LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

Herri euskalduna etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Herri euskalduna etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2013/05/24

Filipe Bidart

 Kazeta.info

 

Filipe Bidart: 

"Atzeman behar da aterabide bat presoentzat

 ahantzi gabe funtsezko arazoa,

 Euskal Herriaren egoera 

eta aterabide politikoa"



Felipe Bidart. Argazkia Bob Edme.


Filipe Bidart militante abertzalea izan da Ahoan Bilorik Gabe emankizuneko maiatzeko gomita. 

Euskal hedabideek hilabetero elkarrekin egiten dugun emankizunean Bidartekin mintzatu gara: "Baigorriko semea, euskalduna, irakaslea izana. Orain pixkat zahartua eta itzuli luze bat egin ondoan berriz etxera itzulia". Kanaldude, Euskal Irratiak, Ipar Euskal Herriko Hitza, Herria eta KAZETA.INFO-ko kazetarien galderei erantzunez Bidartek Euskal Herriko egoeraren inguruko azterketa egiten du historiari eta etorkizunari ere so eginez. 

Lehen atal honetan lekukotasun pertsonala egiten du aldi berean presoen egoera eta erronkak ere aztertuz. Bake prozezuari buruzko analisia egiten du, borroka armatuaren estrategiaren uztearen arrazoiak aztertuz eta desobedientzia zibilaren bide berriaren aldeko arrazoiak eskeiniz

Gai horien guztien inguruan Bidartek egin dituen adierazpen nabarmenen bilduma eta elkarrizketa osorik irakurtzen ahal da heldu den lerroetan.

Bidartek elkarrizketaren lehen bi ataletan Euskal Herriko egoeraren azterketa sakona egiten du, iraganari eta etorkizunari ere begiratuz.

Lekukotasun pertsonala egiten du Bidartek: "31 urtez aldaketa frango bizi eta jasan ditugu eta berriz itzultzean bada lan bat egiteko, Euskal Herria berriz ezagutzeko, ikusteko nola aldatua izan den, izan diren aldaketak eta harremanak berriz lotzeko".

Presoez hainbat adierazpen egin ditu: "Gaur egun oino segitzen dute militanteak arrestatzen, kondenatzen eta kondena dorpeak emaiten. Hori kezkagarria da, zeren eta horrek urruntzen du gero eta gehiago aterabidea eta zailtzen du bake bidea". Gaineratzen du: "Segitzen dute errepresionearen politikarekin, eta hori biziki kezkagarria da, jakinik biziko kondena zer den".

"Euskal presoek badute zantza hori, indar ikaragarria ahaide eta lagunen aldetik. Duten elkartasun hori, sentitzen den elkartasun horrek ematen die sekulako indarra, bainan kanpokoentzat biziki zaila da".


"Pentsatzen dut Frantses eta Espainol estatuak blokatzeko arrazoina eta bidea presoetan dutela". Hobeki azaltzen du estrategia horren muina: "Entsaiatzen dira mugatzea euskal arazoa euskal presoen arazora, eta euskal presoen arazoa deno ez dituzte funtsezko arazoak aipatzen aipatzen eta hori da manera bat sahiesteko egiazko eta funtsezko arazoa".


"Alde batetik atzeman behar da aterabide bat presoentzat ahantzi gabe funtsezko arazoa, Euskal Herriaren egoera eta aterabide politikoa".


Borroka armatuaren estrategiari eta estrategia aldaketari buruzko hainbat iritzi ere plazaratu ditu: "Borroka armatua abiatzea eta garatzea, baita Iparraldean ere, beharrezkoa zen Euskal Herriaren biziraupenerako"


"Bagenekien ondorio latzak izanen zirela, bai militantearentzat, bai mugimenduarentzat, bai Euskal Herriarentzat". "Nahiz eta jakin zein ondorio izanen zen beharrezkoa iruditzen zitzaigun, eta hortan sinisten dut beti".

"Garai batez beharrezkoa zen estrategia hori eramatea Iparraldean eta ene irudiko emaitza onak ekarri ditu eta orokorki egoera aintzinarazi du Iparraldean".



"Errepresioarengatik borroka armatua garatu da, beraz ez da errepresionearengatik borroka armatua gelditu baldin bada. Borroka armatua gelditu baldin bada izan da egoera aldaketagatik eta militanteen artean eta mugimendu barnean eztabaida hori geroz eta gehiago pausatu delakotz. Hausnarketa baten ondorioa izan da".


"Azken hamar urteetan zaku berean emanak izan dira borroka armatua eta terrorismoa. Horrek ondorioak izan ditu Euskal Herrian ere, baita mugimenduan ere. Horrek elementu bat gehiago ekarri du estrategia aldatzeko".


Bake prozeazuaren irakurketa egiten du Bidartek: "Gaur egun ez gara joaten gehiago enfrentatzerat, borrokarat, hausturararen egiterat, baizik eta entsaiatzen gara indarrak biltzea eta inahala geroz eta mobilizazio handiagoak egitea".

"Presoek nahi ez dutena da, eta hori argi da, bake hori izatea presoen askatzearen truk. Ez dira horretarako borrokatu, helburua ez da presondegitik ateratzea, helburua da Euskal Herria"


"Presoek bat egiten dute prozezuarekin, Orduan presoei zer gehiago galdetzen ahal zaie? Kanpoan egin behar da indarra, ez da galde egin behar presoei, eguneroko borroka eramaten dute horiek"

"Behar dira helburu politiko horiek beti atxiki eta horiei buruz behar dugu segitu borrokan, borroka armaturik gabe". 


"Estrategia aldatzen dugu, baina helburuak beti hor dira. Gaur egun entsaiatuz inahala indar metaketa hori, herritarrak parte har araziz. Baita gurekin ados ez direnekin mintzatuz eta inhala elkartasun zabalena eginez".

"Ene ustez ETAk egin ditu aski urrats orain arte eta orain gizarteak eta Estatuek urrats batzuk egin behar dituzte. Beste urrats batzuk eginak izanen direlarik orduan negoziatzen ahalko da ETAren partetik beste urrats batzuk".


Bake prozezuaren estrategien baitan desobedientzia zibilaren inguruko iritzia ematen du Bidartek: "Borroka armatua baztertua izan dela eta ez da gibelerat egiterik. Baina borrokak segitu behar du, eta desobedientzia zibila bide egokia iruditzen zait, eta justuki orain bide berriak asmatu behar ditugu".


"Atxeman bide berri batzuk elkartasuna handitzen dutenak, bortizkeria baztertuz".





ELKARRIZKETA OSORIK (1. PARTEA)

1. atala lekukotasun pertsonala eta presoak Kanaldudek grabaturiko bideoa

Nola izan da itzultzea presondegian 19 urte pasa ondoren?  

Itzultzea ez da bakarrik presondegiarekin mugatu. Zazpi urtez izan naiz sasian. Gero 19 urtez izan naiz preso eta gero beste bost urte atzerrian. Itzuli horrek iraun du 31 urte, ondoren berriz itzuli naiz etxerat eta Euskal Herrirat agerian eta ofizialki.

Itzultzeak lehenik sekulako atsegina ekartzen du, eta bertzaldetik aldaketa frango izan dira Euskal Herrian, baita ene baitan ere. 31 urtez aldaketa frango bizi eta jasan ditugu eta berriz itzultzean bada lan bat egiteko, Euskal Herria berriz ezagutzeko, izan diren aldaketak eta harremanak berriz lotzeko. 31 urtez bada belaunaldi bat baino gehiago sortu dena eta beraz ezagutza guzti horiek egin behar dira eta ene herrian ene tokia atzeman. Ez da zaila, bainan egin behar den lan bat da eta denbora galde egiten du.


Gero eta gehiago dira zuk izan dituzun bezalako kondena luzeak dituzten pertsonak, hor dira Ion Kepa Parot, Txistor Haranburu eta Jakes Esnalen kasuak esaterako. Badira ere berrikitan auzitegian bizi osorako eman dituzten zigorrak. Nola ikusten duzu errealitate hori? Kezkatzen zaitu? Zer suposatzen du horrek? 

Bistan da kezkatzen nauela. Hori da ene arrangura handiena gaur egun, euskal presoen egoera eta ene nahikeri eta amets handiena hori da, euskal preso guztiak kanpoan izatea. Gaur egun oino segitzen dute militanteak arrestatzen, kondenatzen eta kondena dorpeak emaiten. Hori kezkagarria da, zeren eta horrek urruntzen du gero eta gehiago aterabidea eta zailtzen du bake bidea.

Zaila ikusten dut, ez dut nik gakorik egoera horren desblokeatzeko, ikusten da frantses estatuak dena blokeatua duela, ez duela deus ikusi nahi, ez duela deus negoziatu nahi, ez duela neurririk hartzen presoen alde, kontrakoa. Segitzen dute errepresionearen politikarekin, eta hori biziki kezkagarria da, jakinik biziko kondena zer den.


Familiei inposatzen zaien zigorra ere bada, presoak urrunduak dira Euskal Herritik. Ekonomikoki eta emozionalki bada karga bat. 

Bistan da hori. Sekulako pisua da mugimenduarentzat. Lehenik presoentzat, zaila da bizitzeko. Presoak militanteak dira, badakite zertarako engaiatu diren eta beraz jasaiten dute militante bezala errezki, baina eguneroko bizitzan zaila da bizitzea hori. Ez da ahantzi behar gizon emazteak direla, haien indar eta ahultasunekin.
Gero hurbilekoentzat, zeren eta badute beti kezka hori. Diren gastuak, sufrikarioak, bideetan arriskuak eta harremanetan zailtasun hori. Euskal presoek badute xantza hori, indar ikaragarria ahaide eta lagunen aldetik. Sentitzen den elkartasun horrek ematen die sekulako indarra, bainan kanpokoentzat biziki zaila da.


Mugimenduarentzat ere kezka hori bada. Pentsatzen dut Frantses eta Espainol estatuak blokatzeko arrazoina eta bidea presoetan dutela. Erran nahi dut, segitzen duteno errepresioarekin, eta presoak atxikitziz eta kondenak gero eta luzeago emanez, sahiesten dute funtsezko arazoa. Entsaiatzen dira mugatzea euskal arazoa euskal presoen arazora, eta euskal presoen arazoa deno ez dituzte funtsezko arazoak aipatzen eta hori da manera bat sahiesteko egiazko eta funtsezko arazoa.


Gaur egun aipatzen ditugu borrokaren ondorioak eta presoen egoera, presoak ematen dira aitzinean, egia da gure arrangura dela, eta izan behar da presoen egoerak eta presoen askatzeak, baina hori badakite eta horri emanen diogula lehentasuna eta hori aintzinean deno funtsezko arazoa baztertzen dute. Alde batetik atzeman behar da aterabide bat presoentzat ahantzi gabe funtsezko arazoa, Euskal Herriaren egoera eta aterabide politikoa.

Zure ustez balio zuen mementu batean borroka armatuaren alderen hautua egitea, jakinez zer sufrikario, zein ondorio pairatzen den, zuk erran duzun bezala, bai familiek, bai presoek. Zertarako balio zuen? 

Balio zuen, hortan ez da dudarik. Ez dut sekulan dudarik hortan beharrezkoa zela engaiatzea. Borroka armatua abiatzea eta garatzea, baita Iparraldean ere, beharrezkoa zen Euskal Herriaren biziraupenerako. 

Eta jakinez horrelako ondorioak izanen zirela, nahiz eta Iparraldean maila apaleko borroka eraman. Bagenekien ondorio latzak izanen zirela, bai militantearentzat, bai mugimenduarentzat, bai Euskal Herriarentzat.

Beharrezkoa zen borroka armatu hori abiatzea eta garatzea Iparraldean. 


Guk bereziki borroka eraman dugu Frantses estatuari buruz, beharrezkoa iruditzen zitzaigun borroka hori eramatea kontzientziak iratzartzeko Euskal Herriko arazo politikoa mahain gainean emateko eta aterabide batzuk proposatzeko, denbora berean Iparraldeko mugimendu abertzalea indartzeko. Nahiz eta jakin zein ondorio izanen zen beharrezkoa iruditzen zitzaigun, eta hortan sinisten dut beti. Iruditzen zait gaur egun hautu hori egin beharra zela, egin dugu eta ondorioak izan dira, emaitzak ere izan dira, Iparraldean euskal kontzientzia indartu da, abertzaletasuna indartu da, egitura batzuk azpiegitura batzuk ere gauzatu ahal izan dira. 
 

Mugimendu horren, borrokaren inguruan, dinamika bat piztu da, eta dinamika horri esker garatu da mugimendua Iparraldean.

Garai batez beharrezkoa zen estrategia hori eramatea Iparraldean eta ene irudiko emaitza onak ekarri ditu eta orokorki egoera aintzinarazi du Iparraldean. Orain 30 urteren buruan, 40 urteren buruan, iruditzen zaigu ingurua aldatu dela, borrokari esker ere aldatu da, baldintzak aldatu dira, mugimenduak baditu beste tresna batzuk.


2000z geroztik borroka armatuaren estrategia baztertu dugu eta beste estrategia batean sartu gara


40 urtez beharrezkoa zen Euskal Herriko arazoa aipatzea eta aldarrikapenak mahain gainean ematea. Gaur egun aldarrikapen horien inguruan bada kontzientzia bat indartu dena, geroz eta jende gehiagok aldarrikapen horiek sustengatzen ditu Iparraldean eta gaur egun behar dugu beste etapa batera pasatu, eta eraiki behar ditugu gure eskakizun horiek.

2. partea Bake prozezua eta konponbidearen gaiari lotua. Ikusi Kanaldudek egin duen bideoa 

Estrategia aldaketa aipatu duzu, zer da aldatu dena hori emateko? 

Aldatu dena izan da euskal kontzientziaren garatzea, hedatzea. Euskal kontzientziak hartu du sekulako indarra lehengo egoeraren aldean. Konkretuki parte hartu dut abertzaleen bilkuretan baita abertzale mugimendutik haratagoko biltzarretan eta Iparraldeko arduradun politiko guztiak biltzen dituen bilkuretan, eta harritu naiz, entzutearekilan edozein alderdikoak izanik ere, nola mintzatzen diren Euskal Herriaren alde, Euskal Herriko instituzioaren alde, salatuz Pariseko jakobinismoa, eta galde eginez herri kontsulta bat, eta galde eginez Herria bere gain jar dadin, galde eginez ere mobilizazioak, galde eginez manifestazioa Pariseri galde egiteko erakunde berezi bat, eta horrek erakusten du funtsezko aldaketa bat izan dela azken hamarkada honetan.

Kontzientzia hartze bat izan da eta horrek erakusten du aldaketa hori, eta aldaketa horregatik beharrezkoa izan da abertzaleen aldetik ere bere jokamoldean aldaketa, horrek ekarri du estrategia aldaketa. Gaur egun ez gara joaten gehiago enfrentatzerat, borrokarat, hausturararen egiterat, baizik eta entsaiatzen gara indarrak biltzea eta inahala geroz eta mobilizazio handiagoak egitea, eta herritar gero eta gehiago mobilizatuz eta parte har araziz mugimenduan, gure eskakizun horiek erdiesteko.


Prozezua nolabait abiatzen da alde bateko deliberoarekin, presondegietan ere gogeta sakona da. Bi elemendu dira hor, batetik nola eman den eztabaida hori preso kolektiboaren baitan bake prozezu horri buruz abiatzeko? Bigarrena bake prozezuaren baitan zein izan behar den presoen ekarpena? 

Orain arte uste dut presoek ekarpen handia egin dutela, eta bereziki presoek sostengatu dutelarik estrategia aldaketa eta bake bide hau.

Ez da gauza berria, ni oroitzen naiz preso nintzelarik bagenituela horrelako eztabaidak gure artean. 


Oroitu behar da Iparraldean, Iparretarrak borroka armatuaren estrategia utzi zuen duela 10 urte baino gehiago, 2000. urteko inguruan. 

Baina beti gelditzen zen, Hegoaldeko estrategia edo borroka armatua eta eztabaida horren inguruan zen.

Presondegian izan Iparraldekoak edo Hegoaldekoak denak euskaldunak gara eta elgarrekin gara, eta elgarrekin mintzatzen gara Euskal Herriaz. Parte hartu dut eztabaida horietan beste euskal presoekilan. Eztabaida horiek aspaldikoak dira, badu 10 urte baino gehiago hortaz hitz egiten dugula mugimenduan, militanteen artean eta presoen artean.


Presoek nahi ez dutena da, eta hori argi da, bake hori izatea presoen askatzearen truk. Ez dira horretarako borrokatu, helburua ez da presondegitik ateratzea, helburua da Euskal Herria. Eztabaida guztia horren inguruan dira, presoek nahi dutena da funtsezko arazo politikoa mahai gainean pausatua izan dadin.


Militanteek, nahiago dut aipatzea militanteak, zeren ez da mugatu behar, ez gara preso eta preso ohiak, militanteak gara. 


Haien kezka gure kezka da, helburu politiko horiek ez direla utzi behar erortzea. Behar dira helburu politiko horiek beti atxiki eta horiei buruz behar dugu segitu borrokan. Borroka armaturik gabe, baina beti borrokatuz, behar da mobilizatu, behar da segitu barnean borroka politikoa eramanez.

Ez da uste behar Madrilek eta Parisek horrela egiten utziko dutela. Nahiko lukete beti helburu politikoak ahantzi eta bakarrik ondorioetara joan eta presoak askatu, banazka banazka eta hortan luzatu eta ahantzi aterabide politikoa. Beraz presoen kezka da aterabide politikoak ez direla ahantzi behar eta borroka segitu behar dela, beste gisan uste dut denak ados direla.


Estrategia aldatzen dugu, baina helburuak beti hor dira. 


Gaur egun entsaiatuz inahala indar metaketa hori, indarrak bilduz, gero eta gehiago herritarrak parte har araziz. Baita gurekin ados ez direnekin mintzatuz eta inhala elkartasun zabalena eginez. Orain arte presoen ekarpena hori izan da, eta ez dakit hori baino gehiago egiten ahal duten, erratea: "ados gara abiatu den bide horrekilan, nahiz eta gu preso izan eta ados gara aldaketa horrekin eta ez ditzagun ahantz helburu politikoak eta segi dezagun helburu politikoei buruz beste bidekilan".

Presoek nahiz eta ikusi preso gehiago badela, arrestatzeek segitzen dutela, kondenek segitzen dutela, ez dutela deus egiten presoak hurbiltzeko, ezta eri diren presoak askatzeko, ezta kondena bete duten presoak askatzeko, hala ere presoek segitzen dute estrategia berria sostengatzen. 


Bistan da, badira beti eztabaidak, kritikak eta hori, baina orokorki sostengatzen dute. Orduan presoeri zer gehiago galdetzen ahal zaie? Kanpoan egin behar da indarra, ez da galde egin behar presoei, eguneroko borroka eramaten dute horiek. Ez zaie gehiago galde egin behar, aski da galde egitea gose grebak egitea! Lana hemen Euskal Herrian egin behar da eta entsaiatu behar da hedatzea, Euskal Herritik kanpo ere gure borroka eta gaurko gure bake bide hori, ezagutarazi internazional mailan eta Europan, Parise eta Madrile pixka bat bortxarazteko neurri batzuen hartzera.


Borroka armatuaren estrategia gaur baztertua dela diozu, badira desobedientzia zibileko mugimendu batzuk, hala nola Donostian eta Ondarroan izan diren herri harresiak eta Aske Guneak. Zer diozu ekin molde berri horretaz? 

Hori arrunt baikorki ikusten dut, hori da bidea. Borroka armatua baztertua izan dela eta ez da gibelerat egiterik. 

Baina borrokak segitu behar du, mobilizazioek segitu behar dute, manifestazioek segitu behar dute. Lanean segitu behar dugu eta desobedientzia zibila bide egokia iruditzen zait, eta justuki orain bide berriak asmatu behar ditugu. Eginmoldeak asmatu, gero eta jende gehiago mobilizatzeko. Nola jokatu hemengo egoera ezagutarazteko, aiparazteko komunikabideetan, eta ez bakarrik Euskal Herrian, baina kanpoan ere Frantses estatuan, Espainiar estatuan baita Europan ere.

Europan ere ezagutarazi behar dugu egoera hau eta nire ustez ez dugu aski indar egiten, behar gara pixka bat ireki eta erakutsi ere nor garen eta besteak bezalako gizakiak garela. Euskal Herria ezagutua bada, errespetatua bada, egoera anitz hobea izanen da.


Zuk aipatzen dituzun gertakari horiek baikorrak dira, izan zen Baionan ere Aurore Martinen sostenguz eta defendatzeko horrelako mobilizazio sendo bat izan zen ere. Horrelako egitateak biderkatzea bide egokia da. Hor uste dut mugimenduak, militanteek eta euskaldunek behar dugula irudimena landu pixkat, bide berriak urratu. Atxeman bide berri batzuk elkartasuna handitzen dutenak, bortizkeria baztertuz. Baina kasu, desobedientzia zibila bide zaila da. Egin duten bezala, hor karrikan jartzea eta kaskak hartzea arraposturik eman gabe, horretarako indartsua izan behar da. Prest izan behar da, eta jakin behar da ondorioak nolakoak izanen diren, hor ere.


Estrategia aldaketa aipatzen duzu behin eta berriro, aldaketa hori ez ote da jin ahuldade baten ondorioz. Eta ez ote da berant etorri aldaketa hor? 

Hori da erraten dena, ene ustez ez. Gure herria gai izan da borroka armatuaren eramateko, bi borroka armatu eramateko ere gai izan da. Mementu batez pausatu da bai Iparraldean, bai Hegoaldean, ea bide hori segitu behar zen edo ez. Beno, hastapenetik pausatzen da galdera hori, betiko galdera da hori mugimenduan, militanteen artean. Berrogei urteko mugimenduaren ondoan argi dago baldintzak aldatu direla. Egoera aldatu baita egia da, galdera horiek gero eta zorrotzagoak direla, gero eta gehiago pausatu dela, eta eztabaida hori gero eta azkarragoa izan delarik mementu batez deliberatu da hobe zela borroka armatua uztea, ados ematea.

Ez al da egin indarraren ondorioz izan? Ez al da Estatuen garaipen bat? 

Ez, ez da errepresioarengatik. Ni konbentzitua naiz ez dela horretagik izan, borroka armatua hasi dugularik, eta hasi dutelairik Hegoaldean, zeintzun ziren baldintzak? Hamar pelatu ginen armarik gabe eta bi estaturen kontra. Eta bagenekien zein ondorio izanen zen, eta bazen tortura eta tiroketak. Zenbat hil izan dira militanteen artean? Errepresioarengatik borroka armatua garatu da, beraz ez da errepresionearengatik borroka armatua gelditu baldin bada.

Borroka armatua gelditu baldin bada izan da egoera aldaketagatik eta militanteen artean eta mugimendu barnean eztabaida hori geroz eta gehiago pausatu delakotz. Horrek ekarri du militanteen biltzeko zailtasunak ere. Baina borroka armatuaren gelditzea ez da jin ahultasun batengatik, izan da gogoeta eta ausnarketa baten ondorioa. Gaur egun Euskal Herrian baldintzak aldatu dira, gero eta gehiago borroka armatuaren beharra zalantzan da, eta mementu batez gehiengo batek erran du hobe zela uztea.


Bada beste elementu importanta bat ere kontuan hartu behar dena. 2000. urtearen inguruan mundu mailan izan diren gertakariak eta komunikabideetan aipatzen duten terrorismoaren fenomeno hori, bereziki islamistekin, egiazko terrorismoa egiten dutenak. Bonba bat ematen delarik nonahi hiri batean eta zibilak nolanahika erahiltzen direlarik eta ehunka eta milaka. Bonbak pausatzen direlarik horrela, nonahi hori egiazko terrorismoa da, ez du deus ikustekorik borroka armatuarekin. Bainan komunikabideetan bada nahasketa bat terrorismoa eta borroka armatuaren artean.

Guk askatzeko erabiltzen dugun borroka armatua arrunt ziblatua da, jomuga bereziekin eta kasu eginez ez dadila bazterreko inor hunkia izan, horrek ez du deus ikustekorik terrorismoarekin. Bada nahasketa bat hor, eta hastapenetik gu zikindu nahi izan gaituzte. Hori estatuen jokoa da, ukatu nahi baitute hor badela arazo politiko bat, borroka bat eramaten dela hor funtsezko arazoekin, eta hori sahiezteko erraten dute "horiek terroristak dira kasu egizue". Jendeari sinestarazten diote borroka armatua egiten dutenak terroristak direla eta gizartearen kontra direla eta nornahi hiltzeko kapazak direla.

 

Azken hamar urteetan zaku berean emanak izan dira borroka armatua eta terrorismoa. Horrek ondorioak izan ditu Euskal Herrian ere, baita mugimenduan ere. Mementu batez horrek elementu bat gehiago ekarri du dudan emateko borroka armatua. Ea zein ondorio ekartzen zituen. Azkenean erabakia hartua izan da, estrategia aldatzea.


Aieteko adierazpenaren ondoren jin dira Baionako eta Hegoaldeko Bake Foroa. Laster Baionan Bake Foroaren beste parte bat egin behar da. Zure ustez zein da bake foro horiek ekarpena eta garrantzia?
 
Bake Foroaren helburua da bake prozezua ezagutaraztea Euskal Herrian berean eta kanpoan ere. Manera bat da ere ezagutarazteko euskaldunei beste tokietan izan diren bake bideak eta nolako desmartxak izan diren, ze baldintzetan eramanak izan diren eta nola hortik atera ondorioak ikusteko Euskal Herrian nola eraman daiteken. Manera bat da ere sostengua bilatzeko Euskal Herritik kanpo, internazional mailan ere ezagunak diren pertsona batzuen sustengua biltzeko, ezagutzeko eta erakusteko.
 

Politikariek behin eta berriro galdetzen dute ETA desagertzea, baina IK ez da ofizialki desagertua. Zure ustez ETAk desagertu beharko luke? Eta estatuek zer eginen dute jakinik ate guztiak etxiak direla gai horretan? 

Uste dut ETAk gauza anitz egin dituela bake bide hori abiarazteko eta aintzinatzeko. ETAk orain, ETA bezala, ez du desagertzerik, erabaki du borroka armaturik ez egitea, eta ez du egiten.

 Frogatua da erabaki hori atxikia dela eta erabaki hori itzulezina dela, eta iraunkorra dela

Hortik harat zer eskatzen ahal zaio? ETAri geroz eta gauza gehiago eskatzen zaizkio, armak itzultzea, desagertzea… Baina ene ustez ETAk egin ditu aski urrats orain arte eta orain gizarteak eta Estatuek urrats batzuk egin behar dituzte.

Beste urrats batzuk eginak izanen direlarik, edo egiteko prest agertzen badira, orduan negoziatzen ahalko da ETAren partetik beste urrats batzuk. Baina ez zait bidezkoa iruditzen ETAri galdetzea gero eta gauza gehiago estatuek bere aldetik deus egiten ez dutelarik, eta kontrakoa, errepresioan segitzen duteno. Hori ez zait, ez egokia, ez zuzena iruditzen.


Estatuak goxoan dira egoera honetan, ala ez? 

Estatuak goxoan agertzen dira, nahi dute sinestarazi ETA horretara ailegatu baldin bada errepresioarengatik izan dela, eta hori ene irudiko ez da batere horrela

Sinitsarazi nahi dute errepresioarekin segitu behar dela, baina hori sinistaraztea interesatzen zaie, justu funtsezko arazo politikoa ez aipatzeko

Goxoan dira mementuan, baina estrategia berri hau garatzen badugu Frantses eta Espainol estatuak ez dira gehiago goxoan izanen. Zeren eta Euskal Herriko arazoa, eta Frantses eta Espainol estatuek Euskal Herrian pausatzen duten arazoa gero eta ezagutuagoa izanen da. Europa maila ezagutarazi behar dugu eta horrela estatuak ez dira gehiago goxoan izanen, eta beharko dute aterabide bat atzeman eta beharko dituzte beraien aldetik ere urrats batzuk eman, eta bide batzuk hartu.


2013/05/17

PRESO POLITIKORIK EZ DAGO ALDEBAKARTASUNAREN LURRALDE MIRESGARRIAN



 

"THE

 WONDERFUL

BASQUE

PEACE

PROCESS"

PRESENTS:

 

PRESO POLITIKORIK

 EZ DELA

  ONARTU DU

  EUSKO LEGEBILTZARRAK

 

Espainian eta EAEn

 preso politikorik ez dagoela

 dioen testua babestu dute PSE, PP eta UPDk; 

EAJren abstentzioari esker onartu da

EH Bilduk esan du

 «kriminalizazioaren» bidea

 zabaltzen duela onartutako ebazpenak

 

 Berria.info


PPk, PSEk eta UPDk bozkatu dute Espainian eta Euskal Autonomia Erkidegoan preso politikorik ez dela dioen legez besteko proposamenaren alde; abstenitu egin da EAJ, eta aurka bozkatu du EH Bilduk.
Berria.info   2013-05-16 - 12:26:20

Aurrera egiteko, zail

Eusko Legebiltzarrak 'preso politiko' esapideaz eztabaidatuko du gaurko osoko bilkuran, PPk aurkeztutako legez besteko proposamenaren bidez. Espainian preso politikorik ez dela ebatzi nahi du PPk, baina zail izango du adierazpenak aurrera egitea; alderdi guztiek aurkeztu dizkiote osoko zuzenketak PPren proposamenari.

Laura Mintegi EH Bilduko legebiltzarkideak martxoan adierazi zuen Fernando Buesa buruzagi sozialistaren hilketak "jatorri politikoa" izan zuela eta hilketa guztiak "ekidin" zitezkeela, "jatorri politikoa dutelako eta gizartearen, pertsonen eta politikarien esku dagoelako". Hitz horiek sortutako eztabaidaren harira egingo dute gaurko eztabaida.

Eztabaida legebiltzarreko bake eta bizikidetzari buruzko lantaldera eramatea proposatu du EAJk, iritzita "lehentasunezkoa" dela "oinarrizko adostasunak" lortzea. EH Bilduk, berriz, eskatu du Amnesty Internationalek 'preso politiko' esapideaz egiten duen definizioa bere egitea legebiltzarrak.

PSE-EEk aurkeztutako zuzenketan dio Espainia "estatu demokratikoa den heinean" herritarren eskubide eta askatasunak defendatzen dituela eta, beraz, "preso politikorik ez dela". Adiera hori erabiltzea delitu izatea proposatu du, berriz, UPDk, eta Espainiako Zigor Kodean "krimen terroristen ukazioa" txertatzeko eskatu du.


  1. Eusko Legebiltzarraren gaurko osoko bilkuraren hirugarren puntuan eztabaidatuko dute preso politiko esapideaz.
  2. 'Euskal Legebiltzar Talde Popularrak egindako legez besteko proposamena, zuzenbide- estatuaren eta gizarte demokratikoaren defentsa egiteko' du izena Alderdi Popularrak aurkeztu duen testuak. Hainbat osoko zuzenketa aurkeztu dizkiote, EAJk, EH Bilduk, PSEk eta UPDk bakoitzak bana.
  3. EH Bilduko parlamentari gehienak 'Herri harresia aurrera' leloa duten kamisetekin joan dira Legebiltzarrera.
  4. Hasi da 'preso politikoak' esapideari buruzko eztabaida.
  5. Borja Semper (PP): "Beharrezkoa da baztertzea egiatik urruntzen gaituena. Lotsagarria da hiltzaileei preso politiko deitzea".
  6. Borja Semperrek (PP) dio presoak ez direla "preso politikoak", baina biktimak "biktima politikoak" direla.
  7. Gorka Maneiro (UPD): "Lotsagarria eta onartezina da ETAko presoei 'preso politiko' deitzea. Onartezina da legebiltzar honetan EH Bilduri 'preso politiko' esapidea erabiltzen uztea".
  8. Maneirok uste du PPren proposamena "motz" geratzen dela eta "mesprezu politikoaz" gain delitu izan behar dela "preso politiko" adiera. Espainiako Zigor Kodean "delitu terroristen ukazio" delitua gehitu nahi du.
  9. Julen Arzuagak (EH Bildu) dio "inolako justifikazio edo zurikeriarik gabeko definizioa" ematen duela Amnistia Internazionalak. Definizio hori proposatu du koalizioak.
  10. Presoen motibazioa, ondorioak, trataera, zigorra, espetxean ezarritako neurriak eta abar politikoak direla adierazi du Arzuagak (EH Bildu). "Iritzi askatasuna eta haren ondorio zuzena den adierazpen askatasuna" aldarrikatu du, eta galdetu du ea nor den PP besteei esateko zein hitz esan behar dituzten.
  11. Rodolfo Ares (PSE): "Ez dago preso politikorik, zuzenbide estatu bat eta demokrazia ditugulako". Gogorarazi duenez, Europako Batzordeak iaz esan zuen "delitu terroristak" egin dituztenak ezin direla "preso politikotzat" jo.
  12. Aresek, EH Bilduri: "Ezingo duzue historia berridatzi". Esan du ideia guztiak defenda daitezkeela era baketsuan bada, eta horri esker dagoela EH Bildu legebiltzarrean.
  13. Maribel Vaquerok (EAJ) galdetu du zein ekarpen egiten dion gaurko eztabaidak bizikidetzari. Gaia Bake eta Bizikidetzaren Batzordean landu behar dela defendatu du, "titular ez eraikitzaileak" bilatu beharrean.
  14. Maribel Vaquerok (EAJ) Nazio Batuen Erakundearen irizpideen alde egin du: "Ez dira kontzientzia presoak edo preso politikoak, helburu politikoak dituzten presoak dira".
  15. Borja Semperrek (PP) Arzuagari esan dio EH Bilduk "arazo bat" duela presoekin eta koalizioarena dela arazo hori. "Ezin dugu onartu justifikatzeko asmoz "politiko" abizena jartzea".
  16. "Minduta" dago Semper (PP) EAJren jarrerarekin, "omisioz", onartzen duelakoan Espainian preso politikoak daudela. "Bortxatzaile bat zer da, motibazio sexual okerra duen presoa?".
  17. Gorka Maneirok (UPD) EH Bilduri: "Zuek zarete legebiltzar honen lotsa". Koalizioa legezkoa izatea ere lotsagarria dela esan du. Arrazismoarekin eta emakumeei botoa kentzearekin alderatu du 'preso politiko' adiera defendatzea.
  18. Gogoeta egiteko eskatu die Maneirok (UPD) Urkulluri eta EAJri, eta EH Bildurekin bat egitea egotzi dio. "Zuek demokratak zarete; esan behar duzue preso politikorik ez dela".
  19. Julen Arzuagak (EH Bildu) gogorarazi du Amnistia Internazionalak espetxe politika aldatzeko eskatu zuela, eta Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeak baieztatu duela inkomunikazioa eta torturak izan direla.
  20. Aresek (PSE) Arzuagari: "Denak ez gara berdinak. Ni demokrata naiz, eta zuk bidea egin behar duzu izateko".
  21. Bozketa: UPD, PP eta PSE, proposamenaren alde; EAJ abstenitu egin da, eta kontra bozkatu du EH Bilduk. 27 boto lortuta, aurrera egin du ekimenak.
  22. Legebiltzarrak onartu duen ebazpenak dio preso politikorik ez dagoela ez EAEn ez Espainian, ideia politikoak askatasunez defendatu daitezkeela legediaren barruan baldin bada, eta Espainia Zuzenbide Estatu bat dela, non herritarren eskubideak eta askatasunak babesten diren.

    Preso politikoak kontzeptua erabiltzea eragozteko urratsa egin du Eusko Legebiltzarrak. PPk eraman du gaia osoko bilkurara, PSEk eta UPDk bat egin dute proposamenarekin, eta EAJren abstentzioari esker aurrera atera da legez besteko proposamena. Euskal Herriko eta Espainiako kartzeletan preso politikorik ez dagoela eta «eskubideak eta askatasunak erabat bermaturik» daudela dio Eusko Legebiltzarrak onartutako ebazpenak. EH Bildu taldeak baino ez du kontrako botoa eman. Onartutako testua, berez, adierazpen politiko hutsa da, baina EH Bilduk ohartarazi duenez, etorkizunean preso politiko esapidearen «kriminalizazioa» ahalbidetu dezake, eta, beraz, ondorio judizialak izan ditzake hitz hori erabiltzeak.

    Legebiltzarrean izandako eztabaidaren jatorria martxoan izandako osoko bilkura batean dago. Laura Mintegi EH Bilduko legebiltzarkideak orduan adierazi zuen Fernando Buesa buruzagi sozialistaren hilketak «jatorri politikoa» izan zuela eta hilketa guztiak «ekidin» zitezkeela, «jatorri politikoa dutelako eta gizartearen, pertsonen eta politikarien esku dagoelako». Hitz horiek sortutako polemikaren harira eraman du PPk preso politiko kontzeptua erabiltzearen aurkako proposamena osoko bilkurara.

    PPk eta PSEk hitzartutako erdibideko zuzenketak aurrera egin du azkenean. Bi talde horien eta UPDren 27 boto lortuta, legebiltzarrak ebatzi du, «irmotasun osoz», Espainian eta Euskal Autonomia Erkidegoan ez dela preso politikorik, ETAko presoak izendatzeko esapide hori erabiltzea arbuiatu du, eta azpimarratu du ideia politikoak defendatzeko arazorik ez dagoela legeen arabera baldin bada, eta Espainia zuzenbide estatu bat dela, non herritarren eskubideak eta askatasuna babesten diren.

    Eztabaidan, preso politiko esapidea erabiltzearen aurkako argudioetan bat egin zuten PPk, PSEk eta UPDk, bai eta EH Bilduren aurka jotzeko orduan ere. Diskurtso gogorrena UPDk erabili zuen, adiera hori erabiltzea delitu izatea proposatu baitzuen Gorka Maneirok. Haren ustez, «onartezina eta lotsagarria» da preso poliko esatea, baina areago EH Bilduri esapide hori erabiltzen uztea. Maneiroren ustez, PPren proposamena «motz» geratzen da, eta Espainiako Zigor Kodeak «delitu terroristen ukazio delitua» jaso beharko luke.

    Borja Semper PPkoak, berriz, adierazi zuen «ETAko presoei» izaera politikoa ematea «iraina» dela gizarte demokratikoentzat, eta «lotsagarria» dela horrela deitzea «hilketak» egin dituztenei. Preso politikorik ez dagoela baina ETAk eragindakoak «biktima politikoak» direla esan zuen. Semperren ustez, EH Bilduk «arazo bat» du presoekin, eta «politiko» abizena erabiltzen du «bere aurpegia zuritzeko asmoz». Halaber, jeltzaleek proposamenaren aldeko botoa eman ez izana gaitzetsi zuen, iritzita jeltzaleek «omisioz» onartzen dutela preso politikoak daudela.

    Bide beretik aritu zen Rodolfo Ares sozialista: «Hemen ez dago preso politikorik, zuzenbide estatu bat eta demokrazia ditugulako». Gogoratu zuen Europako Batzordeak iaz esan zuela «delitu terroristak» egin dituztenak ezin direla «preso politikotzat» jo. Eta EH Bildukoei ere ohartarazi zien oraindik bide asko dutela demokratak izateko eta ezin izango dutela «historia berridatzi».


    Ez alde, ez kontra

    Jeltzaleek, berriz, eztabaida legebiltzarreko bake eta bizikidetzari buruzko lantaldera eramatea proposatu zuten, uste dutelako «lehentasunezkoa» dela «oinarrizko adostasunak» lortzea. Hala, PPri eta UPDri lantaldera batu daitezen dei egin zien Maribel Vaquero legebiltzarkideak, eta lantaldetik kanpo «eztabaida antzuak» elikatzen jarraitzeari uzteko eskatu zien.

    Jeltzaleak Nazio Batuen Erakundearen irizpideen alde egin zuen preso politiko kontzeptua erabiltzeko orduan: «Ez dira kontzientzia presoak edo preso politikoak, helburu politikoak dituzten presoak dira».

    sabino-arana

    Osoko bilkuran abstentzioaren alde egin arren, ondoren Joseba Egibar jeltzaleak aitortu zuen «atzerapausoa» dela PP eta PSEren ebazpena aurrera atera izana. Izan ere, esan zuen PPk lantaldean parte hartzea baino nahiago duela zenbait gairekin komunikabideetan «oihartzuna» lortzea.

    EH Bildurentzat ere «atzerapausoa» da onartutako ebazpena, «ideien kriminalizazioari» ateak irekitzen dizkiolako, bai eta etorkizunean ondorio juridikoak izateko aukera zabaltzen duelako ere: «Auzitegi Nazionalean eta Gorenean hona begira daude, frankotiratzaileak bezala, errepresio judizialean sakontzeko prest». Jeltzaleen abstentzioa «oso larritzat» jo zuen Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak, eta «ahulezia politikoa» leporatu zien PPren eta PSEren «joko arduragabean» sartzeagatik.

    Preso politikoez hitz egitea debekatu nahian PPk, PSEk eta UPDk iritzi eta adierazpen askatasunak urratu nahi dituztela salatu zuen Arzuagak, eta Amnesty Internationalek preso politiko esapideaz egiten duen definizioa bere egitea proposatu zion legebiltzarrari.

    Bizkaian, beste horrenbeste

    Bizkaiko Batzar Nagusiek ere antzeko proposamen bat onartu zuten atzo, PPren ekimenez. Espainiako Estatuan preso politikorik ez dagoela dioen ebazpena babestu zuten PPk eta PSEk, EAJ abstenitu egin zen eta Bilduk kontrako botoa eman zuen.
     







     artajo asurmendi

ABERTZALEAK ETA EUSKARA (5)


ABERTZALEAK ETA EUSKARA 
(5)



JOXE MANUEL ODRIOZOLA
 
 
BIGARREN BIDEGURUTZEA:
LURRALDE-NAZIONALISMOAREN
ERRAZKERIAK (II)

Galderen joan-etorri honetan hurrengo iltze gorria hementxe sartu nahiko nuke: nork du, zinez eta benetan, hizkuntza-nortasun espainiarrean eta frantsesean oinarrituriko herritarren artean Euskarazko Nazioaren egiazko eta ezinbesteko premiarik? Euskarazko Nazioaren benetako premiarik? Kultura euskaldunaren esparruan bizitzeko ziorik? Inork gutxik. Hori da egia. Egia latza bezain garratza.

Euskalduna izan gabe, nekez, oso nekez, onartzen da euskal herritarraren identitatea euskal hizkuntzari darion kulturaren araberakoa izatea. Gorago aipatu dugun ikerketa-inkesta horretan -Euskal Herri osoan barrena egina- ageri zaizkigun zantzu adierazgarri batzuk berez mintzo dira. Euskalduntasunaren eta abertzaletasun erdaldunaren arteko etena, eten nabarmena bezain etsigarria, egiaztatua geratu dela dirudi herritarren iritzi-jarreretan. Hona hitzez-hitz adierazia:

"Espero zitekeen moduan, euskaldunentzat pertsona bat euskal herritartzat hartzeko baldintza nagusienetako bat da Euskaraz hitz egitea, gainerako herritarrentzat bigarren mailako baldintza den bitartean" (Euskal nortasuna eta kultura XXI. mendearen hasieran, 2006).

Hala eta guztiz ere, euskalduntasuna dugu tasun eta eskakizun beharrezkoena inongo erainkuntza nazionalik mamituko badugu. Izan, ez baita izan ia inon dimentsio linguistiko edo kulturalik edo etnikorik gabeko nazio-batasunik eta leialtasun-lokarririk, ez mundu modernoan, eta ez aurre-modernoan. Humus egoki baten inguruan ernaldu dira munduko nazio proiektu guztiak: bai nazio dinastikoak, bai nazio moderno liberalak, bai nazio marxistak eta bai nolanahiko nazio-ereduak.

Nazio bat hizkuntzaz ez bada bereizgarri, darabilen hitza beste Herri batzuena ere badelako, orduan bere naziotasunaren humusak beste osagarri batzuk izango ditu elikagai. Hitzaurrean esandakoa gogoan, berritu dezagun nazio-identitatearen egitura ez dela elementu bakoitzaren araberakoa, elementu horiek dena delako nazio-egituran daukaten lekunearen areberakoa baizik. Osotasunak ematen dio elementu bakoitzari daukan garrantziaren tamaina eta itzala. Esate baterako, erlijioak monopolizatzen baldin badu identitate horren izaera, munduko Herri askotan gertatu bezala, horrek ez du esan nahi gainerako gizarte-osagarriak hutsaren hurrengoak direnik. Erlijioaren nagusitasun hori osotasunaren testuinguruan baitatza. nazio-egituraren barruko osagarrien elkareraginaren emaitza da Herri baten identitatea, horietako batzuk gailenduz eta beste batzuk mendeko bihurtuz.

Euskal Herri osoaren kohesio bila abiatuta, barne-lokarrien xerka hasita osagarri nazional bat azpimarratu nahi digu Arnaldo Otegik honako honetan:

"Horretarako Herri osoaren lurralde eta geografia kontzeptua berreskuratuko duen agertoki demokratikoa bilatu behar da lehendabizi".

Alde batetik, agerikoa denez, lurraldearen erakarpen-indarrean sinetsita bizi da Ezker Abertzaleko buruzagia. Beste alde batetik, berriz, lurraldearen nazio-erakarmen hori egia bihurtzeko, egoera politikoaren aldarri demokratikoa egiten du; bi baldintza horiek batera betetzen direnean batez besteko herritarra Euskal Nazioaren dinamikan murgilduko delakoan-edo. Euskal Nazioaren eraikuntza, baldintza demokratikoetan mamitzen ez bada, noski, nekez mamituko da gaur eta hemen. Nolanahi ere, bi baldintza horien erakarpen-indarrean Otegik sinesten duen bezala sinesteko, fede handia behar da demokrazian eta lurralde-izarian.

Goazen naziotasunaren egitura behatzera eta ikus dezagun gaingiroki balizko egoera demokratikoak zertan aldatuko lukeen lurralde-faktoreen jokoa. Sistema nazionalaren barruko elementu bati buruzko jarrera-atxikimenduak alderdi politikoen arabera aldatzen ote dira batez ere? Alegia, horretarako aski ote da espainiar nazionalismo totalitarioak -estatu bat totaliarioa da nazio anitzeko estatua izan eta nazio-estatu gisa funtzionatzen duenean- Hegoaldeko eremuan indar abertzale guztiak legeztatzea eta joko-arau demokratikoak ezartzea? Alderdi politikoen joko-arauak aldatze hutsak ekar lezakeen demokratizazioak ez dakit nola iraul ditzakeen nazio-egiturako osagarri nagusiak, berauek higaturik dituen Herri batean. Baikorkeriari darion arinkeriazko halakoxe usain bat hartzen diot diskurtso horri.

Izan ere, herritarren lurralde-kontzientzia higatuta baldin  badago, higadura horren arrazoiak ez dira alderdi politikoen aukera-berdintasun hutsean konpontzen. Nazio-egituraren elementu guztiak daude jokoan gure egoeran, eta horrek esan nahi du, besteak beste, botere-sistemaren geruza eta gizarte-izari guztiak direla aldatu beharrekoak. Elementu batean eragingo bada, egitura osoa baita eraldatu beharrekoa. Euskararen kontua ez al dute bada horrelaxe ulertzen militante abertzale gehienek? Ez al digute ba hitzetik hortzera zerea gogorarazten: "Marko politiko orokorra aldatu gabe, ez dago zer eginik Euskararekin". Horixe da leloa, eta horixe bera da, atzekoz aurrera jarrita, lurralde-auzian gogorarazi nahi niekeena nik hemen: "Euskal nazio-identitatearen egitura osatzen duten elementu nagusien egoera aldatu gabe, lurraldearen auziak jai dauka".

Aldian aldiko lokarriak garatu behar ditu Herri batek Nazio bihurtu nahi badu. Horretarako, aldi historiko bakoitzari erreparatu behar, egitura horretan herritarrak nazio-kide bihurtuko badira. Geure buruari galdetu beharko genioke ea zein elementu edo nazio-ezaugarri den orain eta hemen eragin-indar handiena duena. Alegia, dimentsio politikoari dagozkionak diren, ala dimentsio linguistikoari eta kulturalari darizkienak. Ekonomikoak eta sozialak diren ala ondare etnohistorikoaren errotik datozenak diren (hizkuntza, kultura, historia, eta abar). Izan ere, oso oker ez banago, faktore horien eraginkortasunean datza erantzunaren egokitasuna.

Lurraldearen lilura ezin dugu gainetik kendu. Errealitate fisiko eta geografiko hori hor geratu zaigu, Euskal Herriaren ondare eta oihartzun historiko gisa. Haatik, abertzalearen lurralde-anetsak mamitzeko estrategi politikoak, izan bortitzak ala demokratikoak, indarge ageri zaizkigu alde guztietatik. Euskal Nazio historikoak  jasan duen higadurak testuinguru ezin beltzago honetara ekarri baikatu:

"Horrez gainera, EAEn nahikoa zabaldua dago Euskal Herria hobekien definitzen duten lurraldeak Bizkaia eta Gizpuzkoa direla pentsatzeko joera, eta Iparraldean Euskal Herria hobekien definitzen duen lurraldetzat Iparraldeko barnealdea hartzekoa" (Euskal nortasuna eta kultura XXI. mendearen hasieran, 2006).

Demokraziaz mintzo zitzaigun Otegi Herri honen lurralde-batasuna pizteko asmoz. Demokrazia ondo dago, baina Nazio baten identitate-egitura ez da eraikitzen demokraziari esker bakarrik. Nazioa era askotara eratu dira, eta gehienak ez dira oso era demokratikoan eraiki. Nolanahi ere, demokraziak gutxi dezake etnos-ik ez baldin badago. Horixe baita Nazio proiektuaren eranamuinean dagoen nazio-kemena. Humus horretan erein behar dira naziotasuna taxutzen duten osagarri-haziak.

"Etnos gabeko demos gutxi dago historian".

Hori Emilio Lopez Adanek dio. Mario Zubiaga, berriz, oraindik ere urrutirago doakigu bere burtapenean:

"Ez dago demosik etnos edo nortasun kolektibo berezirik gabe".  

Hortik abiatuta, ondorio honetara iritsiko zaigu Zubiaga:

"Azken finean, "eraikuntza nazionala" esamolde pisutsuarekin adierazi nahi dena, euskal ethnos-aren ezaugarriak aintzakotzat hartuko dituen euskal demos-aren bidezko zer baten eraikuntza da."

Ezagun denez, jatorrizko Herriaren erro zaharren eta Nazio modernoaren arteko hartu-emanak ditzute hizpide hirurek, eta ez dute berezko kontraesanik antzeman hartu-eman osagarri horretan. Euskalduntasunaren erro zaharra ez dago zertan gutxietsi naziotasun modernoaren iturri beretik edateko. Ez baitago erabateko etenik Nazio etnokulturalaren eta zibikoa edo demokratikoa deiturikoaren artean, alde guztietatik horixe sinestarazi nahi badigute ere kosta ahala kosta. 

Joxe Azurmendi ere langintza berean jarriko dugu: Herri etnikoaren eta Nazio modernoaren arteko hartu-emanek nolako tratamendua izan duten ikuste aldera. Ondoko hauxe aurkitu du hartu-eman horien alde banatan zegamarrak:

"Nazio zaharra, mespretxuz Nazio etnikoa deitzen dena, ez da ezer, antropologoen entretenigarri ez bada. Herri/etnos horrek ez ei du berak bere burua hiritar deklaratu eta bere buruari Konstituzio bat emateko eskubiderik, beste hartan urtua ez bada. Hiritarra da, bai, baina zein-nolako hiritarra izatea daukan eta ez, bestek erabakitzen dio".    

Azurmendiren begiradak errotik atzeman du arestian aipatu dugun ustezko hausturaren trikimailua. Sokatiraren alde batean Herri etnikoa dago, subjektu politikoa ez omen den Herria -gurera egokituta, Herri euskalduna-, eta bestean hiritartasunaren logikan eratua omen dagoen Nazio-Estatu modernoa. Euskaldun garen aldetik ez omen dugu izan geure historian behar adinako kontzientziarik eta gaitasunik sokatira historikoan alderdi nazional modernoan kokatzeko. Ez genuen nonbait nazionalismo modernoaren trenik hartu, iturri zaharreko ura edaten lo hart genuelako-edo. Labur bezain zeharz adierazita: "Euskal Herri etnikoa ez da existitu ere egiten politikoki". Espainiarrak eta frantsesak bat datoz horretan, aho batez berresten dute Hegel-en harako hura: "Historiarik gabeko Herriak dira". zegokien une historikoan estaturik sortu ez zutenak.

Jatorrizko Herrien eta nazionalismo modernoaren artean dagoen ustezko kontraesan hori gezur ofizial baten dogma bihurtu da.  Eta gezurraren gainean eraikitako dogma hori oraindik bizi-bizirik dago gure artean bertan ere: Nazio modernoak sistema feudalarekiko zituen onurak nabarmendu eta jatorrizko Herrietan eragi duen genozidioa eta/edo etnozidioa ezkutuan gorde duen diskurtsoa nazionalismo handi-mandiaren mirabe ideologikoa besterik ez da. Alde onak goraipatu, alde makurrak isiltzeko. Horra oraindik ere filosofia politiko modernoaren teoriko ofizialek zer egiten duten historiaren interpretazioarekin. Zoritxarrez, abertzale ez gutxiren artean ere egia ofizial hori ez da auzipean jartzen, gezurra badirudi ere. jakinaren gainean gertatzen da batzuetan -ideologia espainlistaren esanera-, ezjakinean ez gutxitan -abertzaletasun demokratikoaren bedeinkaziopean-, eta azkenik, pragmatismo eta erralismo zurrun eta zekenak eraginda ere ez gutxitan.