LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2013/04/05

Rosa Luxemburg





IRAULTZAILE, 
SOZIALISTA
 ETA FEMINISTA
 


Roxa Luxemburg 1871ko martxoaren 5ean jaio zen Zamosc izeneko hirian, Lublin ondoan, Polonian, familia judutar batean. Bere aita,  Eliasz Luxemburg, zura-komertziantea zen, eta bere amak, Line Löwenstein, etxean egiten zuen lan. Polonia orduan hiru Inperioren artean banatutako nazio bat zen: Austria-Hungaria, Prusia-Alemania eta Errusia. Rosa Inperio errusiarraren mendeko Polonian sortu zen. Txikitan hazkundearazoak izan zituen, eta bost urte zituela ohean egon behar izan zuen luzez, elbarri. Betiko gelditu zitzaion ibiltzeko zailtasuna. Herrena zen. Bainan eritasun horrek ez zuen hondoratu, alderantziz baizik: bere bizi indarra eta borondatea izugarri sendotu zituen.

Bere ekinbide politikoa gaztetatik hasi zuen, 16 urte zituela, 1886an, “Proletalgoa” izeneko Alderdi Iraultzaile Sozialistan militatzen hasia baitzen. Orduan nesken Institutu batean ikasten zuen, Varsovian.

Varsoviako unibertsitatean ekonomia politikoaren klasikoak sakonki aztertu zituen bere militantzia alde batera utzi gabe. Luxenburgen militantzia politikoaren lehenengo urteetan, Poloniako mugimendu sozialisten arteko gatazkak bizi izan zituen, auzi nazionalaren inguruko lehenengo gogoetak garatuz.



1889an Polonia utzi behar izan zuen bere militantzia zela-eta, errepresioaen ondorioz erbestera jo behar izan zuelako, atxiloketa sahiesteko. Suitzara joan zen, orduan. Zurich-en Errusiako Alderdi Sozialdemokratako buruzagiak ezagutu zituen, haien artean Georgy Plekhanov eta Vera Zassulich. Ekonomia politikoa ikasten jarraitu zuen bertan, eta Polonian hasitako ikasketak amaitu zituen: filosofia, historia, ekonomia politikoa eta matematikak. Han ezagutu zituen beste iraultzaile batzuk: Anatoli Lunatxarski eta  Leo Jogiches, zeinarekin harreman sentimental luze eta sakon bat izan zuen.

 1893an, Leo Jogiches eta Julian Marchlewskirekin batera, egunkari iraultzaile bat sortu zuten Polonieraz, "Langileen kausa", "Sprawa Robotnicza". Bertan aurre egin zioten Alderdi Sozialista Poloniarrak garatzen zuen abertzaletasunari. Rosa Luxemburgek nazionalismo poloniarraren aurka agertu zen, eta puntu horretan Leninekin enfrentamendu teoriko-dialektiko gogorra izan zuen, nazioen autodeterminazioari buruzkoa. Rosaren ustez, Kapitalismoaren kontrako borrokari emen behar zitzaion lehentasuna Polonian, eta horren ondorioz, Alemania, Austria-Hungaria eta Errusiako Iraultzei, eta ez Poloniako Independentzia eta Birbatasunaren alde. Beren tesiak langileen artean defenditzeko, Rosa Luxemburg-ek eta Leo Jogiches-ek Poloniako Erresumako Alderdi Sozialdemorata sortu zuten, SDKP, geroago Polonia eta Lituaniako Erresumako Alderdi Sozialdemokrata bilakatu zena, SDKPiL. Bikote miltante eta sentimental hau, Rosa eta Leo, Poloniako iraultzaileen buruzagi bilakatu ziren. Rosa, goi mailako teorikoa, eta Leo, antolatzaile nekaezina.



Gustav Lübeckekin ezkondu ondoren, nazionalitate alemana eskuraturik, 1898an Alemaniara joateko aukera zabaldi zitzaion, ordura arte nazionalitate errusiarra baitzuen. Gertakizunez betetako urte hauen ostean bere jarduera eta militantzia politikoa Europako mugimendu sozialisten erdigunera eraman zuen, Alemaniara. Berebiziko tokia eta protagonismoa izan zuen aurrerantzean Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren barnean, Leipziger Volkszeitung egunkarian. 


Bertan Alemaniako Alderdi Sozialdemokratan (SPD) aktiboki militatu zuen, gehien gailentzen ziren koadro politikoekin harremanetan jarriz. Alemaniako Alderdi Sozialdemokratan, bi tendentzia politiko elkarbizitzen ziren; alde erreformista, Estatu Kapitalistaren forma “demokratiko” berrietara moldatua, eta alde marxista, gizartearen eraldaketa sozialista defendatzen zuena metodo iraultzaileak erabiliz. SPDren kasuan, tendentzia erreformistak benetan sakondu ziren, bereziki buruzagitzako koadroen artean; legebiltzarreko taldean, sindikatuen zuzendaritzan eta alderdiaren erakunde ezberdinetako ehunka militanteen artean. Hautes-garaipenak, zinegotzien eta Estatuko diputatuen kopuruak handitzeak, kapa berri baten goraldia ekarri zuen. Kapa berri horrek langile aristokraziatik eta intelektual burges txikien eskutik zetozen elementuak osatzen zuten, hauek gutxika erakundearen kontrola eskuratuz.

Rosa Luxemburg berehala murgildu zen desbideratze erreformistaren aurkako borroka teoriko-ideologikoan. Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren endakatze eta degenerazio erreformista noraino iritsia zen, eta hain sakona zen,  non Roxa Luxemburgo mailukada teoriko bat eman behar izan zuen zuzendaritza sozialdemokrataren mahai gainean: 1898an Sozialreform oder Revolution? (Erreforma ala Iraultza?) argitaratu zuen, Eduard Berstein-en tesi eta ideologia erreformista eta errebisionistaren aurka. 

 


1905eko Errusiako Iraultza saioaren ondoren, Poloniara jo eta Iraultzaren aldeko lan eta borroketan ibili zen han. Atxilo hartu zuten, baina luze gabe aske geratu eta Alemaniara joan zen berriro. Massenstreik, Partei und Gewerkschaften (1906, Greba orokorra, alderdia eta sindikatuak) liburuan zehaztu zuen alderdiak Iraultzaren mugimendu orokorarren gidari gisa zuen egitekoa.

 Sozialdemokraten eskolako ekonomia politikoko irakasle izan ondoren, Die Akkumulation des Kapitals (1913, Kapitalaren  metatzea) argitaratu zuen, Kapitalismoak Inperialismoaren  fasean biziko zituzkeen kontraesanez. 

II. Internazionalaren porrotak eta Lehen Mundu Gerraren aurrean Alemaniako politikari sozialdemokrata askok erakutsi zuten portaera gerrazale, inperialista, kolaborazionista eta likidazionistak bultzatu zuen 1915ean Rosa Luxemburg, Karl Liebknetcht, Franz Mehring eta Clara Zetkin-ekin batean, Spartakus Liga sortzera. Antolakunde honek SPD-ko sektore marxistak biltzen zituen, joera sozialista iraultzailea zuen, antinperialista eta antimiliarista, eta gerora Alemaniako Alderdi Komunista, KPD, bilakatu zen. 

 

Bere militantzia iraultzailearengatik bitan espetxeratu zuten: 1915-1916 urteetan, eta 1916-1918 urteeta ere bai. Presondegian segitu zuen bere Ekonomia politikorako sarrera idazlana izkiriatzen, inoiz amaituko ez zuen obra. Bertatik jarraitu zituen Errusiako Iraultzaren garapena eta gorabeherak, boltzebikeen aldeko jarrera sutsuaz eta aldi berean kritikoaz.


1918an aske utzi zuten Alemaniako iraultzaldiaren ondoren, Die rote Fahne egunkaria sortu eta Alemaniako Alderdi Komunista bultzatu zuen (1918ko abendua). Iraultza espartakistan parte hartu zuen 1919ko urtarrilean, hasieran intsurrekzioaren aurka zegoen arren, eta hil bereko 15ean preso hartu eta hil zuten paramilitar kontrairaultzaileek, freikorps, Gobernu Sozialdemokrataren aginduz. Rosa Luxemburg hil arte jo zuten fusilez, eta bere gorpua (ez dakigu bizirik ote zen orduan) Berlingo ibaira bota zuten. Friedrich Ebert-ek, urte batzuk lehenago SPDko eskolan Marxismoa estudiatzen bere ikasle izan zena, gidatu zuen errepresio basatia: ehundaka hildako, milaka atxilotu eta torturatu. Gaur egungo sozialdemokraziaren  ibilbide odoltsua hasi zen orduan... orain arte!!!


Hauxek dira bere azken hitzak, hil zen egunaren bezperan idatziak:

"Masak dira elementu erabakiorra, haiek dira zutabeak zeinen gainean Iraultzaren erabateko garaipena eraikiko den. (...) Ordenak agintzen du Berlinen! Morroi zozoak!  Zuen "ordena" harearen gainean eraikita dago. Bihar Iraultza zutituko da, indartsu, eta zuen ikaratzeko, hauxe aldarrikatuko du ozenki: ni izan nintzen, ni naiz, ni izango naiz!"

                                                                                          Izar Gorri
 


OHARRA: gai honi buruz gehiago eta sakonkiago irakurtzeko, ELKAR argitaletxeak plazaratua du Rosa Luxemburg-en biografia laburra, LOREA AGIRRE idazleak izkiriatua. Biziki gomendatzen dizuegu!

 

JOXE ANTONIO ETXEBARRIETA


NAZIO ASKAPENERAKO
EUSKAL MUGIMENDU SOZIALISTAko

MILITANTE ABERTZALE IRAULTZAILEA





Duela 40 urte Joxe Antonio Etxebarrieta hil zen, 1973ko apirilaren 3an. Ez nuen inon bere oroitzapenik ikusi, eta horrek harritu nau. Militante iraultzaile miresgarri honek hainbertze eman zion Euskal Herri Langileari! Hainbertze eman zion Euskal Iraultza Sozialistari! Hainbertze eman zion Nazio Askapenerako Mugimendu Sozialista Iraultzaileari!

Zorretan naiz berarekin, euskaldun iraultzile guztiok zorretan gara Etxebarrieta anaiekin. Horregatik gaurko idazki hau. Agur eta ohore, Joxe Antonio! Biba zu,  abertzale iraultzaile paregabea!

Joxe Antonio Etxebarrieta Ortiz 1940ko apirilaren 3an sortu zen Bilbon. 1957an, berak 17 urte zituela, aita galdu zuen. Etxeko jauna hilda, ordura arte aise eta goxo bixi izan zèn familia amak atera zuen aurrera. Asun, ama, Bilboko udaleko funtzionarioa zen, eta ahal izan  zuen guztia egin zuen bere seme-alabek ikasketak egin zitzaten.

1960an, 20 urterekin, Zuzenbidea ikasten zuen Deustuko Unibertsitatean, eta EGIko militantea zen. PNVko gazteriako kide izanik, Begoña aldean panfletoak banatzean atxilotu zuten, eta bi hilabetez egon zen preso Larrinagako espetxean. Atxiloketan, jakina, bortizki torturatu egin zuten. Beren torturatzaileek ez zioten José Antonio erraten, baizik eta "Pepe". Bere omenez, Txabik izangoiti hori hartu zuen sasian. 


 
                                                                               ESI taldearen aldizkaria


Hilabete batzuk geroago Joxe Antonio Pariserat joan zen, Eusko Jaurlaritzak emandako beka batekin. Horri esker familia hobeki ibili zen diruz, gainera bigarren anaia, Angel, kazetari lanetan ari zen irrati batean soldata on batekin.

 Parisen Joxe Antoniok berehala egin zuen talka PNVko aparatu burokratikoarekin, eta EGIko sektore disidentea gidatu zuen. Gero eta gehiago hurbildu zen ETAren tesietara, eta arma-trafiko batean murgildu zen, geroko borroka armatua prestatzeko.

Irakurle amorratua eta teoriko argia, Aljeriako Askapen Nazionalerako gerra independentista sakonki ikertu zuen, bai eta Kubako Iraultza Sozialista. Bere ustez, Kubako eredua zen egokiena Euskal Herrian aurrera eramateko, bainan ongi egokituz euskal errealitatera: gerrilla hiri eta herrietan garatu behar zen, talde armatuen bidez, eta ez mendian, kubatarrek egin zuten bezala.

Joxe Antoniok Parisen asko eta asko ikertzen du arlo aunitzetan. Ikerketa horien fruitua da "Euskadiko Historia" izeneko idazkia, geroago ETAk berak argitaratu zuena. "Biolentzia iraultzailea legitimoa bada Aljeriako Herriarentzat, Euskal Herriarendako ere berdin-berdin" idatzi zuen.
 

 


Garai berean, bere anaia gazteago batekin harreman militante eta intelektual sakona garatzen du: Txabirekin elkarrizketa eta solasaldi luzeak izan zituen. Bi anaiek bikote politiko iraultzaile ikaragarria osatu zuten, maila teoriko eta praktiko izugarria zuena.

1963an Bilborat itzuli zen, Deustuko  Unibertsitatean Zuzenbidea bukatzera. Irailean eritasun larri batek gorputz osoa elbarritu zion: zeharkako mielitisa. Gaixotasun hori orduan erabat ezezaguna zen, botiken bidez tratatu ezin dena. Ordudanik aitzina aulki gurpildun batean mugitzera behartuta, ahalegin gogorrak burutu ondoren erreabilitazioa amaitu zuen, eta berriz oinez hasi zen.

Erialdi luze hartan, Txabi bere anaiaren ondoan egon zen beti, laguntzen eta aldi berean Lenin-i buruzko  eztabaida amaigabeetan murgildurik. Solasaldi eta polemika horietatik formazio politiko sendo eta sakona erdietsi zuten bi anaiek, geroago ETAren V. Biltzarrean ederki baliatu zutena. Bi anaiak erabat identifikatuta zeuden Kubako Iraultza Sozialistaren zuzendaritzare ildo politikoarekin: Fidel eta Raul Castro, Ernesto CHE Guevara, Camilo Cienfuegos... Marxismo-leninismoa Nazio Askapenerako gerrillan,  borroka sozialista iraultzailea komunismoaren bidean... Euskal Herrian ere, hura zen egin beharrekoa: borroka armatua Independentzia eta Sozialismoa lortzeko.
 


1966ko azaroan, Lenin-en "Zer egin" liburuan oinarriturik, Txatarra txostena idatzi zuen, non ETAren Bulego Politikoko kideen erreformismo likidazionista gogor kritikatzen zuen. Bertan ETA definitzen zuen "euskal prozesu iraultzailearen abangordia" gisa, zehaztuz abangoardiak Herriaren aitzinetik joan behar duela, norabidea seinalatuz hitzez eta ekintzez.

Eugenio Del Río eta Patxi Iturriotz-en likidazionismo espainolista kritikatzeaz gain, Jose Antonio Etxebarrietak Julen Madariagak idatzitako "La insurrección en Euskadi" izeneko idazkiaren "tercermundismoa" ere sakonki kritikatu zuen. Aldi berean ETAren V. Biltzarrean, bi anaiek, Txabik eta Joxe Antoniok, Txillardegiren kulturalismoa eta sozialismo "humanista" gupidagabe kritikatu zituzten. Biltzar horretan Etxebarrieta anaien tesi marxista-leninistak nagusitu ziren, eta haien ondoan eta aldean zeuden Julen Madariaga, Eskubi, Bareño, Bilbao eta Krutwig.

Zuzenbide ikasketak amaiturik, Joxe Antoniok abokatu bulegoa ireki zuen familiaren pisuan, bere aitaren toki berean. 1968ko martxoan Xabier Bareñoren defentsa eraman zuen aurrera. ETAko zuzendaritzako kide hau atrako batengatik atxilotua izan zen. Langile nekaezina, gero eta atxilotu gehiago zegoen garai gogor haietan, haien defentsa segurtatu zuen modu ezin hobean. Baita etsai frankistek ere zoriontzen zuten bere argumentazio bikainarengatik! Joxe Antoniok beti ironiaz erantzuten zien arerio hiltzaileen laudorioei...

Nahiz eta mehatxu polizialak jasan, nahiz eta atentatu terrorista bat pairatu, nahiz eta frankista batzuen eskutik ikaragarrizko jipoia hartu, Joxe Antoniok tinko segitu zuen bere militantzian, abokatu bezala militante iraultzaile atxilotuak defendituz eta ETAren baitan ekarpen teoriko mamitsuak eginez.

Langile nekazezina, parranda ere maite zuen Bilboko Alde Zaharrean, beti bere makuluak aldean. Musika eta zientzia-fikzioa maite zituen, eta pipaz erretzea. Eta jakina, formazio politiko iraultzailea. Bera marxista-leninista zen, argi eta garbi.

Burgosko auzian lan ikaragarria egin zuen Xabier Izko de la Iglesia ETAko militantearen alde, 48 ordutan bere defentsan prestatuz, 80 orrialdeko idazki bikain batekin. Abokatu guztein korrdinazio lana ere egin zuen bertan.

1973ko apirilaren 3ko egunsentian hil zen, Bilbon.

  
 AGUR ETA OHORE, JOXE ANTONIO!!!

HIRE BORROKA
 BURURAINO ERAMANEN DUGU!!!

IRAULTZA ALA HIL!!! 

JOTAKE
INDEPENDENTZIA ETA SOZIALISMOA
LORTU ARTE!!!  









2013/04/04

Euskararen erabileraz


 
BERRIA 2013-04-03


Hizkuntz erabileraz ohar batzuk

 

 

Joxe Manuel Odriozola
Euskaltzalea


Hizkuntzaren erabileran eragiten duten ohiko alderdiak gutxietsi gabe, uste dut hiztunak gutxitan hautatuko duela bere nortasuna, erosotasuna, askatasuna eta buruestimua kolokan jartzen duen mintzairarik. Horrekin esan nahi dut, hiztunak, ahal badin badu behintzat, ahaleginak egingo dituela bere nortasunaren parte den hizkuntza hautatzeko. Izan ere, hitz egiten dugunean faktore psikologiko, kultural eta emozional guztiak daude jokoan aldez edo moldez. Jokoan dagoena ez da bakarrik ideiak edo asmoak edo gauzak zertan diren aditzera emateko komunikazio-gaitasuna, jokoan daude orobat hiztunaren nor izatea eta oreka emozionala. 



Ondo dakigunez, gutako bakoitzak izan dituen esperientziak lekuko, norbere hizkuntzaren etxea gozagarria da, bakoitzaren izaera, ezaguera eta buruestimua kolokan jartzen ez direnean. Hiztunaren pentsamendu-jarioa eta nortasun oreka bermatzen dituen hizkuntza hautatuko du hiztunak normalean, eta ez bere nor izatea lardaskatzen duen mintzairarik, ezinbestean ez baldin bada behintzat. Gauza jakina da, era berean, hiztunak bere pentsamenduaren muina adierazteko nekez aukeratuko duela bere hizkuntza nagusia ez den mintzabiderik, hartara behartzen ez badute.
 



Euskaldun berriari erraz esaten diogu Euskaraz jarduteko, errazegi, hitz egitea, gugandik kanpo dagoen halako tresna instrumental bat erabiliz, ideia komunikatze hutsa balitz bezala. Euskaldun berria, gizaki oro bezala, pertsona da, mundu sozial eta kultural batean sozializatua, eta sozializazio horretan eraiki du bere unibertso pertsonala. Jadanik eraikia eta biribildua daukan mundu kognitiboa eta emozionala kolokan sentitzen du, oraindik ere erdizka besterik ez dakien Euskaran. Onik onenean, ahaleginduko da bigarren edo enegarren hizkuntza duen Euskaraz ere «bizitzen», baina ez da erdarazko etxean bezala gustura sentituko, autoestimuan desgaste handi samarra eragin diezaiokeen Euskaran baizik. Nekatua eta akitua sentituko da maiz, bere pentsamenduaren ale mamitsuenak Euskaraz xehatu nahi dituenean.

 
 


EGA edo antzeko goi maila akademikora iritsi den euskaldun berriak oro har izugarrizko nekea sentitzen du Euskaraz bizitzeko. Bere nortasunaren eta pentsamenduen eratzaile eta adierazle oso eta erabateko duen erdarazko unibertso pertsonalaren zati bat Euskaraz adierazten ere saiatuko da, beharbada. Baina orduan ere, maila akademiko dezente horretan ere, Euskararen etxea hotza eta nekagarria zaio, erdarazkoa samurra, abegikorra eta atsegingarria zaion bitartean. Euskaltzalea baldin bada, ahaleginduko da Euskararen bigarren etxean ere ondo sentitzen. Abertzalea baldin bada, agian beste horrenbeste egingo du Euskararen etxea bere bizileku afektibo eta ideologikoa bilakarazten. Baina, azkenean, amore emango du seguru aski, salbuespenak beti dauden arren.

Hizkuntzaren kontzeptu instrumental eta mekanikoak erraz saihesten dizkigu bidean ikusitako oztopoak. Uste dut euskalduntzeko bidearen zailtasunei buruz ez dugula behar adina kontzientziarik. Ez dugula hiztunaren eta hizkuntzaren arteko dialektika sozial, kultural eta psikologikoak daukan barne-lotura sendorik ikusi nahi. Eta, horrenbestez, hizkuntzaren kontzeptu instrumental batek euskalduntzearen bideko sastraka eta sasi guztiak erre dizkigula, bidea garbi uzte aldera edo.

Ondo etorri zaigu beharbada eragozpen horiek aldez aurretik ez ikustea. Baina nago gero eta garbiago nabari dugula gauza bat, hala ere: Euskara erabiltzea ez da askok uste duen bezain erraza, eta bidean dauden ezintasunak ezin dira ohiko arrazoien bidez soilik azaldu. Alegia: euskaldun hiztunen proportzioa txikia dela, ama-hizkuntza gutxik dutela, kontzientzia eta leialtasun linguistiko kaskarreko hiztunak direla eta abar. Arrazoibide horren barruan, beharbada, erraztasunaren alderdia izan liteke sendoena. Nolanahi ere, Euskarazko erraztasun erlatiboa erdarazkotik urrun samar baldin badago, eta halaxe egoten da ia beti, badakigu nora joko duen hiztunaren praxi linguistikoak.

Problematika hori guztia areagotu egiten da bigarren edo enegarren hizkuntza mintzaira minorizatua denean. Aldiz, ama-hizkuntza Euskara izan duenarentzat ez da betetzen horrelako «lege» psikolinguistiko eta soziolinguistikorik. Hala, euskaldun berriaren ibilbidea oztopoz beterik ikusi dugu, balizko euskaldun berria Euskararen etxean eroso sentitzeko. Ibilbidearen abiapuntuan hizkuntza hegemonikoa dago kasu horretan, eta minorizatua du xede. Erdaldun berrien kasuan, ordea, hizkuntza minorizatua —Euskara— zegoen jabetza linguistikoaren hasieran, eta hizkuntza hegemonikoa —erdara—, amaieran. Euskararen Herria erdalduntzea nahiko erraza izan da ordezkapenaren hainbat alditan, baina Erdararen Herria euskalduntzea biziki gaitza.
 

Hizkuntza gauza garrantzitsuegia da pertsonarentzat mintzaira bat bestearen ordez eta bestea bataren ordez nolanahi erabil daitezkeela uste izateko. Hizkuntza ez da hor aukeran daukagun tresna komunikatibo soil bat nahieran erabiltzeko. Askoz gehiago da. Eta askoz gehiago izate horretan datza, hain zuzen, zirriborratu nahi izan dugun bidearen zailtasuna. Hau da: hizkuntzak bizi gaitu, gure unibertso pertsonalaren konfigurazioa hitzaren bidez eraikia dago, besteak beste. Hizkuntza gara, zentzu eta neurri batean.
Hizkuntz auziok botere-kontuak dira azken batean, hegemonia linguistikoaren gorabeherak. 

Gauza biziki garrantzitsu bat amaitzeko: hizkuntz hautua ez dago hiztunaren esku azken buruan, erabilera erregulatzen duten faktoreak estrukturalak dira, egitura soziolinguistikoari darizkionak.