Ignacio Funes, ESK sindikatua:
“Gizartean ematen ari garen eredua ez da batere ona, ez baikara ados jartzeko gai izan”
Egilea Hirinet 2012ko azaroak 12,Astelehena
Datorren
 azaroaren 14an, asteazkena, Greba Orokorrera deitu dute CCOO, UGT, ESK,
 CGT eta CNT sindikatuek, besteak beste. Izan ere, CES Europako 
Sindikatuen Konfederazioak antolatuta, mobilizazio eguna izango da 
Europako Batasunean eta Portugal, Italia, Frantzia eta Grezia bezalako 
herrialdeetara zabalduko dira protestak.
 Irailaren 26ko greba orokorrerako deialdia egin zuten sindikatu 
guztiak, ordea, ez dira oraingoan kalera aterako eta LAB, ELA eta STEEI 
sindikatuek, besteak beste, ez dute deialdiarekin bat egin. Hirinet-ek 
irailaren 26an bezala, berriro ere asteazkenean mobilizazioak egingo 
dituen ESK sindikatuaren bozeramailea den Ignacio Funesekin hitz egin 
du. 
Aurreko
 irailaren 26an egin zenuten moduan, eta LAB, ELA edo STEE-EILAS 
sindikatuek ez bezala, datorren azaroaren 14an grebarako deialdia egin 
duzue, CNT eta CGT-rekin batera. Zergatik?
Grebarako
 deialdia egin eta egin ez duten sindikatu guztiak ados daude eta Grebarako arrazoiak egon badaudela diote eta horrek pozten gaitu. 
Hortaz, Greba Orokor honetan suertatu den arazoa ez da arrazoiak falta 
direnik, krisi hau konpontzeko botereak hartu duen jarrera baizik. 
Zehazki, aurrera eraman dituen eskubideen eta askatasunen murrizketak 
eta murrizketa ekonomikoak salatu nahi ditugu, zeinaren bitartez, 
gizarte-talde boteretsuenei, bankuei eta enpresariei mesede egin zaien, 
langileria, klase ertainak eta merkatari txikiak kaltetuz. Krisiari 
aurre egiteko hartu diren neurri guztiek eragin zuzena dute defendatzeko
 baliabide gutxien dituztenengan eta Kapitalari, ordea, mesede egiten 
diote. Bankuei ematen ari zaien diru guztia da gizartean oihartzun 
handiena izan duena, baina hor badaude lan-erreforma,  administrazioek 
zerbitzu publikoetan egiten ari diren murrizketak, esaterako. Horrez 
gain, 2013rako aurrekontuak eta pentsioen inguruko erreformak ere hortxe
 daude. Hortaz, hauek guztiak dira Grebara ateratzeko dauzkagun 
arrazoiak.
Zein da hortaz, azaroaren 14an kaleratuko duzuen leloa?
Egoera honen aurrean borrokatu behar dugula aldarrikatu nahi dugu eta azpimarratu nahi dugun ideia hauxe da; ez badugu borrokatzen, esklabotasuna berragertuko da.
 Orain ez dugu Greba arazo batean bakarrik oinarritu nahi, 2013rako 
aurrekontuetan edo pentsioen murrizketetan, esaterako. Aitzitik, egoera 
honek guztiak behintzat mobilizazio bat eskatzen duela eman nahi dugu 
aditzera, gure aburuz gainera, mobilizazio hori etengabekoa izan beharko
 luke. Izan ere, erakunde sindikalekin kritikoak gara, baita gurearekin 
ere, ez baikara jasaten ditugun erasoen kontrako erantzun bateratu bat 
emateko gai. Greba Orokor ezberdinak egin dira, batzuetan bateratuak, 
beste askotan bananduak. Eta hortaz, oso kritikoak gara  erakunde 
sindikalekin eta erantzukizun horren zati txiki bat geurea dela jakin 
badakigu. Bulkadaz funtzionatzen dugu, ez diogu honi guztiari 
jarraikortasun sendo bat eman eta ez ditugu, modu bateratuan, gobernuen 
politiken kontra borrokatu.
 
 Hortaz, zer iruditu zaizue LAB, ELA eta STEEI-EILAS bezalako sindikatuen jarrera azaroaren 14ko greba orokorraren aurrean?
Hartu
 duten erabakia errespetatzen dugu baina ez gara iritzi berekoak. Gure 
ustez, gizarteak ez du erabaki hori ulertuko. 
Izan ere, norgehiagoka 
gainontzeko erakunde sindikalekin eta hauen atzean daudenekin dela 
ematen du. Gure aburuz, erakunde sindikal hauen atzetik (nahiz eta gure 
sindikatuak UGT eta CCOO erakundeek diotenarekin ados ez egon) badaude 
afiliazio oinarri batzuk eta mobilizaziorako irekitzen diren bide hauek 
aprobetxatu behar direla uste dugu.
Gainera,
 mobilizazioak modu etengabean mantendu behar ditugu, are gehiago, 
esparru zabalago bat izango duen aldarrikapen egun honetan, zeinetan Greba Europako beste hainbat herrialdeetan ospatuko den.  Hortaz, gure 
edukiek UGT eta CCOO sindikatuen edukiekin bat ez egin arren, lanean 
jarduteko eta Langileria mobilizazioetan batzeko aprobetxatuko dugu 
eguna.  Jakin badakigu sindikatuen garrantzia handia dela jendea Grebarekin bat egiterako orduan eta gure ustez, ematen ari garen eredua 
ez da batere ona, ez baikara ados jartzeko gai izan. 
 
 
ESK-k
 gizarte eredu berri bat aldarrikatzen du baina horretarako, asko dira 
aldatu beharrekoak; kontzientzia eta baloreen aldaketa sakona, jarrera 
indibidualistatik “denok elkarrekin ahal dugu” ikuspegirako saltoa eta 
kontsumo beste era batzuen kontzientzia hartzea, besteak beste. Aldaketa
 eta erronka handia egungo gizartearentzat, ezta? 
Guk
 gauza hauek esaten ditugu benetan sinesten ditugulako eta gainera, gure
 ustez, egoera honen inguruan ez badugu hausnarketarik egiten ez dugu 
konponbiderik aurkituko. Ez dugu pentsatu behar orain dela sei urteko 
egoerara bueltatzeko borrokatzen gaudela. 
Izan ere, aipatutako egoera 
edo eredu hori ez zitzaigun batere gustatzen, ezta gehiegizko 
kontsumoaren eredua edo energia-eralketa izugarri hori. Eta bistakoa da 
gaur egun astintzen gaituen krisiak horrekin zerikusia baduela, baita 
beti egin den Kapitalaren aldeko etekinen banaketarekin ere. Garai 
horretan behintzat, gutxi bazen ere, Kapitalak klase sozial ertainekin 
eta Langileriarekin banatzen zituen etekinak, egun ordea, etekinak 
murriztu dira eta horrekin langileen etekinak.
Horregatik,
 gizarte-eredu berri honen inguruan hitz egiten dugu, izan ere, 
zalantzan jartzen duguna ez dira soilik hartu diren neurriak, sistema 
bera baizik. Gure helburua, beraz, eredu ezberdin bat ezartzea izango 
litzateke. Eskubideak berreskuratu nahi ditugu, ez gehiago 
kontsumitzeko, baizik eta gutxiago lan egiteko, lana banatzeko, etxeko 
lanak bateratzeko eta gizonezkoen eta emakumezkoen artean banatzeko, 
afektibotasuna indartzeko… Hauek guztiak funtsezkoak dira eta gure 
aburuz, gakoa ez dago gehiago irabaztean, eskubidez beteriko bizitza 
orekatu eta duinean baizik. Jakina, hau ideia bat da eta egungo egoerari
 aurre egiteko gauza zehatzak behar ditugu eta horretarako, dirua nondik
 ateratzen den berrorekatu behar da, erreforma fiskalak eginez eta 
fraudea kontrolatuz. 
Ezkerretik,
 kendu nahi digutenaren kontrako mezuak zabaldu behar dira baina horrez 
gain, gizarteari etorkizunean eraiki nahi dugun ereduaren inguruko 
proposamenak bidali behar dizkiogu. Hortaz, ez gaude borrokatzen krisia 
aurretiko egoerara itzultzeko.
Zein izango da gasteiztarren erantzuna?
Lantokiei
 dagokienez, egongo den erantzuna mugatua izango dela argi daukagu, 
desadostasuna dagoenean erantzuna beti mugatua izaten delako. 
Batasunaren faktoreak, soilik datan ematen bada ere, erantzun maila 
altuagoak ahalbidetzen ditu.
Azken
 datuen arabera, langabeziak gora egin du Araban berriro ere eta 26.000 
inguru langabetu daude, iazko urrian baino %20 gehiago. Noiz geldituko 
da gorakada hau?
Krisia
 hasi zenetik, eta abian jarri dituzten politikak direla eta, 
langabeziak gora egiten jarraituko du. Deigarria egiten zaigu 
lan-erreforma ezarri eta gero EAJ-ko Olabarria bezalako politikoek esan 
zutenean euskal enpresarien jokaera ezberdina izango zela eta hemen 
erreforma hori ez zela fundamenturik gabe erabiliko. Datuek aditzera 
eman dute hemen inon baino gehiago erabiltzen ari direla eta oso ondo 
etorri zaiela enpresariari garbiketa moduko bat egiteko.
 Hortaz, gure 
aurreikuspenen arabera, gorakada ez da geldituko eta etorkizuna latza 
izango da, horregatik, 14an kalera ateratzeko aukera galtzea ausartegia 
dela iruditzen zaigu.
 
  
 


 
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina