LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2012/11/15

Abertzaleak eta Euskara (4)

ABERTZALEAK ETA EUSKARA 

(4)



JOXE MANUEL ODRIOZOLA

 

BIGARREN BIDEGURUTZEA:

LURRALDE-NAZIONALISMOAREN
ERRAZKERIAK
 

"Euskal nazio arazoaren funtsezko elementuak nazio-identitateari dagokion teoriaren argitan ikusi nahi ditugunean, abertzaletasunak itxuragabeko murrizketak egiten dizkigu. Murrizkeria horiek, gainera, abertzaletasunaren beraren izenean egiten zaizkigu. Egoera soziolinguistikoa ederki baliatzen dute gainera, egiten dutena egiteko, dena delakoa zuritzeko. Oso errealistak dira, ezker eta eskuin, gure abertzale gehienak. Gizarte proiektua bestelakoa izango dute, lurraldetasunaren zera ere bai, eta abar, baina Herri euskaldunaren protagonismoari dagokionez, ez uste horrenbesteko alderi dagoenik. Eskubide zibil eta politikoak aldarri bakar hartuta, eskubide linguistiko eta kulturalak haien ondoriozko ezpal huts balira bezala. Aldeak alde eta ñabardurak ñabardura, auzigai honekikoan bederen, ez dute hain gaizki ematen uztarri berean lotuta ideologia guztietako abertzaleak.

Uztarri kontuak aipatu ditugunez, eta hitzak hizpidea dakarrenez, erantsi dezagun beste hau ere: abertzaletasunaren ideologia eta teoria hauek ez dira bada, harako idi haiek bezala, gurdiaren aurretik joango? Izan ere, gizarte bat nazio-egituraren baitan uztartu eta eratu nahi baldin bada, gizarte horren oinarrizko lokarriak behar ditugu.  



Idiak baino lehen gurdia behar dugu, eta gurdia, kasu honetan, ez da politikagintza huts-hutsik eta besterik gabe, politik egiteko behar dugun humusa baizik. Zertan da, ordea, hainbat eta hainbat balio eta erreferentzia partekatzeak eskatzen duen humusa? Hori ez al da izango, nazio-identitateari dagokionez, komunitate nazional bateko partaide bilakarazten gaituzten lehengaien funtsa eta kemena? Bai, jakina, lurraldea da horietariko bat, historia bestea, eta erakunde politikoak eta abar, baina akulturazioaren ondorengo alienazio nazionalak jota dagoen Herri batean, ba al daukagu hizkuntzaren lokarria baino humus hoberik atxikimendua garatzeko? Euskarak ere nekez egin dezake lan hori, bai, badakit, nazio-kontzientziaren eztenik gabe, baina, nolanahi ere, ez dut humus eraginkorragorik ikusten nazio bat artikulatzen hasteko."


"Euskal Herria Gazteleraz darabiltenean, Oteizaren Euskara bezain hutsik dagoen Herria da."                                                
 Iñigo Aranbarri


"Hizkera soziologikoan, behintzat, Euskal Herria hitzak desagertu beharko luke, Erdal Herria baita gaur egungoa." 

"Paulo Iztuetaren esaldi horrek diskurtso politikoaren zabarkeria semantikoa salatu nahi digu, hain beran duen zehaztasunik eza. Gauzak diren bezala izendatzeko ausardia eskatzen dio diskurtso horri. Ez mozorrotzeko, ez engainatzeko. Bada garaia euskal errealitatea izendatzeko eta islatzeko hitz egokiak aukeratzen hasteko. Izan gaitezen hitzekoak, behingoz, garai bateko euskaldunak izan omen ziren bezala. Nolanahi ere, Herri menderatu eta kolonizatuetan gertatua berritu da gurean ere: hau da, Herriaren izana itxuraldatu ahala, izanaren alienaioak izenaren izaera semantikoa galtzea ekarri du, eta, horren ondorioz, ideologia arrotzaren interpretazioa gailendu da jatorrizko esanahia erauziz. 

 

Gogora dezagun, berriro, badaezpada ere: besteak beste, hitzaren lantegian ekoizten da nazioaren interpretazioa, diskurtsoaren gainerako osagarriekin batera. Errealitatea bera ere hitzaren baitan baitatza, ezinbestez, errealitatea sentitua eta ezagutua izango bada."

"Nazio politikoaren eta Nazio kulturalaren arteko barne-lotura estua areago xehatzeko asmoz Anthony D. Smith jauna jarriko dugu lanean, esku artean dugun auzia argitzen lagunduko diezaigukelakoan. Betoz, ba, haren hitzak:

"Oinarrizko uste honetatik abiatu eharrean gaude: nazioa eta nazionalismoa ezin dira ulertu ideologia baten moduan, edo politika egiteko tankera baten gisara; baizik eta kultura-fenomenotzat ere ulertu behar ditugu. Hau da, nazionalismoa, ideologia eta mugimendua, hirurak, alegia, erro-errotik lotu behar dira nazio-identitatearekin. Azken hau dimentsio askotariko kontzeptua baitugu: hizkuntza bat, sentimendu batzuk eta berariazko sinboloak bere baitan dituen errealitatera zabaldu behar dugu bere definizioaren luze-zabala".

 

"Naziotasunaren dimentsio politikoa bai, jakina ba, ahi adina eta nahi bezain funtsezko. Bai horixe!  Hori horrelaxe gertatu da nazio-estatuen eraikuntzan, onerako edo txarrerako, eta gainerako nazionalismoen eskarmentuetan ere antzeko. Estatuaren irudiak irudikatzen digu gainera hobekien naziotasunaren muin politiko hori; horixe bera baita, azken batean, nazioaren botere-baliabideak lurralde eta historia jakin baten barrutian monopolizatu dituen erakunde gorena. Estatuaren politikak, politikaren estatuak, neurri ohargarri eta nabarmen batean ernamuindu, gorpuztu eta ahalbidetu ditu egungo nazio gehientsuenak. Ez gara alferrik bizi, ez horixe, nazio-estatuko egituratutako mundu batean. Guztiarekin ere, hori esanda ez dago dena esanda, beharrik.

Estatuaren beharra nazio-identitatearen dimentsio linguistikoaren eta kulturularen aurretik eta gainetik ezartzen dutenak, ez daude elkarreraginaren dinamikari men egiteko. Etsiak daude, zeharo: etxea behar dugu beste deus baino lehen, kosta ahala kosta, aitaren etxea, eta gero gerokoak, ondoren erabakiko dugu-eta etxeko gauzak nola eratu eta finkatu. Etxe horretan zein hizkuntzatan eratu bizimodua, esate baterako. Hori geroal esango du. Era askotako abertzaleak ditugu bide hori hautatu dutenak: historiaren jakintza-iturritik edaten dutenak, politikaren zerak liluratuak daudenak, marko juridiko askatzailea anets dutenak, eta abar. Eta horietako batzuentzat, konparazio batera Tomas Urzainkirentzat, auziak ez luke zalantza izpirik piztu behar gainera.


   

Zer dio, hori eta horrenbestez, nafar historialariak nazio-identitatearen inguruko afera honetaz? Ikus dezagun:

"Penagarria da Nazioaren oinarritzat kultur komunitatea hartzen jarraitzea, kultur eaugarri garrantzitsu batzuk bakarrik -hizkuntzazkoak, etnikoak eta folklorikoak- (hartuta, alegia). Berriro diot: nazio politiko sakon, ageriko eta nonahikoa azaleratzen ez dugun bitartean, ez dago zereginik. (...) Estatua izateko tasuna lozorroan duen gizarte politiko batean gaudela konturatu eta jabetzen bagara, konponduak izango ditugu gaur egun itotzen gaituzten arazoak".

Lehenik eta behin, nire barrenak halaxe aginduta, bi burutapen azalduko ditut. Alde batetik, eta lehenik, ni ere etsia nago: ez baitut inola ere euskaldun gisa arrotz hartuko nauen inolako euskal nazio politikorik nahi, bere estatu eta guzti izanda ere. Are gehiago, zilegi bazait, Rikardo Arregiren halako gomendio sonatu haren oihartzun gisa, barren-barrenetik honako deiadar hau isuri nahi nuke: "Abertzale erdaldunen erdal nazioa hil behar dugu". Jainko horrek, nazio horrek, badakigulako zer-nolako zerua ekarriko ligukeen: zeru horretan, aurreko infernu edo purgatorioan bezalatsu, hizkuntzaz eta kulturaz erdaldun direnak izango lirateke jaun eta jabe, eta euskaldunak, aurretik bezalatsu, aitaren etxean maizter eta arrotz.

 

Beste aldetik, eta bigarrenik, hizkuntzaz eta kulturaz euskalduna ez den nazio-proiektu hori erdiestea ezinezkoa dela deritzot, guztiz ezinezkoa. Oker baitago, lehen adierazi bezala, euskal estatuaren asmoa bideragarria dela pentsatzen duena, aldez aurretik euskal humus etnokulturalaren baldintzarik gabe. Estaturik ezin da sortu ezerezetik. Burujabetza politikorik ezin da eraiki herritarren borondate abstraktuaren gainean. Nazio etnokulturalaren matrizea behar du ezinbestez proiektu politikoaren ernamuinak, bestela ezin delako erne eta hazi. Eta Nazioaren humusa historian barrena errotutako ezaugarri eta tasun etnokultural berezial izan ohi dira: hizkuntzaren lantegia, kulturaren sarea, lurraldearen euskarria, historiaren oroimena, erlijioaren sentimena, eta abar. Horra estatuaren aurrebaldintza bideratzen duen lehengai batzuk. Horra balizko euskal estatuaren protonazioari legozkiokeen osagai batzuk.  

"Lozorroan" omen dago Euskal Nazioaren izaera. Horrela mintzo zaigu Urzainki. Herriak hitza eta erabakimena balu, berriz, azaleratuko omen litzateke euskal gizarte zibilaren nazio-grina. Eta ez da bakarra, ez horixe: azken iritzi hori ahoz aho dabil abertzale gehientsuenen artean, eta gehien-gehienak irizkide dituela esango nuke. Aldeak alde eta xehetasunak xehetasun, burubide orokor horretara bilduko nituzke nik neuk euskal abeltzaletasunaren egungo jarrera, interpretazio eta joera gehientsuenak, zein bere ezaugarrien mendeko.

 

Hona beraz Urzainkiren aburua: batetik, burujabetasun politikoa, eta, bestetik, espainiarren eta frantsesen joko-arau bertsuak bagenitu, lozorroan dagoen euskal nazio-grina iratzarri egingo litzatekeela uste du nafar historialariak, eta euskaldunok nahi genukeen moduan eratuko genukeela geure nazio-bizitza. Bego horretan, nazio politikoaren dimentsio hutsak herritarren partekatze-sentimenduak joko politiko soiletik ernatuko dituelakoan.  Bego, bai.


Berriro diot: oker dabil abertzale jendea era horretako ustekizunetan zurkaiztuta. Oker dabil naziotasunaren gaitasun-hazia lozorroan dagoela uste izanda. Nazio-identitatearen egitatea ez da esentzia historikoen munduan bizi den muin metafisiko bat, metafisikaren gailur goitiarretan edo inkontziente kolektiboaren zokondo ilunetan datzan ezer. Ez horixe! Espainiarra edo frantesa izatea gertakari enpiriko, nazional eta linguistikoa dugu, eguneroko eskarmentuan gihartua. Une eta gune oro berregiten den giza eta gizarte-jarduna da nazio-nortasunaren egitatea. Horregatik, ez dago euskal identitatearen esentzia gorderik inon, lozorroan. Herri baten identitatea gauza aldakorra eta dinamikoa da, historikoa, eguneroko bizitzaren gurpilari atxikia. Bizitzari berari dariona.


"Abertzale erdaldunen erdal nazioa hil behar dugu" : hori nioen arestian. Nazio politiko hori Nazio arrotza zaigulako euskaldunoi. Nazio hori iruzurra delako euskaldun garen edo izan nahiko genukeen aldetik. Ez da iruzurra ustez euskal identitatearen altzoan bizi garenontzat soilik, baita bizi nahi dutenentzat ere, baita abertzale erdaldunarentzat berarentzat ere. Akulturazioaren ondorioak hor daude, Herri euskaldunaren hondamendia begien aurrean daukagu guztiok. Horren gaitza da horretaz jabetzea, norbera akulturazio horren biktima izan arren? Ezinezkoa ote da ba abertzale erdalduna izan eta norberari gertatu zaion besterentze linguistikoaren eta kulturalaren kontzientzia izatea? 

 

Izan gaitezen koherenteak: ideologia abertzalearen argitan Herri hau ez baldin bada izan behar lukeena, hain zaila ote da irizpide horixe bera aplikatzea nork bere buruari? Hain garratza eta eramanezina ote da ba Herri alienatu horren ispiluan begiratu eta nork bere burua halakotzat ezagutzea? Ez luke izan behar. Gainerakoan, gureak egin du! Ispilu hori delako hain zuen herritar gehienen benetako irudia emangu lukeena. Egun zertan garen esaten diguna. Izan gaitezen gai, otoi, geure nazio-soslaiaren ezaugarri nagusiak antzemateko."    

  
     
 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina