LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

Bobby Sands etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Bobby Sands etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2013/05/05

BOBBY SANDS

 


BOBBY SANDS: 32. URTEURRENA


"D'éirigh mé ar maidin mar a tháinig an coimheádoir,


Bhuail sé mo dhoras go trom´s gan labhairt.


Dhearc mé ar na ballai, ´S shíl mé nach raibh mé beo,


Tchítear nach n-imedoidh an t-iffrean seo go deo.


D'oscail an doras ´s níor druideadh é go ciúin,


Ach ba chuma ar bith mar nach raibheamar inár suan.


Chuala mé éan ´s ni fhaca mé geal an lae, 


Is mian mór liom go raibh me go doimhin foai,


Ca bhfuil mo smaointi ar laethe a chuaigh romhainn,


Ni chluintear mo bhéic, 's ní fheictear mar a rith mo dheor,


Nuair a thigeann ar lá, is feidir nì bheidh mé ann,


Nuair a thigeann ar lá, aithíocfaidh mé iad go mor!"

 

 

"Gaur goizean jaiki naiz eta bokia iritsi da,


Zakarki jo du atean fitsik erran gabe.


Nik paretei so egiten nien, neure burua hilda irudikatzen nuen,


Infernu hau ez da inoiz amaituko?


Atea ireki da eta ez da eztiki itxi,


Bost axola, gu ez geunden lotan.


Txori bat aditu dut  bainan ez dut egunsentia ikusi,


Lur sakonean ehortzirik ote nago?


Non dira lehengo garaietako pentsamenduak,


Eta non da munduan ikusi nahi nuen bizia,


Nire deiadarra ez da entzuna, nire malkoak ez dira ikusiak,


Gure eguna etorririk, ziur aski ni ez naiz hemen izanen iadanik,


Gure eguna etorririk, garesti ordainaraziko diet!"

Bobby Sands

"Nuair a thigeann ar lá" 

 (Gure eguna etorririk)

 

Bobby Sands


Robert Gerard Sands (gaelikoz Roibeard Gearóid Ó Seachnasaigh) edo Bobby Sands (1954ko martxoaren 9a - 1981eko maiatzaren 5a Irlandako militante sozialista iraultzaile eta IRAko kide izan zen. Beste bederatzi preso errepublikar bezala, Long Kesh edo Maze espetxean 1981eko Irlandako gose greban hil zen, 27 urte zituela.

1981eko gose greben liderra izan zen, non Irlandako preso errepublikanoek beren gatibu politikoen statusa kentzearen aurka egin zuten. Gose greban zela, Erresuma Batuko Legebiltzarrerako hautatua izan zen. Bere heriotzaren ondorioz, IRAko boluntarioen kopuruak nabarmen egin zuen gora, baita hauen ekintzek ere. Estrategia iraultzaile politiko-militarra indartu zen Irlandan. Nazioarteko hedabideek gose grebetan erreparatu zuten, bide batez, eta Irlandako Herri Langileak Inperio Britanikoaren aurka aurrera daraman borroka heroikoan.

Bizitza

Gaztaroa eta familia


Sands familia katoliko batean jaio zen, Abbots Cross-en, Antrim-en, Ipar Irlandan. Bertan bizi izan zen 1960an bere familia bertatik bota zuten arte. Bere arreba Marcella 1955eko apirilean jaio zen, eta Bernardette bigarren ahizpa, 1958ko azaroan. 1960an jaio zen John anaia ere bazuen. Eskola amaitzean, eskulanean hasi zen, loialista batzuk pistolaz mehatxu egin eta alde egin zuen arte.

Geraldine Noade-kin ezkondu zen eta berehala Gerard semea izan zute, 1973an. Emaztea eta haurra Ingalaterrara joan ziren bizitzera.

Ekintzaile IRAn

1972an Sands IRAn sartu zen. Urte bereko urrian atxilotu zuten bera bizi zen etxean topatu zituzten armen jabetzaren akusaziopean. Bost urteko kartzela zigorra ezarri zioten.


1976an kartzelatik itzuli zenean, West Belfasteko familiako etxera itzuli zen. IRAko ekintzaile gisa hasi zen berriz era aktiboan.1976ko bonba baten leherketan parte hartu izana akusatuta atxilotu zuten berriz, nahiz eta hau gerora ere ez den sekula frogatu. 1977an egin zioten epaiketan errudun jo zuten eta hamalau urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Maze espetxean sartu zuten, Long Kesh espetxea bezala ere ezaguna.

Long Kesh

1980ko amaieran, Long Kesh espetxeko preso errepublikarren komandante izendatu zuten, gose greban hasi berri zen Brendan Hughesen ordez.


Kartzelan preso komun gisa ematen zieten tratuaren aurkako protestak antolatzen ari ziren preso errepublikarrak. 1976an preso guztiek zituzten jantziak jazteari uko egin zioten eta manta protesta hasi zuten. 1978An, zeldetatik komunetara bidean zenbait presori eman zizkieten jipoiak medio, zikinkeria protesta hasi zuten, non presoek beren buruak garbitzeari utzi zioten eta zeldetako paretetan jartzen zituzten beren kaka eta pixa.

Bere lanak


Kartzelan zela, Sands idazten hasi zen, narratiba eta poesia. Irlandar errepublikarren An Phoblacht egunkarian argitaratzen zizkioten "Marcella" ezizenpean. Sandsek "Back Home in Derry" eta "Mc Ilhatton" kantuen letrak asmatu zituen, lehena Anje Duhaldek euskarara egokitua "Derryra itzuli" izenburupean.


Zenbait liburutan argitaratu dituzte bere lan batzuk:

  • Skylark Sing Your Lonely Song
  • One Day in My Life (Egun bat nire bizitzan) Txalaparta argitaletxea, Amaiur saila. Euskaratzailea: Mitxel Sarasketa)
  • Diary

 

Gose greba


1981eko Irlandako gose greba Ipar Irlandako gatazka garaian irlandar errepublikar presoek burututako protestaldien ondorioa izan zen. Protestaldi hau 1976an Britainiar Gobernuak irlandar preso errepublikarrei Kategoria Bereziaren Estatusa ukatu zienean Burusien protesta delakoarekin hasi zen.

1978an euren pisontziak hustutzen ari zirela preso batzuk erasotuak izan zirenean, protesta Protesta Zikina deitzera iragan zen, honetan presoak euren buruak garbitzeari uko egin eta beren espetxe geletako hormak euren gorotzez estali zituzten. 1980an 53 egun iraun zituen gose greba batean parte hartu zuten.

Bigarren gose greba bati ekin zioten eta laisterrera irlandar presoak eta Erresuma Batuko Margaret Thatcher lehen ministroaren arteko norgehiagoka bilakatu zen. Gose greba honetan zehar grebalarietako bat zen Bobby Sands presoa Erresuma Batuko Parlamenturako legebiltzarkide hautatu zuten, honek mundu osoko hedabideen berehalako jakinmina piztu zuelarik.

 Behin hamar preso hil ondoren, gose grebaren deialdia bertan behera utzi zen. Sands bera hildakoen artean zegoen eta bere hiletara 100.000 pertsona inguru bertaratu ziren. Gose grebak irlandar nazionalismoaren politika erradikalizatu zuen eta ordurarte gutxiengoan zegoen Sinn Féin alderdia, indar politiko garrantzitsua zatera igaro zen.1981eko martxoaren 1ean egin zion jateari uko lehen aldiz Sandsek. Manta eta garbiketa protestetan ari ziren preso errepublikarrek 1981eko Irlandako gose greban hasiko ziren ehundik gorako zerrenda egin zuten. Egun kopuru jakin bat pasa ostean, banaka-banaka gose greban hasiko zirela onartu zuten, Britainia Handiko gobernuak beren eskaerei men egin arte.

Bost eskaera nagusi zituzten gose grebalariek:
  1. Kartzelako uniformea ez janzteko eskubidea;
  2. Kartzela-lana ez egiteko eskubidea;
  3. Beste presoekin harreman askeak izateko eskubidea, baita beren buruei hezkuntza emateko antolatzeko eskubidea izate ere;
  4. Asteko bisita bat, gutun bat eta pakete bat;
  5. Protestetan ari zirela galdutakoa berreskuratzeko eskubidea.
Gose grebaren helburua presoak 'preso politiko' gisa (edo guda preso) hartuak izatea zen, eta ez preso komun edo kriminal arrunt gisa.

BOBBY SANDSen HITZAK

Gose greban zehar, Bobbyk bere egunerokoa idatzi zuen. Iraultzaile baten testigantza zirraragarria da, eta hona hemen esaldi batzuk:

Gose greba hasi zuenean, martxoaren 1ean, bere borrokaren arrazoiak azaldi zituen:

"Preso politiko bat naiz. Preso politiko bat naiz, zeren Irlandako Herri zapalduaren aurka erregimen arrotz zapaltzaile batek daraman gerra perpetuo baten biktima bainaiz. Erregimen horrek gure Herrialdetik erretiratzeari uko egiten dio. Nik Nazio Irlandarrak independentzia subiranoa eskuratzeko duen eskubide dibinoa sustengatzen dut, eta irlandar orok eskubide horren alde iraultza armatu batean defendatzeko duen eskubidea. Horretan sinesten dut. Horregatik naukate preso, biluzik eta torturaturik."

Gose grebaren bosgarren egunean hauxe idatzi zuen:

"Bai, bai, itxaropena badut. Gizon guztiek esperantza izan behar dute eta ez galdu sekula kuraia. Bainan ene itxaropena, nire Herri gaixoaren garaipen azkena da. Badaiteke itxaropen handiagorik?"   

Martxoaren 9an, bere urtebetetze egunean, hauxe izkiriatu zuen:

"Ongi, bada, 27 urteetara iritsia naiz, bada zerbait. Ni hilen naiz, baina 1916ko Errepublika ez da inoiz hilen. Aurrera, bada, Errepublikarantz eta gure Herriaren askatasunerantz!"  
 

Hauteskundeak

Gose greba hasi bezain pronto, 1981ean, Frank Maguire politikaria hil egin zen bihotzekoak emanda. Honek Fermanagh eta Tyrone Hegoaldea ordezkatzen zituen Erresuma Batuko Legebiltzarrean. Sandsen jarraitzaileek aukera ona ikusi zuten bere aldeko kanpaina egiteko, eta Legebiltzarrerako aulki hori bozkatu behar zenez, Sands hautatu zuten beren ordezkari gisa. Tentsio handiko kanpaina izan zen, oso polarizatua. Hauteskunde estu batzuen ostean, gose greban egunak zeramatzan Sandsek irabazi zuen aulki hori 1981eko apirilaren 9an. Ulstergo Union Partyk 29,046 boto atera zituen eta Sandsen hautagaitza batuak 30,493.

Sandsen arrakastaren ostean, Gobernu britainiarrak '1981eko herritarren ordezkaritzaren akta' indarrean jarri zuen. Bertan esaten zen urtebetetik gorako sententzia zuen inongo preso ezin zela Erresuma Batuko hauteskundeetan ordezkari izateko hautatu. Honela gose grebalari gehiagok hauteskundeetan parte hartzea eragotzi zuten.




Izena Talde armatua Jaiolekua Gose grebaren hasiera Heriotzaren data Gose greban iraundako egunak
Bobby Sands IRA Newtownabbey martxoaren 1a maiatzaren 5a 66 egun
Francis Hughes IRA Bellaghy martxoaren 15a maiatzaren 12a 59 egun
Raymond McCreesh IRA Camlough martxoaren 22a maiatzaren 21a 61 egun
Patsy O’Hara INLA Derry martxoaren 22a maiatzaren 21a 61 egun
Joe McDonnell IRA Belfast maiatzaren 8a uztailaren 8a 61 egun
Martin Hurson IRA Cappagh maiatzaren 28a uztailaren 13a 46 egun
Kevin Lynch INLA Dungiven maiatzaren 23a abuztuaren 1a 71 egun
Kieran Doherty IRA Belfast maiatzaren 22a abuztuaren 2a 73 egun
Thomas McElwee IRA Bellaghy ekainaren 8a abuztuaren 8a 62 egun
Michael Devine INLA Derry ekainaren 22a abuztuaren 20a 60 egun

Heriotza

Kartzelako ospitalean hil zen Sands 66 egun gose greban egin ostean, 27 urterekin. Bere heriotzak egun ugari iraun zuten istiluak sortu zituen Ipar Irlandako auzo katolikoetan. 100.000 pertsonatik gora pertsona joan ziren Bobby Sandsen hileta omenaldira eta Belfasteko Milltown Hilerrian gainontzeko IRAko hildakoekin lurperatu zuten.

Eragin politikoa

Guztira IRAko eta INLAko bederatzi preso hil ziren 1981eko Gose Grebetan. Sands hil zen egunean, Ian Paisley kolonialista unionisten buruak Belfasteko udaletxearen aurrean IRAren biktimen aldeko omenaldia antolatu zuen. Euskal Herrian bezala, beraz...

Sandsen eta gainerako bederatzi gose grebalarien heriotzaren ondorioz, IRAn gazte asko sartu zen eta Irlandako Herri Langilearen babes politikoa nabarmen irabazi zuen erakunde armatuak.

BOBBY SANDS, POETA

Euskaratzaileak: Ruper Ordorika eta Joseba Sarrionaindia



Pausa leku bat
 
Eguna astiro doalarik beste gau bat da poliki sartzen.
Denbora ez da ez aldatzen, ez hiltzen.
Larratxoriaren kantua da egunaren aldia,
Gauaren beltza txirrioaren karraxia.
 
Euririk badakar haizeak, izpirituaren malkoak.
Laster adituko dira burdinetan giltzaren hotsak.
Tren bat da trenbidetik iragan.
Gizonak badu Jainkoaz gain, zertaz beldur izan.
 
Arristiriko beleak hegaldatuko liratekeen alderantz
     ene gogoetak badoaz
Eta itsuki nabigatzen ari dira, itsasontziak gauez bezala,
Gogoeta batek kolpaturik —bihotza hausten duenak—
Arraigh presondegiko berrogei emakumerenak.
 
Ai! eta nahiago nuke lagun zintzoen artean egon,
Sutondoan, han non iratxoek dantzan egiten duten, ikustezinak,
Urrun H. Block infernuko deabru beltzetatik,
Ene bihotza torturatu eta ametsetan berenganatu egiten nautenak.
 
Pozik pausatuko nintzateke otea hazten den parajean,
Txokak kantuan egiten dueneko haitzen azpian,
Cormoney hilerrian, haren muinoaren azpian,
Egunak ekar dezakeenari beldurrik gabean.
 
 
 
 
Haize negartiak
 
Ai! Martxo hotzaren haizea, zure arrengura krudelak
     Latzak dira presoen bihotzean,
Erregu oihuak ekartzen baidizkidazu ene amarengandik,
     Aldendu behar dudan harengandik.
Bere negarminak aditzen ditut,
     Bere tristurak zirraratu egiten nau,
Eta gartzelako zeldaren iluntasunean
     Malko batek berotu dizkit begiak.
 
Ai! haize xistukaria, zergatik negarrez ari
     Edonora joateko libre zarelarik.
Ai! ez da izango bihotza daukazula apurturik
     Eta pusketak urruti urruti barreiaturik.
Edo jasaten dituzula askatasunik gabe
     Jaiotakoen karraxiak,
Zure norabideak bezala kontrolik ez daukatenak,
     Patu soberanorik gabekoak.
 
Ai! haize bakartia, bekatoren arima ehiztatzekotan
     Gaua erabiltzen duena.
Erruki zaitez nitaz, mutil mixerable honetaz,
     Zahartzarora sekula helduko ez dena.
Erruki zaitez oinazetan daudenetaz,
     Gatibua eta esklabua,
Eta Jainkoaren hatsa eztiro zabaldu,
     Ene hilobi umilaren gainean.
 
Ai! Martxo hotzaren haizea, iluntasuna trenkatzen duena,
     Tonu zaharretan egiten duzu oihu,
Jainkoaren aurrera eraman dituzun lagunen arimengatik,
     Nahiz haien arrengurak oraindik jasan.
Ai! haize negartia, gau bakarti honetan
     Ene amaren bihotza minduta dago.
Ai! den guziaren Jainkoa, putz egizu askatasunaren arnasa
     Amak ez dezan gehiago negarrik egin.
 
 
 
Kamaradak iluntasunean
 
Urrezko eguzki distiratsua heldu zen,
     Ilundutako zeruetan zehar,
Gatibua ametsetatik iratzarriz,
     Bere begien gainera jeistean.
Askatasunaren bidea zuen argitu,
     Larratxori kantariari agindu,
Kimu negarti bat eraman zezan,
     Ilunpeko loreengana.
 
Haik loratu ziren bide zidor eta herrietatik,
     Askatasunaren usain lurrintsuaz,
Bihotza emanik lagun nekatuari,
     Egun ilunen joan etorrian.
Indartsu eta eder hazi ziren haik,
     Fortuna hotza eta gogorraren artean,
Heuren sailetako lorerik ederrenak,
     Iluntasunaren arrosak.
 
Guda haizea gogor zetorren xahuketan,
     Loreak ez zuen negarrik egin,
Ai! nola hausten duen askatasun zalearen bihotza,
     Lehen arrosa hiltzen ikusteak.
Soldadu batzuek deserrotu dute baratzeko alaitasuna,
     Erre aztarna bat utziaz
Orain iluntasunean kateaturik dagoen
     Zilar petalodun lorearen baitan.
 
Lore horik negarrez ari dira zelda heze hotzetan,
     Ilunbea argitzeko eguzkirik ez,
Torturaren mesprezio zitalena pairatzen,
     Sasoi onenean zimel daitezen.
Baina ez dira inoiz errendituko lore maitagarri hauk,
     Askatasunaren seinalea aditzen dute,
Behartsua gidatzeko argia dira
     Lore horik iluntasunean.
 
Ez dit ardura gu askatasun zaleak hiltzeak,
     Ikus dezagun baratzeko lorea,
Eta txilinbelar ixilak burua jasotzen,
     Indar guziaz altxatzeko.
Malko bat ari naiz eusten, bihotzean minetan erditua,
     Arc-eko Joana bat inoiz izan bada,
Ziega ilunean dagoen
     Benedikaturiko lore horietako bakoitza izango da.
 
 
Haro modernoak
 
Haro modernoetan bizi omen gara
Mila bederatzirehun eta hainbestegarren
     urte zibilizatuan
Baina ingurura begiratuez gero
Tortura eta hipokresia aurkitzen dut
 
Haro moderno hauetan hil egiten dira haurrak,
Gosez hiltzen dira, zergatia ez du
     inork galdetzen,
Eta izuturik, biluzik, korrika doaz neskatilak
Beren oheak gauez bonbardeatu dituztelako.
 
Diktadore lodiak beren tronoetan eseri dira
Gazte askok gurasoen hezurrak
     ehorzten dituen artean,
Eta ilunbetako polizia sekretuek norbait
Elektrokutatuko dute, populua esnatu orduko.
 
Burokratek, espekuladoreek eta lehendakariek
Beren masailetan irribarreak
     eskegitzen artean
Preso bakartiak bere hobiaren sakonetik oihukatuko
Eta andereren batek
     geroko gizagaisoa erdituko du nonbait.




IRLANDAR
  ERREPUBLIKA
 SOZIALISTAREN
 ALDEKO BORROKA
AURRERA DOA!!!

HAN ERE,
PEACE PROCESS USTEL BAT
ANTOLATU ZUEN INPERIALISMOAK,
BAINAN IRLANDAR IRAULTZAILEEK
JAKIN DUTE  HORRI AURRE EGITEN,
ETA BORROKA BERRANTOLATZEN.

BESARKADA BERO BANA
EUSKAL HERRITIK,
BURKIDEOK,

TIOCFAIDH ÁR LÁ!!! 

NUIR A THIGEANN AR

AITHÍOCFAIDH IAD GO MOR!!!

     

2012/08/13

Bobby Sands Biografia (4)


Nuair a thigeann ar lá :  Gure eguna etorririk

Bobby Sandsen biografia (4)

   

1969ko abuztuan, okupatutako eta kolonizatutako Sei Konderrietako egoerak nabarmen jo zuen okerrerat. Derryn, errepublikar zaharrek defentsa komite bat antolatu zuten, kolono britainiar loialisten martxek eragiten zituztèn erasoe sektario eta arrazistetatik babesteko. Bogside auzo irlandarreko sarreretan barrikadak paratu zituzten, eta manifestari unionistek xentimoak bota zizikietenean, irlandarrek harrika erantzun zuten. RUC polizia sektarioa auzoan indarrez sartzen saiatu zelarik molotov koktelak agertu ziren borrokaren dantzarat, txakur britainiarrek gasak jaurtikitzen zituzten bitartean.


 Bi eguneko bataila ikaragarria galdu ondoren, Britainia Handiko gobernu inperialistak Armada bidali zuen. 1950az geroztik, IRAk “mugetako kanpaina” amaitu zuenetik, ez zen Armada Inperiala Sei Konderrietako karriketan agerian agertzen.


Bobbyk telebistan ikusi zuen Derriko Bogsideko bataila, eta bere kontzientzia irlandarra betikotz esnatu zen. Bere erabakia hartua zuen, orduantxe, 15 urte bete berriak.

 

Belfasten ere liskarrak lehertu ziren: RUC polizia biziki gorrotatuak ptruilak egiten zituen Lower Falls auzo irlandarrean auto blindatuetan, 30 kalibreko metrailadoreekin. Gerra. Loialista-unionista britainiarrek eta “B-Specials” paramiltar fanatikoek irlandarren etxeak erasotzen zituzten. Irlandarrek beren buruan ahal bezala defendatzen zituzten ... 


Liskarrak amaitu zirelarik, Patrick Rooney, 9 urteko haurra, ohean zetzan zerraldo, tiro batek burua lehertuta eta bere burmuin ttipiaren zatiak paretan irristatzen. Gizon bat bere etxeko salan hil zuen RUC polizia kolonialak, eta bertze bat kalean gora zihoala, oinez. Hiru hildakoez gain, hamar zauritu larri izan ziren, zortzi RUC poliziaren balez. Den-denak irlandarrak ziren.


Irlandar katoliko eta kontserbadore askok begi onez ikusi zuen Armada Britainiarraren iristea, babesa ematera zetorrelakoan. Laster ohartu ziren ez zela hola, inondik inora. Ehunka etxe irlandar erre zituzten britainiar protestante fanatiko eta sektarioek, zinezko “progrom” eromenezko batean.

Bobbyren bizitza betikotz aldatu zuten gertaera lazgarri hauek. Bobbyrena eta milaka eta milaka gazte irlandarrena ere bai. Gazteak IRArekin haserre bizian ziren, erakunde armatuari auzo eta eskualde irlandarrak defenditzea ezinezko izan zitzaiolakotz. IRA, “I ran away”, “Lasterka eskapatu nintzen”, erraten zuten. Eguberrietan, militante talde batek “Behin behineko IRA” sortu zuen, PIRA (Provisional IRA) eta “Behin behineko Sinn Féin”, Provisional SinnFéin”. Hau da, IRA zatitu zen goiti beheiti, eta bertze zatiak OIRA, “Official IRA”, eta “Official Sinn Féin” bezala ezagun egin ziren. 
 


Gazte irlandarrendako, ez bakarrik identitate katolikoa zutèn gazteendako, zeren eta bazen eta bada, oraindik ere, gutxiengo protestante irlandar eta abertzalea Sei Konderrietan, PIRA, Behin behineko IRA zen zinezko erakunde armatu iraultzailea, Herri Irlandarra defenditzen zuena. Eta masiboki sartu ziren militatzera, trumilka.


Sei konderrietako sozietatea goitik behera urratu zen irizpide sektarioen bidez. Gazte britaniar-protestanteendako, gazte irlandarrak etsaiak ziren, zalantza izpirik gabe. Rathcooleko bizitza sakonki aldatu zen: gazte irlandarrak ezin ziren joan Gazte Klubeko dantzaldietara, ezta Alpha zinemetara ere. Dantza areto bakarra gelditu zitzaien, “Star of the Sea” irlandarra, eta batzuetan, dantzaldi eta eskolarako bidean harriak eta botilak jaurtikitzen zizkieten.

Honela hondoratu zen “Stella Maris” futbol taldea. 1969ko udazkenean, hiru protestante bakarrik agertu ziren entrenamenduetara. Britainiarrak ziren, bai, baina futbola ere maite zuten eta ez zituzten irlandarrak itsuki gorrotatzen. Ohorezko salbuespena izan ziren. Gainontzeko guztiak futbol taldea utzi zuten “katolikoa” (sic!!!) zelakotz. Horein artean Bobby Sandsen laguna izan zèn Terry Nicholl, urte batzuk geroago UVF talde loialistako partaide izanen zena.


Rathcoole auzoan gazte britainiar-protestante fanatikoen bandak sortu ziren, irlandarrak etengabe jazartzen zituztenak. Stella Maris futbol taldea desegin zen, arriskutsua baitzen entrenamenduak egiteko eskola irlandar horretara joatea. Ekipoko lagunak “Sar of the Sea” kluberat joan ziren, Rathcoole auzotik kanpo zegoelakotz.Bobbyk betidanik izanak zituen lagun protestanteak, bera familia mixto eta lasai batean hazi eta hezi zen, eta bat-batean bere lagun guztiak irlandar-katolikoak ziren. 

Rathcoolen gauzak gero eta okerrago zihoazen, zeren 1970ean gazte sektario horien  “gang” guztiak, berrehun lagun inguru, “KAI” hasi ziren deitzen, hau da “Kill all Irish” (Irlandar guztiak hil).


Bobby ez zen eroso sentitzen bere auzoan. 1969an bigarren hezkuntza bukatu zuen eta 15 urterekin Newtownabbey Technical College ikastetxean onartu zuten. 1970eko martxoan lanean hasi zen, Belfast iparraldeko Alexander’s Coach Works fabrikan ikastun. Lehendabiziko soldata, gaztaroaren libertatea ... Neskak, dantzaldiak, parrandak, tailerrean irabazitako sosarekin Bobby ongi moldatzen zen: dotore jantzi, “jeans” eta modako alkandora ongi lisatuak, ile luzexkak ... bere koadrilak izen bat hartu zuen: “The Muckerboys”. 


Behin RUC poliziak, nahita, Bobbyk normalean ibiltzen zuèn bide segurua debekatu zioten, aitzakia merke batekin, jakina. Helburua, “KAI” talde batengana bideratzea zen. Erasoa oso bortitza izan zen eta Bobbyk labankada bat hartu zuen. Bere arropa odoleztatua arrebei eman zien, amak deus ere jakin ez zezan, eta bere zauriak ezkutatu zizkion. “Star of the Sea” dantzalekuko saioak beti amaitzen ziren gazte irlandar eta britainiarren arteko ikaragarrizko liskarretan. Eta lantegian ere gauzak ez zihoazen hobeki: mehatxuak, erasoak, irainak, mesprezuak ... Fanatismo kolonialaren nazkagarrikeria guztien bilduma. Bobbyk bi urtez jasan zuen egoera ikaragarri hau, heriotza-mehatxuak eta guzti, azkenean modu umiliagarrian kaleratua izateko. Hura izan zen bizitza osoan ukan zuèn lanpostu bakarra.


Honen guztiaren aitzinean, Rosaleen Sands-Kellyk, bere semea bortizkeria sektariotik babestu nahian, Bobby hartu eta Ballyhackamore Credit Union banketxearen gainean zegoèn apartamendu batera eraman zuen. Elkarrekin biziko ziren han, auzo lasai batean, eguneroko umilazio eta biolentziatik urrun. Bobbyk bere pasioa garatu ahal izan zuen: Willowfield Temperance Harriers ekipoan sartu zen, cross country praktikatzen zuèn kirol taldean. Instituzio ezinago protestantea bazen ere (igandeetako entrenamenduak , ez zuten kontuan hartzen norberaren identitate nazional-erlijiosoa, baizik eta kirolerako zaletasuna. Bobby zoriontsu izan zen han, inork ez baitzion galdetzen ea katolikoa ala protestantea zen. Lasterkari ona zen, lehendabiziko hogeien artean izaten zen, partaideak normalean 80-100 inguru izanik, eta giro polita zuten kirolarien artean.


Zorion hauskor hau mila puskatan lehertu zen 1971ko abuztuan. Armada Britainiarrak 8 zibil irlandar armagabeak behin eta berriz hil zituen, 5 lagun 1970eko uztailean bakarrik. 1971ko otsailean IRAk erantzun zuen, soldadu britainiar bat exekutatuz. Honek dena zapartarazi zuen: boztizkeria sektarioa, Armada Britainiar eta RUCen biolentzia, IRAren erantzun armatua, Herri Langile Irlandarraren autodefentsa espontaneoa ... Auzo mixtoak bat-batean desagertu ziren, milaka eta milaka familia etxez aldaraziz. Martxotik abuztura IRAk egunero bi lehergailu jartzen zituen, eta uztaileko egun bakar batean, hogei. Armada Britainiarrak 3 zibil irlandar asasinatu zituen, eta IRAko militante bat hil. IRAk indartsu erantzun zuen: 4 soldadu britainiar exekutaturik, 29 zauriturik ...


Orduan, 1971ko abuztuaren 9an, Armada Britainiarrak eta RUC polizia kolonialak sarekada erraldoia egin zuten: ehunka etxe miatu eta 450 pertsona atxilotuta, inolako azalpenik gabe: “internamendua”. IRAko arduradun gehienek ihes egin zuten eta sasian sartu ziren. Herri Langile Irlandarra sumindurik eta garrazturik zegoen. IRAk abuztuan 100 lehergailu baino gehiago jarri zituen, eta hurrengo lau hilabeteetan 30 soldadu britainiar exekutatu zituen, eta 11 polizia. Herriaren gerra abiatua zen, kolonialismoaren aurka. 


Bobby Sandsen lehengusu batzuk internatuak izan ziren. Abuztuaren 11an, IRAko militante armatuek aitaren lantokia, Inglis okindegia, okupatu zuten, eta zebait orduz aurre egin zieten 300 soldaduri. Armadak handik pasatzen zèn zibil irlandar errugabe bat asasinatu zuen, eta gero hedabide kolonialistek lau haizetara zabaldu zuten pertsona hura frankotiratzaile bat zela. Bobbyk eta bere amak Ballyhackamore auzoa utzi zuten, eta Rathcoolerat itzuli ziren.


Honek Bobby egoera limite batera eraman zuen. IRAn sartzea erabaki zuen.     

 



2012/08/12

Bobby Sandsen biografia (3)


Nuair a thigeann ar lá :  Gure eguna etorririk

Bobby Sandsen biografia (3)


1950 urteetan, Inperio Britainiarrak  kolonizatu eta okupatutako Sei Konderrietako Gobernu sektarioak langileentzako auzoak eraiki zituen. Lehendabizikoa Rath Cúil zen, Irlanderaz, “Harrespil bakartia”. Jakina, jatorrizko toponimo irlandarra ez zen inon agertzen, ez zen existitzen, noski, auzoaren izen ofiziala Ingelesezko Rathcoole baitzen. 1961, Rath Cúil auzo langileak 14.000 biztanle inguru zituen. Horietariko herena-edo, irlandar-katolikoak ziren, inguruetako lantegietako beharginak.


Bobbyk inguru berde eta zabala zuen etxe aurrean: Carnmoney Hill. Auzoko haurrak biltzen ziren, munduko bertze edozein tokitan  bezala, elkarrekin txabolak eta abenturak egiteko. Koadrilak sortzen ziren, lagun taldeak, liskarrak eta borrokak ...

Bobby saltsa guztietan ageri zen orduan, eta liskarretan ez zen uzkur eta gibelean gelditzen zèn horietarikoa. Bere arrebak etengabe babesten zituen handiagoak eta zakarragoak zirèn bertze haurrengandik. 


Bobby Stella Maris izeneko eskola katoliko mistora joaten zen, etxetik hurbil. bere ikaskide batek dio Bobby bizkor eta buru argia zela, bainan alferra. Nahiago izaten zuen kirol jarduerak antolatu, futbola, bereziki, etxeko lanak egin baino.
 

Bobbyren futbol taldea mistoa zen orduan, irlandar-katolikoak eta britainiar-protestanteak elkarrekin aritzen ziren, norberaren identitate etno-nazional-erlijiosoa kontuan hartu gabe: Terry Nicoll mormoia zen, Willie Caldwell eta George Hussey presbiteriarrak ... Futbola gustuko bazenuen, bortz axola zure etiketa konfesionala! Horretan Stella Maris eskola salbuespen eredugarria zen okupatutako Sei Konderrietan. Bobbyren lagun mina Tommy O’Neill zen. Taldekideek diote Bobby oso entusiasta zela afera guztietan.

Bobbyk igeriketa ere maite zuen, eta lasterka egitea, “cross-country”, alegia. Domina batzuk irabazi zituen kiron horretan. 


Bobby nerabezaroan sartu zen:  Alpha zinemara joaten hasi zen, baita elizako aretoan, Star of the Sea eta St Etna Hall dantzalekuetan antolatzen zirèn dantzaldietara ere. Giroa mistoa zen orduan, eta Bobby gazte alai eta axolagabea zen, adiskidetasuna eta koadrila-bizitza biziki maite zuena.


Alta, gauzak aldatzen hasia ziren 1966an. Rathcoole bolborategi bat zen. Langile britainiar-protestanteak beldur ziren, untzigintzan lana eskasten hasia baitzen. Jarrera eta jokaera sektarioetara jo zuten langile hauek: beren estatus kolonialak ematen zizkièn abantaila eta pribilegioei atxiki ziren gogor, gainontzeko langile irlandar-katolikoak baztertuz eta zapalduz. Inperio Britainiarraren morroi eta konplize bilakatu ziren gero eta gehiago, fanatismo zein sektarismo itsuenean jausiz eta amilduz.

 

Orduan okupatutako Sei Konderrietako lehen ministroa britainiar-unionista liberal bat zen, abizen irlandarra zuena: Terence O’Neill. Keinu eskuzabal eta sinboliko ñimiño batzuk egin zituen, sektarismoa leuntze aldera: eskola katoliko bat bisitatu, Taoiseach (gainontzeko 26 Konderrietako Errepublikako lehendakaria) Belfastera gonbidatu. Kolono unionista eta loialistendako, ezin onartuzko probokazioak ziren. Irlandarrendako, aldiz, esperantza-iturria: agian bazterkeria eta diskriminazioa bukatuko ziren!


1966 urte berezia izan zen okupatutako Sei Konderrietan: I. Mundu Gerran ian zèn sarraskirik handienetakoaren 60. urteurrena “ospatzen” zen: Sommeko bataila, non milaka eta milaka irlandar, katoliko zein protestante, hil ziren Inperio Britainiarraren aldeko odoluste kriminal eta absurdoan. Kolono britainiar-protestanteendako, bataila oroitzea beren nortasunaren oinarria zen, eta aldi berean irlandar-katoliko guztien traizioa gogoratzeko parada. Guztiz gezurra bazen ere (milaka eta milaka irlandar aritu ziren Armada Britainiarrean I. Mundu Gerran, orduan 32 konderriak, Irlanda osoa, alegia, kolonizatua eta okupatua baitzen.

 

Kontua da 1966an ere oroitzen zela 1916ko Bazko insurrekzio independentistaren 50. urteurrena, Irlandako Errepublika aldarrikatu zuena. Bi oroimenek talka egiten zuten aurrez aurre, frontalki: Irlanda batuaren askatasuna eta independentzia versus Inperio Britainiarraren loria zaharkitu, aristokratiko eta klasistak. 

   File:Nelsons Pillar Dublin2.jpg

Orduantxe IRAk ekintza espektakularra egin zuen: Dublinen erdian “betidanik”, erraldoi, arranditsu, jaun eta jabe, begi-goi eta harro ageri zèn Nelson almirante britainiar inperialistaren estatua ikaragarria eraitsi zuten militante irlandar errepublikarrek. Inperioaren sinbologiaren bihotza lehertu zuten bonbaz. 

Rathcoolen indarra hartu zuen Ian Paisley izeneko artzain protestante fanatiko eta sektarioa: bere elizatxo propioaren burua zen, protestante presbiteriar “libreak”. Bere diskurtso eta mintzaldi arrazisten gibeletik “Ulster Volunteer Force”, UVF-ko paramilitar sektarioek terrore kanpaina bat abiatu zuten irlandar-katolikoen aurka. Beren paranoia hiltzailean, 1966ko maiatzaren 7an, emazte edadetu protestante bat hil zuten katolikoa zelakoan. Etxe, denda eta eskola irlandarren aurkako erasoak ugaritu ziren. Maiatzaren 27an, terrorista kolonialista hauek Lower Falls auzo irlandarrera jo eta bidean aurkitu zutèn lehendabiziko pertsona asasinatu zuten hotz-hotzean. Ekainean, taberna batean, UVF-ko hiltzaileek irlandar bat hil zuten, “katoliko zikina” zelakotz. 

 

Bobbyk 12 urteko gaztetxo bat bertzerik ez zen orduan, baina berehala nabari zuen bere inguruan sektarismo eta fanatismo kolonialaren gorakada: Stella Maris futbol taldeko bere lagun eta adiskide britainiar-protestanteak berarengandik urruntzen hasi ziren. Bobbyk ezin zuen ulertu zergatik egiten zuten hori, zer ofentsa egina zuen berak horrela tratatua izateko. Gaztetxo idealista eta bihotz handikoa zen, lagunen lagun eta adiskideen adiskide. Oso oroitzapen lausoa zuen bere amak Abbot Crossen pairatu zuèn kalbarioaz. Atzendua zuen hura. Baina fanatismo kolonialaren munstroak bere atzaparrak iltzatuak zituen jadanik bere bizitzan.

Rathcoole auzo gogorra zen irlandarrendako, talde eta banda arrazista bortitzak sortu baitziren gazte britainiar-protestanteen artean. Problema orokorra zen Sei Konderrietan. Sozietatea bi puskatan zatitzen ari zen, Botere kolonial britainiarra kuestionatzen hasi zenean.

Bobbyren bizitza 1968an hasi zen aldatzen, 14 urte zituela, telebistan eskubide zibilen aldeko militanteen aurka poliziak eta paramilitarrek egindako eraso basatiak ikusi zituenean. 1969ko urtarrilean Belfasteko Queen’s Universityko ikasleek eskubide zibilen aldeko ibilaldia antolatu zuten, hiri horretatik Derryraino. Jazarriak eta erasotuak izan ziren etengabe, eta bereziki Burntollet Bridge-n. “Nire sinpatia eta sentimenduak esnatu ziren Burntollet-eko eszenak ikusi ondoren. Hura nire gogoan iltzatu zen zauri baten orbain bat bezala, eta lehendabiziko aldiz, benetan interesatu naiz, ea zer gertatzen ari zen. Gizon sumindu bilakatu nintzen” idatzi zuen Bobbyk urte batzuk geroago.

   
 

1969ko apirilean, Derry-ko Bogside auzoan, eskubide zibilen aldeko manifestazio bat debekatu ondoren piztu ziren kale-liskarretan, Royal Ulster Constabulary RUC izeneko polizia kolonialak hil arte jipoitu zuen irlandar bat bere etxean bertan. 


Abuztuan, horda britainiar-protestante batek Unity Flats auzo katolikoa erasotu zuelarik, irlandarrek aurre egin zioten erasotzaileei. Orduan RUC poliziak parte hartu zuen, auzoa birrinduz, jendea larriki zaurituz eta bertze irlandar bat hil arte jipoituz. Osotara, hiru hildako izan ziren hasierako liskar hauetan, eta hirurak irlandarrak. Denak buruan poliziak emandako kolpeengatik hil ziren.

  

Bobbyk 15 urte zituen, eta bere erabakia hartua zuen jada.