LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2012/11/19

Txabi Etxebarrietaz Jokin Gorostidi mintzo

BI KOMUNISTA ABERTZALE, 
BI ABERTZALE KOMUNISTA:

TXABI ETXEBARRIETA
eta JOKIN GOROSTIDI


 

Garai nahasietan garela ezin uka. 1974-1978 urteetako krisi estrategikoan bizi izan zèn konfusio eta nahasmendu berdinean gaudela iruditzen zait askotan. ENAMen baitan joera, jarrera, jokaera eta estrategia oso diferenteak ari dira lanean, eta adibiderik hoberena azken Greba Orokorra izan da. Horrelako momentuetan, erroetara jotzea izaten da hoberena, iturrietan edatea, hasierako puntura itzultzea. Kontuak argiago ikusi ohi dira orduan.

Itziar Aizpuruak idatzi duen "Jokin Gorostidi Autobiongrafia" liburua biziki interresgarria da horretarako, azken 50 urteetako testigantza paregabea baita. Hemendik gure begirune eta miresmena eskaini nahio genioke Itziarri, urte luzez eta gogorrez aurrera eraman duen militantziarengatik.


Liburu horretan ageri da Jokin Gorostidik 1979ko ekainaren 7an Txabi Etxebarrietaren omenaldian egin zuèn hitzaldia, eta guk orriotara ekarri dugu.

"Gudari guztiak, nola atzokoak, hala gaurkoak, enbor bakarraren hainbat une historikotako sustraiak dira, Euskal Herriarenak. Txabi izan zen ETAko lehendabiziko hildakoa. 32 urte lehenago, Tolosako seme bat, Mikel Alberdi, erail zuten balek Bidanian, Txabi erori zen lekutik oso hurbil, eta, gure adinekoek diotenez, Mikel izan zen 1936ko gerran Euskadirengatik erori zèn lehendabizikoa.

Txabik, hil zenean, 23 urte zituen. Txabi Bilbon jaio zen, eta Euskal Herriko gizon eta emakumerik gehienak bezala, eta herri guztietan gertatu ohi den gisara, biziki maite zuen langile familia batean sortu zen. Hala ere, laster, familia utzi behar izan zuen bere jarduna bete-betean Herriari eskaintzeko. Txabi zinez sentibera eta gizatiarra zen. Bere familiaren ahaleginari eta ikasketarako zuèn gaitasun handiari esker, zientzia ekonomikoetan lizentziatu ahal izan zuen.


Jose Antoniori buruz Txabik esan ohi zuen, haren bidez hasi zela Euskal Herriak pairatzen duen zapalkuntza nazional eta sozialaren berri izaten eta hura ulertzen, eta hark barneratu zuela, azken batean, ETA erakundean.

Txabi abertzalea eta sozialista zen. Ez en Euskaraz mintzatzen, baina aitortu egin behar zaio bere hizkuntza berreskuratzearren, noizbait hitz egitearren egiten zuèn ahalegin eskerga. Txabik ez zuen bere burua espainoltzat, eta bere ekintza guztietan, elkartasuna adierazi ohi zien langileei eta Espainiar estatuko Herriei, bai eta munduko herritar esplotatu eta zapaldu guztiei ere.


1966an, ETAren V. Biltzarraren I. zatia izan aurretik, ETA barruan gertatutako desbideratze espainiarzale eta berritzailearen aurkako borrokan nabarmendu zen; gertakari haiek talde likidazionista Erakundetik botatzea ekarri zuten azkenean.


1967an, ETAren V. Biltzarraren II. zatiaren buru izateko aukeratu zuten Txabi. Biltzarra amaitu zenean, haren gaitasun intelektuala eta izaera iraultzailea aintzat harturik, Biltzar Ttipia batzorde nagusko eta ETAren Batzorde Exekutiboko kide izendatu zuten.

Txabiren heriotza kolpe gogorra izan zen ETArentzat eta Euskal Herriarentzat. Eta Herriak hori aintzat hartu zuen, herri eta gizarte kontzientzian beste urrats bat eginez. Ezagutu genuenontzat, ezin da zalantzan jarri Txabi lagun bikaina izan zela, abertzale eta sozialista.

Txabik eta Euskal Herri osoak desio zuen, eta desio du egun, BAKEA; hargatik egiten zuen borroka. Baina ez bake faltsu batengatik, ez esplotazio kapitalistak eta Euskal Herriaren zapalkuntza nazionalak bere horretan iraungo duten bakearengatik. Ez dago bake abstrakturik. Bakeak JUSTIZIA eta ASKATASUNA izan behar ditu oinarri.

Bakeaz mintzatzean, atzoko egoeran, egungo egoeran, hipokrisia hutsa da, gure Herriari ez baitzaizkio onartzen gutxieneko askatasunak ere; ez baitigute uzten gure gudariei omenaldi duinak egiten ere; frankismo garaiko Polizia bera baitaukagu; benetako amnistiarik ez baitugu izan; egunez egun gehituz baitoaz atxilotu, preso eta erbesteratu euskaldunak; Euskal Herriarentzako INDEPENDENTZIA eta SOZIALISMOA estatutuetan helburutzat jartzen dituzten alderdiak legez kanpokoak izatera kondenatzen baitituzte: Ezker Abertzaleari eta Herriko sektore kontsekuenteenei manifestazio eskubidea ukatzen baitzaie; adierazpen eta biltze-eskubideak ukatzen baitira -Gladysen heriotza, Tuteran gertatua, oraindik gure oroimenean dago-; Nafarroa gainerako hiru probintzietatik bereizten saiatzen baitira; UCDren gobernua bitarteko guztiak ari baita baliatzen gure Herriak ezezko borobila eman dion Konstituzioa Arabari, Bizkaiari, Gipuzkoari eta Nafarroari inposatzeko.


Txabi, bete-betean zerbitzatu eta maitatu zenuen Euskal Herri Langile honek ez zitu berehalakoan ahaztuko, ez eta Euskal Herriaren alde bizia eman duten beste hainbeste gudari ere. Izan ere, 150 urte badira haien odolak  Euskal Herri osoa zeharkatzen duela, iparraldetik hegoaldera. Odol horrek kimuetatik emakume eta gizon berriak ernatzen zaizkion landarearen hazia dirudi; Euskal Herri LIBRE, SOZIALISTA, BATERATU eta EUSKALDUNA errealitate egiteko prest dauden gizon emakumeak"  

           

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina