzen ari ziren poliziaren erasoa jaso zutenean. Haiek izan ziren hildakoak baina beste edonor izan zitekeen hildakoa, gizarte sektore baten, langileen eta antifrankisten aurkako zigor ekintza baitzen.

1978ko uztailak 8 German Rodriguez militante komunista akabatu zuen Espainiako poliziak. San Ferminen barruan zezen plazara “«AMNISTIA TOTAL PRESOAK KALERA. SAN FERMIN SIN PRESOS “ leloa zeukan pankarta batekin jende talde bat sartu zenean hasi zen poliziaren erasoa. German izan zen hildakoa, baina beste edonor izan zitekeen hildakoa, gizarte sektore baten, erreforma frankista onartzen ez zuen ezkerraren eta independentisten  aurkako zigor ekintza baitzen.

2012ko apirilak 5 jaurtitako pilota baten bidez ertzain batek hil zuen Iñigo Cabacas. Iñigok, Athletic-en beste zaleekin batera, futbol taldearen partidu bat ospatzen zuen Indautxuko Herriko Taberna ondoan. Ertzaintzak erasoa gauzatu zuen egoitza horren ondoan zeuden milaka lagunen aurka guztiak ezker abertzalekoak zirelakoan. Iñigo izan zen hildakoa, baina beste edonor izan zitekeen hildakoa, gizarte sektore baten, ezker independentistaren  aurkako zigor ekintza baitzen.

Aipatutako daten artean Euskal Herrian mota guztietako poliziek egindako erasoak eta sarraskiak izan dira nonahi, baina hiru kasu hauetan badago kointzidentzi bat; erasoak burutu zituzten mertzenarioen barruko irrati komunikazioak grabatuak eta jendaurrean jarriak izan dira.

Indautxuko Herriko Taberna kudeatzen duen Kirruli Kultur Elkarteak hiru grabazio hauek eta irudiak
  

bildu eta gure eskura jarri ditu. Ikusi eta gero errazagoa da ulertzea nola heldu garen bizi garen eredu politikora, zergatik gure Herriak zapalduta jarraitzen duen eta zergatik, German eta Gasteizko bost langileak hil zituzten poliziek bezala, Iñigo hil zuen zipaioak eta bere ekintza agindu zuen “nagusi”k zigorgabe jarraituko duten.

 

Bideoa ikusi baduzue, kontu bakarra aipatuko nuke: bistan da edozein polizia burgesek langileak hiltzeko lizentzia duela, eta bereziki langile horiek militante iraultzaileak badira. Hori zozoenak ere badaki (edo jakin beharko luke). Burgesiak, kapitalismoak BIOLENTZIAREN MONOPOLIOA IZAN OHI DUTE eta monopolio horrek ematen die beren diktadura mantentzeko indar armatua "legitimoa". Hori Euskal Herrian lehen den-denok bagenekien. Orain, amn-istia lortu ez dugunez, nahiago dugu amn-esia...

Eta bigarren kontua, mesedez eta faborez, POLIZIA EREDUA EZ DA ALDATU BEHAR, EZIN DA-ETA ALDATU!!! Burgesiaren Diktadurapean bizi gareno, poliziak beti jokatuko du berdin. Ilusio faltsu "demokratiko-erreformista-pazifista" horiek Herri Langilea intoxikatu eta desarmatu egiten dute. POLIZIA EREDUA EZ DA ALDATU BEHAR, POLIZIA BURGESA DESEGIN BEHAR DA, KAPITALISTEN MERTZENARIO-TALDE ORO DISOLBITU BEHAR DIRA, ZIPAIOEN KASUAN, ERTZAINAK ETA FORUZAINAK. ETA POLIZIA BURGES INPERIALISTAK EUSKAL HERRITIK ESPULTSATUAK IZAN BEHAR DIRA: GUARDIA ZIBILA, POLICIA NAZI-ANAL, JENDARMERIE, CRS...


 


 



ERNAI: ELKARTASUNA!!!





BERRIA 
2013-04-27

Ernairen webgunea

 ixteko agindu du

 Auzitegi Nazi-analak



Xabier Lopez Peña euskal presoa zena «goraipatzegatik» hartu du erabakia Eloy Velasco epaileak

Jokin Sagarzazu

Ernai gazte antolakundearen webgunea behin behinean ixteko agindu du Espainiako Auzitegi Nazionalak, «kautelazko neurri» gisa. Fiskaltzak hala eskatuta hartu du erabakia Eloy Velasco instrukzio epaileak. Webgunean Xabier Lopez Peña zenaren argazki bat ageri zen «Agur eta ohore» esaldiarekin. Horrekin «terrorismoa goratu» ote den ikertzen ari da epailea. Webgunea «berehala blokeatzeko» agindu du. Ez du beste neurririk agindu. Efe berri agentziak,baina, jakinarazi du pertsona bat inputatu duela epaileak, webgunearen arduraduna delakoan, eta maiatzaren 9rako deitu duela deklaratzera. Autoan, halere, ez da horrelakorik ageri.

Espainiako Poliziak Nafarroan duen goi agintaritzak eta Lurraldeko Informazio Brigadak egindako ikerketa batean oinarrituta dago erabakia. Velascok haiei eskatu die, hain zuzen ere, webgunea berehala blokeatzeko eta blokeo hori mantentzeko. Epailearen arabera neurri hori hartu behar da «delituzko ekintzaren jarraipena saihesteko». Eta neurri hori indarrean mantendu behar da «delituzko goratzearen arduradunak ezagutzeko ikerketak jarraitu bitartean». Era berean, azaldu du erabakiaren berri eman behar zaiela webgunearen administratzaileari, enpresa erregistratzaileari eta zerbitzariari.

Martxoaren 29an hil zen Lopez Peña Parisko ospitale batean, eta Euskal presoaren hilotza Euskal Herriratu zutenean, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak diligentziak ireki zituen, egin ziren ekitaldietan «terrorismo goratu» ote zen ikertzeko. Horren harira, Apirilaren 15ean, Iker Rodrigo Sortuko Bizkaiko koordinatzaileordea atxilotu zuen Guardia Zibila, Velascok aginduta, eta, egun bat geroago, galdeketa egin zion, Sondikako aireportuan Lopez Peñaren hilotzari eginiko harreran izan zelako. Ekitaldia antolatu izana leporatu zion epaileak Rodrigori. Deklaratu ostean, baldintzapean libre utzi zuen.

Era berean, Fiskaltzak EAEko fiskalburuari bidali zion Maribi Ugarteburu eta Hasier Arraiz EH Bilduko legebiltzarkide eta SORTUko kideei buruzko ikerketaren zatia — ekitaldian parte hartu zuten biek—. Legebiltzarkideak direnez, EAEko Auzitegi Nagusiko fiskalari dagokio haiei buruzko ikerketa egitea. Javier Kalparsoro fiskalburuak, baina, herenegun esan zuen momentuz ez diela deklarazioa hartuko.

ERNAIk, ohar baten bidez, salatu du konponbide prozesuaren «blokeo egoera» mantentzeko beste «ahalegin» bat dela erabakia. Azaldu du eskubideak «sistematikoki» urratzen jarraitzen dutela Espainiako Estatuko «aparatu guztiek», Ezker Abertzalea «kriminalizatu» eta bere posizioa «ahultzeko» asmoz. Hala ere, gazte antolakundeak berretsi du lan egiten jarraituko duela, konponbide prozesuak aurrera egin dezan. «Hori delako Euskal Herriko gazteriak nahi duena. Hori baita Euskal Herriko jendarteak exijitzen diguna», nabarmendu du.

Itxi, badaezpada

Autoan aipatzen den ustezko delitua argitu aurretik hartu du webgunea ixteko erabakia epaileak, badaezpadako edo «kautelazko neurri» gisa. Eta agindu du blokeatuta mantentzeko, ikerketa judiziala amaitu arte, gutxienez. Ustezko delituaren «larria» kontuan hartuta, horrelako neurri bat har dezakeela uste du epaileak, eta heldulekuak topatu ditu Informazio Gizartearen eta Merkataritza Elektronikoaren Zerbitzuen gaineko 34/2002 legearen 11, 35 eta 38.2b artikuluetan. Epaileak, baina, ez du azaldu erabakiak bat egiten duen Espainiako Konstituzioaren 20. artikuluarekin —adierazpen askatasuna—.

Ez da lehenengo aldia gazte mugimenduaren webgune bat Auzitegi Nazionalaren jo puntuan jartzen dutena. 2009ko uztailean hiru pertsona atxilotu zituzten Gaztesarea.org webgunearen aurkako operazio batean. Segi gazte erakundearekin lotu zuten komunikabidea. Hala ere, Fernando Andreu epaileak ez zuen webgunea ixteko agindu, eta, 2010eko urtarrilean, itxi zuten sortzaileek beraiek. 2011an, berriz, Apurtu.org itxi zuen Auzitegi Nazionalak, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren aurka Nafarroan eginiko operazio batean.


 ERNAIrekin ELKARTASUNA!!!

ZUEKIN GARA, LAGUNOK!!!

DIFERENTZIA ETA EZBERDINTASUN
POLITIKOEN GAINETIK,
AURRERA LAGUNOK!!! 


AGUR ETA OHORE,
GUDARI IRAULTZAILEA!!!

HEMEN GARA, EZ GARA EZKUTATZEN!

ZUEN MONARKIA
ESPAINOLISTA, INPERIALISTA,
 NEOFRANKISTA, NAZIONALKATOLIKO, KAPITALISTA ETA USTELA
IRAULI ETA SUNTSITU NAHI DUGU!!!

ZUEN ERREPUBLIKA BURGES
FRANTXIMANT, ETNOZIDA,
KAPITALISTA-INPERIALISTA
ARRAZISTA ETA NUKLEARRA
IRAULI ETA SUNTSITU NAHI DUGU!!!   


AGUR ETA OHORE,
XABIER,
EUSKAL HERRI LANGILEAREN
GUDARI IRAULTZAILEA!!! 

 EUSKAL HERRI LANGILEAK
XABIER DU MENDEKATUKO:

EUSKAL IRAULTZA SOZIALISTA EGINEZ,

BURGESIAREN DIKTADURA SUNTSITUZ,

EUSKAL 
ERREPUBLIKA 
SOZIALISTA 
ERAIKIZ!!!

 

XABIER, HIRE BORROKA

BURURAINO ERAMANEN DIAGU!!!

2013/04/25

Iker Rodrigo: "Omenaldirik hoberena, GARAIPENA"

Iker Rodrigo: "Terrorismoa goratzea"


Iker Rodigo Bizkaiko SORTUko kidearen iritzi artikulua argitaratu du ukberri.net-ek. Rodrigo Guardia Zibilak atxilotu zuen Xabier Lopez Peña presoari egindako omenaldia antolatzea leporatuz. Epaileak aske utzi zuen ondoren, baina auziperatuta jarraitzen du:

"Apirilaren 15ean goizeko bederatziak laurden gutxiagotan atxilotu ninduen Guardia Zibilak Txopoetan jarritako kontrol batean. Itzubaltzeta / Romoko irteera guztiak hartuak zituzten helburu argi batekin, egun horretan atxilotu behar ninduten, muntai juridiko eta komunikatiboa antolatua zuten eta goiz hartan dena martxan jartzeko nire atxiloketa beharrezkoa zuten. Kotxea geldiarazi, NAN-a eta kotxeko paperak eskatu, kotxetik ateratzeko agindua eman eta "está usted detenido por un delito de enaltecimiento del terrorismo" esan zidan guardia zibil horien buruak. Haien planaren lehen urratsa emana zeukaten. Argazkian, Iker Rodrigo Basterretxea Bizkaiko SORTUren koordinatzaileordea Eloy Velasco epaileak aske baina auziperatuta utzi zuen egunean.

Amorrua, haserrea, gorrotoa, nazka, beldurra, mina, inpotentzia... hainbat sentimendu korapilatu zitzaizkidan guardia zibilez inguratua, eskuburdinak jarri eta patrol-era sartu nindutenean. Hortik La Salveko ziega ziztrin batera eraman ninduten eta metro laurogeiko zabalera eta bi eta erdiko luzera dituen ziega txikiari bueltak eta bueltak emateari ekin nion. Hiru pausu eta erdi aurrerantz, hormara arte, buelta eta beste hiru pausu eta erdi aurrera ere, (atzerapausorik ez!) ziegako atera heldu arte. Bueltak eta bueltak, pausu txikiak emanez pausu gehiago emateko, bueltak eta bueltak ziega txikiari eta baita buruari ere.

La Salveko ziega txiki hartan burura etortzen zitzaizkidan Xabier Lopez Peña eta bera bezala ziega txikietan urteak bueltaka eman dituzten eta ematen dituzten euskal preso politikoak. Beraiek gogoan, pausoka burura ideiak barra barra etortzen zitzaizkidan.

Kartzela politika krudelak eraildako preso politiko baten gorpua jasotzea eta senideei babesa adieraztea "enaltecimiento del terrorismo" omen da espainolentzat baina oker dabiltza, terrorismoaren salaketa egitea da, estatu terrorismoarena hain zuzen. Izan ere terrorismoa da Xabierrekin eta beren senideekin estatuek egin dutena. Xabierren egoeraren inguruan familiari inolako berririk ez ematea, bizirik ikusteko trabak jartzea eta hil ondoren ere, hil eta hamahiru ordu igaro arte heriotzaren berri ez ematea, familiaren konfiantzazko medikuak ez onartzea... guzti hori eta gehiago egin zuten Xabierren familiarekin, hori bai dela terrorismo krudela. Terrorismo basatia da estatuek aurrera daramaten espetxe politika, ondo baino hobeto dakigu hori egunero sufritzen dugulako.

Azken hilabete hauetan espetxe politikaren aurpegirik krudelenak sufritu izan ditugu. Arkaitz Bellon Elorrixoko presoa Sevillan eta Xabier Aranburu ondarrutarra Muret-en jipoituak izan ziren, Jaen-en dispertsatua daukaten Jabi Martinez bisitatzera joandako lagunak istripua izan zuten, Kitxu, Itzubaltzeta / Romoko preso politikoari 197/2006 doktrina aplikatuz kondena luzatu zioten edo Algortako Angel Figueroa gaixotasun larri baten ondorioz etxean preso zegoelarik haren heriotza ere bizi izan genuen... adibideak asko dira, egunero Herri honetan mantentzen den biolentziaren adibideak. Estatuen ezintasun eta ahuldadearen adibideak.

Espetxe politika krudelari elkartasunaren kriminalizazioa gehitu diote, egun delitua da presoekiko elkartasuna edo espetxe politikaren salaketa egitea. Salbuespen egoera mantentzen dute Euskal Herrian, horrek geldituko gaituelakoan. Aspaldi lagun batek esan zidan, "nos conocen pero no nos entienden". Ez dute ulertzen bide horretan jai daukatela, euskal herritarrok ez garela mehatxuen aurrean geldirik egongo, aurrera egiteko determinazio osoa daukagulako. Ez gara zain eta isilik egongo, lanean jarraituko dugu euskal preso politiko guztiak etxean izan arte eta Herri honen etorkizuna erabakitzeko eskubidea lortu arte, hori baita independentzia eskuratzeko bidea.

Estatuaren ezintasunaren ondorioz eta ez ezer goraipatzeagatik atxilotu ninduten. Euskal Herrian zabaldu dugun egoerara ezin egokitu eta euskal herritarron gehiengo zabalek onartzen ez duten errezeta zaharretara mugatzen diren estatuen aurrean gaude, demokrazia izpirik erakusten ez duten estatuak.

Euskal Herriarentzat eskaintza demokratikorik ez dute, ez diote herri honi bere etorkizuna erabakitzen utzi nahi jakin badakitelako herri honen erabakia zein izango den eta horregatik ilegalizazio hotsekin erantzuten digute, zaharkituriko errezetekin, salbuespen egoerarekin. Inoiz ez naiz izan "gero eta txarrago, hobeto" esaldiaren aldekoa. Egun ezta ere, baina La Salveko ziegan horrelakoak zetozkidan burura; gaizki, ahul egon behar du Estatuak horrelako urratsak beharrezkoak dituenean. SORTUren kontra egiteko erabili nahi naute, Urquijok larunbatean argi esan zuen, SORTUren kontrako "indizioak" batzen zegoela Fiskaltzaren esku uzteko eta ilegalizazioari bidea egiteko, aste honetan ere bide berdinetik datozkigu, indizioak eta frogak bilatzen eta asmatzen, orain preso politikoez hitz egitea ere delitu omen... gaizki dabil horrelako urratsak eman behar dituen estatua.

Bai, Txopoetan jarritako kontrolaren helburua ez zen ni atxiloketa, SORTUri abisua (eta auskalo abisuaz gain zerbait gehiago etorriko ez den) ematea zen. Ilegalizazioaren aro berria zabaltzea Euskal Herrian zabalduriko prozesua geldiarazteko. 

 

Estatuak badakielako Herri honetan martxan den prozesuaren edozein esparrutan urratsak ematea eremu independentista hauspotzea ekar dezakeela eta horren aurrean ez duela ezer egiterik.

Estatuaren ezintasun politikoari aurre egingo diogu, ezin dugu Estatutik ezer berririk espero, ez digute ezer oparituko, ez dute gatazka politiko eta armatuari irtenbidea emango dion urratsik eman nahi, ez dute borondaterik eta ez dute izango, horretan galtzaile ikusten baitira. 

Honek erronka zailtzen du baina orain arte egindako urteetako ibilbide luzea ere ez da inolaz ere erraza izan, zailtasunak gainditu egin ditugu eta gainditzen jarraitu beharra daukagu. Egoera honen aurrean bi aukera ditugu, Estatuaren borondatea edo helduko ez den eskaintza bat egin bitartean zain egon edo urrats erabakigarriak ematen jarraitu. 

Hautua argia da, aurrera egin behar dugu, Herri bezala pentsatu eta eragin beharra dugu, inoren zain egon gabe, inori baimena eskatu gabe

Joko zelaia ez dago Madril edo Parisen, ez dago La Salveko ziega zikinetan, joko zelaia Euskal Herrian, etxean, kalean dugu. 

Gai izan behar gara gehiengoak batzeko, presoen etxeratzearen alde, gatazkaren konponbidearen alde, erabakitzeko eskubidearen alde eta herri honen sektore estrategikoen eraikuntzan ere. Soilik horrela lortuko dugu estatua mugitzea, soilik horrela egingo dugu aurrera. Estatu ukatzaileen aurrean bere buruaren jabe izan nahi duen Herri bat altxatu beharra daukagu eta hori soilik eguneroko lanaren bitartez lortuko dugu. Ez digute bidea erraztuko, trabak jarriko dizkigute, errepresioarekin erantzungo dute, inposizio berriekin... baina ausardiaz eta determinazioaz jokatzen badugu irabaz dezakegu. Estaturi begira egon beharrean gure Herrian kokatu behar dugu begirada, gure arteko aliantzak sendotu eta Herri bezala erantzun, hori da gure hautua, hori da gure bidea eta hori izango da bidean utzi ditugunei egingo diegun omenaldirik hoberena: GARAIPENA."




Gauza jakina da ni ez nagoela bat ere ados SORTUren ildo politikoarekin, eta etengabe kritikatzen dudala. Baina badakit SORTUren baitan militante iraultzaileak badirela, uste dutenak bide hori hoberena dela, kritikoak izanik ere Oraingo Ezker Abertzalearen baitan lan egitea aukeratu dutenak, eta zintzokli sinesten dutenak estrategia independentista hutsa, aliantza zabalak burgesia subiranistarekin eta ekinbide politiko-militarra baztertzea eta likidatzea urrats egokian eta emankorrak izan direla. Militante horiek ez dute inolaz ere uste Oraingo ezker Abertzalea sistema kapitalistan integratzera doala, eta masa borrokan, mobilizazioetan eta herri kontraboterean sinisten dute. Donostiako ASKE GUNEan ikusi ditugu holako aunitz, fede onez lanean eta borrokan ari direnak.

Lagun horiek ez dute formazio teoriko iraultzaile sakonik, eta ez dira ohartzen krisi ekonomiko oso laria dugula, 1929koaren neurrikoa edo hagitzez sakonagoa, ebharbada, eta ondorioz, Estatu burges guzti-guztiek neofaxismoaranzko joera hartu dutela. Eta bereziki Frankismoarekin sekula santan hautsi ez zuen estatu Espainola eta bere Oligarkia Neofrankista. Oraingo Ezker Abertzaleko sektore zintzo horien estrategiak gero eta antz handiagoa du Salvador Allendek eta Unidad Popular koalizioak Txilen 1970-1973 urteetan hartu zuten bidearekin. Orduan MIR alderdi iraultzaile eta marxista-leninistak behi eta berriz abisatu zuen, eta salatu, armarik gabe Iraultzarik ez dela egiten ahal, ezinezkoa dela. Bainan Allendek ez zuen bide hori segitu, eta emaitzan denok dakizkigu, tamalez.

Baliteke egunen batean EHBilduk gehiengoa lortzea mendebaldeko hiru probintzietan, Euskal Autonimia Elkartean, eta Nafarroan ere, nork daki? Nik ez dut uste, bainan hipotesi bat da. Arazoa da estrategia iraultzailerik gabe, planteamendu global eta integral gabe, Espainiak eta Frantziak itoko gaituztela biolentzia uholde ikaragarri batean, Donostikoa ASKE GUNEa suntsitu zuten bezala, 1936an egin zuten bezala, eta 1975az geroztik egiten duten legez. Hori eginen dugu XXI. mendeko Euskal Herrian? Ez dakigu estatu Burgesak Kapitalaren Diktaduraren tresna politiko-militarrak direla? Ez dugu deus ere ikasi azken 150 urteetan? 1936-1937 urteetan bezala, aski zozoak izanen gara pentsatzeko "demokraziek" lagunduko digutela "txintxo" jokatzen badugu? Bihar Gernikako borbadaketaren urteurrena da... zer egin zuen Britainai Handiak eta Frantziak orduan? Eta zer egiin zuten Estatu Burges horiek eta Ameriketako Estatu Batuek 1939-1959 urteetan? Zer uste dugu, Independentzia "demokratikoki" aldarrikatuta OTAN guri laguntzera etorriko dela, Kosovon bezala? Hain inozo bihurtu gara, ala?

Salvador Allende konsekuentea izan zen, bai, bainan aski zozoa ere bai. Sinetsi zuen Burgesiak botere ekonomiko, politiko eta miltarra emanen zituela "demokratikoki", bere diktadura aren bidez defenditu gabe.Txileko Langileriak bereziki eta Herri langileak oro har oso garesti ordaindu zuten han sartze historiko hau. Hala ere, denek goraipatzen dute Salvador Allende, eta denek ahantzi dute arrazoi historikoa izan zuena eta salvador Allende bezain kontsekuentea izan zena: Miguel Enriquez, MIR alderdi iraultzaileko burua. Langileen borroken historiatik ikas dezagun behingoz!

 

Salvador Allende















Salvador Allende













Salvador Allende Gossens (Valparaiso, 1908ko ekainaren 26aSantiago, 1973ko irailaren 11) Txileko presidentea izan zen 1970eko urriaren 24tik 1973 arte. Munduko demokratikoki aukeratutako lehenengo presidente marxista izan zen. Allende familia euskal jatorrikoa zen.

Medikuntzan graduatu zen 1933an Santiagon. 1938an, Osasun Ministro izendatu zuten Pedro Aguirreren gobernuan.

Senataria izan zen 1945etik 1969 arte. 1970eko azaroaren 3an presidente izendatu zuten, hauteskunde demokratikoak irabazi ondoren Unidad Popular alderdiarekin, alderdi sozialista, komunistak eta zentrokoak biltzen zituen koalizioa.

Salvadorren ideologikoki marxista zen, baian Txileren Sozialismorako Bidea aldarrikatzen zuen: Sozialismoaren ezarpena Txilen baina beti ere bide demokratikoekin. Bere agintaritzan hainbat fabrika handi nazionalizatu edo langileei eman zien, produkzioa izugarri handitu zen, osasuna hobetu egin zen eta langileen lan baldintzak sakonki hobetu ziren.

Plano internazionalean harremanak izan zituen SESB-rekin, baina bere politikarekin kritikoa izanik. Bestetik, Kubarekin harreman politiko estuak izan zituen, Fidel Castroren erregimenarekin hain zuzen ere.

1973ko irailaren 11n Augusto Pinochet jeneralak estatu-kolpea eman zuenean, La Moneda presidente-jauregia setiatu zuen: horren ondorioz, Allendek bere buruaz beste egin zuen egun hartan, ez baitzegoen prest estatu kolpearen aurrean damutzera. 


Pinochetek Nixon administrazioaren (Estatu Batuetako presidentea) eta CIAren laguntza zuzenak izan zituen Herriaren nahia zapaltzeko.

Esanak


  • "Eskerrik asko, kide eta laguna, Latinoamerikako itxaropenaren komandantea, Fidel Castro".

  • "Ez du axola lanik gabeko langile bat marxista den ala ez, ez du axola kristaua den ala ez, ez du axola ideologia politikorik ez badu, lanerako eskubidea duen gizona da eta guk eman egin behar diogu".

  • "Ez nuke nire karguari uko egiteko zalantzarik izango Txileko langileek, nekazariek, teknikariek eta profesionalek hala eskatu edo iradokiko balidate".

  • "Gaztea izatea eta iraultzailea ez izatea kontraesan biologikoa ere bada".
    • Guadalajarako (Mexiko) Unibertsitateko hitzaldia, 1972ko abendua.

  • "Herrialde industrialetako gizakia natura gainditu eta ilargira heldu da. Bidezkoa al da gizakiak oinak ilargian jartzea? Ez al litzateke bidezkoagoa izango herrialde handiek oinak lurrean jartzea eta milioika lagun lanik gabe eta gosea pairatzen ari direla konturatzea?"

  • "Historia gurea da eta Herriek egiten dute".

  • "Historiak epaituko ditu".
    • "La historia los juzgará."
    • Allenderen azken hitzaldia, 1973ko irailaren 11n.

  • "Jarraitu eredu onenari, etorkizun hobea eraikitzeko guztia utzi dutenenari".

  • "Ni egunetik egunera emakumeen aldekoagoa naiz". (Salta, Argentinan)

  • "Nire Aberriko langileok! Fedea dut Txile eta bere patuarengan. Traizioa inposatu gura den une gris eta mikatz hau gaindituko dute beste gizon batzuk. Berandu baino askoz lehenago, gizarte hobea eraikitzeko gizon librea pasatuko den zumarkale handiak berriro irekiko direla jakiteari jarrai iezaiozue. Gora Txile! Gora langileak!"
    • Allenderen azken hitzaldia, 1973ko irailaren 11n.

  • "Nire gobernuaren oinarri politikoa marxistek, laikoek eta kristauek osatzen dute. Eta pentsamendu kristaua errespetatzen dugu pentsamendu horrek Kristoren Hitza interpretatzen duenean, zeinak merkatariak tenplutik kanpora bidali baitzituen".
    • Guadalajarako (Mexiko) Unibertsitateko hitzaldia, 1972ko abendua

















































 

MIGUEL ENRIQUEZ

 

 Miguel Enriquez 1944ko martxoaren 27an jaio zen Talcahuanon, Txilen. Bere aita medikua eta militar progresista zen, eta bere ama legelaria. Familia burges liberal baten baitan sortu zen: bere osaba eta  izeba bat senatariak izan ziren, Alderdi Erradikalekoak.

Ikasle oso ona izan zen, eta Kubako Iraultzaren eraginez, kontzientzia iraultzailea hartu zuen. 1961ean medikua izateko iaksketak hasi zituen, eta CHErenganako hurbiltzea areagotu zitzaion. Bere anaia batek, Marco Antonio, "Grupo Marxista Revolucionario" taldea eratu zuen, joeta trotskistakoa. Miguel 1962an hasi zen militatzen, "Federación Juvenil Socialista" erakundean, Txileko Alderdi Sozialistako gazteria. Bertan korronte "Espartaco" korrontean integratzen da, bere anaia Marco Antoniorekin batera. Frakzio klandestinoa ere antolatu zuten Alderdi Sozialistaren baitan, MSR, "Movimiento Socialista Revolucionario" izenekoa.

1964ko otsailean Txileko Alderdi Sozialistatik kanporatuak izan ziren, eta denboraldi batez Miguel Enriquez eta bere burkide baztertuak VMR "Vanguardia Marxista Revolucionaria" taldean sartzen dira, berehala, 1965eko abuztuan MIR erakundea, "Movimiento de Izquierda Revolucionaria" sortzeko. Sortze kongresuan Miguel Enriquez tesi politiko-militarrak defenditu zituen, "la conquista del poder por la vía insurreccional" izeneko txostenean. MIReko Komite Zentraleko partaide izendatu zuten. Geroago, idazkari orokorra izatera iritsi zen.

 

1970-1973 urteetan, MIRek laguntza kritikoa eman zion Salvador Allenderen gobernuari eta Unidad Popular koalizioari, beti ere kritikatuz haien erreformismoa, legalismoa, pazifirmoa eta ilusio demokratiko-burgesak. MIRek Langileria armatzea nahi zuen, Burgesiaren estatu kolpea suntsitzeko. Zorigaitzez, ez zuen aski indarrik izan bere tesiak nagusitzeko eta Iraultza Sozialista egiteko.

 1973ko irailaren 11ko estatu kolpean, MIRek exilioari uko egin zion, eta bere militante guztiak Txilen bertan gelditu ziren, erresistzeztai armatua eta estrategia politiko-militarra bultzatzeko. Miguel Enriquez horretan aritu zen buru belarri urte betez, harik eta Pinocheten zakur hiltzaileek erail zuten arte, 1974ko urriaren 5ean, Santiagon. Borrokan hil zuten, armak eskutan.