Hona ekarri dugu "Borroka garaia da!" blogean agertutako testu biziki interesgarria, SORTU oraingo Ezker Abertzalearen alderdi legalaren eratze-eztabaidari buruzkoa.
Ekarpen interesgarria delakoan, guk ere zabaltzea erabaki dugu.
 
Sortu ★ 38 Tesi kritiko oinarri ideologiko eta antolakuntza ereduen gainean (lehen atala)
Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea: Aizkorri
1-
 Kritika irekia egiteko askatasuna beti egon da ENAMen historian, baita 
izen horrekin ezagutu aurretik ere. Guztiontzako begi bistakoak diren 
kasuetan segurtasun neurriengatik izan ezik, eztabaida publikorako 
eskubidea erabakiorra izan da Ezker Abertzalearen garapenari begira. 
Eztabaidarako askatasunak ia forma guztiak ezagutu ditu, izan bileretan,
 prentsan, lagun artean, afari eta poteoan, martxa eta manifetan, ohean 
eta elkarrizketa pribatuetan. Joera politikorako eskubidea legezkoa eta 
zerbait normala izan da independentismoaren barnean; herri 
mugimenduarentzat ezinbesteko tresna izan da jorratu duen edozein 
arlotan eta klase borrokan orokorrean. Besteren ezinezko eskubide honi 
eusten diot Sorturen baitan ematekoa den eztabaidaren gainean gogoeta 
publiko batzuk abiatzeko.
2- Oraingo honetan kritika beharrezkoagoa da, 
dokumentu ofiziala zirriborro kolektibo bati erantsitako norbanakoen 
proposamenen sintesia delako, bere gabeziak agerian utziz eta ezker 
abertzalearen gainbehera azaleratuz. Horregatik eta beste arrazoi 
batzuengatik koherentzia ezak eta desdoitzeak ditu, bereziki bi ildoen 
arteko ezberdintasunak agertzen direlarik: “Jendarte zibila” eta 
“kontraboterearen” artekoa. Ez dut tarterik irakurketa kritiko borobil 
eta osatua egiteko, eta beraz, aspekturik premiazkoenei helduko diet 
beste batzuk alboratuz, nahiz eta hauek eztabaidan zehar ateratzen 
joango diren, kontraesan sozialak ugaritzen joan ahala, eta ildo 
interklasista eta instituzionalista kinka larrian ipiniz. Horregatik gai
 erabakiorrak, hala nola euskara eta kultura, esplotazio patriarkala, 
krisi ekosoziala, inperialismo europarra eta euroaren aurrean jarraitu 
beharreko politika etab. ez dira orain hemen aztertuko, nahiz eta 
denborarekin arazo horiek areagotzen joango diren arrazoi sinple 
batengatik: guztiek krisi kapitalistara garamatzate.
 
 
 
 
3- Ponentziak Ezker Abertzalearen hasieratik 
konstante bat izan denarekin puskatzen du: eztabaida ahalik eta 
zehatzena izatea. Aurreko eztabaida independentistak, orokorrean, 
kontraesan sozial objektiboak aintzat hartutako azterketen gainean 
finkatzen ziren. Egia da azken urteetan atzera pausu nabarmenak eman 
direla formazio teorikoetako ikastaroetan nahiz testuinguruaren gaineko 
hausnarketa publikoetan, oraindik larriagoa izanik oraingo krisia 
suposatzen ari dena, kolektiboki ia eztabaidatu ez izana. Ezbairik gabe,
 errepresioa izan da arrazoietako bat, baina ez bakarra.
 
 
4- Modu isil eta puskatzailean, ideologia burgesaren
 osagaiek gorputz hartu dute ezker abertzaleko sektore batzuetan. 
Ponentziako 46-47-48 paragrafoetan agertzen zaizkigu zantzu horiek, 
nahiz eta 49an hobetu egiten den. Puntu hauetan borroka ideologiko 
deritzona anbiguotasunez ageri zaigu, zehaztasunik gabeko praktika 
politiko bigun bat eramatea ahalbideratzen duelarik erradikalagoak izan 
beharko ginatekeen gaietan, nahiz eta itxuraz terminologia erradikal, 
independentista eta sozialista erabili.
5- Orain arte, ENAMen baitan eman diren ia eztabaida
 erabakigarri guztiekin alderatuta, oraingoa, hutsaren gainean dabil, 
errealitatetik at. Dokumentuak ez dakar bere orrietara 2007tik bizitzen 
ari garen eta okerrera doan krisiaren aipamenik. Ezarriko diguten Euskal
 Herria oso desberdina da eta  izango da orain hamar urtekoarekin 
alderatuta; menpekotasun patriarkala, nazio eta klase zapalkuntza 
ugaritu egingo dira. Jadanik badagoen errealitate horri aipamenik ez 
egitea suizidioa da. Begiak itxi eta militantziari fedea izan dezala 
eskatzea da, nahiz eta 30. paragrafoan “basakeria kapitalistaz” hitz 
egin, 58.ean “kapitalismoak mozorroa kendu duelakoren” gainean eta 92an 
“egiturazko krisia” eta ekologikoaz mintzatu. Hori besterik ez.
6- Ahatik, 14. paragrafoan leherketa sozial baten 
aukeraz mintzo da, prozesua azkartu dezakeena, baina hau gertatu ezean 
aurreikusitako tarteko fase eta helburuekin jarraitu behar dela 
azpimarratzen da. Aukera hau krisia eta bere ondorioen gaineko 
azterketan oinarritzen al da? Eta hala bada zergatik ez da laburpen bat 
egiten eztabaidarako? Ze harreman egon daiteke azterketa hau eta 20. 
paragrafoaren esaten denaren artean, hau da, gobernu espainiarrak 
gatazkaren konponbiderako asmorik ez duelakoren artean? Espainiartzeko 
erasoaldia nabarmena da, eta ez hizkuntza edo kulturari dagokionean 
soilik, adibidez, 2013ko aurrekontuek %1.780ean igotzen dute gastu 
errepresiboetan. Eta gainontzeko herrialdetan berdintsu; Alemaniako 
armadak, hau da, NATOek, 1945az geroztik lehen aldiz,  bere herria 
erreprimitzeko “baimen demokratikoa” du.

7- Inolako funtsik gabe, ponentziak, 15. paragrafoan
 euskal subjektua eratu behar dela dio. Ze oinarri sozioekonomikoren 
gainean? Nolakoa da Subjektu horrek aritu behar dueneko Euskal Herria? 
Ez al da militantzia prestatu behar egoeran gogortasuna eta areagotzen 
joango diren kontraesanak azaltzeko? Are gehiago, ze aldaketak eman dira
 eta emango dira euskal subjektu horretan? Azken galdera hau erantzun 
gabe, ponentzia teilatutik hasten da.
8- Inongo momentutan ez da zehazten subjektu hori. 
“Langile klase edo multzo herritarrak” bezalako kontzeptu anbiguoak 
azaltzen dira baina ez burgesia langile herriarekin lotzen duen 
adiskidetu ezinezko aurkari bezala. Ezin da subjektu iraultzailea 
definitu, bere aurkakoa, kontrairaultzailea alegia, definitu gabe. Egia 
da kapitalismoaz mintzo dela, eta 48. paragrafoan “klase dominatzailea” 
ere aipatzen duela, baina ez ETAren V. Biltzarrean zehazten zen bezala, 
subjektu iraultzailea, Euskal Langile Herria, ikuspuntu dialektiko 
batetik aztertuta, burgesiaren kontzeptua gabe erabili gabe azaldua, eta
 alderantziz. 66. paragrafoan klase borrokaz ari bada ere, ponentziak 
isildu edo ez-jakitun da puntu horrekiko.
9- Ekarpen hau kontutan ez hartzea, edo 2012ko 
egoera batean, ez hobetzea ez da ulergarria. Are okerrago, 
erreformismoari lotutako terminoak ageri zaizkigu, gaztelerazko 
“hiritarrak” bezalakoa euskaraz “herritar” bezala itzuli izanagatik. 
Baita 62. paragrafoan agertzen den “jendarte zibila” termino 
eurokomunista ere. Eta burgesia ertaina eta burgesia txikiaz hitzik ez, 
errealitatea ulertzeko beharrezkoak direnean.
 
 
10- Oraindik okerrago, 7. paragrafoan atzeman 
daitekeenez, txostenak harrokeria bat erakusten du, dogmatismoa eta 
itxikerien gainetik azaldu nahi duenean. TNBE (gaztelerazko ONU) hau 52.
 paragrafoan igo egiten da helburu historikoak errealitateari egokitu 
behar zaizkiola aipatzen duenean, 30-40 urte beranduago, ulertzeko 
moduak aldatu daitezkeelako edo zehazten ez diren “behar berriak” 
daudelako.  65. paragrafoa ere kezkagarria da, SORTUren baitan 
sozialismoa ulertzeko modu guztiek tokia izango dutela aipatzen denean, 
inolako zehaztasunik gabe. Adierazpide hauek tipikoak dira iraganarekin 
puskatu eta “gauza berriak” ezarri nahi dituztenentzat, ez-dogmatiko eta
 irekiak, bereizketarik gabe, guztiei tokia eginez.
11- Ia entzun ditzaket erdi-aroko eztabaida 
nominalista eta errealistetan murgilduta nagoela diotenen salaketa. 
Baina errealitatea bere osotasunean eta kontraesanean ulertzeko 
kontzeptu egokiak behar dira, testuan azaltzen ez direnak.
12- Testuan zehar erabiltzen den ideologiaren 
kontzeptua kritikatu beharra dago. 46. paragrafoak dioenez “jendartean 
zentzu komun bat eraikitzeko da ideologia”, baina askoz ere gehiago da 
ideologia, errealitatea faltsutzen duen hori da, ondorioak zergatiekin 
aldatuz. Kontzientzi faltsua da, esplotaziorik ez dagoela pentsatzen 
duena, edo behintzat arazoa ez dagoela kapitalismoaren jabetza 
pribatuan, jendearen “berekoikerian” eta “maltzurkerian” baizik. 47. 
paragrafoan ponentziak onartzen du ideologia menperatzaile bat 
badagoela, kapitalista, alienatzailea dena, baina segituan akatsean 
erortzen da berriro “ideologia herriarentzako idei, teoria eta sinesmen 
alienatzailea” dela baieztatzean. Ponentziaren mugak 125,126, 127, 128 
eta 129 paragrafoetan ageri dira, borroka ideologikoa, batez ere 
prentsari lotua agertzen denean, eta pixka bat formazio teorikoari. Eta 
ez jabetza burgesa, kontzientzia faltsua eta irrazionaltasun 
unibertsoaren aurka.
 
 
 
 
13- Ideia bat, teoria bat, sinesmen alienatzaile bat
 zer diren gehiago zehaztu behar da, nahiz eta badakidan leku mugatua 
dagoela eta laburtu behar dela. Adibidez, ideologia ofizialaren 
definizioa 76. paragrafoko kulturaren azpian agertzen da; bertan 
“kultura demokratizatu eta herritarren zerbitzura jartzea” aipatzen da. 
Baina ideologia kontzientzia faltsua denaren definiziotik abiatuta, 
benetako kultura, herritarra, erabilpenerako balioak kolektiboki 
antolatu eta sortzen direnean izaten da, eta kultura dominatzailea 
aldaketaren balioen gainean antolatzen dena, merkantzian, diruan. 
Kulturarekiko agertzen diren bi ikusmolde hauek sozialismoa eta 
kapitalismoaren arteko antagonismora garamatza. Euskal kultura, benetan 
“demokratikoa” sozialismo pean soilik eman daiteke. Kapitalismoa eta 
nazio zapalkuntza pean euskal kultura eman beharra dago, baina 
azpimarratuz gorantza doan oinarri militante bat dela sozialismorako 
bidean.
14- 48. paragrafoa akats berdinarekin hasten da 
Malcon Xen esaldi ezaguna aipatzean. Zapaltzailea maitatu eta zapaldua 
gorrotatzera garamatzan ideologia ez da komunikabideetatik sortzen, 
ekoizteko modu kapitalistatik baizik. Komunikabideek gorroto hori 
indartu egiten dute, helburu batera edo bestera bideratu. Hain erraza 
balitza, iraultzak herri ugaritan garaipena lortuko zuketeen.
 
