LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

Etnozidioa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Etnozidioa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2013/05/17

PALESTINA BIHOTZEAN!

 
"PALESTINAKO
 HERRI LANGILEARI
 LAGUNTZEKO BIDERIK HOBERENA,
EUSKAL IRAULTZA SOZIALISTA
 EGITEA DA..."


 

EUSKAL HERRIA-PALESTINA :

BORROKA DA BIDE BAKARRA!!!

IRAULTZA DA IRTENBIDE BAKARRA!!! 

http://www.askapena.org/sites/all/themes/Askapena/cabecera.png
PALESTINAREN ALDE,
ELKARTASUNA ETA BOIKOTA!!! 


  
Palestinarekin elkartasunez hamaika ekimen izan dira gurean: hitzaldiak, erakusketak, bideo emanaldiak, muralen margoketa eta asteari amaiera emateko gaur Elizondon Euskal Herria-Palestina eguna ospatuko dugu!
 
Euskal Herria Palestina Eguna hirugarreneko aldiz ospatzeko aukera izango dugu maiatzaren 18an Elizondon, eta festa eguna izanda ere, aldarrikapenak leku nabarmena izango du Baztanen hilabete osoan zehar.

Euskal Herria Palestina Sarek gogora ekarri du "Israel"-ek, hots, Estatu Kolonial Sionistak,  nazioarteko legedia «urratzen» segitzen duela. Palestinak pairatzen duen okupazioaren aurka, Nazio Batuek 242 ebazpenean gaitzetsi zutena, Palestinako talde ugarik nazioarteko legedia urratzen duen artean "Israel"-i, hots, Estatu Kolonial Sionistari,  boikota egiteko nazioarteko deialdia egin zuten 2005ean. "Israel"-i, hots, Estatu Kolonial Sionistari, presio egiteko helburuarekin, BDS kanpaina abiatu zuten (Boikota, Desinbertsioa, Isunak), Palestinako Herriaren aurka ezartzen den apartheid sistemaren aurka eta Hego Afrikan izandako ereduari jarraituz.

"Israel"-i, hots, Estatu Kolonial Sionistari, boikota egiteko nazioarteko kanpaina horren lekukoa Euskal Herrian ere hartu dute talde ugarik, eta horren azkeneko gauzatzea izan da Euskal Herria Palestina Sarea. Bertan parte hartzen dute eremu askotako taldeek (internazionalistek, alderdi politikoek, sindikatuek, udalek, gazte erakundeek eta gobernuz kanpoko erakundeek, besteak beste). Giza eskubideak eta nazioarteko legedia errespetatzen ez duen bitartean, "Israel", hots, Estatu Kolonial Sionista ez da estatu demokratikoa izango. Horren aurka, eta Europako eta munduko Herrialde askotan bezala, Euskal Herria Palestina Sarea BDS kanpaina eramaten ari da aurrera.

Zentzu honetan, Palestina EH sarearen oinarrizko aldarriak bere biziko garrantzia du, Palestinarren hondamendia hasi zela 65 urte beteko diren honetan. Izan ere, palestinarekin elkarlana eta elkartasuna bultzatu behar dira aparheid politikari bizkar emanez, eta modu berean, Israelgo Estatu Sionistarekin, harremanak eteteko konpromezua berretsi nahi genuke, BDZ nazioarteko kanpainari jarraipena emanez. Eta bide batez, gainerako elkarte, eragile, udalerri eta norbanakoak ere bide honetan pausu irmoak eman eta BDZ deialdiarekin konpromoezua har dezazuen eskatu nahi dizuegu.

Eskubide hauek errespetatzen ez diren bitartean, Estatu Sionistaren edozein adierazpenen aurka protesta egingo dugu. Azkeneko urteotan Israeli boikota egiteko adierazpenak asko izan dira. Tel Aviveko Maccabi saskibaloi taldeak Gasteizen jokatu izan duenean edota Noak eta Mayumanak emanaldiak eskaini dituztenean, Palestinako herriaren ahotsa entzun da. Baita Hondarribian (Gipuzkoa) Israelgo sukaldaritzari buruz antolatuta zeuden jardunaldi batzuk bertan behera uztea lortu zuten herri palestinarraren aldeko ekintzaileek.

Ilan Pappe irakasleak 

Palestinarren garbiketa etnikoari buruzko 

hitzaldia eman du Gasteizen

 

 Euskal Herria-Palestina Sareak

 Ilan Pappe irakaslearen hitzaldia antolatu zuen

maiatzaren 14an 19.30ean

 Gasteizko Aldabe gizarte-etxean.

Pappe ‘Garbiketa etnikoa Palestinan’ liburuaren egilea, Haifan jaio zen, egungo Israeleko kostaldean, eta hango unibertsitatean Historia Katedraduna izan zen, harik eta 2006an, liburua argitaratutakoan, bere iritzien eta lanaren ondorioz, erbestera bultzatu zuten heriotza mehatxuak jaso zituen arte.


Egun Ingalaterrako Exeter Unibertsitatean ari da irakasle lanetan. Bere idazlan ugarietan Israelgo historia ofizialaren irakurketa kritikoa egiten du, zurruntasun historikoaren ikuspuntutik, eta akademikoaz gain, ekintzailetzat du bere burua. Gaur egun Israelgo Apartheid erregimenaren aurkako mugimenduaren erreferente nagusietakoa da mundu mailan.

 

 

EH Palestina Eguna girotzen hasteko

 ekitaldiak antolatu dituzte

 Lesaka, Bera, Elizondo,

 Doneztebe eta Iruritan

https://lh4.googleusercontent.com/-2kZ1GQsOMGc/UWvuRmlCZ9I/AAAAAAAAFNA/oXM3y7xjOTI/s512/BAZTANpalestinaldia_web.jpg


Apirilak 18, ostegunarekin, "5 cámaras rotas" pelikula ikusgai izanen da Berako Kultur etxean 20:00etan "Palestinaldia" zine-dokumentalaren barruan.
 
«Palestinarrei elkartasuna adierazteko, Israelek Nazioarteko Legedia bete eta Giza Eskubideak Errespetatu ditzan» Euskal Herria Palestina Eguna ospatuko da maiatzaren 18an Elizondon.

Horren harira, gaiarekin lotutako erakusketak eta pelikulak izan dira ikusgai  Lesaka, Bera, Elizondo, Doneztebe eta Iruritan.

Apirilaren 12tik 21era, Palestinar marrazkilarien irudiak ikusgai egon dira Lesakan. Bera eta Elizondon berriz, Gazako haurren marrazkiekin erakusketa paratu dute, Beran apirilaren 22tik 29ra arte eta Elizondon maiatzaren 1etik-17ra. Gaiarekin lotutako Unitate Didaktikoa ere eskaini dute. Lesakan apirilaren 22tik 28ra eta Iruritan maiatzaren 1etik 12ra.

Erakusketez gain, palestinar zine dokumental zikloa abian da. Dagoeneko Lesaka eta Elizondon, egin dituzte saioak eta orain Bera eta Doneztebekoen txanda da. "5 camaras rotas" pelikula ikusgai izan da apirilaren 18an Berako kultur etxean eta apirilaren 25ean Doneztebeko erakusketa gelan, 20:00etan.

 

 

 

 

Al-Nakbaren harira

 ekimen bisuala egin du

 Lizarraldeko Askapenak

Gaztetxean aste eta erdiz egon den erakusketa herriko foruen enparantzara jeitsi da. Bertan, larunbatean Elizondora juateko deia egiteaz aparte Israeli Boikot dinamikaren inguruko eskuorri informatiboak banatu dira.    

Ona izan da jendearen harrera, eta bertara, Lizarrako herritar ezberdinak, jatorri anitzekoak bildu gara, internazionalismoa praktikara eramanaz eta elkartasun harremanak indartuz.

Lizarraldeko Askapena
 

Errefuxiatu palestinarren lekukotasuna

 Urretxu-Zumarragako gaztetxean

Maiatzak 16 ostegunean Adel Mohamad Abou Salem izan dugu

 Urretxu-Zumarragako gaztetxean

 Euskal Herria Palestina Sarea-ren eskutik.

Hitzaldia arratsaldeko seietatik aurrera izan da, aditu baten testigantza zuzena jasotzeko aukera galduezina.
Adel Mohamad Abou Salem, Líbanon jaio zen 1970 urtean, Saida izeneko hiri ondoan dagoen Ein El-Hilweh errefuxatu eremuan (es.wikipedia.org/wiki/Ain_al-Hilweh). Bere gurasoak berriz, Mohamed eta Amine, Palestina iparraldean jaio ziren, Nazaret ondoan dagoen Safourieh izeneko herrixka batean (1948tik okupatua).

Kuban ikasi zuen Injeniaritza Mekanikoa, herrialde honek aberri lagunei eskeitzen dizkien beka unibertsitarioei esker.


Nuwat Elkartasun Zentroko zuzendaria da, Jendarte Garapenerako Agentziako Administrazio Kontseiluko kidea eta Palestinar Injeniarien Elkarteko lehendakariordea.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Euskal Herria-Palestina Sareak antolaturiko hitzaldi eta aste osoko ekimenen baitan burutu da Urretxu- Zumarragako gaztetxean Adel Abou Salem palestinar errefuxiatuaren hitzaldia.

Adel, errefuxiatu palestinarren bizimoduaz aritu da 30 lagun baino gehiago aurrean zituela. Egun, milioi erdi palestinar errefuxiatutik gora bizi dira Libanon, izan ere, Siriako gatazka eta Inperialismoaren parte hartzea hasi zenetik asko gaiztotu da bertako palestinarren egoera, ondorioz 70 mila palestinar errefuxiatu baino gehiago heldu dira Libanora azken bi urtetan bertatik.




































Bertako errefuxiatu guneetako egoera oso da gogorra. Izan ere, Nakba egunetik 1948tik milaka palestinarrek alde egin behar izan zuten bere etxeetatik, inguruetako herrialde arabiarretan hartu zuten babes. Haietariko askok errefuxiatu izendapena jaso bazuten ere, okupazio sionistaren jarraipen eta zabalpenaren ondorioz ehunka mila dira nortasun agiririk ere ez dutenak.  Libanoko errefuxiatu palestinarren egoera da guztietan gogorrena, hainbat traba baitituzte egunerokotasunean bizitzari aurre egiteko; ezinezkoa zaie 72 langintzetan aritzea, ezin dute etxe bat bere izenean izan, probezia tasak biztanleriaren 2/3ak gainditzen ditu, osasunean edo hezkuntza arlotan  zailtasun handiak dituzte normaltasunez bizi ahal izateko... 

Libanon egun dauden 12 errefuxiatu kanpalekutan, egoera antzekoa bada ere, Adelek bera bizi den guneko egoeraren berri eman du batez ere gaurko hitzaldian, hain zuzen EL-Hiwed en jaio eta bizi da egun. Garrantzitsua da oso errefuxiatuen auzia konpontzea, eta konpontzeak euren sorlekuetara, euren etxeetara itzultzea esan nahi du, derrigorrez, 6 hamarkada baino gehiago pasa arren deserrian. Zentzu honetan, nazioarteako gobernuen konplizitatea tarteko, "Israel"-go Estatu Kolonial Sionistaren mesedetan, haren aurkako presioa eta Boikot Desinbertsio eta Zigor ekimenean sakontzeko eskaera luzatu  digu bertaratuoi. Ondoren Arrasateko zenbait lagunekin batera afari ostean, errefuxiatuen gaia izan zuen berriz ere hizpide.
Errefuxiatu palestinarrak etxera itzultzeko eskubidea ez delako negoziatzen:

Errefuxiatu Palestinarrak etxera!
Gora Palestina Askatuta!
 

Porrotx pailazoak

 Euskal Herria eta Palestinaren arteko

 elkartasun zubiak eraiki ditu Iruritan

Porrotx pailazoak ume palestinarrak gogoan izan ditu behin baino gehiagotan, eta bere ikuskizunetan umore eta sentimenduak baliatzen ditu Euskal Herria eta Palestinaren arteko elkartasun zubiak eraikitzeko.

Joan den asteartean Iruritan eskeini zuen ikuskizunean 100 lagun inguru bildu ziren, Porrotx Palestinan, Euskal Herrian bezalaxe, ortzadarraren kolore guztiak badituztela ikusteko: zeruaren urdina, naturaren berdea, eguzkiaren horia (egunero zeruan agertzen zaigun patata tortillarena), bihotzaren gorria, emakumeen morea, kalabaza eta azenarioen laranja.

Palestinako eta Euskal Herriko banderek kolore berak ere badituztela, eta egun batean biek ala biek libre hegan eginen dutela erran zuen Porrotxek, akaberan jende guziarekin batean "Maite zaitut" kanta ezaguna abestu eta dantzatuz, hontakoan arabieraz emana.

Marrubizko eta txokolatezko muxuak eta familia argazkia  egiteko aukera izan zuten giro alai batean.


Hondamendia eguna herri Palestinarrarentzat


Maiatzaren 15ean, palestinarren Nakba berriz ere ekarri dugu gogora haren 65. urtemugan. Nakba arabierazko hitzak "hondamendia" esan nahi du eta palestinarren exodoa izendatzeko erabiltzen da. 
 
Palestinarren Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Erakundearen (UNRWA) arabera, "1946ko ekaina eta 1948ko maiatza bitartean ohiko bizilekua Palestinan zuten eta 1948ko Gerraren ondorioz etxeak eta bizibideak galdu zituzten pertsonak" dira. Haien ondorengoak aintzat hartuz gero, gaur egun sei milioi lagun inguru dira.


Egun honetan, eskubideen urraketa jarraia jasaten duten Herrialdeekin eta batez ere Palestinarekin gure elkartasuna adierazi nahi dugu, astean zehar abian jarriko ditugun ekitaldi eta ekimen ezberdinetan isladatu dena.


Giza eskubideen etengabeko urraketak, blokeoak, harresiak, apartheid sistemak eta errepresioak ez dute palestinarren zapalkuntza lortu. Egun, herri palestinarren 64ko urteko borroka goraipatu nahi dugu.





PRESO POLITIKORIK EZ DAGO ALDEBAKARTASUNAREN LURRALDE MIRESGARRIAN



 

"THE

 WONDERFUL

BASQUE

PEACE

PROCESS"

PRESENTS:

 

PRESO POLITIKORIK

 EZ DELA

  ONARTU DU

  EUSKO LEGEBILTZARRAK

 

Espainian eta EAEn

 preso politikorik ez dagoela

 dioen testua babestu dute PSE, PP eta UPDk; 

EAJren abstentzioari esker onartu da

EH Bilduk esan du

 «kriminalizazioaren» bidea

 zabaltzen duela onartutako ebazpenak

 

 Berria.info


PPk, PSEk eta UPDk bozkatu dute Espainian eta Euskal Autonomia Erkidegoan preso politikorik ez dela dioen legez besteko proposamenaren alde; abstenitu egin da EAJ, eta aurka bozkatu du EH Bilduk.
Berria.info   2013-05-16 - 12:26:20

Aurrera egiteko, zail

Eusko Legebiltzarrak 'preso politiko' esapideaz eztabaidatuko du gaurko osoko bilkuran, PPk aurkeztutako legez besteko proposamenaren bidez. Espainian preso politikorik ez dela ebatzi nahi du PPk, baina zail izango du adierazpenak aurrera egitea; alderdi guztiek aurkeztu dizkiote osoko zuzenketak PPren proposamenari.

Laura Mintegi EH Bilduko legebiltzarkideak martxoan adierazi zuen Fernando Buesa buruzagi sozialistaren hilketak "jatorri politikoa" izan zuela eta hilketa guztiak "ekidin" zitezkeela, "jatorri politikoa dutelako eta gizartearen, pertsonen eta politikarien esku dagoelako". Hitz horiek sortutako eztabaidaren harira egingo dute gaurko eztabaida.

Eztabaida legebiltzarreko bake eta bizikidetzari buruzko lantaldera eramatea proposatu du EAJk, iritzita "lehentasunezkoa" dela "oinarrizko adostasunak" lortzea. EH Bilduk, berriz, eskatu du Amnesty Internationalek 'preso politiko' esapideaz egiten duen definizioa bere egitea legebiltzarrak.

PSE-EEk aurkeztutako zuzenketan dio Espainia "estatu demokratikoa den heinean" herritarren eskubide eta askatasunak defendatzen dituela eta, beraz, "preso politikorik ez dela". Adiera hori erabiltzea delitu izatea proposatu du, berriz, UPDk, eta Espainiako Zigor Kodean "krimen terroristen ukazioa" txertatzeko eskatu du.


  1. Eusko Legebiltzarraren gaurko osoko bilkuraren hirugarren puntuan eztabaidatuko dute preso politiko esapideaz.
  2. 'Euskal Legebiltzar Talde Popularrak egindako legez besteko proposamena, zuzenbide- estatuaren eta gizarte demokratikoaren defentsa egiteko' du izena Alderdi Popularrak aurkeztu duen testuak. Hainbat osoko zuzenketa aurkeztu dizkiote, EAJk, EH Bilduk, PSEk eta UPDk bakoitzak bana.
  3. EH Bilduko parlamentari gehienak 'Herri harresia aurrera' leloa duten kamisetekin joan dira Legebiltzarrera.
  4. Hasi da 'preso politikoak' esapideari buruzko eztabaida.
  5. Borja Semper (PP): "Beharrezkoa da baztertzea egiatik urruntzen gaituena. Lotsagarria da hiltzaileei preso politiko deitzea".
  6. Borja Semperrek (PP) dio presoak ez direla "preso politikoak", baina biktimak "biktima politikoak" direla.
  7. Gorka Maneiro (UPD): "Lotsagarria eta onartezina da ETAko presoei 'preso politiko' deitzea. Onartezina da legebiltzar honetan EH Bilduri 'preso politiko' esapidea erabiltzen uztea".
  8. Maneirok uste du PPren proposamena "motz" geratzen dela eta "mesprezu politikoaz" gain delitu izan behar dela "preso politiko" adiera. Espainiako Zigor Kodean "delitu terroristen ukazio" delitua gehitu nahi du.
  9. Julen Arzuagak (EH Bildu) dio "inolako justifikazio edo zurikeriarik gabeko definizioa" ematen duela Amnistia Internazionalak. Definizio hori proposatu du koalizioak.
  10. Presoen motibazioa, ondorioak, trataera, zigorra, espetxean ezarritako neurriak eta abar politikoak direla adierazi du Arzuagak (EH Bildu). "Iritzi askatasuna eta haren ondorio zuzena den adierazpen askatasuna" aldarrikatu du, eta galdetu du ea nor den PP besteei esateko zein hitz esan behar dituzten.
  11. Rodolfo Ares (PSE): "Ez dago preso politikorik, zuzenbide estatu bat eta demokrazia ditugulako". Gogorarazi duenez, Europako Batzordeak iaz esan zuen "delitu terroristak" egin dituztenak ezin direla "preso politikotzat" jo.
  12. Aresek, EH Bilduri: "Ezingo duzue historia berridatzi". Esan du ideia guztiak defenda daitezkeela era baketsuan bada, eta horri esker dagoela EH Bildu legebiltzarrean.
  13. Maribel Vaquerok (EAJ) galdetu du zein ekarpen egiten dion gaurko eztabaidak bizikidetzari. Gaia Bake eta Bizikidetzaren Batzordean landu behar dela defendatu du, "titular ez eraikitzaileak" bilatu beharrean.
  14. Maribel Vaquerok (EAJ) Nazio Batuen Erakundearen irizpideen alde egin du: "Ez dira kontzientzia presoak edo preso politikoak, helburu politikoak dituzten presoak dira".
  15. Borja Semperrek (PP) Arzuagari esan dio EH Bilduk "arazo bat" duela presoekin eta koalizioarena dela arazo hori. "Ezin dugu onartu justifikatzeko asmoz "politiko" abizena jartzea".
  16. "Minduta" dago Semper (PP) EAJren jarrerarekin, "omisioz", onartzen duelakoan Espainian preso politikoak daudela. "Bortxatzaile bat zer da, motibazio sexual okerra duen presoa?".
  17. Gorka Maneirok (UPD) EH Bilduri: "Zuek zarete legebiltzar honen lotsa". Koalizioa legezkoa izatea ere lotsagarria dela esan du. Arrazismoarekin eta emakumeei botoa kentzearekin alderatu du 'preso politiko' adiera defendatzea.
  18. Gogoeta egiteko eskatu die Maneirok (UPD) Urkulluri eta EAJri, eta EH Bildurekin bat egitea egotzi dio. "Zuek demokratak zarete; esan behar duzue preso politikorik ez dela".
  19. Julen Arzuagak (EH Bildu) gogorarazi du Amnistia Internazionalak espetxe politika aldatzeko eskatu zuela, eta Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeak baieztatu duela inkomunikazioa eta torturak izan direla.
  20. Aresek (PSE) Arzuagari: "Denak ez gara berdinak. Ni demokrata naiz, eta zuk bidea egin behar duzu izateko".
  21. Bozketa: UPD, PP eta PSE, proposamenaren alde; EAJ abstenitu egin da, eta kontra bozkatu du EH Bilduk. 27 boto lortuta, aurrera egin du ekimenak.
  22. Legebiltzarrak onartu duen ebazpenak dio preso politikorik ez dagoela ez EAEn ez Espainian, ideia politikoak askatasunez defendatu daitezkeela legediaren barruan baldin bada, eta Espainia Zuzenbide Estatu bat dela, non herritarren eskubideak eta askatasunak babesten diren.

    Preso politikoak kontzeptua erabiltzea eragozteko urratsa egin du Eusko Legebiltzarrak. PPk eraman du gaia osoko bilkurara, PSEk eta UPDk bat egin dute proposamenarekin, eta EAJren abstentzioari esker aurrera atera da legez besteko proposamena. Euskal Herriko eta Espainiako kartzeletan preso politikorik ez dagoela eta «eskubideak eta askatasunak erabat bermaturik» daudela dio Eusko Legebiltzarrak onartutako ebazpenak. EH Bildu taldeak baino ez du kontrako botoa eman. Onartutako testua, berez, adierazpen politiko hutsa da, baina EH Bilduk ohartarazi duenez, etorkizunean preso politiko esapidearen «kriminalizazioa» ahalbidetu dezake, eta, beraz, ondorio judizialak izan ditzake hitz hori erabiltzeak.

    Legebiltzarrean izandako eztabaidaren jatorria martxoan izandako osoko bilkura batean dago. Laura Mintegi EH Bilduko legebiltzarkideak orduan adierazi zuen Fernando Buesa buruzagi sozialistaren hilketak «jatorri politikoa» izan zuela eta hilketa guztiak «ekidin» zitezkeela, «jatorri politikoa dutelako eta gizartearen, pertsonen eta politikarien esku dagoelako». Hitz horiek sortutako polemikaren harira eraman du PPk preso politiko kontzeptua erabiltzearen aurkako proposamena osoko bilkurara.

    PPk eta PSEk hitzartutako erdibideko zuzenketak aurrera egin du azkenean. Bi talde horien eta UPDren 27 boto lortuta, legebiltzarrak ebatzi du, «irmotasun osoz», Espainian eta Euskal Autonomia Erkidegoan ez dela preso politikorik, ETAko presoak izendatzeko esapide hori erabiltzea arbuiatu du, eta azpimarratu du ideia politikoak defendatzeko arazorik ez dagoela legeen arabera baldin bada, eta Espainia zuzenbide estatu bat dela, non herritarren eskubideak eta askatasuna babesten diren.

    Eztabaidan, preso politiko esapidea erabiltzearen aurkako argudioetan bat egin zuten PPk, PSEk eta UPDk, bai eta EH Bilduren aurka jotzeko orduan ere. Diskurtso gogorrena UPDk erabili zuen, adiera hori erabiltzea delitu izatea proposatu baitzuen Gorka Maneirok. Haren ustez, «onartezina eta lotsagarria» da preso poliko esatea, baina areago EH Bilduri esapide hori erabiltzen uztea. Maneiroren ustez, PPren proposamena «motz» geratzen da, eta Espainiako Zigor Kodeak «delitu terroristen ukazio delitua» jaso beharko luke.

    Borja Semper PPkoak, berriz, adierazi zuen «ETAko presoei» izaera politikoa ematea «iraina» dela gizarte demokratikoentzat, eta «lotsagarria» dela horrela deitzea «hilketak» egin dituztenei. Preso politikorik ez dagoela baina ETAk eragindakoak «biktima politikoak» direla esan zuen. Semperren ustez, EH Bilduk «arazo bat» du presoekin, eta «politiko» abizena erabiltzen du «bere aurpegia zuritzeko asmoz». Halaber, jeltzaleek proposamenaren aldeko botoa eman ez izana gaitzetsi zuen, iritzita jeltzaleek «omisioz» onartzen dutela preso politikoak daudela.

    Bide beretik aritu zen Rodolfo Ares sozialista: «Hemen ez dago preso politikorik, zuzenbide estatu bat eta demokrazia ditugulako». Gogoratu zuen Europako Batzordeak iaz esan zuela «delitu terroristak» egin dituztenak ezin direla «preso politikotzat» jo. Eta EH Bildukoei ere ohartarazi zien oraindik bide asko dutela demokratak izateko eta ezin izango dutela «historia berridatzi».


    Ez alde, ez kontra

    Jeltzaleek, berriz, eztabaida legebiltzarreko bake eta bizikidetzari buruzko lantaldera eramatea proposatu zuten, uste dutelako «lehentasunezkoa» dela «oinarrizko adostasunak» lortzea. Hala, PPri eta UPDri lantaldera batu daitezen dei egin zien Maribel Vaquero legebiltzarkideak, eta lantaldetik kanpo «eztabaida antzuak» elikatzen jarraitzeari uzteko eskatu zien.

    Jeltzaleak Nazio Batuen Erakundearen irizpideen alde egin zuen preso politiko kontzeptua erabiltzeko orduan: «Ez dira kontzientzia presoak edo preso politikoak, helburu politikoak dituzten presoak dira».

    sabino-arana

    Osoko bilkuran abstentzioaren alde egin arren, ondoren Joseba Egibar jeltzaleak aitortu zuen «atzerapausoa» dela PP eta PSEren ebazpena aurrera atera izana. Izan ere, esan zuen PPk lantaldean parte hartzea baino nahiago duela zenbait gairekin komunikabideetan «oihartzuna» lortzea.

    EH Bildurentzat ere «atzerapausoa» da onartutako ebazpena, «ideien kriminalizazioari» ateak irekitzen dizkiolako, bai eta etorkizunean ondorio juridikoak izateko aukera zabaltzen duelako ere: «Auzitegi Nazionalean eta Gorenean hona begira daude, frankotiratzaileak bezala, errepresio judizialean sakontzeko prest». Jeltzaleen abstentzioa «oso larritzat» jo zuen Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak, eta «ahulezia politikoa» leporatu zien PPren eta PSEren «joko arduragabean» sartzeagatik.

    Preso politikoez hitz egitea debekatu nahian PPk, PSEk eta UPDk iritzi eta adierazpen askatasunak urratu nahi dituztela salatu zuen Arzuagak, eta Amnesty Internationalek preso politiko esapideaz egiten duen definizioa bere egitea proposatu zion legebiltzarrari.

    Bizkaian, beste horrenbeste

    Bizkaiko Batzar Nagusiek ere antzeko proposamen bat onartu zuten atzo, PPren ekimenez. Espainiako Estatuan preso politikorik ez dagoela dioen ebazpena babestu zuten PPk eta PSEk, EAJ abstenitu egin zen eta Bilduk kontrako botoa eman zuen.
     







     artajo asurmendi

ABERTZALEAK ETA EUSKARA (5)


ABERTZALEAK ETA EUSKARA 
(5)



JOXE MANUEL ODRIOZOLA
 
 
BIGARREN BIDEGURUTZEA:
LURRALDE-NAZIONALISMOAREN
ERRAZKERIAK (II)

Galderen joan-etorri honetan hurrengo iltze gorria hementxe sartu nahiko nuke: nork du, zinez eta benetan, hizkuntza-nortasun espainiarrean eta frantsesean oinarrituriko herritarren artean Euskarazko Nazioaren egiazko eta ezinbesteko premiarik? Euskarazko Nazioaren benetako premiarik? Kultura euskaldunaren esparruan bizitzeko ziorik? Inork gutxik. Hori da egia. Egia latza bezain garratza.

Euskalduna izan gabe, nekez, oso nekez, onartzen da euskal herritarraren identitatea euskal hizkuntzari darion kulturaren araberakoa izatea. Gorago aipatu dugun ikerketa-inkesta horretan -Euskal Herri osoan barrena egina- ageri zaizkigun zantzu adierazgarri batzuk berez mintzo dira. Euskalduntasunaren eta abertzaletasun erdaldunaren arteko etena, eten nabarmena bezain etsigarria, egiaztatua geratu dela dirudi herritarren iritzi-jarreretan. Hona hitzez-hitz adierazia:

"Espero zitekeen moduan, euskaldunentzat pertsona bat euskal herritartzat hartzeko baldintza nagusienetako bat da Euskaraz hitz egitea, gainerako herritarrentzat bigarren mailako baldintza den bitartean" (Euskal nortasuna eta kultura XXI. mendearen hasieran, 2006).

Hala eta guztiz ere, euskalduntasuna dugu tasun eta eskakizun beharrezkoena inongo erainkuntza nazionalik mamituko badugu. Izan, ez baita izan ia inon dimentsio linguistiko edo kulturalik edo etnikorik gabeko nazio-batasunik eta leialtasun-lokarririk, ez mundu modernoan, eta ez aurre-modernoan. Humus egoki baten inguruan ernaldu dira munduko nazio proiektu guztiak: bai nazio dinastikoak, bai nazio moderno liberalak, bai nazio marxistak eta bai nolanahiko nazio-ereduak.

Nazio bat hizkuntzaz ez bada bereizgarri, darabilen hitza beste Herri batzuena ere badelako, orduan bere naziotasunaren humusak beste osagarri batzuk izango ditu elikagai. Hitzaurrean esandakoa gogoan, berritu dezagun nazio-identitatearen egitura ez dela elementu bakoitzaren araberakoa, elementu horiek dena delako nazio-egituran daukaten lekunearen areberakoa baizik. Osotasunak ematen dio elementu bakoitzari daukan garrantziaren tamaina eta itzala. Esate baterako, erlijioak monopolizatzen baldin badu identitate horren izaera, munduko Herri askotan gertatu bezala, horrek ez du esan nahi gainerako gizarte-osagarriak hutsaren hurrengoak direnik. Erlijioaren nagusitasun hori osotasunaren testuinguruan baitatza. nazio-egituraren barruko osagarrien elkareraginaren emaitza da Herri baten identitatea, horietako batzuk gailenduz eta beste batzuk mendeko bihurtuz.

Euskal Herri osoaren kohesio bila abiatuta, barne-lokarrien xerka hasita osagarri nazional bat azpimarratu nahi digu Arnaldo Otegik honako honetan:

"Horretarako Herri osoaren lurralde eta geografia kontzeptua berreskuratuko duen agertoki demokratikoa bilatu behar da lehendabizi".

Alde batetik, agerikoa denez, lurraldearen erakarpen-indarrean sinetsita bizi da Ezker Abertzaleko buruzagia. Beste alde batetik, berriz, lurraldearen nazio-erakarmen hori egia bihurtzeko, egoera politikoaren aldarri demokratikoa egiten du; bi baldintza horiek batera betetzen direnean batez besteko herritarra Euskal Nazioaren dinamikan murgilduko delakoan-edo. Euskal Nazioaren eraikuntza, baldintza demokratikoetan mamitzen ez bada, noski, nekez mamituko da gaur eta hemen. Nolanahi ere, bi baldintza horien erakarpen-indarrean Otegik sinesten duen bezala sinesteko, fede handia behar da demokrazian eta lurralde-izarian.

Goazen naziotasunaren egitura behatzera eta ikus dezagun gaingiroki balizko egoera demokratikoak zertan aldatuko lukeen lurralde-faktoreen jokoa. Sistema nazionalaren barruko elementu bati buruzko jarrera-atxikimenduak alderdi politikoen arabera aldatzen ote dira batez ere? Alegia, horretarako aski ote da espainiar nazionalismo totalitarioak -estatu bat totaliarioa da nazio anitzeko estatua izan eta nazio-estatu gisa funtzionatzen duenean- Hegoaldeko eremuan indar abertzale guztiak legeztatzea eta joko-arau demokratikoak ezartzea? Alderdi politikoen joko-arauak aldatze hutsak ekar lezakeen demokratizazioak ez dakit nola iraul ditzakeen nazio-egiturako osagarri nagusiak, berauek higaturik dituen Herri batean. Baikorkeriari darion arinkeriazko halakoxe usain bat hartzen diot diskurtso horri.

Izan ere, herritarren lurralde-kontzientzia higatuta baldin  badago, higadura horren arrazoiak ez dira alderdi politikoen aukera-berdintasun hutsean konpontzen. Nazio-egituraren elementu guztiak daude jokoan gure egoeran, eta horrek esan nahi du, besteak beste, botere-sistemaren geruza eta gizarte-izari guztiak direla aldatu beharrekoak. Elementu batean eragingo bada, egitura osoa baita eraldatu beharrekoa. Euskararen kontua ez al dute bada horrelaxe ulertzen militante abertzale gehienek? Ez al digute ba hitzetik hortzera zerea gogorarazten: "Marko politiko orokorra aldatu gabe, ez dago zer eginik Euskararekin". Horixe da leloa, eta horixe bera da, atzekoz aurrera jarrita, lurralde-auzian gogorarazi nahi niekeena nik hemen: "Euskal nazio-identitatearen egitura osatzen duten elementu nagusien egoera aldatu gabe, lurraldearen auziak jai dauka".

Aldian aldiko lokarriak garatu behar ditu Herri batek Nazio bihurtu nahi badu. Horretarako, aldi historiko bakoitzari erreparatu behar, egitura horretan herritarrak nazio-kide bihurtuko badira. Geure buruari galdetu beharko genioke ea zein elementu edo nazio-ezaugarri den orain eta hemen eragin-indar handiena duena. Alegia, dimentsio politikoari dagozkionak diren, ala dimentsio linguistikoari eta kulturalari darizkienak. Ekonomikoak eta sozialak diren ala ondare etnohistorikoaren errotik datozenak diren (hizkuntza, kultura, historia, eta abar). Izan ere, oso oker ez banago, faktore horien eraginkortasunean datza erantzunaren egokitasuna.

Lurraldearen lilura ezin dugu gainetik kendu. Errealitate fisiko eta geografiko hori hor geratu zaigu, Euskal Herriaren ondare eta oihartzun historiko gisa. Haatik, abertzalearen lurralde-anetsak mamitzeko estrategi politikoak, izan bortitzak ala demokratikoak, indarge ageri zaizkigu alde guztietatik. Euskal Nazio historikoak  jasan duen higadurak testuinguru ezin beltzago honetara ekarri baikatu:

"Horrez gainera, EAEn nahikoa zabaldua dago Euskal Herria hobekien definitzen duten lurraldeak Bizkaia eta Gizpuzkoa direla pentsatzeko joera, eta Iparraldean Euskal Herria hobekien definitzen duen lurraldetzat Iparraldeko barnealdea hartzekoa" (Euskal nortasuna eta kultura XXI. mendearen hasieran, 2006).

Demokraziaz mintzo zitzaigun Otegi Herri honen lurralde-batasuna pizteko asmoz. Demokrazia ondo dago, baina Nazio baten identitate-egitura ez da eraikitzen demokraziari esker bakarrik. Nazioa era askotara eratu dira, eta gehienak ez dira oso era demokratikoan eraiki. Nolanahi ere, demokraziak gutxi dezake etnos-ik ez baldin badago. Horixe baita Nazio proiektuaren eranamuinean dagoen nazio-kemena. Humus horretan erein behar dira naziotasuna taxutzen duten osagarri-haziak.

"Etnos gabeko demos gutxi dago historian".

Hori Emilio Lopez Adanek dio. Mario Zubiaga, berriz, oraindik ere urrutirago doakigu bere burtapenean:

"Ez dago demosik etnos edo nortasun kolektibo berezirik gabe".  

Hortik abiatuta, ondorio honetara iritsiko zaigu Zubiaga:

"Azken finean, "eraikuntza nazionala" esamolde pisutsuarekin adierazi nahi dena, euskal ethnos-aren ezaugarriak aintzakotzat hartuko dituen euskal demos-aren bidezko zer baten eraikuntza da."

Ezagun denez, jatorrizko Herriaren erro zaharren eta Nazio modernoaren arteko hartu-emanak ditzute hizpide hirurek, eta ez dute berezko kontraesanik antzeman hartu-eman osagarri horretan. Euskalduntasunaren erro zaharra ez dago zertan gutxietsi naziotasun modernoaren iturri beretik edateko. Ez baitago erabateko etenik Nazio etnokulturalaren eta zibikoa edo demokratikoa deiturikoaren artean, alde guztietatik horixe sinestarazi nahi badigute ere kosta ahala kosta. 

Joxe Azurmendi ere langintza berean jarriko dugu: Herri etnikoaren eta Nazio modernoaren arteko hartu-emanek nolako tratamendua izan duten ikuste aldera. Ondoko hauxe aurkitu du hartu-eman horien alde banatan zegamarrak:

"Nazio zaharra, mespretxuz Nazio etnikoa deitzen dena, ez da ezer, antropologoen entretenigarri ez bada. Herri/etnos horrek ez ei du berak bere burua hiritar deklaratu eta bere buruari Konstituzio bat emateko eskubiderik, beste hartan urtua ez bada. Hiritarra da, bai, baina zein-nolako hiritarra izatea daukan eta ez, bestek erabakitzen dio".    

Azurmendiren begiradak errotik atzeman du arestian aipatu dugun ustezko hausturaren trikimailua. Sokatiraren alde batean Herri etnikoa dago, subjektu politikoa ez omen den Herria -gurera egokituta, Herri euskalduna-, eta bestean hiritartasunaren logikan eratua omen dagoen Nazio-Estatu modernoa. Euskaldun garen aldetik ez omen dugu izan geure historian behar adinako kontzientziarik eta gaitasunik sokatira historikoan alderdi nazional modernoan kokatzeko. Ez genuen nonbait nazionalismo modernoaren trenik hartu, iturri zaharreko ura edaten lo hart genuelako-edo. Labur bezain zeharz adierazita: "Euskal Herri etnikoa ez da existitu ere egiten politikoki". Espainiarrak eta frantsesak bat datoz horretan, aho batez berresten dute Hegel-en harako hura: "Historiarik gabeko Herriak dira". zegokien une historikoan estaturik sortu ez zutenak.

Jatorrizko Herrien eta nazionalismo modernoaren artean dagoen ustezko kontraesan hori gezur ofizial baten dogma bihurtu da.  Eta gezurraren gainean eraikitako dogma hori oraindik bizi-bizirik dago gure artean bertan ere: Nazio modernoak sistema feudalarekiko zituen onurak nabarmendu eta jatorrizko Herrietan eragi duen genozidioa eta/edo etnozidioa ezkutuan gorde duen diskurtsoa nazionalismo handi-mandiaren mirabe ideologikoa besterik ez da. Alde onak goraipatu, alde makurrak isiltzeko. Horra oraindik ere filosofia politiko modernoaren teoriko ofizialek zer egiten duten historiaren interpretazioarekin. Zoritxarrez, abertzale ez gutxiren artean ere egia ofizial hori ez da auzipean jartzen, gezurra badirudi ere. jakinaren gainean gertatzen da batzuetan -ideologia espainlistaren esanera-, ezjakinean ez gutxitan -abertzaletasun demokratikoaren bedeinkaziopean-, eta azkenik, pragmatismo eta erralismo zurrun eta zekenak eraginda ere ez gutxitan.