LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

OTAN/NATO etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
OTAN/NATO etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2013/05/07

SIRIA: HIRUGARREN MUNDU GERRAREN ATARIAN

 

Noiz hasi zen I. Mundu Gerra?

 1914ko abuztuaren 4an?

 Ala 1914ko ekainaren 28an, 
Gavrilo Prinzip
 ikasle serbiar abertzaleak
 Inperioaren tronurako
  oinordekoa zèn
 Franz Ferdinand printzea
 eta bere emaztea
 exekutatu zituelarik?

 Ala 1911ko Agadirreko kisiarekin?

 Ala 1908an, Austria-Hungariak Bosnia anexionatu zuenean?
 Ala 1905eko martxoaren 31an,
 Tangerreko krisiarekin?

 Ala 1899ko abenduaren 11an,
 Alemaniak Welpolitik aldarrikatu zuelarik?

 Ala ...? 

Noiz hasi zen kiribila?

Noiz hasi zen II. Mundu Gerra?

 1941eko abenduaren 7an,
 Pearl Harbour-eko erasoarekin?

 Ala 1939ko irailaren 1ean,
 naziak Polonian sartu zirenean?

 Ala 1938ko martxoan,
 Alemaniak Austria anexionatu zuenean?

Ala 1937ko uztailaren 7an,
 Japoniak Txina inbaditu zuelarik?

 Ala 1936ko uztailaren 19an,
 Franco jeneralaren altxamendu faxistaren aurka Estatu Espainoleko Herri Langileek Iraultza Sozialista/Komunista/Libertarioari ekin ziotenean?
Ala 1936ko martxoan,
 Alemaniak Rhinaldea militarizatu zuenean?

Nork erran lezake? 

Euskal Iraultza Sozialistako irakurleek
 aise ulertuko dutenez, 
azken hamar urteetako
 eraso inperialistak ikusirik,
 III. Mundu Gerraren atarian garateke. 
Haratago joanik, 
Gerra Inperialista ikaragarri baten erdian
 gara honezkero,
 ia-ia oharkabean:
Panama,
Somalia, 
Yugoslavia,
Afganistan,
Irak, 
Palestina,
Libano,
Libia,
Siria,
Mali...
  
Nork bere ondorioak atera ditzala!
Berria.info

Iran:

 “Siriari eraso eginez, 

Israel suarekin jolasten ari da”

Martin Vicioso

2013-05-07 


Irango Kanpo Ministro Ali Akbar Salehik Israel suarekin jolasten ari dela ohartarazi du. 

Lehengo astean Siria airez bitan erasotu eta gero, Teheranek salatu du Israelek Siriako erresistentzia ardatza ahuldu nahi duela. Izan ere, ustez, misilen xedea Bassar Al Assaden Gobernua babesten duen Hezbollah taldearen base militarra zen.

Erasoek estremismoa indartzen dutela adierazi du Salehik, Turkiako Kanpo Ministro Rasit Meredowekin batera egindako agerraldian. Haien ustez, eskualde kanpoan eta barnean dauden estatu batzuen jarrerari erreparatuz, desegonkortasuna bilatzen ari dira.

Giza Eskubideen Siriako Behatokiak azaldu duenez, Israelen bigarren erasoak 42 soldadu siriar hil zituen, eta ehun batek desagertuta jarraitzen dute.

Siriak Israeli erantzungo diola jakinarazi dio France Press agentziari armadako ofizial batek. Hala ere, esan duenez, erasoak ez du zertan berehala izan, Netanyahuren Gobernua erne baitago momentu honetan.

Eskualdean tentsioak gora egin badu ere, kanpoaldean ez da mugimendu handirik. Europar Batasunak “egoera ez berotzeko” eskatu die Israeli eta Siriari, eta NATOk garrantzia kendu die Israelen erasoei. AEBak, bestalde, zuhurtziaz jokatuko dutela azaldu dute.

 Berria.info


2013-05-07
Siriako gatazka



Siriak Israeli

 «une egokia ailegatzean»

 erantzungo dio

Damaskoren arabera, herenegungo bonbardaketa Tel Avivek emandako «ultimatum bat» izan da.

Israelen arabera, ez dago «gerra arriskurik», baina iparraldean alerta egoera ezarri du.

Mikel Rodriguez

Israelek Sirian egindako erasoek larritasuna eta zalantza, elkar hartuta, muturrera eraman dituzte. Orain arte atzerriko eragileek Siriako gatazkan garrantzi handia izan duten arren, inoiz baino indar handiagoz sortu da herrialde horren mugak gaindituko dituen gerra bat hasteko arriskua.

Eta Israel izan da metxari su eman diona, defentsarako eskubidea justifikaziotzat hartuta. Siriak erantzun eginen duela ohartarazi du, baina «une egokia ailegatzean». «Ez da berehalakoan izanen, Israel orain alerta gorenean dagoelako. Itxaron eginen dugu, baina erantzungo dugu», adierazi dio Siriako Gobernuko iturri anonimo batek AFP agentziari, Beiruten. Siriako Ministroen Kontseiluak «aukera guztiak zabalik» zeudela erran zuen herenegun. Israelek Libanoko eta Siriako mugetan duen arduradun militarraren ustez, ordea, ez dago «gerra arriskurik».

Iaz Turkiarekin ere tentsio larria izan zuen Siriak iparraldeko mugan. Turkiak Siria bonbardatu zuen, hainbat obus Siriatik Turkiako aldera erori zirelako. Turkiako Parlamentuak baimena eman zion gobernuari nahi izanez gero urtebeteko epean Siriara soldaduak bidaltzeko, eta NATOk Patriot misilak ezarri zituen mugatik hurbil, Siriatik etor litezkeen erasoen defentsa argudiatuta.

Israelek, ordea, erasorako operazio zehatzak antolatu ditu hegazkinak erabilita eta Libanoko aire eremuan sartuta —Beirutek jakinarazi duenez—. Esku hartze zuzen bat izan da. «Bonbardaketa ultimatum bat izan da. Ez zuen balio estrategikorik», adierazi dio Siriako Gobernuko iturri batek Russia Today kateari, herenegun Damasko ondoan izandako erasoaren inguruan. «Arma arrunten biltegi bat» jo zuen Israelek, iturri horrek dioenez, eta kalteak «hutsalak» izan dira, material baliotsuena aitzinetik pairatutako bertze eraso baten ondoren atera zutelako. Siriako telebista publikoak bezperan jakinarazi zuen erasoa Jamraya izeneko ikerketa militarrerako zentroaren inguruan gertatu zela.

Siriako Gobernuak, beraz, erasoaren balio militarra gutxietsi eta balorazio politikoan zentratu du arreta. Israelgo agintariek ez dute deus erran erasoen inguruan; armadako eta gobernuko iturri anonimoen arabera, bai ortziraleko, bai igandeko erasoek ustez Libanoko Hezbollah milizia xiitak jaso behar zituen armak izan dituzte helburu, eta arma horiek Iranek helarazitakoak ziren.


Hezbollahek, ordea, Kuwaiteko Alrai egunkariari egindako adierazpenetan ukatu egin du Israelek arma kargamenduren bat bonbardatu diola. Iranek, berriz, gezurra erratea leporatu dio Israeli, eta adierazi du aire erasoa «propaganda eta gerra psikologiko ekintza bat» izan dela. «Etsaiengandik defendatzeko Siriak ez du behar kanpotik armekin defenda dezaten», adierazi dio Masoud Jazayeri Irango armadako jeneralak Fars agentziari.
«Dozenaka soldadu hilik»

Erasoek utzitako ondorioak ez dira erabat argitu. Mundu osora zabaldu diren irudietan, hainbat leherketa handi ikus daitezke, eta horien ondorioz suak hartutako mendi mazelak. Erresuma Batuko The Times egunkariak Siriako armadako iturriak aipatuz dioenez, «dozenaka soldadu» hil ditu Israelek azken aire erasoan. Horren arabera, Presidentearen jauregitik hurbil zeuden soldadu horiek, Damaskon. Ingalaterratik jarduten duen Siriako Giza Eskubideen behatokiaren arabera, 40 soldadu hil dira. Erakunde horretako arduradunak Siriako ospitale militar bateko iturriak aipatu ditu. Gobernuak ofizialki ez du biktimen berririk eman.

Bertzelako salaketa larri bat ere egon da Israelen aurka. Russia Today katearen arabera, Siriako armadak salatu du Israelek uranio pobretuz kargatutako misilak erabili zituela herenegun. «Leherketa gertatu zenean lurrikara baten gisako astinaldi bat sentitu zen, eta ondoren urre koloreko suzko onddo handi bat sortu zen. Horrek erakusten digu uranio pobretua erabili zutela», erran dio iturri militar horrek Errusiako kateari. Uranio pobretua erreaktore nuklearretan ekoitzitako uranio aberastutik lortzen da. Altzairua baino anitzez trinkoagoa denez, babes gogorrak zeharkatzeko aukera ematen du. Gai toxikoa da, eta gizakiengan ondorio larriak utzi ditzake haren kutsadurak.

Tentsioa Golango gainean

Siriak erasoko ez diola ziur dago Israel. Benjamin Netanyahu lehen ministroak, adibidez, segurtasun kabinetearekin bildu ondotik ez du Txinarako bidaia bertan behera utzi. Libanoko eta Siriako mugetako indarren buruzagi militar Yair Golanen ustez, aire erasoen ondoren Siriaren partetik ez dute gerrarako zantzurik atzeman. Hala ere, mugako eremuak alerta egoeran paratu ditu Tel Avivek. Golango gaina tentsio gunea da aspaldian, baina azken gertakariek areagotu egin dute egoera gaiztoa. Igandean bertan Israelek misilen aurkako bateriak ezarri zituen 1967tik okupatua duen zatian, eta atzo Siriako aldetik bi mortairu erori ziren bertze aldera. «Istripu bat izan dela dirudi, baina armadak ikertzen segituko du», adierazi zuen bozeramaile militar batek. Hori bai, bi mortairuengatik Israelek kexa bat aurkeztu die Golango gainean dauden NBE Nazio Batuen Erakundeko kasko urdinei.

Siriako Gobernuak Israeli leporatu dio horrelako erasoekin Ekialde Hurbil osoan «gerra handi bat» sor dezakeela. Gainera, Damaskorentzat frogatuta gelditu da Tel Avivek Siriako Gobernuaren aurka borrokan ari diren talde islamisten alde esku hartu duela. Nazioartean, inguruko herrialdeek erreakzionatu dute gogorren Israelekin. Arabiar Ligak, Egiptok eta Libanok eremuko egonkortasuna kolokan paratzea egotzi diote. Mendebaldean lasaitasunerako deiak izan dira nagusi, baina herrialde batzuk, AEBak eta Frantziak kasurako, ulerkor agertu dira Israelekin.

 




AEBetako Estatu idazkaria
 Errusiara iritsiko da gaur

John Kerry AEBetako Estatu idazkaria Moskura iristekoa da gaur. Vladimir Putin Errusiako presidentearekin elkartuko da lehenik. Bileren agendan daukate Siriako gatazka. AEBetako hedabideek iragan astean argitaratu zutenez, bidaia honen ondoren erabakiko du Etxe Zuriak matxinoei armak eman ala ez.





Israel gaitzesteko eskatu dio Libanok NBEri

Israelen aurkako gaitzespen adierazpen bat egiteko eskatu dio Libanok NBE Nazio batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluari. Beirutek bere subiranotasuna urratzea egotzi dio Tel Avivi, zehazki aire eremuan sartzeagatik. Israelek 2006ko gerraren ondoren onartutako ebazpena urratu du, Libanoren arabera.





Irango Atzerri ministroa Jordaniara joango da

Ali Akhbar Salehi Irango Atzerri ministroa Jordanian egongo da gaur eta bihar. Irango Irna agentziak jakinarazi duenez, hango gobernuko ordezkariekin elkartuko da, Siriako egoeraren inguruan eztabaidatzeko. Ramin Mehmanparast bozeramailearen arabera, elkarrizketa politikorako aukerez hitz egingo dute.





Siriako errebeldeek 

arma kimikoak erabili dituztela

 uste du Nazio Batuen Erakundeak

NBEk susmo «sendoak» dituela jakinarazi du Carla del Ponte juristak. Israelek erasoari ekin dio berriz ere gaur bi mortero jaurtiz Golanera. Zerbait egiteko eskatu diote Siriak eta Arabiar Ligak NBEri.
Berria.info   2013-05-06 - 19:33:20

Errebeldeak sarin gasa erabiltzen ari direla baieztatzen duten susmo "sendoak eta konkretuak" ditu Nazio Batuen Erakundeak, Carla del Ponte juristak azaldu duenez. 

Sirian gerra krimenak ikertzen ari da Del Ponte NBErentzat. Ez dute froga argirik, baina inguruko herrialdeetan dauden gerrako biktimekin eta euren medikuekin hitz egin ondoren iritsi dira ondorio horretara: biktimak artatu behar izan dituzten moduak agerian uzten du kimikoen erabilera. Errebeldeek ukatu egin dute arma kimikoak erabili izana.

Israelek, Erresuma Batuak eta Frantziak Sirian arma kimikoak erabili direla erakusten duten frogak jarri zituzten AEBen esku, baina orain egoera aldatu da, erabileraren susmoak errebeldeen aldean jarri dituztenean. 

Baxar al-Assaden gobernuak esan zuen, hain zuzen ere, matxinoek erabili zituztela arma kimikoak, martxoaren 19an Alepon egindako erasoaren ondoren. Identifikatu gabeko substantzia bat zeraman misil batek itomena eragin zien biktimei. Gutxienez 25 pertsona hil ziren, eta ehun zauritu. Gertakari horren ondoren erabaki zuten NBEk eta AEBek ikerketa abiatzea, eta Al-Assaden balizko arma kimikoen erabilerak esku hartzea zilegi egingo lukeela esan zuen Barack Obamak.


Israelen erasoak

Arabiar Ligak gaitzetsi egin ditu Israelek azken egunetan Siriaren aurka egin dituen erasoa. Azkena, arratsaldean izan da, bi mortero jaurti ditu-eta Golanera, ustez nahigabe, nahiz eta armadak ikertzen jarraitzen duen gertatutakoa, militarrengandik ateratako iturri anonimo batek jakinarazi duenez. Ez du aparteko kalterik eragin. Lehenengo erasoa ostegun gauean izan zen, eta bigarrengoa, atzo goizaldean. Israelek ez ditu bere gain hartu oraindik erasoak, baina Benjamin Netanyahuk esan du bere ardura dela Israelen etorkizuna eta segurtasuna bermatzea.  

Barack Obama AEBetako presidenteak ere argudiatu ditu erasoak, esanez Israelek bere burua defendatzeko eskubidea duela.

Mendebaldeko informazio iturriek diote arma biltegi batzuk izan direla erasoaren jomuga, eta arma horiek Irandik Libanora zihoazela, Hezbollahentzat zirelako. Argudio hori erabilita egin du eraso Israelek. Arabiar Ligak, ordea, Nazio Batuen Erakundeari eskatu dio zerbait egiteko erasoak lehenbailehen eten ditzan. Siriako prentsak esan du atzoko erasoak Jamrayaheko militar ikerketa gunea jo zuela. Errebeldeen arabera, armadako berrogei bat kide hil dituzte.

Bi eraso horiek izan dute beste aurrekari bat aurten ere, baina atzokoak batez ere bortitzagoak izan dira. Siriako Gobernuak errebeldeen alde jartzea leporatu dio Netanyahuri, eta, modu horretan, Siriako gerra zibilean esku hartzea.



Israelek 

eraso egin dio Siriari airez, 

Hezbollah-i armarik ez saltzeko

AEBetako NBC telebistak gobernuko iturriak aipatuta zabaldu du informazio hori, eta Israelek hala egin duela baieztatu du. Atzokoa da erasoa.
Berria.info   2013-05-04 - 22:52:58

Amerikako Estatu Batuetako NBC telebista kateak jakinarazi duenez, Israelek eraso egin zion atzo, airetik, Siriari. Informazio horren arabera, misil ugari jaurti zituen Israelek, eta Siriak Hezbollahi armak saltzea galarazi nahi zuen erasoarekin.

NBCk AEBetako Gobernuko iturriak aipatu ditu. Israelek Washingtonen duen enbaxadak, hasieran, ez du baieztatu nahi izan hala egin dutenik. Hala ere, enbaxadak esan duenez, «Israelek ezinezko egin nahi du Siriako erregimenak terroristei arma kimikoak edo beste era batekoak ematea». Gero, erasoa egin izana aitortu du Israelek.

AEBetako presidente Barack Obamak baztertu egin zuen atzo Siriako gatazkara soldaduak bidaltzeko aukera. Urtarrilaren 30ean, Israelek eraso egin zion Siriatik Libanora zihoan konboi bati; Israelek ez zuen eraso hura baieztatu, ezta ukatu ere; beraz, Israelek aitortutako lehen erasoa izan zen atzokoa.











argia



Errusiak eta AEBk

 Siriako gerra gelditzeko

 Bake Konferentzia egitea

 adostu dute

2013-05-08

 
Lavrov eta Kerry asteartean Moskun egin zuten agerraldian (argazkia: Reuters)
 
Errusiak eta AEBek Siriako gerra zibila geldiarazteko Nazioarteko Bake Konferentzia egitea adostu dute. Moskun bildu dira asteartean Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa eta John Kerry AEBetako estatu idazkaria, gaiaz eztabaidatzeko.

Bake Konferentzia hilabete honen amaieran egitea espero da. Bertara Bashar al-Assaden gobernuko ordezkariak eta haren kontrako indarren ordezkariak gonbidatu beharko lituzketela adostu dute bi herrialdeek. Bestalde, lehengo urtean Genevan hartutako erabakia aurrera eraman dadin saiatuko dira: Sirian trantsiziorako gobernu bat eraikitzea, hain zuzen.

Hainbat puntutan ezadostasunak daude bi herrialdeen artean, ordea. Trantsizio gobernu bat osatuz gero, AEBek al-Assad agintetik baztertu beharko litzatekeela esan dute orain arte, baina Kerryren hitzetan, hori siriarren erabakia izan beharko litzateke.

Bestalde, Lavrovek ez du erantzun zehatzik eman al-Assadekin zer gertatuko litzatekeen galdetu diotenean. Izan ere, Errusia betidanik agertu da Siriako gobernuaren alde, gatazkarako armak eskainiz.

Negoziatutako konponbiderik aurkitu ezean, indarkeria areagotuko da. Siria amildegian eror liteke, krisi humanitarioa handitu, baita herrialda zatitu ere” esan du AEBetako estatu idazkariak.

Eginkizuna orain Siriako goboernua eta kontrako talde guztiak mahai batean eserarazi eta negozioa bultzatzea da, baita Genevako komunikatua martxan jar dezaten konbentzitu ere”, gaineratu du Errusiako Atzerri ministroak.

70.000 pertsona baino gehiago hil dira dagoeneko Siriako gatazkan bi urteotan. Kerryk eta Lavrovek adierazi dutenez, Errusia eta AEBak beldur dira indarkeriak herrialdeko mugak gaindituko ez ote dituen; izan ere, Israelek airetik erasotu zuen Damasko ingurua igandean.


 



2013/05/01

ASKAPENA: GORA MUNDUKO LANGILERIA!

Gora munduko langileria! 

Herriok sozialismoa eta independentzia!





Maiatzaren Lehena:
 Euskal Herri Langilea Kalera,
 Borrokara!

Aurtengo maiatzaren batean ere, Euskal Herri Langileak baditu hamaika arrazoi kalera ateratzeko eta dagokiguna geureganatzeko.

Herri Langile izatearen kontzientziaz ospatu beharreko eguna da gaurkoa, zalantza gabe.

Kapitalaren erasoaldi bortitzenetarikoan, aurkitzen gara, non, datorrena daukaguna baino askoz kaxkarragoa izango dela dirudien, non demokrazia burgesa bera hankaz gora bota, eta XXI. mendeko diktadura berriak ezarri dituen Kapitalak eta Merkatuek, non Inperialismoak hainbat gerra fronte berri zabaldu dituen.

Baina, Herri Langileon etorkizunak, aldarritik haratago Sistema Kapitalista Inperialista errotik botatzeko adinako indar eta zuhurtzia behar du. 

Honegatik topatuko gara Maiatzaren batean Euskal Herriko kaleetan, gainerako Herrien eskakizun eta borrokekin batera, bidelagun.

Gora maiatzaren lehena!





2012/08/26

Gaur egungo Ezker Abertzalearen kritika (3)


NOR DA MITCHELL SENATARIA?


Oraingo Ezker Abertzalearen sorrera, guk bederen, 2009ko azaroaren 14an kokatzen dugu, data mugarri gisa. 

Oraingo Ezker Abertzalearen sorrera oso prozesu luze, dialektiko eta korapilatsua izan da, eta ez da erraza “lehengo” eta “oraingo” Ezker Abertzalearen artean etena noiz gertatu zen. Bertzeak bertze, gaur egun bere baitan hegemonikoa den sektoreak bereak eta bi egin baititu haustura teoriko-politiko-estrategiko larri hau ezkutatzeko.

Korronte honek gidatzen du gaur egun Ezker Abertzalea. Jakina, Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduaren baitan betidanik existitu den korronte abertzale-erreformista eta sozialdemokrataz ari gara, zeinak klase baten frakzioa ordezkatzen duen: Euskal Herriko burgesia txikia, independentista edota subiranista, Kapitalismoa “ezkerretik” kudeatzearen aldekoa (beraz, sozialdemokrata), identitatez baskoa edota euskalduna (bietarik baitago, hala linguistikoki nola kulturalki ere). 

Korronte hau Herri Batasunaren sorreratik izan da ENAMen, eta ez zen inolaz ere desagertu Aralarren zatiketarekin. Aitzitik, erran daiteke Aralarrekin elementurik likidazionistenak, sozialdemokratenak, burgesia txikiaren sektorerik agerikoenak joan egin zirela, baina barnean gelditu zirela, isilean eta gorderik lanean, Arnaldo Otegik modu paradigmatikoan ordezkatzen dituen sektore sozialak. 


Sektore sozial horiek badute beren klase-proiektua, burgesia txikiarena, independentismo burges utopiko eta anakronikoa: “Euskal Estatua” edota, guk nahiago dugun bezala, “Estatu Baskoa”, zeren aspaldian Joxe Manuel Odriozolak maisuki frogatu zuen bezala, Ezker Abertzalearen nazio-paradigmatik atera daitekeen bakarra Irlandako etnozidio zipaioa da. 

Sektore sozial hori izugarri indartu zen Lizarra-Garazi garaian Alternatiba Demokratikoaren irakurketa erreformista eta burgesa eginez (bazegoen bertze irakurketa bat, iraultzailea, tamalez nagusitu ez zena...). Korronte hau emeki emeki eta urtez urte nagusitasuna erdietsiz joan zen, eta Loiolako prozesuan erabateko hegemonia estrategikoa eskuratu zuen. ENAMen baitan noraeza estrategikoa zegoelarik, Euskal Iraultza Sozialistaren oinarri eta printzipio guztiak herdoilduta eta lausoturik, korronte honek bazuen taktika eta estrategia garbia, eta zorrozki abiatu zuen. Prozesu erreformista eta likidazionista honen gailurra, 2009ko azaroaren 14ko prentsaurreko tamalgarri eta lotsagarri hura izan zen.

Egun horretan, eta barne eztabaida oraindik zabalik zegoela, modu unilateral batean, ordura arteko ENAMeko militante talde zabal eta handi batek prentsaurreko bat egin zuen Altsasun. Bertan, historikoki urte luzez mantendutako estrategia zein printzipio politikoak baztertu eta aldatu zituzten, guk dakigula inorekin kontatu eta kontsultatu gabe, eta Mitchell printzipioak onartu zituzten. Erabateko lurrikara estrategikoa, eztabaida amaitzeko oraindik hiru hilabete falta zirela. Hurrengo gertakariak burdinazko logika horren baitan kokatzen dira eta denondako jakinak dira. Gehienak, bederen. 

Aunitzetan ez da aipatzen aldi berean, Venezian izandako nazioarteko bilkura batean, orduko Ezker Abertzaleak gauza bera adierazi zuela. Egunen batez jakinen ditugu adierazpen koordinatu hauen xehetasun bitxi eta esanguratsuak. 


Zinezko eta benetako “Estatu kolpeaz” mintza gaitezke, ENAMeko erakunde eta antolakunde guztien gainetik pasata, “lobby intergeneracional” batek egin zuena. Madrilen egin zèn epaiketa gogoangarri hartan agertu ziren xehetasun gehienak, nor ziren delako “lobby” horretan ari zirenak (batzuk, gutxienez), zertan aritu ziren eta nola erdietsi zuten Ezker Abertzalearen “Titanic” (sic!!!) biratzea. Noren alde eta norantz? Nork bere iritzia ukanen du.

Bertze lan batean funtsezko agiri ezin garrantzitsuago horren azterketa xehea eginen dugu, oraingo Ezker Abertzalearen ideologiaren kritika sistematikoaren baitan. Baina gaurkoan, prentsaurreko horren mamiaz eta ardatzaz informazioa eta argibideak eman nahi ditugu. Zeren eta han izan zirèn gehienek, oker ez bagaude, ez baitzekiten ia tutik ere Mitchell senatari estatubatuarrari buruz, eta hagitz gutti bere printzipioez. Alta, gizon famatu honi buruzko informazioa erdiestea aski erraza da, aise egiten den zerbait. 

Hutsune hori betetzera heldu da artikulu hau, euskal militante iraultzaileek beren iritzia hobeki osa dezaten.

George John Mitchell

 

George John Mitchell, Junior, 1933ko abuztuaren 20an sortu zen Watervillen, Estatu Batuetako ipar-ekialdean kokatuta dagoen Maine estatuan. 79 urte bete berriak ditu, beraz. Gaur egun Barack Obama Esttau Batuetako lehendakariaren bidali berezia da Ekialde Hurbilean. Estatu Batuetako Alderdi Demokratako kide esanguratsua da. Estatu Batuetako Senatuko gehiengoaren bozeramalea izan zen sei urtez, 1989tik 1995era. 

2004ko martxotik 2007ko urtarrilera arte, The Walt Disney Companyko presidentea izan zen. Negozio munduan, multinazional askotan aritu da lanean: Federal Express Corporation, Xerox Corporation, Unilever, Staples, Inc., Starwood Hotels and Resorts eta The Boston Red Sox baseball Team. Nazioarteko abokatu bulego bateko zuzendaria izan zen: DLA Piper, harik eta Ekialdeko Bidali Berezia izendatu zuten arte. Belfasteko Queen Univertsityko errektorea izan da, 2009ra arte eta protagonismo berezia izan zuen Irlandako “peace process” delakoan.


Mitchell senatariaren aita, George John Mitcheel Senior, jatorri irlandarrekoa zen, eta erlijioz katolikoa. Libanoko familia kristau maronita batek adoptatu zuen. Kristau maronitak Ekialdeko kristau arabiarrak dira, Eliza Katolikoaren baitan daude, bainan autonomia gorde izan dute mende mende. Arabieraz eta arameraz (Nazareteko Jesusen ama-hizkuntza) mintzatzen dira, eta gehienbat Libanon, Sirian eta Palestinan bizi dira. Diaspora oso garrantzitsua dute Frantzian, Australian, Kanadan, Mexikon, Brasilen, Argentinan, eta Estatu Batuetan. 

Mitchell senatariaren ama, Mary Saad, libanoarra, 18 urterekin iritsi zen Estatu Batuetara, eta ehungintzako langilea izan zen. Bere aita ikastetxe bateko atezaina izan zen. Senatariaren hezkuntza, beraz, kristau maronita izan da, hots ekialdeko katoliko arabiarrena.

George John Mitchell 1954 bukatu zituen ikasketak Bowdoin College Unibertsitatean, eta Estatu Batuetako Armadan sartu zen, bi urtez. Tenientea izan zen (First Lieutenant), Inteligentzia zerbitzuetan, hain zuzen, non eta Gerra Hotzeko garaiko Berlinen... 1961ean Zuzenbide ikasketak amaitu zituen Georgetown Unibertsitatean. 

File:George John Mitchell.jpg

1960-1962 urteetan abokatu lanetan aritu zen Administrazio Federalean, Wasingtonen, eta 1962-1965 urteetan, Edmund Muskie, Maineko senatariaren aholkulari exekutibo gisa lan egin zuen. 1965-1977an abokatua zen Portland hirian, Mainen beti ere.

1974an Alderdi Demokrataren izenean aurkeztu zen Maineko gobernadore izateko, bainan hauteskundeak galdu zituen hautagai independente baten kontra. Hala ere, Jimmy Carter presidenteak Maine fiskal izendatu zuen 1977an, eta 1979ra arte horretan aritu zen, harik eta Maineko epaile federal izendatu zuten arte.

1980ko maiatzean Maineko senatari izendatu zuen estatu horretako gobernadoreak, Edmund Muskiek senatari postuari uko egin ondoren, Estatu Idazkaria izateko. 1982an hautatu zuten hauteskundeetan, eta berriz ere 1988an, oraingo honetan botoen % 81ekin. 

Estatu Batuetako Senatuan kargu eta ardura handiak izan ditu. 1988-1995 urteetan Alderdi Demokratako senatarien liderra izan zen. Bere ardurapean, Estatu Batietako Senatuak onartu zituen North American Free Trade Agreement (NAFTA) ituna, eta Merkataritzaren Mundu Erakundea (ingelesez: World Trade Organization edo WTO).

Senatua utzi ondoren, goi mailako abokatuen bulegoetan aritu da: Verner, Liipfert, Bernhard, McPherson & Hand, Washingtonen, Preti, Flaherty, Beliveau, Pachios, Orlick & Haley, Mainen, eta DLA Piper, mundu mailan.

1995ean Irlandako gatazkan inplikatzen hasi zen, zehazkiago okupatutako Sei Konderrietan (“Northern Ireland” terminologia inperialistan, “Ipar Irlanda”, alegia, blog honetako bertze sarreran (“Bobby Sandsen biografia (2), hain zuzen ere) erakutsi eta frogatu dugu termino hori erabat faltsu eta koloniala dela) Estatu Batuetako Bidali eta Bitartekari berezi gisa aritu zen. Batzorde batean aritu zen buruzagi, printzipio politiko batzuk adosteko, zeinak Irlandako alderdi eta indar politiko guztiek onartu behar zituzten. Geroago, 1998ko Ostiral Sainduko hitzarmenaren sinadura gidatu zuen. 2001era arte Irlandako “bakegintza” inperialean murgildurik izan zen.

File:Clinton Netanyahu Abbas Mitchell 2 Sep 2010.jpg

Ondoren, 2000an, Bill Clinton Estatu Batietako lehendakariak Ekialde Hurbileko gatazkari buruzko txosten bat egitea agindu zion. 2001ean argitaratu zuten bere ikerketa, beti ere Estatu Sionistaren kolonizazio estrategiaren aldekoa, bainan “itxura demokratiko eta moderatuarekin”.

2009ko urtarrilaren 22an, Barack Obama lehendakariak eta Hillary Clinton estatu Idazkariak Ekialde Hurbilerako Bidali Berezi izendatu zuten George J. Mitchell. Bake Inperiala antolatu nahian, eragile “guztiekin” elkartu zen, salbuespen nabari batekin Hamas, Gazako zerrendako alderdirik bozkatuena. “Terroristak” omen ziren. Alta, ez zuen inolako arazorik izan Estatu Sionistako lehendakaria zèn eta den Benjamin Netanyahurekin elkartzeko.

File:NetanyahuMitchell.jpg

2011an erretiroa hartu zuen eta bizitza pribaturat itzuli zen. Baliteke horrek 2007an diagnostikatu ziotèn prostata-minbiziaren ondorioz izatea, edota bere adinarengatik ongi merezitako erretreta hartu izana. Dena den, Kapitalismo Inperialistak zerbitzari argi, leial eta eraginkorra izan du. 

26 urtez ezkonduta egon zen Sally Mitchellekin eta 1987an dibortziatu ziren. Alaba bat dute, Andrea. 1994an Heather MacLachlanekin ezkondu zen, zeinarekin seme bat duen, Andrew. 


Hona hemen berak idatzitako liburuak:

  • Mitchell, George J., with William S. Cohen. Men of Zeal: A Candid Inside Story of the Iran-Contra Hearings . New York: Viking, 1988.
  • Great American Lighthouses (1989)
  • World on Fire: Saving  an  Endangered Earth (1991) 
  • Not For America Alone: The Triumph of Democracy and The Fall of Communism (1997)
  • Making Peace (1999 — 1ª edición de 2000)
Bere biografia:

  • Gould, Alberta. George Mitchell: In Search of Peace. Farmington, Maine: Heritage Pub., 1996.

 

Mitchell Printzipioak


Mitchell Printzipioak Irlanda eta Britainia Handiko gobernuek eta Inperio Britainiarrak okupatutako Sei Konderrietako alderdi gehienek onartutako oinarrizko sei arau dira. Printzipio hauek  Sei Konderrien inguruko negoziazio prozesuan parte hartzeko oinarriak izan ziren. Negoziazioetan parte hartu nahi zuten guztiek honakoa beteko zutela argi utzi behar zuten:

Negoziazioetan parte-hartzaile diren guztiek honakoa beteko dutela berretsi behar dute: 

a) Gatazka politikoak konpontzeko bide baketsu eta demokratikoak baino ez erabiltzea.

b) Talde paramilitar guztiak desarmatzea.

c) Ados egotea desarme hori batzorde independente baten egiaztapenaren eskuetan egotearekin.

d) Euren kabuz indarra erabiltzeari edo indarraren erabileraren mehatxuari uko egitea eta besteek erabiltzen badute aurka egotea eta alderdi guztien arteko negoziazioak horrela bultzatzea.

e) Alderdi guztien arteko negoziaketaz lorturikoa errespetatzea eta bakarrik bide demokratiko eta baketsuak erabiltzea adostasunean ez dauden puntuak aldatzen saiatzeko.

f) “Zigorrezko” erailketa eta jipoiak gelditu eta horiek gelditzeko bideak hartzea.

(Report of the International Body on Arms Decommissioning, 22 January 1996)

Sinn Féin alderdiak hau onartu zuenean, Mugimendu Errepublikar osoaren oniritzia izan gabe,  kritika larriak jaso zituen beste errepublikar batzuen aldetik eta banaketak egon ziren alderdiaren barruan eta IRAren baitan ere, nahiz eta gehiengo zabalak Sinn Féinen eta Mugimendu Errepublikarraren barruan jarraitu zuen. Uste dut honekin dena erranda dagoela.


Militante iraultzaile bakoitzak bere iritzia osatuko du datu eta data hauek jakitean.


2012/08/12

III. Mundu Gerraren atarian (1)


III. MUNDU GERRAREN ATARIAN


ESTATU SIONISTA PREST OMEN DAGO IRANGO ZENTRAL NUKLEARRAK ERASOTZEKO

Noiz hasi zen I. Mundu Gerra? 1914ko abuztuaren 4an? Ala 1914ko ekainaren 28an, Gavrilo Prinzip ikasle serbiar abertzaleak Austria-Hungariako Inperioaren tronurako Franz Joseph I.aren oinordekoa zèn Franz Ferdinand printzea eta bere emaztea exekutatu zituelarik? Ala 1911ko Agadirreko kisiarekin? Ala 1908an, Austria-Hungariak Bosnia anexionatu zuenean? Ala 1905eko martxoaren 31an, Tangerreko krisiarekin? Ala 1899ko abenduaren 11an, Alemaniak Welpolitik aldarrikatu zuelarik? Ala ...? 

 

Noiz hasi zen II. Mundu Gerra? 1941eko abenduaren 7an, Pearl Harbour-eko erasoarekin? Ala 1939ko irailaren 1ean, naziak Polonian sartu zirenean? Ala 1938ko martxoan, Alemaniak Austria anexionatu zuenean? Ala 1937ko uztailaren 7an, Japoniak Txina inbaditu zuelarik? Ala 1936ko uztailaren 19an, Franco jeneralaren altxamendu faxistaren aurka Estatu Espainoleko Herri Langileek Iraultza Sozialista/Komunista/Libertarioari ekin ziotenean? Ala 1936ko martxoan, Alemaniak Rhinaldea militarizatu zuenean?


Gure hipotesiaren arabera, III. Mundu Gerra Estatu Batuek abiatu zuten 2001eko irailaren 11an, Afganistango gerraren garaietatik CIAren asmakeria, frankizia eta txotxongiloa den “Al Kaeda” izeneko talde salafista-integrista-fundamentalista musulmanen nebulosa-sareak egindako atentatuekin. Horretaz ere Thierry Meyssan militante antiinperialistak luze eta sakon idatzi du, noraino ez ote zen izan “autokolpe” magistral bat, Estatu Espainolean 1981eko otsailaren 23an egin zuten bezala, edota 1898ko “Maine” itsasontziaren afera, Espainiaren aurkako gerra inperialista piztu zuena, edota “Lusitania” itsasontziaren hondoratzea, zeinak Estatu Batuen parte hartze militarra eragin baitzuen I. Mundu Gerran, edota Pearl Harbour eraso “ustekabea” ...


 

 

  

Zertara dator erretolika apokaliptiko samar hau? Abuztuaren 10ean, duela bi egun, hain zuzen ere, Novosti prentsa agentzia errusiarrak (RIA NOVOSTI : www.ria.ru), honako albiste hau argitaratu zuen: “Estatu Sionistako sektore gogorra Iran azaroa aitzin erasotzeko presionatzen ari da”. 


Paranoia? 2012ko abuztuaren 10ean Yediot Ahronot Palestina okupatuko egunkari sionistak argitaratu duen artikulu batean, bi kazetarik adierazten dute estatu Sionistako Lehen Ministroa den Benjamin Netanyahuk eta Defentsa Ministroa den Ehud Barakek Irango instalazio nuklearrak erasotu nahi dituztela heldu den udazkenean, arazoa aitzin, Estatu Batuetako hauteskundeak baino lehenago. 




Ehud Barakek uste du Estatu Sionistak Hezbollah mugimendu libanoarraren suzirien bidezko kontraerasoari eutsiko liokeela, eta gerra irabaziko lukeela.


Iturri berberek diote Barak Obama kontra agertu dela, momentua ez dela argudiatuz, eta Estatu Sionista bakarrik arriskatzeko desaholkatuz. Estatu Sionistako sektore belizistek diote Iranek zenbat eta denbora luzeago izan, orduan eta aiseago izanen duela armamentu nuklearra garatzea. Estatu Sionistaren biziraupena jokoan dagoela uste dute. Irango Errepublika Islamikoa mehatxu iraunkor bat da proiektu sionistaren aurka, haien ustez, eta ondorioz, estatu antiinperialista hori “neutralizatu” behar dela uste dute, lehenago Palestina (Gaza eskualdea, bereziki), Afganistan, Irak, Libano, Libia eta Siriarekin egin (nahi) duten bezala.


Sionisten artean ez dago honi buruzko unanimitaterik, eta Armada bereziki eraso unilateral baten aurka agertu da. Gobernuan ere muturreko belizistak gutxiengoan omen dira.


Yedioh Ahnorot Estatu Sionistan gehien saltzen den egunkaria da, eta albiste hau bere lehen orrialdean agertu zen. Bertan iradokitzen zen Estatu Sionistaren ofentsiba militar unilateral honek bigarren helburu zeharkakoa izan lezakeela: Estatu Batuetako hauteskundeetan eragitea, Mitt Romney errepublikanoaren alde. 


Euskal Iraultza Sozialistako irakurleek aise ulertuko dutenez, azken hamar urteetako eraso inperialistak ikusirik, III. Mundu Gerraren atarian garateke. Haratago joanik, Gerra Inperialista ikaragarri baten erdian gara honezkero, ia-ia oharkabean.

Nork bere ondorioak atera ditzala!


 


SOZIALISMOA ALA BASAKERIA!!!
KOMUNISMOA ALA DESAGERTZEA!!!
GERRA INPERIALISTARI ERANTZUNA:
HERRI LANGILEEN IRAULTZAK!!!