LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

Poesia gorria etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Poesia gorria etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2013/05/05

BOBBY SANDS

 


BOBBY SANDS: 32. URTEURRENA


"D'éirigh mé ar maidin mar a tháinig an coimheádoir,


Bhuail sé mo dhoras go trom´s gan labhairt.


Dhearc mé ar na ballai, ´S shíl mé nach raibh mé beo,


Tchítear nach n-imedoidh an t-iffrean seo go deo.


D'oscail an doras ´s níor druideadh é go ciúin,


Ach ba chuma ar bith mar nach raibheamar inár suan.


Chuala mé éan ´s ni fhaca mé geal an lae, 


Is mian mór liom go raibh me go doimhin foai,


Ca bhfuil mo smaointi ar laethe a chuaigh romhainn,


Ni chluintear mo bhéic, 's ní fheictear mar a rith mo dheor,


Nuair a thigeann ar lá, is feidir nì bheidh mé ann,


Nuair a thigeann ar lá, aithíocfaidh mé iad go mor!"

 

 

"Gaur goizean jaiki naiz eta bokia iritsi da,


Zakarki jo du atean fitsik erran gabe.


Nik paretei so egiten nien, neure burua hilda irudikatzen nuen,


Infernu hau ez da inoiz amaituko?


Atea ireki da eta ez da eztiki itxi,


Bost axola, gu ez geunden lotan.


Txori bat aditu dut  bainan ez dut egunsentia ikusi,


Lur sakonean ehortzirik ote nago?


Non dira lehengo garaietako pentsamenduak,


Eta non da munduan ikusi nahi nuen bizia,


Nire deiadarra ez da entzuna, nire malkoak ez dira ikusiak,


Gure eguna etorririk, ziur aski ni ez naiz hemen izanen iadanik,


Gure eguna etorririk, garesti ordainaraziko diet!"

Bobby Sands

"Nuair a thigeann ar lá" 

 (Gure eguna etorririk)

 

Bobby Sands


Robert Gerard Sands (gaelikoz Roibeard Gearóid Ó Seachnasaigh) edo Bobby Sands (1954ko martxoaren 9a - 1981eko maiatzaren 5a Irlandako militante sozialista iraultzaile eta IRAko kide izan zen. Beste bederatzi preso errepublikar bezala, Long Kesh edo Maze espetxean 1981eko Irlandako gose greban hil zen, 27 urte zituela.

1981eko gose greben liderra izan zen, non Irlandako preso errepublikanoek beren gatibu politikoen statusa kentzearen aurka egin zuten. Gose greban zela, Erresuma Batuko Legebiltzarrerako hautatua izan zen. Bere heriotzaren ondorioz, IRAko boluntarioen kopuruak nabarmen egin zuen gora, baita hauen ekintzek ere. Estrategia iraultzaile politiko-militarra indartu zen Irlandan. Nazioarteko hedabideek gose grebetan erreparatu zuten, bide batez, eta Irlandako Herri Langileak Inperio Britanikoaren aurka aurrera daraman borroka heroikoan.

Bizitza

Gaztaroa eta familia


Sands familia katoliko batean jaio zen, Abbots Cross-en, Antrim-en, Ipar Irlandan. Bertan bizi izan zen 1960an bere familia bertatik bota zuten arte. Bere arreba Marcella 1955eko apirilean jaio zen, eta Bernardette bigarren ahizpa, 1958ko azaroan. 1960an jaio zen John anaia ere bazuen. Eskola amaitzean, eskulanean hasi zen, loialista batzuk pistolaz mehatxu egin eta alde egin zuen arte.

Geraldine Noade-kin ezkondu zen eta berehala Gerard semea izan zute, 1973an. Emaztea eta haurra Ingalaterrara joan ziren bizitzera.

Ekintzaile IRAn

1972an Sands IRAn sartu zen. Urte bereko urrian atxilotu zuten bera bizi zen etxean topatu zituzten armen jabetzaren akusaziopean. Bost urteko kartzela zigorra ezarri zioten.


1976an kartzelatik itzuli zenean, West Belfasteko familiako etxera itzuli zen. IRAko ekintzaile gisa hasi zen berriz era aktiboan.1976ko bonba baten leherketan parte hartu izana akusatuta atxilotu zuten berriz, nahiz eta hau gerora ere ez den sekula frogatu. 1977an egin zioten epaiketan errudun jo zuten eta hamalau urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Maze espetxean sartu zuten, Long Kesh espetxea bezala ere ezaguna.

Long Kesh

1980ko amaieran, Long Kesh espetxeko preso errepublikarren komandante izendatu zuten, gose greban hasi berri zen Brendan Hughesen ordez.


Kartzelan preso komun gisa ematen zieten tratuaren aurkako protestak antolatzen ari ziren preso errepublikarrak. 1976an preso guztiek zituzten jantziak jazteari uko egin zioten eta manta protesta hasi zuten. 1978An, zeldetatik komunetara bidean zenbait presori eman zizkieten jipoiak medio, zikinkeria protesta hasi zuten, non presoek beren buruak garbitzeari utzi zioten eta zeldetako paretetan jartzen zituzten beren kaka eta pixa.

Bere lanak


Kartzelan zela, Sands idazten hasi zen, narratiba eta poesia. Irlandar errepublikarren An Phoblacht egunkarian argitaratzen zizkioten "Marcella" ezizenpean. Sandsek "Back Home in Derry" eta "Mc Ilhatton" kantuen letrak asmatu zituen, lehena Anje Duhaldek euskarara egokitua "Derryra itzuli" izenburupean.


Zenbait liburutan argitaratu dituzte bere lan batzuk:

  • Skylark Sing Your Lonely Song
  • One Day in My Life (Egun bat nire bizitzan) Txalaparta argitaletxea, Amaiur saila. Euskaratzailea: Mitxel Sarasketa)
  • Diary

 

Gose greba


1981eko Irlandako gose greba Ipar Irlandako gatazka garaian irlandar errepublikar presoek burututako protestaldien ondorioa izan zen. Protestaldi hau 1976an Britainiar Gobernuak irlandar preso errepublikarrei Kategoria Bereziaren Estatusa ukatu zienean Burusien protesta delakoarekin hasi zen.

1978an euren pisontziak hustutzen ari zirela preso batzuk erasotuak izan zirenean, protesta Protesta Zikina deitzera iragan zen, honetan presoak euren buruak garbitzeari uko egin eta beren espetxe geletako hormak euren gorotzez estali zituzten. 1980an 53 egun iraun zituen gose greba batean parte hartu zuten.

Bigarren gose greba bati ekin zioten eta laisterrera irlandar presoak eta Erresuma Batuko Margaret Thatcher lehen ministroaren arteko norgehiagoka bilakatu zen. Gose greba honetan zehar grebalarietako bat zen Bobby Sands presoa Erresuma Batuko Parlamenturako legebiltzarkide hautatu zuten, honek mundu osoko hedabideen berehalako jakinmina piztu zuelarik.

 Behin hamar preso hil ondoren, gose grebaren deialdia bertan behera utzi zen. Sands bera hildakoen artean zegoen eta bere hiletara 100.000 pertsona inguru bertaratu ziren. Gose grebak irlandar nazionalismoaren politika erradikalizatu zuen eta ordurarte gutxiengoan zegoen Sinn Féin alderdia, indar politiko garrantzitsua zatera igaro zen.1981eko martxoaren 1ean egin zion jateari uko lehen aldiz Sandsek. Manta eta garbiketa protestetan ari ziren preso errepublikarrek 1981eko Irlandako gose greban hasiko ziren ehundik gorako zerrenda egin zuten. Egun kopuru jakin bat pasa ostean, banaka-banaka gose greban hasiko zirela onartu zuten, Britainia Handiko gobernuak beren eskaerei men egin arte.

Bost eskaera nagusi zituzten gose grebalariek:
  1. Kartzelako uniformea ez janzteko eskubidea;
  2. Kartzela-lana ez egiteko eskubidea;
  3. Beste presoekin harreman askeak izateko eskubidea, baita beren buruei hezkuntza emateko antolatzeko eskubidea izate ere;
  4. Asteko bisita bat, gutun bat eta pakete bat;
  5. Protestetan ari zirela galdutakoa berreskuratzeko eskubidea.
Gose grebaren helburua presoak 'preso politiko' gisa (edo guda preso) hartuak izatea zen, eta ez preso komun edo kriminal arrunt gisa.

