LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2013/05/02

Maiatzaren 1a Baxe Nafarroan Lapurdin ea Zuberoan

Kazeta.info 

Maiatzaren 1a kari

 sindikatuekin batera

 gazte mugimenduak

 eta altermundialistak ere

 mobilizatu dira

 

LABek Ziburu eta Donibane Lohizune artean antolatu duen manifestazioa.Argazkia TALA

Langileen Nazioarteko eguna dela eta hainbat aldarrikapen atera dira gaur karriketara. Maiatzaren lehena ospatzearekin batera Baionan goizean egin den manifestazioan sindikatuek beraien aldarrikapenak plazaratu dituzte.

LAB sindikatuak ANI Akordio Intersindikalaren kontra borrokatzeko beste ekimen batzuk ere antolatu ditu, manifestazioa Ziburun eta autokarabanak Hendaia, Urruña, Senpere eta Azkainen. Gazte Dinamika berriak "langileen eskubideen murrizketen kontra" Baigorritik abiatuta eta Donapaleutik pasatuz Mauleko manifestaziora ailegatu den auto-karabana antolatu du. 

Aldi berean Mauleko, Ziburuko eta Baionako martxetan ere izan dira gazteak, hemen azken honetan grabatu duten bideoa. Bestalde Bizi! talde altermundialistak ere Baionako martxan parte hartu du, baina beste mezu batekin: gehiegizko soldata baimenduaren alde. ANI Akordio Nazional Interprofesionalaren kontrako protesta izanen da protagonistetako bat, zalantzarik gabe.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Gazte Dinamika berria


 

Gazte Dinamika Berriak Maiatzaren 1eko data erreferentziatzat hartu du, langileen eskubideen aldeko aldarrikapenak indartzeko asmoz. Data honek, hainbat urteetan, beren bizi baldintzak eta bizi kalitatea hobetzeko, langileek eramandako hainbat borroka oroitarazten du. "Munduko hamaika herritan, langileek eramandako borroka latzak oroitarazi eta goraipatu nahi ditugu gaurko egunean" adierazi du Gazte Dinamika berriak. 

 

Euskal Herriko egoeraren irakurketa ere egiten du Dinamikak: "Euskal herritarrok hautatu ez dugun sistema ekonomiko batengatik, euskal langileek jasangaitzak diren lan-baldintzekin aurrera egin behar dute.  Egunez egun, sistema ekonomikoaren jarraikortasunaren izenean, langileriaren eskubideak murriztuz doaz. Urteetako borroka gogorrei esker lortutako eskubideak, egun batetik bestera urratuak dira". Hori dela eta Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoako ekimen ezberdinetan parte hartu dute eta antolatu ere egin dituzte, Baigorri eta Maule arteko auto-karabana esaterako.


BIZIren manifestazio koloretsua

BIZIk martxa koloretsu eta aldarrikatzailea prestatu du "Planeta bakarra dugu, gehienezko soldata baimendua"  Gehiegikeria irudikatzen duen herensugea, ultra aberatsak planeta suntsitzen duen kapitalismoa irudikatzen eta beste karrikako antzerki eszenak, ezohizko banderolak, pankartak, banderak, batukada eta musika : manifa koloretsu eta aldarrikatzailearen gaia izan da. Baliabideak denen esku izan behar dutela erraiteko parada izan da, hein sozialan baita ekologikoan.


Eusko Ekintzak maiatzaren lehenari buruz

2013ko maiatzaren lehena.

 Eusko Ekintzaren oharra

ukabila


EUSKO EKINTZAREN PRENTSA OHARRA


Egun ohikoak dira “nazioarteko egunak”. Lortzeke dauden hainbat eskubide aldarrikatzearren, nazioarteko sareak erabiliz “egun” berezi horiek antolatu ohi dira. Horiek guztietatik aintzindari izan zena: langileon eguna, Langileria Estatuen mugen gainetik borrokatu behar zela ohartu zen lehenengo sektore izan baitzen.

Mendebaldeko Europan asmatu omen zen kudeaketa ekonomikoa egiteko modu berezia bezain antinaturala: Kapitalismoa. Hortik mundu barrena zabaldu zen jendarte sare solidario guztiak zapuzteko asmoz, Herriak eta Nazioak zapaltzen, nekazarien autonomia ukatzen, abelzainen produktuak merkatarizatzen, gizakiaren denbora lapurtzen, lehengai naturalak pribatitzatzen.

MAIATXAREN1

Kapitalismoak lurraren azala aldatu du, Kapitalismoak jendarte sistema horizontalak akatu ditu, Kapitalismoak gerra bultzatu du. Kapitalismoa gizakiaren beharrak asetzeko balio ez duen sistema ekonomikoa da, ezberdintasunean, berekoikerian eta zapalkuntzan oinarria baitu. Sistema ekonomiko honek miseria sortzailea da eta “sarraski-masiborako” arma.

Eredu politiko eta ekonomiko honek zabaldu dituen baloreak ustez baino gehiago hedatu dira, balore horiek barneratzean datza bere garaipenik handiena. Behin eta berriz bere burua berasmatzea lortu duelarik, Kapitalismoak berriz ere eraso berri bat egin du. Oraingo honetan lurra osora zabaldu nahi duen “Estatu Kolpe” baten bidez, non erakunde demokratiko guztiak transnazionalen esanetara jarri nahi dituzten.

Mundu osoko ezkerrak eta Euskal Herriko ezkerrak bereziki, alternatiba global, gauzagaria eta eraginkorra indarrean jartzeko beharra du, erasoa sekula egon den koordinatuena baita.

Ez dago erdibiderik, Sistema Kapitalista ezin da modu “atseginez” kudeatu, osoko eraldaketa behar dugu. 

Ekonomia soziala, publikoa, ekologikoa, koperatiboa eta komunitarioa bultzatu behar da. Tokian tokitik kudeatuta, berdintasunean oinarrituta. Alternatiba egon badago eta gauzagarria izateaz gain, justua den bakarra da eta benetan iraungarria izan daitekeen bakarra , lurraren eta gizakion beharrak behin betiko asetuko duen eredua baita.

Ekonomia bersozializatu behar dugu, ekonomia demokratizatzea industria, elikagiak, nekazaritza eta finantzak bersozializatzea da. Ekonomia jendartetik bereizten duen eredua ez da gizakiaren neurrian egindako eredu produktibo eta banatzailea. Ekonomia eta jendartea banaezinak dira eta jendarte sistema soziala eta partehartzailea exijitzen dugunez, ekonomiak ezaugarri berberak ukan behar ditu. Kooperatiba sozialak eta esparru produktiboetan ere arituko den sektore publiko indartsua behar ditugu. Hauek dira, besteak beste, egungo Sozialismoak behar dituen osagarrietako batzuk.

2013ko Maiatzaren lehen honetan Eusko Ekintzak Euskal Herri aske eta solidarioaren aldeko bere konpromisoa berresten du, euskal gehiengo sindikala eta langabetuek egindako deialdiekin bat egiten du, herritarrei maiatzaren lehena borroka egun gisa jaio zela gogoratuz eta aurten ere horrela ulertu behar dugula azpimarratuz. Langileria, langabetuok, sektore herrikoiak, baztertuok…gehiengoa gara, antola gaitezen eta har dezagun guri dagokiguna.

Gora Euskal Herria askatua eta sozialista!

Eusko Ekintza.

Aitamak presondegian...

Berria.info 
2013-05-02


Hesi arteko irritxoak

 

Kristina Getek eta Alaitz Iturriotzek ere badakite ez dela erraza espetxean haur bat izan eta haztea. Trabak traba, erabakia merezi duela diote: «Haurrak zoriontsu dira».

Hodei Iruretagoiena


Kristina Gete, Gesalarekin, Picassenteko Valentzia III espetxean (2007). / BERRIA


"Erabaki genuen ez zutela baldintzatuko gure bizitza», esan zuen Nahikari Otaegik joan den astean, zazpi hilabeteko haurrarekin espetxera aurkeztu aurretik. Hori bera askotan esan ohi zutela gogoratu du Itziar Iturriotzek. «Espetxeak nahikoa baldintzatzen gaitu bestela ere. Zure ilusioa amatasuna bizitzea bada, ez dezatela baldintzatu». Urte askoko ibilbidea dute Euskal Preso Politikoen Kolektibokoek Espainiako, Frantziako zein beste herrialde batzuetako espetxeetan. Bide luzea, eta hamaika errealitate. Adibidez, espetxean guraso izan direnena. Eta adin batera arte amarekin espetxean hazi diren haurrena. Kasu asko egon ez direnez, nahiko ezezaguna da errealitate hori, baita presoen kolektiboaren barruan ere.

Ezagutzen dituzte espetxe barruko amentzako moduluak Iturriotzek eta Kristina Getek. «Sehaska bat ematen dizute; baina, bestela, dena berdina da», dio Iturriotzek. Diotenez, aldea dago espetxe batetik bestera. Picassentekoa ezagutzen dute ondoen, han egon baitziren denbora gehien. «Hau da amen modulu bat?», galdetu zion bere buruari Kristina Getek, zazpi hilabeteko zegoela hara eraman zutenean. Ez dago «baldintzarik onenetan»: herdoilduta dauzka ateak, ohikoa da arratoiak eta labezomorroak aurkitzea, ez dago haurrentzako bainuontzirik, ur berorik ere ez askotan.

Susmoa bazuen, baina Iturriotzek ez zekien haurdun zegoenik atxilotu zutenean. Ibon Urrestarazu bikotekidearekin atxilotu zuten, 2004ko azaroan, eta zalantza handiak izan zituzten: «Hasieran, beldur asko dituzu». Zigor eskaera handiak zituzten biek. Hala ere, aurrera jotzea erabaki zuen, eta ez zaio damutu. Soto del Realetik pasatu, eta Brievara eraman zuten. Han ez zuten ginekologorik, eta ospitalera atera behar izaten zuten probak egitera, «horrek esan nahi duen guztiarekin». Ospitaleko tratua «oso ona» izan arren, poliziek, mehatxu bidez, «lotsagarri» utzi nahi izaten zuten. «Baina prestatuta zoaz, berdin zaizu zer esaten dizuten. Aurrera egin behar duzu, haurrarengatik». Brievatik Sotora eraman zuten sei hilabeteko zegoela, eta Gregorio Marañon ospitalean izan zuen Intza.

Espetxean zeudela erabaki zuten Josu Lonbidek eta Getek haurra izatea. Gogorra izan zen Geterentzat Gesalaz erditu zeneko gaua. Lau guardia zibil jarri zizkioten atean, eta mehatxuka aritu zitzaizkion gau osoan, haurra jaioberrien gunera eramango zutela esanez. «Eserita pasatu nuen gaua, haurra besoetan nuela». Hurrengo egunean, berehala eskatu zuen espetxera itzultzeko. Erditu zenetik hogeita lau ordu baino gutxiago pasatu arren, senda-agiria eman zioten. «Medikuak ez zidan sinesten gertatu zitzaidana. 'Sinesten dizut, bestela ez zenuke eskatuko espetxera itzultzea', esan zidan».

Eguneroko borroka

Espetxeko bizi-baldintzak ez dira inorentzat izaten errazak. Behar bereziak izan arren, ez dute erraztasun gehiago izaten haur batekin daudenek. Egunero borrokatu behar dute amek haurrengatik. «Beste norbait duzu zure ardurapean, eta zutaz ahazten zara», azaldu du Getek. «Pure batengatik ere borrokatu egin behar da». Iturriotzen esanetan, espetxe berean gizonezko presoak egon arren —beste modulu batean—, oso zaila zaie borroka horretan laguntzea. «Egunero hor ez bazaude, ez dakizu zein diren haurraren beharrak. Beraz, bakarrik zaude espetxearen aurka».

Hamabostean behin etortzen zen pediatra Valentzia III espetxera, eta sei ume bakarrik artatzen zituen, jaio berriak zirenak. «Tokatzen bazitzaizun ondo, bestela, hor konpon». Mediku bat bazegoen erizaindegian, baina, Iturriotzek azaldu duenez, «paso» egiten zuen. «Gainera, erizaindegian denetik dago. Askotan nahiago duzu ez atera haurra, infekziorik harrapa ez dezan». Arazoren bat izanez gero, umeak ospitalera ateratzea izaten da aukera bakarra. Gesalak bederatzi egun eman behar izan zituen ospitalean. Lehen gauean, lau guardia zibil izan zituzten ospitaleko gelan. Pediatriako zuzendariak bota behar izan zituen.

Espetxetik ateratzea, ordea, ez da samurra izaten. Anbulantzian egiten dituzte lekualdatzeak. «Anbulantzian, baina eskuburdinekin», gogorarazi du Getek. Nola edo hala moldatu behar izaten zuten haurra besoetan eramateko: «Beso batean haurra, eta bestea eskuburdinez barra bati lotuta». Polizien «zaintzapean» egon behar izaten zuten beti. «'Terrorista-kume' izaten zen gure haurrez esaten zuten finena».

Baliabide gutxi izaten zuten heziketarako ere. Kanpotik euskarazko ipuinak edo musika erostea, esaterako, debekatu egiten zieten. Hala ere, lortzen zuten zerbait sartzea, paketeetan. Jostailuak haurrei eskuetatik kentzen ere ikusi ditu Getek funtzionarioak. Pirritx eta Porrotxen kartel bat jarri zuten behin ziegan, eta kentzera behartu zituzten, «eta» jartzen zuelako. «Terrorismoa» goratzen omen zuen. «Besteei ez zieten halakorik egiten, guri bai. Guri aplikatzen zizkiguten kolektiboari aplikatzen dizkieten zigor guztiak, baina ondorioak haurrek jasaten zituzten», azaldu du Getek. Pailazoak etortzen zirenean, esaterako, honela esaten zieten: «Gaur pailazoak izango dira haur guztientzat, zuentzat izan ezik».




«Zu ezin zaituzte zigortu, esaterako, bakartze ziegara bidaliz. Beraz, haurrarekin hartzen dute mendekua». Hori xantaia moduan erabiltzen zutela diote. «Umeei esaten zieten: 'Zuen amek garbiketa egingo balute...'», gogoratu da Gete. Iturriotzen ustez, haurra kalera ateratzea da lortu nahi dutena, «izorratu» egiten baititu preso politikoak euren haurrekin egoteak. Guztiarekin ere, bat datoz biak borroka hori merezi duela. Naturaltasunez bizi dute haurrek espetxeko egunerokoa, hori baita ezagutzen dutena: «Haurrek sekulako gaitasuna dute zoriontsu izateko, nahiz eta giltzapean egon».

Amaren eta haurraren arteko harremana, berriz, «oso intentsua» izaten da. Kanpoan beste ume bat ere izan du Iturriotzek, eta azaldu du ez duela zerikusirik: «Kartzelan, zu eta bera da, hogeita lau orduz». Haurrak hiru urtera hurbiltzen direnean, prestatzen hasi beharra dago kalera irteteko unea. Psikologoen laguntza baduten arren, hori da «gogorrena», ama bien esanetan. Iturriotz eta Urrestarazu behin-behineko espetxealdian izan zituzten, eta ez zekiten zein izango zen jasoko zuten zigorra. Haurrak lau hilabete betetzen dituenean, kalera irten daiteke. Bi urte bete ondoren, asteburuetan ateratzen zuten Intza, familiarekin, kalera ohitzen joateko. Behin betiko ateratzeko sei egun falta zitzaizkionean, errugabetzat jo zituzten biak.

Presoen medikuek diotenez, kalera irten aurreko hilabetea da garrantzitsuena haurra prestatzeko. «Euren modura azalduta, dena ulertzen dute», dio Getek. Bisean biseko bisita batean atera zuen haurra, familiarekin. «'Zuk gero beste atetik atera beharko duzu', azaldu nion». «Beso bat kentzen dizutenean bezala» sentitu zen Gete. Hamaika urteko espetxealdiaren ondoren, bederatzi hilabete geratzen zitzaizkion betetzeko: «Eternitate bat izan zen. Espetxean luzeena egin zaidan denboraldia».

Aita presoaren ezintasuna

Haurrekin dauden amen egoera ez da erraza, baina espetxean dauden haien bikotekideena ere ez da gutxiagorako. Badira aitak seme-alabekin pasatutako orduak konta ditzaketenak. Baita hilabeteak haurra ikusi gabe pasatzen dituztenak ere. Oroitz Salegik, esaterako, oraindik ez du ezagutzen Allur bere semea, zortzi hilabete beteak dituen arren. Mansillan dute preso Salegi, eta Aranjuezko espetxean dago haurra, Lierni Armendariz amarekin. Espainiako legeriak ezkonduta dauden bikoteei espetxe berean egoteko eta «trabarik gabe komunikatzeko» eskubidea aitortzen dien arren.

«Afektiboki, sentimentalki, gogorragoa da aitaren egoera», dio Iturriotzek. Astean behin, berrogei minutuko bisitak izaten zituzten aitek amarekin eta haurrekin. Hilean behin, elkarbizitza bisitak, ordu eta erdi ingurukoak. Iturriotzek dioenez, ezintasuna da halako egoeran dauden aitek sentitzen dutena: «Gauzak kontatzen dizkiozu, eta berak ezin du ezer egin». Haurra hazten ari dela ikusten dute, denbora badoala.

2013/05/01

ASKAPENA: GORA MUNDUKO LANGILERIA!

Gora munduko langileria! 

Herriok sozialismoa eta independentzia!





Maiatzaren Lehena:
 Euskal Herri Langilea Kalera,
 Borrokara!

Aurtengo maiatzaren batean ere, Euskal Herri Langileak baditu hamaika arrazoi kalera ateratzeko eta dagokiguna geureganatzeko.

Herri Langile izatearen kontzientziaz ospatu beharreko eguna da gaurkoa, zalantza gabe.

Kapitalaren erasoaldi bortitzenetarikoan, aurkitzen gara, non, datorrena daukaguna baino askoz kaxkarragoa izango dela dirudien, non demokrazia burgesa bera hankaz gora bota, eta XXI. mendeko diktadura berriak ezarri dituen Kapitalak eta Merkatuek, non Inperialismoak hainbat gerra fronte berri zabaldu dituen.

Baina, Herri Langileon etorkizunak, aldarritik haratago Sistema Kapitalista Inperialista errotik botatzeko adinako indar eta zuhurtzia behar du. 

Honegatik topatuko gara Maiatzaren batean Euskal Herriko kaleetan, gainerako Herrien eskakizun eta borrokekin batera, bidelagun.

Gora maiatzaren lehena!





BAT SINDIKATUA: Behargin Asanblearioen Taldea





 

AUSARTU LANGILEAK


Krisiaren aitzakiaz langileria bortizki golpatua den une honetan,
sindikatu berri bat jaio da Euskal Herrian.

Arlo ezberdineko hainbat langile bildu gara BAT eratzeko;
burujabea, demokratikoa, ezkerrekoa, asanblearioa
 eta abertzalea nahi dugun sindikatua.

Gure ustetan langileok antolatu eta bat egin behar dugu, 
mandatarioak inposatzen ari zaizkigun murrizketa sozial
 eta laboralei aurre egiteko, hala nola arlo publikoetan
 dagozkienean ere ( Osasungintzan, Irakaskuntzan eta abar )

    Sindikalismo ezberdina egitea posible dela uste 
    baduzu
      Langileen batzarrak erabakigune nagusia dela defendatzen
     baduzu

      Tapujo eta estalkirik gabeko informazioa argia defendatzen 
       baduzu
     Alderdi politikoekiko bereizturiko sindikatua defendatzen 
      baduzu


 


GUREKIN BATU ETA BORROKA EGIN , 
ORAINTXE DA GARAIA



Gora Maiatzaren Lehena!


Gora Munduko Langileria!


Gora Euskal Langileria!


Borroka da bide bakarra





batsindikatua@gmail.com