LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

Mundu arabiar-musulmana etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Mundu arabiar-musulmana etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2013/05/17

PALESTINA BIHOTZEAN!

 
"PALESTINAKO
 HERRI LANGILEARI
 LAGUNTZEKO BIDERIK HOBERENA,
EUSKAL IRAULTZA SOZIALISTA
 EGITEA DA..."


 

EUSKAL HERRIA-PALESTINA :

BORROKA DA BIDE BAKARRA!!!

IRAULTZA DA IRTENBIDE BAKARRA!!! 

http://www.askapena.org/sites/all/themes/Askapena/cabecera.png
PALESTINAREN ALDE,
ELKARTASUNA ETA BOIKOTA!!! 


  
Palestinarekin elkartasunez hamaika ekimen izan dira gurean: hitzaldiak, erakusketak, bideo emanaldiak, muralen margoketa eta asteari amaiera emateko gaur Elizondon Euskal Herria-Palestina eguna ospatuko dugu!
 
Euskal Herria Palestina Eguna hirugarreneko aldiz ospatzeko aukera izango dugu maiatzaren 18an Elizondon, eta festa eguna izanda ere, aldarrikapenak leku nabarmena izango du Baztanen hilabete osoan zehar.

Euskal Herria Palestina Sarek gogora ekarri du "Israel"-ek, hots, Estatu Kolonial Sionistak,  nazioarteko legedia «urratzen» segitzen duela. Palestinak pairatzen duen okupazioaren aurka, Nazio Batuek 242 ebazpenean gaitzetsi zutena, Palestinako talde ugarik nazioarteko legedia urratzen duen artean "Israel"-i, hots, Estatu Kolonial Sionistari,  boikota egiteko nazioarteko deialdia egin zuten 2005ean. "Israel"-i, hots, Estatu Kolonial Sionistari, presio egiteko helburuarekin, BDS kanpaina abiatu zuten (Boikota, Desinbertsioa, Isunak), Palestinako Herriaren aurka ezartzen den apartheid sistemaren aurka eta Hego Afrikan izandako ereduari jarraituz.

"Israel"-i, hots, Estatu Kolonial Sionistari, boikota egiteko nazioarteko kanpaina horren lekukoa Euskal Herrian ere hartu dute talde ugarik, eta horren azkeneko gauzatzea izan da Euskal Herria Palestina Sarea. Bertan parte hartzen dute eremu askotako taldeek (internazionalistek, alderdi politikoek, sindikatuek, udalek, gazte erakundeek eta gobernuz kanpoko erakundeek, besteak beste). Giza eskubideak eta nazioarteko legedia errespetatzen ez duen bitartean, "Israel", hots, Estatu Kolonial Sionista ez da estatu demokratikoa izango. Horren aurka, eta Europako eta munduko Herrialde askotan bezala, Euskal Herria Palestina Sarea BDS kanpaina eramaten ari da aurrera.

Zentzu honetan, Palestina EH sarearen oinarrizko aldarriak bere biziko garrantzia du, Palestinarren hondamendia hasi zela 65 urte beteko diren honetan. Izan ere, palestinarekin elkarlana eta elkartasuna bultzatu behar dira aparheid politikari bizkar emanez, eta modu berean, Israelgo Estatu Sionistarekin, harremanak eteteko konpromezua berretsi nahi genuke, BDZ nazioarteko kanpainari jarraipena emanez. Eta bide batez, gainerako elkarte, eragile, udalerri eta norbanakoak ere bide honetan pausu irmoak eman eta BDZ deialdiarekin konpromoezua har dezazuen eskatu nahi dizuegu.

Eskubide hauek errespetatzen ez diren bitartean, Estatu Sionistaren edozein adierazpenen aurka protesta egingo dugu. Azkeneko urteotan Israeli boikota egiteko adierazpenak asko izan dira. Tel Aviveko Maccabi saskibaloi taldeak Gasteizen jokatu izan duenean edota Noak eta Mayumanak emanaldiak eskaini dituztenean, Palestinako herriaren ahotsa entzun da. Baita Hondarribian (Gipuzkoa) Israelgo sukaldaritzari buruz antolatuta zeuden jardunaldi batzuk bertan behera uztea lortu zuten herri palestinarraren aldeko ekintzaileek.

Ilan Pappe irakasleak 

Palestinarren garbiketa etnikoari buruzko 

hitzaldia eman du Gasteizen

 

 Euskal Herria-Palestina Sareak

 Ilan Pappe irakaslearen hitzaldia antolatu zuen

maiatzaren 14an 19.30ean

 Gasteizko Aldabe gizarte-etxean.

Pappe ‘Garbiketa etnikoa Palestinan’ liburuaren egilea, Haifan jaio zen, egungo Israeleko kostaldean, eta hango unibertsitatean Historia Katedraduna izan zen, harik eta 2006an, liburua argitaratutakoan, bere iritzien eta lanaren ondorioz, erbestera bultzatu zuten heriotza mehatxuak jaso zituen arte.


Egun Ingalaterrako Exeter Unibertsitatean ari da irakasle lanetan. Bere idazlan ugarietan Israelgo historia ofizialaren irakurketa kritikoa egiten du, zurruntasun historikoaren ikuspuntutik, eta akademikoaz gain, ekintzailetzat du bere burua. Gaur egun Israelgo Apartheid erregimenaren aurkako mugimenduaren erreferente nagusietakoa da mundu mailan.

 

 

EH Palestina Eguna girotzen hasteko

 ekitaldiak antolatu dituzte

 Lesaka, Bera, Elizondo,

 Doneztebe eta Iruritan

https://lh4.googleusercontent.com/-2kZ1GQsOMGc/UWvuRmlCZ9I/AAAAAAAAFNA/oXM3y7xjOTI/s512/BAZTANpalestinaldia_web.jpg


Apirilak 18, ostegunarekin, "5 cámaras rotas" pelikula ikusgai izanen da Berako Kultur etxean 20:00etan "Palestinaldia" zine-dokumentalaren barruan.
 
«Palestinarrei elkartasuna adierazteko, Israelek Nazioarteko Legedia bete eta Giza Eskubideak Errespetatu ditzan» Euskal Herria Palestina Eguna ospatuko da maiatzaren 18an Elizondon.

Horren harira, gaiarekin lotutako erakusketak eta pelikulak izan dira ikusgai  Lesaka, Bera, Elizondo, Doneztebe eta Iruritan.

Apirilaren 12tik 21era, Palestinar marrazkilarien irudiak ikusgai egon dira Lesakan. Bera eta Elizondon berriz, Gazako haurren marrazkiekin erakusketa paratu dute, Beran apirilaren 22tik 29ra arte eta Elizondon maiatzaren 1etik-17ra. Gaiarekin lotutako Unitate Didaktikoa ere eskaini dute. Lesakan apirilaren 22tik 28ra eta Iruritan maiatzaren 1etik 12ra.

Erakusketez gain, palestinar zine dokumental zikloa abian da. Dagoeneko Lesaka eta Elizondon, egin dituzte saioak eta orain Bera eta Doneztebekoen txanda da. "5 camaras rotas" pelikula ikusgai izan da apirilaren 18an Berako kultur etxean eta apirilaren 25ean Doneztebeko erakusketa gelan, 20:00etan.

 

 

 

 

Al-Nakbaren harira

 ekimen bisuala egin du

 Lizarraldeko Askapenak

Gaztetxean aste eta erdiz egon den erakusketa herriko foruen enparantzara jeitsi da. Bertan, larunbatean Elizondora juateko deia egiteaz aparte Israeli Boikot dinamikaren inguruko eskuorri informatiboak banatu dira.    

Ona izan da jendearen harrera, eta bertara, Lizarrako herritar ezberdinak, jatorri anitzekoak bildu gara, internazionalismoa praktikara eramanaz eta elkartasun harremanak indartuz.

Lizarraldeko Askapena
 

Errefuxiatu palestinarren lekukotasuna

 Urretxu-Zumarragako gaztetxean

Maiatzak 16 ostegunean Adel Mohamad Abou Salem izan dugu

 Urretxu-Zumarragako gaztetxean

 Euskal Herria Palestina Sarea-ren eskutik.

Hitzaldia arratsaldeko seietatik aurrera izan da, aditu baten testigantza zuzena jasotzeko aukera galduezina.
Adel Mohamad Abou Salem, Líbanon jaio zen 1970 urtean, Saida izeneko hiri ondoan dagoen Ein El-Hilweh errefuxatu eremuan (es.wikipedia.org/wiki/Ain_al-Hilweh). Bere gurasoak berriz, Mohamed eta Amine, Palestina iparraldean jaio ziren, Nazaret ondoan dagoen Safourieh izeneko herrixka batean (1948tik okupatua).

Kuban ikasi zuen Injeniaritza Mekanikoa, herrialde honek aberri lagunei eskeitzen dizkien beka unibertsitarioei esker.


Nuwat Elkartasun Zentroko zuzendaria da, Jendarte Garapenerako Agentziako Administrazio Kontseiluko kidea eta Palestinar Injeniarien Elkarteko lehendakariordea.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Euskal Herria-Palestina Sareak antolaturiko hitzaldi eta aste osoko ekimenen baitan burutu da Urretxu- Zumarragako gaztetxean Adel Abou Salem palestinar errefuxiatuaren hitzaldia.

Adel, errefuxiatu palestinarren bizimoduaz aritu da 30 lagun baino gehiago aurrean zituela. Egun, milioi erdi palestinar errefuxiatutik gora bizi dira Libanon, izan ere, Siriako gatazka eta Inperialismoaren parte hartzea hasi zenetik asko gaiztotu da bertako palestinarren egoera, ondorioz 70 mila palestinar errefuxiatu baino gehiago heldu dira Libanora azken bi urtetan bertatik.




































Bertako errefuxiatu guneetako egoera oso da gogorra. Izan ere, Nakba egunetik 1948tik milaka palestinarrek alde egin behar izan zuten bere etxeetatik, inguruetako herrialde arabiarretan hartu zuten babes. Haietariko askok errefuxiatu izendapena jaso bazuten ere, okupazio sionistaren jarraipen eta zabalpenaren ondorioz ehunka mila dira nortasun agiririk ere ez dutenak.  Libanoko errefuxiatu palestinarren egoera da guztietan gogorrena, hainbat traba baitituzte egunerokotasunean bizitzari aurre egiteko; ezinezkoa zaie 72 langintzetan aritzea, ezin dute etxe bat bere izenean izan, probezia tasak biztanleriaren 2/3ak gainditzen ditu, osasunean edo hezkuntza arlotan  zailtasun handiak dituzte normaltasunez bizi ahal izateko... 

Libanon egun dauden 12 errefuxiatu kanpalekutan, egoera antzekoa bada ere, Adelek bera bizi den guneko egoeraren berri eman du batez ere gaurko hitzaldian, hain zuzen EL-Hiwed en jaio eta bizi da egun. Garrantzitsua da oso errefuxiatuen auzia konpontzea, eta konpontzeak euren sorlekuetara, euren etxeetara itzultzea esan nahi du, derrigorrez, 6 hamarkada baino gehiago pasa arren deserrian. Zentzu honetan, nazioarteako gobernuen konplizitatea tarteko, "Israel"-go Estatu Kolonial Sionistaren mesedetan, haren aurkako presioa eta Boikot Desinbertsio eta Zigor ekimenean sakontzeko eskaera luzatu  digu bertaratuoi. Ondoren Arrasateko zenbait lagunekin batera afari ostean, errefuxiatuen gaia izan zuen berriz ere hizpide.
Errefuxiatu palestinarrak etxera itzultzeko eskubidea ez delako negoziatzen:

Errefuxiatu Palestinarrak etxera!
Gora Palestina Askatuta!
 

Porrotx pailazoak

 Euskal Herria eta Palestinaren arteko

 elkartasun zubiak eraiki ditu Iruritan

Porrotx pailazoak ume palestinarrak gogoan izan ditu behin baino gehiagotan, eta bere ikuskizunetan umore eta sentimenduak baliatzen ditu Euskal Herria eta Palestinaren arteko elkartasun zubiak eraikitzeko.

Joan den asteartean Iruritan eskeini zuen ikuskizunean 100 lagun inguru bildu ziren, Porrotx Palestinan, Euskal Herrian bezalaxe, ortzadarraren kolore guztiak badituztela ikusteko: zeruaren urdina, naturaren berdea, eguzkiaren horia (egunero zeruan agertzen zaigun patata tortillarena), bihotzaren gorria, emakumeen morea, kalabaza eta azenarioen laranja.

Palestinako eta Euskal Herriko banderek kolore berak ere badituztela, eta egun batean biek ala biek libre hegan eginen dutela erran zuen Porrotxek, akaberan jende guziarekin batean "Maite zaitut" kanta ezaguna abestu eta dantzatuz, hontakoan arabieraz emana.

Marrubizko eta txokolatezko muxuak eta familia argazkia  egiteko aukera izan zuten giro alai batean.


Hondamendia eguna herri Palestinarrarentzat


Maiatzaren 15ean, palestinarren Nakba berriz ere ekarri dugu gogora haren 65. urtemugan. Nakba arabierazko hitzak "hondamendia" esan nahi du eta palestinarren exodoa izendatzeko erabiltzen da. 
 
Palestinarren Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Erakundearen (UNRWA) arabera, "1946ko ekaina eta 1948ko maiatza bitartean ohiko bizilekua Palestinan zuten eta 1948ko Gerraren ondorioz etxeak eta bizibideak galdu zituzten pertsonak" dira. Haien ondorengoak aintzat hartuz gero, gaur egun sei milioi lagun inguru dira.


Egun honetan, eskubideen urraketa jarraia jasaten duten Herrialdeekin eta batez ere Palestinarekin gure elkartasuna adierazi nahi dugu, astean zehar abian jarriko ditugun ekitaldi eta ekimen ezberdinetan isladatu dena.


Giza eskubideen etengabeko urraketak, blokeoak, harresiak, apartheid sistemak eta errepresioak ez dute palestinarren zapalkuntza lortu. Egun, herri palestinarren 64ko urteko borroka goraipatu nahi dugu.





2013/05/09

BOBBY SANDS, MOHAMED EL BURHIMI : IRLANDAN ETA SAHARAN, ASKATASUNA ALA HIL!!!


 


HERRIAK EZ DU BARKATUKO!!!

SUNTSI DEZAGUN
MAROKOKO MONARKIA
INPERIALISTA USTELA!!!
 

GORA SAHARAKO ERREPUBLIKA ARABIARRA!!! 


Berria.info


Preso saharar bat hil da

Marokoko espetxe batean

gose greban zela

Hamar urteko espetxe zigorra ari zen betetzen eta apirilaren 30ean hasi zuen greba.
Berria.info   2013-05-09 - 10:09:43

Mohamed el Burhimi preso sahararra Ait Meluleko espetxean hil zen atzo, RASD News albiste atariak jakinarazi duenez. Presoak 22 urte zituen, eta hilabetetik gora egin du gose greban. Hamar urteko espetxe zigorra ari zen betetzen.

Lurralde okupatuetako iturriak aipatu ditu RASD Newsek albistea baieztatzerakoan.

 

 argia

Gose greban zegoen preso saharar

 bat hil egin da

Hil egin da gose greban zen preso saharar bat


Preso sahararren askatasunaren aldeko manifestazio bat orain gutxi / Flickr: arribalasqueluchan!
Preso sahararren askatasunaren aldeko manifestazio bat orain gutxi / Flickr: arribalasqueluchan!

Mohamed El Burhimi Marokoko Ait Melloul katzelan hil zen atzo astebetez elikagairik hartu gabe pasa ostean. Otsailaren 20a Mugimenduaren eta UNEM ikasle sindikatuaren gose grebak marokiar estatuko kartzela askotan zabaldu dira. 22 urte zituen El Burhimik.

Epaitegi militar marokiarrak ezarri zion 10 urteko kartzela zigorraren aurka abiatu zuen gose greba apirilaren 30ean 22 urteko ekintzaile sahararrak. RASD News informazio gune sahararrak jakitera eman du albistea Facebook bidez.

El Burhimi egun Marokoko estatu osoan gose greban dauden preso politikoetako bat zen. Iturri sahararren arabera dozenaka dira eta batzuek 60 egunetik gora daramatzate jan gabe kartzeletako egoera orokorrari soluzioa exigitzeko. Hil berri den gaztearen kasuan, Saharako herriaren alde borrokatzeagatik kartzelan zeuden ekintzaileen askatasuna eskatzen ari zen.

Joan den martxoaren hasieran, adibidez, Marokoko Ikasleen Batasun Nazionala sindikatuko dozenaka ekintzalek gose greba hasi zuten. Joan den abenduaren 17an atxilotu zituzten, eta hau bera salatzeaz gain, jasan zituzten torturak eta egun pairatzen dituzten tratu txarren berri eman zuten.

Horrez gain, Marokoren demokratizazioa eskatzen duen Otsailak 20 mugimendu sozial eta politikoko 12 presok era mugagabean elikagaiak hartzeari utzi zioten. Kartzeletan dauden ekintzaileen eskaerak entzun zitezen exigitu nahi zuten horrekin, eta protesta modu hau kartzela guztietara orokortzeko dei egin zuten.

Etengabe gertatzen ari diren atxiloketa eta epaiketen zenbakia kalkulatzea zaila den arren, egun beren adiearzpen askatasuna eta manifestazio eskubidea urratuta 200 preso daudela kalkulatzen dute Marokon eta Sahara Mendebaldeko lurralde okupatuetan  (horietatik 100 bat ekintzaile saharar). Otsailak 20 Mugimenduko kideak, langile eta ikasle sindikatuetako kideak eta greba laboraletan parte hartzeagatik.

IRAULTZA DA IRTENBIDE BAKARRA!!!
 


BORROKA DA BIDE BAKARRA!!! 


SAHARA HURRA!!! 



MENDEBALDEKO SAHARA

Berrogei urte Herria eraikitzen

Sahararrek urteak daramatzate egoera bidegabeak pairatzen eta indiferentziari aurre egiten; erbestean, Tindufeko lur mortuan, eta lur okupatuetan, giza eskubideen urraketa etengabean. 40 dira ere Fronte Polisarioak gaur bete dituen urteak, hainbat saharar taldek beren izaerari nortasuna emateko eta zapalkuntzari aurre egiteko erabakitik sortua.

Amagoia Mujika   2013-05-10 - 14:23:25


 

Sahara espainiarra, Espainiaren "53. probintzia" deitzen zioten espainirrek beren hegemonia gotortuta zeukaten guneari. Han sortu zen Fronte Polisarioa, ofizialki 1973ko maiatzaren 10ean, probintzia horretan zeuden sahararren talde nazionalistek bultzatua. Gaur egun ere saharar guztiak biltzen dituen erakunde politikoa da, eta haren esku dago SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko lur askatuetako eta Tindufeko antolaketa osoa.

Saharrarentzat egun pozgarria da gaurkoa, herri gisara munduko mapan kokatu zituen erakundea sortu baitzen. Hazi egin dira berarekin, hezi; kultura eta nortasuna indartu dituzte sahararrek haren bidez, heziketa eta osasuna doanekoa ezarri dute kanpalekuetan, eta oso eraginkorra den antolaketa dute, herritarren inplikazioa duena. Hainbat desfile militar egingo dituzte Tindufen gaur, Marokoren okupaziopean dagoen Aaiun hiriaren izena hartzen duen kanpalekuan. Mohamed Abdelaziz Fronte Polisarioko idazkari nagusiak hitzaldia egingo du hara gerturatu diren nazioarteko ordezkarien aurrean. Hainbat musika emanaldi eta beste hainbat ekitaldi egingo dituzte, herria eraikitzen egindako lanak merezi duelako.

Burujabetza, ordea, sufrimendu handiz lortzea kostatzen ari zaien ametsa da oraindik. Espainiarrek Marokoren esku lurrak utzi eta bonbardaketetatik ihesi atera ziren milaka pertsonaren basamortura exodoa etsigarria izaten da askotan; Marokoren pean bizi direnen egunerokoa, bortitza. Erbestearen eta lur okupatuaren artean familiak banatuta daude. Tindufen Fronte Polisarioak banatzen duen nazioarteko laguntzari esker bizi dira, beste biderik ez die ematen-eta lur idorrak. Inoiz beste parajerik ezagutu ez duten gazteak dauzka basamortuak, gainera, aurreko bizitzaren memoriarik gabe "ezerezaren erdian" zer egiten duten askotan galdetzen dutenak. Lur okupatuetan, berriz, atxilotzea da ekintzaile susmoa duen edonori gerta dakiokeen gauzarik arruntenetakoa; preso eramatea, tratu txarrak edota hilketa herritarren sufrimenduaren parte dira. Marokok errepresio gogorra ezartzen du, eta nazioarteak utzi egiten dio. 


Atzo eta gaur

1975eko azaroaren 14an, Franco hilzorian zegoela, sinatu zituzten Hirukoaren Akordioak, Mauritaniaren, Marokoren eta Espainiaren artean, eta Mendebaldeko sahararren Administrazioa beste bi herrialde sinatzaileen esku utzi zuen Espainiak.  Praktikan Espainiaren “probintzia” Marokori eman zion. Hurrengo egunean Marokoko aire armadak sahararrak bonbardatu zituen, eta herritarrek itzulerarik gabeko ihesa hasi zuten. Martxa Berdea iritsi zen hurrena, Franco hil zen egunean, eta milaka zibilen martxa hasi zen, okupazio militarra hasi eta Marokoko funtzionarioek administrazioa hartu zuten. 1976ko otsailaren 27an sortu zuten SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa, azken funtzionario espainiarrak atera ziren egun berean. Milaka sahararrek alde egiten jarraitu zuten, basamortuan 200 kilometro eginez, Aljeriako mugaraino, Tindufera. Sahara Askatzeko Herri Armadak, Fronte Polisarioak gidatuta, okupatzaileen kontra borrokan jarraitu zuen 1979 arte, gerrillen gerra egiten, Mauritaniarekin bakea sinatu zuen arte. Orduantxe gerra irekia bilakatu zen Marokoren kontra.

Gerrak hamabost urte baino gehiago iraun zuen, 1991n su-etenari heldu zioten arte. Bake prozesuari heltzea hitzartu zuten Nazio Batuen Erakundearen babesean, eta helburua, autodeterminazio eskubideari buruzko erreferenduma egitea zen, 1992ko urtarrilaren 15ean. Gaur arte.

Hainbat garai igaro dituzte sahararrek orduztik. Errolda izan zen aitzakia lehenik. Marokok lur okupatuetako marokoarrak sartu nahi zituen. Eremuko herritar guztiek botoa eman dezaten aztertetzekotan geratu zen Fronte Polisarioa, baina urrats hori egin zuenean, Marokok ez zuen onartu. 2007an NBEk elkarrizketa zuzenak proposatu zituen, eta hainbatetan eseri dira, baina ez dute ezer lortu. 80 herrialde baino gehiago dira, era berean, SEAD ofizialki onartzen dutenak, baina interes ekonomikoek eta politikoek gainetik egoten jarraitzen dute.

Agdaim Izik bezalakoak gertatzen dira oraindik, eta azken hika-mikan berriz ere Maroko atera da irabazten. Nazio Batuen Erakundeak ez du ikertuko Mendebaldeko Saharan giza eskubideak errespetatzen diren ala ez, AEBek aurkeztutako proiektua bertan behera gelditu ostean. Herrialde horretako enbaxadore Susan Ricek idatzi zuen zirriborroa, eta NBEn aurkeztu. Bertan, Minurso misioaren berritzea planteatzen zen, soldaduek giza eskubideen betetzea gainbegira zezaten, bai Saharan, baita Tindufeko errefuxiatu kanpamentuetan ere. Zer ospatu badute, zer borrokatu ere bai.

 

Gatazkaren kronologia

Berria.info   2013-05-10 - 12:18

 


* 1884. Mendebaldeko Sahara okupatu zuen Espainiak.

• 1973. Fronte Polisarioa sortu zen. 

• 1975. Marokok herrialdea okupatu, eta gerra hasi zen.

• 1976. Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zuen Fronte Polisarioak.

• 1991. Su-etena indarrean sartu zen.

• 1992. Atzeratu egin zuten erreferenduma.

• 1997. NBEko ordezkari berezi izendatu zuten James Baker, eta erreferenduma urtebeteko epean egitea hitzartu zuten, baina ez zuten egin.

• 2003. Bost urteko autonomiaren ostean, erreferenduma egitea proposatu zuen Bakerrek.

• 2005. Mendebaldeko Saharan Intifada hasi zuten.

• 2006. Auzia Marokoren eta Fronte Polisarioaren artean konpondu behar zutela erabaki zuen NBEk.

• 2007. Plan bana aurkeztu zuten Marokok eta Fronte Polisarioak NBEn. Herrialdearen autonomia aurreikusten zuen Rabatek; autodeterminazio erreferenduma, berriz, Fronte Polisarioak.

• 2008. Hainbat negoziazio erronda egin zituzten bi aldeek. Porrot egin zuten guztiek.

• 2009. NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moonek Christopher Ross izendatu zuen Mendebaldeko Saharako ordezkari berezi. Ross AEBen enbaxadore izana zen Algerian.

• 2009. Negoziazioak berriro abiatzeko proposamena egin zuen NBEk.

• 2010. Marokoko segurtasun indarrek Agdaim Izikeko kanpalekua hustu zuten bortizki, Aaiunen. Bertsio ofizialaren arabera, 11 polizia eta bi saharar hil ziren, baina ekintzaile sahararrek gezurra esatea egotzi zioten Marokori, eta errepresioa salatu zuten.

• 2013. Mendebaldeko Saharan giza eskubideak ikuskatzeko plana aurkeztu zuten AEBek, baina atzera egin zuten gero.


2013/05/07

Nazio Batuen Erakundea Mendebaldeko Saharan: instituzio inperialista



KASKO URDINEN

 ZURIKERIA HIPOKRITA

MENDEBALDEKO SAHARAn

INPERIALISMOAren ZERBITZUAN,

BETI BEZALA... 

 

 HONA HEMEN

 "NAZIOARTEKO KOMUNITATEA",

EUSKAL HERRIAri

 "LAGUNDU"

 BEHAR OMEN DIONA

  ZENBAT URTE DARAMATE MENDEBALDEKO SAHARAn

"NAZIOARTEKO

 KOMUNITATEAren ZAIN?" 


 

















Manifestazio jendetsuak izan dira Sahara mendebaldean egunotan, Aioun, Smara eta Bujadorren, besteak beste. 

Hain zuzen, Nazio Batuetako kontseiluak MINURSOren egin beharrak bere horretan uztea erabaki ostean. Honela, lurralde okupatuetan, giza eskubideen zapalketen aurrean ez dute kasko urdinek parte hartzerik izango, orain arteko moduan bestalde.

Honela, manifestari sahararren aurka gogor egin zuen beste behin ere gendarmeria marokiarrak. Hamarnaka lagun zauritu dituzte geroztik, beti ere MINURSOko kasko urdinen zurikeria lagun. Askapenak bere elkartasunik beroena adierazi nahi die sahararrei eta kasu honetan, frantziar nahiz espainiar gobernuen jarrera irmoki salatu nahi dugu. Izan ere, euren eta beste zenbait gobernuren bozkak tarteko, sahararren aurkako bortxaketa eta errepresio sistematikek nazioarteko babesik gabeak izaten jarraituko baitu.

Maroko hiltzaile,
 espainiar nahiz frantziar gobernuak laguntzaile!

NBE-ONU:
  INPERIALISMOAren MORROI ZIKINA!

 

2013/04/17

Apirilak 17 Nazioarteko preso politikoen eguna




































Euskal Herriko hainbat hirietan

Nazioarteko preso politikoen egunean, apirilaren 17an, Euskal Herritik, baina aldi berean, espainiar nahiz frantziar kartzeletan edo urrunean dauden errefuxiatu eta iheslariak bihotzean, munduan zehar dauden gainerako preso politiko eta haien senideekin oroitu nahi izan dugu.

Bere Herriagatik dena eman dutenek, erantzun bertsua jaso baitute Estatu edo Inperioen eskutik, izan kurduak, palestinarrak, kolonbiarrak, maputxeak, galiziarrak nahiz euskaldunak.  

Errepresioaren estrategia zoritxarrez, borroka bezain zaharra baita. Herri borrokalariek ondorioz antzeko patua izan dute, emandako pausuen araberakoa baita, tamalez  eta gehiegitan Boterearen eta Estatuen erantzuna.

Honela beraz, euskaldunok ezagutu ditugun presoekiko errepresio adierazpide eta legedi desberdinak, munduko beste hainbat herri edo kolektibok jasan du. Sakabanaketa politika esaterako, hainbat preso politikoren aurkako estrategia da. Honen adibide da saharar edo preso palestinarrek sakabanaketaren zigor gehigarria pairatzea gaur egun. 

Eta inperio beraren mende, ezin ahaztu Galizako preso politikoak ere. Hauek, ere, zoritxarrez euskal presoen modura, sakabanaketa politika hiltzaile eta zitalaren ondorioak jasan beharrean dira.

Palestinarren kasuan gainera, presondegi ia denak Palestina kolonizatuan -sionisten hizkeran, Israelen- daudenez gero, senitartekoek ezin dute bisitarik gauzatu, debekatua dutelako askok eta askok Palestina okupatuko mugak gainditzea. Lege antiterrorista bera, oraindik Txileko estatuak Pinochet-en garaitik hona mantendu duen legea han zuzen, maputxeen aurka erabilia da. 6 mila preso kurduek berriz, Turkiako 3713 legearen arabera terrorismoaren aitzakian tortura sistematikoki aplikatzen zaie. Kalabozo eta kartzeletako tratu txarren ondorioz bestetik, 204 preso palestinar hil dira 1967tik hona.

Aurtengoan, haiek denak gogoan izanik ere, duela bi urte kolonbiar presoen kolektiboa, eta iaz maputxeak bereziki gogoan izanik, oraingoan, saharar preso politikoak gogoan hartu nahi izan ditugu. Gainera, duela gutxi izan zuten Gdeim Izik eko epaiketa eta lurralde okupatuetako erresistentzia isilarazi asmoz, kondena  gogor eta bidegabeak jasan dituzte. Martxoan zehar Euskal Herriarekiko eginiko VII. elkartasun astean aipatu bezala, ez dugulako izaterik aske haiek gabe, jo eta ke preso politiko guztiak kalean izan arte!

Munduko preso politikoak kalera!

PRESOAK KALERA, AMNISTIA OSOA!!!

Hamaika herri borroka bakarra!



 













Saharako lurralde okupatuetako biztanleek etengabe giza eskubideen urraketa, eskubide sozial eta  politikoen ukazio sistematikoa jasan beharrean dira. 

Nazioarteko erakundeek, AEB, EB eta batez ere Frantziar nahiz Espainiar estatuaren konplizitatearekin, behin betirako gatazkari irtenbide justu bat eman beharrean, deskolonizazio prozesua behingoz gauzatu eta referendum baten bidez sahararrek euren etorkizuna erabakitzeko eskubidea ahalbidetu beharrean, Herri zapaldu eta zatitu honi, zauriak areagotu eta lehengoak sakondu baino ez diete egiten.

Hala nola, arma salmenta etengabeak gauzatuz gobernu  alauitarekin, arrantza kontratua eta bestelako harreman ekonomikoak bideratuz, tartean lurralde okupatuetako baliabideak izanik ere.

 Mendebaldeko Saharan, azken 37 urteetan,  28.000 lagun  inguru izan dira atxilotu dituztenak, tartean adin gabe asko, torturatu eta inkomunikazio alditik pasa direnak berriz gehiengo bat dira. 

Oraindik 500 lagunetik gora kartzela sekretuetan daude, euren senitartekoek ez dakitela zein izan daiteken euren egoera, non dauden, bizirik  ote dauden....

 20130417_askapena

Azken urteetan baina, batez ere lurralde okupatuetako gazteen adoreak bultzaturik mobilizazio eta eskubide sozial eta politikoen alde kalera atera eta antolatzen hasi dira. Euren eskubideen alde inork gutxik egiten duela ikusita, borrokatu beste biderik ez zuten ikusten.Modu honetan hasi zituzten 2005eko intifada baketsuak, 2010eko Gdeim Izik eko duintasunaren kanpalekua … 

Izan ere,   kartzela handi batean bizitzera kondenatu dituzte lurralde okupatuetako sahararrak: okupazio militarra,  kolonoen etorrera masiboa, kutur zapalketa, baliabide naturalen lapurreta... Bigarren mailako herritarrak dira sahararrak, arrotzak euren herrian. Duintasunaren aldeko borrokak berriz, estatuaren aldetik betiko errezeta jasotzen ari da,  ondorioz errepresioak ez du etenik izan, eta hamarnaka lagun erailak izan dira azken hamarkadan, ehunka lagun atxilotuak, torturatuak, desagertuak. 


Egun 70 preso politiko inguru daude Marokoko kartzeletan eta Aioungo kartzela beltzean.

 

















Saharar preso gehienak euren etxeetatik urrun daude kartzeletan sakabanaturik, Auingo Kartzela Beltza  baino ez dago mendebaldeko Saharan. 

Eta bertako presoen egoerak beldurtzeko modukoa da. 2005. urtera arte kartzela honen berriak atxilo egondakoen testigantza bidez baino ezin ziren jaso, baina Hmad Hamad- ek bertako argazkiak ateratzea lortu zuen, mundu osora zabalduz kartzela honen ikaragarritasuna. 200 lagunentzat egokituriko kartzelan ia 800 preso dauzkate bertan, elkarren gainean pilaturik, komunetan lo egin beharrean... Garbitasun eta higiene faltaz gain, ohikoak dira euren aurkako tratu txar eta bortxaketak.

Kartzela beltza, espainiarrek eraiki zuten garai kolonialean eta egun, sahararren aukako atxiloketak burutzeko funtzio estrategikoa du.  

7 ziega ditu bere baitan,  eta euretako ziegarik handiena 35 m2. Garbitasun zerbitzurik ez du kartzelak, beraz, usteldu arte irauten dute botatako jaki edo materiak, usain higuingarria sorraraziz. Adin gabeentzat ziega berezitu bat jarri duten arren, 3-4 m2 tan 100 preso gaztetatik gora daude, gainera, gainerako ziegetatik heldutakoen aldetik, bortxaketa eta droga eskaintza etengabeak jasotzen dituzte.

Kartzela Beltzeko egoera adierazgarrienetarikoa  bada ere,  tortura eta tratu txarrak sistematikoki baliatzen ditu marokoar gobernuak. 

 Honela,  atxilotuak diren saharauien gehiengoak mota guztietako torturak salatzen dituzte, pertsonaren duintasunaren kontrako praktikak, bortxaketak...

Espetxe saileko zaindariek, Aiuneko galdeketa guneetako polizia buruek eta Marokoar birgizarteratze politika arduradunek erantzukizun zuzena dute arlo honetan.

Torturak praktika zehatz eta komunak ditu. Uneoroko irainak, loa, edaria, edota elikagaia galaraztea esaterako. Estalperik gabe, isolamendu ziegetan edota jarrera behartuetan  egun luzez mantentzea ohikoa izaten da.  Uneoro begiak trapuz estalita izaten dituzte, eskuburdinez lotuak eta kasu askotan biluzik egoten dira atxilotuak.

                          

Konortea galdu arte kolpatuak izaten dira kate edota altzairuzko kableekin. Ur hotza, beroa, lixiba edota pixa jaurtitzen zaie. Erre egiten dituzte zigarroekin, itolarria eragin konortea galdu arte, deskarga elektrikoak aplikatzen zaizkie gorputzean zehar eta ilea edota atzazalak erauzten zaizkie. 

Badira jaso diren  testigantzetan errepikatzen diren bi praktika. Bata “hegazkina” delakoa, presoa bizkarretik lotzen dute beso zabalik eta sabaitik zintzilik mantentzen dute. Bestea, “oilasko errea” deritzotena, makil batetik zintzilik mantentzen dituzte esku eta zangoetatik lotuak.  

Nazio Batuetako Torturaren aurkako elkarteak, behin baino gehiagotan eskatu dio marokoar gobernuari tortura eta saharar herritarren aurkako giza eskubideen bortxaketarekin amai dezala.

Dispertsioa bestetik,  euskal presoekin egiten duten gisan helburu bikoitzeko estrategia da marokoar agintarientzat. Batetik, sahararrak ahalik eta sakabanatuen eta urrunen jartzearen asmo politikoa legoke, honen bitartez, presoen aldarria isilarazi eta  elkarrengandik banaturik egotearen kostua eraginez. Bestetik, senitartekoak eta gertukoei ezarritako zigorra legoke … 

Egun, 70 preso inguru daude 6 kartzelatan sakabanaturik. 

Ohikoak dira senideei emaniko tratu txarak ere, umilazioa, biluzteak, mehatxuak, eta kasu zenbaitetan bortxaketa eta golpeak ere jasan beharrean izan dira euren seme- alaba edo gertukoren bat bisitatzera joaterakoan. 

 Sakabanaketak bestetik, helburu ekonomikoa ere badu beragan, baliabide urriko senideek egin beharreko ahaleginak izugarri biderkatzen baitira.

2012/08/26

Gaur egungo Ezker Abertzalearen kritika (3)


NOR DA MITCHELL SENATARIA?


Oraingo Ezker Abertzalearen sorrera, guk bederen, 2009ko azaroaren 14an kokatzen dugu, data mugarri gisa. 

Oraingo Ezker Abertzalearen sorrera oso prozesu luze, dialektiko eta korapilatsua izan da, eta ez da erraza “lehengo” eta “oraingo” Ezker Abertzalearen artean etena noiz gertatu zen. Bertzeak bertze, gaur egun bere baitan hegemonikoa den sektoreak bereak eta bi egin baititu haustura teoriko-politiko-estrategiko larri hau ezkutatzeko.

Korronte honek gidatzen du gaur egun Ezker Abertzalea. Jakina, Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduaren baitan betidanik existitu den korronte abertzale-erreformista eta sozialdemokrataz ari gara, zeinak klase baten frakzioa ordezkatzen duen: Euskal Herriko burgesia txikia, independentista edota subiranista, Kapitalismoa “ezkerretik” kudeatzearen aldekoa (beraz, sozialdemokrata), identitatez baskoa edota euskalduna (bietarik baitago, hala linguistikoki nola kulturalki ere). 

Korronte hau Herri Batasunaren sorreratik izan da ENAMen, eta ez zen inolaz ere desagertu Aralarren zatiketarekin. Aitzitik, erran daiteke Aralarrekin elementurik likidazionistenak, sozialdemokratenak, burgesia txikiaren sektorerik agerikoenak joan egin zirela, baina barnean gelditu zirela, isilean eta gorderik lanean, Arnaldo Otegik modu paradigmatikoan ordezkatzen dituen sektore sozialak. 


Sektore sozial horiek badute beren klase-proiektua, burgesia txikiarena, independentismo burges utopiko eta anakronikoa: “Euskal Estatua” edota, guk nahiago dugun bezala, “Estatu Baskoa”, zeren aspaldian Joxe Manuel Odriozolak maisuki frogatu zuen bezala, Ezker Abertzalearen nazio-paradigmatik atera daitekeen bakarra Irlandako etnozidio zipaioa da. 

Sektore sozial hori izugarri indartu zen Lizarra-Garazi garaian Alternatiba Demokratikoaren irakurketa erreformista eta burgesa eginez (bazegoen bertze irakurketa bat, iraultzailea, tamalez nagusitu ez zena...). Korronte hau emeki emeki eta urtez urte nagusitasuna erdietsiz joan zen, eta Loiolako prozesuan erabateko hegemonia estrategikoa eskuratu zuen. ENAMen baitan noraeza estrategikoa zegoelarik, Euskal Iraultza Sozialistaren oinarri eta printzipio guztiak herdoilduta eta lausoturik, korronte honek bazuen taktika eta estrategia garbia, eta zorrozki abiatu zuen. Prozesu erreformista eta likidazionista honen gailurra, 2009ko azaroaren 14ko prentsaurreko tamalgarri eta lotsagarri hura izan zen.

Egun horretan, eta barne eztabaida oraindik zabalik zegoela, modu unilateral batean, ordura arteko ENAMeko militante talde zabal eta handi batek prentsaurreko bat egin zuen Altsasun. Bertan, historikoki urte luzez mantendutako estrategia zein printzipio politikoak baztertu eta aldatu zituzten, guk dakigula inorekin kontatu eta kontsultatu gabe, eta Mitchell printzipioak onartu zituzten. Erabateko lurrikara estrategikoa, eztabaida amaitzeko oraindik hiru hilabete falta zirela. Hurrengo gertakariak burdinazko logika horren baitan kokatzen dira eta denondako jakinak dira. Gehienak, bederen. 

Aunitzetan ez da aipatzen aldi berean, Venezian izandako nazioarteko bilkura batean, orduko Ezker Abertzaleak gauza bera adierazi zuela. Egunen batez jakinen ditugu adierazpen koordinatu hauen xehetasun bitxi eta esanguratsuak. 


Zinezko eta benetako “Estatu kolpeaz” mintza gaitezke, ENAMeko erakunde eta antolakunde guztien gainetik pasata, “lobby intergeneracional” batek egin zuena. Madrilen egin zèn epaiketa gogoangarri hartan agertu ziren xehetasun gehienak, nor ziren delako “lobby” horretan ari zirenak (batzuk, gutxienez), zertan aritu ziren eta nola erdietsi zuten Ezker Abertzalearen “Titanic” (sic!!!) biratzea. Noren alde eta norantz? Nork bere iritzia ukanen du.

Bertze lan batean funtsezko agiri ezin garrantzitsuago horren azterketa xehea eginen dugu, oraingo Ezker Abertzalearen ideologiaren kritika sistematikoaren baitan. Baina gaurkoan, prentsaurreko horren mamiaz eta ardatzaz informazioa eta argibideak eman nahi ditugu. Zeren eta han izan zirèn gehienek, oker ez bagaude, ez baitzekiten ia tutik ere Mitchell senatari estatubatuarrari buruz, eta hagitz gutti bere printzipioez. Alta, gizon famatu honi buruzko informazioa erdiestea aski erraza da, aise egiten den zerbait. 

Hutsune hori betetzera heldu da artikulu hau, euskal militante iraultzaileek beren iritzia hobeki osa dezaten.

George John Mitchell

 

George John Mitchell, Junior, 1933ko abuztuaren 20an sortu zen Watervillen, Estatu Batuetako ipar-ekialdean kokatuta dagoen Maine estatuan. 79 urte bete berriak ditu, beraz. Gaur egun Barack Obama Esttau Batuetako lehendakariaren bidali berezia da Ekialde Hurbilean. Estatu Batuetako Alderdi Demokratako kide esanguratsua da. Estatu Batuetako Senatuko gehiengoaren bozeramalea izan zen sei urtez, 1989tik 1995era. 

2004ko martxotik 2007ko urtarrilera arte, The Walt Disney Companyko presidentea izan zen. Negozio munduan, multinazional askotan aritu da lanean: Federal Express Corporation, Xerox Corporation, Unilever, Staples, Inc., Starwood Hotels and Resorts eta The Boston Red Sox baseball Team. Nazioarteko abokatu bulego bateko zuzendaria izan zen: DLA Piper, harik eta Ekialdeko Bidali Berezia izendatu zuten arte. Belfasteko Queen Univertsityko errektorea izan da, 2009ra arte eta protagonismo berezia izan zuen Irlandako “peace process” delakoan.


Mitchell senatariaren aita, George John Mitcheel Senior, jatorri irlandarrekoa zen, eta erlijioz katolikoa. Libanoko familia kristau maronita batek adoptatu zuen. Kristau maronitak Ekialdeko kristau arabiarrak dira, Eliza Katolikoaren baitan daude, bainan autonomia gorde izan dute mende mende. Arabieraz eta arameraz (Nazareteko Jesusen ama-hizkuntza) mintzatzen dira, eta gehienbat Libanon, Sirian eta Palestinan bizi dira. Diaspora oso garrantzitsua dute Frantzian, Australian, Kanadan, Mexikon, Brasilen, Argentinan, eta Estatu Batuetan. 

Mitchell senatariaren ama, Mary Saad, libanoarra, 18 urterekin iritsi zen Estatu Batuetara, eta ehungintzako langilea izan zen. Bere aita ikastetxe bateko atezaina izan zen. Senatariaren hezkuntza, beraz, kristau maronita izan da, hots ekialdeko katoliko arabiarrena.

George John Mitchell 1954 bukatu zituen ikasketak Bowdoin College Unibertsitatean, eta Estatu Batuetako Armadan sartu zen, bi urtez. Tenientea izan zen (First Lieutenant), Inteligentzia zerbitzuetan, hain zuzen, non eta Gerra Hotzeko garaiko Berlinen... 1961ean Zuzenbide ikasketak amaitu zituen Georgetown Unibertsitatean. 

File:George John Mitchell.jpg

1960-1962 urteetan abokatu lanetan aritu zen Administrazio Federalean, Wasingtonen, eta 1962-1965 urteetan, Edmund Muskie, Maineko senatariaren aholkulari exekutibo gisa lan egin zuen. 1965-1977an abokatua zen Portland hirian, Mainen beti ere.

1974an Alderdi Demokrataren izenean aurkeztu zen Maineko gobernadore izateko, bainan hauteskundeak galdu zituen hautagai independente baten kontra. Hala ere, Jimmy Carter presidenteak Maine fiskal izendatu zuen 1977an, eta 1979ra arte horretan aritu zen, harik eta Maineko epaile federal izendatu zuten arte.

1980ko maiatzean Maineko senatari izendatu zuen estatu horretako gobernadoreak, Edmund Muskiek senatari postuari uko egin ondoren, Estatu Idazkaria izateko. 1982an hautatu zuten hauteskundeetan, eta berriz ere 1988an, oraingo honetan botoen % 81ekin. 

Estatu Batuetako Senatuan kargu eta ardura handiak izan ditu. 1988-1995 urteetan Alderdi Demokratako senatarien liderra izan zen. Bere ardurapean, Estatu Batietako Senatuak onartu zituen North American Free Trade Agreement (NAFTA) ituna, eta Merkataritzaren Mundu Erakundea (ingelesez: World Trade Organization edo WTO).

Senatua utzi ondoren, goi mailako abokatuen bulegoetan aritu da: Verner, Liipfert, Bernhard, McPherson & Hand, Washingtonen, Preti, Flaherty, Beliveau, Pachios, Orlick & Haley, Mainen, eta DLA Piper, mundu mailan.

1995ean Irlandako gatazkan inplikatzen hasi zen, zehazkiago okupatutako Sei Konderrietan (“Northern Ireland” terminologia inperialistan, “Ipar Irlanda”, alegia, blog honetako bertze sarreran (“Bobby Sandsen biografia (2), hain zuzen ere) erakutsi eta frogatu dugu termino hori erabat faltsu eta koloniala dela) Estatu Batuetako Bidali eta Bitartekari berezi gisa aritu zen. Batzorde batean aritu zen buruzagi, printzipio politiko batzuk adosteko, zeinak Irlandako alderdi eta indar politiko guztiek onartu behar zituzten. Geroago, 1998ko Ostiral Sainduko hitzarmenaren sinadura gidatu zuen. 2001era arte Irlandako “bakegintza” inperialean murgildurik izan zen.

File:Clinton Netanyahu Abbas Mitchell 2 Sep 2010.jpg

Ondoren, 2000an, Bill Clinton Estatu Batietako lehendakariak Ekialde Hurbileko gatazkari buruzko txosten bat egitea agindu zion. 2001ean argitaratu zuten bere ikerketa, beti ere Estatu Sionistaren kolonizazio estrategiaren aldekoa, bainan “itxura demokratiko eta moderatuarekin”.

2009ko urtarrilaren 22an, Barack Obama lehendakariak eta Hillary Clinton estatu Idazkariak Ekialde Hurbilerako Bidali Berezi izendatu zuten George J. Mitchell. Bake Inperiala antolatu nahian, eragile “guztiekin” elkartu zen, salbuespen nabari batekin Hamas, Gazako zerrendako alderdirik bozkatuena. “Terroristak” omen ziren. Alta, ez zuen inolako arazorik izan Estatu Sionistako lehendakaria zèn eta den Benjamin Netanyahurekin elkartzeko.

File:NetanyahuMitchell.jpg

2011an erretiroa hartu zuen eta bizitza pribaturat itzuli zen. Baliteke horrek 2007an diagnostikatu ziotèn prostata-minbiziaren ondorioz izatea, edota bere adinarengatik ongi merezitako erretreta hartu izana. Dena den, Kapitalismo Inperialistak zerbitzari argi, leial eta eraginkorra izan du. 

26 urtez ezkonduta egon zen Sally Mitchellekin eta 1987an dibortziatu ziren. Alaba bat dute, Andrea. 1994an Heather MacLachlanekin ezkondu zen, zeinarekin seme bat duen, Andrew. 


Hona hemen berak idatzitako liburuak:

  • Mitchell, George J., with William S. Cohen. Men of Zeal: A Candid Inside Story of the Iran-Contra Hearings . New York: Viking, 1988.
  • Great American Lighthouses (1989)
  • World on Fire: Saving  an  Endangered Earth (1991) 
  • Not For America Alone: The Triumph of Democracy and The Fall of Communism (1997)
  • Making Peace (1999 — 1ª edición de 2000)
Bere biografia:

  • Gould, Alberta. George Mitchell: In Search of Peace. Farmington, Maine: Heritage Pub., 1996.

 

Mitchell Printzipioak


Mitchell Printzipioak Irlanda eta Britainia Handiko gobernuek eta Inperio Britainiarrak okupatutako Sei Konderrietako alderdi gehienek onartutako oinarrizko sei arau dira. Printzipio hauek  Sei Konderrien inguruko negoziazio prozesuan parte hartzeko oinarriak izan ziren. Negoziazioetan parte hartu nahi zuten guztiek honakoa beteko zutela argi utzi behar zuten:

Negoziazioetan parte-hartzaile diren guztiek honakoa beteko dutela berretsi behar dute: 

a) Gatazka politikoak konpontzeko bide baketsu eta demokratikoak baino ez erabiltzea.

b) Talde paramilitar guztiak desarmatzea.

c) Ados egotea desarme hori batzorde independente baten egiaztapenaren eskuetan egotearekin.

d) Euren kabuz indarra erabiltzeari edo indarraren erabileraren mehatxuari uko egitea eta besteek erabiltzen badute aurka egotea eta alderdi guztien arteko negoziazioak horrela bultzatzea.

e) Alderdi guztien arteko negoziaketaz lorturikoa errespetatzea eta bakarrik bide demokratiko eta baketsuak erabiltzea adostasunean ez dauden puntuak aldatzen saiatzeko.

f) “Zigorrezko” erailketa eta jipoiak gelditu eta horiek gelditzeko bideak hartzea.

(Report of the International Body on Arms Decommissioning, 22 January 1996)

Sinn Féin alderdiak hau onartu zuenean, Mugimendu Errepublikar osoaren oniritzia izan gabe,  kritika larriak jaso zituen beste errepublikar batzuen aldetik eta banaketak egon ziren alderdiaren barruan eta IRAren baitan ere, nahiz eta gehiengo zabalak Sinn Féinen eta Mugimendu Errepublikarraren barruan jarraitu zuen. Uste dut honekin dena erranda dagoela.


Militante iraultzaile bakoitzak bere iritzia osatuko du datu eta data hauek jakitean.