 
15- Borroka ideologikoa ideologiaren aurkako 
borrokarekin nahastu daiteke testuan. Anbiguetate hau 48. paragrafoan 
agertzen da “praktika askatzaileez” ari denean. Eta batez ere 49. 
paragrafoan zera aipatzen duenean: ekintza eta jarduera zehatzak” (…) 
“borroka instituzionalaren bidez eta kontraboterea sustatuko duen masa 
borrokaren bidez, bi borroka molde horiek emantzipazio bide osagarriak 
baitira”. 70. paragrafoan ideia horretan sakontzen du.
16- Klasekoa eta herritarra den kontrabotereak, 
forma guztietan talka egin behar du jabetza pribatuarekin, 
ekonomikoetatik afektibo eta sexualetara, kultura eta sinboloetatik 
igaroaz. Baina dokumentuan jabetza pribatuaren kontzeptua bere horretan 
ez da inon ere azaltzen eta imajinatu egin behar dugu independentzia edo
 sozialismoa bezalako terminoen atzean. Borroka ideologikoa eta borroka 
praktikoaren arteko anbiguetate horri eusten bazaio zaila izango da modu
 eraginkorrean  kontraboterea garatzea.
17- Adibide bezala bandera espainiarren eta 
Alderdien Legearen onarpena ditugu. Indar metaketa edo botoen pilaketa 
argudiotzat hartuta, norabide horretan egindako propaganda on batekin 
erantzun nahi zaio halako oinarrizko kontuak onartu izanari. Baina ez 
zaio ideologia horri erantzuten ari, garrantzi gutxiago duten beste gai 
batzuekin mozorrotzen baino. Orain dela 10 urte onartezinak lirateke 
halako men egiteak, baina egun ezker abertzaleko sektore batek onartu 
egiten ditu modu batera edo bestera. Zergatik? Arrazoietako bat hain 
zuzen ere ideologia burgesaren kutsadura da, eta bere aurkako borroka 
eza edo eskasa, ideologiaren definizio ofiziala, menderatzailea onartu 
baita.
18- Definizio honekin ezinezkoa da euskal subjektu 
batean aurreratzea. Eman dezagun beste urrats bat, zertarako sortu 
subjektua? Independentzia ukaezinezko helburua da, baina modu 
abstraktuan agertzen zaigu. Independentziaren edukian zehazteko 
gutxienez bi puntutan sakondu behar dugu: Estatu sozialistaren eredua 
eta antolakuntza eredua. Bata helburua da eta bestea bitartekoa.
19- Ponentziaren auzi kritikoa Estatu sozialistari 
dagokionean ez dago 62. paragrafoan “jendarte zibilaren eta egitura 
politikoen arteko uztarketa izango da, proiektu politiko 
emantzipatzailearen bidean” aipatzen denean. 102an dago puntu kritikoa, 
desobedientzia zibilaz ari denean, eta zapalkuntza eta injustiziaren 
aurkako erresistentziarako oinarrizko giza eskubideari uko egiten 
dionean. Nahi adina hitz egin liteke Euskal Estatu Sozialistaz, baina 
ponentzia atzera botatzen da momentu erabakigarrietan, helburuak eta 
bitartekoak zehazterakoan.
 
 20- Jendarte zibila eta politikaren arteko uztarketa burgesiak abiatu zuen XVII. Mendean eta Eurokomunismoak borobildu XX. Mendeko azkeneko herenean. Ideologia honek soldatapeko esplotazioak politikarekin duen barne batasunetik bereizten du klase borroka mozorrotuz.
21- Ideologia hau berehala antzeman dezakegu gure iragan hurbilari begiratuta. Gure herrian Espainiako PC izan zen erreformismoa hau aurrera eramaten lehena, ondoren EE, PSOEko sektore bat eta “bakea bultzatzen” aritutako “mugimendu sozialak”. Berriki, hizkera hori ezker abertzalearen hiztegian agertu da, ponentzia menderatzen duena kontraboterearen aldean.
22- Jendarte zibila eta kontraboterea adiskidetu ezinekoak dira ekintzetan. 66. paragrafoan Estatu Sozialistaren gutxieneko puntuak zehazten dira, “ekoizpen bitartekoen eta sektore estrategikoen jabetza publikoa” ez dira sozialismoaren berme. Bere garaian, Estatu jabetza ere bihurtu ziren batzuk bonapartismoa eta faxismoaren pean; 2008tik aurrera EEBBetan banketxe eta enpresa batzuk ere nazionalizatu dira. II. Mundu Gerra ostean Austriako sozialdemokraziak bere ekonomiaren %70a nazionalizatu zuen.
 
 23- Jabetza publikoa sozialista izatea estatuaren klase botereak zehazten du, botere herritar armatuak bermatzen duena azken finean gailentasun politiko hori. Hartu dezagun zezena adarretatik, ponentziak ihes egiten du esperientzia historiko honetatik eta utopiara, sineskeriara garamatza legalitate sozialista armatu bat gabe langile botere eta herritarra posible dela irudikatzean; are gehiago espainiar eta frantziar estatuetatik emantzipatu behar dugunean. Auzi erabakigarri honetan nolakoa da helburu eta bitartekoen arteko dialektika?
24- Kontrabotereak goiz edo beranduago lege zapaltzailearekin topo egiten du, eta aurrerabidean jarraitu ahala errepresioa ugaritu egingo zaio. Momentu horretan desobedientzia eta modu baketsuan erantzutea beharrezkoa da, baina hutsala bihurtzen doan ekoizpen bitartekoen sozializaziora hurbiltzen doan heinean kontraboterea, jabetza pribatua erauziz eta jabetza soziala ezarriz. Dinamika hau ulertzeko ez dira nahastu behar erresistentzia pazifikoa eta pazifismoa. Lehendabizikoa etikoki eta moralki ona da, bigarrengoa muturrera eramanda etikoki eta moralki erreakzionarioa.
 
 25- 102. paragrafoak beste gauza batzuen artean helburu eta bitartekoen arteko dinamika mozten du. Estatu sozialista bat lortu liteke pazifismoaren bitartez? Historiari erreparatzea baino ez dago: IV. Mendea Vegeciok, ordurarteko historia ikusita, bakea nahi bazen gerrarako prest egon behar zela aipatu zuen; XV-XVI. Mendeetan Makiavelok onartu zuen Suitzarrak independienteak baziren armatuta zeudelako zela; Raul Castroren esanetan, Kuba independientea da, inbasiorik ezagutuko balu, EEBBek badakitelako zenbat hildako pairatu beharko lituzketen. Historiak eskaintzen dituen adibideak hain argigarriak izanik lotsa ematen dit adibide gehiago ipintzen jarraitzeak.
26- Pazifismoak ez du moralik, injustiziaren aurkako matxinatzeko eskubidea ukatzeaz gain momentu kritikoetan gazteria gaizki irakatsi eta lokartzen duelako. NBE (gaztelerazko ONU)k 1948an sinatutako Giza Eskubideen Eskubide Unibertsalen sarreran jasoa dauka eskubide hau. Pertsiarrek beren mendekoei ez zieten uzten armak erabiltzen; Napoleonek, Julio Cesar aztertuz herri zapalduak altxa egiten direla onartu zuen. 102. paragrafoak ez dio ezer horretaz.
27- Puntu honetan, 102 paragrafoaren kritika antolakuntza ereduari lotzen zaio, helburu eta bitartekoen artean barne harremana dago eta. Kontzientzia kolektiboan erresistentziarako eskubidea mantendu nahi badugu, nahiz eta praktikara ez eraman bere muturreko moldean, teorikoki eta etikoki bizirik mantenduko duen eredu bat behar dugu. NBE (gaztelerazko ONU)ren adierazpenaren sarreran aipatzen den bezala, “tirania eta zapalkuntzaren aurkako matxinada eskubideari” uko egin nahi bazaio betirako, antolakunde pazifista baten alde egingo dugu orduan, “beirazko etxe” bat eraikiz.

28- Biolentziarik erabiltzen ez duen “jendarte zibilaren” partetik antolakunde bat eraikiko dugu; kontrabotere proletargo eta herritar baten bidetik beste bat. Uztartu al daitezke bi antolakuntza ereduak? Erantzun zuzen bat emateko errealitatean oinarritutako egoeraren gaineko azterketa zehatzak behar ditugu. Baina ez ditugu, iluntasunean gabiltza.
29- Irtenbide bakarra arretaz ibiltzearen printzipioa aplikatzea da. Historian zehar menderatzaileek menderatuak nola pentsatzen zuen eta nola antolatzen jakin nahi izan du; alderantziz, menderatuak hori ezkutatu egin du. Biblian “Ezkutuko Elkarteak” ageri zaizkigu, baita hinduen artean eta antigoaleko Txinan ere. Aristotelesek esklabuak altxa ez zitezen azalpenak ematen zituen.
30- Iraganera asko joan gabe, 778an Orreagako garaipena eman zedin antolakuntza bat behar zen. Baina jada V. menderako badaude bandoleroen aipamenak, eta pilaketak, erresistentzia, grebak, matxinadak eta erreboltak….XXI. Mendera arte iraun dute. Hau da, klase borroka eta erresistentzia nazionalak.
31- Arretaren printzipioak beti egoerarik txarrena aurreikusi behar du. Antolakuntza ereduak historiari begiratu behar dio, eta Gandhik bere azken urteetan ametitu zuen bezala pazifismoa akats bat da.
32- Dokumentuak proposatzen duen ereduak arreta printzipioari uko egiten dio eta pazifismoa onartzeaz gain, historiak erakutsitakoarekin kontraesanean dauden lau proposamen gehitzen ditu, batasun bat osatzen dutelarik. Banan-bana aztertuko ditugun arren masa alderdi parlamentarioen zantzua dutela esango dut, hitzez erradikalak, indarrak parlamentura bideratuak eta boterearekiko otzanak.
33- Lehenbiziko proposamena 65.paragrafoan agertzen da, Sortuk bere baitan joera sozialista guztiak jaso behar dituela dioenean. Ez da proposamen hori egiten den lehen aldia, XIX. mendean Alemaniako sozialdemokraziak egina baitzuen. Mentxebike errusiarrek eta korronte erreformistek gauza bera defendatu zuten. “Denak integratu” nahiena beraiek sisteman integratuta amaitu zuten. Jadanik desagertuta daude Italiako PC eta Euskadiko Ezkerraren adibideak gogoratzekoak dira zentzu horretan.
34- 155an paragrafoan SORTUren militantzia hiru multzotan berezituta agertzen zaigu. Bata kuotarik ordaintzen ez duen oinarri soziala da; bestea kuota ordaintzen duena baina militantzia mugatukoa; Hirugarrena, militante zurruna, antolakundearen barnean nahiz kanpoan dabilena, herri mugimenduan…. Itxuraz, militantzia konpromiso ezberdinei erantzuten die bereizketa honek, baina praktikan bertikalismoa eta burokratismoaren adierazlea da, militanteak besteen gainetik menderatzen duena. Hau hobeto ulertzeko beste bi proposamenak aztertu behar dira.
35- 135. paragrafoan jasotzen den bezala, korronteak ez dira onartzen SORTUn. Zer aldatu da Ezker Abertzalean korronteak ez onartzeko? Ez dut erantzunik espero. Korronteak debekatzeak alderdi otzan sortzea lortu nahi du, zuzendaritzaren erabakiak kexatu gabe beteko dituena, 130 eta 131 paragrafoetan ikusi daitekeen bezala instituzioei garrantzia emango diena.
 
 36- Laugarren eta azken proposamena 43. paragrafoan ageri da, non ia ENAMaren zuzendaritza taktiko nahiz estrategikoa bere gain hartzen duen. Historiak erakusten du forma- alderdi parlamentari bat ez dela nahikoa politika aurrerakoi, demokratiko eta iraultzaileak aurrera eramateko. Gainera, krisi egoeretan haserre soziala ugaritu egiten da erantzuteko moldeen ugaritasunarekin batera. Ameskeria da SORTUk 43. paragrafoko nahiak aurrera eramatea. Ez luke bide horretan saiatu behar, eta saiatuko balitz, hamarkadetan zehar Euskal Herrian auto-antolakuntzarako egon den esperientziarekin topo egingo luke.
37- Sakonean, antolatze eredua forma-alderdiarena, itxuraz forma-mugimenduarena bailitzan azaldu nahi izango balu ere, aldakuntza bakarra izendapenean kokatuz, ezer gutxi suposatuko luke. Sentsibilitate guztiak biltzen dituen alderdia nahi da, maila ugaritakoa, behatzez hautatutako zuzendaritzari men egingo dietenak, instituzio eta parlamentarismoaren mesedetan. Alderdiak aniztasun ikaragarria irudikatuko du baina nukleo ahulekoa izango da denak barne bildu nahi izateagatik. Emaitza irudikatzen erraza da, garrantzirik ez duten gauzetarako itxurazko barne askatasuna, baina gutxiengo baten monopolioa ezker abertzale osoaren zuzendaritzan gai erabakigarriei dagokienean.
38- Eztabaida aurrera doan heinean joango naiz forma-mugimendua eta forma-alderdiaren arteko ezberdintasunak azaltzen. Gogora dezagun forma mugimendua izan dela independentismo sozialistari garaipenak ekarri dizkion moldea gaur egun arte. Goizetik gauera, hau alboratu eta forma-alderdia ezarri nahi ezer esan gabe. Ezker Abertzalea ezaugarritu duen adierazpen askatasunaren lehen ariketa hau amaitzen dut.
 
  
  
 



 
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina