LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2012/11/12

Azaroaren 14an greba eginen dut!


GREBA OROKORRA EUSKAL IRAULTZA SOZIALISTAREN BIDEAN!!! 




Azaroaren 14an greba eginen dut. Bai, badakit aurreko Greba Orokorrek ez dutela gelditu Kapitalismoaren ofentsiba orokorra. Nor da aski zozoa hori sinesteko? Greba bakar batek ezin du gelditu mundu mailako ofentsiba kapitalista Langileriaren aurka. Gehiago behar dugu, jakina, baina bitartean, aukera hauxe dugu, zergatik uko egin?


Egia da, orain arte langileok egin dugun borrokak ez du Oligarkiak Langileariaren aurka daraman gerra (anti)soziala geratu, are guttiago irabazi. Momentuz klase borrokan Burgesiak irabazi du, aise eta goleadaz. Bere klase kontzientzia, bere teoria eta praktika kontrairaultzaileak (PRAXIA), langileon klase kontzientzia eta praxi iraultzaileak baino hagitzez sendoagoak dira. Indartsuagoak. Azkarragoak. Koordinatuagoak. Badugu zer eta non ikasi, benetan egoerari buelta eman nahi badiogu!


KARTELA karpa

Baina galdera zozoa bezain begi bistakoa da: azaroaren 14an txintxo-txintxo lanera joanda, LABek eta ELAk proposatzen diguten bezala, egoera hobetuko da? Ergelenak ere badaki ezetz. Orduan, zergatik ez dute babesten oraingo greba? UGT, USO eta CCOO sasi sindikatu ustel eta traidoreek deitu dutelakotz? Ala "Espainian" bakarrik eginen delakotz? Horiek izan dira egun hauetan gehien entzun ditudan arrazoinak. 



Prefosta, biak ez dira egiak, ez dira egia osoak. Sindikatu erreformista eta espainolista horiez gain, benetako klase-sindikatu  borrokalari eta independentistek ere Greba Orokor hau egitera deitu dute: Araban, Bizkaian, Gizpuzkoan eta Nafarroa Garaian aritzen den ESK sindikatuak, Estatu Espainolean aritzen diren CNT eta CGT sindikatuek, eta langile erakundea den CUOk, Andaluziako SATek, Catalunyako COSek, Asturiesko CSIk, Galizako CIGek, Portugaleko CGTPek eta UGTko federazio batzuk, Walloniako FGBTk;  Italian lau orduko lan uztea eginen du CGIL sindikatuak, Grezian, 48 orduko greba bat egin ondoren, hiru orduko lanuztea eginen dute, Txipren eta Maltan ere greba eginen dute. Ez da egia Greba Orokorra Estatu espainolean bakarrik eginen dela, bainan hala balitz ere, zergatik ez genuke eginen? Euskal Herriko hego-mendebaldeko lau herrialdeak ez al daude oraindik Espainiaren mende? Eta irailaren 26an, Greziako eta Hego-mendebaldeko Euskal Herriko grebarekin elkartasunez ez al ziren hango langileak mobilizatu, Greba Orokorra eskatuz? Eta orain, Estatu Espainoleko, eta Galizako, eta Herrialde Katalanetako, eta Asturiesko langileek hori erdietsi dutelarik (uste al duzue UGTk, USOk eta CCOOK gustora deitu dutela greba hau?), une horretan bakarrik utziko ditugu, gu geure aldetik joanda? Zer dela-eta? Balizko "independentziaren" izenean? Ez al genuen hori argi eta garbi utzi irailaren 26an? Zergatik euskal langileok ezin dugu Greba Orokor honen aitzindaritza hartu, eta bidea seinalatu?


KARTELA #A14


Azaroaren 14ko Greba Orokorra urrats ttipi bat izanen da Euskal Langileriaren klase-kontzientzia hartzearen prozesu luze eta korapilatsuan. Denok badakigu bidaiarik luzeenak ere lehendabiziko pausua ematean hasten direla. Azaroaren 14ko Greba Orokorra ez da lehen urratsa izanen, ezta hurrik eman ere. Bertze bat izanen da Independentzia eta Sozialismoaren bidean, Euskal Iraultza Sozialistaren ildoan.  Bainan aukera paregabea da Europaren  aitzinean agertzeko Herri Langilerik borrokalarienatariko bat bezala, Greziako Herri Langilearekin batera. Ai ama! Hori izanen da ezkutuko arrazoia? Oraingo Ezker Abertzaleak ez ditu bere laguntxo eta aliatu sionista eta anglosaxoiak sobera izutu nahi? "Nazioarteko Komunitatea" ez dugu ikaratu behar? Txintxoak izan behar dugu, II Mundu Gerran PNV eta Agirre lehendakaria bezala, geroago, "demokrata zintzoak" garela ederki frogatuta, agindutako "Euskal Estatua" opari gisa eman diezaiguten? OTANekin gertatu den bezala, Euskal Herri Langileak ez du "zarata sobera" egin behar, Eskozia, Kosovo, Hego Sudan edota Groenlandia bezalakoak izateko? Nazio txintxo eta "demokratiko" bat, Kapitalisko Inperialista hitzetan eta ekintzetan kuestionatuko ez duena?




Greba Orokorra egiteko hamaika mila arrazoi badaude, LABek berak onartzen du: "Zalantzarik gabe, arrazoiak soberan daude mobilizazio gehiago deitzeko, greba orokorrak barne". Arrazoi sobera badaude, egin dezagun! Zergatik ez dugu euskal langileok greba eginen azaroaren 14an? UGT eta CCOO sasi sindikatu hori eta traidoreek deitu dutelakotz? Eta gainontzeko sindikatuak zer dira, ba, euli-kaka? Gurekin batera irailaren 26an aritu ziren ESK, CNT eta CGT hutsaren hurrengoa dira, ala? 

ELA eta LABen erabakiaren gibelean krisiaren azterketa okerra dago. Uste dute Euskal Herriak, balizko "Euskal" Estatu batek, "txikia eta eraginkorrak, lehiakor eta efikazak" krisia gainditzeko aukera emanen ligukeela, Espainiako lastre eta zama ekonomikoa arinduta. Uste dute oraingo krisi hau herrialdez herrialde konpontzen ahal dela "bestelako" eredu sozial batzuen bidez. Ikuspegi erreformista, nazionalista eta sozialdemokrata honetatik baloratu dute Greba Orokorra "Espainiarekin" batera ez egitea, aparte gelditzea, nolabaiteko "independentzia" sindikala erakutsiz. Euskal Herriko langileok zatituz, jakina, irailaren 26an UGT eta CCOO sasi sindikatu ustel, burokratiko eta espainolistek egin zuten bezala. ELA eta LAB, nora zoazte? Noren  alde eta noren mesedetan ari zarete?


Goiti-beheiti tronpatzen dira, tamalez eta zorigaitzez. Oraingo krisi globala 1929koa baino hagitzez sakon eta larriagoa da, eta bere ondorio ineluktableak, III Mundu Gerra eta Kapitalismo Inperialistaren mutazio eta eraldaketa erraldoi batzuk dira. Ez dago irtenbiderik marko nazionaletan, ezta kapitalismoaren baitan. Iraultza Sozialisten garaia zabaldu da berriz ere, 1917an bezala. Eta balizko Iraultza horien zerrendan, bistan da, Euskal Iraultza Sozialista sartzen dut nik.

 

Euskal Herri Langileak egoera zail eta korapilatsu honetan bilatu behar du bere bidexka Euskal Iraultza Sozialista egiteko, Euskal Errepublika Sozialista aldarrikatzeko, Independentzia, Sozialismoa, Birbatasuna eta Berreuskalduntzea erdiesteko. Oraingo Ezker Abertzalea erabat tronpatu da analisian, testuinguru geopolitiko honetan Estatu basko burgesa kimera bat da, ilusio faltsua, ameskeria inozo bat. Inperialismoak ez ditu Espainia eta Frantzia bezalako Estatu kapitalista sendoak desegonkortuko eta krisi larrian sartuko Euskal Herriaren eskakizun "baketsu eta demokratikoengatik". Hori egunero ikusten ari gara, presoen egoerarekin, Aurore Martinen atxiloketarekin, Izaskun Lesaka eta Joseba Iturbideren atxiloketekin (eta bertze hamaika gudari eta militante gehiagorekin!), Espainia eta Frantziako barne-ministroen adierazpenekin, eguneroko errepresio etengabearekin ... Zer gehiago behar duzue behingoz esnatzeko? Hildakoren bat? Lasai izan, Frantzia eta Espainia aski estatu terroristak dira hori eta gehiago mahai gainean ezartzeko, Oraingo Ezker Abertzalearen errendizioa zinez eta benetako dela frogatu ahal izateko. Ez dute deus ere negoziatuko, esna zaitezte! Belauniko eta umiliaturik nahi gaituzte, barkamena eskatzen eta gure ideal guztiei uko eginda. "Cautivo y derrotado el Ejército Rojo..."

 

Nik heldu den asteazkenean, azaroaren 14an, greba eginen dut. Ene lantokian, seguraski, bakarra izanen naiz. Greba egitea zor diet langabetuei, sektore pribatuan patronalaren mehatuxu terroristen mende aritzen diren langileei, paperik gabe lanean ari diren langile etorkinei eta bertze hamaika jenderi. Euskalduna, komunista iraultzailea eta internazionalista naizelakotz. Edo horretan saiatzen naiz, bederen, gogoz eta gogoz, hortzez eta haginez.


Azaroaren 14an, goizeko 7:30etan, Iruñeko bizipiketean ibiliko naiz, ahal dudana egiten.Agian elkar ikusiko dugu!





Greba ezin baduzue egin, edota pentsatzen baduzue ez dela egin behar (kaparrada hau irakurri ondoren ez zaitut konbentzitu oraindik? Mekauen!!!), arratsaldean mobilizazioak izanen dira Euskal Herri osoan. Agian han izanen gara denok!













iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina