IBIL,
Iraultzaileen Bilguneen
OINARRIAK
Euskaldun iraultzaileak gara, eta
iraultzaile euskaldunak. Gure helburua, Euskal Herri Langilearen erabateko
emantzipazioa eta askatasuna da, eta zehazkiago Euskal Langileriarena, klaserik
gabeko Euskal Herrian. Hori lortzeko, zapalkuntza guztiak suntsitu nahi ditugu,
eta bereziki botere zapaltzaile hegemonikoa den Kapitalismoa, gainontzeko
menderakuntza zaharragoak (eta sakonagoak) ahaztu gabe: patriarkatua,
etnozidioa, arrazakeria, ekozidioa … Mendez mende txirikordatu diren
zapalkuntza sare konplexu horiek gaur egun Inperialismoan integratu dira.
Euskal Iraultza Sozialista egitea da gure xedea, beraz: euskal langileok Euskal
Herri batu, independente, sozialista eta euskalduna eraikitzea.
Horiek izan dira urtez urte eta borrokaz borroka gure helburu
historikoak. Euskadi Ta Askatasunaren lehen Biltzarrean, 1962an, Euskal Nazio
Askapenerako Mugimendu Iraultzailea sortu zen. Bosgarren Biltzarrean, 1967an, Euskal Nazio Askapen Mugimendu
Sozialista finkatu zen. Definizio hauekin eta ondoren etorri zen Nazio
Askapenerako Euskal Erakunde Sozialista Iraultzailearen praxiarekin bat gatoz.
Lehengo lepotik dugu burua: Independentzia eta Sozialismoa! Birbatasuna eta
Berreuskalduntzea!
Azken urteetan Ezker Abertzalearen zuzendaritzak hartu duen norabideak
erabat larritu gaitu. Euskal Iraultza Sozialista ezinezkotzat joz, estrategiaz
aldatzea eta Sistema Kapitalistan integratzea erabaki dute, ahalik eta baldintza
hoberenetan. Horretarako, Inperialismoaren laguntza onartu dute. Guk ez dugu
bide horretan sinesten, areago, uste dugu estrategia horrek galbidera
garamatzala, Euskal Iraultza zapuztera eta herri borroka iraultzaile guztiak
indargabetzera. Munduan zehar horrelako prozesuak gertatu izan dira, eta
emaitzak hor daude: Inperialismoaren garaipena eta Herri Langileen Iraultzen
derrota. Salbuespenik gabe.
Hau guztia ikusirik, Euskal Iraultza Sozialistari eusteko, Euskal Herri
Langilearen borroka guztiak areagotzeko, Euskal Langileriaren klase
kontzientzia eta praxi iraultzailea zorrozteko
eta Euskal Nazio Askapen Mugimendu Sozialista Iraultzailea indartu eta
berreraikitzeko, Iraultzaileen Bilguneak
izeneko antolakundea sortzea erabaki dugu : IBIL.
Hona hemen gure antolakundearen oinarrizko bost printzipioak:
* EUSKAL IRAULTZA: Euskal Herri Langilearen askatasuna ez dugu lortuko Espainia eta
Frantziako estatu kapitalistak Euskal Herrian gutxienez irauli eta suntsitu
gabe.
Euskal Iraultzaren bost zutabeak ondoko hauek dira, gure ustez:
- INDEPENDENTZIA: Euskal Herri Langileak
pairatzen duen zapalkuntza nazionala Independentzia erdietsiz bakarrik
gaindituko da. Independentistak gara, Euskal Herriaren subiranotasun nazional
betea defendatzen dugu zapalkuntza inperialista guztien aurka.
- SOZIALISMOA: Euskal Herriaren
Independentziak badu guretzat klase izaera: Euskal Errepublika Sozialista.
Bertan Euskal Langileria izango da klase hegemonikoa, eta Euskal Herri Langilea
subjektu
bakarra. Sozialismoa
klaserik gabeko sozietatea eraikitzeko trantsizio-aldia da eta proletalgoaren
diktaduraren garaia: demokrazia, hau da, Herri Boterea langileentzat, eta
diktadura burgesiarentzat. Ekoizpen tresna guztien jabetza soziala izango da,
hots, ekoizpen baliabideen jabetza pribatua desagertuko da erabat. Taktikoki
Euskal Estatu Sozialistaren alde gaude, langileen biltzarren boterea: Euskal Errepublika Sozialista.
- BERREUSKALDUNTZEA: Euskara da gure hizkuntza nazional bakarra. Euskararen Herriaren kontra
mendez mende estatu eta botere zapaltzaileek egin duten etnozidioaren aurka
gaude erabat. Gaur egun euskaldungoa gutxiengoa da Euskal Herrian. Euskal
Iraultza Sozialistak berreuskalduntzea ekarri beharko du bere baitan, zinezko
Iraultza izan dadin.
- BIRBATASUNA: sei lurralde historikoen Nazioaren alde gaude: Araba, Bizkaia,
Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoa. Hori da gaur egun gure marko
nazionala.
- EUSKAL HERRI LANGILEAK
BORROKA MOLDE ETA BITARTEKO GUZTIEZ BALIATZEKO ESKUBIDEA DU: Borroka molde guztien legitimitatea eta egokitasunaren printzipioa
mantendu eta defendatzen dugu. Borroka
bitartekoen aukera erabaki taktikoa da, beti ere Iraultzaren zerbitzuan.
Ondorioz, AMNISTIA osoa eta
baldintzarik gabea defenditzen dugu errepresioa jasaten duten gudari eta iraultzaile
guztientzat, haien borroka erabat zilegi eta legitimoa delako, Euskal Herri
Langilearen seme-alabarik zintzo eta koherenteenak direlako. Era berean Euskal
Herri Langilearen borroka iraultzaile guztien oroimena eta defentsa hartzen
dugu geure gain, burgesiaren gezur eta
manipulazioen aurka.
* FEMINISMOA: Ez dago benetako iraultzarik emakumeak bereziki
zapaltzen dituen Patriarkatua irauli gabe. Horretarako, praxi feminista
ezinbestekoa da, Iraultza Sozialista egiazkoa izan dadin. Emakume langileen
feminismo sozialista iraultzailea da gurea.
* EKOLOGISMOA: Ama Lurraren oreka ekologikoa babestu eta zainduko
duen Iraultza Sozialista egin nahi dugu, antidesarrollismoa eta planeta
honetako biziaren ekosistema globalaren garapena bultzatuko dituena, beti ere
Herri Langileen ongizatearen zerbitzuan.
* INTERNAZIONALISMOA: Kapitalismoa mundu
mailako sistema da, eta bera suntsituko duen Iraultza Sozialista ere mundu
mailakoa izango da. Hori da internazionalismo proletarioaren muina. Euskal
Iraultza Sozialista mundu mailako Iraultza Sozialisten partea da, eta Euskal
Langileria, munduko Langileriaren zatia. Klase interes komunek oinarritzen dute
internazionalismoa: Kapitalismoa suntsitu eta Sozialismoa eraiki nahia. Euskal
langileon betebehar internazionalistarik gorena, Euskal Herrian Iraultza
Sozialista egitea da, eta bide horretan gainontzeko Langilerien borroka
iraultzaileak lagundu eta babestea.
* EUSKALDUNTASUNA:
Euskara Euskal Herriaren hizkuntza nazional bakarra da. Euskal Iraultzaren
subjektu hegemonikoa Herri Langile euskaldunak izan behar du, horrela bakarrik
bermatuko baita euskaldungoaren biziraupena eta Euskal Herriaren
berreuskalduntzea. Gure antolakundeak Euskaraz funtzionatuko du, bere egiturak
euskalduntzaileak izango dira, eta bere militanteek Euskara jakin behar dute.