LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

Literatura etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Literatura etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2013/05/06

Pako ARISTI



Berria.info

2013-05-05



Morrontza baten azken aztarnak

 


Pako Aristi
Idazlea

Nafarroako Erresumaren kronika barneratu nuen egunetik inperialismo oro salatzen duen detektore bat ernaldu zitzaidan barruan, eta bere alarma-hotsak egunero jotzen du albiste edo iritzi askoren aurrean.

Gogoan dut zein mingarria egin zitzaidan titular hau irakurtzea, 2011ko irailean, El País-en bidaiei buruzko gehigarrian: «Dominikar Errepublika, Kolonek zapaldu zuen lehen uhartea izateko ohorea daukan Herria». Inperialismoaren mezua: ohoretzat hartu behar duzu genozidioaren zerrendan lehena izateko aukera.

Inperialismoak kutsatzen ditu eguraldiaren mapak ere: Espainiako hedabide guztietan, publiko edo pribatu, Portugal zuri agertzen da beti, han ez dago eguzkirik inoiz. Inperialismoaren ideia: guk zapaldu ez dugun Herririk ez da existitzen guretzat.

Afganistanen armada espainola zuzentzen duen Luis Cebrian koronelak esan zuen: «Bai, intentsitate txikiko bortxakeria Herri haren kultura propioan txertatua dago». Mendeko nazioak genetikoki basatiak direla hedatzeaz gain lortu baitute Inperialismoaren intentsitate handiko biolentzia normaltzat hartua izatea munduko herrialde hegemonikoen kontzertuan.

2012ko azaroaren 1ean normaltasun osoz aipatuko du El Paíseko editorialak Herbehereetako gobernu berriaren hizkuntza politika: «Nederlandera ez dakienak ezingo du oinarrizko diru-laguntza sozialik jaso». Baina egun berean Patxo Unzuetak SORTUren asmo linguistikoak salatuko ditu asaldaturik: «Ponentzian diote euskal estaturik gabe ezinezkoa dela Euskarak aurrera egitea, azken hamarkadetan errealitateak gezurtatu duen baieztapena izateaz aparte norabide autoritarioa erakusten duena». Inperialismoaren araua: gure inposizioa normala da, mendeko lurraldeena autoritarismoa.

Javier Valenzuelak munduaren egoera geopolitikoa aztertzen zuen: «Mundu mailako desorden batean gaude, eta etorkizun hurbilean Erdi Aro berri bat datorkigula esan daiteke, tronuen arteko gerra gupidagabe bat non ez den inor gailenduko». Inperialismoaren teoria: Europako nazio genozidak gailentzen zirenean mundua ordenean zegoen, eta haien hilketa odoltsuak modernitatea ziren, ez Erdi Aroa. Frantziak Mali inbaditu zuenean El Paíseko kronistak emandako bertsioa: «Hollandek, nonbait, Afrikako gerran ikusi du estatista handi baten moduan agertzeko aukera». Inperialismoaren aholkua: serio hartua izan nahi baduzu, antola ezazu gerra bat, baina Europatik urrun.

Iazko udan, Josu Uribetxeberria gose greban zegoela, Ezker Abertzaleak eman zion sostengua azpimarratu zuen José Yoldik, hauen «errebindikazio grina asegaitza» salatuz. Inperialismoaren oharra: Espainian legea betetzeko eskatzea, euskal presoen giza eskubideei dagokionean, grina hutsa da, eta aseezina. Legearen aplikazio hutsa bortxakeriatzat aurkezten dute inperialismoaren mezulariek, demokrazian alderantziz denean: legeak ez aplikatzeari deitzen zaio bortxakeria.

Inperialismoak, nahiz eta gaur lurralde handirik eduki ez, dominazio bidezko harremanak gauzatzen ditu beti menderatuekin. Integratzea lortu ez duen lurralde oro, erresistentzia hari mehe bat bada ere bizirik gorde duen edozein Herri kolonia moduan tratatzen du, harreman hierarkikoa ezarriz: goitik beherakoa, inoiz ez berdintasun legekoa. Eta behean gu gaude, noski. Horretan ez dugu despistatu behar.

Inperialismoak, lehen ezaugarri gisan, arrakasta izan duen edozein antolakuntza politikok bezala, irautea du helburu, bere dominazioa mantentzea. Gure eguneroko bizitzak etengabe agertzen dizkigu alor guztietan menderaturik dagoen Herri bat garela erakusten duten aztarnak. Baita literaturan ere.

Gure idazleei Espainian ematen zaien tratu mediatikoa tamalgarria da oro har; edo bestela ez da ematen. Aspaldi salatu zuen Arturo Casas irakasle galiziarrak bere blogean: «Botere hegemonikoa aberatsa da, plurala eta menderakaitza, baina bazter erregionalizatuen mundua ez da hain aberatsa, uniformea baizik, osagarri hutsa, eta nahikoa da bazter horietan ordezkari bat seinalatzea, horrela, singularrean. Gune hegemonikoen aspirazioa da haien zaindariek extrarradioan baliagarritzat seinalatzen dutena bereganatzea, metabolizatzea, eta bide batez haien ezaugarri identitarioak kamusten badituzte, askoz hobe».

Hala funtzionatu dute literatura periferikoek Espainian. Gurean 20 urte behar izan dituzte bigarren ordezkari bat onartzeko. Baina Kirmen Uribek berak ere salatu du tratamendu honen ankerkeria BERRIAko elkarrizketa batean: «(…) Agian onegia izan nintzen, batez ere, kanpora atera nintzenean. Espainiako sariaren ondoren hedabideek erabili egiten zaituzte. (…) Kanpoan ahul agertzen zara, babesgabe; eta agertu nahi duzu zabal, eskua luzatuz. Aurreiritzien kontra borrokatu behar duzu, hitz egin dezaten euskal literaturaz, pixka bat bada ere».

Suso de Toro idazle galiziarrak honela deskribatu zuen bere esperientzia espainola: «Espainia demokratikoa nazionalismo espainolistaren eta integrismo identitarioaren gainean eraiki zen. (…) Harreman arraroa eskaintzen digute: ez digute naziotartasun espainola onartzen, baina ezta gailegoa ere, eta atzerritar moduan tratatzen gaituzte. Madrileko hedabideen xenofobia inplizitua eta esplizitua eskandalu bat da».

Inperialismoaren bigarren ezaugarria da ez diola menderatuari askatasun politikoa lortzen lagunduko. Literatura bezalako gauza nimiñoetan ez badu amorerik eman, gutxiago eskainiko du menderatuaren independentzia bidean lagunduko duen ezer. Horregatik, erabakitzeko eskubidearen leloa gure artean aspaldian zirkulazioan jarri den hanka sartzerik handienetakoa dela iruditzen zait.

Ez dugu beste modu batean pentsatuko beste modu batean hitz egiten ez badugu. Ez genuke esan behar berdintasun egoeran gaudela orain, normalizazioa iritsi dela, egia ez denean. Normalizazio hori geure estatu eta demokrazia propioan soilik iritsiko dugula esan behar genuke.

Diagnostiko horretatik abiatzen bagara, dena posible izango da gure etorkizun politikoan; hortik kanpo ez dugu ezer erdietsiko gure morrontzaren infernuan. Lehengoa berriro ere, kolore edo sigla ezberdinekin apaindua.

2012/08/10

Poesia gorria (5)


EUSTAKIO MENDIZABAL
“TXIKIA”
EUSKARA TA ASKATASUNAREN POETA

  (3)

 


Buruzagi eta ekintzaile gisa lan handia egin zuen erakunde armatuaren baitan, beti ere lehen lerroan: Burgosko auzia eta Beihl kontsul alemanaren bahiketa, atrakuak, enpresari batzuen lehen bahiketak: Huarte eta Zabala, gose grebak, ihesaldi espektakularrak, Carreroren aurkako ekintzaren prestaketak, bonben leherketak...

 

Joxe Manuel Pagoagak kontatzen digu:  "Ni ihes egin berria izaki, eta uste nuen bizia arriskatu behar banuen nola irabaziko genuen ere ikusi nahi nuela. Egun batean bere etxera joan eta galdetu nion ea zer egin behar genuen. `Orain, kanpaina hau eta gero beste hura'. Eta nik: `Eta gero?'. Gero halako eta bestelako. `Eta gero' eta segi; eta halako batean: `Eta gero?' `Borrokan hil', horrela, ahotsik mudatu gabe. Eustakio konturatzen zen garai hartan hil egin behar zela. Herri bat ginela, askatu egin behar genuela eta... borrokan hil".


Luzaz iraunen du zinezko euskaldun ororen oroimenean 1973ko Ostegun Santu hark. Euskal erresistentzia armatuan ordurako mito bihurtua zèn Txikia hil zigutèn eguna. Eustakio Polizia Espainolak tiroz asasinatu zuen jadanik lurrean, larri zauriturik eta hilzorian.

.Euskadi Ta Askatasunako Fronte Militarreko militanterik ezagunena, garai hartako karismatikoena agian, apirilaren 19 hartan, Getxoko kaleetan. Hogeita zortzi urte bertzerik ez zuen. 

“Gizonen pausoak itsasora
dijoazen urak dira…
heriotzaren gurpilak garamaz
ilunpetako hobira,
argia gautzen eta bizia
finitzen dan ur haundira.

Egun xintak gaua dakar,
biziaren gau gordina!
Bainan heriotz guziak
ez dute erranahi berdina.

Goiz ihintzak sortutako lorea
arratsean hiltzear dago…
Hala, gu ere herio segak
denok gaitu eramango…
Bainan heriotz batzuk ditugu
besteak baino pisuago.


Herri interesengatik hiltzeak
mendien pisua dauka,
bainan faszisten morroi bizi ta
zapaltzaileentzat hiltzea
xoriñoen luma grisa baino
pisu gutiagokoa da.

Ideal gabe morroi hiltzeak
ez du deus ere balio…
Herriagatik hil danak aldiz
bizitzari argi dagio…
Ur guziak ez dira gaziak
herio denak ez herio.”

Bere lagun eta burkide Peixotok honela kontatu zuen bere heriotza: 

"Gauza da Eustakiok deitzen didala Bilbora, ez dakit zertarako. Jartzen dit zita Errekaldeko taberna batean eta han elkartzen gara hamar-dozenaren bat ilegal. Eta esaten dit nik berekin joan behar dudala. Ateratzen gara taberna hartatik, kristoren multzoa, klaro, eta hor datoz bi kotxe beltz, milkinientosak biak, bete-beteak. Ikusi genituen, dudarik ez txakurrak zirela, baina ez ziren ausartu ezer egitera. Aurrera segi zuten eta... bakoitza bere aldetik.

 Eustakio eta biok Matikora. Orduan ezagutu nuen Matiko. Etxe batean sartu eta han bazkaldu genuen. Madrilgo komandoaren ordezkari bat zegoen han, Carrerorena prestatzen ari zirenetako bat. Carreroren ekintzaz eztabaidatu zen, eta baita karnetena ere. Eta seietan Algortako tren geltokian egoteko. Seietarako Algortako estazioan nengoen, trenaren zain. Irteten da Eustakio trenetik, heldu da niregana, betiko bere tabardo berdearekin, eta hiru bat metrora seinale bat egiten dit ahoarekin, hortzak hola jarrita. Eta atzetik gizon multzo bat ikusten dut, baina bi aurpegi ditut buruan, kristoren gizon tzarrak, hamarren bat. 


Parean jarri naiz eta Eustakiok: `Atzetik zetozek'. `Ziur hago-'. `Bai, ziur nauk'. `Bueno, goazen haruntza, ea segitzen gaituzten'. Eta haiek beti atzetik. Jarraitu genuen, bueltan-bueltan, eta etxe baten portal ondoan geratu ginen. Begiratu atzera eta ordurako denak linean zetozen, zabalean, bidea oso-osoan hartuz, eskuak hola txaketan sartuta (bizkar zainen ohizko keinuan). 

Eta Eustakioren aurpegian heriotza zen, klabao, aho ingurua zuri-zuri. Bat-batean, arnasa hartu zuen eta `korri egin behar diagu!'. Lasterka hasi eta besteak atzetik tiroka. Lehenengo kolpetik distantzia hartu nion Eustakiori; baina orduan ez du funtzionatzen buruak, nik uste, instintoak funtzionatzen duela, eta frenatu egin nuen, berari itxoiteko. Aurrera gindoazela korrika, berrogeita hamarren bat metro egingo genituen, eta nik eskailera batzuk ikusi nituen eskumatik, eta bidea mendi-ebaki baten ondotik zihoala. Nik eskailerak hartu nituen, igo abiada batean eta goian, kaxko batetik, behera begiratu eta ikusi nuen azken aldiz Eustakio, oso hurbil besteengandik, eta tiroka.
 
Behetik gora nire atzetik ikusi nituen, eta aurrera egin nuen eskaileretatik gora, lehengo kale berera irten berriz, eskaratz batean sartu eta txaketa bota, Garratzek emandako txaketa marroi bat, eta irten egin nintzen. Txaketa... goizean errietan aritua nintzaion Eustakiori: `Hi ere ba haiz bada, Ostegun Santu eta erropa kabroi horiekin, txamardo alu horrekin'. Bera ere ez zegoen bromatarako eta: `Hauek ere Ostegun Santuan ibiltzeko arropak dituk'. Kotxe bat hartu eta etxe batera sartu nintzen. Eta kotxe hura semaforo batean zegoela, orduantxe pasa zen anbulantzia bat Bilbo aldera. `Izorratu haute, Eustakio' pentsatu nuen nere artean. Tiroteoa hasi eta anbulantzia semaforotik pasatzen ikusi artean ez ziren bost minutu baino asko gehiago pasako".

Txikia errepidera iritsi omen zen, Makaleta etorbidearen ingurua. Auto batera jo, sartu eta arazoak eduki omen zituen autoarekin. Bitartean polizia bat inguratu eta tiro bat egin zion bertatik bertara. Hilzorian egonda, eskuburdinak jarri eta Basurtoko ospitalera eraman zuten. Hogei minutu egin zituen bizirik.

Hiletak hil eta bi egunetara egin zizkioten Itsasondon, Aberri Egunez, poliziez ondo inguraturik. Berehala ehorztea agindu zuen Espainiako Gobernu Zibilak, inolako omenaldirik antolatzen utzi gabe. Zokoan (Ziburu) elizkizuna egin zuen Aita Larzabalek Txikiaren oroimenez, iheslari eta militante abertzalez betetako elizan. 

 

Txikiaren etxean, honako liburuok aurkitu zituen Peixotok: Che Gevararen obra konpletoak, Clausewitz-en "La Guerra", Orixek idatzitako "Santa Kruz Apaiza" eta Auspoa saileko bertso eta kanta guztiak.

Itsasondoko kanposantuko bere hilobiko harlauzak bere poema du idatzita:

“Ikastol’ eta eliz askotan
Atea didate itxi;
Atzerritarrak eta seme askok
Lapur bat antzo ezetsi
Nere izena apaldu arte
Inoiz ezin dute etsi...
Zer egin diet etsai bezala
Hainbat nazaten gaitzetsi?”

Eustakio Mendizabal, “Txikia”, gure CHE Guevara euskalduna.

 


EZ ETSI

“Ene Herria
Ez etsi
Ez da oraindik iritsi
Baina
Ez etsi ...
Eta eutsi!
Noizbait beharko baita iritsi
Kantuari ez utzi
Eta
Borrokaren dantzara jautsi
Oinaze minez hil zirèn semeak goretsi
Bizia baitzuten utzi
Baina kantuari ez utzi
Eta
Ez etsi
Ez etsi
Ez etsi.”



GORA TXIKIA,
EUSKAL IRAULTZAREN EREDUA!!!

GORA EUSKAL ERREPUBLIKA SOZIALISTA!
AGUR, EUSTAKIO, IRABAZI ARTE!



Poesia gorria (4)


EUSTAKIO MENDIZABAL
“TXIKIA”
EUSKARA TA ASKATASUNAREN POETA (2)




Eustakio Mendizabal oso fededuna izan zen, Lazkaoko komentuan oso oroitzapen ona utzi zuen, eta fraide bokazio handikoa genuen hasieran, bainan Euskal Herriaren egoera lazgarria ikusirik, borrokan buru-belarri sartzea erabaki zuen. 


Hasteko, Lazkaoko dorrean ikurrina jarri zuen, eta mobilizazio guztietan parte hartzen zuen. Txabi Etxebarrietaren heriotzak zirrara ikaragarria eragin zuen euskaldunen bihotzetan. Bere aldeko meza batetik zetorrela atxilotu zuten Eustakio eta zenbait denboraz preso ukan zuten Martutenen, jarritako isuna ordaindu nahi ez zuelakotz. Han euskarazko klaseak ematen jarraitu zuen.


“Kartzelan egotea ...
Oi zoin den tristea!
Ezin asmatu duzu zuk ene maitea!
Zugana joan nahi eta ... hertsirik atea,
Zoin guti estimatzen den libertatea!

Egunak luze dira, gauak luzeago ...
Gaur zer egun den ere ahantzia nago!
Kaiolan den txoria baino tristeago,
Ai ixkarmentu izan banu lehenago!”


Ordurako komentutik jadanik joana zen, 1967an, eta Bilbon bizi izan zen. Han, “Compañia Franco-Española” untzigintza fabrikan lan egin zuen. Gero Beasaingo Pesa tailerrean ere bai. Itsasondo Eskola Soziala eratu zuen, langileen formazio politiko eta iraultzailea sustatzeko. Magisteritza ikasten hasi zen. Tailer pare batean lan egin zuen, harik eta bere militantziaren ondorioz ihes egin zuen, 1968ko abuztuan.

  

Beneditarren Estibalizko etxean ego zen denboraldi batez gorderik, eta ondoren Lapurdirat jo zuen, Belokeko monasteriorat. 1968an,  Txabi Etxebarrieta eta Che Guevara hil berriak ziren. Euskara Ta Askatasuna erakundeko militante saiatua zen ordurako, eta hortik aurrera berak hartu zuen fronte militarraren ardura. Eta aldi berean poemak idazten segitu zuen.

Euskarari eta euskalduntasunari ematen zion erabateko lehentasuna. Behin talde batek galdetu omen zion, ea zein zen Euskadi Ta Askatasunaren marko politikoa. “Hizkuntzak ematen duena”, erantzun omen zuen. Ezin argiago. Ikusi, bertzenaz, 1967an izkiriatu zituen bertsoak, “Ama, txukatu malkoak”:



AMA, TXUKATU MALKOAK
Amets bat

 Aralar mendi txit gandorrean
Ama Euskara nekusan,
arratsa bezin goibel, negarrez
umetxo bateren gisan;
bihotz-barrengo negar zotiñak
ezin zituala jasan ...
“Zer duzu, Ama!” galdetutzean
honelatsu zidan esan:

“... Zeruetako Jainkoak nahita
milla urtez anitz dira
Euskal-Herriko lur done hontan
sortu nintzala argira.
Hainbat gizaldi ondorenean,
gaur-egun, seme, begira ...
Seme-alaben burla-ixekak
naramate hil-hobira!

Hizkuntza arrotzak dira nagusi
mendi, enparantz, kalean ...
irrati eta aldizkariak
datoz erdera elean.
Euskera hortxe, baso, sukalde,
txoko apalki batean ...
Mamur ta mintzul, ezin besterik
ke, negar, zotin artean!

Azken gudate ondorenengo
hogei ta sei urteetan
erdarak harro dabiltz, erronka,
zazpi Euskal-Herrietan.
Ni berriz hemen, sorterri bertan,
bizi-arnas azkenetan ... ,
sukal-txokoan negar egiñaz
aiton-amon mingaiñetan!

 

Euskal-Herriko bazter denetan
atzerrian antzo nabil...,
ez-ezagunen artean haur bat
beziñ apal eta ixil!
Ene burua gara ez dediñ
baditut milla maratil ...
Gaiztagiñai lez, arrano begiz,
etsiak so ditut hurbil!

Erdaldun dira mendizaliak,
eta hamaika sukalde…!
Bereaz ahaztuz, erdal hizkuntzaz
asko itsuturik daude.
Aberri eta euskal izenak
guziz zaie harrobide…
ta antzinako ohitura zaharrak
oro nahi lituzke gorde!

Euskal Herri gorde nahi dute,
eta nik damaiet lotsa…!
Seme-alabak hola ikustea
Amarentzat zein mingotsa!
Aberri-muina galdu ezkeroz,
zertarako dute kutxa
azalez eder izanda ere
barrendik baitago hutsa?


Euskal odola daramazu ta,
zeranez ene soil-atal ...
haur-adiñetan hartu zendunez
neregan atseden-magal ...
hainbat oztopoz etsai artean
behin betiko ez nadin gal ...
ai!, seme laztan! lasterren laster,
enegaz zaitez urrikal!

Aberriaren muiñ ta oiñarri
ni naizela zaitez oroi,
ta ez nazazu luzaro utzi
hizkuntza arrotzen morroi!
Ene burua goratutzea
ziñez nahi baduzu, otoi!,
buru-belarri bihur lanera,
oraintxe baituzu sasoi!

“ ... Ai! Ama kutun!, erantzun nion,
itzali zazu negarra!
Ortz-illunean ñir-ñir baitago
oindik itxaron-izarra!
Askok baztertu bazaituzte-re,
zu zaitugu hizkuntz zaharra!,
ele denetan, bihotz niniaz
maitatzen dugun bakarra!

Etzazu gehigo zure negarraz
samindu euskal gogoak ...
Negu hotzari jarriaz bai datorz
denbora hobeagoak!
Zeru goi-goitik esku luzatuz
oro dezaken Jainkoak,
loraz jantziko zera berriz-ta
AMA TXUKATU MALKOAK!”

1967an idatzia.




Ondarroako Anabel Zubikarairekin Baionan bizitzen jarri zen, eta ez ziren elizaz ezkondu, zibilez baizik. Eustakioren bilakaera pertsonala nabari da hor. Beren bi semeak, Matalaz eta Ekaitz, ez zituzten bataiatu. Ondoren Donapaleu ondok Garruzerat joan ziren, Baxe Nafarroarat, han iheslari batzuk baserri bat antolatua baitzuten elkarrekin lan egin eta bizi ahal izateko. 


Baionako katedralean egindako gose grebetan parte hartu zuen. Frantziako poliziak bi aldiz atxilotu zuten, bietan mugatik hurbil eta pistola aldean zeramala. Bigarrenean Pabeko espetxera eraman zuten eta gero Poitiersera konfinatu. Berehala ihes egin zuen handik, hilabete pare bat ezkutuan egin eta Hego Euskal Herrira joatea erabaki zuen. 




Poesia gorria (3)


EUSTAKIO MENDIZABAL
“TXIKIA”
EUSKARA TA ASKATASUNAREN POETA (1)


“Txikia” zuen guda izena, bera gizon osoa izan arren…” Zenbat aldiz ez ote dugu abestu kanta hau? Hala ere, badakigu benetan nor zen “Txikia”? Goitizenaz haratago, zer dakigu gizon honi buruz?

«Txikia zuen guda-izena
bera gizon osoa izan arren
Mendizabal Sasetaren urrena
biak txiki, bizkor eta lerden
Saseta hil zen gudarien aurrean
Mendizabal hil zaigu bakarrik
baina biok daukate herri osoa
atzo ta gaur euren atzetik
Euskadirentzat hil dire-ta
gorputzak arantzaz beterik.
Harro hadi Kantauri itsasoa
ta heien betiko loa betiko kanta zak
Geroari esaiok olatuetan
Herri-izarrak ez direla itzaltzen
gure haurrek biharko ikastoletan
heien izenak abestu ditzaten
arantzetan biak hil baitziren. »

Telesforo Monzón

 

 “Mendizabal, Sasetaren hurrena, biak txiki, bizkor eta lerden …” Kandido Saseta Hondarribiarra 1936ko gerran eusko gudarien buruzagia izan zen, independentista sutsua eta EAE-ANV ingurukoa, Euzko Gudarosteko burua, harik eta borroka internazionalista batean Asturiasen hil zuten arte. 

 

Eta Mendizabal? Nor zen, beraz,  Eustakio Mendizabal, “Txikia”? Berak erranen digu, bere hitzez, 1967ko urriaren 26an, 23 urte bete berriak zituela, idatzitako poema honetan:

ESAZU HITZ ERDI

Zer duzu nahi, Aberri!
atxilotuen Herri! Zer duzu
deiaren-deiez
neri
deika negarrez?
Zergatik gau ta egun
zaude zu begi illun,
nire
aldamenean
beti
negar batean?
Gau ixillean ere
hor zaduzkat nire
ohe-
buruan, beti
beziñ
zurtz, ta negarti ...
ene atseden loa
urratzen dun leloa
zute ahoan
dezu-
la gau osoan.
Zertarako nahi nauzun
esan zaidazu egun,
eta
zure aldean
nauzu
“amen” batean;
prest bainago, zugatik
naizen guzia gaurtik
eman
ta neke oro
kemen
guziz jasateko.



Hitz erdi bat esan ba,
eta hor nauzu Ama,
seme
zintzoenak dun
txera
ta maitetasun
beroena baño askoz
anaitasuna areagoz,
zure
mende-joputza
lotzen
duan estuntza
apurtzeko, zaiñetan
nik irakiten detan
euskal
odol-gorria
(Herri-
zaleen hazia!)
noiz-nahi ixurtzeko prest.
Ezer gutxi dezaket ...
Bañan ...
gazte naiz, eta
maite-
minez beteta
nago. Iskillu honen
suak, indar ta kemen
damait
naizen huts oro
zure
 alde galtzeko!
Esazu ba hitz erdi ...
ta hor nauzu Euzkadi!”


Nor zen Txikia? Euskal Herria sakonki eta errotik maite zuèn euskaldun osoa, euskaltzale eta abertzale suharra; Frankismoaren gau beltzean bere bizitzaz eta heriotzaz egunsentiaren argia piztu zuèn borrokalaria; Euskal Iraultza Sozialistaren alde bizia eman zuèn gudari eredugarria; Euskal Errepublika Sozialistaren pindar eta txinparta maitagarria; Herri Euskaldunaren Gudari Iraultzaile zintzo paregabea; Praxi Iraultzailea bururaino eraman zuèn militante ahantzezina... Hori eta hagitzez gehiago da gure laguna.


GORA EUSKERA TA HERRIA!

“Euskal-kolkoan seme Euskaldun
nire amak sortu nindun,
eta arnasa dedan artean
jarraituko dut Euskaldun!
Euskera beste hizkuntzik ez dut
maitako sekula iñun,
ta Gudarien Ikurrin deuna
detala nik bide-lagun,
Herri zahar honen maitale sutsu
azalduko naiz edo-nun!


Arana-Goirik heriotzaño
maitatu zun Aberria,
eta hain ongi ikasi zigun
Euskera maitagarria,
goraipatuko ditut nik ere,
nahiz-eta kendu bizia ... !
Euskaldun aske gaitezen, eman
nahi nuke naizen guzia,
ta beldur gabe, deiadar egin:
Gora Euskaldun-Herria!”

Lazkaon, 1966ko urriaren 6an, 22 urte zituela izkiriatua. 


Eustakio Mendizabal Benito 1944ko urriaren 9an sortu zen Itsasondon, Gipuzkoako Goierrin, familia euskaldun eta abertzale batean. Aita, Joxe Mendizabal gerran gudari ibilitakoa, eta ondoren presondegian; ama, Arantxa Benito. Lau anaia ziren sendian.


Hamar urterekin, 1954an, Lazkaoko beneditarren komentura joan zen ikastera, bere bertze bi anaia bezala. . Han piztu zitzaion Euskararenganako zaletasun eta maitasuna, eta gure hizkuntza aztertu eta lantzen hasi zen, bere eskuetara iristen zirèn euskal liburu guztiak irentsiz. Orduan hasi zen poemak idazten, bai eta euskarazko klaseak ematen ere.


NEKEEN SEME!

1

Aste guziko izerdi-truke
sari esker-beltz, apurra
jaso eziñik zabiltzan langil,
menpeko buru zuhurra,
 guzien bizi eta onagatik
damazu bizitz-laburra ...
ta zenbat jauni egiten zaion
zuri zor zaizun agurra!
2

Zu zera gure oraingo eta
geroko itxaropena;
zuri zor zaizu jaten dan ogi,
ta soñean degun dena.
Bañan lurrean goratuena
izan behar zendukena
arkitzen zera apalenetan
apal eta txikiena!

3

Goizean-goizik utzi ohi dezu
sukalde bakar, ixilla,
eta hor zoaz puska-legorraz
sari pitiñaren billa.
Zuk beziñ ongi inork ez daki
zenbat neke, katramilla
pasa ondoren irixten dezun
eguneroko opilla.


4

Uda nahiz negu, hotz edo bero,
hor zabiltza goiz ta arrats,
keak eta hautsak ongi beltztua,
aurpegia izerdi-pats ...
soñean jantzi zikiñ-illuna,
urratua eta narrats ...
Ai! Guzien gainetik zuk izan
behar zenduke aberats!

5

Hainbat izerdi ta neke gabe,
zu baño erosoago
ogia jaten duan hamaika
alper munduan ba-dago.
Bañan noiz arte, menpeko gaxo!,
noiz arte zera izango
aintza ta ospe gabeko txiro,
guzien azken-hurrengo?

 

6

Ondasun-diruz ongi beteak
ta neke-gabe eroso
bizi diranai oroit-harriak
nun-nahi dizkiegu jaso.
Zu bitartean haize zakarrak
nun-nahitik zaitu eraso ...
Ai! Noiz arte iraungo du lurrak
itsu, eta begi-lauso?

7

Etengabeko lanean ari
dan txingurria bezela
txanpon pitiña bildu eziñik
zabiltan langil apala,
denen gañetik aupa nahi zaitut,
eta eskuan txapela,
begirun haundiz esku zartatu
hoiek muinka ditzadala!

8

Lurrean azke-hurrengo zeran
behartsu ez-ezaguna
batzuei higuin bazaie ere
zu zaitut jaun denen jauna.
Eta hainbeste neke ondoren
etorriko da eguna
orain arteko nahigabe oro
poz bihurtuko zaizuna!”

Lazkaon, 1966ko apirilaren  21ean.





2012/08/05

Agosti Xaho


AGOSTI XAHO
EUSKAL ERREPUBLIKA SOZIALISTAREN AITZINDARIA


Jean Mixel  Bedaxagar Aztiari, bihotz-bihotzez 

          
Euskal Errepublika Sozialistaren alde borrokan ari garenon blog honetan ezinbertzekoa dugu Agosti  Xaho  Lagarde  euskaldun iraultzaile eta iraultzaile euskaldunaren biografia argitaratzea. Zeren eta Xaho, ororen gainetik, iraultzailea izan baitzen, hitzaren zentzurik zabal eta sakonenean. Hain iraultzaile, ezen eta ia-ia bi mende geroago ere, iraultzaile izaten segitzen baitu gure artean, oraindik ez baitugu osorik eta sakonki konprenitu. 

 

Gure ustez, Agosti Xaho, bertze gauza aunitzen artean, lehendabiziko euskaldun sozialista iraultzailea izan zen, XIX. mendearen erdialdean. Euskal Errepublika Independentearen aldarria egin zuen 1848ko uztailaren 25ean, Karl Marxek eta Friedrich Engelsek, Komunisten Ligaren aginduz, Manifestu Komunista idatzi eta bortz hilabetera. Aitzindaria izen zen bere bizitzako arlo gehienetan, eta zinezko aitzindari guztiak bezalaxe, gaizki ulertua eta okerrago ezagutua.


         “Joseph-Auguste Chaho”, halaxe agertzen da izkiriaturik, orduko ortografiarekin, bere jaiotza-agirian. Zuberotarra sortzez eta bihotzez, 1811ko urriaren 10ean jaio zen Atharratzen, Zuberoako Basabürüan. Aita, André Xaho, 34 urtekoa zen. Ama, Rose Lagarde, 17 urte bertzerik ez zuen.

 

Aita eta aitatxi, Joseph, Atharratzekoak ziren, eta legegizonak, orduko Justiziaren ordezkariak. Xibereraz “sarjanta” erraten zaio ogibide horri, aktak, konstatazioak eta legezko paperak egiten dituztenak, notarioak baino apalagoak, bainan hala ere jende jantzia eta jasoa. Agostiren osaba Pierre idazlea zen, eta bi liburu izkiriatu zuen, bata Euskararen jatorriaz, eta bertzea Euskararen gramatikaz, zorigaitzez biak argitaragabeak. Amaren familia, Lagardetarrak, Maulekoak ziren, eta haiek ere orduko sozietatean ongi kokaturiko funtzionarioak ziren.

Agosti premua zen, hots, lehen semea, etxeko zaharrena. Osotara zazpi neba-arrebak ziren: lau mutil eta hiru neska. Bere anaia guztiak idazleak izan ziren, bera bezala: Jean-Baptistek familiako laguna zèn Etxahun Barkoxeko bertsolariaren biografia idatzi zuen Frantsesez, eta Bibliako Joben liburua Zuberoako Euskararat itzuli zuen. Bertze anaia batek, Jean-Pierrek, Etxahunen bizitzari buruzko liburua Zubererarat ekarri zuen, eta hirugarren anaia ere, Pierre-Eudore, idazlea izan zen, bainan ondikotz bere izkribuak galdu egin dira. Hiru arreben izenak hauexek dira: Marie-Louise, Marie-Jeanne eta Henriette. Zorigaitzez, haien bizitzei buruz ez dakigu deus ere.

Hamaika urterekin Biarnoko Oloroeko Seminariorat bidali zuten lehen ikasketak egitera. Berehala nabarmendu zen bere adimen zorrotzarengatik eta “filosofo ttipia” izengoitia eman zioten. 


Zortzi geroago, hemeretzi urte zituela, 1830ean, ama galdu zuen. Berarekin harreman estu eta sakona zuen, eta geroztik bere burua umezurtz kontsideratu zuen, aitarekin ez baitzen bat ere ongi moldatzen. Hurrengo urtean, 1831ko irailean, Pariserat joan zen, Zuzenbidea ikastera, teorian, aitak nahi zuen bezala. Praktikan, ia-ia denbora guztia eman zuen Filosofia, Mitologia, Teologia eta ekialdeko hizkuntzak ikasten. Badakigu Xahok, Euskaraz eta Frantsesez bikain idatzi eta mintzatzeaz gain, Gaskoieraz eta Espainolez ere ongi izkiriatu eta hitz egiten zuela. Horretaz gain, Alemanez, Grekoz, Latinez eta Sanskritoz ere bazekien.

1830 urteetan Paris Europako hiriburu kulturala zen, hiri kosmopolita eta zinez aberatsa. Xaho berehala integratu zen hango zirkulu literario eta filosofikoetan, eta garaiko intelektual frantses ia guztiak ezagutu zituen pertsonalki: Alphonse de Lamartine, Honoré de Balzac, Alexandre Dumas, Charles Nodier, Alfred de Musset, Gérard de Nerval, Victor Hugo, Flora Tristan, Charles Lassailly, Charles Augustin Sainte-Beuve, Théophile Gautier... Laure Junot, Abrantèsko dukesaren tertulietan parte hartu zuen bera hil artio, 1838an. Azpimarratu nahiko genuke Flora Tristanen garrantzia Xahoren bizitzan, emazte miresgarri hau feminista eta sozialista baitzen aldi berean.

 

Parisen ekialdeko hizkuntzak ikasi zituen, bai eta hango erlisioneak ere, egile askok uste duten baino hagitzez sakonago. Frantziako hiriburuan, ziur aski, harremanetan sartu zen hargin beltzekin, masoiekin, alegia, eta pentsatzekoa da logiaren batean parte hartzen zuela. Masoneriaz aparte, argi dago garaiko zirkulu esoteriko eta teosofikoetan ibili zela.

Xaho tradizio mistiko eta gnostiko baten oinordekoa sentitzen zen, jakitate ezkutu eta sekretu baten ordezkaria. Humanitatearen historian Jainkoaren profetak bazirela uste zuen, Ikusleak eta Aztiak, egiazko gidariak. Bere garaian erabat harrigarria zèn ekumenismoan finkatzen zituen bere sinesmenak, eta Abel, Krishna, Orfeo, Zaratustra, Moises, Buda, Sokrates, Jesus, eta Muhammaden  ildo profetikoan kokatzen zuen bere burua. Beraz, faltsua da erabat Xaho antikristaua zela, Nazareteko Jesus maite eta onartzen baitzuen, gainontzeko profeta guztiak bezalaxe. Agosti Xaho antikatoliko amorratua zen, hori bai, uste baitzuen katolizismoa Ilunpeetako sekta arriskutsua zela, zinezko, egiazko eta benetako kristautasunetik erabat urruntzen zena. Horregatik izan zen bizitza guztian antiklerikal amorratua, nahiz eta apez askoren laguna izan. Xahoren arlo esoteriko eta gnostiko hau ez da sekulan ongi ulertu Euskal Herrian. Agian laster bere pentsamendua bere osotasunean agertzeko tenorea iritsiko da.


Berehala, 23 urte besterik ez zuela,  idazten hasi zen: 1834an argitaratu zuen bere lehen liburua: “Paroles d’un voyant” (Ikusle baten hitzak), Felicité Robert de Lamennais apez bretoi progresista eta Frantsesezko idazle zein teologo-filosofoari erantzunez, berak urte berean “Paroles d’un croyant” izeneko liburua izkiriatu baitzuen. Urte berean idatzi zuen liburu honen euskal bertsioa, “Aztibegia” oraindik inork ongi aztertu eta sakonki ulertu ez duena, eta egunen batez euskaldunon berpizkundea gidatuko duena.

Xaho euskaldun osoa zen, eta Euskal Herri osoko arazoek kezkatzen zuten. Laster Hego Euskal Herriko foru eta erakunde autonomoen alde agertu zen sutsuki, nazionalismo espainol etnozidaren aurka:  “Paroles d’un Biskaïen aux libéraux de la reine Christine” (Bizkaitar baten hitzak Kristina erreginaren liberalei) izkiriatu bazituen 1834an bertan. 

 

         Hurrengo urtean, 1835ean, armetan borrokan ari zèn Hego Euskal Herrira joan zen, Nafarroara, hain zuzen, eta 1836ean, argitaratu zuen bere libururik ospetsuena: “Voyage en Navarre pendant l’insurrection des Basques” (Nafarroarako bidaia euskaldunen altxamendu bitartean). Urte berean idatzi zuen “Philosophie des révélations” liburua, “Errebelazioen Filosofia”, alegia.

         1836, Antoine d’Abbadie euskaltzale eta euskalariarekin batera, “Études Grammaticales sur la langue euskarienne” liburua argitaratzen du (Euskarari buruzko ikerketa gramatikalak) zeinean “Zazpiak-Bat” leloa lehendabiziko aldiz agertzen baita. Bertan ageri da Xahok Euskal Literaturako klasiko guztiak ongi ezagutzen zituela: Leizarraga, Axular, Materre, Beriain, Etxeberri Ziburukoa, Haranburu, Argaignarats, Pouvreau, Oihenart, Kardaberaz, Lariz, Larregi, Baratziart, Mogel, Gasteluzar, Churio... “Lettre à M. Xavier Raymond” izeneko izkribuan, aldiz, Euskara eta Sanskritoaren arteko balizko loturak aztertu zituen.  Urte berean Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak proposaturiko “Adour-et-Gaves” izeneko departamendu berriaren alde agertu zen. Departamendu horretan Lapurdi, Baxenabarre, Zuberoa eta Akizerria sartzen ziren. Ipar Euskal Herriko Departamenduaren aurrekari garrantzitsua, nonbait. 


1838an Okzitaniako Tolosan bizi da, eta “Revue des voyants” izeneko aldikaria argitataratzen saiatu zen. Urte berean “De l’agonie du parti révolutionnaire en France” liburua idatzi zuen, non Louis-Charkes-Philippe d’Orléans, Nemourseko dukea, Nafarroa independenteko errege izateko proposatu baizuen.Karlisten aldeko mugalari lanetan aritu zen, Jean Anxordoki, “Ganix Makeakoa” kontrabandista ospetsuarekin batera, eta Maria Teresa de Braganza, Beirako printzesari, Don Karlos erregeren andregaia, Elizondorat joaten lagundu zion.

1840an “L’espagnolette de Saint-Leu” izeneko liburua argitaratu zuen, non Frantziako errege-familiari Condé printzearen heriotza leporatzen baitzion. Horren ondorioz, Parisetik ihes egin behar izan zuen eta denboraldi batez Atharratzen ezkutatu zen. Orduan ezagutu zuen Henri Beltzuntzekoa, bizkonde legitimista euskaltzalea, eta berarekin batera, urte batzuk geroago, 1847an hain xuxen,  “Histoire Primitive des Euskariens Basques” idatzi zuen.

Parisera itzuli zen bere kontrako aferak pixka bat baretu zirelarik, baina 1843an berriz Euskal Herrirat jin zen. Zuberoako Sohütan lan egin zuen, Julie-Adrienne Karrikaburu andereñoari eskolak ematen.

Urtebete geroago, 1844an Lapurdiko hiriburuan, Baionan kokatu zen, Pierre Lespès lagunak hiri horretan zuzentzen zuèn “Trilby” aldizkarian parte hartzeko. kazeta hori berehala utzi eta bere adiskidearekin batera “Ariel” aldizkaria sortu zuen.

1845ean bere lanik ezagunena izkiriatu zuen, “Aitor, légende cantabre” (Aitor, elezahar kantauriarra), zeina izugarri zabaldu baitzen Euskal Herrietan, Arturo Kanpionen itzulpenaren bidez. 

 Xahoren lanik garrantzitsuena, gure ustez, 1844-1852 urteetan “Ariel” aldizkaria izan zen. Hasieran, zentsura eta egoera politikoa zela-eta, literaturaz bakarrik aritu bazen ere, 1846tik aitzina politika jorratzen du gero eta ageriago. Urte honetan bertan Baionako Logia zaharrenean sartu zen “La Parfaite Union” izenekoa. 1848an aldizkariari Xahok bigarren izenburu esanguratsua ematen dio “Républicain de Vasconie”, hau da, Euskal Herriko errepublikazalea.

         Eta honetan ikus daiteke Xaho Euskal Iraultzaren aitzindari ezezaguna (edota ezkutatua) izan zela, zeren Marx eta Engelsek “Manifestu Komunista” argitaratu  zutèn urte berean gure zuberotarra errepublikazale eta sozialista gisa agertu zen, bai eta independentista ere. Aitzitik, komunismoaren aurkako hitzak izan zituen behin baino gehiagotan, diktadura ekarriko zuelakoan.

         1848ko otsaileko Frantziako Iraultzan, bera izan zen eragile nagusia Baionan, Bigarren Errepublika aldarrikatzeko. Guardia Nazionaleko komandantea izan zen. Herriak Baionako zinegotzi hautatu zuen, eta Kontseilu Orokorreko kide. 


1848ko ekainaren 30ean argitaratu zuen Xahok lehen aldizkari euskalduna: “Uskal-Herrico Gaseta” izenekoa, historian zehar Euskara hutsez sorturiko  lehendabiziko errebista. Hilabatekaria zen, bainan bi ale bertzerik ez zituen argitaratu. 1848ko uztailaren 25eko alean, esaldi historiko hauek idatzi zituen Xahok:

“Nork oihu eginen du, azkenian, errege-erreginak eta haien partidario tontoak edo anbiziosoak akazatu ondoan: “BIBA INDEPENDENTZIA! BIBA ERREPUBLIKA! BIBA EUSKAL HERRIA!”?

1849ko hauteskunde legegileetan, demokrata-sozialen hautagaia izan zen, eta Parisen diputatua izateko 21.000 bozka erdietsi arren, ez zuen eserlekua eskuratu. Pierre Topet, Etxahun bertsolariak, bere alde egin zuen kanpaina, bertsotan. Hona hemen bertso horietariko batzuk:


         Aphezek etzütie, zü, nahi egin depütatü,
         Entzünik nahi deitzezüla, haien arrandak txipitü.
         Lotsa beitira oillo saldak behar deikien mankatü.

         (Apezek ez zaituzte nahi egin diputatu
          entzunik nahi diezula beren errentak txikitu
          beldur baitira oilo-salda behar zaiela faltatu)


         Kargülant, nubliak ere, Xahoren kuntre dirade,
         Jende xehiak jan beharra, hen gaiek behar baitie,
         Eta harek txipiraziren, hura sinhesten badie.

         (Kargudun, nobleak ere, Xahoren kontra dira
          jende xehea jan behar baitute, haien irabaziei eusteko
          eta berak txikiagotuko dizkie, jendeak sinesten badio)

         Orai behar baitütügü, depütatiak berritü,
         Üskal Herriko jentik oro, nahi zütiet othoitü
         Kargülant, nubler ez rantierer, eztela behar fidatü.

         (Orain behar baititugu diputatuak berritu,
          Euskal Herriko jende oro, nahi dizuet eskatu
          Kargudun, noble eta errentadunez ez dela behar fidatu)

         Botzak eman itzazie, praubiak dutiener maite,
         Ezi hurak izanen dira jente xheiaren althe,
         Xaho depütatü baledi, hura hen hala lizate.

         (Bozkak eman itzazue pobreak maite dituztenei,
          Zeren haien izanen dira jende xehearen alde,
         Xaho diputatua balitz, bera ere haietarikoa izanen litzateke)

         Jente xehek behar dügü, Jinkoari gomendatü
         Eta Xahoren deputatü igaraitia galthatü
         Bestela handier esklabo behar dukegü baratü.

         (Jende xeheak, behar dugu Jainkoari enkomendatu
          eta Xaho diputatu ateratzea eskatu
          Bestela handien esklabo gelditu beharko dugu)

Bertso zirraragarri hauek frogatzen dute argiro Agosti Xaho XIX. mendeko Euskal Herri Langilearen hautagaia zela, eta Herriak biziki maite zuela. 

         1851ean Napoleon IIIak estatu kolpea jo eta enperadore izendatu zuen bere burua. “Ariel” aldizkaria debekatu zuten eta Xahok ihes egin behar zuen, Belgikara lehenik, non babesa ukatu baitzioten, eta Hego Euskal Herrirat gero, Gasteiza. Han ezagutu zukeen, ziuraski, Francisco Navarro Villoslada, idazle nafar karlista. “Amaya o los vascos en el siglo VIII” bere eleberri ospetsu eta ezagunean, Xahoren eragin nabaria da goiti-beheiti: Aitor euskaldunen aitalehena bertan agertzen baita. 

 

Arabako hiriburuan urtebete eman ondoren, bere aitaren hilzoriaren berri jakitean Baionarat jo zuen, bera zaintzerat. Lehenago idatziz hitz eman behar izan zuen ez zela inolako jarduera politikotan arituko: “acte de soumission” izenpetu behar izan zuen gure xiberotar intsumitua, aitaren hobe beharrez. Hitza bete egin zuen. 1853ko ekainean itzuli zen Baionarat.


Baionan, iraultzaren bidea erabat mozturik eta poliziaren etengabeko zaintza zorrotza pairatu behar zuela, Euskararen aldeko lanetan aritu zen buru belarri. 1855ean, “Biarritz, entre les Pyrénées et l’Océan” izeneko liburuan, Euskal Akademiaren sorrera proposatu zuen. 1856an, Euskal Kulturaren aldeko lan erraldoi eta titaniko horren fruitu, “Dictionnaire Basque, Français, Espagnol et Latin” argitaratu zuen, M letraraino bakarrik iristen zena. 

 

Poliziaren jazarkundea ezin irentsirik, ia-ia ez zen etxetik ateratzen, eta bertan hil zen 1858ko urriaren 23an, arratsaldeko lauretan 47 urte zituela, Pont Mayou karrikan, 12. atariko etxeko ganberan. Euskal Herrian hileta zibila ukan zuèn lehena izan omen zen, bere hiletan ez baitzen inolako elizkizun katolikorik izan. Elisée Reclus geografo eta militante anarkistak hitz egin zuen bere ehorzketan, eta “azken euskalduna” zela erran zuen. Baionako Saint-Léon hilerrian dugu bere hilobia, eskultura eder batez apaindurik, Ariel goi-aingeruaren irudi baten babesean.


Euskal Iraultza Sozialistan sinesten dugunok ez dugu Agosti Xaho sekulan atzenduko, are guttiago ahantziko. Biba zü, Xaho, euskaldun iraultzailea eta iraultzaile euskalduna! Biba zü, Euskal Errepublika Sozialistaren aitagoia! Biba zü, Euskal Herriaren independentzia aldarrikatu zuèn lehena!

Bai, gora Agosti Xaho, Euskal Iraultza Sozialistaren Artizarra, areago oraindik, gure Azti-izarra, Aztizarra! Buka dezagun Zuberoako bertze Azti baten bertsoekin, Jean Mixel Bedaxagarrek izkiriaturikoak, hain xuxen, Agosti Xaho, 1988an Urdiñarben jokatutako pastoraleko azken pheredikuarenak:

 

“Historiako zati bat
Egün gunian ikhertzen,
Agosti Xahok beitzian
Bere phartetik edertzen!

Agian bürnatüko da
Zuhurtziaren hazia!
Lurtarrek boroga beze
Gure maitarzün magia!

Geruaren jabe gira
Gure Zibero maitia,
Eüskaraz ariko gira
Hoi-ta-bat gerren mentian!!