BOBBY SANDSen HITZAK

Gose greban zehar, Bobbyk bere egunerokoa idatzi zuen. Iraultzaile baten testigantza zirraragarria da, eta hona hemen esaldi batzuk:

Gose greba hasi zuenean, martxoaren 1ean, bere borrokaren arrazoiak azaldi zituen:

"Preso politiko bat naiz. Preso politiko bat naiz, zeren Irlandako Herri zapalduaren aurka erregimen arrotz zapaltzaile batek daraman gerra perpetuo baten biktima bainaiz. Erregimen horrek gure Herrialdetik erretiratzeari uko egiten dio. Nik Nazio Irlandarrak independentzia subiranoa eskuratzeko duen eskubide dibinoa sustengatzen dut, eta irlandar orok eskubide horren alde iraultza armatu batean defendatzeko duen eskubidea. Horretan sinesten dut. Horregatik naukate preso, biluzik eta torturaturik."

Gose grebaren bosgarren egunean hauxe idatzi zuen:

"Bai, bai, itxaropena badut. Gizon guztiek esperantza izan behar dute eta ez galdu sekula kuraia. Bainan ene itxaropena, nire Herri gaixoaren garaipen azkena da. Badaiteke itxaropen handiagorik?"   

Martxoaren 9an, bere urtebetetze egunean, hauxe izkiriatu zuen:

"Ongi, bada, 27 urteetara iritsia naiz, bada zerbait. Ni hilen naiz, baina 1916ko Errepublika ez da inoiz hilen. Aurrera, bada, Errepublikarantz eta gure Herriaren askatasunerantz!"  
 

Hauteskundeak

Gose greba hasi bezain pronto, 1981ean, Frank Maguire politikaria hil egin zen bihotzekoak emanda. Honek Fermanagh eta Tyrone Hegoaldea ordezkatzen zituen Erresuma Batuko Legebiltzarrean. Sandsen jarraitzaileek aukera ona ikusi zuten bere aldeko kanpaina egiteko, eta Legebiltzarrerako aulki hori bozkatu behar zenez, Sands hautatu zuten beren ordezkari gisa. Tentsio handiko kanpaina izan zen, oso polarizatua. Hauteskunde estu batzuen ostean, gose greban egunak zeramatzan Sandsek irabazi zuen aulki hori 1981eko apirilaren 9an. Ulstergo Union Partyk 29,046 boto atera zituen eta Sandsen hautagaitza batuak 30,493.

Sandsen arrakastaren ostean, Gobernu britainiarrak '1981eko herritarren ordezkaritzaren akta' indarrean jarri zuen. Bertan esaten zen urtebetetik gorako sententzia zuen inongo preso ezin zela Erresuma Batuko hauteskundeetan ordezkari izateko hautatu. Honela gose grebalari gehiagok hauteskundeetan parte hartzea eragotzi zuten.




Izena Talde armatua Jaiolekua Gose grebaren hasiera Heriotzaren data Gose greban iraundako egunak
Bobby Sands IRA Newtownabbey martxoaren 1a maiatzaren 5a 66 egun
Francis Hughes IRA Bellaghy martxoaren 15a maiatzaren 12a 59 egun
Raymond McCreesh IRA Camlough martxoaren 22a maiatzaren 21a 61 egun
Patsy O’Hara INLA Derry martxoaren 22a maiatzaren 21a 61 egun
Joe McDonnell IRA Belfast maiatzaren 8a uztailaren 8a 61 egun
Martin Hurson IRA Cappagh maiatzaren 28a uztailaren 13a 46 egun
Kevin Lynch INLA Dungiven maiatzaren 23a abuztuaren 1a 71 egun
Kieran Doherty IRA Belfast maiatzaren 22a abuztuaren 2a 73 egun
Thomas McElwee IRA Bellaghy ekainaren 8a abuztuaren 8a 62 egun
Michael Devine INLA Derry ekainaren 22a abuztuaren 20a 60 egun

Heriotza

Kartzelako ospitalean hil zen Sands 66 egun gose greban egin ostean, 27 urterekin. Bere heriotzak egun ugari iraun zuten istiluak sortu zituen Ipar Irlandako auzo katolikoetan. 100.000 pertsonatik gora pertsona joan ziren Bobby Sandsen hileta omenaldira eta Belfasteko Milltown Hilerrian gainontzeko IRAko hildakoekin lurperatu zuten.

Eragin politikoa

Guztira IRAko eta INLAko bederatzi preso hil ziren 1981eko Gose Grebetan. Sands hil zen egunean, Ian Paisley kolonialista unionisten buruak Belfasteko udaletxearen aurrean IRAren biktimen aldeko omenaldia antolatu zuen. Euskal Herrian bezala, beraz...

Sandsen eta gainerako bederatzi gose grebalarien heriotzaren ondorioz, IRAn gazte asko sartu zen eta Irlandako Herri Langilearen babes politikoa nabarmen irabazi zuen erakunde armatuak.

BOBBY SANDS, POETA

Euskaratzaileak: Ruper Ordorika eta Joseba Sarrionaindia



Pausa leku bat
 
Eguna astiro doalarik beste gau bat da poliki sartzen.
Denbora ez da ez aldatzen, ez hiltzen.
Larratxoriaren kantua da egunaren aldia,
Gauaren beltza txirrioaren karraxia.
 
Euririk badakar haizeak, izpirituaren malkoak.
Laster adituko dira burdinetan giltzaren hotsak.
Tren bat da trenbidetik iragan.
Gizonak badu Jainkoaz gain, zertaz beldur izan.
 
Arristiriko beleak hegaldatuko liratekeen alderantz
     ene gogoetak badoaz
Eta itsuki nabigatzen ari dira, itsasontziak gauez bezala,
Gogoeta batek kolpaturik —bihotza hausten duenak—
Arraigh presondegiko berrogei emakumerenak.
 
Ai! eta nahiago nuke lagun zintzoen artean egon,
Sutondoan, han non iratxoek dantzan egiten duten, ikustezinak,
Urrun H. Block infernuko deabru beltzetatik,
Ene bihotza torturatu eta ametsetan berenganatu egiten nautenak.
 
Pozik pausatuko nintzateke otea hazten den parajean,
Txokak kantuan egiten dueneko haitzen azpian,
Cormoney hilerrian, haren muinoaren azpian,
Egunak ekar dezakeenari beldurrik gabean.
 
 
 
 
Haize negartiak
 
Ai! Martxo hotzaren haizea, zure arrengura krudelak
     Latzak dira presoen bihotzean,
Erregu oihuak ekartzen baidizkidazu ene amarengandik,
     Aldendu behar dudan harengandik.
Bere negarminak aditzen ditut,
     Bere tristurak zirraratu egiten nau,
Eta gartzelako zeldaren iluntasunean
     Malko batek berotu dizkit begiak.
 
Ai! haize xistukaria, zergatik negarrez ari
     Edonora joateko libre zarelarik.
Ai! ez da izango bihotza daukazula apurturik
     Eta pusketak urruti urruti barreiaturik.
Edo jasaten dituzula askatasunik gabe
     Jaiotakoen karraxiak,
Zure norabideak bezala kontrolik ez daukatenak,
     Patu soberanorik gabekoak.
 
Ai! haize bakartia, bekatoren arima ehiztatzekotan
     Gaua erabiltzen duena.
Erruki zaitez nitaz, mutil mixerable honetaz,
     Zahartzarora sekula helduko ez dena.
Erruki zaitez oinazetan daudenetaz,
     Gatibua eta esklabua,
Eta Jainkoaren hatsa eztiro zabaldu,
     Ene hilobi umilaren gainean.
 
Ai! Martxo hotzaren haizea, iluntasuna trenkatzen duena,
     Tonu zaharretan egiten duzu oihu,
Jainkoaren aurrera eraman dituzun lagunen arimengatik,
     Nahiz haien arrengurak oraindik jasan.
Ai! haize negartia, gau bakarti honetan
     Ene amaren bihotza minduta dago.
Ai! den guziaren Jainkoa, putz egizu askatasunaren arnasa
     Amak ez dezan gehiago negarrik egin.
 
 
 
Kamaradak iluntasunean
 
Urrezko eguzki distiratsua heldu zen,
     Ilundutako zeruetan zehar,
Gatibua ametsetatik iratzarriz,
     Bere begien gainera jeistean.
Askatasunaren bidea zuen argitu,
     Larratxori kantariari agindu,
Kimu negarti bat eraman zezan,
     Ilunpeko loreengana.
 
Haik loratu ziren bide zidor eta herrietatik,
     Askatasunaren usain lurrintsuaz,
Bihotza emanik lagun nekatuari,
     Egun ilunen joan etorrian.
Indartsu eta eder hazi ziren haik,
     Fortuna hotza eta gogorraren artean,
Heuren sailetako lorerik ederrenak,
     Iluntasunaren arrosak.
 
Guda haizea gogor zetorren xahuketan,
     Loreak ez zuen negarrik egin,
Ai! nola hausten duen askatasun zalearen bihotza,
     Lehen arrosa hiltzen ikusteak.
Soldadu batzuek deserrotu dute baratzeko alaitasuna,
     Erre aztarna bat utziaz
Orain iluntasunean kateaturik dagoen
     Zilar petalodun lorearen baitan.
 
Lore horik negarrez ari dira zelda heze hotzetan,
     Ilunbea argitzeko eguzkirik ez,
Torturaren mesprezio zitalena pairatzen,
     Sasoi onenean zimel daitezen.
Baina ez dira inoiz errendituko lore maitagarri hauk,
     Askatasunaren seinalea aditzen dute,
Behartsua gidatzeko argia dira
     Lore horik iluntasunean.
 
Ez dit ardura gu askatasun zaleak hiltzeak,
     Ikus dezagun baratzeko lorea,
Eta txilinbelar ixilak burua jasotzen,
     Indar guziaz altxatzeko.
Malko bat ari naiz eusten, bihotzean minetan erditua,
     Arc-eko Joana bat inoiz izan bada,
Ziega ilunean dagoen
     Benedikaturiko lore horietako bakoitza izango da.
 
 
Haro modernoak
 
Haro modernoetan bizi omen gara
Mila bederatzirehun eta hainbestegarren
     urte zibilizatuan
Baina ingurura begiratuez gero
Tortura eta hipokresia aurkitzen dut
 
Haro moderno hauetan hil egiten dira haurrak,
Gosez hiltzen dira, zergatia ez du
     inork galdetzen,
Eta izuturik, biluzik, korrika doaz neskatilak
Beren oheak gauez bonbardeatu dituztelako.
 
Diktadore lodiak beren tronoetan eseri dira
Gazte askok gurasoen hezurrak
     ehorzten dituen artean,
Eta ilunbetako polizia sekretuek norbait
Elektrokutatuko dute, populua esnatu orduko.
 
Burokratek, espekuladoreek eta lehendakariek
Beren masailetan irribarreak
     eskegitzen artean
Preso bakartiak bere hobiaren sakonetik oihukatuko
Eta andereren batek
     geroko gizagaisoa erdituko du nonbait.




IRLANDAR
  ERREPUBLIKA
 SOZIALISTAREN
 ALDEKO BORROKA
AURRERA DOA!!!

HAN ERE,
PEACE PROCESS USTEL BAT
ANTOLATU ZUEN INPERIALISMOAK,
BAINAN IRLANDAR IRAULTZAILEEK
JAKIN DUTE  HORRI AURRE EGITEN,
ETA BORROKA BERRANTOLATZEN.

BESARKADA BERO BANA
EUSKAL HERRITIK,
BURKIDEOK,

TIOCFAIDH ÁR LÁ!!! 

NUIR A THIGEANN AR

AITHÍOCFAIDH IAD GO MOR!!!

     

2013/04/09

Apirilaren 19an, EUSTAKIO MENDIZABAL "TXIKIA"ren heriotzaren 40 urteurrena




TXIKIA ZUEN GUDA IZENA...




Heldu den asteko ortziralean, 2013ko apirilaren 19an, Eustakio Mendizabal Benitoren asasinatzearen 40. urteurrena izanen da. Algortan hil zuten, Ortzegun Saindu batean, 1973an.

Idazlea, poeta, gudaria, iraultzailea... "Txikia"ren nortasunak markatu zuen ETAren norabidea zenbait urtez, bertze militante batzuekin batera, jakina.

Abertzaletasun iraultzailearen eredu, euskalduntasunarena ere bai, blog honetan hiru idazki eskaini dizkiogu, iazko udan izkiriatuak,  "Poesia Gorria" sailean, abuztuaren 10ean argitaratuak hirurak, EUSKARA TA ASKATASUNAREN POETA" izenburuaz.
 

 

28 urte zituen hil zutelarik, eta ni zorretan sentitzen naiz berarekin, eta gainontzeko gudari guztiekin ere. 28 urte zituen, eta nik 48 urte baditut... 20 urteko propinak eman dit Biziaren Andereak... Eta bai, zorretan sentitzen naiz Eustakiorekin, eta horregatik ekarri nahi dut honat nik maiteen dudan bere poema:



“Gizonen pausoak itsasora
dijoazen urak dira…
heriotzaren gurpilak garamaz
ilunpetako hobira,
argia gautzen eta bizia
finitzen dan ur haundira.

Egun xintak gaua dakar,
biziaren gau gordina!
Bainan heriotz guziak
ez dute erranahi berdina.

Goiz ihintzak sortutako lorea
arratsean hiltzear dago…
Hala, gu ere herio segak
denok gaitu eramango…
Bainan heriotz batzuk ditugu
besteak baino pisuago.
Herri interesengatik hiltzeak
mendien pisua dauka,
bainan faszisten morroi bizi ta
zapaltzaileentzat hiltzea
xoriñoen luma grisa baino
pisu gutiagokoa da.

Ideal gabe morroi hiltzeak
ez du deus ere balio…
Herriagatik hil danak aldiz
bizitzari argi dagio…
Ur guziak ez dira gaziak
herio denak ez herio.”
 
1969an idatzia
 
Eta nola ez aipatu bertze poema hau, Euskal Iraulzaren ikurra, Herri Langile Euskaldunaren irrintzia, irakurtzen dudan bakoitzean begiak malkotan jartzen dizkidana?

EZ ETSI

“Ene Herria
Ez etsi
Ez da oraindik iritsi
Baina
Ez etsi ...
Eta eutsi!
Noizbait beharko baita iritsi
Kantuari ez utzi
Eta
Borrokaren dantzara jautsi
Oinaze minez hil zirèn semeak goretsi
Bizia baitzuten utzi
Baina kantuari ez utzi
Eta
Ez etsi
Ez etsi
Ez etsi.”


 Data sinboliko eta esanguratsu horretan, blog honek, "EUSKAL IRAULTZA SOZIALISTA", bere lehenadabiziko bilera eginen du. Kontua da 2012ko uztailean abiatu nuela bloga, hasieran ekimen pertsonal gisa. Bederatzi hilabete joan dira geroztik, haurdunaldi bat, nonbait, eta bada garaia bertze militante abertzale eta sozialista iraultzaileek modu kolektibo eta antolatu batean blogeko martxan parte hartzeko. Horretarako egine dugu bilera bat, heldu den asteko ortziralean, apirilaren 19an, arratsaldeko 7etan, Berriozarko Udaletxeko KULTURGUNEan. Berriozar Iruñerriko iparraldean dago, Iruñetik borts kilometrorat-edo...

Blog honek egiten duen lanarekin ados bazaude, zure kritikak, proposamen eta iradokizunak egin nahi badituzu, orri ahauetan zerbait idatzi nahi baduzu, edo bertzerik gabe, Euskal Iraultza Sozialistaz eztabaidatu nahi baduzu, zatoz, beraz, apirilaren 19an Berriozarrera. Hantze izanen nauzue, zain.


«Txikia zuen guda-izena
bera gizon osoa izan arren
Mendizabal Sasetaren hurrena
biak txiki, bizkor eta lerden
Saseta hil zen gudarien aurrean
Mendizabal hil zaigu bakarrik
baina biok daukate herri osoa
atzo ta gaur euren atzetik
Euskadirentzat hil dire-ta
gorputzak arantzaz beterik.
Harro hadi Kantauri itsasoa
ta heien betiko loa betiko kanta zak
Geroari esaiok olatuetan
Herri-izarrak ez direla itzaltzen
gure haurrek biharko ikastoletan
heien izenak abestu ditzaten
arantzetan biak hil baitziren. »

Telesforo Monzón
 
  

2012/08/10

Poesia gorria (5)


EUSTAKIO MENDIZABAL
“TXIKIA”
EUSKARA TA ASKATASUNAREN POETA

  (3)

 


Buruzagi eta ekintzaile gisa lan handia egin zuen erakunde armatuaren baitan, beti ere lehen lerroan: Burgosko auzia eta Beihl kontsul alemanaren bahiketa, atrakuak, enpresari batzuen lehen bahiketak: Huarte eta Zabala, gose grebak, ihesaldi espektakularrak, Carreroren aurkako ekintzaren prestaketak, bonben leherketak...

 

Joxe Manuel Pagoagak kontatzen digu:  "Ni ihes egin berria izaki, eta uste nuen bizia arriskatu behar banuen nola irabaziko genuen ere ikusi nahi nuela. Egun batean bere etxera joan eta galdetu nion ea zer egin behar genuen. `Orain, kanpaina hau eta gero beste hura'. Eta nik: `Eta gero?'. Gero halako eta bestelako. `Eta gero' eta segi; eta halako batean: `Eta gero?' `Borrokan hil', horrela, ahotsik mudatu gabe. Eustakio konturatzen zen garai hartan hil egin behar zela. Herri bat ginela, askatu egin behar genuela eta... borrokan hil".


Luzaz iraunen du zinezko euskaldun ororen oroimenean 1973ko Ostegun Santu hark. Euskal erresistentzia armatuan ordurako mito bihurtua zèn Txikia hil zigutèn eguna. Eustakio Polizia Espainolak tiroz asasinatu zuen jadanik lurrean, larri zauriturik eta hilzorian.

.Euskadi Ta Askatasunako Fronte Militarreko militanterik ezagunena, garai hartako karismatikoena agian, apirilaren 19 hartan, Getxoko kaleetan. Hogeita zortzi urte bertzerik ez zuen. 

“Gizonen pausoak itsasora
dijoazen urak dira…
heriotzaren gurpilak garamaz
ilunpetako hobira,
argia gautzen eta bizia
finitzen dan ur haundira.

Egun xintak gaua dakar,
biziaren gau gordina!
Bainan heriotz guziak
ez dute erranahi berdina.

Goiz ihintzak sortutako lorea
arratsean hiltzear dago…
Hala, gu ere herio segak
denok gaitu eramango…
Bainan heriotz batzuk ditugu
besteak baino pisuago.


Herri interesengatik hiltzeak
mendien pisua dauka,
bainan faszisten morroi bizi ta
zapaltzaileentzat hiltzea
xoriñoen luma grisa baino
pisu gutiagokoa da.

Ideal gabe morroi hiltzeak
ez du deus ere balio…
Herriagatik hil danak aldiz
bizitzari argi dagio…
Ur guziak ez dira gaziak
herio denak ez herio.”

Bere lagun eta burkide Peixotok honela kontatu zuen bere heriotza: 

"Gauza da Eustakiok deitzen didala Bilbora, ez dakit zertarako. Jartzen dit zita Errekaldeko taberna batean eta han elkartzen gara hamar-dozenaren bat ilegal. Eta esaten dit nik berekin joan behar dudala. Ateratzen gara taberna hartatik, kristoren multzoa, klaro, eta hor datoz bi kotxe beltz, milkinientosak biak, bete-beteak. Ikusi genituen, dudarik ez txakurrak zirela, baina ez ziren ausartu ezer egitera. Aurrera segi zuten eta... bakoitza bere aldetik.

 Eustakio eta biok Matikora. Orduan ezagutu nuen Matiko. Etxe batean sartu eta han bazkaldu genuen. Madrilgo komandoaren ordezkari bat zegoen han, Carrerorena prestatzen ari zirenetako bat. Carreroren ekintzaz eztabaidatu zen, eta baita karnetena ere. Eta seietan Algortako tren geltokian egoteko. Seietarako Algortako estazioan nengoen, trenaren zain. Irteten da Eustakio trenetik, heldu da niregana, betiko bere tabardo berdearekin, eta hiru bat metrora seinale bat egiten dit ahoarekin, hortzak hola jarrita. Eta atzetik gizon multzo bat ikusten dut, baina bi aurpegi ditut buruan, kristoren gizon tzarrak, hamarren bat. 


Parean jarri naiz eta Eustakiok: `Atzetik zetozek'. `Ziur hago-'. `Bai, ziur nauk'. `Bueno, goazen haruntza, ea segitzen gaituzten'. Eta haiek beti atzetik. Jarraitu genuen, bueltan-bueltan, eta etxe baten portal ondoan geratu ginen. Begiratu atzera eta ordurako denak linean zetozen, zabalean, bidea oso-osoan hartuz, eskuak hola txaketan sartuta (bizkar zainen ohizko keinuan). 

Eta Eustakioren aurpegian heriotza zen, klabao, aho ingurua zuri-zuri. Bat-batean, arnasa hartu zuen eta `korri egin behar diagu!'. Lasterka hasi eta besteak atzetik tiroka. Lehenengo kolpetik distantzia hartu nion Eustakiori; baina orduan ez du funtzionatzen buruak, nik uste, instintoak funtzionatzen duela, eta frenatu egin nuen, berari itxoiteko. Aurrera gindoazela korrika, berrogeita hamarren bat metro egingo genituen, eta nik eskailera batzuk ikusi nituen eskumatik, eta bidea mendi-ebaki baten ondotik zihoala. Nik eskailerak hartu nituen, igo abiada batean eta goian, kaxko batetik, behera begiratu eta ikusi nuen azken aldiz Eustakio, oso hurbil besteengandik, eta tiroka.
 
Behetik gora nire atzetik ikusi nituen, eta aurrera egin nuen eskaileretatik gora, lehengo kale berera irten berriz, eskaratz batean sartu eta txaketa bota, Garratzek emandako txaketa marroi bat, eta irten egin nintzen. Txaketa... goizean errietan aritua nintzaion Eustakiori: `Hi ere ba haiz bada, Ostegun Santu eta erropa kabroi horiekin, txamardo alu horrekin'. Bera ere ez zegoen bromatarako eta: `Hauek ere Ostegun Santuan ibiltzeko arropak dituk'. Kotxe bat hartu eta etxe batera sartu nintzen. Eta kotxe hura semaforo batean zegoela, orduantxe pasa zen anbulantzia bat Bilbo aldera. `Izorratu haute, Eustakio' pentsatu nuen nere artean. Tiroteoa hasi eta anbulantzia semaforotik pasatzen ikusi artean ez ziren bost minutu baino asko gehiago pasako".

Txikia errepidera iritsi omen zen, Makaleta etorbidearen ingurua. Auto batera jo, sartu eta arazoak eduki omen zituen autoarekin. Bitartean polizia bat inguratu eta tiro bat egin zion bertatik bertara. Hilzorian egonda, eskuburdinak jarri eta Basurtoko ospitalera eraman zuten. Hogei minutu egin zituen bizirik.

Hiletak hil eta bi egunetara egin zizkioten Itsasondon, Aberri Egunez, poliziez ondo inguraturik. Berehala ehorztea agindu zuen Espainiako Gobernu Zibilak, inolako omenaldirik antolatzen utzi gabe. Zokoan (Ziburu) elizkizuna egin zuen Aita Larzabalek Txikiaren oroimenez, iheslari eta militante abertzalez betetako elizan. 

 

Txikiaren etxean, honako liburuok aurkitu zituen Peixotok: Che Gevararen obra konpletoak, Clausewitz-en "La Guerra", Orixek idatzitako "Santa Kruz Apaiza" eta Auspoa saileko bertso eta kanta guztiak.

Itsasondoko kanposantuko bere hilobiko harlauzak bere poema du idatzita:

“Ikastol’ eta eliz askotan
Atea didate itxi;
Atzerritarrak eta seme askok
Lapur bat antzo ezetsi
Nere izena apaldu arte
Inoiz ezin dute etsi...
Zer egin diet etsai bezala
Hainbat nazaten gaitzetsi?”

Eustakio Mendizabal, “Txikia”, gure CHE Guevara euskalduna.

 


EZ ETSI

“Ene Herria
Ez etsi
Ez da oraindik iritsi
Baina
Ez etsi ...
Eta eutsi!
Noizbait beharko baita iritsi
Kantuari ez utzi
Eta
Borrokaren dantzara jautsi
Oinaze minez hil zirèn semeak goretsi
Bizia baitzuten utzi
Baina kantuari ez utzi
Eta
Ez etsi
Ez etsi
Ez etsi.”



GORA TXIKIA,
EUSKAL IRAULTZAREN EREDUA!!!

GORA EUSKAL ERREPUBLIKA SOZIALISTA!
AGUR, EUSTAKIO, IRABAZI ARTE!