LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2012/11/13

Beharrezkoa da ELAk eta LABek greba deitzea


AZAROAren 14ko GREBA OROKORRA: 
beharrezkoa da ELAk eta LABek  
Greba Orokorra deitzea

logo
Ibon Artola
Euskal Herria Sozialista taldearen izenean

OHARRA: gai eta kontu askotan ez gaude ados Euskal Herria Sozialista izeneko talde eta aldizkari marxistarekin, bainan argi eta garbi erran behar dugu Euskararekiko duten jarrera guztiz euskalduna eta koherentea dela. Honako hau prentsan argiraratutako artikulua da, eta eztabaidarako ekarri dugu honat. Zorigaitzez, LABek eta ELAk uko egin diote biharko Greba Orokorra deitu eta bultzatzeari.  


 


 
Azaroaren 14a aukera bikaina da Euskal Herriko langile klaseak kolpe bat  emateko gure etsaiei aldi berean, modu  bateratuan, Portugalgo, Galiziako, Kataluniako, Estatu Espainoleko, Greziako, Belgikako eta beste hainbat herrialdetako langileekin

GARA/NAIZ INFO 08/11/2012

Europar Batasunak, EBZk, NDFk eta PPren Gobernuak hartutako neurri guztiak hondamendira eramaten ari dira gizartea. Langabeziak 220.000 pertsona harrapatu ditu Euskal Herrian, Europar Batasuneko batez bestekoa baino 4,4 puntu gehiago. Datu oso adierazgarri bezala, Bizkaian 95.100 langabe eta %17,44ko langabezia tasa kezkagarria ditugu. Pobreziaren gorakada garrantzitsua gehitu behar zaio horri, dagoeneko 900.000 pertsonatara heltzen baita Euskal Herrian, Elkartzen-en datuen arabera. Europar Batasunari dagokionez, egoera ez da askoz hobea. Azkeneko urtean bi milioi europar baino gehiagok beren lanpostua galdu dute. EBko langabezia bere errekor historikoan dago: dagoeneko 26 milioi langabe daude. Eta EBk 2010. urtea «pobrezia eta bazterketa sozialaren aurkako borrokaren urte europarra» bezala aldarrikatu arren, gaitz hori 100 milioi pertsonako datu ikaragarrira gerturatzen ari da gero eta gehiago.


Testu hau idazten ari garen unean, Europako langile klasearen mobilizazio handia dago deituta azaroaren 14rako: Greba Orokorrak Estatu Espainolean, Portugalen, Belgikan, Grezian, Zipren eta Maltan; lau orduko lanuzte orokorra Italian; eta mobilizazioak Irlandan, Alemanian, Austrian, Errumanian eta Estatu Frantsesean. Historian lehendabiziko aldiz, Kapital europarrak agindutako murrizketa sozial eta herstura politikoen aurka borroka egun bateratua antolatu da, eta milioika gazte eta langilek hartuko dute parte. Aurrerapauso garrantzitsua dela uste dugu, eta mahai gainean jartzen du beharrezkoa dela langile klasea eta zapalduak muga nazionalen gainetik elkartzea, nazioartean antolatuta dagoen sistema kapitalistari aurre egiteko modu bakarra baita.

Horregatik, borroka europarraren deialdi honen aurrean, kontuan hartuz gainera greba orokorren deialdiei esker Portugalgo, Galiziako, Kataluniako eta Estatu espainoleko langileak kalera masiboki aterako direla, zer jarrera hartu behar dugu Euskal Herriko langileok? Zer irabazten eta zer galtzen dugu Euskal Herriko langileok greba orokor honetan parte hartuta?

Euskal burgesiak ez du dudarik egin Gobernu espainolarekin eta EBrekin, burgesia espainiarrarekin eta europarrarekin aliatzeko. Burgesia elkartuta badago langile mugimenduaren aurkako ekintzan, langileok ere beharrezkoa dugu gure indarrak elkartzea. Langileen zatiketatik onura ateratzen duten bakarrak bankariak eta enpresariak dira, bai euskal herritarrak, bai espainiarrak, frantziarrak edo europarrak. 


Azaroaren 14a aukera bikaina da Euskal Herriko langile klaseak kolpe bat emateko gure etsaiei aldi berean, modu bateratuan, Portugalgo, Galiziako, Kataluniako, Estatu Espainoleko, Greziako, Belgikako eta beste hainbat herrialdetako langileekin. Horregatik, uste dugu beharrezkoa dela ELAko eta LABeko zuzendaritzek errektifikatu eta greba orokorra deitzea azaroaren 14rako. Mobilizazio hau babesteak ez du esan nahi UGT eta CCOOko agintarien politika sindikala defendatzea. Beste askoren artean, ERCk (Esquerra Republicana de Catalunya), AGEk (Alternativa Galega de Esquerda), CIGk (Confederación Intersindical Galega) edo SATek (Sindicato Andaluz de Trabajadores) egin duten bezala, azaroaren 14ko greba bultzatzeak burgesiaren erasoen aurkako langile klasearen mobilizazioa babestea esan nahi du, ez besterik. 





Borroka bateratuak ez du esan nahi sindikatu batek, kasu honetan ELAk eta LABek, bere aldarrikapenak alde batera utzi edo gainerako sindikatuak kritikatzeari utzi behar dionik; guztiz aurkakoa, hori posible da, eta beharrezkoa gainera. Burgesia europarraren eraso bateratuen aurrean, beharrezkoa da langile mugimendua elkartuko duen politika defentsiboa. Eta bide hau frogatzen ari da, praktikan, hainbat gatazkatan (fabrikak, Nafarroako hezkuntza publikoa…) ELA, LAB, CCOO eta UGTk beren indarrak elkartzen dituztenean erasoei aurre egiteko.

Euskal Herria Sozialistatik langileen borroka bateratua defendatzen dugun moduan, uste dugu premiazkoa dela sindikatuek denboran luzatuko den mobilizazioen egutegi eraginkorra antolatzea. Beharrezkoa da irailaren 26ko eta azaroaren 14ko grebek jarraipena izatea: PPren gobernuak ez badu atzera egiten eta ez baditu bere herstura planak, murrizketak eta kontrarreformak erretiratzen, beharrezkoa da greba orokor berri bat antolatzea, baina kasu honetan 48 ordukoa, errebolta sozialaren baldintzak jar ditzan garaipena lortu arte



Eta aldi berean, garbi utzi behar da badagoela kapitalismoaren alternatiba: sistema finantzario osoaren eta enpresa handien nazionalizazioa, langileen kontrolpe demokratikoan. Horrela, posible litzateke gizartearen gehiengoaren zerbitzura martxan jartzea inbertsioen eta ekoizpenaren plan bat. Gastu sozialak masiboki handitu, langabezia bukatu eta etxe-kanporatzeak bukatu ahalko lirateke. Horrela, gehiengoaren zerbitzurako benetako demokrazia lortuko genuke, eta ez gaur egun bankariak nagusi diren fartsa demokratikoa.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina