
Hona hemen ARGIA euskal astekariaren webgunean aurkitutako artikulua, biziki interesgarria gure ustez.
Zahartzen hasiak garenok oroitzen gara Euskal Herri Langileak erdietsitako garaipen erraldoi eta heroikoa Lemoizko zentral nuklearraren aurka, eta nola irabazi genuen bataila hura, borroka molde guztiak ongi uztartuz estrategia integral batean.
Gogoratzen gara ere, nola ez, Euskal Herriko burgesia basko eta autonomistak, orduan PNVn bildurik (gaur egun horietariko batzuk alderdi berean segitzen dute, eta bertze batzuk aldiz, EAn, eta EH Bildun...) gogor eta gogor jo zuela Herri Mugimenduaren kontra eta Kapitalismo Inperialistaren alde, hots, Espainia eta Estatu Batuen interesen alde (OTANen garaian egin zuten bezala...) Eta ez gara gehiago luzatuko, nahiz eta gaiak gogoetarako parada ematen duen. Pello Zubiriak lan miresgarria egin du, mediku pediatra eta militante ekologista honen hitzak Euskarat ekarririk, eta hemendik biziki eskertu nahiko genioke hori, bai eta ARGIAri ere, egiten duen lanarengatik.
Helen Caldicott:
"Gizakiaren historiako istripurik larriena, Fukushima"
Pello Zubiria Kamino 
Helen Caldicott mediku australiarra, militante bakezale eta ekologista 
ezaguna, Tokioko legebiltzarrean izan da parlamentariei eskatzeko 
Fukushima inguruko eremu kutsatuetatik haurdun dauden emazteak eta 
haurrak atera ditzaten. Bideoz ikus daiteke politikari japoniarrei eta 
hedabideoi egin errieta, munduko besteontzat balio duena.
 Hogei parlamentari besterik ez zitzaizkion azaldu azaroaren 19an 
entzule, mundu mailan ezaguna izana arren, liburuengatik, sariengatik, 
aitortzen zaion lidergoagatik. Helen Caldicott labur eta zorrotz 
mintzatu zitzaien Tokioko parlamentuan. Hona bere hitzak.
 
 
 “(Txaloak). Mila esker. Mediku eta pediatra gisa nator, haurretan 
berezitua, hitz egitera Fukushimaren, gizakiaren historian gertatu den 
istripu larrienaren, ondorio medikuez. Oso larria izan da, hiru 
erreaktore fusionatu dira, sekula gertatu gabea. Erradioaktibitate 
kopuru izugarria utzi du libre. Zorionez lehenbiziko egunetan haizeak 
mendebaldetik jo zuen ekialderantz, Itsaso Bare aldera. Baina gero 
aldatu eta ipar-ekialdetik hasi da, Japoniaren barruko alderantz, 
irradiazioak hegoaldera eramanez.
 Dakizuenez Japoniako Gobernuak erradioaktibitatea neurtzen zuen SPEEDI 
izeneko sistemaren bidez, eta bazekiten irradiazioak nora 
zihoazen. Baina ez zieten herritarrei informazioa eman, panikoa 
zabalduko zen beldurrez. Horregatik jendeek ihes egin zuten 
irradiaziorik gehien zeuden lekuetara.
 Txernobylgo istripua oso hurbiletik jarraitu nuen. Errusiako agintariak
 askoz proaktiboagoak izan ziren herritarrak ebakuatzerakoan Japoniakoak
 bere herritarrekiko izan direna baino. Badirudi Japoniako agintariek 
eta TEPCOk ez dutela ulertzen haurrak 10-12 bider sentiberagoak direla 
erradioaktibitate- arekiko helduak baino. Neskatoek irradiazioengatik 
kantzerra garatzeko aukerak mutikoenak halako bi dira. Eta fetoek milaka
 bider arrisku gehiago dute.
 Bi milioi jende bizi dira Fukushimako prefekturan, horietatik 250.000 
Fukushima Cityn, zeina erradiazioek aski kutsatua baitago. Erabat 
harrituta nago ikusirik Japoniako Gobernuak nola baimentzen duen haurrak
 bizitzea erradiazio handiko guneetan. Errusiako agintariek haurrak 
atera zituzten kutsadura maila bera zeukaten lekuetatik. 
Ohartzen naiz Japoniako Gobernuarengan eragin handia dutela, areago, 
hura kontrolatzen dutela TEPCOk eta industria nuklearrak. Ohartzen naiz 
ere politikariak ezjakinak direla zientzia eta medikuntza gaietan, ez 
dutela arazoa sakonki ezagutzen. Baimentzea Fukushimako probintzian gera
 daitezen bai umeak, bai haurdun diren edo haurrak izateko adinean 
dauden emakumeak, medikuntzaren ikuspegitik krimen bat da.
Haur horietako askok kantzerra garatuko dute beren bizian. Denbora 
luzea behar da inkubatzeko kantzerra, 5 eta 70 urte artean, Hiroshiman 
eta Nagasakin ondo ikasia dugu.
 Zer gertatzen den ikusteko, agintariek Fukushiman 80.000 pertsona 
ikertu dituzte, gehienak 18 urtez azpikoak. Ultrasoinuz aztertu dizkiete
 tiroideak, aurkituz haurren %40k anormaltasunak dauzkatela, gauza 
izugarri arraroa pediatrian. Horietako askok tiroideetako kantzerra 
garatuko dute, seguru. 12 urteko mutiko bati aurkitu diote eta 16ko 
neskato bati ere bai arrastoak.

 Txernobylgoan 5 urte pasatu ziren haurretan kantzerrak azaltzerako. 
Hemengoen zantzuek erakusten dute askok garatuko dutela, eta 
Txernobylgoek baino erradiazio handiagoak nozitu dituztela.
Hedabideon erantzukizuna
 Mediku izanik iruditzen zait Japoniako Gobernuak gehiago babesten duela
 TEPCO bere herritarrak baino. Ezin dira utzi ebakuatu gabe eremu 
erradioaktiboetako haurrak,  familia izateko adinean dauden eta haurdun 
diren emakumeak. Gobernuak bere gain hartu behar ditu horien leku 
aldatze eta bizileku berriak. Baina agintariek men egiten diote TEPCOri.
 Erradioaktibitatea janarietan pilatzen da, perretxikoetan, arrozean, 
espinaketan, tean, arrainetan... Ezin duzue erradioaktibitatea usaindu, 
ukitu, ikusi. Fukushiman jendea elikagai erradioaktiboak ari da jaten, 
ez dago araurik Japonian. 137 zesioa daukaten jakiak irentsiz gero 
denborarekin garatuko duzue kantzerra, burukoa, giharretakoa, 
obarioetakoa, barrabiletakoa edo bestelakoa.
 Mintzatu berri naiz 400 pertsonaren aurrean eta jendeak nahi zuen jakin
 zer egin daitekeen. Hedabideen erantzukizuna da jendeari jakinaraztea 
zer ari den gertatzen hemen Fukushimagatik.
 Ez da bukatu Fukushimako istripua. Deskutsatzeko 40 urte beharko direla
 diote. Baina zientziatik ikusita, sekula ez dute lortuko, ezinezkoa 
baita. 137 zesioak 300 urteko iraupena dauka. Fukushiman eta bestetan 
lurrak, elikadurak, dena egongo da kutsaturik 300 urte edo gehiagoz.  Ez
 dut uste gobernuak badakienik ere noiz arte iraungo duen hondamendiak.
 Iragartzen dut erradiazioak hartu dituzten jendeen artean datozen 70 
urtez, baita berandugo ere, leuzemia, kantzer eta sortzetiko 
malformazioen epidemia ikusiko dugula. Industria nuklearrak badaki. 
Medikuen ikuspegitik, kantzerrok artatzeko ospitale handi bat abiarazi 
beharra dago Fukushiman berehala.
 Informazio publiko oso gutxi dago erreaktoreak kontrolatzeko 
ahaleginean aritu diren langile gizagaixoen osasunaz. Erradiazio oso 
handitan aritu dira. Ez dakigu nola dauden, zenbat erradiazio hartu 
duten. Informazio honek publikoa izan beharko luke, hedabideei dagokie 
bilatzea.
 Oraintxe daukazuen betebehar handiena hau da: ohartarazi behar duzue 
Japoniako jendea, 7 mailako lurrikara gertatu eta Fukushimako 4. 
erreaktorearen eraikina gainbehera baletor, piszinak dauzkan erregaiak 
lurrera erortzean isuriko luketela Txernobylek isuritako 
erradioaktibitatea halako hamar.
 Japoniaren zati handi bat suntsitzea ekarriko luke. Ez dakit 
zenbateraino jabetzen zareten zenbaterainoko arriskuan bizi zareten.  
Politikariek esan dute 4. erreaktorea hondoratuko balitz Tokio ebakuatu 
beharko litzatekeela. Nora joango lirateke 30 milioi jendeok?

Bi urte behar omen dira hor garabi erraldoia eraiki eta erregaia 
ateratzeko. Edozer gerta liteke bi urtetan. Zergatik ez da eskatzen 
nazioartearen laguntza?
 Azkenik, Fukushimako hondakin erradioaktiboak Japonia osoan barreiatzen
 dira errausteko. Kutsadura guztia Japonian zabaltzea krimena da”.
 Hori baizik ez du esan Helen Caldicottek Tokion.
Helen Caldicott Melbournen sort zen, Australian, 1938an.Madikuntza ikasketak egin zituen Adelaidan, eta bertako haurren ospitalean aritu zen. 1977an Estatu Batuetara joan zen, Bostongo ospitalera. Urtebetez, 1977-1978 urtean pediatria irakatsi zuen Harvard Medical School unibertsitatean. 1980an bere medikuntza karrera bikaina utzi zuen, mugimendu antinuklearraren alde buru belarri aritzeko.
1982an oso ospetsu eta ezagun bihurtu zen, Kanadan egindako erreportaia batean parte hart zuelakotz: "If you love this planet" (Planeta hau maite baduzu). Bertan Hershey Foods Corporation  konpainia salatu zuen, elikagai erradioaktiboak banatzeagatik. Three Mile Island-en izandako istripu nuklear larriarengatik, strontium 90ez kutsatutako belar eta landareak jatzen zituzten hango behiak, eske kontaminatua emanez. 
Helen Caldicott talde antinuklear eta ekologista askotan hartzen du parte: Women’s Action for Nuclear Disarmament (WAND, Emazteen Ekintza Desarme Nuklearraren alde), geroago Women’s Action for New Directions (Emazteen Ekintza Norabide berrien alde) bilakatu zena; Physicians for Social Responsibility (Medikuak Ardura Sozialaren Alde) taldean 1977-1986 urteetan, non elkartzen diren 23.000 sendagile energia nuklearraren alde, talde horretatik sortu zen International Physicians for the Prevention of Nuclear War (Nazioarteko Medikuak Gerra Nuklearraren Prebentzioaren Alde).
 
 
1990-1991 urteetan Australiako Parlamentu eta Senatuko hauteskundeetara aurkeztu zen, bainan ez zuen eserlekurik erdietsi.
2001ean bere seigarren liburua argitaratu zuen: "The New Nuclear Danger : George W. Bush’s Military Industrial Complex" (Arrisku Nuklear Berria: George W. Bushen konplexu militar-industriala).
 
   
   
  
 

 
   
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina