LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

Feminismoa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Feminismoa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2013/05/12

TAMARA BUNKE : KOMUNISTA IRAULTZAILEA

  

 TAMARA BUNKE :  iraultzaile komunista


Haydée Tamara Bunke Bider (Buenos Aires, Argentina, 1937ko azaroaren 19a - Rio Grande, Bolivia, 1967ko abuztuaren 31a), TANIA ezizenaz ezagutua, iraultzaile komunista eta espioia izan zen. Paper garrantzitsu bat jokatu zuen Kubako gobernuan Kubako Iraultza ondoren, baita beste Latinoamerikako zenbait mugimendu iraultzailetan ere. 


Che Guevararen aginduetara Boliviako komunistekin batera borrokatu zuen emakume bakarra izan zen.

Tamara Bunke Buenos Aires hirian jaio zen 1937ko azaroaren 19an. Aita alemaniarra eta ama poloniarra zituen, biak militante komunistak. 1952an, Tamara Alemaniako Errepublika Demokratikora bidaiatu zen bere gurasoekin eta han, Alemaniako Alderdi Sozialista Bateratuko kide bezala onartu zuten 18 urte bete zituenean.

 
Ondoren Humboldteko Unibertsitateko Letren Fakultatean ikasi zuen, eta gainera Tiro kiroleko irakaslea izan zen. Kubako Iraultzaren garaipenaren berri izateak poztu zuen. 
 

1960an Che Guevara ezagutu zuen, honek Alemaniako Errepublika Demokratikoa bisitatu zuenean Kubako gobernu iraultzailearen delegazio komertzial baten buru zela.
1961eko maiatzaren 12an Kubara joan zen hango Ballet Nazionalak gonbidatuta, Alicia Alonsoren laguntzaz. La Habanako Unibertsitatean kazetaritza ikasi zuen. Ondoren, Frantsesez, Ingeleraz, Alemanieraz eta Espainieraz hitz egin zezakeenez, Hezkuntzako Ministerioan, Herriekin Adiskidetasunerako Institutu Kubatarrean eta Kubako Emakumeen Federazioan lan egin zuen. 

1963an entrenatzen hasi zen Inteligentzia Zerbitzuan lan egiteko. Handik aurrera, Tania bezala ezagutzen hasi zen. Cienfuegosen bere plan operatibo-praktikoa prestatu zuen.

Kubako Barne Ministerioaren entrenamenduaren ondoren, Boliviara joan zen Che Guevararen aginduz klase politikoarekin eta armadarekin harremanak hasteko, eta etorkizunean Iraultza bat hasi ahal izateko. Misio horretan Laura Gutiérrez Bauer izena hartu zuen.

La Pazen Juan Ortega Leytón eta Moisés Chire Barrientos margolariekin elkartu zen, azken hau Boliviako presidentearen senidea zen. Horrez gain, Gonzalo López Muñoz, Presidentziako Informazioen Zuzendaritza Nazionaleko burua zenarekin harremanetan jarri zen. Hain infiltraturik zegoen, ezen Alfredo Ovando Candiaren (Defentsako Ministroa) eta René Barrientos Ortuñoren (Boliviako Presidentea) lagun egin zen. Gainera, bertako gizarte-klase altuko pertsonen seme-alabei alemanierazko klase partikularrak eman zien, euren familiekin harremanak izateko asmotan.



1966an, Kubako Gobernuak bere lana arrakastatsutzat ebaluatu zuen eta Kubako Alderdi Komunistaren kide bezala onartu zuten. Mario Martinezekin, ingeniaritza elektrikoko ikaslea, ezkondu zen eta geroztik pasaporte boliviarra lortu zuen.

Gerrillarekin bat egin zuen, borrokalari berriak hartuz eta hauek borroka guneetara eramanez, Juan Vitalio Acuña Nuñez komandantearen taldean sartuz. 1967ko abuztuaren 31n Bunke eta beste zortzi gerrilari hil zituen Boliviako armadak Vado del Yeson (Puerto Mauricio, Rio Grande) egindako segadan.

Bere gorpuzkiak identifikatu eta Kubara eraman zituzten 1998an. Gaur egun, Santa Claran daude.
       

                          IZAR GORRI

KRISIA ETA EMAKUMEEN IRAULTZA




KRISI KAPITALISTA
 ETA
 EMAKUMEEN IRAULTZA SOZIALISTA


Lagun anonimo batek igorria

EGILEA:  ESTITXU ZULAIKA
2009ko urtarrilaren 8an argitaratua
 
EUSKAL HERIA SOZIALISTA,
 EUSKAL HERRIKO ALDIZKARI MARXISTA
 web orritik hartua: www.euskalherriasozialista.net

logo 
 

Krisi politikoa dagoenean eta gizartea pil-pilean jartzen denean, zapaldutako klasea kalera ateratzen da eta orduan emakumearen parte hartzeak ikusgarritasun handiagoa hartzen du: 1789an emakume langileak eta Parisko emakume merkatari txikiak izan ziren Frantziar Iraultzari hasiera eman zion Bastillaren hartzearen buru... Parisko Commune-n emakumeek gizonezkoekin batera borrokatu ziren hiria babesteko, emakumez soilik osatutako batailoia ere bazegoelarik.    

1917ko Errusiako Iraultza berriz, martxoaren 8an hasi zen, emakumearen egunean, emakume andana Lehen Mundu Gerran Errusiaren parte hartzeak ezartzen zizkien gabezien aurka Petrogradoko kaleetan manifestatu zenean. Mexikoko Iraultzan ere emakumeek modu aktiboan hartu zuten parte borrokan. Inperio Erromatarren aurka jaiotako mugimendu kristau iraultzaileari ere, erromatarrek, esklaboen eta emakumeen mugimendua deitu zioten. Eta horrela gertatu da historiako beste hainbat Iraultzatan, emakumeek paper protagonista jokatu dute eta ez kasualitatez.



Baina Iraultzen eta borroken giroa lasaitu denean, emakumea bere erantzukizun eta postu publikoetatik baztertu egin ohi izan da, klase zapaltzailearen ideologiaren arabera, “dagokion tokira” bultzatuz: etxe eta haurren zainketaz arduratzera. Emakumeak politikan duen parte hartzea estali egiten da honek berean iraun arren, Burgesiari ez baitzaio interesatzen emakumeak politika zein gizarteko gertakarietan duen presentzia dokumentatzea, honek politika berez gizonezkoen esparrua dela gezurtatuko bailuke.

Historia ofizialek emakumezko gobernariren baten edota nabarmendutako emakumezko militanteren baten kasuak aipatu arren salbuespen gisa erakusten ditu, emakumezko nekazari zein proletarioen kolektiboak prozesu sozioekonomiko guztietan izan duen presentzia ezkutatuz. Honela emakumeak Historian zehar izandako presentziaz jabetzeko liburu ofizialetatik kanpo bilatu beharko da.



Emakumearen zapalkuntza

Emakumea antolatu egiten denean, langileak beren eskubideak defendatzeko, etxekoandreak etxebizitza duinaren alde eta ikasleak hezkuntza publikoaren alde, lanaldi bikoitza hirukoitza izatera igarotzen da: lana, etxeko lanak eta aktibitate politikoa edo sindikala. Askotan gainera, gizarteko aurreiritziei zein familiaren erresistentziari egin behar zaie aurre, emakumearen parte hartze sozialak emakumeen eta gizonen betiko “berezko” rolak mehatxatzen dituela ikusten baitira. Emakumezkoen borroka kolektiboa ideologia zapaltzailearen aurkako borroka bihurtzen da, ahulak eta jasankorrak izateari uzten baitiote. Honengatik emakumeek lan baldintza hobeak edota soldata igoerak aldarrikatzen dituztenean ez dira ari borrokan klaseko eskariak bakarrik lortzeko, emakumearen parte hartzeak gizartean sortzen dituen aurreiritzien aurkako borroka ere bada.

Emakumearen aurkako zapalkuntza ez da amaituko honen bizi baldintzak, bizitza sozialean eta etxekoan, aldatu arte. Eta Kapitalismoa da emakumearen gaur egungo bizi baldintzak mantentzen dituena, fabriketan soldata baxuagoak ematen dizkiona, gizona baino lehenago kaleratzen duena eta etxeko lanen arduradun bakarra edo nagusiena izatera kondenatzen duena. Horrela, emakumearen zapalkuntza handiagoa denez, Kapitalismoaren mundu mailako krisiak gogorrago astintzen ditu emakumeak.



Kapitalismoaren garapena eta emakumea
 
XIX. mendean Marxek jada nabarmendu zuen kapitalismoak mozkin handiak lortzeko helburuz emakumeak eta umeak esplotatzeko zuen joera. Marxek hurrengoa idatzi zuen El Capital bildumako lehenengo atalean: “Horregatik, emakumeen eta umeen lana makinariako aplikazio kapitalistaren lehen hitza izan zen. Lanaren eta langileen ordezko indartsu hau soldatapekoak gehitzeko bide bihurtu zen segituan, langile familiako kide guztiak, sexua eta adina bereiztu gabe, kapitalaren berehalako zapalkuntzapean ipiniz. Kapitalistaren zerbitzurako zen lan behartuak ez zituen umeen jolasak soilik suntsitu, baita etxearen eremuko lan askea ere, muga moralen barruan, familia berarentzat”(C. Marx, El Capital. Madrid, Akal Editor, 1976, 1.bolumena, 2.liburukia, 110.or).

Herrialde kapitalista garatuetan produkzio moduen eraldaketak eta mozkinak etengabe areagotzeko kapitalisten saiakerak, emakume eta gazteen enpleguaren gehikuntza ekarri du baina soldata baxuen truke lan egiten dute, lan baldintza kaxkarretan eta ia eskubiderik gabe. Estatu Batuetan bakarrik, azken 50 urteetan 40 milioi emakume murgildu dira lan munduan eta Europan 30 milioi. Estatistiken arabera, gaur egun, Estatu Batuetako emakumeen % 99ak bere bizitzan noizbait egin du soldatapeko lanik. Emakumea lan munduan murgiltzea, berez gertakari iraultzailea, etxeko eta familia burgeseko mugetatik askatzeko aurretiko pausua da eta gizarteko herritar zein pertsona bezala aske eta guztiz garatzeko lehen pausua. Baina sistema kapitalistarentzat emakumea eskulan iturri merkea da, sektore zehatzetan eskulan falta dagoenean erabiltzen duena, eta beharra desagertzen denean berriz ere lan mundutik kanporatzen duena. Prozesu hau bi mundu gerretan ikus dezakegu, orduan emakumeek gerrara bidalitako gizonen lekua bete zuten fabriketan baina hauek itzultzean etxera bidali zituzten.




Emakumea berriz ere 50 eta 60. hamarkadan sartu zen lan munduan, gerra ondorengo kapitalismoaren gorakadan, eta etorkinen antzera eskulan merkea izan ziren. Azkenaldian emakume langileen kopurua handitu egin da produkzio katean zeuden hutsuneak betetzekoEgun “emakumezkoen indarra” eta “emakumearen mundua” aipatzen diren arren eta genero berdintasuna ziurtatzeko legeak egon arren, emakumezko langileak oraindik ere langile klaseko multzo esplotatuena eta zapalduena dira.

Iraganean klasetan banatutako gizarteak zera eragiten zuen emakumearengan: politikarekiko axolagabeak izatea, ez antolatzea eta ,batez ere, izaera pasiboa izatea, erreakzioarentzat oinarri soziala sortuz. Burgesiak elizaren eta prentsa burgesaren (emakumeentzako aldizkariak, etab.) zerbitzuak erabili zituen gizarteko maila honetan oinarritu eta boterean mantentzeko. Baina emakumeak gizartean duen papera eraldatzen doan heinean, aldatzen da bere egoera eta egun ikus dezakegu herrialde kapitalista garatuetan behintzat, gero eta gutxiago direla ezjakintasunean bizi eta gizarteak ezarritako papera (eliza, etxea eta haurrak) pasiboki betetzeko prest dauden emakumeak. Aldaketa hau etorkizunari begira ondorio garrantzitsuak izango dituen gertakari iraultzailea da. Burgesiak erreakziorako zerabilen nekazalgoaren erreserba soziala galdu duen bezala, berdin gertatu da AEB, Japonia eta Europa mendebaldean emakumearekin.





Emakumeen borroka, iraultza sozialistaren zati
Kapitalismoaren krisiak eta honek emakumea eta familiaren aurka etengabe egiten dituen erasoak emakume multzo zabala erradikalizatuko du, iraultzarako bidean jarriz. Marxistontzat garrantzitsua da emakumeen artean dagoen botere iraultzaileaz jabetzea. Maiz gizonak baino iraultzaileagoak izaten dira, hauek baino zapalduago egoten direlako. Askotan kontserbadore bihurtzen den eguneroko ekintza sindikaletik aske daude oraindik, ideia berritzaile eta freskoekin. Emakumeen grebatan ikus daiteke nolako ausardia eta erabakia duten. Marxiston egin beharra da emakumeak erakunde ezkertiarretan sartu eta parte hartzera animatzea, eskubide eta baldintza berberetan. Engelsek zioen bezala, emakumearen zapalkuntza klaseetan banatutako gizartearen adierazpen bat da eta bere suntsipena langile klaseak, zapaldutako gainerako taldeekin batera lor dezake soilik, ekintza kontziente eta iraultzaile baten bidez. Baina emakumeen borroka, beren eskaeren alde eta aurreiritzi sexisten aurka, langile klasearen baitan ere ematen da eta horregatik emakumearen zapalkuntzaren aurkako borroka Kapitalismoaren aurkako borrokan sartu behar dugu.


Kapitalismoak aurrera egingo badu, emakumearen zapalkuntza ezinbestekoa izango du. Emakume eta gizonek elkartuta borrokatu behar dute sistema hau suntsitzeko eta gizarte berri bat eraikitzeko, non pertsona bakoitzak, emakumezkoa ala gizonezkoa den kontuan hartu gabe, aukera berdinez gozatuko duen.

 
 

2013/05/06

Alava sarea: 70. urteurrena. Emakume militanteen oroimena

argia 

Alava sarea

Elkartasuna eta erresistentzia faxisten kontra

1937an euskal armada faxisten eskuetan erori zenean, lehen elkartasun sare ezkutua sortu zuten Bittori Etxeberria baztandarrak eta beste hainbat emakumek. Eusko Jaurlaritzari igorritako informazioa oso baliotsua izan zen preso zeudenei laguntzeko. Erakunde horrek amaiera tristea izan zuen baina; kideak atxilotu eta haietako bat, Luis Alava, fusilatu egin zuten egunsentiarekin batera duela 70 urte. Geroztik, Alava Sarea izena du.

 
1943ko maiatzaren 6an, ohiko heriotza segizioa Porlierreko kartzelatik abiatu zen Madrilgo Almudenako hilerrirantz. Hamar errepublikar eta sozialista zeramatzan kamioiak hilerriko hormaren kontra fusilatzeko, eta horiekin batera jelkide bat, Luis Alava Souto. Leku horretatik hurbil zegoen Las Ventaseko emakume presoek egunsentiarekin batera  tiro hotsak entzun zituzten, beti bezala. Baina han giltzapeturiko lau euskal emakumek (Tere Verdes, Delia Lauroba, Bittori Etxeberria eta Itziar Mujika) ongi zekiten egun hartako fusilatuen artean zegoen Luis Alava hura nor zen. Alde batetik, burkide eta sumario-kide izan zutelako, eta bestetik, bezperatik zekitelako “kaperan” zegoela, hau da,  fusilatzeko zorian.

