LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

Ekologia etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Ekologia etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2013/05/12

AHTrik EZ! NAFARROAKO BURGESIA NABARRERO-ESPAINOLISTAREN USTELKERIA MUGAGABEA ETA LOTSAGABEKERIA KRIMINALA

 

UPNk onartu du 

Castejon eta Iruñea artean

 baino ez dutela eginen AHTa


«Zurrumurruei» aurre egitera agertu zen Nafarroako Gobernuko Sustapen kontseilari Luis Zarraluki atzo, Nafarroako Parlamentura. Aralar-NaBaik, Sustrai Erakuntza Fundazioak eta AHT Gelditu! Elkarlanak aurreratutakoa onartu bertzerik ez zuen egin, ordea: Nafarroako AHT abiadura handiko trenaren egungo proiektua ez dela eginen. 

AHTari Castejon eta Iruñea arteko zatian baino ez diote eutsiko. Castejon eta Zaragoza (Espainia) arteko lotura, eta Iruñea eta Gasteiz artekoa, egungo trenbidea moldatuz eginen dute. Beste errail bat jarriko dute, hirugarrena, egungo bidea Europak ezartzen duen zabalerara egokitzeko. Iruñea Euskal Y-arekin Gipuzkoatik lotzeko proiektua, beraz, bazter gelditu da. 

Info +:Berria



 
























Oraingoz, behintzat. Horixe zehaztu zuen Zarralukik. Kontseilariak argi utzi zuen egungo egoera ekonomikoak bultzatuta egokitu dutela proiektua, eta nabarmendu zuen, batez ere, denbora epeak aldatu direla. Hau da, gaur egun ezin egin daitekeena etorkizunean gauzatzeko aukera ez zuela bazter utziko. Orain mahai gainean jarri duten egitasmoa ere «urrats garrantzitsua» dela erantsi zuen. «Zentzuzkoa, gainera, egungo testuinguruan». Beraz, etorkizunean Castejongo eta Iruñeko loturak abiadura handian egiteko aukera ez zuen baztertu nahi izan. «Eusko Jaurlaritzak Iruñea eta Euskal Y-aren arteko Ezkio-Itsaso bitarteko loturaren alde egiten du. Lanean ari gara haiekin eta Espainiako Gobernuarekin. Madrilera joanen gara alternatibak aztertzera. Ez dugu aukera hori bazter uzten, baina luzera begirako helburua da. 2024rako? Auskalo! Zaila ikusten dut», onartu zuen Zarralukik.

1.200 milioiko aurrekontua

Proiektu berriaren aurrekontua, osoa, 1.200 milioi euro ingurukoa izanen dela azaldu zuen Sustapen kontseilariak. Orain arteko egitasmoarena 4.000 milioi eurokoa zen. Abiadura handiko trenaren kilometro bakoitzaren gastua zenbatekoa den azaldu zuen Zarralukik: Nafarroan, hamar milioi eurokoa. «Hamarrera ez da ailegatzen», zehaztu zuen kontseilariak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, batez beste, 40 milioi euro ingurukoa dela gaineratu zuen. Hirugarren erraila egiteko aukera anitzez ere merkeagoa da, aldiz. «Bi milioi eurokoa da gure aurrekontua, kilometro bakoitzeko, trenbideko langak kendu behar badira. Langak kendu gabe, aurrekontua milioi bat eurokoa da, kilometroko».

Nafarroako Gobernuak Espainiarekin duen akordioaren arabera, lanak Madrilek ordaintzen ditu, baina Nafarroak aurreratzen du dirua. Sistema egokitu nahi du UPNk, kopuru hori Nafarroak urtero Espainiako Gobernuari ematen dion sailetik kentzeko, eta, modu horretan, «lan horiek Nafarroari bertze gasturik ez eragiteko». Zarralukik azaldu zuen proiektuan egindako moldaketak ontzat jo dituela Espainiak, eta, ondorioz, hitzarmen berria sinatu beharko dutela datozen hilabeteetan.

Sustapen Batzordeko parlamentarien artean askotariko iritziak eragin zituzten Zarralukiren atzoko hitzek. PSNko Maite Esporrin haserre agertu zen gobernuak egindako aldaketekin; Bilduk, Aralar-NaBaik eta Ezkerrak, berriz, ontzat jo zituzten. UPNk uste du proiektu berriak «oinarrizko aldaketarik» ez duela eraginen; halaxe erran zuen atzo parlamentuan alderdi horretako parlamentari Marivi Castillok. PPNk, berriz, egoera ekonomikoa kontuan hartuta, «egin beharreko» urratsa zela nabarmendu zuen.

PSNko Maite Esporrinek, berriz, Espainiako Gobernuari eskatu zizkion kontuak. «Ezaugarri behineneko trenaren aldekoak gara gu. Aldaketek Nafarroari egiten diote kalte. PPk proiektuaren alde eginen zuela erran zigun, baina engainatu egin gaitu, beti bezala».


Bertzelako balorazioa egin zuen Bilduko parlamentari Victor Rubiok. Proiektuan egindako aldaketak ontzat eman zituen, eta ontzat eman zuen, halaber, aurrekontuak nabarmen behera egin izana. Castejon eta Iruñea arteko zatian abiadura handiko trenari eustea, hala ere, gogor kritikatu zuen parlamentariak. Izan ere, Zaragozarako eta Gasteizerako bidearekin loturarik gabe, 65 kilometroko irla baten modukoa izanen da AHTa zati horretan. Nafarroako Gobernuak proiektu hori egiteko zer interes duen galdetu zuen parlamentariak. «Asmo horrekin aurrera jarraitzen badu gobernuak, AHTa Los Arcoseko zirkuituaren gisakoa izanen da; hori bai, zuzena».

Aralar-NaBaiko Juan Carlos Longasek Castejon eta Iruñea arteko zatia ere eginen ote duten zalantzan jarri zuen. «Castejon eta Iruñea artekoa izanen da, edo Tafallan geldituko da abiadura handiko trena?», galdetu zion kontseilariari.

Ezkerrako Marisa de Simonek ere «berri ontzat» jo zuen hasierako bidetik 65 kilometro baino ez egitea eta aurrekontua murriztu izana. Castejon eta Iruñea arteko zatia egiteak zentzurik ez duela erantsi zuen, ordea, eta egindako aldaketek agerian utzi dutela «porrot egin» duela gobernuak.

Geroa Baik ere, prentsa ohar baten bidez, «porrot handitzat» jo zuen UPNk ezaugarri behineneko trenari buruz egin duen kudeaketa. Gobernuak Castejon eta Iruñea arteko zatia bakarrik eginen duela onartu eta gero, zati horren inguruko «informazio zehatza» eskatu du koalizioak.

Castejon eta Iruñea arteko AHTaren zatia bertan behera uzteko eskatu zutenekin bat egin zuen AHT Gelditu taldeak atzo. Euskadi Irratian mintzatu zen Gorka Ovejero, Nafarroako presidente Yolanda Barcinari tartakada emateagatik epaituko duten kideetako bat. «Halako zati txikian abiadura handiko trenak ez du zentzurik», erran zuen. Administrazioak AHTaren kostuei aurre egiteko zailtasun handiak dituztela erantsi zuen.

Castejon-Iruñea zatiko aurrekontua 675 milioi eurokoa dela azaldu zuen. Kopuru hori, 65 kilometroko tarterako. Aurreztuko den denborak ere ez duela justifikatzen gaineratu zuen. Gaur egungo Iruñea eta Madril arteko bidaiarekin alderatuta, 25-30 minutu aurreztuko dira, Luis Zarraluki kontseilariaren hitzetan. Ovejeroren arabera, Castejon eta Iruñea arteko zatian zortzi minutu baino ez lirateke aurreztuko. AHTarentzat dirurik ez dela eta loturarik gabeko zatiak zentzugabekeria direla berretsi zuen.

Bi uharte eta basamortu bat


 

















Iazko urrian izan zen, Nafarroako Parlamentuko batzorde batean. Yolanda Barcina presidenteak Manu Aierdi Geroa Baiko parlamentarioaren galdera bati erantzun zion proiektu estrategikoei buruz. Haien artean kokatu zuen presidenteak abiadura handiko trena (AHT). «Ezin ditugu obrak gelditu. Ziur naiz berehala lotuko dugula Euskal Y-arekin, eta, haren bidez, Frantziarekin».

Atzo mapa bat eman zien Luis Zarraluki Sustapen kontseilariak parlamentariei eta kazetariei. Hartan, Castejon eta Iruñea arteko AHT zatia baino ez da ageri, hegoaldetik eta iparraldetik bakartuta. «Uharte bat», Yolanda Barcina UPNko presidenteak berak aste honetan adierazi duenez.

Alegia, Frantziarekin loturarik ez. Madrilekin ere ez. Eta galdera berehala dator: zertarako Castejon eta Iruñea arteko loturarik gabeko AHT zati hori? Berez, gastu itzela eskatzen du obra horrek, eta hasi baino ez dute egin. Oraingoz Castejon eta Alesbes arteko zatian bakarrik sartu dira makinak, eta aurrekontu osoaren zati ñimiño bat besterik ez du erabili administrazioak: hamasei milioi euro inguru. Erraza luke Barcinaren gobernuak: lanak bertan behera utzi, eta, kasik inolako ondoriorik gabe, 1.200 milioi euro aurrezteko moduan legoke. Ederki etorriko litzaioke dirutza hori presidenteari, besteak beste, azkenaldian bere guraizeek ederki astindu dituzten osasunean, hezkuntzan eta gizarte politiketan inbertsioak egiteko.

Nafarroan uharte bat izango da AHTa. Eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere ikusteko dago. Izan ere, hurrengo hilabetean erabaki behar du François Hollanderen gobernuak ea Lapurdiko AHTa eraikiko duen. Gobernuak mahai gainean dituen txosten gehienek —besteak beste, Mugikortasuna 21 Batzordeak egindakoak— zati hori baztertzeko aholkatzen diote, Bordele eta Tolosa (Okzitania) artekoa lehenetsita.

Burgos eta Gasteiz arteko tartean obrak ez dituzte hasi ere egin, eta ez dago horretarako eperik. Berriki Burgosko gobernu ordezkariordeak Ventas de Baños-Burgos zatiko lanetara egindako bisita batean adierazi du korridore horrek zati konplexu batzuk dituela —adibidez, Pancorboko haitzartetik igarotzea— eta ez dutela oraindik zehaztu nola egin. Eta, hori gutxi balitz, Bilbo, Gasteiz eta Donostiako geltoki berrien proiektuak oraindik ez daude guztiz zehaztuta. Aurreko Jaurlaritzako agintariek aitortu zuten behin-behineko loturak egingo dituztela geltoki zaharretara, berriak eraiki bitartean. Horri denari erantsi behar zaio berehala zuzentzeko itxurarik ez duen egoera ekonomiko txarra.

 

Iaz Eusko Jaurlaritzak ‘Euskal Y’-a: herri proiektu bat, nazioarteko lotura bat txostena aurkeztu zuen, eta lehen lerroetan azaldu zuen azpiegituraren xedea: «Europarekiko trenbide bidezko integrazio egoki bat bermatzea». Denbora badoa eta gero eta lausoago geratzen ari da argudio hori. Eta, bidenabar, gero eta zalantzazkoagoa da agintariek urte hauetan egin duten kudeaketa. Tren lasterrak kilometro askotara dauden hiriak lotzeko egin ohi dira munduan. Euskal Herrian loturarik gabeko bi trenbide daude, oraingoz, eraikitze bidean. Ia 2.000 milioi euro gastatuta. Paris eta Madril, lehen bezain urrun. Bi uharte, eta, erdian, basamortu bat.



2013/05/01

IBIL (3) EUSKAL ERREPUBLIKA SOZIALISTA



EUSKAL
 ERREPUBLIKA
 SOZIALISTA





1.- EUSKAL HERRI LANGILEAREN SUBIRANOTASUN ERABATEKOA: INDEPENDENTZIA. Euskal Errepublika Sozialistaren subjektu politiko bakarra Herri Langilea izango da: Burgesiak ez du eskubide politikorik izango.

2.- OLIGARKIA ETA KAPITAL HANDIAREN ONDASUN GUZTIEN NAZIONALIZAZIOA: BANKA, INDUSTRIA, LURRAK, ETXEBIZITZAK. Gainontzeko lantokietan langile kontrola ezarriko da, ekonomiaren erabateko sozializazioa lortu arte. Euskal Errepublika Sozialistak ez du kanpo zor inperialistarik ordainduko, ezta kobratuko ere.

3.- ERAKUNDE INPERIALISTA GUZTIETATIK ATERATZEA: OTAN, EUROPAR BATASUNA, EUROA. Euskal Errepublika Sozialistak politika internazionalista garatuko du: paperak etorkin guztientzat, laguntza eta babesa munduko gainontzeko borroka iraultzaileei, beste Errepublika Sozialistekin federatzeko aukera.

4.- AMNISTIA OSOA ETA BALDINTZARIK GABEA. Gudari eta iraultzaile guztien askatasuna. Haien borrokaren zilegitasunaren aitortza. Zapalkuntza nazional eta sozialaren erantzuleei herri epaiketak.

5.- BURGESIAREN TALDE ARMATU GUZTIEN DESEGITEA (Ertzaintza, Foruzaingoa) EDOTA ESPULTSIOA (Guardia Civil, Policía Nacional, Gendarmerie, CRS) EUSKAL HERRITIK. Euskal Herri Langileak bere autodefentsa armaturako tresnak sortuko ditu.

6.- EUSKARA EUSKAL HERRIAREN HIZKUNTZA NAZIONAL BAKARRA. Berreuskalduntzeko Plangintza Nazionala.

7.- PATRIARKATUAREN AURKAKO POLITIKA IRAULTZAILE GLOBALA: generoaren araberako zapalkuntzarik gabeko Herria eraikitzeko.

8.- ETXEBIZITZAREN ARAZOAREN KONPONBIDE IRAULTZAILEA. Hutsik dauden etxebizitza guztien alokairu sozial derrigorrezkoa. Langileen hipoteka guztien ezabatzea.

9.- PROIEKTU TXIKITZAILE ETA DESARROLLISTA GUZTIEN GELDITZEA ETA OREKA EKOLOGIKOA BERMATZEKO PLANGINTZA NAZIONALA. Energia eta baliabideen kontsumoaren jaitsiera planifikatua. Euskal Herriko ekosistema berreskuratzeko neurriak.

10.- EUSKAL ERREPUBLIKA SOZIALISTA ESTATU LAIKOA IZANGO DA, LANGILEEN BILTZARREN BOTEREAN OINARRITUA.

     

IBIL (2) OINARRIAK




 

 
IBIL, 
Iraultzaileen Bilguneen
  OINARRIAK




Euskaldun  iraultzaileak gara, eta iraultzaile euskaldunak. Gure helburua, Euskal Herri Langilearen erabateko emantzipazioa eta askatasuna da, eta zehazkiago Euskal Langileriarena, klaserik gabeko Euskal Herrian. Hori lortzeko, zapalkuntza guztiak suntsitu nahi ditugu, eta bereziki botere zapaltzaile hegemonikoa den Kapitalismoa, gainontzeko menderakuntza zaharragoak (eta sakonagoak) ahaztu gabe: patriarkatua, etnozidioa, arrazakeria, ekozidioa … Mendez mende txirikordatu diren zapalkuntza sare konplexu horiek gaur egun Inperialismoan integratu dira. Euskal Iraultza Sozialista egitea da gure xedea, beraz: euskal langileok Euskal Herri batu, independente, sozialista eta euskalduna eraikitzea.



Horiek izan dira urtez urte eta borrokaz borroka gure helburu historikoak. Euskadi Ta Askatasunaren lehen Biltzarrean, 1962an, Euskal Nazio Askapenerako Mugimendu Iraultzailea sortu zen. Bosgarren Biltzarrean,  1967an, Euskal Nazio Askapen Mugimendu Sozialista finkatu zen. Definizio hauekin eta ondoren etorri zen Nazio Askapenerako Euskal Erakunde Sozialista Iraultzailearen praxiarekin bat gatoz. Lehengo lepotik dugu burua: Independentzia eta Sozialismoa! Birbatasuna eta Berreuskalduntzea! 



Azken urteetan Ezker Abertzalearen zuzendaritzak hartu duen norabideak erabat larritu gaitu. Euskal Iraultza Sozialista ezinezkotzat joz, estrategiaz aldatzea eta Sistema Kapitalistan integratzea erabaki dute, ahalik eta baldintza hoberenetan. Horretarako, Inperialismoaren laguntza onartu dute. Guk ez dugu bide horretan sinesten, areago, uste dugu estrategia horrek galbidera garamatzala, Euskal Iraultza zapuztera eta herri borroka iraultzaile guztiak indargabetzera. Munduan zehar horrelako prozesuak gertatu izan dira, eta emaitzak hor daude: Inperialismoaren garaipena eta Herri Langileen Iraultzen derrota. Salbuespenik gabe.


Hau guztia ikusirik, Euskal Iraultza Sozialistari eusteko, Euskal Herri Langilearen borroka guztiak areagotzeko, Euskal Langileriaren klase kontzientzia eta praxi iraultzailea zorrozteko  eta Euskal Nazio Askapen Mugimendu Sozialista Iraultzailea indartu eta berreraikitzeko, Iraultzaileen Bilguneak izeneko antolakundea sortzea erabaki dugu : IBIL.



Hona hemen gure antolakundearen oinarrizko bost printzipioak:





* EUSKAL IRAULTZA: Euskal Herri Langilearen askatasuna ez dugu lortuko Espainia eta Frantziako estatu kapitalistak Euskal Herrian gutxienez irauli eta suntsitu gabe.

Euskal Iraultzaren bost zutabeak ondoko hauek dira, gure ustez:



- INDEPENDENTZIA: Euskal Herri Langileak pairatzen duen zapalkuntza nazionala Independentzia erdietsiz bakarrik gaindituko da. Independentistak gara, Euskal Herriaren subiranotasun nazional betea defendatzen dugu zapalkuntza inperialista guztien aurka. 



- SOZIALISMOA: Euskal Herriaren Independentziak badu guretzat klase izaera: Euskal Errepublika Sozialista. Bertan Euskal Langileria izango da klase hegemonikoa, eta Euskal Herri Langilea subjektu bakarra. Sozialismoa klaserik gabeko sozietatea eraikitzeko trantsizio-aldia da eta proletalgoaren diktaduraren garaia: demokrazia, hau da, Herri Boterea langileentzat, eta diktadura burgesiarentzat. Ekoizpen tresna guztien jabetza soziala izango da, hots, ekoizpen baliabideen jabetza pribatua desagertuko da erabat. Taktikoki Euskal Estatu Sozialistaren alde gaude, langileen biltzarren boterea:  Euskal Errepublika Sozialista.



- BERREUSKALDUNTZEA: Euskara da gure hizkuntza nazional bakarra. Euskararen Herriaren kontra mendez mende estatu eta botere zapaltzaileek egin duten etnozidioaren aurka gaude erabat. Gaur egun euskaldungoa gutxiengoa da Euskal Herrian. Euskal Iraultza Sozialistak berreuskalduntzea ekarri beharko du bere baitan, zinezko Iraultza izan dadin.


- BIRBATASUNA: sei lurralde historikoen Nazioaren alde gaude: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoa. Hori da gaur egun gure marko nazionala. 


- EUSKAL HERRI LANGILEAK BORROKA MOLDE ETA BITARTEKO GUZTIEZ BALIATZEKO ESKUBIDEA DU: Borroka molde guztien legitimitatea eta egokitasunaren printzipioa mantendu eta defendatzen  dugu. Borroka bitartekoen aukera erabaki taktikoa da, beti ere Iraultzaren zerbitzuan. Ondorioz, AMNISTIA osoa eta baldintzarik gabea defenditzen dugu errepresioa jasaten duten gudari eta iraultzaile guztientzat, haien borroka erabat zilegi eta legitimoa delako, Euskal Herri Langilearen seme-alabarik zintzo eta koherenteenak direlako. Era berean Euskal Herri Langilearen borroka iraultzaile guztien oroimena eta defentsa hartzen dugu geure gain, burgesiaren  gezur eta manipulazioen  aurka. 
 


* FEMINISMOA: Ez dago benetako iraultzarik emakumeak bereziki zapaltzen dituen Patriarkatua irauli gabe. Horretarako, praxi feminista ezinbestekoa da, Iraultza Sozialista egiazkoa izan dadin. Emakume langileen feminismo sozialista iraultzailea da gurea.



* EKOLOGISMOA: Ama Lurraren oreka ekologikoa babestu eta zainduko duen Iraultza Sozialista egin nahi dugu, antidesarrollismoa eta planeta honetako biziaren ekosistema globalaren garapena bultzatuko dituena, beti ere Herri Langileen ongizatearen zerbitzuan. 


* INTERNAZIONALISMOA: Kapitalismoa mundu mailako sistema da, eta bera suntsituko duen Iraultza Sozialista ere mundu mailakoa izango da. Hori da internazionalismo proletarioaren muina. Euskal Iraultza Sozialista mundu mailako Iraultza Sozialisten partea da, eta Euskal Langileria, munduko Langileriaren zatia. Klase interes komunek oinarritzen dute internazionalismoa: Kapitalismoa suntsitu eta Sozialismoa eraiki nahia. Euskal langileon betebehar internazionalistarik gorena, Euskal Herrian Iraultza Sozialista egitea da, eta bide horretan gainontzeko Langilerien borroka iraultzaileak lagundu eta babestea.


*  EUSKALDUNTASUNA: Euskara Euskal Herriaren hizkuntza nazional bakarra da. Euskal Iraultzaren subjektu hegemonikoa Herri Langile euskaldunak izan behar du, horrela bakarrik bermatuko baita euskaldungoaren biziraupena eta Euskal Herriaren berreuskalduntzea. Gure antolakundeak Euskaraz funtzionatuko du, bere egiturak euskalduntzaileak izango dira, eta bere militanteek Euskara jakin behar dute.





 

2013/04/29

Julio Villanueva eta desobedientzia zibila: AHT gelditu!




BERRIA

2013-04-28

Edurne Elizondo
 Iruñea

«Desobedientziak masiboa behar du»

 

Desobediente. Solidario. Ama lurraren defendatzaile. Bai eta tarta jaurtitzaile ere. 1996an Itoizko kableak mozteagatik lau urte eta hamar hilabeteko espetxe zigorra jaso zuen Julio Villanuevak (Iruñea, 1958), eta kartzelan sartu zuten; 2011n, tarta bat bota zion Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcinari, eta horregatik, bost urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak harentzat; seikoa, berriz, akusazio partikularrak. Desobedientzia zibilaren bidetik egin du beti aurrera.


 

Hamar urte joan dira Itoitz eta bertze herriak bota zituztenetik. Zer sentipen duzu?

Jendea ohitu egiten dela iruditzen zait. Ahaztu egin zaiola gertatu zena. Agoitzen bizi direnentzat autodefentsarako tresna ere bada hori, mamu beltz baten ondoan bizi behar dutelako. Lurrikarak ez dira gelditu. Mehatxu horrekin bizi behar dute. Itoizko urtegiak inoiz ez du normal funtzionatuko.

Itoitz eta bertze herriak suntsitu zituztenean, herritarrek zigortzat jo zuten etxeak eraitsi izana. Nola gogoratzen duzu momentu hori?

Urtegiaren aurkako borrokan izan zen oso momentu gogorra. Ikusten genuen hori gertatuko zela, borroka fronte hori zabaldu egiten zela, eta hilabeteak eman genituen herrien defentsa prestatzen, Itoitzen eta Artozkin. Oso eraso bortitza izan zen. Herrietan ziren taldekideen bizitza arriskuan jarri zuten etxeak behera botatzeko.

Herria husteko operazioa, hain zuzen, erreskate operazio bilakatu zen, une batean. Horixe erraten zuen Nafarroako Gobernuak.

Estrategia hori erabili zuten nahi zutena egiteko. Erreskate hitza aipatuz, mahai gainean jartzen zuten hildakoak izateko aukera. Sekulako sarraskia egin zuten, jendea, oraindik ere, etxeetan zela. Taldekideak etxe barruan egonda hasi ziren hondeamakinekin eraikinetako hormak behera botatzen. Jokaldi guztiz kriminala izan zen.

Itoitz borrokaren ikur izan zen. Min egitea zen helburua?
Itoitz ikur bat zen, eta ikur hori behera bota nahi izan zuten. Nagoren ere, Miguel Zazperen etxea izan zen bota zuten lehena. Zazpek, hain zuzen, urtegiaren aurkako jarrera sendoa izan zuen beti. Etxea bota zioten gauzak ateratzeko ia denborarik eman gabe. Oso momentu tragikoa izan zen. Pertsonen eta animalien gainetik bota zuten dena. Ahalik eta azkarren bukatu nahi zuten.

Itoitzen eta Artozkin estrategia ezberdina baliatu zuten. Itoitzen zuek uste baino lehenago sartu ziren; Artozkin, berriz, herria hustu eta handik hamabost egunera. Zergatik?

Ez dakit zein izan zen estrategia aldatzeko arrazoia. Akaso ez zuten Itoitzen bezain baldar jokatu nahi. Artozkin aukera izan genuen han bizi nahi genuela erakusteko, beste eredu alternatibo bat nahi genuela agerian uzteko. Nik uste dut Artozkin gu nekatzen saiatu zirela, pentsatuz gure borrokak behera eginen zuela. Baina hanka sartu zuten. Denborak aurrera egin ahala, orduan eta sendoago ginen. Jende asko joan zen Artozkira, ekinbideak sortu ziren, eta hamabost egun haietan sekulako oihartzuna izan zuen borrokak. Haiek ere konturatu ziren horretaz, eta bertan behera utzi nahi izan zuten, berehala.

Zuk ezin izan zenuen zuzenean parte hartu herrien defentsan, kableak mozteagatik jasotako zigorra betetzeko atxilotzeko agindua baitzegoen zure kontra. Gogorragoa izan zen?

Izan zen berezia. Ezin izan genuen defentsa aktiboa egin, baina han izan ginen. Atzean. Defentsa prestatzeko lanetan. Ahal izan genuen neurrian parte hartu genuen. Herriak husteko eguna ailegatu zenean, alde egin genuen.

1995. urtean jarri zen martxan Itoitzekin Elkartasuna taldea. Itoitzekin zenuen harremana lehenagokoa zen, ordea. Nola sortu zen?
Ama lurraren defentsan ari ginen taldeon artean harremana bazen. Abiadura handiko trenaren aurkako borrokan ari nintzen, eta Itoizko Koordinakundeko jendea ezagutzen nuen. Urtegiaren mehatxua sortu zenean, borroka horrekin bat egin nuen ere. Obrak hasi zituztenean, mehatxua benetakoa zela konturatu ginen. Halako proiektuekin gertatzen da jendeak uste duela ez direla gauzatuko. Baina lanak hasi ziren. Eta Itoitzekin Elkartasuna sortu zen, oposizioa agerian uzteko. Proiektuari ezezko biribila emateko. Gure helburua hasieratik izan zen obrak gelditzea.

Epaileen sententzia bazegoen, gainera.

Bai. Sententzia horrek ematen zigun sostengua. Sententzia horrek esan zuen obra legez kanpokoa zela. Baina 24.000 milioi pezetako [144,2 milioi euro] bermea ezarrita, ezinezkoa zen betetzea. Ebazpena kontuan izanda, ordea, obrak gelditzeko erabateko zilegitasuna bagenuela uste genuen guk. Erdi txantxetan esaten genuen gu ginela epaitegiaren ebazpena betetzeko eragile fisikoak.

Zaila izan zen kableak mozteko erabakia hartzea?
Ez zen oso zaila izan. Hainbat aldiz zintzilikatu ginen kableetatik, moztu baino lehen. Ekintza sinbolikoak ziren, baina ez ziren oso eraginkorrak. Horregatik erabaki genuen kableak moztea. Erabaki nahiko logikoa izan zen. Pentsatuz, hala ere, hilabetez edo geldituko genituela lanak. Ia urtebetez gelditu genituen, ordea.



Ondorioak latzak izan ziren zuentzat. Espero zenuten?
Kaltea eragiteagatik epaituko gintuztela uste genuen guk. Eta horregatik ez zaituzte espetxean sartzen. Zorrotzak izan ginen, eta obretan inor ez zegoen momentuan joan ginen. Baina zinpekoa han zen, eta aitzakia hori baliatu zuten legez kanpoko atxiloketa egozteko. Azkenean, lau urte eta hamar hilabeteko espetxe zigorra ezarri ziguten.

Kriminalizazio saioak areagotu ziren une horretan. Nola bizi izan zenuten orduko tentsioa?

Gu kriminalizatzeko ahalegina bortitza izan zen. Hedabideetan zabaltzen zuten terroristak ginela. Baina nik uste dut jendeak ez zuela amu hori erantsi, ekintza oso garbia izan baitzen. Sekulako jipoia jaso genuen, eta ez genuen alde egin. Egindakoaren ardura hartu genuen. Horrek zilegitasuna eman zigun. Gure dinamikarekin koherente izan zen ekintza hura. Publikoa, eta ez bortitza.



Gaur egungo ikuspuntutik, nola ikusten duzu egindako lana?

Nik uste dut oso ekintza interesgarria izan zela, eta piztu zuela halako garra. Urtebetez gelditu genituen lanak. Garai hartan, proiektua gelditzeko esperantza bazen. Izan zituen ondorio latzekin ere, ekintza positiboa izan zela uste dut. Onartu behar dugu haiek irabazi zutela, urtegia egin baitzuten, baina gure ahalegina eta gure lana hor daude. Eta denborak erakutsi digu arrazoia alde genuela. Ez da bakarrik herrietan egin zuten txikizioa, edo ingurumenean eragin zuten kaltea; Rosario Brinquisen ikerketak agerian utzi du ere ikuspuntu ekonomikotik justifikaziorik gabeko azpiegitura dela.

Orduan ere bideragarritasunik eza salatzen zen. Zaila zen, ordea, halako argudioak zabaltzea?

Zaila zen, bai. Eta huts egin genuela uste dut nik. Guk, bai eta Itoizko Koordinakundeak ere, herrien defentsari, kultur ondarearen defentsari eman genion lehentasuna, baina ez genuen ongi landu urtegiaren atzean gauzatzen ari zen operazio ekonomikoa, auzi hori salatzeko.

Zergatik ez?


Urtegia egin eta gero, borroka utzi genuen. Jendea erreta zegoen. Urte luzeko borroka izan zen, eta nekatuta geunden. Ez genuen sobera adorerik izan Nafarroako ubidearen kontra borrokatzen jarraitzeko. Ekarriko zuen txikizioa ikusten genuen, ordea. Erdi Arora itzultzen gaitu. Ura pribilegio bilakatzen du, eta agroindustriako monopolioa bultzatzen du. Gutxiren esku gelditzen dira lursail guztiak. Ubidearekin atzera egin dugu nabarmen.

Ura eskatzen zutenek ere hori ikusten dutela uste duzu?
Uste dut konturatu direla engainatu zituztela. Nekazariak ere ari dira esaten ez dutela Itoizko ura nahi. Ureztatze sistema tradizionalak kendu, eta derrigorrez Itoizko ura hartu behar dute. Lehen merke zena, orain garesti ordaindu behar dute. Haiek ere konturatzen dira horrek ez duela batere zentzurik.

Itoizko borroka utzi zenuen, baina AHTaren aurkakoa ez. Nafarroako presidente Yolanda Barcinari tarta bat jaurtitzeagatik kableak mozteagatik baino zigor handiagoa jaso dezakezu. Zer deritzozu?
Kableak moztu genituenean obrak gelditu genituen. Tartakadekin, berriz, ez genuen deus lortu. Zalaparta pixka bat bakarrik. Bi ekintzengatik, ordea, antzeko zigorra jaso dezakegu, eta hori tamalgarria da. Horrek adierazten du zer-nolako sistema dugun. Bere burua hain zakarki defendatzen duen sistemak zilegitasun eza erakusten du. Borroka kriminalizatu besterik ez dute nahi.

 

Desobedientzia zibila oztopatu?

Duela hamabost urte egiten genituen hainbat ekintza egun ezin izanen genituzke hain erraz egin. Zigor kodea gero eta gogorragoa da, gure desobedientziak min egiten dielako. Sistema gotortu egiten da horren aurka.

Borroka moldeak egokitu behar dira ere?

Garaia aldatu da, eta guk ere garai berrietara egokitu behar dugu. Egun, gure taldeak bide motza eginen luke, espetxean izanen ginen denak. Ikasi dugu desobedientziak masiboa behar duela izan; ahalik eta jende gehienak parte hartu behar du. Egun, desobedientziak inoiz baino zilegitasun handiagoa du. Ilusioa piztu behar dugu, gauzak lor daitezkeela erakusteko.



 

BERRIA

ABIADURA HANDIKO TRENA

AHT Gelditu! Elkarlanak ere 

Nafarroako egungo proiektua

 ez dutela eginen erran du

Bultzatzaileek Castejon eta Campanas arteko zatiari baino ez liokete eutsiko, taldeko kideen hitzetan, "AHT zatirik motzena eta zentzugabeena eginez".
Edurne Elizondo   2013-04-29 - 14:06:05



AHT Gelditu-koak, gaur.


Ez dutela Nafarroako AHTaren egungo proiektua eginen. Horixe berretsi du AHT Gelditu! Elkarlana taldeak. Joan den astean horixe bera erran zuten Aralar-NaBaiko parlamentari Txentxo Jimenezek eta Sustrai Erakuntza Fundazioak. 

AHT Gelditu! Elkarlanak ere egungo proiektua ez dutela gauzatuko uste du. Hori errateko "informazioa" dutela azaldu du taldeko kide Luis Iriartek.

 Apirilaren 8ko Nafarroako presidente Yolanda Barcinaren eta Espainiako Sustapen ministro Ana Pastorren arteko bileraren ondotik plazaratu zuten prentsa oharrak ere Nafarroako proiektua aldatzeko asmo agerian uzten zuela erantsi du. "Zaragoza eta Castejon arteko abiadura handiko zatia ez da eginen; eta Iruñea eta Euskal Y-aren artekoa ere ez. EAErekin lotura Gasteiztik eginen litzateke. Beraz, Zaragoza eta Euskal Y-aren arteko abiadura handiko tarte bakarra Castejon eta Campanas artekoa litzateke", erran du Aitor Elizaldek.


60 kilometroko bidea izanen litzateke hori. "AHT zati motzena eta eta zentzugabeena", nabarmendu du Elizaldek. Gainerako zatietan egungo trenbidearekin eginen lukete bat, hirugarren errailaren bidez, Europak ezarritako zabalerara egokitzeko aukerarekin. Hori dela eta, AHT Gelditu! Elkarlanak Nafarroako obra guztiak bertan behera uzteko eskatu du, bai eta Euskal Y-arenak ere

Zalantzak agertu dituzte taldeko kideek proiektuaren bultzatzaileen asmoen inguruan. "Zergatik jarraitzen du Nafarroako Gobernuak Castejon eta Campanas arteko zatia egiteko tematzen? zer mesederen truke egiten du hori?", galdetu dute.

 

AHT

Txentxo Jimenezek dio

 Espainiako Gobernuak

 Nafarroako egungo proiektua

 baztertuko duela

Aralar-NaBaik mozioa aurkeztu du Nafarroak AHTaren lanak bertan behera utz ditzan. "Senak eta dugun informazioak adierazten digute egungo korridorea moldatu eta Gasteiztik lotuko dutela EAErekin", erran du parlamentariak.
Edurne Elizondo   2013-04-24 - 14:21:48

Abiadura Handiko Trenaren Nafarroako proiektua bazter utziko du Espainiako Gobernuak. Horixe uste du, behintzat, Nafarroako Parlamentuko Aralar-NaBai taldeak, eta halaxe azaldu du Txentxo Jimenez parlamentariak jendaurrean. 

Espainiak egungo egitasmoa moldatuko du, Jimenezen hitzetan. "Senak hori erraten digu, eta ziur gara hala eginen dutela". Senaz eta usteaz harago, hori errateko "informazioa" ere badutela erantsi du Jimenezek. Informazio horren arabera, egungo proiektua baztertu, eta egungo tren korridorea baliatuko luke Espainiako Gobernuak, moldatzeko, aldaketa teknikoak egiteko, eta EAErekin lotzeko.

Hori dela eta, mozioa aurkeztu du Aralar-NaBaik Nafarroako Parlamentuan, Nafarroako Gobernuari hiru eskaera zehatz egiteko: Nafarroako zatiko lanak bertan behera utz ditzala, berehala, eta ez dezala bertze lanik esleitu, batetik; bigarrenik, obrak egiteko ardura duten enpresekin negoziatzeko eskatuko diote gobernuari, indarrean diren kontratuak eteteko; eta hirugarrenik, Nafarroari Espainiarekin negoziazioa has dezala eskatu diote, obrak ordaintzeko dituzten hitzarmenak bertan behera uzteko.

"Nafarroako Gobernuak ezin du aurrera jarraitu lanekin, egungo egitasmoa ez baita gauzatuko. Erokeria da dirua xahutzen jarraitzea, proiektu hori ez baita eginen", erran du Jimenezek. Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu du, bi erakundeok Espainiako Gobernua presionatu nahi baitute, parlamentariaren ustez, Nafarroako AHTaren proiektua Gipuzkoarekin lotzeko.

Jimenezek gogoratu du Espainiak Nafarroan egin beharreko obretako bakarra ere ez duela hasi ere egin.