Fusilatze horrek ebatzi zuen 1942ko irailetik denen burutan zegoen galdera: ea frankistek gauzatuko zuten azken zigor hori edo amore emango zuten egindako gestio diplomatiko eta politiko askoren aurrean. Bistan da ohiko aukerak irabazi zuela. 1939ko maiatzetik 1944ko otsaila arte 269 fusilatze kolektibo izan ziren Madrilgo hilerri hartan eta 2.663 lagun hil zituzten. Bigarren Mundu Gerrak norabidea erabat aldatu zuen arte, frankistek ez zuten inolako konplexurik izan ia astero halako sarraskiak egiteko.

Luis Alavaren heriotzak, frankisten gupidarik eza erakusteaz gain –sare hori hiru urte lehenago desegin zutenean erabat geldirik zegoen–, bertan aritu zen taldeari izena eman zion. Ordutik aurrera Alava Sarea gisa igaro da herri memoriara eta komunikabideetara.

Baina hilketa tamalgarri horrek izenetik harago doan ekimenean izan zuen jatorria. Erakundaren amaieran Luis Alava dugun arren, abiapuntuan eta jardunean erantzukizun handiagoa izan zuen jendea zegoen.
Elizondotik Baionara Santoñan barrena
Arestian aipatu ditugun emakume horiek izan ziren aitzindari Alava Sarea eratzen. Kantabria aldean euskal armadaren zati handi batek egindako errendizioaren karira sortu zen. 1937ko abuztuaren amaieran Santoñan eta Laredon hainbat euskal buruzagik italiarrekin hitzarmena sinatu zuten eta Eusko Jaurlaritzako agintariek berri zuzen eta zehatzak nahi zituzten, hura betetzen ari ote zen eta nolako ondorioak zituen jakiteko.
 

Presoen baldintzak eta egoera ezagutu nahian, Jose Maria Lasarte diputatu jelkideak eskaria egin zion Bittori Etxeberria baztandarrari. Etxeberria hariak mugitzen hasi zen Elizondon, Euskal Herriko lehen elkartasun sarea eratzeko. Bera izan zen lehen kate-begia Ipar Euskal Herrian zeuden buruzagi jelkideekin lotura izateko, eta era berean, gainontzeko euskal lurraldeetan preso zeudenekin bitartekariak lortzeko.

Etxeberriarekin batera emakume bi, Delia Lauroba eta Itziar Mujika donostiarrak, arduratu ziren Santoñan gertatutakoaz eta El Duesoko presondegiaren egoeraz datuak lortzen. Aitzakia ona zuten biek hara hurbiltzeko eta informazioa eskuratzeko. Laurobak  Jose Azurmendi senarra preso zuen El Dueson, eta Mujikak ere bi anaia zituen giltzapetuta, bata El Dueson eta bestea Ondarretan. Bilboko eta Burgosko kartzelekin lotura izateko, beste emakume bat izan zuten lagun, Tere Verdes bilbotarra, haren anaia Jose, Larrinagako eta Gaztelako espetxeetan egon baitzen.



Eskuinetik hasita bigarrena, Bittori Etxeberria, elkartasun sarearen sortzaile eta sustatzailea. Harekin, ezker-eskuin, Tere Verdes, Delia Lauroba eta Itziar Mujika, sarearen kolaboratzaile nagusiak. Atxilotuak izan aurreko argazkia da honakoa. (Sabino Arana Fundazioa)
Bittori Etxeberria baztandarra hariak mugitzen hasi zen lehen elkartasun sarea eratzeko. Bera izan zen lehen kate-begia Ipar Euskal Herrian zeuden buruzagi jelkideekin lotura izan eta preso zeudenekin bitartekariak lortzeko.
Sarritan, sareak egindako lana alferrikakoa izan zen presoen bizitza salbatu edo askatasuna erdiesteko, baina beste batzuetan, heriotza zigorrak beste zigor batzuekin ordezkatzea lortu zuten.
Luis Alavaren fusilatzea 1937an hasitako ekimen solidarioaren pasarterik tristeena izan zen. Ondorioz, espetxean geratu ziren burkideen eta herriaren oroimenean, orduz geroztik Alava Sarea da.
Sare horretan, Bittori Etxeberria ezinbesteko izan zen, informazio guztia mugaz bi aldeetara eramateko arduraduna baitzen. EAJren buruzagiek Eusko Jaurlaritzarentzat idatziriko Barne Zerbitzuaz txostenean, Etxeberriaren rola goraipatzen da: “Pepitarengandik (Bittori Etxeberriaren gerra izena Pepita Etxano zen) sortu zen erakundea. Hark egin zituen lehen urratsak; hark zabaldu zuen bidea. Egun, harreman ororen funtsezko oinarri izaten jarraitzen du. Laredoko azken unean, Pepita Etxanok ezkutuko txangoa egin zuen hara. Jarraian, berarekin elkarrizketatu ginen: probidentziazkotzat jo genuen. Berak ezagutzen zituen bitartekoak eta isolaturik zeuden hainbat abertzale, giza ekimenetan eta elkartasun lanetan zihardutenak… Hasieratik esan zigun bitartekoak zituela, esku onez eta erabateko ziurtasunez, mugaz bi aldeetako komunikazioa bermatzeko”.

Lau emakume horiek harilkatu zituzten sarearen atalak, azkar bezain sendo, eta Euskal Herritik harago hedatu zuten gainera. Abiapuntua Baionan izan bazuen ere, laster Baztanetik Iruñera, Donostiatik Bilbora nahiz Gasteiza, eta geroxeago, euskal presoak sakabanaturik zeudenez, El Duesora, Burgosera, Dueñasera eta Puerto de Santa Mariara heldu zen elkartasun sarearen eragina.

Hedapenean aurrera eramateko, hainbat partaideren laguntza izan zuten euskal lurralde orotan. Araban esaterako, Etxeberria Luis Alavarekin jarri zen harremanetan, eskualde horretako arduradun izan zedin. Nafarroan aise lortu zuen erakundea zabaltzea, talderik handiena osatuz. Bereziki muga lanetan aritu ziren Esteban Etxeberria, Felicitas Ariztia eta Timoteo Plaza baztandarrak, baita Felipe Oñatebia, Modesto Urbiola, Rafael Goñi Latasa eta Felix Ezkurdia ere. Gipuzkoan ere talde ederra jarri zuten lanean: Iñaki Barriola mediku ospetsuaz gain, Inocencio Tolaretxipi, Rafael Gomez Jauregi eta Patxi Lasa. Bizkaiko taldea txikiagoa zen eta Tere Verdesengan oinarritu zen, kolaboratzaile batzuk izan zituen arren, hala nola Julian Agirre eta Antonio Causo.
Sarearen helburuak
Gatibu zegoen euskal armadaren gehiengoaren patua atzemanda, presoen aldeko laguntza sustatzea izan zen eginbehar nagusia. Garrantzitsua zen erbestean zeuden buruzagien eta kartzeletan zeudenen arteko lotura mantentzea. Esaterako, preso zeuden Juan Ajuriagerra eta Jesus Solaun, harremanetan jarri zituzten mugaz bestaldean zeuden Jose Mari Lasarte, Ramon Agesta eta Juan Iturbe buruzagi jelkideekin. Espetxeetako informazioa Baionara eta Parisera bidaltzea zuten helburu, presoek zituzten zigorrak, heriotzarakoak bereziki, nazioarteko eragileen bitartez eragozteko.

Egundoko garrantzia izan zuten sarekideek eskuratutako zigortuen zerrendak, epaiak eta sumarioak, preso askoren bizitzari eusteko. Era berean, gerra amaitu baino lehenago burutu zituzten bi aldeetako presoen trukaketak aurrera eramateko, funtsezkoa izan zen beraiek bidalitako informazioa. Sarritan, sareak egindako lana alferrikakoa izan zen presoen bizitza salbatu edo askatasuna erdiesteko, baina beste batzuetan, heriotza zigorrak beste zigor batzuekin ordezkatzea lortu zuten.

Gerra amaitu ostean, egoera larriagotu egin zen. Alde batetik, presoen trukaketak bukatu zirelako, eta bestetik, errepresioa orokortu egin zelako. Kartzelen eta espetxeratuen kopurua ugaltzeaz gain, beste esparru errepresiboak –lan batailoiak eta kontzentrazio zelaiak– nonahi zabaldu zituzten Espainia frankistan. Hala, gatibu eta zanpatuekiko elkartasuna handitu egin zen, baita haien inguruko informazio beharra ere. Europan barrena erakutsi behar zen erregimen frankistaren errealitate errepresiboa, Britainia Handiak eta baita Frantziak ere –Jordana eta Bérarden arteko hitzarmenen ondorioz– onetsi zuten hura.

Baina informazioa ez zen presoen gaira mugatzen. Sareak izan zuen bigarren ekimena Espainiako Estatuari buruzko informazioa hornitzea izan zen. Gero eta okerragora zihoan egoera politiko-militarrari buruzko jakin-minak bultzatuta, jatorriz presoen aldeko sarea zena informazio sare ere bihurtu zen. Nazioarteko testuinguruak, Bigarren Mundu Gerraren bezperako egoerak, informazio nahi hori areagotu zuen gainera. Espainiako Gerra Zibilaren osteko giro gero eta liskartsuagoan, Frantziak eta Britainia Handiak beharrezkotzat jo zuten Pirinioetako alde bietan informazio ahalik eta zehatzena izatea.

Alava Sareari esker eta Eusko Jaurlaritzen bitartez, jakin zuten non zegoen Espainiako armada zabalduta, zenbat gotorleku eta kuartel zeuden mugaldean, itsasontzien mugimenduak nolakoak ziren, alemaniarren joan-etorriak, Espainiako barne egoera sozio-politikoa… Erakundearen eraginkortasuna itzela izan zen. Ia astero igorri zizkien erbestean zeuden Eusko Jaurlaritzako buruei agiriak eta informazio sortak. Parisko egoitzan sareari atzemandako txostenak zioen “liburuak, aldizkariak eta antzekoak aparte utzita, 1.242 agiri” jarri zituztela Jose Antonio Agirreren gobernukideen eskuetan.

Eraginkortasun hori esplikatzeko, kontuan izan behar da klandestinitatearen nekeak modu egokian eraman zituztela. Sareak iraun zuen bitartean, partaide batek baino ez zuen ospa egin behar izan, Agustin Ariztiak, polizia haren atzetik ibili zelako. Gainerako guztiek sareak bezainbeste iraun zuten jardunean, harik eta Parisen atzemandako txostenak Espainiako polizia haien arrastoaren atzetik jarri zuen arte.
Espetxea barrutik, heriotza larrutik
Alemaniarrek Paris hartzearekin batera, Eusko Jaurlaritzak Avenue Marceau-n zuten egoitza eskuratu zuten frankistek –gaur egun, itzulerarik gabeko lapurreta dela medio, Cervantes Institutuaren egoitza dena–. Gestapoko kideek eta polizia frankistek han aurkitu zuten Barne Zerbitzuaz txostena. Dokumentu horretan, izengoitiak eta gerra izenak erabiltzen ziren arren, ezaugarri eta datu asko zetozen sarearen gorabeheren inguruan: nola sortu zen, nortzuk osatzen zuten, zer nolako jarduna izan zuen… 1940ko ekainaren bukaera zen eta handik aurrera miaketak egiten hasi ziren polizia eta militar frankistak.

Sareko ordezkariek 1940ko abenduan azken bilera egin zuten Gasteizen, Ipar Euskal Herriko eta Frantziako egoera ikusirik, erakundea bertan behera uztea erabakiz. Artean, ez zekiten faxistak haien lorratzari segika zebiltzala jadanik. Polizia frankistak sareko kideen berri zehatza zuen. Erakundea desegin eta astebetera lehenbiziko atxiloketak izan ziren, sarea sortu zen tokian, Baztanen. Bittori Etxeberria, anaia Esteban eta Felicitas Ariztia harrapatu zituzten lehen  kolpean. Jarraian, atxiloketak ugaritu ziren Iruñean, Gipuzkoan, Gasteizen eta Bilbon. 1941 hasi berria zela, Madrilera 28 atxilotu eraman zituzten, Ondarretako, Iruñeko eta Larrinagako kartzeletatik igaro ostean.

Madrilgo espetxe eta checa edo atxilo-guneetan sakabanatu zituzten atxilotuak. Hasieran guztiak Fomento kaleko checan egon baziren ere, lehen itaunketak egin ostean, emakumeak Las Ventasko espetxera eraman zituzten eta gizonezkoak Porlierrera. Aukera paregabea izan zuten ezagutzeko, murruen barrutik, zein zen Espainiako kartzelen egoera latza: jende metaketa ikaragarriaz gain, gaixotasunak, gosea eta batez ere heriotzari beldurra, saca-k –presoak ziegetatik atera eta fusilatzea– indarrean zeudelako.

Sarean ibilitako asko heriotzatik gertu izan ziren, 1941eko uztailaren 3an epaitu ondoren kondena oso gogorrak jarri baitzizkien tribunalak: 19 heriotza-zigor eta gainerakoentzat kartzela zigor luzeak. Dena den, epaiari helegitea jarri zioten eta 1942ko irailaren 18an bigarren epaiketa izan zuten. Horren ondorioz, heriotza bakarrera –Luis Alavarena– eta kartzelaldi luzeetara mugatu zuten zigorra.

Behin betiko zigorrak jasota, Luis Alavaren bizia nola edo hala salbatzen ahalegindu ziren, kalean zeudeneko lana gogora ekarriz. Baina hortik aurrerakoak diktadura basatiaren magaletik burutu behar izan zituzten, eta Luis Alavaren kasuan, arrakastarik gabe gainera. Porlierren eta Las Ventasen gelditu zirenentzat, burkide haren heriotza 1937an hasitako ekimen solidarioaren pasarterik tristeena izan zen. Hori dela-eta, beraien eta Herriaren  oroimenean, orduz geroztik Alava Sarea da.

2013/05/03

Karmele Rotaetxe, euskal hizkuntzalaria

Kazeta.info

 

Karmele Rotaetxe

 hizkuntzalaria eta ohorezko euskaltzaina

 atzo zendu zen



Karmele Rotaetxe hizkuntzalaria eta ohorezko euskaltzaina.


Karmele Rotaetxe hizkuntzalari eta ohorezko euskaltzaina atzo zendu zen, 81 urte zituela. Euskararen gramatikari buruzko liburuak idatzi zituen, Euskaraz, Frantsesez eta Gazteleraz. Deustuko unibertsitatean, Euskal Herriko Unibertsitateko fakultate ezberdinetan eta Pariseko Sorbonan erakaslea izan zen. New Yorkeko Academy of Scienceseko eta Europako Hizkuntzen Tipologia Ikertzeko Programako kide izan zen. Eusko Ikaskuntzako Hizkuntza eta LIteratura Saileko presidentea izan zen. Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1979ean eta ohorezkoa 2004ean. Hileta elizkizuna maiatzaren 6an izanen da, 19:00etan Bilbon.
Karmele Rotaetxe Amusategi Bilbon jaio zen, 1932ko urtarrilaren 17an. Umea zela, eta Espainiako Gerraren ondorioz, Frantziara alde egin zuen familiak. Hortaz, Bordelen ikasi zuen Batxilergoa. 1967an, Filosofia eta Letretan lizentziatu zen, Deustuko Unibertsitatean.

1971an Sur un point de morphologie nominale du basque argitaratu zuen Fontes Linguae Vasconum aldizkarian Jean Leonce Doneuxekin batera. Leonce Doneuxek frantsesa eta Afrikako hizkuntzei buruzko liburuak idatzi ditu.

1977an, “Estudio estructural del Euskera en Ondarroa” izeneko tesiari esker -Koldo Mitxelenak zuzendua-  lortu zuen Doktoretza, Salamancako Unibertsitatean.

1977tik aurrera, Euskara klaseak ematen hasi zen, Bilboko Unibertsitate Autonomoan. Gero, Leioako Kazetaritza Fakultatean lan egin zuen, Euskara eskoletako koordinatzaile moduan.

1978an, Gasteizko Filologia, Geografia eta Historia Fakultatea martxan jarri zen eta bertan jardun zuen Rotaetxek, Frantses eta Hizkuntzalaritza Sailaren arduradun gisa. "L’accent Basque: Obsevations et hipothéses" liburua idatzi zuen.

1986an, Hizkuntzalaritza Orokorreko katedra eskuratu zuen.

1994-1995 ikaskurtean, Sorbona Unibertsitateko (Paris V – René Descartes) irakasle gonbidatu gisa ibili zen.

1997an, EHUko Kazetaritza Fakultatera itzuli zen.

Ibilbide luzea eduki du Euskararen morfologia eta sintaxia aztertzen. Europako hizkuntzen egoera ere aztertu ditu ikerkuntza esparru horietan eginez.

2001 urteaz geroztik, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle emeritua da.

New York Academy of Sciencesko kide izan zen,  Hizkuntzalaritza Sailan. 1 EUROTYP, Europako Hizkuntzen Tipologia Ikertzeko Programako kide iraunkorra ere izan zen. La Gran Enciclopedia del Mundon lan egin zuen, Eusko Ikaskuntzako Hizkuntza eta Literatura Saileko idazkaria izan zen 1987an, eta saileko presidentea 1987tik 1994ra.

1979ko abenduaren 23an, Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen eta 2004ko azaroaren 26an, aldiz, euskaltzain ohorezko izendatu zuen.

Akademiako Gramatika batzordekidea zen, martxan jarri zenetik. Bestalde, EGLU liburuetan parte hartu zuen hasieratik. Sustapen batzordeko aholkulari ere izan zen.

Zeruko Argia eta Anaitasuna aldizkarietan argitaratu zituen artikulu ugari.

2008ko maiatzaren 10ean, Mendebalde Kultura Alkarteak omendu zuen,  “euskal hizkuntzalaritzan aitzindari eta bidegile” izateagatik.

Argitaratutako lan nagusiak:

-Estudio estructural del Euskera en Ondarroa (1978)
-Sur un point de morphologie nominale du basque. Fontes Linguae Vasconum, 1971
-L’accent Basque: Obsevations et hipothésis. 1978
-Cultura oficial y lenguas minoritarias. 1980
-Lingüística lógica: la construcción ergativa vasca. 1978
-Numeral eta aditzen artek konkordantziaz. 1979
-Pluraleko ergatibo-adierazleari buruz. 1978
-Sociolingüística (1988)
-Soziolinguistika: hizkuntza eta gizartea Euskadin (1986)
-Tipología lingüística: dativo y datividad (1999)

BLANCA SALEGI, borrokan hildako lehen emakume gudaria

 

GERNIKAN, 

AHAZTUAK 1936-1977 ELKARTEAK

 INPERIALISMOA ETA FRANKISMOAREN

 INPUNITATEA

 SALATU DITU

 

(Gara. 2013 / 04 / 30)

 

Ahaztuak 1936-1977 erakundeak oroimen ekitaldia egin zuen pasa den igandean, Gernikako hilerrian, Iñaki Garai Lejarreta eta Blanca Salegi Allende auzokideak omentzeko. Biak tiroz hil zituen Guardia Zibilak 1975eko maiatzaren 15ean, beren etxean Jesus Mari Markiegi ETAko militantea babesteagatik.

Euri zaparrada i
ndartsuaren azpian, hogei bat pertsonek bi militanteen hilobiaren aurrean ekimena burutu zuten. Haien omenezko «agurra» dantzatu eta gero, Ahaztuak-eko kide batek hitza hartu, eta Frankismoaren kontra borrokatu zirenen memoria eta zilegitasuna goratu zituen.
 
 Azaldu zuenez, 1937ko apirilaren 26an Gernika suntsitu zuen bonbardaketak «erregimen faxista eta antidemokratikoa ezartzea zuen helburu. Beraz, honen kontra aritutako borroka eta borrokalari guztiek zilegitasun osoa daukate, eta haien memoria omentzeko eskubide osoa izan behar dugu».

«Honekin ez dugu terrorismoa goratzen -nabarmendu zuten Ahaztuak-ekoek- erresistentzia antifaxista eta antifrankista baizik. Era berean, ez da erakunde armaturik goratzen, Herriak erregimen faxista horri aurre egiteko erabil ditzakeen erresistentzia metodo guztiak baizik».

Hein horretan, memoriaren elkarteak Estatu espainolak Frankismoan egindako krimenen inguruan daukan jarrera gogor kritikatu zuen: «Erregimenak bere horretan jarraitzen du. Garaiko arduradun politiko, polizial, militar eta judizialen zigorgabetasuna ez dira aldatu. Sinbolo frankistak mantentzea, edota borrokalari antifaxisten kontrako sententziak bere horretan mantentzea ereduaren jarraikortasunaren adibide garbia dira».


Inperialismoaren kontra

Bestalde, egun berean, Merkurio plazan ere elkarretaratzea egin zuten, kasu honetan, «Eraso inperialistarik ez! Gora herrien borondatea!» lelopean, azkenaldian mundu mailan gertatzen ari diren erasoak salatzeko, Venezuelan kasu. Sahara eta Palestinar herriei ere elkartasuna adierazi zieten, «hitz hutsen gainetik, oraindik haien gaineko zapalkuntza mantentzen delako, euren etorkizuna erabakitzeko aukera ukatuz».
 
IÑAKI, BLANCA,
GOGOAN ZAITUZTEGU!!!
 
ZUEN BORROKA 
BURURAINO ERAMANEN DUGU!!!
 
AGUR ETA OHORE,
EUSKAL GUDARIAK!!!  


Uxue Alberdi: emakume, bertsolari, feminista

Uxue Alberdi:

"Feminismoak balio dit

 edozein gai beste era batera begiratzeko"

 

Durango - 2013ko apirilaren 29a, 08:31
anboto.org weborritik hartua / Bilgune Feministari esker!
Platerueneko Bertsozale Eskola zabalduko du Uxue Alberdik, maiatzaren 9an. Feminismotik jardungo du.

Zergatik, noiztik, begiratu bertsolaritza faminismotik? 

Gai hau nahiko berria da bertsolaritzan: Maialen Lujanbiok 2005ean eskaini zuen bere esperientziari buruzko berbaldia. Etiketa hori ipini ez bazion ere, edukia guztiz feminista izan zen. Askorentzako errebelatzailea izan zen hitzaldi hori, eta ordutik gu ere hasi ginen feminismoan janzten, nola jokatzen dugun ulertzen, eta praktikoki eta teorikoki ere ikasten genuena bertsolaritzan aplikatzen: emakume eta feminista bezala nola kantatu nahi genuen erabakitzen.

Zer jaso zenuten hitzaldi hartatik? Zergatik izan zen mugarri? 


Nik uste mugarria izan zela, Maialenek hitzetan jarri zuelako gu aspalditik sentitzen ari ginena. Mugarria da, kontzientzia hartzea ez zarela neutroa, inor ez dela neutroa, gure sexuaren arabera kargatuta daukagula generoaren motxila, eta horrek bizitzan eta bertsotan eragiten digula. Emakumeok ez gara bertsolaritzaren jardunak eskatzen dituen hainbat gaitasun garatzeko trebatuak izan: zentroa izateko ez gaituzte hezi, ezta arriskatzeko ere, hanka sartzeko, edota gure iritzia azken muturreraino mantentzeko... Emakume askori bereziki kostatzen zaizkigun berezko ezaugarriak dauzka bertsolaritzak.

Gai horiei buruzko gogoetak konpartitzeko, Plateruenekoa bezalako berbaldiak eskaini dituzue azkenaldian.

Bai, eta tailerretan parte hartu ere bai. Orain 10 urte, inork ez zuen honetaz berbarik egiten; orain ahotan darabilgu, behintzat. Izan ere, 2003an bildu ziren bertsotan eta bertsoaren inguruan zebiltzan emakumeak lehenbiziko aldiz. Beraiek euren nortasunari egozten zizkieten zenbait ezaugarri eraikuntza sozialaren ondorio zirela konturatu ziren: ez direla kasualitatea.

Zer eskaini dizu zuri begirada feminista horrek?

20-22 urterekin hasi nintzen kontzientzia feminista hartzen, eta aurkikuntza izan da niretzat: nire burua, bertsolaritza, bertsotan sentitzen dudana, eta mundua ulertzeko era. Feminismoak tresnak ematen dizkizu generoa deseraikitzeko, eta saiatzeko inertzietatik kanpo kantatzeko. Bertsolari bakoitzak pentsatu behar du nola kokatzen den, esaterako, sexuaren, harremanen, egoera politikoaren aurrean. Feminismoak eman dit talaia bat gauzei ertzetik, ezkerretik, modu sortzailean begiratzeko. Balio dit gai guztiei beste era batean begiratzeko.

Zein da hitzaldian transmititu gura duzuen ideia nagusia? 

Gure asmoa ez da inor epaitzea, gu lagundu gaituen teoria bat eta tresna batzuk plazaratzea baizik. Ideia nagusia da, ez dezagula pentsatu neutroak garenik; bertsolaritza ez da neutroa, bertsolariak ez gara neutroak, ezta entzuleak, epaileak, edo gaiak ere. Emakume eta gizonak oso modu desberdinean jarduten dugu, oso modu desberdinean epaitzen dugu gizon bat edo emakume bat, oso rol desberdinak espero ditugu gaietan... Hori dena feminismoaren tresnekin saiatzen gara ulertzen, eta deseroso sentiarazten gaituen hori aldatzen.

Zelakoa izango da berbaldia?

Teorikoa da, baina mami guztia anekdotekin eta adibide praktikoekin, gertatutako gauzekin azaltzen saiatzen gara. Anekdota asko oso graziosoak dira, eta jendeak barre asko egiten du hitzaldietan. Amaieran, iritziak trukatzeko aukera ematen dugu beti.

Esaterako, zelako egoerak kontatzen dituzue berbaldian? 

Hizkuntza ez dela neutroa esaten dugu, esaterako, eta hori anekdota batekin azaldu: Jon Maia eta biok geunden bertso afari batean, eta maleta handi bat atera ziguten txapel, peluka eta hainbat objekturekin. Momentu batean bibradore bat atera genuen maletatik: hasi ginen bibradoreari, zakilari buruz kantatzen. Oso erraz ari ginen, eta jendea barrez: oso ondo hartzen baitugu denok zakilaren inguruko umorea. Oso ohituta gaude. Une batean, baina, “egongo gara askatasunean zakilaz adina txiste aluaz egiten ditugunean” kantatu nuen, eta publiko guztia isildu egin zen, aulkietan deseroso mugitzen hasi ziren. Saioa amaitzean, Jon Maiak berak esan zidan: “25 urte daramatzat plazetan, eta hau izan da ‘alua’ esan dudan lehenengo aldia”. Horrek ikustarazten du errealitate osoa: gizonen sexualitateaz eta desiraz etengabe kantatzen da; emakumeen desira beti da objektua.

MARISOL GOGO-BIHOTZEAN...


MARISOL MUJIKA,


EUSKAL GUDARI  
KOMUNISTA IRAULTZAILEA


 
Marisol Mujika Areitaortuena 1951ko Otsailaren 27an Ermuan jaio zen. Aitaren fabrikako lanek eta esplotazioaren esperientziek langile kontzientziara hurbildu zuten txikitatik. 

EMKn, Euskadiko Mugimendu Komunistan afiliatu zen. Portugaletera joan zen bizitzera eta han gizarte asistentzian lan egin zuen.

Okondon ere egon zen bizitzen bikotea eta seme alabekin; baina dena utzi eta Nicaraguara joan zen FSLNrekin borrokatzera.

Etxera bueltatu eta IRAULTZAn militatzea erabaki zuen Herri aske eta gorri baten alde. Sestaoko Centro Galegon lanean hasi zen.

1991ko Apirilaren 30ean, Langilegoaren Egunaren bezperan, ekintza baterako lehergailuak eztanda egin zion eskuetan eta bertan hil zen beste bi kiderekin batera: Rosa Diez eta Jesus Fernandez.

 
  
Iraultza Hego Euskal Herrian 1980ko hamarkadan aritutako talde armatu komunista iraultzailea izan zen. Lehen agerpena 1981ean egin zuen.

Politikoki, borroka armatua borroka sozialetan eragiteko tresna gisa ikusten zuten, gizarte borrokak nazio arazoari lotutakoen gainetik jarriz. Era horretan, ez zuten zerikusirik ETA erakundearekin, zenbaitetan esan den bezala; eta Hego Euskal Herriko ezker-muturreko zenbait sektorerekin harremana zuten.

Ekintzen helburuak


Bere ekintza armatuak lehergailu bidezkoak izan ziren, batez ere langile borroka eta gatazkekin zerikusia zuten eraikinak erasotuz (INEMeko bulegoak, aldi baterako lan-enpresak...). Estatuaren eraikinak (Correoseko bulegoak, esaterako) ere erasotu zituzten, eta baita AEBekin loturiko enpresak ere. Horrela, "estatubatuar interesen aurka lehergailu gehien ipini zituen Europako taldea" izan daiteke. Iñaki Egaña historialariaren arabera, Iraultzaren ekintzen %29 lan gatazkak zituzten enpresei loturikoak izan ziren, eta %19 AEBen interesen aurkakoak.

Historia


Sortu eta ondorengo urtean, 1982an, lehergailu bidezko 23 ekintza egin zituen Iraultzak. Hamarkadan sartzearekin batera, ekintzen kopuruak behera egin zuen, eta 1989an 9 ekintza egin ondoren, lehergailuak jartzeari utzi zion.

Ekintzotan taldeko hainbat kidek bizitza galdu zuten, lehergailuak prestatzen edo jartzen ari zirela: 1983an Ángel Fernández oñatiarra, 1984an Bilbon Jose Mari Prieto Pese eta Jose Mari Orbezua (haien omenez Hertzainak taldeak Pakean utzi arte abesti ezaguna sortu zuen), 1986an Juan Carlos Gallardo, eta 1991eko apirilaren 30ean Sestaon (Bizkaia) Rosa Díez Sainz, Jesús Fernández eta Marisol Mujika. 

Taldeak ez zuen pertsonen aurka bideraturiko ekintzarik burutu.

Zatiketa eta Iraultza Askeren sorrera

1990eko hamarkadaren hasieran zatiketa gauzatu zen taldean. 1991eko martxoan, Iraultzak batzar bat burutu zuen, eta bertan bi jarrera agertu ziren. Batzuen ustez, Iraultzak borroka armatu klasikoaren araberako eskemarekin jarraitu behar zuen; eta besteen arabera, borroka armatua, gizarte mobilizazioen mesedetan, alde batera utzi beharra zegoen. Horrez gain, antolakuntza ereduari buruzko eztabaidak handiak ziren. Azkenean, haustura gauzatu eta 1992an borroka armatuarekin segitzearen aldeko sektoreak Iraultza Aske sortu zuen. Beste sektoreaz (taldeko zuzendaritza alde honetan zegoen) ez zen berri gehiago izan eta, dirudienez, erabakiaren berri eman gabe taldea deuseztu zuten.

Iraultza Aske

Iraultza Aske, bada, 1992an atera zen argitara agiri batean izen hori erabiliz. Talde berriak hainbat lehergailu jarri zituen, «ingurumenaren degradazioaren, arrazismoaren, matxismoaren, patronalaren esplotazioaren aurka, langile klasearekiko elkartasunez, langabeziaren, Espainiako Gobernuaren politikoa ekonomikoaren, errepresioaren aurka, eta preso eta erbesteratuekin elkartasunean». Badirudi azken ekintza armatua 1996an egin zuela Iraultza Askek. 1998. urtean, ETAk su-etena iragarri eta gutxira, komunikatua bidali zuten Egin egunkarira, su-etenarekin bat eginez. Orduz geroztik ez da haien berririk izan.
  

AGUR ETA OHORE,
EUSKO GUDARIA!!!

LANGILEEN BORROKA,
IRAULTZA GORRIA!!!

MARISOL, 

HIRE BORROKA

BURURAINO

 ERAMANEN DINAGU!!!

Izar Gorri
 

2013/05/02

Aitamak presondegian...

Berria.info 
2013-05-02


Hesi arteko irritxoak

 

Kristina Getek eta Alaitz Iturriotzek ere badakite ez dela erraza espetxean haur bat izan eta haztea. Trabak traba, erabakia merezi duela diote: «Haurrak zoriontsu dira».

Hodei Iruretagoiena


Kristina Gete, Gesalarekin, Picassenteko Valentzia III espetxean (2007). / BERRIA


"Erabaki genuen ez zutela baldintzatuko gure bizitza», esan zuen Nahikari Otaegik joan den astean, zazpi hilabeteko haurrarekin espetxera aurkeztu aurretik. Hori bera askotan esan ohi zutela gogoratu du Itziar Iturriotzek. «Espetxeak nahikoa baldintzatzen gaitu bestela ere. Zure ilusioa amatasuna bizitzea bada, ez dezatela baldintzatu». Urte askoko ibilbidea dute Euskal Preso Politikoen Kolektibokoek Espainiako, Frantziako zein beste herrialde batzuetako espetxeetan. Bide luzea, eta hamaika errealitate. Adibidez, espetxean guraso izan direnena. Eta adin batera arte amarekin espetxean hazi diren haurrena. Kasu asko egon ez direnez, nahiko ezezaguna da errealitate hori, baita presoen kolektiboaren barruan ere.

Ezagutzen dituzte espetxe barruko amentzako moduluak Iturriotzek eta Kristina Getek. «Sehaska bat ematen dizute; baina, bestela, dena berdina da», dio Iturriotzek. Diotenez, aldea dago espetxe batetik bestera. Picassentekoa ezagutzen dute ondoen, han egon baitziren denbora gehien. «Hau da amen modulu bat?», galdetu zion bere buruari Kristina Getek, zazpi hilabeteko zegoela hara eraman zutenean. Ez dago «baldintzarik onenetan»: herdoilduta dauzka ateak, ohikoa da arratoiak eta labezomorroak aurkitzea, ez dago haurrentzako bainuontzirik, ur berorik ere ez askotan.

Susmoa bazuen, baina Iturriotzek ez zekien haurdun zegoenik atxilotu zutenean. Ibon Urrestarazu bikotekidearekin atxilotu zuten, 2004ko azaroan, eta zalantza handiak izan zituzten: «Hasieran, beldur asko dituzu». Zigor eskaera handiak zituzten biek. Hala ere, aurrera jotzea erabaki zuen, eta ez zaio damutu. Soto del Realetik pasatu, eta Brievara eraman zuten. Han ez zuten ginekologorik, eta ospitalera atera behar izaten zuten probak egitera, «horrek esan nahi duen guztiarekin». Ospitaleko tratua «oso ona» izan arren, poliziek, mehatxu bidez, «lotsagarri» utzi nahi izaten zuten. «Baina prestatuta zoaz, berdin zaizu zer esaten dizuten. Aurrera egin behar duzu, haurrarengatik». Brievatik Sotora eraman zuten sei hilabeteko zegoela, eta Gregorio Marañon ospitalean izan zuen Intza.

Espetxean zeudela erabaki zuten Josu Lonbidek eta Getek haurra izatea. Gogorra izan zen Geterentzat Gesalaz erditu zeneko gaua. Lau guardia zibil jarri zizkioten atean, eta mehatxuka aritu zitzaizkion gau osoan, haurra jaioberrien gunera eramango zutela esanez. «Eserita pasatu nuen gaua, haurra besoetan nuela». Hurrengo egunean, berehala eskatu zuen espetxera itzultzeko. Erditu zenetik hogeita lau ordu baino gutxiago pasatu arren, senda-agiria eman zioten. «Medikuak ez zidan sinesten gertatu zitzaidana. 'Sinesten dizut, bestela ez zenuke eskatuko espetxera itzultzea', esan zidan».

Eguneroko borroka

Espetxeko bizi-baldintzak ez dira inorentzat izaten errazak. Behar bereziak izan arren, ez dute erraztasun gehiago izaten haur batekin daudenek. Egunero borrokatu behar dute amek haurrengatik. «Beste norbait duzu zure ardurapean, eta zutaz ahazten zara», azaldu du Getek. «Pure batengatik ere borrokatu egin behar da». Iturriotzen esanetan, espetxe berean gizonezko presoak egon arren —beste modulu batean—, oso zaila zaie borroka horretan laguntzea. «Egunero hor ez bazaude, ez dakizu zein diren haurraren beharrak. Beraz, bakarrik zaude espetxearen aurka».

Hamabostean behin etortzen zen pediatra Valentzia III espetxera, eta sei ume bakarrik artatzen zituen, jaio berriak zirenak. «Tokatzen bazitzaizun ondo, bestela, hor konpon». Mediku bat bazegoen erizaindegian, baina, Iturriotzek azaldu duenez, «paso» egiten zuen. «Gainera, erizaindegian denetik dago. Askotan nahiago duzu ez atera haurra, infekziorik harrapa ez dezan». Arazoren bat izanez gero, umeak ospitalera ateratzea izaten da aukera bakarra. Gesalak bederatzi egun eman behar izan zituen ospitalean. Lehen gauean, lau guardia zibil izan zituzten ospitaleko gelan. Pediatriako zuzendariak bota behar izan zituen.

Espetxetik ateratzea, ordea, ez da samurra izaten. Anbulantzian egiten dituzte lekualdatzeak. «Anbulantzian, baina eskuburdinekin», gogorarazi du Getek. Nola edo hala moldatu behar izaten zuten haurra besoetan eramateko: «Beso batean haurra, eta bestea eskuburdinez barra bati lotuta». Polizien «zaintzapean» egon behar izaten zuten beti. «'Terrorista-kume' izaten zen gure haurrez esaten zuten finena».

Baliabide gutxi izaten zuten heziketarako ere. Kanpotik euskarazko ipuinak edo musika erostea, esaterako, debekatu egiten zieten. Hala ere, lortzen zuten zerbait sartzea, paketeetan. Jostailuak haurrei eskuetatik kentzen ere ikusi ditu Getek funtzionarioak. Pirritx eta Porrotxen kartel bat jarri zuten behin ziegan, eta kentzera behartu zituzten, «eta» jartzen zuelako. «Terrorismoa» goratzen omen zuen. «Besteei ez zieten halakorik egiten, guri bai. Guri aplikatzen zizkiguten kolektiboari aplikatzen dizkieten zigor guztiak, baina ondorioak haurrek jasaten zituzten», azaldu du Getek. Pailazoak etortzen zirenean, esaterako, honela esaten zieten: «Gaur pailazoak izango dira haur guztientzat, zuentzat izan ezik».




«Zu ezin zaituzte zigortu, esaterako, bakartze ziegara bidaliz. Beraz, haurrarekin hartzen dute mendekua». Hori xantaia moduan erabiltzen zutela diote. «Umeei esaten zieten: 'Zuen amek garbiketa egingo balute...'», gogoratu da Gete. Iturriotzen ustez, haurra kalera ateratzea da lortu nahi dutena, «izorratu» egiten baititu preso politikoak euren haurrekin egoteak. Guztiarekin ere, bat datoz biak borroka hori merezi duela. Naturaltasunez bizi dute haurrek espetxeko egunerokoa, hori baita ezagutzen dutena: «Haurrek sekulako gaitasuna dute zoriontsu izateko, nahiz eta giltzapean egon».

Amaren eta haurraren arteko harremana, berriz, «oso intentsua» izaten da. Kanpoan beste ume bat ere izan du Iturriotzek, eta azaldu du ez duela zerikusirik: «Kartzelan, zu eta bera da, hogeita lau orduz». Haurrak hiru urtera hurbiltzen direnean, prestatzen hasi beharra dago kalera irteteko unea. Psikologoen laguntza baduten arren, hori da «gogorrena», ama bien esanetan. Iturriotz eta Urrestarazu behin-behineko espetxealdian izan zituzten, eta ez zekiten zein izango zen jasoko zuten zigorra. Haurrak lau hilabete betetzen dituenean, kalera irten daiteke. Bi urte bete ondoren, asteburuetan ateratzen zuten Intza, familiarekin, kalera ohitzen joateko. Behin betiko ateratzeko sei egun falta zitzaizkionean, errugabetzat jo zituzten biak.

Presoen medikuek diotenez, kalera irten aurreko hilabetea da garrantzitsuena haurra prestatzeko. «Euren modura azalduta, dena ulertzen dute», dio Getek. Bisean biseko bisita batean atera zuen haurra, familiarekin. «'Zuk gero beste atetik atera beharko duzu', azaldu nion». «Beso bat kentzen dizutenean bezala» sentitu zen Gete. Hamaika urteko espetxealdiaren ondoren, bederatzi hilabete geratzen zitzaizkion betetzeko: «Eternitate bat izan zen. Espetxean luzeena egin zaidan denboraldia».

Aita presoaren ezintasuna

Haurrekin dauden amen egoera ez da erraza, baina espetxean dauden haien bikotekideena ere ez da gutxiagorako. Badira aitak seme-alabekin pasatutako orduak konta ditzaketenak. Baita hilabeteak haurra ikusi gabe pasatzen dituztenak ere. Oroitz Salegik, esaterako, oraindik ez du ezagutzen Allur bere semea, zortzi hilabete beteak dituen arren. Mansillan dute preso Salegi, eta Aranjuezko espetxean dago haurra, Lierni Armendariz amarekin. Espainiako legeriak ezkonduta dauden bikoteei espetxe berean egoteko eta «trabarik gabe komunikatzeko» eskubidea aitortzen dien arren.

«Afektiboki, sentimentalki, gogorragoa da aitaren egoera», dio Iturriotzek. Astean behin, berrogei minutuko bisitak izaten zituzten aitek amarekin eta haurrekin. Hilean behin, elkarbizitza bisitak, ordu eta erdi ingurukoak. Iturriotzek dioenez, ezintasuna da halako egoeran dauden aitek sentitzen dutena: «Gauzak kontatzen dizkiozu, eta berak ezin du ezer egin». Haurra hazten ari dela ikusten dute, denbora badoala.

2013/05/01

IBIL (3) EUSKAL ERREPUBLIKA SOZIALISTA



EUSKAL
 ERREPUBLIKA
 SOZIALISTA





1.- EUSKAL HERRI LANGILEAREN SUBIRANOTASUN ERABATEKOA: INDEPENDENTZIA. Euskal Errepublika Sozialistaren subjektu politiko bakarra Herri Langilea izango da: Burgesiak ez du eskubide politikorik izango.

2.- OLIGARKIA ETA KAPITAL HANDIAREN ONDASUN GUZTIEN NAZIONALIZAZIOA: BANKA, INDUSTRIA, LURRAK, ETXEBIZITZAK. Gainontzeko lantokietan langile kontrola ezarriko da, ekonomiaren erabateko sozializazioa lortu arte. Euskal Errepublika Sozialistak ez du kanpo zor inperialistarik ordainduko, ezta kobratuko ere.

3.- ERAKUNDE INPERIALISTA GUZTIETATIK ATERATZEA: OTAN, EUROPAR BATASUNA, EUROA. Euskal Errepublika Sozialistak politika internazionalista garatuko du: paperak etorkin guztientzat, laguntza eta babesa munduko gainontzeko borroka iraultzaileei, beste Errepublika Sozialistekin federatzeko aukera.

4.- AMNISTIA OSOA ETA BALDINTZARIK GABEA. Gudari eta iraultzaile guztien askatasuna. Haien borrokaren zilegitasunaren aitortza. Zapalkuntza nazional eta sozialaren erantzuleei herri epaiketak.

5.- BURGESIAREN TALDE ARMATU GUZTIEN DESEGITEA (Ertzaintza, Foruzaingoa) EDOTA ESPULTSIOA (Guardia Civil, Policía Nacional, Gendarmerie, CRS) EUSKAL HERRITIK. Euskal Herri Langileak bere autodefentsa armaturako tresnak sortuko ditu.

6.- EUSKARA EUSKAL HERRIAREN HIZKUNTZA NAZIONAL BAKARRA. Berreuskalduntzeko Plangintza Nazionala.

7.- PATRIARKATUAREN AURKAKO POLITIKA IRAULTZAILE GLOBALA: generoaren araberako zapalkuntzarik gabeko Herria eraikitzeko.

8.- ETXEBIZITZAREN ARAZOAREN KONPONBIDE IRAULTZAILEA. Hutsik dauden etxebizitza guztien alokairu sozial derrigorrezkoa. Langileen hipoteka guztien ezabatzea.

9.- PROIEKTU TXIKITZAILE ETA DESARROLLISTA GUZTIEN GELDITZEA ETA OREKA EKOLOGIKOA BERMATZEKO PLANGINTZA NAZIONALA. Energia eta baliabideen kontsumoaren jaitsiera planifikatua. Euskal Herriko ekosistema berreskuratzeko neurriak.

10.- EUSKAL ERREPUBLIKA SOZIALISTA ESTATU LAIKOA IZANGO DA, LANGILEEN BILTZARREN BOTEREAN OINARRITUA.